(Translated by https://www.hiragana.jp/)
GNU Lizentzia Publiko Orokorraren euskarazko itzulpen ez ofiziala

This is an unofficial translation of the GNU General Public License into Basque. It was not published by the Free Software Foundation, and does not legally state the distribution terms for software that uses the GNU GPL—only the original English text of the GNU GPL does that. However, we hope that this translation will help Basque speakers understand the GNU GPL better.

You may publish this translation, modified or unmodified, only under the terms at https://www.gnu.org/licenses/translations.html.

Hau GNU Lizentzia Publiko Orokorraren (GNU General Public License) euskarazko itzulpen ez ofizial bat da. Itzulpen hau ez du Software Librearen Fundazioak (Free Software Foundation) argitaratu, eta ez ditu legalki zehazten GNU GPL erabiltzen duen softwarea banatzeko baldintzak. Hori GNU GPLren ingelesezko jatorrizko testuak baino ez du egiten. Hala ere, itzulpen hau euskaldunei GNU GPL hobeto ulertzen laguntzeko asmoarekin egin dugu.

Itzulpen hau argitara dezakezu, aldatuta edo aldatu gabe, baldintza hauek betetzen badituzu soilik: https://www.gnu.org/licenses/translations.html.

GNU LIZENTZIA PUBLIKO OROKORRA

3. bertsioa, 2007ko ekainaren 29a

Sarrera

GNU Lizentzia Publiko Orokorra softwarerako eta beste lan mota batzuetarako copyleft lizentzia librea da.

Software eta beste lan praktiko gehienen lizentziak lanak partekatzeko eta aldatzeko askatasuna kentzeko diseinatuta daude. Aitzitik, programa baten bertsio guztiak partekatu eta aldatzeko duzun askatasuna bermatzea da GNU Lizentzia Publiko Orokorraren xedea, hau da, softwarea erabiltzaile guztientzat librea izango dela ziurtatzea. Guk, Software Librearen Fundazioak, GNU Lizentzia Publiko Orokorra erabiltzen dugu gure software gehienetarako; egileek modu horretan argitaratutako beste edozein lanetarako ere erabil daiteke. Zure programetarako ere erabili dezakezu.

Software libreaz hitz egiten dugunean, askatasunari buruz ari gara, eta ez prezioari buruz. Gure Lizentzia Publiko Orokorren diseinuaren xedea da software librearen kopiak banatzeko (eta nahi izanez gero, horiengatik kobratzeko) askatasuna duzula ziurtatzea, iturburu-kodea jaso duzula edo nahi izanez gero hori lor dezakezula bermatzea, softwarea aldatzeko edo software-zatiak beste programa libre berri batzuetan erabiltzeko eskubidea duzula ziurtatzea, eta gauza horiek egin ditzakezula jakinaraztea.

Zure eskubideak babesteko, norbaitek zuri eskubide hauek ukatzea edo eskubide horiei uko eginaraztea galarazi behar dugu. Beraz, software baten kopiak banatzen badituzu edo software bat aldatzen baduzu, hainbat erantzukizun izango dituzu: besteen askatasuna errespetatzeko erantzukizunak.

Adibidez, horrelako programa baten kopiak banatzen badituzu, bai doan eta bai kuota baten truke, zuk jaso dituzun askatasun berberak eman behar dizkiezu hartzaileei. Beraiek ere iturburu-kodea jasotzen dutela edo lor dezaketela ziurtatu behar duzu. Eta baldintza hauek erakutsi behar dizkiezu, zein eskubide dituzten jakin dezaten.

GNU GPL erabiltzen duten garatzaileek zure eskubideak babesten dituzte bi urratsen bidez: (1) softwarearen egile-eskubideak (copyright) aitortuz, eta (2) softwarea kopiatzeko, banatzeko edota aldatzeko legezko baimena ematen dizun lizentzia hau eskainiz.

Garatzailea eta egilea babeste aldera, GPLk argi azaltzen du software libre honek ez duela inolako bermerik. Erabiltzaileen eta egileen onerako, bertsio aldatuak direnean hala adieraztera behartzen du GPLk, horiek eragindako arazoak modu okerrean ez leporatzeko aurreko bertsioen egileei.

Zenbait gailu diseinatzen dira erabiltzaileei ez uzteko beren barnean softwarearen bertsio aldatuak instalatzen edo erabiltzen, fabrikatzaileak hala egin dezakeen arren. Hori erabat bateraezina da erabiltzaileek softwarea aldatzeko duten askatasuna babesteko helburuarekin. Gehiegikeria horren errepikapen sistematikoa norbanakoek erabiltzeko produktuen esparruan gertatzen da, non, hain zuzen, ezin onartezinagoa baita. Hori dela eta, GPLren bertsio hau diseinatu dugu produktuotan praktika hori debekatzeko. Arazo horiek beste esparru batzuetan nabarmen areagotuz gero, prest gaude GPLren etorkizuneko bertsioetan neurri hori esparru horietara hedatzeko, erabiltzaileen askatasuna babesteko behar den heinean.

Azkenik, software-patenteek etengabe mehatxu egiten diete programa guztiei. Estatuek ez liekete patenteei baimenik eman behar erabilera orokorreko ordenagailuetan softwareen garapena eta erabilera mugatzeko. Hala ere, hori baimentzen dutenen kasuan, patenteen erabilera saihestu nahiko genuke programa libreak jabedun programa bilakatzeko arrisku berezia dagoenean. Hori saihesteko, GPLk bermatu egiten du patenteak ez direla erabiliko programak ez libre bilakatzeko helburuarekin.

