Pinu gorri
Pinu gorria edo ler gorria (Pinus sylvestris) Pinaceae familiako espezie bat da. Beste pinu espezie batzuetatik erraz bereiz daiteke bere hosto motz urdin-berdexka eta enbor-azal laranjari erreparatuz.
Pinu gorri | |
---|---|
Iraute egoera | |
Least Concern (IUCN 2.3) [1] | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Klasea | Pinopsida |
Ordena | Pinales |
Familia | Pinaceae |
Generoa | Pinus |
Espeziea | Pinus sylvestris |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | pine wool (en) , pine needle oil (en) eta Scots pine (en) |
Eurasian du jatorria[2], baina banaketa muga Iberiar penintsulan topatzen duenez, bertan ez da oso espezie ugaria. Gainera, Iberiar penintsulan pinu honen beherakada ikusi izan da azken urteotan.
Honako azpiespezie eta aldaera ditu:
- Pinus sylvestris subsp. nevadensis (Christ) Rivas Mart., A.Asensi, Molero Mesa & F.Valle → Lekua: Sierra Nevada.
- Pinus sylvestris var. catalaunica Gaussen → Lekua: Katalunia.
- Pinus sylvestris var. hamata → Lekua: Balkanak eta Turkiako iparraldea.
- Pinus sylvestris var. iberica Svoboda → Lekua: Guadarramako mendilerroa.
- Pinus sylvestris var. lapponica → Lekua: Finlandia, Norvegia, Suedia eta iparraldeko Errusia.
- Pinus sylvestris var. mongolica → Lekua: Mongolia, ipar-mendebaldeko Txina eta hegoaldeko Siberia.
- Pinus sylvestris var. sylvestris → Lekua: Eskozia, ekialdeko Espainia eta iparraldeko Asia.
- Pinus sylvestris var. pyrenaica Svoboda → Lekua: Pirinioak.
Ezaugarriak
aldatuPinu gorria 35 metrorainoko zuhaitza dugu, eta enborrak metro baterainoko diametroa izan dezake. Gainera pinu gehienak bezala hazkuntza azkarrekoa da eta urtean batez beste 60 cm hazten da. Forma konikoko adakera eta enbor zuzena du gaztetan baina heldutan forma irregular, zabal eta eroria du, 5 metrorainoko zabalerakoa. Adakera zabal eta enbor estu hori direla eta, zuhaitzak itxura nahiko soila hartzen du behealdean, ez baitu hostotzarik bertan; baina nahiko biribildua goialdean.
Enbor-azala lodia da, ezkataduna eta kolore gris ilun edo marroikoa enborraren oinarrian baina ezkataduna eta laranja kolorekoa enborraren goialdean eta adarretan.
Hostoak
aldatuPinu gorriaren hostoen kimuak kolore marroi argikoak dira, eta kiribilean hazten dira. Zuhaitz helduetan hosto edo orratz hauek kolore urdin-berdekoak dira (hori ilun edo berde ilunak neguan), glaukoak, azikulatuak, zurrunak eta 2,5-5 cm x 2,1 mm-koak. Hosto hauek ebaketa semizirkularra dute, biribildua azpialdean eta horzduna muturrean. Pinu gorriaren hostoak binakako faszikuluetan hazten dira eta zorro basal gris iraunkorra izaten dute, 5-10 mm-koak.
Zuhaitz indartsu eta gazteetan hostoak bi aldiz handiagoak izan daitezke eta hiruko edo lauko faszikuluetan lotu. Aldiz hosto gazteak (<1 urte) banaka hazten dira, 2-3 cm-ko luzera dute, leunak dira eta ertz zerratua dute. Hostoen iraunkortasuna aldakorra da, 2-4 urtekoa klima epeletan baina 9 urterainokoa eskualde subartikoetan.
Loreak
aldatuPinuak monoikoak dira, hau da, lore ar eta emeak dituzte baina zuhaitz berdinaren baitan. Pinuaren loreak kono motako infloreszentziatan multzokatzen dira, arren kasuan polen konoak eta emeen kasuan hazi konoak deiturikoak.
Pinu gorriaren konoek forma oblongoa dute, gaztaina kolorekoak dira (berdeak gaztetan eta gorriak polinizazio garaian) eta irtengunerik gabeko apofisidunak. Ez dute arantzarik unboan eta txikiak dira, 4-8 mm-ko diametroa dute lehen urtean baina bigarren urtean handitzen dira 3-8 cm-ko luzera lortu arte eta euren itxura oboideo-koniko karakteristikoa. 2-3 konoetako taldeetan hazten dira eta oso erorkorrak dira.
