(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Luis XIV.a Borboikoa - Wikipedia, entziklopedia askea.

Luis XIV.a Borboikoa

Frantzia eta Nafarroako erregea
Frantziako Louis XIV.a» orritik birbideratua)

Luis XIV.a, frantsesez: Louis XIV eta bataiatzean Louis-Dieudonné (Saint-Germain-en-Laye, Frantzia, 1638ko irailaren 5aVersailles, Frantzia, 1715eko irailaren 1a), Frantziako eta Nafarroako erregea izan zen. Luis XIII.aren semea eta ondorengoa izan zen. Luis Handia (frantsesez: Louis le Grand, batzuetan Le Grand Monarque) izenez ere ezagun zen, baita Eguzki Erregea (frantsesez Le Roi Soleil) izenez ere. Izan ere, planetak Eguzkiaren inguruan biratzen diren bezala, Frantziak eta gorteak ere erregearen inguruan biratu beharko lukete. Ondorioz, Apolo Heliosekin, Eguzkiaren jainko erromatar-greziarrarekin, lotu izan zaio. Arteen sustatzaile gisa ere lotura hori egokia zen, Louis Apolo Musagetes, Musen burua alegia, baitzen.

Luis XIV.a Borboikoa

Frantziako eta Nafarroako erregea

1643ko maiatzaren 14a - 1715eko irailaren 1a
Luis XIII.a Frantziakoa - Luis XV.a Borboikoa

15. Andorrako Printzekide Frantsesa

1643ko maiatzaren 14a - 1715eko irailaren 1a
Luis XIII.a Frantziakoa - Luis XV.a Borboikoa
Bizitza
JaiotzaSaint-Germain-en-Laye-ko gaztelua1638ko irailaren 5a
Herrialdea Frantziako Erresuma
BizilekuaVersaillesko jauregia
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaVersaillesko jauregia1715eko irailaren 1a (76 urte)
Hobiratze lekuaSaint-Denisko basilika
Heriotza moduaberezko heriotza: Gangrena gaseosoa
Familia
AitaLuis XIII.a Frantziakoa
AmaAna Austriakoa
Ezkontidea(k)Maria Teresa Austriakoa  (1660ko ekainaren 9a -  1683ko uztailaren 30a)
Françoise de Maintenon  (1683ko urriaren 10a, 1684ko ekainaren 12a -  1715eko irailaren 1a)
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaHouse of Bourbon in France (en) Itzuli
Borboi leinua
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, arte bildumagilea, aktorea, monarka eta estatu-politikaria
Jasotako sariak
KidetzaNew Monarchs (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa

Musicbrainz: db0186be-b2da-450d-a86c-5cfb89a9a8bc Find a Grave: 7531 Edit the value on Wikidata

Bizitza

aldatu

Tronura bosgarren urtebetetzea baino 5 hilabete lehenago iritsi zen, aita hil zitzaionean, eta Ana Austriakoa ama izan zuen erregeorde, Mazarin kardinalaren laguntzaz. Gobernuaren benetako kontrola Mazarin kardinalaren heriotza arte ez zuen eskuratu, 1661ean. Heriotza arte izan zen errege, 77 urte betetzear zegoela. Honela, bere agintaldia 72 urtetan, 3 hilabetetan eta 8 egunetan zehar hedatu zen, orain arte dokumentatutako Europako erregealdirik luzeena.

Hasierako urteetan haietan Frondako istiluei aurre egin behar izan zieten. Absolutismoaren ideologian eta Paris hiriaren beldurrez hazi zuen amak, eta Mazarinek estatu gaiak irakatsi zizkion. Westfaliako hitzarmenak (1648an, Alsazia Frantziako erresumaren barnean geratu zen) eta Pirinioetako bakeak (1659, Faisaien uhartea) eragin handia izan zuten Luis XIV.aren kanpo politikan. Pirinioetako bakeak zuzeneko ondorioak izan zituen Espainiako eta Frantziako erresumetan: Pirinioetako muga neurri handi batean zehaztu ondoren, Luis XIV.ak (Mazarinen bitartez) Nafarroa Garaiari uko egin zion eta, Rosselló Frantziako erresumaren barnean geratzen zela, Hego Katalunia ere Espainiako lurraldetzat onartu zuen. Horrez gainera, Luis XIV.a Maria Teresa Espainiako printzesarekin ezkonduko zen. Horren guztiaren truke, Espainiako koroak Europan gutiziatzen zituen lurralde guztiei uko egin behar zien.

