Argia —1980 arte, Zeruko Argia— euskarazko aldizkari jeneralista da, aktiboan dagoen zaharrena. Astekaria da paperean, eta edizio jarraitua du sarean. Lasarte-Orian du egoitza nagusia argitalpenaren taldeak. 2019an aurrerantzean zuzendaririk ez izatea erabaki zuten.[1] Hego Euskal Herrian 57.000 irakurle ditu, CIES etxeak 2012an egindako inkestaren arabera.[2]
Historia
Sorrera (1919-1936)
1919ko urtarrilaren lehenean, Zeruko Argiaren lehen zenbakia argitaratu zuten Iruñekokaputxinoek, Damaso Intzaren zuzendaritzapean. Hilabetekari erlijiosoa zen, formatu txikikoa. 1921ean Donostian Argia izeneko beste aldizkari bat sortu zen, hau ere euskara hutsez eta ez hain kutsu erlijiosokoa. Urteetan euskarazko komunikabide bakarrak izanik ere, bien artean, konpetentzia baino, elkarlana zen nagusi. Damaso Intzaren beraren hitzetan: “Argia saltzen zuten, baina Zeruko Argia utzi gabe”. Hala ere, 1936koEspainiako Gerra Zibilak eten egin zituen lehen aldiz bi aldizkarien jarduna.
Gerraondokoa (1950-1963)
Gerra amaituta, 15 urte baino gehiago joan ziren berriz alerik argitaratu gabe. 50eko hamarkadan Zeruko Argia berpizteko saiakerak egin ziren, baina ale bakan batzuk baino ez ziren argitaratu.
Berpizkundea (1963-1979)
Ibilbide sendoa 1963an abiatu zen. Astekaria gerra aurreko bi aldizkarien oinordeko zen: Zeruko Argia zuen izena eta aita kaputxinoen esku zegoen; itxura eta maiztasuna, aldiz, Argia zaharrarenak zituen, eta mamian, eduki erlijiosoak gero eta bakanagoak ziren, 1963ko lehen zenbakiko azalean aita santuaren argazkia eduki arren.
Idazleen, musikarien, pentsalarien eta, oro har, euskal kulturari lotutako jendearen topaleku eta euskarri zen Zeruko Argia. Dena den, 60ko hamarkadako Zeruko Argiako sinaduren artean gutxi ziren kazetari prestakuntza eta estiloa zutenak. Iritzi artikuluen bilduma zen gehiago, kazetaritza-produktua baino.
1972anZenbat Gara izeneko atala sortu zen. Euskal Herriko eta euskal kulturaren inguruko berriak biltzen zituen, garaiko moldeekin erkatuta bizi-bizi. Kazetari belaunaldi berria hasi zen aldizkarian idazten, kazetari-estiloa euskarara ekarriz. Edukien bilakaera itxuran ere islatu zen, 1976an, eta egunkari handi moduko hura magazin bihurtu; aurpegi berriko lehen ale horrek pil-pilean zegoen gai polemikoa eraman zuen azalera, Lemoizko zentral nuklearra eraikitzeko lanen koloretako argazkia. Hain zuzen, 1976koa euskal kazetaritzaren urtea izendatu zuten. Garai hartan Zeruko Argian idazten zutenen artean zeuden Rikardo Arregi, Xabier Lete, Joseba Sarrionandia, Ramon Saizarbitoria, Bernardo Atxaga, Mari Karmen Garmendia eta Elixabete Garmendia.
1976ko martxoaren 2an, (686. zenbakia) Zeruko Argiak, zentsura gainditu eta Guardia ZibilakAmparo Arangoa Satrustegiri egindako torturen argazkiak kaleratu zituen. Zeresan handia eman zuen, baita Euskal Herritik kanpo ere.
Zeruko Argiaren krisia ereiten ari zen urte horietan eta euskara hutsezko hedabideek izan behar zuten lekua ez zen ziurra.
Bigarren krisia (1975-1979)
70eko hamarkadaren amaiera aldean, Zeruko Argiako kazetari gehienak sortu berri ziren Egin eta Deia egunkari elebidunetan hasi ziren lanean. Hartara, 5 pertsona geratu ziren astekaria egiteko.
