(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Esklabotza Afrikan - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Esklabotza Afrikan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Afrikako esklabo bide nagusiak Erdi Aroan.
Afrikako esklabo bide nagusiak Erdi Aroan.

Esklabotza historikoki zabalduta egon da Afrikan, eta gaur egun hainbat herrialdetan dirau.

Esklabotza eta esklabotza sistemak ohikoak ziren Afrikako alde batzuetan, antzinako munduko leku askotan bezala. Afrikako hainbat gizartetan, non esklabotza nagusi zen, esklaboak ez ziren jabego-esklabo gisa tratatuak, eta zenbait eskubide ere bazituzten, munduko beste leku batzuetako ordaindu gabeko langileen gisan. Arabiarren esklabo merkataritza eta Atlantikoko esklaboen merkataritza hasi zirenean, tokiko esklaboen sistema askok gerrako esklaboak hornitu zituzten Afrikatik kanpoko merkatuetarako.[1]

Afrikako historian esklabotza hainbat era desberdinetan praktikatu zen: zorraren esklabotza, gerrako gatibuen esklabotza, esklabotza militarrak eta esklabotza penala Afrikako hainbat lekutan gauzatu ziren.[2] Etxeko eta gorteko gaietarako esklabotza hedatuta zegoen Afrikan zehar. Sailetan lan egiteko esklabotza Afrikako ekialdeko kostaldean eta Mendebaldeko Afrikako zenabit alderditan gertatu zen batez ere. Nekazaritza-esklabotzaren garrantzia igo zen XIX. mendean zehar, Atlantikoko esklabotza merkataritzaren abolizioa zela-eta. Nazioarteko esklabotza-merkataritzaren menpe zeuden hainbat estatu afrikarrek esklaboek egindako merkataritza legitimora bideratu zituzten haien ekonomiak.[3]

Esklabotza motak

Zanzibarreko esklabo talde bat
Zanzibarreko esklabo talde bat (1889)

Historian zehar esklabotzaren eta morrontzaren askotariko formak egon dira Afrikan, eta hainbat esklabotza motak eman diete forma: esklabotzaren praktika indigenak, esklabotza instituzio erromatarra (eta ondoren, esklabotzaren ikuspegi kristauek), esklabotzaren erakunde islamiarrak esklaboen merkataritza arabiarraren bidez, eta, azkenean, Atlantikoko esklaboen merkataritza.[1] Esklabotza Afrikako gizarteen egitura ekonomikoaren zati bat izan zen mende askotan, nahiz eta hedadura aldatu.[1] Ibn Battutak, zeinak XIV. mendearen erdialdean antzinako Maliko Inperioa bisitatu zuen, kontatzen du tokiko biztanleek jabetzan zituzten esklabo eta zerbitzarien kopuruaz eztabaidatzen zutela, baita 'abegiz' esklabo mutiko bat eman ziotela ere.[4] Sahara azpiko Afrikan, esklaboekiko harremanak sarritan konplexuak izan ziren, esklabotzan zeuden pertsonei eskubide eta askatasunak emanez eta haien jabeei salerosketarako eta tratamendurako mugak ezarriz.[5] Komunitate askok hierarkiak izan zituzten esklabo mota desberdinen artean: esate baterako, esklabotzan jaio eta gerra bidez harrapatu zituztenen artean ezberdintzen zuten.[6]

Afrikako esklabotza motak ahaidetasun egiturekin harreman zuzena zuten. Afrikako komunitate askotan, non lurrak ezin zuen jabetzarik izan, gizabanakoen esklabotza pertsona baten eragina eta konexioak handitzeko bitarteko gisa erabiltzen zen.[7] Horrek esklaboak jabearen leinuaren zati parte iraunkorra izatea zekarren eta esklaboen seme-alabek lotura estua izan zezaketen familia handiaren leinuarekin.[1] Familietan jaiotako esklaboen seme-alabak jabearen leinuan integra zitezkeen eta gizartean posizio garrantzitsuak eskura zitzaketen, kasu batzuetan buruzagi maila ere bai.[6] Hala eta guztiz ere, orokorrean estigma atxikia geratzen zen eta bereizketa zorrotza izaten zen ahaidego-talde baten esklaboen eta maisuarekin zerikusia zutenen artean.[7]

Jabego esklabotza

Jabego esklabotza morrontza harreman zehatz bat da, non esklaboa jabearen propietatea kontsideratzen den. Horrela, jabea esklaboa saltzeko, aldatzeko edo bere beste edozein propietate bezala tratatzeko gai da eta esklaboaren seme-alabak sarritan maisuaren jabetzakoak balira bezala gordetzen dira.[8] Jabego esklabotza Nilo ibaiaren bailaran eta Iparraldeko Afrikan historikoki existitu zenaren frogak daude, baina ez dago jabego esklabotzaren zabalpen zein praktikaren ebidentzia nahikorik kontinentearen gainontzeko lurretan, edo ez gutxienez merkatari arabiar edo europarren idatzizko erregistroen aurretik.[8]

