(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Portugal - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Portugal

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Portugalgo Errepublika
República Portuguesa
Ereserkia: A Portuguesa

Portugalgo bandera

Portugalgo armarria
Geografia
HiriburuaLisboa
38°42′29″N 9°8′20″W
Azalera92.225 km² (111.)
Punturik altuenaPonta do Pico
Punturik sakonenaOzeano Atlantikoa (0 m)
KontinenteaEuropa
MugakideakEspainia
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika
Portugalgo presidenteaMarcelo Rebelo de Sousa
LegebiltzarraPortugalgo Errepublikako Biltzarra
Epai autoritateaPortuguese Supreme Court of Justice (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria10.347.892
Dentsitatea112,2 bizt/km² (97.)
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa1,21 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak19.620 (2015)
Derrigorrezko eskolaratzea6-18
Bizi-itxaropena81,12683 (2016)
Giniren koefizientea32,8 (2019)
Giza garapen indizea0,866 (2021)
Ekonomia
BPG nominala217.571.083.045,99 $ (2017)
BPG per capita21.291 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa335.319.035.878 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn32.554,298 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala1,4 % (2016)
Erreserbak26.096.701.287 $ (2017)
Inflazioa0,9 % (2016)
Historia
Sorrera data: 1179ko maiatzaren 23a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+351
ISO 3166-1 alpha-2PT
ISO 3166-1 alpha-3PRT
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hzへるつ.europar loki eta Schuko
Internet domeinua.pt
portugal.gov.pt…

Portugal, izen ofiziala Portugalgo Errepublika[1], Europako hego-mendebaldeko estatua da, Iberiar penintsularen mendebaldean dagoena. Iparralde eta ekialdean Espainiarekin du muga, eta mendebalde zein hegoaldean, Ozeano Atlantikoarekin. Portugal kontinentalaz gain, Portugalgo Errepublikak bi uhartedi ditu Ozeano Atlantikoan: Madeira eta Azores. 1986tik Europar Batasuneko kidea da eta 1999tik, Eurogunekoa.

Hiriburua Lisboa da eta hiri nagusiak, Porto, Vila Nova de Gaia, Braga, Amadora, Funchal eta Coimbra.

Sakontzeko, irakurri: «Portugalgo geografia»

Eskualde naturalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Portugalen satelite irudia.

Portugalgo lurraldean bi alderdi nagusi daude, bai egituraz, bai klimaz, Tajo ibaiak (portugesez, Tejo) bi erditan bereiziak: Tejo ibaitik iparraldera dagoen erdia mendiez eta ibar sakonez osatua da gehienbat, eta hegoaldeko erdia, berriz, garaiera txikiko muinoez eta ordokiez. Halaber, Portugalen mendean daude Madeira eta Azores uhartediak.

Iparraldea, Galiziako mugaren eta Duero ibaiaren (portugesez Douro) arteko lurraldea, menditsua da, 1.500 m inguru garai diren mendilerroez osatua eta ibar sakonez hautsia. Douro eta Tejo ibaien artean lurraldearen batez besteko garaiera are handiagoa da: 600 m Douro Garaian eta 1.000 m Guardako goi ordokian. Ibar hondoak, ordea, itsas mailan daude ia-ia. Alderdi horretan Iberiako iparraldeko goi-ordoki zabala hedatzen da, eta alderdi batzuetan, Iberiako Erdialdeko Sistemaren mendebaldeko adarra osatzen duten mendilerroak nabarmentzen dira. Horietako batean dago, Serra da Estrelan hain zuzen ere, Portugalgo mendi garaiena, uharteetakoez landa: Torre mendia, 1.993 m.

Tejo ibaitik hegoalderako lurraldea (Alentejo) ordoki eta muinoez osatua dago. Alderdi horretan lurraldearen garaiera 400 mtik beherakoa da, ipar-ekialdeko muga inguruko San Mamed mendietan izan izan ezik (1.025 m). Hegoalde-hegoaldean, Caldeirao eta Monchique mendilerroek (900 m inguru) Algarve itsasaldeko ordokia babesten dute iparraldeko haizeetatik.

Portugalgo itsasbazterra 845 km luze da. Iparraldeko erdian zelaia, zuzena eta hareatsua da, eta Porto hiritik hegoaldera zabalduz doa Beira lurraldean barrena. Alderdi batzuetan aintzira txikiak eratu dira. Carvoeiro lurmuturretik hegoaldera berriz hautsiagoa da. Algarveko kostako mendebalean labartsua da, eta ekialdean berriz hareatsua eta zelaia. a.

Iberiar penintsulako ibai nagusietako batzuek Portugalgo lurraldea zeharkatzen dute ura Ozeano Atlantikoan isuri baino lehen: Minho, Douro, Tejo eta Guadiana. Minho ibaiak Galizian du sorburua, eta bere ibilguaren behe aldean bi herrialdeen arteko muga egiten du. Douro ibaiak 600 metroko gainbehera du Iberiar goi-lautada eta bere ibilbideko ibar sakonaren hondoa artean. Tejo ibaia, Iberiar penintsulako handiena, mendi-zintzur luze baten bidez sartzen da Portugalera; bokaletik hurbil, Paja itsasoa deritzan estuario zabala eratzen du, eta ontziz ibil daiteke bokaletik Abrantes hiriraino. Guadiana ibaiak Espainia eta Portugalen arteko muga lerroa egiten du bi zatitan. Portugalen bertan sortzen diren ibai eta ibaiadarren artean aipagarriak dira, iparraldetik hegoaldera, Vouga, Mondego (225 km), Zezere (220 km) eta Sado (150 km) ibaiak.