 
Luis XIV.a
Frantziako eta Nafarroako errege
Charles Le Brun margolariarena (1666)

1660. urtean Maria Teresarekin ezkondu zen Donibane Lohizunen (Hondarribian egin zen ezkontza horretako lehen meza). Mazarin hildakoan (1661), Luis XIV.ak Nicolas Fouquet finantza arduraduna preso hartu zuen. Modu horretan erakutsi nahi izan zuen Frantziako nagusi zein zen. Handik aurrera bere esku hartu zituen ahal guztiak, ministroak haren aginduen eragile soil bihurtu ziren eta estatu arazoetatik bazter utzi zituen familia eta amoranteak. Frondako matxinada ez baitzuen ahazten, eginkizun militarrez beste zeregin berezirik gabe utzi zituen nobleak, eta parlamentuei ahalak kendu zizkien.

1672an Versaillesen hartu zuen bizilekua eta handik bideratu zuen bere politika, administrazio zentralizatuan, poliziaren kontrolean eta, kanpo aldean, konkista militarretan oinarritua.

Erregealdian, Frantziako boterea eta influentzia Europan areagotu zuen. 1667an Herbehereetako konkista hasi zuen, Filipe IV.a Espainiakoa hil ondoren Maria Teresa emazteari zegokiola eta, baina Holandak, Ingalaterrak eta Suediak osatutako aliantza hirukoitzak bidea eragotzi zion (1668, Akisgrango hitzarmena). 1672an Holandaren aurkako gerra hasi zuen eta, Ingalaterrarekin hitzartu eta Suediaren eta alemaniar printzerriak neutral izatea lortu ondoren, jaun eta jabe geratu zen Nimegako bakearen ondoren (1678-1679, Herbehereek bereari eutsi zioten eta Espainiak betikoz utzi behar izan zion Franche-Comté Frantziako koroari).

Bestalde, luze jo zuen (1673-1693) Luis XIV.aren, Frantziako apezpiku gehienak lagun zituela, eta aita santuen arteko auzi batek, erregalien auziak (Affaire de la Régale). Erregeek hutsik zeuden apezpikutegietako hobariak jaso ahal izateko zuten eskubidea zen erregalia (XII. mendea baino lehenagokoa) eta aspaldian horrelakorik baliatzen ez zen arren, Luis XIV.ak indarrean ezarri zuen, Bossuet teologoa lagun zuela.[1]

1685ean, protestanteen eskubideak babesten zituen Nantesko ediktua balio gabe utzi zuen eta Frantziako protestante askok Prusiara eta Herbehereetara alde egin zuten. 1688an Ingalaterrak, Espainiak, alemaniar printzerri batzuek, Holandak eta Suediak Augsburgoko liga osatu zuten Luis XIV.aren aurka eta, Bederatzi Urteko Gerraren ondoren, 1697an Luis XIV.ak hitzarmen bat sinatu behar izan zuen: Rijswijkeko bakea. Espainiako Ondorengotzaren Gerrak (1701-1713) guztiz ahitu zituen Frantziako finantzabideak, Frantziako koroak Utrechteko (1713-1715) eta Rastadteko (1714) hitzarmenetan ezer galdu ez zuen arren.

Frantziako eszenatoki politiko eta militarra izen nabarmenez bete zuen: Mazarin, Fouquet, Colbert, Michel Le Tellier, Louvois, Le Grand Condé, Turenne, Vauban, Villars edo Tourville. Nagusitasun politiko horretaz gain, garai honetan Frantziak kulturaren urrezko aroa ere jo zuen, Molière, Racine, Boileau, La Fontaine, Lully, Le Brun, Rigaud, Louis Le Vau, Jules Hardouin Mansart, Claude Perrault edo Le Nôtre gisako figurekin.