Softwareak kopiatzeko, banatzeko eta aldatzeko baldintza zehatzak jarraian azaltzen dira.

BALDINTZAK

0. Definizioak.

«Lizentzia hau» aipatzen denean GNU Lizentzia Publiko Orokorraren 3. bertsioaz ari gara.

«Egile-eskubideak» aipatzen direnean, barne hartzen ditugu egile-eskubideen antzeko legeak ere, beste lan mota batzuei aplikatzen zaizkienak, besteak beste, zirkuitu integratuen argazki-maskarei.

«Programa» da Lizentzia honen menpean dagoen edozein egile-eskubidedun lan. Lizentzia guztiak «zuri» zuzenduta daude. «Lizentziadunak» eta «hartzaileak» norbanakoak edo erakundeak izan daitezke.

Lan bat «aldatzea» da lan batetik kopiatzea edo lan osoa edo zati bat egokitzea, egile-eskubideen baimena behar duen modu batean, eta ez kopia berdin-berdin bat egitea. Amaierako lana aurreko lanaren «bertsio aldatu» bat da, edo aurreko lanean «oinarritutako» lan bat.

«Babestutako lan» bat da aldatu gabeko Programa bat edo Programa batean oinarritutako lan bat.

Lan bat «hedatzea» da lan horrekin edozer egitea, baimenik gabe eginez gero egile-eskubideen lege aplikagarria haustera eramango zintuzkeena zuzenean edo zeharka, lana ordenagailu batean exekutatzen denean edo kopia pribatu bat aldatzen denean izan ezik. Hedatzeak barne hartzen du kopiatzea, banatzea (aldaketekin edo aldaketarik gabe), publikoaren eskura jartzea, eta, herrialde batzuetan, bestelako ekintza batzuk burutzea.

Lan bat «helaraztea» da lana hedatzea hirugarrenei kopiak egiteko edo jasotzeko aukera ematen dien edozein modutan. Ordenagailu-sare batetik erabiltzaile batekin interakzioan jardute hutsa, kopiarik transferitu gabe, ez da lanak helaraztea.

Erabiltzaile-interfaze interaktiboak «Lege-ohar Egokiak» erakusten ditu, baldin eta funtzio edo eginbide praktiko eta ikuserraz bat baldin badauka (1) egile-eskubideei buruzko ohar egoki bat erakusteko, eta (2) erabiltzaileari jakinarazteko lanak ez duela bermerik (bermeak eskaintzen direnean salbu), lizentziadunek Lizentzia honen arabera lana helaraz dezaketela, eta Lizentzia honen kopia bat nola ikus dezaketen. Interfazeak erabiltzaile-komando edo aukeren zerrenda bat erakusten badu, esate baterako, menu bat, zerrendan elementu nabarmen bat jartzeak irizpide hori betetzen du.

1. Iturburu-kodea.

Lan baten «iturburu-kodea» da lanari aldaketak egiteko lanaren formarik egokiena. «Objektu-kodea» da lan baten iturburu-forma ez den edozein forma.

«Interfaze Estandar» bat da aitortutako estandar-erakunde batek definituriko estandar ofizial den interfaze bat, edo, programazio-lengoaia jakin baterako zehaztutako interfazeen kasuan, lengoaia horretan lan egiten duten garatzaileen artean erabilera zabala duen interfaze bat.

Lan exekutagarri baten «Sistema Liburutegiak» esatean, esan nahi da lan osoa ez den edozer: (a) Osagai Nagusi baten paketatze-forma normalean sartzen dena, baina Osagai Nagusi horren zati ez dena, eta (b) Osagai Nagusi horrekin lana erabili ahal izateko soilik balio duena, edo Interfaze estandar bat inplementatzeko, inplementazioa iturburu-kodean eskuragarri dagoenean. Testuinguru honetan, «Osagai Nagusia» da lan exekutagarriak funtzionatzen duen sistema eragile espezifikoaren (halakorik badago) funtsezko osagai bat (kernel, leiho-sistema, etab.), edo lana sortzeko erabiltzen den konpiladore bat, edo horrek funtziona dezan erabiltzen den objektu-kodearen interprete bat.

Objektu-kode forman dagoen lan baten «Dagokion Iturburua» da objektu-kodea sortzeko, instalatzeko eta (lan exekutagarrietan) exekutatzeko eta lana aldatzeko behar den iturburu-kode guztia, jarduera horiek kontrolatzeko script-ak barne. Hala ere, ez dira barne hartzen lanaren Sistema Liburutegiak, edo erabilera orokorreko tresnak eta orokorrean eskuragarri dauden programa libreak, jarduera horiek burutzean aldatu gabe erabiltzen diren arren, lanaren zati ez direnak.

Adibidez, Dagokion Iturburuaren barnean sartzen dira lanaren iturburu-fitxategiei lotutako interfazeen definizio-fitxategiak, eta baita partekatutako liburutegien eta dinamikoki lotutako azpiprogramen iturburu-kodea ere, lana espezifikoki diseinatuta badago horiek behar izateko, adibidez, azpiprograma horien eta lanaren beste zati batzuen arteko datu-komunikazio edo kontrol-fluxu bidez.