1979anZeruko Argia krisian zegoen: aldizkariaren jabe ziren fraide kaputxinoek inprimategiarekin zor handiak zituzten eta astekaria bertan behera uztekotan ziren.
2. berpizkundea langileen eskutik (1980-1990)
1980an kaputxinoek Zeruko Argiaren jabetza astekaria egiten zuten langileen esku utzi zuten, eta hauek, azken urteetan aldendu ziren bide erlijiosoa guztiz baztertu zuten. Izena aldatu zioten eta ordutik aurrera, Zeruko Argia soilik Argia izango zen. Ekonomikoki urte zailak izan ziren aldizkariarentzat, eta 1963tik astez aste etenik gabe kalean izan ondoren, aste batzuetan ez argitaratzeraino iritsi ziren. Garai berriko lehen zeregina lan taldea finkatzea izan zen. Josu Landa, Pello Zubiria, Jon Barandiaran eta Iñaki Uria aldizkarian lanean hasi ziren 1982rako. Geroago beste hainbat ere hasi ziren (Pablo Sastre, Joseba Alvarez...).
Aro berriko lehen hiru urteetan lankideetako bakar batek ere ez zuen aldizkaritik kobratzen. Zumalabek Hoja del lunes egunkaria muntatzen irabazi zuen soldata urte haietan. Baina arazo ekonomikoei buelta eman zien Argiak apurka-apurka, euskarazko prentsa posible zela erakutsiz.
Baliabideak urriak izan arren, ekimen ugariren bultzatzaileak izan ziren Argiako langileak. Proiektua bideragarri egiteko, azpiegiturak bildu zituen beren inguruan. Lehenik Antza inprimategia eta Apika informatika enpresa ondoren. Hamarkada horren emaitza izan ziren, halaber, Larrun pentsamendu aldizkaria, Susa argitaletxea, Argia eguna eta Argia Sariak. Bi enpresa haiei esker astekariak finantzabidea bermatu zuen.
80eko hamarkadaren erdialdetik Argiako kide gehienak, asteroko lanez gain, euskarazko egunkari bat sortzeko ekimenean sartu ziren buru-belarri. 1990eko abenduan, Euskaldunon Egunkariaren lehen alea inprimatu zuten Antza inprimategian.
Behin egunkaria sortuta, Argiako ia lantalde osoa eguneroko beharretara joan zen eta lantaldea hustuta geratu zen berriz ere, eta egoera larri bihurtu zen berriro. Urteen poderioz, euskarazko komunikabideen mundu gero eta anitzagoan, bere tokia egin zuen pixkana-pixkana Argiak.
Kolorea, Internet eta CC-BY-SA lizentzia librea (1997-2019)
Argia aldizkariaren ale bat
1997ko martxoaren 24an, astekari osoa koloretan inprimatzen hasi ziren, kostuak handiak izan arren, itxura moderno eta erakargarria eman nahian. Urte berean, hedatzen hasi berria zen internetera saltoa egitea erabaki zuten, eta hasiera hasieratik, eduki guztiak doan emateko hautua egiten bakarretakoak izan ziren, Ttipi-Ttaparekin batera.
2006anAmets Arzallusek eta Txomin Txuekak Boliviara egindako bidaia aitzakia hartuta, propio Interneten jartzeko egindako euskarazko lehen bideoak egin zituzten. Besteren artean, Evo Moralesekin egindako elkarrizketa. Ordutik, multimedia arloa jorratu dute eta 2008an horretarako multimedia kanal berezia sortu zuten, Youtube eta Euskaltube kanalekin batera.
2009anArgiaren 90. urteurrena ospatzeko, aldizkariaren diseinu eraberrituaz gain, hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
2010eko urtarrilean, argia.com webguneko blogetako eta multimedia kanaleko edukiak Creative Commons BY-SA lizentziapean askatu zituzten.[3]2012ko abendutik aurrera aldizkariko edukiek ere Creative Commons BY-SA lizentzia dute.[4] Bertsio digitaleko artikulu guztiek irakurleen iruzkinak egiteko aukera ematen dute.