Etxeko morrontza

Afrikako esklabotza harreman asko etxeko esklabotzaren ingurukoak ziren, non esklaboak maisuaren etxean lan egiten zuen, baina askatasun batzuk mantentzen zituzten. Etxeko esklaboak nagusiaren etxearen zati gisa hartzen ziren eta ez ziren saltzen muturreko kausarik ezean. Esklaboek haien lanaren irabaziak izan zitzaketen (lurretan edo produktuetan ordainduak), eta kasu askotan ezkondu ahal ziren eta lurrak haien seme-alabei pasa.[6]

Zorraren morrontza

Zorraren esklabotza zor jakin bat itzultzeko aseguru kolateral gisa pertsonen erabilera egiten denean esaten zaio. Esklabo lana zordunak edo zordunaren ahaide batek (normalean ume batek) egiten du. Zorraren esklabotza Mendebaldeko Afrikako berme arrunta zen. Pertsona batek, edo haren familiako batek, ematen zuen bermea zen, beste pertsona bat kreditu bat ordaintzeko ematen zena. Zorraren morrontza esklabotzarekin lotua, baina hala ere ezberdina, zegoen kontzeptualizazio gehienetan. Izan ere, akordioak zerbitzu termino mugatu eta espezifikoak izan zitzakeen eta ahaidetasun loturek pertsona esklabo gisa saltzea ekiditen zuten. Zorraren morrontza ohiko praktika izan zen Mendebaldeko Afrikan europarrekin harremanak izan baino lehen: Akan herriak, Ewe herriak, Ga herriak, Joruba herriak eta Edo herriak erabiltzen zuten (beste forma batzuetan Efik herrietan, Igbo herrietan, Ijaw herrietan eta Fon herrietan ere existitzen zen).[9]

Esklabotza militarra

Esklabotza militarra unitate militarrak erostea eta trebatzea zen, non esklabo militarrek esklabo identitatea mantentzen zuten baita zerbitzuaren ondoren ere.[10] Soldadu talde esklaboak patroi baten agindupean zebiltzan, orokorrean gobernu baten buru edo gerra gizon independiente bat zena. Bere tropak dirua eta bere interes politikoak lortzeko erabiltzen zituen.[10]

Nilo haranean eman zen gehienbat esklabotza mota hau (batez ere Sudanen eta Ugandan), hainbat agintari islamistek antolatutako unitate militar esklaboekin[10] eta Mendebaldeko Afrikako gerraren buruekin.[11] Sudango unitate militarrak 1800. urtean sortu ziren eskala handiko eraso militarren bidez, gaur egun Sudan eta Hego Sudan dauden zonaldean.[10]

Sakrifiziorako esklaboak Dahomeyko erresuman, 1793
Sakrifiziorako esklaboak Dahomeyko erresuman, 1793

Sakrifizioetarako esklaboak

Giza sakrifizioa ohikoa izan zen Mendebaldeko Afrikako estatuetan, XIX. mendera arte. Nahiz eta ebidentzia arkeologikoak ez diren argiak gaiaren inguruan europarrekin kontaktua izan aurretik, giza sakrifizioa praktikatzen zuten gizarteetan, esklaboak ziren biktimarik ohikoenak.[1]

Tokiko esklaboen merkataritza

Hainbat nazioek, hala nola gaur egungo Ghanako Ashanti eta gaur egungo Nigeriako Joruba, esklabo merkataritzan parte hartzen zuten. Angolako Imbangala eta Tanzaniako Nyamwezi bezalako taldeak bitartekariak lirateke, Afrikako estatuetan gerra egiten zutenak esklabo gisa esportatzeko jendea harrapatzeko. Henry Louis Gatesek, Afrikako eta Afrikako Amerikako Ikasketen Harvard katedradunak adierazi du "Afrikako eliteen eta merkatari europarren arteko negozio harreman konplexurik gabe, Ameriketara zihoan esklabotza merkataritza ezinezkoa izango zen, gutxienez gertatu zen eskalan."[12]

Bubi talde etniko osoa antzinako Afrika Erdiko talde etnikoetatik ihes egindako tribu ezberdinetako esklaboen ondorengoek osatzen dute.