Madeira uhartedia (794 km²), sumendi-jatorrikoa eta oso menditsua da (Pico Ruivo, 1.861 m). Portugaldik 1.000 kilometrora dago. Sumendizko Azore uhartedia (2.247 km²) Iberiar penintsulatik 1.500 km ingurura dago. Klima epel hezea du. Han dago Portugalgo mendi garaiena, Ponta do Pico (2.320 m), izen bereko uhartean.

Zuhaiztiek lurraldearen heren bat hartzen dute gutxi gorabehera. Itsasaldeko alderdi hareatsuetan pinudiak eta eukalipto zuhaiztiak landatu dira. Halaber, iparraldeko mendietan pinuak dira nagusi. Hegoaldea berriz landaredi mediterraneoak hartzen du: olibondoak, artea, artelatza. Mahastiak eta almendrondoak lurralde osoan daude, ipar-ekialdeko mendietan izan ezik, baina ugariagoak dira hegoaldean. Algarven, Mediterraneo motako basoa galdu den alderdietan, sastrakadi trinkoak hartu du haren tokia.

Estrela mendilerroa.

Portugalgo klima Ozeano Atlantikoaren eraginpean dago eta, oro har, samurra da: euritsua eta epela iparraldean eta lehorra eta oso beroa hegoaldean. Ozeanoaren eragina nabarmenagoa da itsasaldean, udako beroak eta neguko hotzak samurtzen baititu. Ipar-ekialde menditsuan hotz-beroak gorabehera handiagoak ditu: udak laburrak dira eta neguan elurra eta izotza izaten da. Hegoaldera ahala, klima mediterraneoa nagusituz doa, eta Algarvek Mediterraneoko klima du bete-betean, oso uda bero eta negu epelekin. Euri askoz gehiago izaten da iparraldean hegoaldean baino. Batez beste 500 mm euri izaten dira urtean, 2.500 mm iparraldeko mendietan, eta 500 mm baino gutxiago sei-zazpi hilabetez guztiz lehorra den Algarven.

Sakontzeko, irakurri: «Portugalgo historia»
Évorako erromatar tenplua.

K. a. VI. mendean Europako erdialdeko herri zeltak gaur egun Portugalgo iparraldeko erdian finkatu eta bertako biztanleekin nahastu ziren. Haien ondorengoak, lusitaniarrak, gogor borrokatu ziren erromatarren konkistari aurre egiteko, baina K. a. 61. urtean Julio Zesar (K. a. 100-K. a. 44) jeneralaren gudarosteek Lusitania mendean hartu zuten. Erromatarrek oso eragin handia izan zuten lurraldean.

K. o. V. mendean, sueboak eta alanoak sartu ziren, baina gero bisigodoen mendean geratu ziren. 711. urtean, arabiar osteak Iberiar penintsulan lehorreratu zirenean, bisigodoen inperioa suntsitua izan zen.

Portugalen sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

X. menderako, Asturias eta Leongo erregeek Mondego ibaiaren iparraldeko lurraldea eskuratua zuten eta Portugalgo konderria sortu zuten, Asturias-Leongo erreinuaren agindupean. 1105ean Alfontso VI.a (1040-1109), Leon eta Gaztelako erregeak, Henrike Burgundiakoari Portugalgo konderria eman zion, ezkonsari gisa, Teresa bere alabarekin ezkondu zenean. Teresa eta Henrikeren semeak, Alfontso Henriquesek, musulmanei irabazi zien Ouriqueko guduan (1119) eta lurralde osoa bere mendean geratu zen, Algarve izan ezik. Handik gutxira, Leongo eta Gaztelako erregeetatik bereizirik, Portugalgo errege izendatu zuten: Alfontso I.a Portugalgoa (1139-1158).

Alfontso III.ak (1248-79) musulmanak egotzi zituen Algarvetik. Fernando I.a Ederra Portugalgo erregea 1383an hil zenean ondorengotza guduak izan ziren: nobleziak Joanes I.a Gaztelako erregearekin ezkondua zegoen Fernando I.a Ederraren alaba, Beatriz, ezarri nahi izan zuen aginpidean, baina burgesiak eta nekazariek berriz Joan Avizkoaren alde egin zuten. 1385. urteko abuztuaren 14an, Joan Avizkoaren gudarosteak Gaztelako eta Portugalgo nobleziaren parte handi baten gudarosteak suntsitu zituen Aljubarrotako guduan. Hala, Portugalek burujabetasun osoa erdietsi zuen Joan I.a Handia (1358-1433) erregearen aginpidean.

Itsas bidaia handiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljubarrotako guduak nobleziaren gainbehera eta burgesia eragile baten gorakada ekarri zituen. Joanes I.a erregearen semeak, Henrike Nabigatzailea printzeak, europarren konkistei eta mundu berri baten antolakuntzari bide eman zioten itsas bidaia handiak eragin zituen Atlantikoan. 1415. urtean portugaldarrek Ceuta konkistatu zuten. 1419an Madeira uhartedia aurkitu eta hartu zuten, 1427an Azoreetara iritsi ziren, eta 1456an Cabo Verdera.