Kono arrak zuhaitzaren oinarrian garatzen dira eta helizean kokatzen diren mikrosporofilo ugariz eraturik daude. Pinu gorriaren polen konoak horiak dira, aldizka arrosak. Estamineek pedikulu txiki bat eta bi polen-zaku dituzte (mikrosparangio deiturikoak, zeinetan dauden polenaren ama zelulak). Polen aleek bi zaku aerifero dituzte.
Kono emeak (estrobiloak) ezkata obulifero batzuez eratuta daude, non bakoitzak bi obulu dituen. Zuhaitzaren goialdean kokatzen dira eta bertan gertatzen da ernalkuntza.
Fruituak
aldatuPinu gorriaren pinaburuak ez dira oso nabarmenak. Ia simetrikoak dira, forma konikokoak eta distiratsuak. Eseriak edo subeseriak izaten dira. Apofisia ere ez dute oso nabaria.
Pinaziak, oso txikiak dira, 3-5 mm-koak eta kolore marroi argikoak. Alde batetik eta bestetik hegal artikulatua dute, 12-20 mm-koa.
Banaketa
aldatuPinu gorriak Europako iparraldean du berezko banaketa eta baso puruak eratzen ditu bertan. Erresuma Batuari dagokionean, egun soilik Eskozian aurkitzen bada ere (bertako zuhaitz nazionala da), erregistro fosilak bere antzinako (duela 300-400 urte) agerpena frogatu du Gales eta Ingalaterran ere, eta Irlandan, Danimarkan eta Herbehereetan ere antzeko desagertze bat eman dela uste da.
Iberiar penintsulari dagokionean, espezie honen banaketak bertan topatzen du muga eta beraz, soilik zenbait eskualdeetan topa daiteke, esaterako, Sierra Nevadan eta Sierra de Bazan, Kantaurialdean eta Gredosko mendilerroan. Gainera, Iberiar penintsulan pinu honen beherakada ikusi izan da azken urteotan.
Ekologia
aldatuLur txiroetan ondo hazten da eta eguzki asko behar du, baita ura ere (normalean desizozteetatik eratorritakoa). Tenperatura hotzak behar ditu eta ondo hazten da elurtutako guneetan, baina itsas mailatik (eskualde hotzetan) 1000 metrora aurki daiteke, 1200-1600 metrora bere banaketaren hegoaldeko eskualdean.
Fenologia
aldatuPinu gorriaren loreak udaberri erdialdera agertzen dira eta polinizazioa udaberri bukaeran ematen da. Pinaburuak udazkenean agertzen dira baina pinaziek bi urte behar izaten dituzte heltzeko.
Erabilera
aldatuPinu gorriaren zura zelulosa egiteko erabiltzen da eta beraz, pinu honen landaketa handiak egin dira. Finlandian eta Eskandinavian pinu honen erretxina izugarri erabili zen aro pre-industrialean zehar eta egun, oraindik badira alkaterna ekoizle batzuk ere. Pinu hau ere trementina iturri bezala ere erabili da. Pinu gorriaren egurra marroi-gorrixka da eta eraikuntza lanetan erabiltzen da.
Espezieen arteko elkarrekintzak
aldatuPinu gorriak eratutako basoak nahiko desberdinak izaten dira latitudearen arabera. Esate baterako, ipar Europan baso mistoak eratzen ditu Picea abies, Juniperus communis, Betula pendula, Sorbus aucuparia, Populus tremula eta zur gogorreko beste zenbait espezierekin. Europa erdialde eta hegoaldean Pinus nigra, Pinus uncinata, Pinus peuce eta Pinus cembra-rekin aurki daiteke. Azkenik, ekialdean, Pinus sibirica-rekin eratzen ditu basoak.
Pinu honek gainera, bizkarroi ugari izan ohi ditu, onddoen artean arruntenak Armillaria mellea, Armillaria tabescens eta Fomitopsis pinicola; eta intsektuen artean, Pineus pini, Cedrobium sp. eta Nysius sp. afidoak, eta Thaumetopoea pityocampa edo pinu-beldarra. Mihura (Viscum album) ere pinu gorriaren adarretan hazi ohi da.
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- ↑ Conifer Specialist Group (1998). {{{title}}}. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006. www.iucnredlist.org. Jaitsiera data: 2006ko maiatzak 12.
- ↑ Prus-Glowacki, W.; Stephan, B. R.. (1994). «Genetic variation of Pinus sylvestris from Spain in relation to other European populations» Silvae Genetica (43): 7-14..