Esklabotza praktikak Afrikan zehar

Munduaren beste eskualde gehienetan bezala, esklabotza eta lan behartua Afrikako erresuma eta gizarte askotan existitu izan ziren milaka urtez.[13] Esklabotza edo esklabotzaren instituzio politiko eta ekonomikoen froga zehatzik ez dago eskuragarri Arabiar edo Atlantikoko esklabo merkataritzaren aurretik.[5] XVII. mende hasierako Afrikan esklabotzari buruzko lehen europar txostenak ez dira fidagarriak, maiz berdintzen baitzituzen morrontza mota ezberdinak jabego esklabotzarekin.[14]

Afrikako esklaboen praktiken ebidentziarik onenak erresuma garrantzitsuenetakoak dira, batez ere kostaldekoak, eta esklabotza-praktika hedatuen froga gutxi dago estatu gabeko gizarteetan.[1][5][6] Esklaboen merkataritza beste merkataritza harreman batzuekiko bigarren mailakoa zen orokorrean. Hala eta guztiz ere, erromatarren garaiko Sahara zeharkatzen zuen merkataritzaren ibilbidearen ebidentzia dago, zeina erromatar inperioaren erorketaren ostean mantendu zen zonaldean. Dena den, ahaidetza harremanek eta esklaboei emandako eskubideek (gerretan hartutakoei izan ezik) esklabo merkataritzaren irismena mugatu zutela dirudi, gutxienez Arabiar esklabo merkataritza eta Atlantikoko esklabo merkataritzaren aurretik.[5]

Iparraldeko Afrika

Esklabo kristauen erredentzioa 1661. urtean Aljerreko monje katolikoen esku
Esklabo kristauen erredentzioa 1661. urtean Aljerreko monje katolikoen esku

Jabego esklabotza legezkoa eta hedatua izan zen Iparraldeko Afrikan zehar, eskualdea Erromatar Inperioak kontrolatzen zuenean (K.a. 47 – k.o 500.). Sahararrak basamortuan zehar Iparraldeko Afrikara zeramatzan esklabo bide batek, zeina erromatarren garaian existitzen zen, bai Nilo ibaiaren haraneko froga jarraituek esklabotza tratatu bidez erregulatua zela erakusten dute.[8] Jabego esklabotzak erromatar inperioaren gainbeheraren ostean jarraitu zuen eskualdeko komunitate gehienbat kristauetan. Eskualdeko islamiar hedapenaren ondoren, esklabotzak jarraitu zuen eta, azkenean, jabego esklabotza Sahara hegoaldeko gizarte garrantzitsuetara zabaldu zen (hala nola, Mali, Songhai eta Ghana).[1]

Afrikako herrixka bat erretzea eta bere biztanleen harrapatzea (1859eko otsaila)
Afrikako herrixka bat erretzea eta bere biztanleen harrapatzea (1859eko otsaila)[15]

Erdi Aroko esklaboen merkataritza europarra ekialderantz eta hegoalderantz izan zen batez ere: Bizantziar Inperioa eta musulmanen mundua ziren helmugak, eta Erdialdeko zein Ekialdeko Europa esklaboen jatorria.[16] Erdi Aroan Europan esklabotza hain zegoen hedatua, ze eliza katoliko erromatarrak behin eta berriz debekatuta zuela, edo, gutxienez, esklabo kristauen esportazioa lur ez-kristauetara debekatu zuen. Neurri hau Koblenzen kontzilioan 922an, Londresko kontzilioan 1102an eta Armagheko kontzilioan 1171. urtean hartu zen. Erlijiozko mugak direla eta, esklaboen merkataritza Europako zati batzuetan judu iberiarrek egin zuten (radaniak izenaz ezagunak), Europa Erdialde paganotik esklaboak Al-Andalus eta Afrikako herrialde musulmanetara pasa ahal zituztenak.[17]

Mamelukoak islamera bihurtu ziren soldadu esklaboak ziren eta kalifa musulmanak eta Aiubtar sultanak zerbitzatzen zituzten Erdi Aroan. Lehen mamelukoek Abasidar kalifak zerbitzatu zituzten IX. mendean Bagdaden. Denborarekin, kasta militar indartsu bihurtu ziren, eta behin baino gehiagotan boterea bereganatu zuten, adibidez, Egiptoko gobernua 1250. urtetik 1517 .urtera. 1250. urteaz geroztik Bahri dinastiak izan zuen Egiptoko agintea. Kaukasoko esklabo zuriek osatzen zuten armada eta tropen elite talde bat osatu zuten, handik debora batera Egipton matxinatu zirenak Burji dinastia osatzeko.[18]