Vasco da Gamaren helduera Calecutera, 1498ko maiatzaren 20an .

Joanes II.a (1481-1495) eta Manuel I.a (1495-1521) erregeen aginpidean, Iparraldeko Afrikako lurraldeak konkistatzeari utzirik, portugaldar itsasgizonak, salerosleek nahi bezala, Indiarako bidea aurkitzen saiatu ziren Hegoaldeko Afrikatik barrena. 1488an Bartolomeu Dias itsasgizonak "Ekaitzen lurmuturra" (gaur egungo Esperantza Oneko lurmuturra) inguratu zuen, eta hamar urte geroago, Vasco de Gama Indiara iritsi zen.

1500. urtean, Pedro Alvares Cabral Brasilera iritsi zen. 1506an Ormuz hartu zuten; 1510ean, Goa;1511n, Malaka; 1518an, Zeilan; 1543an, Japoniara iritsi ziren; eta 1557an, Macaura. XVI. mendearen erdialderako Portugalek Europako beste edozein herrialdek baino lurralde gehiago hartuak zituen Afrikan, Ozeano Atlantiko zein Indiako ozeano aldeko kostaldeetan, Indian, Asiako hego-ekialdeko uhartedietan, Txinan eta Japonian. Ekialdeko Indiarekiko merkataritza, espezien salerosketan oinarritu zena, oso onuragarria izan zen Portugalentzat.

Espainia eta Portugal koroa baten azpian: 1581-1640

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sebastian erregeak (1557-1578) Afrika iparraldearen konkista hasi zuen berriz ere, baina mairuek Ksar el-Kebirreko guduan hil zuten.[2] Ondorengorik ez zuenez, Filipe II.a Espainiako erregeak Portugalgo koroa beretzat eskatu zuen. Berriz ere herria bitan zatitu zen: noblezia Espainiako erregearen alde eta herria Antonio, Cratoko priorearen alde agertu ziren. Espainiako gudarosteak erraz menderatu zituen aurkariak, eta 1581ean Filipe II.a Portugalgo errege izendatu zuten Tomarreko gorteetan, Filipe I.a Portugalgoa izenarekin.

Batasunak 60 urte iraun zuen, eta denbora horretan hasi zuen Portugalek gainbehera, herbeheretar eta ingeles gero eta indartsuagoen aurkako lehian. Holandak eta Ingalaterrak Portugalen koloniei eraso egin zieten, merkataritza eragotzi zioten, eta Brasilgo kostaldearen parte bat kendu zioten. 1640ean, Katalunian Segalarien Gerra zela eta, erregeak Portugali laguntza eskatu zionean portugaldarrek uko egin zioten eskaera hura betetzeari. Hala, noblezia eta burgesia, Bragantzako dukearen gidaritzapean bat eginik, Espainiaren aurka matxinatu ziren. Abenduaren 15ean Bragantzako dukea Portugalgo errege izendatu zuten: Joanes IV.a (1640-1656). Filipe IV.a Espainiakoak, ahaleginak ahalegin, ez zuen galdutako lurraldea berriro irabazterik izan. 1668an Espainiak Portugalen burujabetasuna ezagutu zuen.

XVIII. mendea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pombalgo markesa, 1755eko lurrikararen ondoren berreraikitutako Lisboa erakusten.

XVII. mendearen erdialdetik aurrera Portugalen nagusitasuna Asian desegin egin zen, hango herrien suspertzearen eta, batez ere, herbeheretar gero eta indartsuagoen erasoen aurrean. Hala, Portugalen eta ekialdeko Indien arteko merkataritza harremanak ahulduz joan ziren. Aitzitik, Brasilek gero eta garrantzi handiagoa izan zuen Portugalgo ekonomiarentzat. Brasilgo azukre, urre eta diamanteen salerosketari esker Portugalek urte oparoak izan zituen berriz ere. Nolanahi ere, Portugalen ekonomiak ez zuen hobekuntza nabarmenik izan, oparotasun hura ez baitzen herriaren modernizazioa bideratzeko erabili.

Halaber, Portugalen ahalmen militarra urria zen, eta bere burujabetasuna eta koloniak gordetzeko Ingalaterra lotu zitzaion politikan eta ekonomian. Josef I.a erregearen agintaldian (1750-1777) Pombalgo markesa gailendu zen. Erregeak esku handia eman zion Pombali eta hark despotismo ilustratuaren politika bideratu zuen Portugalen. Pombalek Elizaren ahalmena mugatu zuen, erregearen aurka zegoen nobleziari aurre egin zion, 1755eko lurrikarak suntsitutako Lisboa berriro eraikiarazi zuen, jesuitak kanporatu zituen (1759), erreformak bideratu zituen gudarostean eta hezkuntzan.

1792an Maria I.a erreginak (1777-1816) bere kargua utzi zuen adimen eritasun baten kariaz, eta haren seme Joanesek bete zuen erreginaren tokia 1816an errege egin zuten arte.

XIX. mendea: Portugalen gainbehera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugalek ez zuen, Europako beste herrialde batzuek bezala, Frantziak Ingalaterrako ekonomia suntsitzeko hari ezarritako blokeoaren politika betetzen. Hortaz, Napoleonek, Espainiarekin Portugalen partiketa hitzartu ondoren, Portugal konkistatzea erabaki zuen. 1807an frantses gudarosteak, Junot mariskalaren gidaritzapean, Espainian barrena Portugalen sartu ziren. Portugalgo errege-familia eta gorte osoa Lisboan itsasoratu eta, Ingalaterrako itsas gudarostearen babesean, Brasila ihes egin zuten. Portugaldarrak eta espainiarrak frantsesen kontra matxinatu ziren. Handik gutxira, Ingalaterrako Wellington dukeak frantsesei hiru gudutan irabazi ondoren Portugaletik kanpora egotzi zituen.