Ez da beharrezkoa Dagokion Iturburuaren barnean sartzea Dagokion Iturburuaren beste atal batzuetatik erabiltzaileek automatikoki birsortu dezaketen edozer.

Iturburu-kodean dagoen lan baten Dagokion Iturburua, lana bera da.

2. Oinarrizko baimenak.

Lizentzia honetan aitortzen diren eskubide guztiak Programaren egile-eskubideak indarrean dauden bitartean aitortzen dira, eta errebokaezinak dira baldin eta ezarritako baldintzak betetzen badira. Lizentzia honek esplizituki berresten du aldaketarik gabeko Programa erabiltzeko baimen mugagabea duzula. Babestutako lan bat exekutatzetik sortzen den produktua Lizentzia honek babestuko du baldin eta produktua, edukia kontuan hartuta, babestutako lan bat bada. Lizentzia honek lana zentzuz erabiltzeko eskubideak edo baliokideak aitortzen dizkizu, egile-eskubideen legeak aurreikusten duen bezala.

Zuk helarazten ez dituzun babestutako lanak baldintzarik gabe sortu, erabili eta heda ditzakezu, zure lizentzia gainerakoan indarrean dagoen bitartean. Babestutako lanak hirugarrenei helaraz diezazkiekezu lanei zuretzat soilik izango diren aldaketak egin diezazkieten bakarrik, edo lan horiek exekutatzeko lagungarriak eman diezazkizuten, baldin eta Lizentzia honen baldintzak betetzen badituzu zure kontrolpean ez dauden egile-eskubideak dituen material guztia helarazten duzunean. Babestutako zure lanak modu horretan burutzen edo erabiltzen dituzten pertsonek zure izenean, zure zuzendaritzapean eta kontrolpean egin beharko dute hori, eta ezin izango dute, horretarako, zure egile-eskubidedun materialaren kopiarik egin zuen arteko harremanetik kanpo.

Beste edozein baldintzaren arabera helarazi ahal izateko, behean adierazitako baldintzak bete behar dira. Azpilizentziatzeko baimenik ez da ematen; 10. atalaren ondorioz ez da beharrezkoa.

3. Erabiltzaileen legezko eskubideen babesa, Saihestearen Aurkako Legearen aurrean.

Babestutako lanak ez dira teknologia-neurri eraginkor baten zatitzat joko 1996ko abenduaren 20an adostutako WIPO egile-eskubide itunaren 11. artikuluan ezarritakoa betetzen duen edozein lege aplikagarriren arabera edo neurri horiek saihesteko aukera debekatzen edo mugatzen duten antzeko legeen arabera.

Babestutako lan bat helarazten duzunean, neurri teknologikoak saihesteko aukera debekatzeko edozein legezko ahalmeni uko egiten diozu, baldin eta saiheste-ekintza hori Lizentzia honek, babestutako lanari dagokionez, aitortzen dituen eskubideak erabiltzean burutzen bada. Horrez gain, uko egiten diozu lanaren erabilera edo aldaketa mugatzeko edozein asmori, lanaren erabiltzaileen aurka baliatuz zure edo hirugarrenen legezko eskubideak teknologia-neurriak saihesteko aukera debekatzeko.

4. Hitzez hitzeko kopiak helaraztea.

Programaren iturburu-kodearen hitzez hitzeko kopiak helaraz ditzakezu, jaso bezala, edozein euskarritan, baina, horretarako, kopia bakoitzean egile-eskubideen ohar bat argitaratu beharko duzu modu ikusgarri eta egoki batean; oso-osorik mantendu beharko dituzu bai Lizentzia hau eta bai 7. atalaren arabera gehitzen den edozein baldintza murriztaile kodeari aplikatzen zaizkiola zehazten duten ohar guztiak; oso-osorik mantendu beharko dituzu bermerik ezaren inguruko ohar guztiak; eta Lizentzia honen kopia bat eman beharko diezu hartzaile guztiei Programarekin batera.

Kopiak prezio baten truke edo dohainik helaraz ditzakezu, eta laguntza-zerbitzua edo berme-babesa eskain dezakezu kuota baten truke.

5. Iturburu-kodearen bertsio aldatuak helaraztea.

Programan oinarritutako lan bat helaraz dezakezu, edo Programatik abiatuta lan hori sortzeko egin behar diren aldaketak, iturburu-kodearen forman, 4. ataleko baldintzak betez, eta, gainera, beste baldintza hauek guztiak ere betez:

Babestutako lan batek beste lan bereizi eta independente batzuekin batera bilduma bat osatzen duenean, baldin eta lanok babestutako lanaren luzapenak ez badira eta babestutako lanarekin programa handiago bat osatzeko konbinatzen ez badira, biltegiratze-bolumen edo banaketa-euskarri batean, bilduma horri «agregatu» esaten zaio, baldin eta bilduma eta haren egile-eskubideak ez badira erabiltzen bildumaren erabiltzaileen sarbidea edo legezko eskubideak mugatzeko, lan bakoitzak baimentzen duenetik harago. Babestutako lan bat agregatu batean sartzeak ez du behartuko Lizentzia hau agregatuaren gainerako atalei aplikatzera.