Robert Davisen arabera 1 milioi eta 1,25 milioi europar artean harrapatu zituzten pirata berberek eta esklabo gisa saldu Ipar Afrika eta Otomandar Inperiora, XVI eta XIX. mendeen artean.[19][20] Hala eta guztiz ere, bere zenbakiak estrapolatzeko, Davisek pirata berberek harrapatutako esklabo europarrak 250 urteko epean konstante mantendu zirela asumitzen du:

"Ez dago erregistrorik zenbat gizon, emakume eta haur bihurtu ziren esklabo jakiteko, baina gutxi gorabehera kalkulatu ahal izango da zenbat gatibu berri beharko liratekeen populazioak egonkor mantendu eta hiltzen ziren, ihes egiten zuten edo islamera bihurtzen ziren esklaboak aldatzeko. Honen arabera, 8.500 esklabo inguru inguru behar izan ziren urtero zenbakiak berreskuratzeko, hau da, 850.000 gatibu inguru 1580. eta 1680. urteen artean. Horretan oinarriturik, 1530 eta 1780 urte bitarteko 250 urteetan, 1.250.000 bezain altua izan liteke kopurua."[21]

Davisen zenbakiak beste historialari batzuek ezeztatu dituzte, David Earlek kasu. Earleren arabera, kontu handiz eman behar dira zenbakiak, izan ere, esklabo europarren benetako irudia dela nahastua dago, kortsarioek Europa ekialdeko ez-kristau zuriak eta Afrika mendebaldeko beltzak ere hartzen baitzituzten preso.[21]

XVI. Mende bukaerako eta XVII. Mende hasierako behatzaileek diote 35.000 europar kristau esklabo egon zirela garai hartan Berberiako kostan, batez ere Aljeren baina baita Tripoli eta Tunisian. Gehienak marinelak ziren (batez ere ingelesak), beren ontziekin batera eraman zituztenak, baina arrantzaleak eta kostaldeko herrietako biztanleak ere hartzen zituzten. Hala eta guztiz ere, gatibu hauetako gehienak Afrikatik hurbil dauden lurraldeetakoak ziren, bereziki Espainia eta Italiakoak.[22]

Italiako, Portugalgo, Espainiako eta Mediterraneo uharteetako kostaldeko herriak askotan erasotu zituzten piratek eta Espainiako zein Italiako kostaldeko lur zati handiak ia abandonatuta utzi zituzten bertako biztanleek. 1600. urtetik aurrera pirata barbaroak noizean behin Atlantikoan sartzen ziren eta Islandiaraino iritsi ziren. Kortsario ospetsuenak otomandar Barbarossa ("Bizargorri") eta bere anai zahar Oruç, Turgut Reis (Dragut bezala ezaguna), Kurtoğlu (Curtogoli bezala ezaguna), Kemal Reis, Salih Reis eta Koca Murat Reis.[20][22]

Esklabo kristauak Berberian, 1859
Esklabo kristauak Berberian, 1859

1544. urtean, Bizargorrik Ischia harrapatu zuen, prozesuan 4.000 preso hartuz, eta esklabo bihurtu zituen Lipariko 9.000 biztanle inguru, ia biztanleria osoa.[23] 1551. urtean, Dragutek Gozo uharteko biztanleria osoa esklabo bihurtu zuen, 5.000 eta 6.000 pertsona artean, Libiara bidaliz. Piratek 1554ean Italiako hegoaldeko Vieste hiria hartu zutenean 7.000 esklabo inguru egin zituzten. 1555. urtean, Turgut Reisek Korsikara bidaiatu eta Bastia suntsitu zuen 6000 preso hartuz. 1558. urtean, kortsarioek Ciutadellako herria harrapatu, suntsitu, biztanleak hil eta 3.000 biztanle eraman zituzten Istanbulera esklabo gisa.[24] 1563. urtean Turgut Reisek Granada probintziako kostaldean barrena lurreratu zen eta Almuñécar bezalako kostaldeko herriak harrapatu zituen, 4.000 presoekin batera. Pirata barbariek maiz eraso egin zuten Balear Uharteetan, kostaldeko begiraleku eta eliza gotortu ugari eraikiz. Mehatxua hain larria zen ezen Formentera biztanlez hustu baitzen.[25][26]

1798. urtearen bukaeran, Sardinia ondoko uhartea erasotu zuten Tunisiarrek eta 900 biztanle baino gehiago esklabo gisa hartu zituzten.