1820an, matxinada militar baten ondorioz liberalismoa nagusitu zitzaion absolutismoari. Joanes VI.ak 1821ean itzuli zen Portugalera eta konstituzio liberal bat onartu behar izan zuen. Brasil Joanesen seme Petriren agindupean geratu zen. Petri I.ak Brasilen burujabetasuna aldarrikatu zuen 1822ko irailaren 7an eta bere burua enperadore izendatu zuen. Portugalek 1825. urtean ezagutu zuen Brasilen burujabetasuna.

Joanes VI.a 1826an hil ondoren, XIX. mende osoan zehar, liberalen eta absolutisten arteko borrokak izan ziren, ekonomiaren krisi larri batekin batera. Petri V.a (1853-1861) eta Luis I.a (1861-1889) erregeen aginpidean Portugalgo alderdi politiko nagusiek txandaka gobernatu zuten, eta istiluak, zertxobait bederen, baretu ziren. Karlos I.aren agintaldian (1889-1908) errepublikaren aldekoek gero eta indar handiagoa hartu zuten. 1908ko otsailaren lehenean errepublikazale batzuek Karlos erregea eta haren ondorengoa, Luis Filipe, hil zituzten atentatu batean. Manuel II.a izendatu zuten errege (1908-1910).

1910eko urriaren 5eko martxa errepublikazalea.

Lehen Errepublika: 1910-1926

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1910. urteko hauteskundeetan errepublikazaleak atera ziren garaile Lisboan eta Porton. Urriaren 4an iraultza hasi zen eta Manuel II.a Britainia Handira erbesteratu zen. 1911n errepublika konstituzioa onartu zen. Hala ere, ezegonkortasuna zen nagusi Portugalgo ekonomian zein gizartean. Portugalek 50.000 soldaduz osatutako gudaroste batekin parte hartu zuen Lehen Mundu Gerran. Ekonomiaren egoerak okerrera egin zuen, baina herrialdeak bere koloniak gorde ahal izan zituen. 1926an, Manuel Gomes da Costa jeneralak estatu kolpea jo eta errepublika desegin zuen.

Salazar aginpidean: 1932-1970

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
António de Oliveira Salazar

1926ko estatu kolpearen ostean, ia 50 urtean Portugalek ez zuen demokraziarik izan. Estatu kolpetik hilabete gutxira, Óscar Carmona jeneralak hartu zuen aginpidea. 1928an, lehendakari izendatu zuten eta karguari eutsi zion, 1951n hil zen arte. Carmonak Portugalgo finantza arazoak konpondu nahi zituen. Hala, esku handia eman zion António de Oliveira Salazar, Coimbrako unibertsitateko ekonomia irakasleari. Harrezkero, Salazar Portugalgo agintari nagusia izan zen. 1932tik aurrera finantza ministro eta lehen ministro izan zen, eta gerra eta kanpo arazoetako ministro 1936tik 1947ra.

Salazarrek konstituzio berri bat eginarazi zuen, 1911. urtekoaren ordez, eta korporatibismoan oinarritu zuen bere politika, Italiako faxismoaren eraginpean. Salazarrek bat egin zuen Franco diktadorearekin Espainiako Gerra Zibilean, eta Bigarren Mundu Gerran Azore uharteak utzi zizkien Britainia Handiko eta Estatu Batuetako gerra-hegazkinei.

Bien bitartean, Portugalen kolonietan burujabetasunaren aldeko higikundeak hasi ziren, gobernuak gogor zapaldu zituenak. Indiak Goa, Daman eta Diu hartu zituen 1961ean eta Afrikan, berriz, Angolan eta Mozambiken, gerrilla gerrak hasi ziren. 1968an, Salazar ezindurik, Marcelo Caetanok hartu zuen haren tokia. Caetano Portugalgo sistema politiko ekonomikoa biguntzen ahalegindu zen. 1970etik aurrera Portugalek ez zuen kolonietako gerra gogor luze hari eusteko bitartekorik ez ahalmenik, eta krisi latz batean murgildua geratu zen.

Krabelinen Iraultza eta Hirugarren Errepublika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Krabelinen Iraultza»

1974ko apirilaren 25ean, ofizial gazte batzuek osatutako talde bat gobernuaren aurka matxinatu zen eta Junta de Salvação Nacional batzordea sortu, António de Spínola jeneralaren ardurapean. Batzorde hark oinarrizko eskubideak eta demokrazia ekarri zituen Portugalera. 1975ko apirilaren 25ean, Legebiltzarrerako lehendabiziko hauteskunde libreak egin ziren Portugalen. Alderdi sozialista, zentro-ezkerrekoa eta Herri Alderdi Demokratikoa (zentro-eskuinekoa) atera ziren garaile. 1976an, konstituzio berria onartu zen. Mario Soares sozialistak gobernua osatu zuen eta António Ramalho Eanes jenerala izendatu zuten errepublikaren lehendakari. Bestalde, Angolak eta Mozambikek burujabetasuna lortu zuten.