Estatu zentralizatua hiriburutik gobernatua lortzeko arrakastaz lan egin zuen Luis XIV.ak, artean Frantzian bizirik zegoen feudalismo zatikatua erauzteko, eta, honela, estatu modernoa sortzeko. Ahalegin horien ondorioz, Luis XIV.a errege absolutuaren eredua bilakatu zen. "Estatua neu naiz" ("L'État, c'est moi") aipua egozten zaio, baina seguruenik apokrifoa da esana, XVIII. mendeko bukaerako aipuetan agertzen baitira lehen erreferentziak.[2]

Politikatik kanpora, Luis XIV.aren garaian biziki indartu zen Frantzian artea eta literatura. Erregearen gustuaren araberako klasizismoa nagusitu zen, Europan barrokoa gailen ageri zen garai hartan, eta literatura moldeak arau klasiko estu batzuei lotu ziren, Europako besteetan ez bezala.

Barne politika

aldatu

Gobernua eta administrazioa

aldatu

Luis XIV.ak berak gobernatzen bazuen ere, zenbait laguntzaile nahitaezkoak zituenez, burgesen artean hautatu zituen. Laguntzaileen leialtasuna ziurtatzeko berriz, noblezia tituluak, ohoreak eta ondasunak eman zizkien. Hona zeintzuk ziren gobernu erakunde nagusiak:

  • Errege Kontseilua
  • Goi Kontseilua (benetako gobernu kontseilua)
  • Despatxu Kontseilua –estatu idazkariez osatua zegoen eta bertan irakurtzen ziren probintzietatik igorritako despatxuak eta baita erantzunak prestatu ere–
  • Ogasunerako Errege Kontseilua, finantza arazoez arduratzen zena
  • Estatu Kontseilua.

Azkeneko hau, kantzelaria buru zuen batzar bat izaten zen, ministroz, estatu idazkariz eta magistratu profesionalez osatua. Estatu Kontseiluak ondoren aipatzen diren eskumenak zituen: administrazio arlokoak –batik-bat zenbait finantza arazo–; legegintza arlokoak –Kontseiluaren dekretuak, ediktuak eta ordenantzak egiten zituen–; eta batez ere, justiziaren arlokoak.

Ekonomia politika

aldatu

1661ean, Jean-Baptiste Colbert Ogasuneko intendente izendatu zuen Luis XIV.ak. Erresuma guztiko administrazioaz arduratu zen, atzerriko eta militar arazoez salbu. Postu hartatik, ondasun askoren jabe egin izanaz gainera, bere ahaideak jarri zituen Estatuko eta Elizako posturik erabakigarrienetan, eta ezkontzen bidez, Frantziako goi nobleziarekin ahaidetzea lortu zuen. Colbertek estatuan lortu zuen postua, bere familiak mendetan zehar garatutako estrategiaren emaitza zen, edozein egoeratara egokitzeko prest baitzeuden familiaren ongizatea eta hedakuntza lortzeko. Lehen urteetan, 1660tik 1672ra, Colbertek lortu zuen Ogasuna antolatzea eta aurrekontu orekatuak ziurtatzea. Horretarako, kontuak zorrotz eramateaz eta karguak gutxitzeaz gainera, arrazoizko zergak ezarri zituen. Estatuaren kargak arintzeko, Richelieu eta Mazarinen garaian estatuari egindako maileguen interesak murriztu, eta zenbait kasutan, ezabatu ere egin zituen.[3]

 
Versaillesko jauregiaren ikuspegi partzial bat, lorategitik lortua.

Holandako gerrarekin etorri ziren finantza arazoak eta bere hartan jarraituko zuten aurrerantzean. Hiru ziren, batez ere, gastuen gorakadaren arrazoiak: erregeak Europan zuen politika erasokorra, Versaillesko jauregiaren eraikuntza, eta Gorteko gastuak. Hala, aurrekontuetako defizita arau bihurtu zen. Egoera horri aurre egiteko, Colbertek zergak igotzea erabaki zuen, bai zerga arruntak eta bai apartekoak, nola ziren, karguen salmentak, partikularren arteko maileguak, erregearen ondarearen zenbait besterentze, eta monopolio berriak: tabakoa eta paper tinbratua, adibidez.