6. Iturburu-kode ez diren formetan helaraztea.

Babestutako lanak objektu-kodean helaraz ditzakezu, 4. eta 5. ataletako baldintzen arabera, baldin eta horrekin batera Dagokion Iturburua, makina bidez irakurgarria, ere helarazten baduzu Lizentzia honen baldintzen arabera, modu hauetako batean:

Lanaren objektu-kodea helaraztean, ez dago zertan sartu objektu-kodearen zati banangarririk, zati horren iturburu-kodea Dagokion Iturburutik kanpo geratzen bada Sistema Liburutegi gisa.

«Erabiltzaile Produktu» bat da (1) «kontsumitzaile-produktu» bat, hau da, edozein ondasun pertsonal ukigarri, normalean norberaren gauzetarako, edo familiako edo etxeko kontuetarako erabiltzen dena, edo (2) etxebizitza batean erabiltzeko diseinatzen edo saltzen den edozer. Produktu bat kontsumitzaile-produktu bat den zehazteko, zalantza dagoen kasuetan babesaren alde egin behar da. Erabiltzaile batek jasotzen duen produktu jakin bati buruz, «normalean erabiltzen dela» aipatzen denean esan nahi da hori dela produktu mota horren erabilera ohikoa edo arrunta, alde batera utzita erabiltzaile jakin baten estatusa edo horrek ematen dion, edo ematea espero dion, erabilera. Produktu bat kontsumitzaile-produktutzat joko da, funtsean erabilera komertzialak, industrialak edo kontsumotik kanpokoak dituen kontuan hartu gabe, erabilera horiek produktua erabiltzeko modu adierazgarri bakarra direnean izan ezik.

Erabiltzaile Produktu baten «Instalazio Informazio» gisa jotzen da edozein metodo, prozedura, baimen-gako edo bestelako informazio, babestutako lan baten bertsio aldatuak Erabiltzaile Produktu horretan instalatzeko eta exekutatzeko beharrezko dena, Dagokion Iturburuaren bertsio aldatutik abiatuta. Informazioak nahikoa izan behar du segurtatzeko aldatutako objektu-kodearen funtzionamendu etengabea ez dela eragotziko edo oztopatuko aldaketa egin izanagatik bakarrik.

Atal honen arabera Lan baten objektu-kodea helarazten baduzu Erabiltzaile Produktu batean, edo batekin batera, edo berariaz Produktu horretan erabiltzeko, eta transakzio baten baitan helarazten baduzu, zeinaren bidez produktuaren edukitza- eta erabilera-eskubideak hartzaileari transferitzen baitzaizkio epe mugatu baterako edo betiko (transakzioaren ezaugarriak kontuan hartu gabe), atal honen arabera helarazitako Dagokion Iturburua Instalazio Informazioarekin batera helarazi beharko duzu. Hala ere, betekizun hori hau ez da aplikatuko, baldin eta zuk edo hirugarren batek ez baduzue aldatutako objektu-kodea Erabiltzaile Produktuan instalatzeko gaitasuna atxikitzen (adibidez, lana ROM memorian instalatu bada).

Instalazio Informazioa eman beharrak ez du esan nahi laguntza-zerbitzua, bermea edo eguneratzeak helarazten jarraitu behar denik lana hartzaileak aldatu edo instalatu duen kasuetan edo lana instalatua edo aldatua izan den Erabiltzaile Produktuaren kasuan. Sare baterako sarbidea uka daiteke aldaketak berak sarearen funtzionamenduari eragiten dionean modu material eta kaltegarrian edo sarearen bidezko komunikazio-arau edo -protokoloak hausten dituenean.

Atal honen arabera helarazitako Dagokion Iturburua eta emandako Instalazio Informazioa, publikoki dokumentatutako formatu batean eman beharko dira (publikoarentzat iturburu-kodean eskuragarri dagoen inplementazio batekin), inolako pasahitz edo gako berezirik eskatu gabe paketea irekitzeko, irakurtzeko edo kopiatzeko.

7. Baldintza osagarriak.

«Baimen osagarriak» dira Lizentzia honen baldintzak osatzen dituzten baldintzak, Lizentziako baldintza bat edo gehiago salbuetsiz. Programa osoari aplikatzekoak diren baimen osagarriak Lizentzia honen zati balira bezala tratatu beharko dira, baldin eta lege aplikagarrien arabera baliozkoak badira. Baimen osagarriak Programaren zati bati soilik aplikatzen bazaizkio, zati hori bereizirik erabili ahal izango da baimen horien arabera, baina Programak, bere osotasunean, Lizentzia honen mende jarraituko du baimen osagarriak aintzat hartu gabe.

Babestutako lan baten kopia helarazten duzunean, edozein baimen osagarri ezabatu dezakezu, nahi izanez gero, kopia horretatik edo kopiaren edozein zatitatik. (Zenbait kasutan, lana aldatzen duzunean, baimen osagarriak idatz daitezke baimen horiek ezaba daitezen eskatzeko). Materialari baimen osagarriak gehi diezazkiokezu, babestutako lan bati gehitu diozun materialaren kasuan, baldin eta egile-eskubideen baimen egokia baldin baduzu edo eman baldin badezakezu.