1982an, konstituzioa berritu egin zen: lehendakariaren ahala murriztu zen eta gudarosteari demokrazia bideratzeko ardura kendu zitzaion. Hurrengo urtean, Alderdi Sozialistak irabazi zituen hauteskundeak eta Mario Soares hautatu zuten berriro gobernu buru. 1985ean, Aníbal Cavaco Silva sozialdemokratak hartu zuen Soaresen tokia. 1986an, ezkerraren laguntzarekin, Soares errepublikako lehendakari aukeratu zuten. Urte berean, Portugal Europar Batasunean sartu zen. Cavaco Silvaren aginpidean Portugalgo ekonomiak aurrerapen handia egin zuen. 1991. urteko hauteskundeetan, Mario Soares lehendakari sozialista atera zen irabazle eta urte hartako hauteskunde orokorretan sozialdemokratek lortu zuten, berriro ere, gehiengoa. Soaresek, beraz, bi agintaldiz iraun zuen lehendakaritzan eta etengabeko agintari aldaketa eten izanak egonkortasuna eman zion Portugalgo politikari. Soaresen agintaldiaren ezaugarri nagusiak ekonomiaren liberalizazioa eta Europako integraziora begirako politikak aurrera eraman izana dira. Ahalegin horretan aipagarriak izan ziren Cavaco Silva Lehen Ministroaren ekimenak, baina askoren iritziz zorrotzegi jokatu zuen eta zegokiona baino eskumen handiagoa bereganatu zuen.

Sozialdemokraten politikaren emaitzetan azpimarratzekoak dira 1986. urtean Portugal Europar Batasunean sartu izana, 1992ko lehen sei hilabetekoan Portugalek lortu izana Europar Batasunaren lehendakaritza eta urte bereko apirilean ezkutua Europako Diru Sisteman sartu izana. Abenduan, bestalde, Portugalek Maastrichteko Ituna berretsi zuen. Portugal Europar Batasunean sartu zenez gero, eta Europatik iristen ziren laguntzei esker bereziki, aurrerapen handiak egin ziren ekonomian, baina ekonomia hobetzearekin batera gizarteko giroa nahastu egin zen bitarte hartan, zenbait berrikuntza (pribatizazioak, ekonomia politika berria), Europako merkatu batuaren eskakizunak eta haren aurreko kezkak zirela eta. Horrela, ikasleen manifestazioak izan ziren hezkuntza sistemaren kontra, zerbitzuetako langileen protestak soldata igotzeko eskatuz, medikuen greba osasun zerbitzu batzuen pribatizazioaren kontra... Azkenik, 1995. urtean, hamar urtez zentro-eskuineko Alderdi Sozial Demokrata agintean egon ondoren, Alderdi Sozialistak irabazi zituen legebiltzarrerako hauteskundeak. Osasunaren eta hezkuntzaren alorrean sortu ziren gorabeherekin kezkatuta zeuden hautesleen botoari esker lortu zuen garaipena. António Guterres izendatu zuten lehen ministro, eta, 1996. urteko hauteskundeak irabazi ondoren, Jorge Sampaio sozialistak eskuratu zuen errepublikako lehendakari kargua. Harrezkero, sozialistek ordu arte sozialdemokratek egindako bideari jarraitu zioten, oro har, Europara begirako politika eginez eta pribatizazioak aurrera eramanez, baina osasungintzan, hezkuntzan eta gizartean gastuak igotzea lortu zuten.

Nazioarteko politikari dagokionez, 1999an Macau Txinaren esku uzteko hitzarmena sinatu zuen Portugalek, eta istiluak izan zituen Indonesiarekin, Ekialdeko Timorren burujabetasuna zela eta (Indonesiak Timor Ekialdekoa okupatu eta autodeterminazio eskubidea ukatu ziolarik).

2001eko hauteskundeetan Sampaiok berretsi egin zuen kargua eta oso erraz irabazi zituen hauteskundeak. Hurrengo urtean, ordea, aurreratu egin behar izan zituen hauteskundeak, batetik alderdi ekonomikoan egindako aurrerakuntza eskasen ondorioz, eta bestetik, alderdi sozialistaren kontra etengabeak zirelako korrupzio salaketak. 2002ko hauteskundeetan José Manuel Durão Barroso hautagai sozialdemokratak irabazi zituen hauteskundeak, eta gobernu koalizioa osatu zuen eskuinekoekin. Besteak beste, gastu publikoa gutxitu egingo zuela eta estatuko zenbait zerbitzu pribatizatu egingo zituela agindu zuen, osasuna barne. 2004. urtean Durão Barrosok lehen ministro kargua utzi eta Europar Batzordeko lehendakari bihurtu zen. Horrek ezegonkortasun politiko handia eragin zuen, eta ondorioz, Sampaiok parlamentua desegin eta hauteskundeetarako deia egin zuen. Alderdi Sozialistak irabazi zuen eta José Sócrates izendatu zuen lehen ministro. 2006ko hauteskundeetan, berriz, eskuin-erdialdeko Aníbal Cavaco Silva hautagaiak irabazi zituen hauteskundeak, baina lehendakari berriak gobernu sozialistarekin lankidetzan jarduteko asmoa azaldu zuen.