Eskulangintza produkzioa hobetzeko eta gehitzeko, Colbertek arautu eta babestu egin zuen sektore hori. Zenbait eskulangintza pribilegiodun ere sortu ziren, batez ere esportaziorako lan egiten zutenak. Frantziako manufakturen babesa berriz, 1667an gauzatu zen, urte hartan aduana tarifa berri bat sortu baitzen Frantzian sartzen ziren atzerriko produktuak zamatzen zituena. Produktu horiek Ingalaterratik eta Holandatik zetozen gehienak eta neurriaren ondorioa, praktikan, atzerriko manufakturak debekatzea izan zen.

Handik gutxira, Nimegako itunaren ondoren, aduana tarifak bertan behera uzi beharra izan zen. Itun harekin amaitu zen Frantziaren eta Holandaren arteko gerra. Ogasun publikoak Frantziako ekonomiari eusteko zituen zailtasunak alde batera utzita, beste arrazoi asko zeuden 1672tik aurrera colbertismoak lur jotzeko. Lehenik, erresuma barruko aurkakotasuna; bigarren, atzerriko lehiakideen indarra: Ingalaterrak eta Holandak manufaktura hobeak eta merkeagoak ekoizteaz gainera, banku eta ontzidi indartsuak zituzten; eta hirugarren, Europa osoa jasaten ari zen ekonomia eta demografia beheraldia.

Nafarroako errege gisa

aldatu
 
Luis eta Maria Teresaren arteko ezkontza, Donibane Lohizunen.
 
Bidasoako Konpantzia uhartean, Pirinioetako Bakearen izepentzea Filipe IV.a Espainiakoarekin.
 
Jondoni Batixta elizara errege-erregina ezkontideek sartzeko erabili zuten atea, itxi egin zen gero, eta oroigarri batek oroitzen du hura harrezkero.

Bere aurrekoek bezala, Frantziako eta Nafarroako errege gisa agertu zen beti Luis XIV-.a (agiriak sinatzeko orduan: Louis, par la grace de Dieu, roy de France et de Navarre). Izenen hurrenkeran, Nafarroako Luis III.a izango zen, 37. erregea Nafarroako erregetzan.[4]

Luis XIV.aren biografiako bi puntu inportante Euskal Herrira lotuta egon ziren, 1659an Pirinioetako Bakea sinatu zen Bidasoa ibaian, Konpantzia edo Faisaien Uhartean; eta hurrengo urtean, hain zuzen ere aurrekoan egindako akordioagatik, Maria Teresa Austriakoarekin ezkondu zen Donibane Lohizunen Jondoni Batixta elizan, Hondarribian egin zelarik ezkontza horretako lehen meza.[5]

Alderdi formaletan Nafarroako erregetza eta erresumaren izaera teorikoa errespetatu izan zuen Luis erregeak. Pirinioetako Bakeak ez zuen Nafarroaren subirautza edo osotasunaz ezer esaten,[4] baina praktikan Espainia eta Frantziaren arteko muga definitu zuen hurrengo mendeetarako, Nafarroa Garai eta Beherearen bereizketa indartuz.

Formalitateari jarraiki halaber, 1648an Luisek Frantziako Estatu Orokorrak deitu zituenean, Nafarroako Estatu Orokorrei ere Parisera ordezkaritza bidaltzeko agindu zien. Aginduari muzin egin zieten nafarrek, eta azkenean beste deialdi bat egon 1651ean non agindua barik, gonbidapena luzatu zuen erregeak. Azkenean Estatu Orokorrak ez ziren batu, eta hor geratu zen kontua.[4]

Luis XIV.aren agintaldiaren hasieran, bestalde, Bearnoren alde Nafarroak galduta zituen eskuduntza batzuk berreskuratu ziren. 1639. urtean auzi judizialak epaitzeko seneskalgo bat sortu zen Nafarroa Beherean, bertako justizia bertan ebazteko (Donapaleun), eta ez aurreko hamarkadetan bezala Pauen. Honek, bestalde, itzultzaile beharra ere aurrezten zuen. Nolanahi ere, errekurtsorik bazen, Paurera zihoan auzia jarraian.[6]