2018anRikardo Arregi Kazetaritza Saria jaso zuen Argia-k, beste bederatzi hedabiderekin batera. Sariketaren 30. edizioa berezia izan zen: ohi bezala urteko kazetaritza lanik onenak nabarmendu beharrean, azken hogeita hamar urteotan euskarazko kazetaritzan mugarri izan diren hamar hedabide saritu zituzten. Zeruko Argia-tik Argia-ra egindako trantsizioaren garrantzia nabarmendu zuen epaimahaiak: “Iraultza eta modernotasuna" ekarri zutela azaldu zuen epaimahaiak, "ideia laborategi" izan dela eta "beste hedabideetarako harrobi".[5]70eko eta 80ko hamarkadetanArgia-n aritutako kideek jaso zuten saria, hala nola Pello Zubiriak, Josu Landak, Iñaki Uriak eta Joxe Mari Ostolazak, orduko zuzendari Estitxu Eizagirrerekin batera.
Mendeurrena (2019)
2019an bere jaiotzaren mendeurrena ospatzen ari da Argia, 1919an argitaratu baitzen lehenengo Zeruko Argia-ren lehen zenbakia. Mendeurrena dela eta, Zeruko Argia-k eta Argia-k sortu zirenetik argitaratu dituzten eduki guztiak digitalizatu eta webgunean kontsultatzeko moduan jartzeko proiektuari ekin diote, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin elkarlanean.[6] Mendeurrenaren urtean, ordura arte zuzendari izan zen Estitxu Eizagirreren proposamenez, Argiako lan taldeak zuzendari figura kentzea erabaki zuen. Erabakiaren ondoren zuzendariaren lanak talde osoak hartu zituen beregain, ordezkaritza kolektiboa osatuz.[1]
Edukiak
Papereko aldizkarian eduki informatibo, interpretatibo, analitiko eta iritzizkoak nagusitzen dira. Izan ere, hedabide honetan, albisteak, analisiak, erreportajeak, elkarrizketak, eta bertako kazetariek gaurkotasuna duten gai zehatzeei buruz publikatzen dituzten iritziak aurkitu daitezke. Normalean, ez dute editorialik argitaratzen.
Bestalde, hilero Larrun gehigarria monografikoa argitaratzen dute. Hortaz, hilabetean behin gai bat aukeratuz, horri buruzko eduki sakonak jorratzen dituzte. Normalean, elkarrizketa, erreportaje, artikulu edo eta iritzi luzeak irakur daitezke Larrunen.
Webguneko edukietan, aldiz, astekarian ez bezala, testuak izaera berehalakoa dutela esan daiteke. Izan ere, egunean gaurkotasuna duten gaiekin berriztatzen dute euskarri hori.
Enpresa
Argia astekariaren enpresa argitaratzailea Komunikazio Biziagoa SAL da. Enpresa honek Iametza, Antza eta Adur komunikazio enpresekin Ametzagaña enpresa taldea osatzen du. Ametzagaiña A.I.E. irabazi asmorik gabeko erakundea da. Taldearen helburua, Ametzagaiña webgunean irakurri daitekeenez, enpresa bakoitzak duen eginkizunetan bata besteari laguntzea da, hots, elkarlanean aritzea, teknologia berriak ikertu eta garatzea eta proiektu berriak sortzea. Esan bezala, enpresa bakoitzak ekarpen desberdinak egiten dizkio taldeari. Adibidez, Antzak grafigintzaz arduratzen da; Iametza, teknologiaz, eta Adur, software ingeniaritzaz.
Irakurlearen perfila
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko hedabideen kontsumoari buruz 2015ean argitaratutako txostenaren arabera, Argia-ren irakurle gehienek 25-55 urte eta goi-mailako ikasketak dituzte. Gehienak gipuzkoarrak (%44) edo bizkaitarrak (%32) dira, eta euskaldun alfabetatuak dira. Irakurleen %67a gizonezkoak dira, eta %33a emakumezkoak; horietatik %62k goi-mailako ikasketak gauzatu dituzte, %28k erdi-mailakoak eta %9k lehen mailakoak.
1963anZeruko Argia aldizkariaren egoitza berria Donostian kokatu zuten, itxura aldatuz eta astekari bihurtuz. Urte honetan 1. zenbakia kontatzen hasi ziren.
1980an berreskuratu zuen gaur arte mantentzen duen Argia izena.
1982an Larrun monografikoaren lehen alea argitaratu zuten.
1988an lehenengo aldiz euskal hedabideen inguruko Argia Sariak banatu zituzten.