Gobernua eta adminstrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugal errepublika bat da. 1976an idatzi zen egun indarrean den konstituzioa eta 1997an berridatzi zen. Errepublikako lehendakaria bost urtez behin aukeratzen da; bera da estatuburua, aginpide betearazlearen buruzagia eta hark izendatzen du lehen ministroa, herrialdearen administrazio buruaren zereginak betetzen dituen karguduna. Lehen ministroak kontseilu ministroaren laguntzarekin agintzen du. Aginpide legegilea legebiltzarraren esku dago, eta haren onespena behar du gobernuak bere jardueran aurrera egiteko.

Lurralde banaketari dagokionez, Portugal 18 barrutiz osatutako 11 probintziatan dago banatua. Azore eta Madeira uhartediek, bestalde, autonomia dute, eta zeinek bere erakunde legegile eta betearazleak ditu. Azkenik, Macau (Txinako hegoaldeko kostaldeko lurraldea) 1999. urte amaiera arte Portugalen kolonia izan zen, baina Txinako Herri Errepublikarekin lorturiko hitzarmen batek agintzen zuen bezala, Txinaren esku geratu zen.

  • Gobernu-mota: Alderdi anitzeko errepublika. Ganbara legegile bakarra (230 kiderekin).
  • Estatuburua: Lehendakaria.
  • Gobernuburua: Lehen ministroa.

Hauteskundeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugalgo parlamentuan (Errepublikako Asanblea), ondoko alderdi politikoek dute ordezkaritza:

Alderdia 2002ko hauteskundeak 2005eko hauteskundeak 2009ko hauteskundeak 2011ko hauteskundeak
Bloco de Esquerda BE (Ezkerreko Blokea) 3 8 16 8
Partido Comunista Português PCP 10 12 13 14
Partido Ecologista "Os Verdes" PEV (Alderdi Ekologista-"Berdeak") 2 2 2 2
Partido Socialista PS 96 121 97 74
Partido Social Democrata PSD 105 75 81 108
Centro Democrático Social / Partido Popular PP 14 12 21 24

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Portugalen banaketa administratiboa»

Eskualdeak eta azpieskualdeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Porto.

Herrialdea bost eskualde edo eskualde handitan banatuta dago, eta horietako bakoitza azpieskualdetan. Bi eskualde autonomo ere baditu Portugalek, (Açores eta Madeira). Menpeko lurralde 1 izan zuen, Makau, baina 1999tik aurrera Txinaren lurraldea da.

Zkia. Eskualdea Hiriburua
1 Iparraldeko eskualdea Porto
2 Erdialdeko eskualdea Coimbra
3 Lisboa Lisboa
4 Alentejo Évora
5 Algarbe Faro
6 Madeira Funchal
7 Azoreak Ponta Delgada

Bestela, 18 barrutitan ere banatzen da:

2021ean Portugalek 10.343.066 biztanle zituen.[3] Horietatik 9.855.909 Portugal kontinentalean bizi ziren (%95,3) eta gainerakoak Azore eta Madeira uharte autonomoetan.[3]

Portugalgo biztanleen artean etnia batasun handia dago, biztanle gehien-gehienak portugaldarrak baitira, eta horrenbestez, Portugal da munduko herrialderik homogeneoetako bat hizkuntzari, erlijioari eta kulturari dagokionez. 1990eko hamarraldia arte herrialde aski atzeratua zen, eta hori nabarmentzen zen, besteak beste, demografiari buruzko datuetan, baina azken urteotan zenbait aldaketa eta hobekuntza gertatu dira, eta ari da pixkanaka Europako neurrietara hurbiltzen, adibidez haurren heriotza tasari dagokionez (mila jaiotzako 80 heriotzatik 9ra jaitsi da), familien neurriari dagokionez, bizi itxaropenari dagokionez, etab. Portugalgo biztanleen bizi itxaropena 75 urtekoa zen batez beste 1996an. Garai batean jaiotza tasa oso altua zuen arren, gaur egun biztanle kopuruaren hazkundea negatiboa da, % 0,13koa 1999. urterako aurreikuspenen arabera.

Portugalgo biztanleen urbanizazio tasa oso bizkor ari da igotzen (% 60ra igo da), nahiz eta oraindik ez den Europako beste zenbait herrialdetakoa bezain handia. Eta biztanleen banaketari dagokionez, Portugalgo alderdi jendetsuenak erdialdeko eta iparraldeko kostaldeak dira; biztanleen % 70 bizi da inguru horietan gutxi gorabehera.

Osasun eta hezkuntza mailari dagokionez, herrialde garatuen saileko herrialdea da (Nazio Batuek 1994rako prestaturiko txostenaren arabera), baina Europar Batasuneko atzeratuena da oraindik. 1998an legebiltzarrak abortua legeztatu zuen; ordu arte urtean ezkutuko 16.000 abortu egiten zirela diote zenbait iturritatik bildutako datuek.