Kanpo politika

aldatu

Luis XIV.aren kanpo politikaren jomuga Frantziako erregearen aginpidea eta aintza munduari erakustea zen. Europako gainerako potentziekiko gatazkak etengabeak izan ziren: 1667an Itzulpenerako gerra izenekoa izan zuen Espainiaren aurka, eta Flandriako zenbait plaza beretu zituen Frantziak; hurrengo urtean (1672 ?) Holandaren aurkako gerra hasi zen, 1675 (1678 ?) arte luzatuko zena; 1684an Regensburgeko su etena sinatu zen, zeinaren indarrez, Espainiak hogei urtetarako uzten baitzizkion Frantziari Luxenburgoko gotorlekua eta Herbehereetako zenbait herri. Tregoa hark markatu zuen Frantziaren hedakuntzaren goren puntua; 1693tik (1688 ?) 1697ra Bederatzi Urteko edo Augsburgoko Ligaren gerra izan zen.

 
Europa Westfaliako bakearen ondoren, 1648

1685. urtean Code Noir izeneko dekretuan Frantziar Inperio Kolonialaren esklabotza baldintzak zehaztu zituen.[7].

Ryswickeko bakearekin (1697) jarri zitzaion lehen balazta Luis XIV.aren konkista politikari.

Europaren aurkakotasunak eta Frantzia beraren nekeak eraginda, orduantxe amaitu zen Frantziaren nagusitasuna. Aurrerantzean, beste bi potentziak hartu zuten protagonismoa, Ingalaterrak eta Austriak; eta azkenik, 1702tik 1713ra, Espainiako Erregetzarako gerra gertatu zen.

Holandaren aurkako gerra

aldatu

1668an (1672 ?) hasita, Frantzia Holandaren aurka borrokatu zen. Bi elementu biltzen ziren gerra hartan: Luis XIV.aren mendeku gosea, Probintzia Batuek aurreko gerran Ingalaterrari eta Espainiari lagundu ziotelako, eta Holandari Europako nagusitasun ekonomikoa kentzeko asmoa.

1675an hasi ziren elkarrizketak Nimegan, bakea lortzeko xedearekin. Frantziaren eta Probintzia Batuen artean zenbait itun egin ondoren, azkenean izenpetu zuten bakea. Holandak, lurralderik ez galtzeaz gainera, bere produktuak Frantzian sartzea eragozten zuten 1667ko aduana tarifak indargabetzea lortu zuen. Espainiak ordaindu behar izan zituen gerrako gastuak eta Franche-Comté, Artois, Cambrésis eta Flandriaren zati bat entregatu behar izan zituen. Orduan finkatu eta berretsi ziren Frantziaren ipar eta ekialdeko mugak, Mediterraneoan zuen nagusitasuna, Espainiako ontzidiaren gainbehera eta Frantziaren arbitro papera Europan.

Espainiako Erregetzarako gerra

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Espainiako Ondorengotza Gerra»

1702an hil zen Espainiako Karlos II.a erregea, ondorengorik utzi gabe. Horrekin batera, Espainiako erregetzarako borroka lehertu zen Europan. Frantzia eta Austriaren artean sortu zen gatazka. Luis XIV.ak bere biloba Filiperentzat nahi zuen Espainiako tronua, eta Leopoldo I.a Austriako enperadoreak, berriz, bere seme Karlos artxidukea nahi zuen Espainiako erregetzan.

Karlos II.aren testamentuak Filipe Anjoukoa, Luis XIV.aren biloba, izendatzen zuen bere oinordeko, baina Espainiako koroa zatitzea debekatzen zuen. Luis XIV.a Europako potentziekin hitz hartuta zegoen, Filipek Espainiako tronuan esertzea lortzen bazuen, uko egingo ziela Espainiako zenbait lurralderi. Baina testamentua onartzeak hitzarmena haustea esan nahi zuen.

 
Luis XIV.aren hilobia Saint-Denis basilikako kriptan.