Mendebaldeko Afrikako Saharako gizartea tradizionalki (eta oraindik ere, neurri batean) tribu kasta ezberdinetan estratifikatua zegoen. Hassane gerlari tribuak ziren agintariak eta zerga -horma deitua- ezartzen zieten haien azpiko znaga tribuei, berbereen ondorengoak zirenak. Horien azpian Haratin bezala ezagutzen diren morrontza taldeak zeuden.[27]

Afrikako adarra

Artikulu nagusia: Esklabotza Etiopian

Mogadiscion “morroi-esklabo" emakume bat (1882-1883)
Mogadiscion “morroi-esklabo" emakume bat (1882-1883)

Afrikako adarrean, Etiopiako Inperioko errege kristauek sarritan esklabo nilotar paganoak esportatzen zituzten mendebaldeko muga lurraldeetatik, edota konkistatu edo berreskuratutako barneko lurretatik.[28] Somaliako eta Afar sultanerriak, esate baterako Erdi Aroko Adal sultanerriak, beren portuetan Zanj (Bantu) esklaboak saltzen zituzten, barnealdean harrapatu zituztenak.[29]

Etiopiako esklaboak, XIX. mendea
Etiopiako esklaboak, XIX. mendea

Etiopian praktikatzen zen esklabotza funtsean etxekoa zen. Esklaboak, beren maisuen etxeetan zerbitzatzen zuten eta ez ziren helburu produktiboetarako erabili neurri handitan. Honela. esklaboak, jabeen familiako bigarren mailako kide gisa ikusten ziren.[30] Etiopian esklabotza ezabatzeko lehenengo ahalegina Tewodros II.a enperadoreak (1855-68)[31] egin zuen arren, esklabotza 1923ra arte ez zen legez kanporatu, Etiopia Nazioen Ligan sartzearekin batera.[32] Anti-Esklabotza Elkartearen arabera, 2 milioi esklabo zeuden,1930eko hamarkadaren hasieran, 8 eta 16 milioiko populazioa zegoelarik.[33] Esklabotzak Etiopian jarraitu zuen 1935. urteko urriko Italiaren inbasiora arte, instituzioa Italiako okupazio indarren aginduz indargabetu zenean.[34] II. Mundu Gerrako Aliatuen presioari erantzunez, Etiopiak ofizialki abolitu zituen esklabotza eta behartutako morrontza 1942. urtean bere independentzia berreskuratu ondoren.[35][36] 1942ko abuztuaren 26an, Haile Selassie-k aldarrikapen bat ezarri zuen esklabotza legez kanpo utziz.[37][38]

Somaliako lurraldeetan esklaboak esklabo merkatuan erosten ziren esklusiboki plantazioetan lan egiteko.[39] Haien Somaliako agintarien kontrolpean eta haietatik bereizi egin zuten lan. Arlo juridikoari dagokionean, Bantu esklaboen tratamenduari buruzko ohiturak sultanek eta tokiko buruzagiek dekretuak ezarri zituzten. Gainera, esklabo horiek askatasuna lortzen zuten sarritan emantzipazio, ihes eta erreskatearen bitartez.[39]

Erdialdeko Afrika

Khartumgo esklabo merkatua, 1876. urte inguruan
Khartumgo esklabo merkatua, 1876. urte inguruan

Ahozko tradizioaren arabera, Kongoko Erresumaren sorreratik existitzen da esklabotza bertan, Lukeni lua Nimik Nmewne Kabunga esklabo bihurtu baitzuen bera garaitu ostean, erresuma osatzeko borrokan.[40] Lehen idazki portugaldarrek erakusten dute Erresumak esklabotza izan zuela haien kontaktua baino lehen, baina gehienak Ndongoko erresumako gerra gatibuak ziren.[40]

Mendebaldeko Afrika

Homann Heirs Mapa Mendebaldeko Afrikako esklabo merkataritza lokala adieraziz (1743)
Homann Heirs Mapa Mendebaldeko Afrikako esklabo merkataritza lokala adieraziz (1743)

Esklabotza Mendebaldeko Afrikako komunitate desberdinetan era anitzetan praktikatzen zen Europako merkataritza baino lehen.[13] Saharan zeharreko esklabo merkataritzaren eta Mendebaldeko Sahelgo urre ekonomien garapenarekin, esklabo merkataritzaren inguruan antolatu ziren estatu nagusietako batzuk, Ghanako Inperioa, Maliko Inperioa eta Songhai Inperioa barne.[40] Hala ere, Mendebaldeko Afrikako beste komunitate batzuek esklabo merkataritzari muzin egin zioten. Mossi erresumek Saharan zeharreko merkataritzaren funtsezko guneak hartzen saiatu ziren eta, ahalegin horiek huts egin ondoren, Mossiak Mendebaldeko Sahel estatu indartsuen aurkako ekintzak egiten zituzten esklabotzaz defendatzeko. Azkenean Mossiak esklaboen merkataritzan sartu ziren XIX. mendean Atlantikoko esklabo merkataritza haien merkatu nagusia izanik.[40] Era berean, Walter Rodneyk ez zuen esklabotza edo morrontza domestikoa antzeman europarrek goi Ugandako eskualdeez eginiko lehen idatzietan[6] eta IA Akinjogbinek dio europar kontuen arabera esklabo merkataritza ez omen zen jarduera nagusietako bat Joruba eta Aja herriek kontrolatzen zuten kostaldean europarrak iritsi aurretik.[41] Londreseko Etnologia Elkarteari 1866. urtean irakurritako paper batean, Lokoja jaunaren erregeordeak. Valentine Robinsek, 1864an HMS Investigator barkuan Niger ibaitik egindako espedizioan eskualdeko esklabotza deskribatu zuen:

