Cristina Iglesias
Cristina Iglesias | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, 1956ko azaroaren 8a (67 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Juan Muñoz (en) |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea (1976 - 1978) Chelsea College of Art and Design (en) (1980 - Pratt Institute (en) (1988 - |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | eskultorea, irakaslea eta installation artist (en) |
Jasotako sariak | ikusi
|
cristinaiglesias.com |
Cristina Iglesias Gisasola (Donostia, Gipuzkoa, 1956) gipuzkoar eskultorea da.
Biografia
Kimika ikasketak egin ondoren, artegintzara bideratu zuen bere jarduna. Bartzelonan Marrazkigintza eta Zeramika ikasi ondoren, Londresera joan zen 1980an Chelsea School of Art ikastegian bere prestakuntza osatzera, eta hantxe egin zituen bere lehen erakusketak. Nazioarteko izena 1993an heldu zitzaion, Veneziako Bi Urtekoan parte hartu ondoren.
Azken urteotan Torrelodonesen (Madril) bizi da, eta bertan lan egiten du. Maiz erakutsi du bere lana mundu osoko museo eta erakustaretoetan. 1997 eta 1999 urteen artean, New Yorkeko Guggenheim, Chicagoko The Renaissance Society, Madrilgo Reina Sofía eta Bilboko Guggenheimen aurkeztu du bere lana, besteak beste. New York eta Bilboko Guggenheim Museoetan eskaini zitzaizkion erakusketak atzera begirakoak izan ziren; Bilboko Guggenheimen ere baditu lanak bilduma iraunkorrean. 1999an Berlingo Art Forum azokan aurkeztu zituen bere lanak, eta urte berean Donostiako Musika Hamabostaldiko kartela egin zuen. Eskulturako irakaslea izan da lau urtez Municheko Arte Visualen Akademian.
Iglesiasek eskulturaren irakurketa poetikoa egiten du. 80. hamarkadaren bukaeran erabiltzen zituen materialetatik (burdina, egurra, larrua eta beira) garapen bat nabari da bere lanean hurrengo hamarkadan. Azkeneko obretan, argazkilaritza darabil oinarri bezala, eta eskultura arkitekturarekin lotua ulertzen du. Arco Madrilgo Arte Garaikide Azokan ere ia urtero egon ohi da bere lana ikusgai, eta 2001. urtean hiru erakusketa berri garrantzitsu ditu: Nimesko Arte Garaikidearen Museoan, Chicagoko Donald Young eta Municheko Lehnbachhaus erakustokietan. 1999. urtean, bestalde, Espainiako Kultura Ministerioak Arte Plastikoen Sari Nazionala eman zion, Pablo Palazuelo artistarekin banatua, bere "erabateko sormena eta etorkizun ikaragarria" goraipatuz.
Sariak eta merezimenduak
- 1999- Arte Plastikoen Sari Nazionala (Espainiako Kultura Ministerioa) [1]
- 2015- Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina (Espainiako Kultura Ministerioa)[2]
- 2016. Urrezko danborra: Cristina Iglesias [3]
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.