Lizentzia honen beste edozein xedapen alde batera utzita, babestutako lan bati gehitzen diozun materialari dagokionez, Lizentzia honen baldintzak beste baldintza hauekin osa ditzakezu (material horren egile-eskubideen jabeek hala baimentzen badute):

Bestelako baldintza osagarri murriztaile guztiak «bestelako murrizketa» gisa jasotzen dira 10. atalean. Programak, jaso bezala, edo programaren edozein zatik, ohar bat baldin badu, Programari, Lizentzia honez gain, bestelako murrizketa bat ezartzen dion baldintza batekin, baldintza hori ezaba dezakezu. Lizentzia-dokumentu batek, bestelako murrizketa bat eduki arren, baimena ematen badu birlizentziatzeko edo helarazteko Lizentzia honen baldintzapean, babestutako lanari edozein material gehi diezaiokezu lizentzia-dokumentu horren baldintzen arabera, baldin eta bestelako murrizketa ez bada mantentzen birlizentziatu edo helarazi ondoren.

Babestutako lan bati atal honen arabera baldintzak gehitzen badizkiozu, dagozkion iturburu-fitxategietan deklarazio bat gehitu beharko duzu fitxategi horiei aplikatzen zaizkien baldintza osagarriekin, edo, bestela, baldintza horiek non aurkitu adierazten duen ohar bat.

Baldintza osagarriak (permisiboak edo murriztaileak) idatzizko lizentzia bereizi batean zehaztu daitezke, edo salbuespen modura; nolanahi ere, goian aipatutako baldintzak aplikatuko dira.

8. Baliogabetzea.

Ezin da babestutako lan bat hedatu edo aldatu, Lizentzia honetan espresuki adierazten den moduan izan ezik. Lana beste modu batera hedatzeko edo aldatzeko edozein saiakera baliogabetzat joko da, eta Lizentzia honek aitortzen dizkizun eskubideak automatikoki azkenduko dira (baita 11. ataleko hirugarren paragrafoaren arabera emandako edozein patente-lizentzia ere).

Hala ere, Lizentzia-urraketak egiteari uzten badiozu, egile-eskubideen jabe zehatz batek emandako zure lizentzia lehengoratu zaizu (a) behin-behinean, baldin eta egile-eskubideen jabeak ez badu zure lizentzia bukatutzat jotzen modu esplizituan eta behin betiko, edo hori egiten duen arte eta (b) behin betiko, egile-eskubideen jabeak ez badizu lizentzia-urraketaren berri ematen zentzuzko bitarteko baten bidez lizentzia eten eta 60 egun igaro baino lehen.

Era berean, egile-eskubideen jabe zehatz batek ematen dizun lizentzia behin betiko itzuliko zaizu, baldin eta jabeak Lizentzia-urraketaren berri zentzuzko bitarteko baten bidez ematen badizu, jabe horrek emandako (edozein lanen) Lizentzia-urraketaren ondoriozko jakinarazpen bat jasotzen duzun lehen aldia bada, eta zuk zeuk, jakinarazpena jaso eta 30 eguneko epean, urraketa zuzentzen baduzu.

Atal honetan ezarritakoaren arabera zure eskubideak azkentzeak ez du esan nahi zuregandik Lizentzia honen pean kopiak edo eskubideak jaso dituztenen lizentziak azkentzen direnik. Zure eskubideak azkentzen baldin badira eta ez bazaizkizu behin betiko lehengoratzen, ezin izango duzu material berdinerako lizentzia berririk jaso, 10. atalean ezarritakoaren arabera.

9. Kopiak edukitzeko, onarpena ez da beharrezkoa.

Programaren kopia bat jasotzeko edo erabiltzeko ez duzu Lizentzia hau onartu beharrik. Era berean, babestutako lan bat bigarren mailan hedatzen denean, parekoen arteko (peer-to-peer) transmisioaren bidez kopia berdin bat jasotzeko soilik, ez dago lizentzia hau onartu beharrik. Hala ere, Lizentzia honek baino ez dizu ematen babestutako edozein lan hedatzeko edo aldatzeko baimena. Lizentzia hau ez baduzu onartzen, aipatutako ekintzek egile-eskubideak urratuko dituzte. Hori dela eta, babestutako lan bat aldatzen edo hedatzen duzunean, Lizentzia hau onartzen duzula adierazten ari zara hori burutzeko.

10. Lizentzia-emate automatikoa ondorengo hartzaileei.

Babestutako lan bat hedatzen duzun bakoitzean, hartzaileak jatorrizko lizentzia-emaileen lizentzia bat jasoko du automatikoki, lan hori erabiltzeko, aldatzeko edo hedatzeko, Lizentzia honen arabera. Ez duzu inolako erantzukizunik hirugarrenek Lizentzia hau betetzen dutela bermatzeko.

«Entitate-transakzio» bat da erakunde baten kontrola edo erakunde baten aktibo guztien kontrola transferitzeko transakzioa, edo erakunde bat zatitzeko, edo hainbat erakunde batzeko transakzioa. Babestutako lan baten hedapena entitate-transakzio baten ondorioz gertatzen denean, transakzioko alderdi bakoitzak, lanaren kopia bat jasotzeaz gain, alderdiaren aurrekoak dituen edo eman ditzakeen lan-lizentzia guztiak jasoko ditu aurreko paragrafoaren arabera, baita aurrekoaren lanaren Dagokion Iturburua edukitzeko eskubidea ere, aurrekoak Dagokion Iturburua baldin badu edo zentzuzko ahalegin bat eginez lortu baldin badezake.