Esklabotzaren inguruan, Mr Robins-ek ohartarazi zuen ez zela Ingalaterrako jendeak uste zuena. Afrikako zati honetan honako esanahia zuen: familiako talde batekoa izatea- behartutako lanik ez dago, jabeak eta esklaboak elkarrekin lan egiten dute, elikagai berdinak jan, arropa berdinak jantzi eta etxe berdinetan lo egiten dute. Esklabo batzuek emazte gehiago dituzte haien maisuek baino. Esklaboei babesa eta bere iraupenerako beharrezkoak diren elikagaiak eta jantziak ematen dizkie. Gizon askea esklaboa baino okerrago bizi da; ezin dio bere janaria inori erreklamatu.[42]

Atlantikoko esklabo merkataritzaren hastearekin batera, esklabotza eskaera handitu egin zen Mendebaldeko Afrikan eta zenbait estatu esklabo merkataritzan zentratu ziren eta etxeko esklabotza izugarri handitu egin zen.[43]

Senegambian, XIV. mendearen eta XX. mendearen artean, ia biztanleriaren herena izan zen esklabo. Mendebaldeko Sudaneko lehenengo estatu islamikoetan, Ghana (750-1076), Mali (1235-1645), Segou (1712-1861) eta Songhai (1275-1591) barne, populazioaren heren bat inguru zen esklabo. XIX. mendean Sierra Leonako biztanleriaren erdia esklaboak ziren. XIX. mendean, gutxienez biztanleriaren erdia bihurtu zen esklabo Kameruneko Duala leinuan, eta baita eta Nigerreko, Kongoko eta Kasanje erresumako eta Angolako Chokwe beste hainbat biztanle. Ashanti eta Joruba etnietan biztanleen herena esklaboek osatzen zuten. Kanemeko biztanleriaren (1600-1800) herena ere esklaboa izan zen. Bornun agian % 40ra iristen ziren. (1580-1890). 1750. eta 1900. urteen artean Fulaniko jihad estatuetako biztanleriaren heren batetik bi herenetara esklaboek osatzen zuten. Ipar Nigerian eta Kamerunen Hausa etniak sortutako Sokoto kaliferriko populazioaren erdia esklaboa zen XIX. mendean.[44][45][46]

Sokoto kaliferrian eta Nigeria iparaldeko ondoko lurraldeetan XX. mendearen bukaeran britainiar agintea lehen aldiz ezari zenean, gutxi gorabehera 2 milioi eta 2,5 milioi pertsona zeuden esklabotuak.[47] Nigeria iparraldean esklabotza 1936an utzi zen legez kanpo.[48]

Afrikako Aintzira handiak

Zanzibargo esklabo merkatari Tippu Tipek 10.000 esklabo zituen
Zanzibargo Tippu Tip esklabo merkatariak 10.000 esklabo zituen

Afrikako Aintzira Handien ekialdeko eskualdeek, Persia, Txina eta Indiarekin lehen milurtekoan zehar eginiko itsas-merkataritzan, urrea eta marfilarekin alderatuta esklaboak bigarren mailako ondasun gisa aipatzen dira. Aipatzen denean, esklaboen merkataritza eskala txikian agertzen da eta, batez ere, emakumeak eta haurrak izaten ziren esklabo, Kilwa Kisiwani, Madagaskar eta Pemba uharteetakoak.[49] Campbell eta Alpers historialariek argudiatu zuten Hego-ekialdeko Afrikan lan eta morrontza mota desberdinak zeudela eta esklabo eta gizabanako askoren arteko bereizketa ez zela bereziki garrantzitsua gizarte gehienetan.[50] Hala ere, XVIII. eta XIX. mendeetan nazioarteko merkataritza handitzearekin batera, hego-ekialdeko Afrika nabarmen parte hartzen hasi zen Atlantikoko esklabo merkataritzan. Adibidez, Kilwa uharteko erregeak, 1776.an merkatari frantsesekin itun bat sinatu zuen urtean 1.000 esklabo garraiatzeko.[49]