Europako estatu gehienek onartu zuten Anjouko Filipe Espainiako errege izatea, Filipe V.a izenarekin, baina Austriako enperadorea ez zegoen konforme. Eta hala piztu zen gerra. 1713-1714an izenpetu zen Utrechteko bakea. Haren indarrez, Filipe V.ari aitortzen zitzaion Espainiako errege izateko eskubidea, baina, ordainetan, Austriari entregatu beharra zeuzkan Herbehereak eta Italiako jabetzak, eta Ingalaterrari merkataritza abantaila handiak eman behar izan zizkion Espainiaren agintepeko Ameriketan.

Hurrengo urtean (1715ean) hil zen Luis XIV.a. Eguzki Erregearen heriotzako orduan, Frantziak bere mugak sendotuak zituen, Borboi bat ezarria zuen Espainiako tronuan eta aro distiratsua bizi zuen zientzien eta arteen arloetan: sekulako ospea zuten Europan, hala hizkuntzak, nola idazle eta artistek. Baina horrekin batera, hogeita bost urtez etengabe gerran egon izanaren eraginez erabat akituta zegoen Frantzia.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Frantsesez) Brancourt, Isabelle. (2022-06-24). «COMPLEMENTS pour “Le Parlement, le Roi et le Pape. l’affaire de la régale ou la question du sacre”» Parlement(s) de Paris et d'ailleurs (XIIIe-XVIIIe s.) (Noiz kontsultatua: 2023-06-02).
  2. (Frantsesez) Adrian. (2022-03-21). «Louis XIV a-t-il vraiment dit : « l'État, c'est moi » ?» La culture générale (Noiz kontsultatua: 2023-06-02).
  3. Du Retz Kardinala. (1717). Fronda (1648). Mémoires. UEU.[Betiko hautsitako esteka]
  4. a b c (Gaztelaniaz) LUIS III (y XIV de Francia) "el Grande". Cas Real Navarra (Noiz kontsultatua: 2023-05-31).
  5. (Gaztelaniaz) Aitor. (2016-06-09). «San Juan de Luz y la boda real que cambió la historia de España.» SITIOS HISTÓRICOS (Noiz kontsultatua: 2023-06-01).
  6. (Frantsesez) Augé, Bertrand. (2015). «Les États de Basse-Navarre de 1665 à 1789. [Thèse»] Bibliographie d'histoire du droit en langue française (Thèse de doctorat, Université de Pau et des Pays de l'Adour) (Noiz kontsultatua: 2023-06-02).
  7. Kondaira. .