Ezin duzu bestelako murrizketarik inposatu Lizentzia honetan aitortzen edo bermatzen diren eskubideak baliatzeari dagokionez. Adibidez, ezin duzu lizentzia-kuotarik, royalty-rik edo bestelako preziorik inposatu Lizentzia honetan aitortzen diren eskubideak baliatzearen truke, eta ezin duzu auzirik hasi (auzi baten demandak eta errekonbentzio-demandak barne), alegatuz edozein patente-eskubide urratu egiten dela Programa edo horren zati bat sortzen, erabiltzen, saltzen, salerosketarako eskaintzen edo inportatzen denean.

11. Patenteak.

«Kolaboratzaile» bat da egile-eskubideen jabe den pertsona bat, zeinak Programaren edo Programan oinarritutako lan baten erabilera baimentzen baitu Lizentzia honen arabera. Modu horretan lizentziatutako lana kolaboratzailearen «kolaboratzaile-bertsioa» izenez ezagutzen da.

Kolaboratzaileen «funtsezko patente-eskubideak» dira kolaboratzaileak dituen edo kontrolatzen dituen patente-eskubide guztiak, jada eskuratutakoak edo hemendik aurrera eskuratuko dituenak, hainbat modutara urra daitezkeenak, Lizentzia honek baimentzen duenari jarraikiz, kolaboratzaile-bertsioak eginez, erabiliz edo salduz; baina ez dituzte barne hartzen kolaboratzaile-bertsioaren ondorengo aldaketen ondorioz soilik urra daitezkeen eskubideak. Definizio honen ondorioetarako, «kontrolak» barne hartzen du patenteen azpilizentziak emateko eskubidea Lizentzia honetan zehazten diren eskakizunen arabera.

Kolaboratzaile bakoitzak mundu-mailako eta royalty-rik gabeko patente-lizentzia ez esklusibo bat ematen dizu, kolaboratzailearen funtsezko patente-eskubideen arabera, bere kolaboratzaile-bertsioaren edukiak sortzeko, erabiltzeko, saltzeko, salerosketarako eskaintzeko, inportatzeko eta bestela erabiltzeko, aldatzeko eta hedatzeko.

Hurrengo hiru paragrafoetan, «patente-lizentzia» izango da patente-eskubideak betetzera ez behartzeko berariazko edozein hitzarmen edo konpromiso, horren izena edozein delarik ere (adibidez, patente bat erabiltzeko berariazko baimen bat, edo patente-eskubideak urratzeagatik auzi bat ez dela hasiko zehazten duen hitzarmen bat). Alderdi bati horrelako patente-lizentzia bat «ematea»k esan nahi du, patentea alderdi horren aurka ez dela erabiliko adostu edo hitzartu dela.

Babestutako lan bat helarazten baldin baduzu, patente-lizentzia baten menpe dagoela jakinda, eta lanaren Dagokion Iturburua ez baldin badago eskuragarri kopiatzeko, doan eta Lizentzia honen baldintzapean, sarbide publikoa duen sareko zerbitzari baten bidez edo sarbide zuzeneko beste bitarteko batzuen bidez, zera egin beharko duzu: (1) Dagokion Iturburua modu horretan eskuragarri jarri, edo (2) lan zehatz horretarako patente-lizentziaren onurari uko egin, edo (3) behar diren neurriak hartu ondorengo hartzaileengana patente-lizentzia hedatzeko, Lizentzia honetan zehazten diren eskakizunen arabera. «Patente-lizentzia baten menpe dagoela jakinda» adierazten denean, zera esan nahi da: badakizula, hain zuzen ere, patente-lizentziagatik izango ez balitz, zuk babestutako lana herrialde batean helarazteak, edo hartzaileak lan hori herrialde batean erabiltzeak, urratu egingo lituzkeela herrialde horretan patente identifikagarri bat edo gehiago, hainbat arrazoi direla medio, baliagarritzat jotzen dituzunak.

Transakzio edo kontratu bakar bati jarraituz edo horri lotuta, babestutako lan bat helarazten baduzu, edo babestutako lan bat hedatzen baduzu hori helarazteko, eta babestutako lana jasotzen duten zenbait alderdiri patente-lizentzia bat ematen badiezu, babestutako lanaren kopia espezifiko bat erabiltzeko, hedatzeko, aldatzeko edo helarazteko baimena emanez, eman duzun patente-lizentzia automatikoki zabalduko da babestutako lanaren hartzaile guztietara, eta lan horretan oinarritzen diren lanen hartzaileetara.

Patente-lizentzia bat «diskriminatzailea» da baldin eta bere estalduraren barnean ez badira sartzen Lizentzia honen arabera berariaz aitortzen diren eskubideetako bat edo gehiago, eskubide horien erabilera debekatzen badu, edo eskubide horiek ez erabiltzearen truke ematen bada. Ez duzu babestutako lanik helarazi behar baldin eta softwareak banatzeko negozioan aritzen den hirugarren alderdi batekin adostu duzun kontratu baten alderdi bat bazara, eta horren arabera, lana zuk helarazteagatik hirugarren alderdiari ordaindu behar badiozu, eta zure bitartez babestutako lana jasotzen duten alderdiei hirugarren alderdiak patente-lizentzia diskriminatzaile bat ematen badie (a) zuk helarazitako babestutako lanaren kopiekin (edo kopia horietatik egindako kopiekin) lotura duena edo (b) nagusiki, babestutako lanaz baliatzen diren bilduma edo produktu espezifikoentzat dena edo horiekin lotura duena, salbu eta kontratu hori 2007ko martxoaren 28a baino lehen onartu baduzu, edo patente-lizentzia data horren aurretik eman bada.