Aldi berean, Oman, India eta Hego-ekialdeko Afrikako merkatariak kostaldean eta uharteetan landaketak ezartzen hasi ziren.[51] Plantazio horietarako langileak lortzeko, esklabotza gero eta garrantzitsuagoa bihurtu zen zonaldean eta esklabo merkatariak (batez ere Tippu Tip) eskualdeko giro politikoan nabarmentzen hasi ziren.[49] Hego-ekialdeko Afrikako esklabo merkataritza XIX. mendeko lehen hamarkadetan iritsi zen bere gailurrera, urtero 30.000 esklabo saltzen zirenean. Alabaina, esklabotza ez zen inoiz tokiko ekonomien zati garrantzitsu bihurtu, Zanzibarko Sultanerrian izan ezik, non plantazioak eta nekazaritza esklabotza mantendu ziren[43]. Egile eta historialari Timothy Insollek idatzi zuen: "Erregistratutako zifren arabera, 718.000 esklabo esportatu ziren Swahili kostaldetik XIX. mendean, eta kostaldean 769.000 erretenitu ziren".[52]

Afrikako Aintzira Handien eskualdean (egungo Uganda inguruan), hainbat motatako esklabotzaren ebidentzia linguistikoak daude: gerra bahiketa, salerosketa eta zor-esklabotza ehunka urtez. Hala ere, forma horiek, batez ere zorraren morrontza, nabarmen hazi ziren XVIII. eta XIX. mendeetan.[53]

Esklabotzaren eraldaketak Afrikan

Itzulerarik Gabeko Atea Whydah-nen. Esklaboen merkataritzari buruzko oroitarria, Whydah-ko portuan.
Itzulerarik Gabeko Atea Whydah-nen. Esklaboen merkataritzari buruzko oroitarria, Whydah-ko portuan.

Afrikako esklabotza hiru eskala handiko prozesuen bidez eraldatu da: arabiarren esklabo merkataritza, Atlantikoko esklabo merkataritza eta esklaboen emantzipazio politika eta mugimenduak XIX. eta XX. mendean. Prozesu horietako bakoitzak esklabotzaren forma, maila eta ekonomia nabarmen aldatu zituen Afrikan.[1]

Afrikako esklabotza praktikak garai desberdinetan erabili izan dira Europatik Afrikako herriekiko harreman modu espezifikoak justifikatzeko. Europako XVIII. mendeko idazleek esklabotza Afrikan nahiko basatia zela esaten zuten Atlantikoko esklabo merkataritza justifikatzeko. Geroago idazleek antzeko argudioak erabiltzen zituzten, Europako esku-hartze eta kolonizazioak Afrikan esklabotza amaitzeko ekimen gisa aurkeztuz.[54]

Afrikarrek bazekiten Mundu Berrian esklaboek jasango zuten esklabotza gogorra. Afrikako elite askok Europa bisitatu zuten esklabo-ontzietan, Mundu Berriko haizeak jarraituz. Horren adibide bat Antonio Manuel, Vatikanon Kongoko enbaxadorea, 1604an Europara joan zenean gertatu zen, Bahian (Brasilen) lehen geldialdi bat eginez. Bertan, lur jabedun bat askatzea lortu zuen, era okerrean esklabo bihurtua izan zena. Afrikako erregeek ere beren seme-alabak bidali zituzten esklabo bideetatik Europan hezteko, eta milaka esklabo ohi Liberia eta Sierra Leonara itzuli ziren.[12]

Saharan zeharreko eta Ozeano Indikoko merkataritza

Artikulu nagusia: Esklaboen merkataritza arabiarra

XIX. mendeko esklabo merkataritza arabiarreko karabana, esklabo afrikarrak Saharan zehar garraiatuz
XIX. mendeko esklabo merkataritza arabiarreko karabana, esklabo afrikarrak Saharan zehar garraiatuz

Esklaboen merkataritza arabiarra, K.o. VII. eta IX. mendeetan ezarri zenak, eskala txikiko mugimendu bezala hasi zen, gehienbat Aintzira Handien ekialdeko eta Sahel zonaldeko pertsonekin. Lege islamikoak esklabotza onartzen zuen, baina musulmanen arteko esklabotza debekatzen zuen. Ondorioz, esklabotzaren helburu nagusia Islamak Afrikan zituen mugetako eremuetan bizi ziren pertsonak ziren.[8] Saharan zeharreko eta Indiako ozeanoko esklaboen merkataritzak historia luzea du, IX. mendeko merkatari afroamerikarren itsas bideen kontrolarekin hasten dena. Estimazioen arabera, gutxi gorabehera mila esklabo bakarrik hartzen ziren urtero Itsaso Gorriko eta Indiako ozeanoko kostaldeetatik. Ekialde Hurbilean zehar saltzen ziren. Merkataritza hori bizkortu egin zen, ontzi handiek merkataritza handitu zutelako eta zonaldeko plantazioetan lan egiteko eskaera igo zelako. Azkenean, urtero milaka eta milaka eramaten ziren.[55] Swahili kostaldean, afrikar arabiar esklabo jabeek barnealdeko Bantu herrietatik jendea hartu eta itsasertzera eraman zituzten.[56][57] Han, esklaboak pixkanaka landa eremuetan geratzen joan ziren, batez ere Unguja eta Pemba uharteetan.[56]