Banaketa etnikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Talde etniko nagusiak: % 99.5 portugaldar; % 0.2 caboverdetar, % 0.1 brasildar, % 0.2 beste.
  • Biztanleen banaketa: % 34.8 hiritar, % 65.2 landatar.
  • Urteko hazkunde-tasa: 0.8/1.000 (1993).
  • Ugaltze-tasa: 1.6/1.000 (1993).
  • Heriotza-tasa: 10.7/1.000 (1993). Haurrena: 10/1.000 (1990-1995).
  • Bizi-itxaropena: 70.8 urte gizonezkoengan eta 78 urte emakumezkoengan (1994).
  • Analfabetismo-maila: % 13.2.
  • Erlijioak: % 94.5 katoliko, % 3.8 sinesgabe, % 0.6 protestante, % 0.1 judu, % 0.1 musulman
  • Biztanleen banaketa adin-tarteka'
    • >15 urte: % 22.7
    • 15-29 urte: % 24.6
    • 30-44 urte: %1 8.8
    • 45-59 urte: % 16.5
    • 60-74 urte: % 12.6
    • >74 urte: % 4.8

Portugesa herrialdeko hizkuntza ofiziala da lurralde osoan. Halaber, mirandera ere ofiziala da Miranda do Douro/Miranda I Douro ko kontzejuan (Bragançako barrutia).

Hiri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lisboa.
Porto.

Bi metropoli eremu nagusi ditu Portugalek. Datuak 2011eko erroldan adierazitakoak dira.

Udalerriei dagokienez, concelho izena hartzen dute eta freguesia edo parrokiatan banatuta daude. Hauexek dira hiri eta udalerri portugaldar nagusiak, 2011eko erroldaren arabera:

Hiria Biztanleak Eskualdea Hiria Biztanleak Eskualdea
1 Lisboa 545.245 Lisboa 11 Oeiras 172.063 Lisboa
2 Sintra 377.249 Lisboa 12 Gondomar 168.205 Iparraldea
3 Vila Nova de Gaia 302.092 Iparraldea 13 Guimarães 158.108 Iparraldea
4 Porto 237.559 Iparraldea 14 Seixal 157.981 Lisboa
5 Loures 205.577 Lisboa 15 Odivelas 143.755 Lisboa
6 Cascais 205.117 Lisboa 16 Coimbra 143.052 Erdialdea
7 Braga 181.819 Iparraldea 17 Santa Maria da Feira 139.393 Iparraldea
8 Amadora 175.558 Lisboa 18 Vila Franca de Xira 136.510 Lisboa
9 Matosinhos 174.931 Iparraldea 19 Setúbal 135.125 Lisboa
10 Almada 173.298 Lisboa 20 Maia 135.049 Iparraldea
Lisboa ondoko Oeiras hirian dagoen enpresen gunea.

1990. urtea arte Europako herrialde pobreenetakoa izan zen Portugal, baina azken urteotan hazkunde handia izan du bertako ekonomiak, batez ere Europar Batasunaren aldetik jasotako laguntzari esker, nahiz eta bera den, Greziarekin batera, Europar Batasuneko herrialderik atzeratuena. Dena dela, Europako herrialde guztietan Portugal da hazkunde handiena izan duena (% 4,5 batez beste azken urteotan), eta ekonomiaren hazkundearekin batera aipagarria da azken urteotako interes tasen jaitsiera eta langabezia tasaren murrizketa; badira, hala ere, zenbait datu ez hain pozgarri, Europako herrialdeen batez bestekoa baino biztanleko nazio produktu gordin apalagoa izatea, adibidez. 1998. urtean Europar Diru Batasunean sartzeko mailara iritsi zen Portugalek, eta Europar Diru Batasunean sartu zen 1999an. 1998ko inflazio tasa % 2,8koa izan zen (aurreko urteetan % 7ra iritsi zen), txiki samarra, Europako gainerako kide gehienena baino garaiagoa, halere.

Zerbitzuen alorrak ematen du Portugalgo barne produktu gordinaren parterik handiena, eta hura da langile gehien hartzen dituen jarduera (barne produktu gordinaren % 60 eta langileen % 56, 1998an); hurrengo jarduera aipagarriena industria da (oihalgintza eta ehungintza, arrain kontserba, ardogintza, larrugintza), azken urteetan nahiko modernizatu dena. Nekazaritza ere egiten da (patata, mahatsondoak, olibondoak, garia, artoa) baina ekoizpena urria da, urriena Europako herrialdeen artean, eta ez ditu biztanleriaren beharrizanak asetzen, nahiz eta zenbait aurrerapen egin diren alor horren modernizazioaren bidetik. Munduko artelazki ekoizle handiena da. Eta garrantzizko jarduera da, halaber, arrantza, batez ere sardinarena, bakailaoarena eta itsaskiena.

Tejo ibaiaren gaineko Vasco da Gama zubia, Europako luzeena.

Datu nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Inportatutako produktu nagusiak:
    • Makineria eta garraio-ekipamendua: % 35,7.
    • Janari eta abereak: % 13,8.
    • Erregaiak: % 8,8.
  • Esportatutako produktu nagusiak:
    • Ehungintzako produktuak: % 28,4.
    • Makineria eta garraio-ekipamendua: % 21,3.
    • Oinetakoak: % 9,6.
  • Baliabide nagusiak:
    • Ardoa: 8.5 miloi hl.
    • Garia: 605.000 miloi tona.
    • Arrainak: 293.000 tona.
    • Kortxoa: 103.000 tona.
    • Oliba olioa: 35.000 tona.
    • Ardi-azienda: 5.2 miloi buru.
    • Behi-azienda: 1.1 miloi buru.
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.

Belémgo dorrea.
Fernando Pessoaren estatua, Lisboan.

Historian zehar Portugalgo kulturak beste herri eta kultura batzuetako eragina izan du. Erromatarren arkitekturaren aztarnak daude adibidez Evoran, eta arabiarren hiri antolaketa ikus daiteke Algarveko herri batzuetan. Halaber, estilo erromanikoko elizak daude toki askotan (Bragako eta Lisboako elizak, adibidez, baita gotikokoak ere.