Bibliografia

aldatu
  • Antoine Adam, , dans , Paris, coll. « Encyclopédie de la Pléiade », 1958, p. 525-565
  • Jean-Marie Apostolidès, Le Roi-machine. Spectacle et politique au temps de Louis XIV, Minuit, 1981. Sur la mise en scène du pouvoir royal.
  • Françoise Bayard, , Paris, Flammarion, 1988.
  • Lucien Bély, Louis XIV : le plus grand roi du monde, Gisserot, coll. Histoire, 2005 (ISBN 978-2-87747-772-7).
  • Lucien Bély, Les secrets de Louis XIV, Tallandier, 2013 (ISBN 978-2847349214).
  • Lucien Bély (dir.), , Paris, Robert Laffont, coll. « Bouquins », 2015, 1405 p. (ISBN 978-2-221-12482-6, présentation en ligne [archive]).
  • Yves-Marie Bercé, Louis XIV, Cavalier Bleu coll. Idées reçues, 2005 (ISBN 978-2-84670-122-8)
  • Christian Biet, «  », Histoire de la justice, no 23,‎ 2013, p. 65-79
  • Faruk Bilici, Louis XIV et son projet de conquête d'Istanbul, Turk Tarih Kurumu, 2004 (ISBN 978-975-16-1701-9).
  • Peter Burke, Louis XIV : les stratégies de la gloire, Seuil, 2007 (1re édition 1995) (ISBN 978-2-7578-0294-6) .
  • Emmanuel Bury, , dans , 2017.
  • Louis-Marie Blanchard et Élise Blanchard, , Paris, Paulsen, 2006, 364 p. (ISBN 978-2-916552-77-4).
  • François Bluche, , Hachette, coll. « Vie quotidienne », 1994, 363 p.
  • François Bluche, , Paris, Fayard, 1986, 1039 p.
  • François Bluche, , Paris, Fayard, 2005.
  • Olivier Chaline, Le Règne de Louis XIV, Flammarion, 2005 (ISBN 978-2-08-210518-7).
  • Joël Cornette (dir.), , Paris, SEDES, coll. « Regards sur l'Histoire », 1997.
  • Joël Cornette, «  », Histoire, économie, société, vol. 19, no 4,‎ 2000, p. 561-605.
  • Joël Cornette (dir.), , Paris, Gallimard, coll. « Les journées qui ont fait la France », 2015, 367 p.
  • André Corvisier, La France de Louis XIV. Ordre intérieur et place en Europe SEDES, coll. Regards sur l'Histoire, 1994 (ISBN 978-2-7181-3676-9) .
  • Vincent Cronin, Louis XIV, Perrin, 1967 (ASIN B0014XDEK0) .
  • Patrick Daguenet, , Paris, Éditions Perrin, 2021, 500 p. (ISBN 978-2-262-09569-7)
  • Hélène Delalex, Alexandre Maral, Nicolas Milovanovic, Louis XIV pour Les Nuls, Paris, First, 2011.
  • Hélène Delalex, « Les amours de Louis XIV », dans la revue Château de Versailles. De l'ancien Régime à nos jours, no 5, avril-juin 2012, p. 14-24.
  • Delalex, , Paris, Gallimard, 2015, 191 p. (ISBN 978-2-07-014959-9).
  • Éric Deschodt, , Paris, Gallimard, 2008.
  • Daniel Dessert, , Paris, Fayard, 1984, 824 p. (ISBN 2-213-01485-X, présentation en ligne [archive]).
  • Daniel Dessert, , Paris, Fayard, 1996.
  • Tidiane Diakité, , Paris, Arléa, 2013, 233 p. (présentation en ligne [archive]).
  • Sven Externbrink (dir.) et Charles-Édouard Levillain (dir.), , Paris, Honoré Champion, coll. « Les dix-huitièmes siècles », 2018, 319 p. (ISBN 978-2-7453-4806-7).
  • Stéphane Guerre, Louis XIV, PUF, 2022.
  • Alain Guéry, «  », Histoire, économie & société, vol. 8, no 3,‎ 1989.
  • Pierre Goubert, , Paris, Livre de poche, 1998.
  • Hervé Hasquin, Louis XIV face à l'Europe du Nord, Racines, coll. Racines de l'Histoire, 1995 (ISBN 978-2-87386-390-6).
  • Ragnhild Hatton, L'Époque de Louis XIV, Flammarion, 1992 (1re édition 1969) (ISBN 978-2-08-060990-8).
  • Gilles Havard et Cécile Vial, , Paris, Flammarion, 2019.
  • Oscar Jané, Louis XIV et la Catalogne : de la politique au sud de l'Europe au XVIIe siècle, Presses universitaires de Perpignan, 2017.
  • Herbert Lüthy, , Éd. du Rocher, 1965.
  • John A. Lynn (trad. de l'anglais par Bruno Demangeot), , Paris, Perrin, coll. « Tempus », 2014, 561 p. (ISBN 978-2-262-04755-9).
  • Christophe Levantal, Louis XIV. Chronographie d'un règne, Infolio, 2009 (ISBN 978-2-88474-151-4).