Lizentzia honetako xedapenak ezin dira interpretatu lizentzia inplizituen esklusio edo mugatze gisa edo, urraketen aurkako defentsak —bestela ere patenteen lege aplikagarriaren arabera eskuragarri izango zenituzkeenak— mugatzeko modu gisa.

12. Hirugarrenen askatasunaren babesa.

Lizentzia honen baldintzak ezeztatzen dituzten baldintzak inposatzen bazaizkizu (agindu judizial edo kontratu bidez edo beste nolabait), ez zaituzte Lizentzia honen baldintzetatik salbuetsiko. Babestutako lan bat helarazten duzunean ezin badituzu, aldi berean, Lizentzia honek zehaztutako betekizunak eta zuri dagozkizun bestelako betekizun batzuk bete, ezin izango duzu inolaz ere helarazi. Adibidez, zure Programa jaso dutenei etorkizunean Programa helarazteagatik royalty bat kobratzera behartzen zaituzten baldintzak onartzen badituzu, Programa helarazteari uko egitea litzateke bai baldintza horiek bai Lizentzia hau betetzeko modu bakarra.

13. GNU Affero Lizentzia Publiko Orokorrarekin erabiltzea.

Lizentzia honen beste edozein xedapen alde batera utzita, baimena daukazu babestutako edozein lan estekatzeko edo konbinatzeko GNU Affero Lizentzia Publiko Orokorraren 3. bertsioaren araberako lizentzia duen beste lan batekin, lan konbinatu bakar bat osatzeko, eta amaierako lan hori helarazteko. Babestutako lanari dagokion zatiari lizentzia honen baldintzak aplikatzen jarraituko zaizkio; aldiz, GNU Affero Lizentzia Publiko Orokorraren 13. ataleko eskakizun bereziak, sarearen bitartezko interakzioari buruzkoak, konbinazioari aplikatuko zaizkio.

14. Lizentzia honen bertsio berrikusiak.

Software Librearen Fundazioak Lizentzia Publiko Orokorraren bertsio berrikusiak edo berriak argitara ditzake noizean behin. Bertsio berri horiek egungoaren antzekoak izango dira izaerari dagokionez, baina arazo edo kezka berriei aurre egin beharko dietenez, xehetasunen bat alda daiteke.

Bertsio bakoitzari bere bertsio-zenbaki bereizgarria ematen zaio. Programak zehazten badu GNU Lizentzia Publiko Orokorraren bertsio-zenbaki bat «edo bertsio berriago bat» aplikatzen zaiola, aukera duzu bertsio-zenbaki horren zein Software Librearen Fundazioak geroago argitaratutako beste bertsioren baten baldintzak betetzeko. Programak ez badu zehazten GNU Lizentzia Publiko Orokorraren bertsio-zenbakirik, Software Librearen Fundazioak argitaratutako bertsioetako edozein aukera dezakezu.

Programak zehazten badu ahaldun batek erabaki dezakeela GNU Lizentzia Publiko Orokorraren zer bertsio erabili ahal izango diren etorkizunean, ahaldun horrek publikoki deklaratzen badu bertsio jakin bat onartzen duela, betiko baimena emango dizu, Programarako bertsio hori aukeratzeko.

Lizentziaren bertsio berriagoek baimen osagarriak edo desberdinak eman diezazkizukete. Hala ere, egileei edo egile-eskubideen jabeei ez zaie inolako obligazio gehigarririk inposatuko ondorengo bertsio berriago bat jarraitzea aukeratzen baduzu.

15. Bermea-ukatzea.

PROGRAMAK EZ DU BERMERIK, LEGE APLIKAGARRIAK ONARTZEN DUEN NEURRIAN. IDATZIZ AURKAKORIK ADIERAZTEN EZ BADA, EGILE-ESKUBIDEEN JABEEK ETA/EDO BESTE ALDERDI BATZUEK PROGRAMA «BERE HORRETAN» EMATEN DUTE INOLAKO BERMERIK GABE, EZ ESPRESUKI ADIERAZITAKORIK EZ INPLIZITURIK, BARNE HARTUZ, BAINA HORRETARA MUGATU GABE, KOMERTZIALIZAGARRITASUNAREN EDO XEDE JAKIN BATERAKO EGOKITASUNAREN BERMEAK. PROGRAMAREN KALITATEARI ETA ERRENDIMENDUARI DAGOKIONEZ, ZURE GAIN DAGO ARRISKU GUZTIA. PROGRAMAK AKATSIK IZANGO BALU, ZURE GAIN HARTU BEHARKO DUZU BEHAR DIREN ZERBITZUEN, KONPONKETEN EDO ZUZENKETEN KOSTUA.