XV. mendearen bukaeratik XVI.aren erdialdera arte Portugalgo bertako apaindura mota bat nagusitu zen: Manueldar estiloa (izen hori Manuel I.a erregearen omenez duena). Manueldar estiloak gotiko estiloko eraikuntzak apaindura oparo deigarriez hornitu zituen, itsasoko gaiak erabiliz: itsas landareak, sareak, oskolak, belak. Estilo horretakoak dira, adibidez, Belémgo dorrea, Lisboan, eta Batalhako monasterioa.

XVII. mendeko eta geroko etxe-aurrealde askoren ezaugarri nagusia, berriz, azuleju zuri-urdinez apainduak izatea da.

Sakontzeko, irakurri: «Portugesezko literatura»

Literaturan, Luís de Camões (1524-1580) Portugalgo Pizkundeko olerkari epikoa gailendu zen XVI. mendean. Haren Os Lusiadas (1572, "Lusoren ondorengoak" edo "Portugaldarrak") Portugalgo poema nazional bihurtu zen. Prosazko literatura XIX. mendean sendotu zen, Jose María Eça de Queirós (1845-1900) eleberrigile errealistarekin.

Portugalgo XX. mendeko literatura Fernando Pessoa (1888-1935) olerkari modernistaren eragin eta itzalpean egon da. Aipagarriak dira, beste idazle batzuen artean, Miguel Torga, [[Sophia de Mello Breyner Andresen]] , José Saramago eta Eugenio de Andrade poeta.

XV. mendean Nuño Gonçalves margolariak Portugalgo margolaritzaren gailurra jo zuen, eta XX. mendean Maria Helena Vieira da Silva gailendu da.

Sakontzeko, irakurri: «Portugalgo musika»

Fadoa da herrialdeko berezko musika mota nagusi eta ezagunena. Fadista klasikoen artean, Amalia Rodrigues abeslaria dugu ezagunenetarikoa. Bestalde, abeslari gazte ditugu Mariza, Misia eta Cristina Branco, besteak beste, eta taldeei dagokienez Madredeus nabarmentzekoa da. Herri musika eta fadoaren ordezkariak ditugu Carlos do Carmo, Herminia Silva, Dulce Pontes, José Afonso, Paco Bandeira, Paulo de Carvalho, José Cid, Lenita Gentil eta Tonicha.

Sakontzeko, irakurri: «Portugalgo zinema»

Aipatzekoak dira zinema arloan Manoel de Oliveira zuzendaria eta Laura Alves, Beatriz Costa eta Maria de Medeiros aktoreak, beste batzuen artean.

Portugalgo kirol nagusia futbola da. Talde nagusiak Lisboako SL Benfica eta Sporting Clube de Portugal, eta Portoko FC Porto dira. Herrialdeko liga eta kopa ia guztiak irabazi dituzte hiruren artean baina nazioarteko tituluak ere eskuratu dituzte, Europako Kopak eta Kontinente artekoak besteak beste.

Futbolari handiak ere izan dira, Eusébio, Luís Figo eta Cristiano Ronaldo dira ipatzeko batzuk. Portugalgo selekzioak ere indartsua da. Txapeldun ordea izan zen Portugalgo Eurokopan eta hirugarrena 1966ko Munduko Futbol Txapelketan.

Patin-hockeyak ere zaletu asko ditu. Talde nagusiak futbol taldeetako hockey atalak dira. Selekzio mailan munduko talde indartsuenetakoa da, munduko txapelketa 15 aldiz eta Europakoa 20 aldiz irabazi baititu.

Portugalgo Itzulia[4] 1927. urtean sortu zen. Lehen urteetan podiuma herrialdeko txirrindulariek bete zuten. Tradizio handia dauka eta etapa asko izan ditu beti. 1980ko hamarkadan, 20 etapa izatera ailegatu zen. Orain, normalean 11 etapa dira. Azken urteetan maila jeitxi egin du. Gainero, Alentejo aldean, Alentejo Itzulia egiten da 1983. urtetik. Itzuli apal moduan hasi zen baina 2005. urtean gorakada izan zuen. Lehenengo ekitaldietan 5 etapa izaten ziren, baina gero, 4 etapara murriztu zuten. Hori, 2010. urtean gertatu zen CTT Correios de Portugal Sari Nagusiarekin bateratu zenean. 2013. urtean, 5 etapa izatera pasa zen berriro. 1996. urtean, Indurain anaia nafarrek podiumeko lehenego bi poztuak bete zituzten. Miguel lehena eta Prudenzio bigarrena.

Jornal de Noticias; "Diario de Noticias" egunkari irakurrienetarikoa da.

Hiriak eta herriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizateriaren Ondarea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztelu eta jauregiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katedralak eta elizak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. Tucker, Spencer C.. (2009). A Global Chronology of Conflict: From the Ancient World to the Modern Middle East. ISBN 978-185109-672-5..
  3. a b (Portugesez) População residente (N.º) por Local de residência (à data dos Censos 2021), Sexo, Grupo etário e Naturalidade; Decenal - INE, Recenseamento da população e habitação - Censos 2021. Instituto Nacional de Estatística, Ine.pt (Noiz kontsultatua: 2023-2-17).
  4. «CQ Ranking» cqranking.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Portugal