  • Robert Mandrou, Louis XIV en son temps, PUF, coll. Peuples et Civilisations, 1990 (ISBN 978-2-13-035864-0)
  • Philip Mansel, Louis XIV, roi du monde, Passés / Composés, 2020.
  • Alexandre Maral, , Paris, Perrin, 2012.
  • Alexandre Maral, , Perrin, 2014.
  • Henri Méchoulan, Joël Cornette (dir.), L'État classique, 1652-1715 : regards sur la pensée politique de la France dans le second XVIIe siècle, Vrin, 1996
  • Hubert Méthivier, , PUF, coll. « Que sais-je », 1995 (ISBN 978-2-253-90545-5).
  • (en) Ellen M. Mcclure, , Urbana and Chicago, University of Illinois Press, 2006.
  • Jean Meyer, 1638, La Naissance de Louis XIV, Complexe, coll. Mémoire des siècles, 1989 (ISBN 978-2-87027-303-6), Extraits en ligne [archive]
  • Nicolas Milovanovic, Alexandre Maral (dir.), Louis XIV, l'homme et le roi, le catalogue d'exposition, Versailles, musée national du château, 19 octobre 2009 - 7 février 2010, Paris, Skira Flammarion, 2009.
  • Stanis Perez, «  », Dix-septième siècle, vol. 1, no 222,‎ 2004.
  • Michel Pernot, , Paris, Tallandier, 2012.
  • Jean-Christian Petitfils (éd.), , Paris, Perrin, 2017.
  • Jean-Christian Petitfils, , Paris, Perrin, 2002.
  • Jean-Christian Petitfils, , Paris, Perrin, 2021, 1028 p. (ISBN 978-2-262-09739-4) (nouvelle édition)
  • Jean-Christian Petitfils, , Paris, Perrin, 2002.
  • Guillaume Poisson, , Presses polytechniques et universitaires romandes, 2016, 140 p..
  • Jean-Pierre Poussou, , dans , 2017.
  • Jean-Pierre Poussou, , dans , 2017.
  • Joseph Edmond Roy, , dans , vol. 2, New York, Robert Appleton Company, 1907 (lire en ligne [archive]).
  • Gérard Sabatier, Versailles ou la figure du roi, Albin Michel, coll. « Bibliothèque des idées », 1999 (ISBN 978-2-226-10472-4).
  • Thierry Sarmant et Mathieu Stoll, , Paris, Perrin, coll. « Pour l'histoire », 2010, 661 p. (ISBN 978-2-262-02560-1, présentation en ligne [archive]), [présentation en ligne [archive]], [présentation en ligne [archive]]. Réédition : Thierry Sarmant et Mathieu Stoll, , Paris, Perrin, coll. « Tempus » (no 739), 2019, 888 p., poche (ISBN 978-2-262-08029-7, présentation en ligne [archive]).
  • Thierry Sarmant, , Paris, Tallandier, 2012, 605 p. (ISBN 978-2-84734-722-7).
  • Béatrix Saule, La journée de Louis XIV, 16 novembre 1700, Actes Sud, 2003 (ISBN 978-2-742-74279-0).
  • Jacques Scherer, , dans , t. 3, Paris, coll. « Encyclopédie de la Pléiade », 1958, p. 301-333.
  • Jean Schillinger (dir.), Louis XIV et le Grand Siècle dans la culture allemande après 1715, PUN-Éditions universitaires de Lorraine, 2012
  • Ph. Van Tieghem, , dans , t. 3, Paris, coll. « Encyclopédie de la Pléiade », 1958, p. 407-518.
  • Voltaire, Le siècle de Louis XIV [archive], 1751 .
  • Mémoires du marquis de Sourches sur la règne de Louis XIV, publiés par le comte Gabriel-Jules de Cosnac et Arthur Bertrand, volume 1 (septembre 1681-décembre 1686) [archive], volume 2 (janvier 1687-décembre 1688) [archive], volume 3 (janvier 1689-décembre 1691) [archive], volume 4 (janvier 1692-juin 1695) [archive], volume 5 (juillet 1695-décembre 1697) [archive], volume 6 (janvier 1698-décembre 1700) [archive], volume 7 (janvier 1701-décembre 1702) [archive], volume 8 (janvier 1703-juin 1704) [archive], volume 9 (juillet 1704-décembre 1705 [archive], volume 10 (janvier 1706-décembre 1707) [archive], volume 11 (janvier 1708-juin 1709) [archive], volume 12 (juillet 1709-décembre 1710) [archive], volume 13 (janvier 1711-décembre 1712) [archive].

Ikus, gainera

aldatu


Aurrekoa:

Luis XIII.a

 
Luis XIV.a
Frantziako errege
(1643-1715)
Ondorengoa:
Luis XV.a
Aurrekoa:

Luis II.a

 
Luis III.a
Nafarroako errege
(1643-1715)
Ondorengoa:
Luis IV.a