16. Erantzukizun-mugatzea.

EZ BADA LEGE APLIKAGARRIAK EDO IDATZIZKO KONTRATU BATEK HALA ESKATZEN DUELAKO, EGILE-ESKUBIDEEN EDOZEIN JABERI EDO GOIAN BAIMENTZEN DEN BEZALA PROGRAMA HELARAZTEN EDO BERTAN ALDAKETAK EGITEN DITUEN BESTE ALDERDI BATI, EZINGO DIOZU ERANTZUKIZUNIK ESKATU KALTEENGATIK, EZTA PROGRAMA ERABILTZETIK EDO ERABILI EZINETIK SOR LITEZKEEN EDOZEIN ERATAKO KALTE OROKORRAK, BEREZIAK, EZUSTEKOAK EDO ONDORIOZKOAK IZANDA ERE (BESTEAK BESTE, INFORMAZIOA GALTZEA, DATU OKERRAK EMATEA, EDO ZUK EDO HIRUGARRENEK JASANDAKO GALERAK, EDO PROGRAMA GAI EZ IZATEA BESTE PROGRAMA BATZUEKIN LAN EGITEKO), NAHIZ ETA ESKUBIDEEN JABEAK EDO BESTE ALDERDI BATEK HALAKO KALTEAK SORTZEKO AUKERAREN BERRI IZAN.

17. Aurreko 15. eta 16. atalen interpretazioa.

Goian zehaztutako berme-ukatzeari eta erantzukizun-mugatzeari, ezartzen dituzten baldintzak direla-eta, ezin bazaie legezko baliorik eman jurisdikzioren batean, kasua aztertzen duten auzitegiek tokiko legeak aplikatu beharko dituzte, Programari lotutako edozein erantzukizun zibilen uko-egite absolutuari ahalik eta gehien hurbiltzeko moduan, salbu eta Programaren kopia batekin batera, kuota bat ordainduta, berme bat edo erantzukizun-hartze bat eskaintzen bada.

BALDINTZEN AMAIERA

Nola aplikatu baldintza hauek zure programa berriei.

Programa berri bat garatu baduzu eta publikoari ahalik eta erabilerarik handiena eskaini nahi badiozu, zure programa software libre egitea da hori lortzeko modurik hoberena, edonork birbanatu eta aldatu ahal izan dezan baldintza hauen arabera.

Horretarako, gehitu ondorengo oharrak programari. Seguruena da oharrak iturburu-fitxategi bakoitzaren hasieran gehitzea, bermerik ez dagoela modu eraginkorrean adierazteko; eta fitxategi bakoitzak eduki beharko luke gutxienez «copyright» lerroa eta ohar osora joateko erakusle edo lotura bat.

<lerro batean, programaren izena eta egiten duenaren ideia laburra.> Copyright (C) <urtea> <egilearen izena> Programa hau software librea da: birbanatu dezakezu, eta/edo aldatu, Software Librearen Fundazioak argitaratutako GNU Lizentzia Publiko Orokorraren baldintzen arabera, dela Lizentziaren 3. bertsioaren arabera edo dela (nahi baduzu) bertsio berriagoren baten arabera. Erabilgarria izango delakoan banatzen da programa hau, baina INOLAKO BERMERIK GABE; ez du KOMERTZIALIZAGARRITASUNAREN EDO XEDE JAKIN BATERAKO EGOKITASUNAREN berme inpliziturik ere. Xehetasun gehiagorako ikusi GNU Lizentzia Publiko Orokorra. Programa honekin batera GNU Lizentzia Publiko Orokorraren kopia bat jaso eharko zenuke. Ez baduzu halakorik jaso, ikusi <http://www.gnu.org/licenses/>.

Horrez gain, gehitu informazioa posta elektroniko zein arruntaren bidez zurekin harremanetan nola jarri jakiteko.

Programak terminaleko interakzioa badu, ziurtatu modu interaktiboan hasten denean ohar labur bat erakusten duela, jarraian agertzen denaren antzekoa:

<programa> Copyright (C) <urtea> <egilearen izena> Programa honek ez du INOLAKO BERMERIK; informazio gehiagorako idatzi `show w'. Hau software librea da, eta birbanatu dezakezu zenbait baldintzarekin; idatzi `show c' xehetasunak ikusteko.

`show w' eta`show c' komando hipotetiko horiek Lizentzia Publiko Orokorraren atal egokiak erakutsi beharko lituzkete. Noski, zure programaren komandoak desberdinak izan daitezke; GUI interfazeetan, «honi buruz» elkarrizketa-koadroa erabiliko zenuke.

Programatzaile gisa lan egiten baduzu enplegatzaile batentzako edo ikastetxe batean, ziurtatu horiek «egile-eskubideei uko-egitea» sinatzen dutela, behar izanez gero. Horren inguruko informazio gehiagorako, eta GNU GPL nola aplikatu eta bete jakiteko, ikusi <https://www.gnu.org/licenses/>.

GNU Lizentzia Publiko Orokorrak ez du baimenik ematen zure programa programa jabedunen barruan sartzeko. Zure programa azpirrutina-liburutegi bat baldin bada, beharbada erabilgarriagoa izango zaizu aplikazio jabedunak liburutegiarekin lotzeko baimena ematea. Hori bada egin nahi duzuna, erabili GNU Lizentzia Publiko Orokor Murriztua (Lesser General Public License) Lizentzia honen ordez. Baina lehenbizi, irakurri <https://www.gnu.org/philosophy/why-not-lgpl.html>.