Giulio Rosati, Etorrera berrien inspekzioa, 1858–1917
Giulio Rosati, Etorrera berrien inspekzioa, 1858–1917

Honek esklaboen arteko harremanak aldatu zituen esklaboek lan egiteko modu berriak sortuz (haremak eta unitate militarrak babesteko eunukoak adibidez) eta askatasunerako baldintzak ere sortuz (bihurketa deitua, nahiz eta soilik esklaboen seme-alabak askatu).[1][10] Merkataritzaren maila txikia izan arren, esklaboen kopuru osoa handia izatera iritsi zen, ehunaka urteetako existentzian zehar.[1] Bere izaera txikia eta graduala zela eta, esklabotza praktiken eragina Islamera bihurtu ez ziren komunitateetan erlatiboki txikia izan zen.[1] Hala ere, XIX. mendean, Afrikatik Islamiar herrialdeetarako esklabo merkataritza nabarmen igo zen. Esklabo merkataritza europarra 1850eko hamarkada inguruan amaitu zenean, ekialderako esklabo merkataritzara nabarmen igo zen. Afrikako Europar kolonizazioarekin amaitu zen 1900 inguruan.[43] XIV. eta XIX mendeen artean, 17 milioi afrikar esklabo garraiatu zituzten merkatari musulmanek Indiako Ozeanoko, Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako kostaldeetara.[58]

1814an, Johann Burckhardt esploratzaile suitzarrak honakoa idatzi zuen bere Egipto eta Nubiako bidaietan, non esklaboen merkataritza praktikatzen ikusi zuen: "Askotan zantarkeria lotsagabeenaren lekuko izan naiz, zeinetan merkatariek, aktore nagusiak zirenak, bakarrik barre egiten zuten. Ausar naiteke honakoa esatera: haien hamargarren urtea gainditu duten emakume esklabo gutxi batzuk soilik iristen dira Egipto edo Arabiara birjintasun egoeran".[59]

David Livingstonek honakoa idatzi zuen esklabo merkataritzari buruz: "bere gaiztotasuna gainditzea ezinezkoa da… Tirokatutako edo gorputzean zehar labankatutako emakume esklabo bat igaro genuen, bidexkan botata zegoena. [Lekukoek] esan zuten goiz hartan pasatu zen arabiar batek egin zuela, berarengatik emandako prezioa galtzearen haserrea zela eta, jada ez zuelako ibiltzerik. Zuhaitz bati lepotik lotutako eta hildako emakume bat igaro genuen... Goseak hildako gizon batekin egin genuen topo... Herrialde honetan ikusi dudan gaixotasun arraroena benetan bihotz haustea dela dirudi, eta esklabo bihurtu diren gizon libreak erasotzen ditu ". Livingstonek kalkuluen arabera 80.000 afrikar inguru hiltzen ziren urtero Zanzibarko esklabo merkatuetara iritsi baino lehen.[60][61][62][63] Zanzibar izan zen Ekialdeko Afrikako esklabo-merkataritza portu nagusia garai batean, eta Oman arabiarren agintepean XIX. mendean, 50.000 esklabok zeharkatzen zuten urtero hiria.[64]

Atlantikoko esklabo merkataritza

Artikulu nagusia: Atlantikoko esklabo merkataritza

Afrikako esklaboak XVII. mendean Virginian lanean, artista ezezagun batek egina, 1670. urtean
Afrikako esklaboak XVII. mendean Virginian lanean, artista ezezagun batek egina, 1670. urtean

Atlantikoko esklabo merkataritza edo esklabo merkataritza transatlantikoa Ozeano Atlantikoan zehar eman zen, XV. mendetik XIX. mendera. Atlantikoko esklabo merkataritzak eragin zuen XVI. mendean esklaboen populazioaren ehuneko txiki bat izatetik afrikarrak XIX. mende hasieran erabateko gehiengoa izatea.[65] Esklaboen merkataritza ekonomiaren alderdi marjinala izatetik sektore nagusia izatera pasa zen epe laburrean. Gainera, nekazari landaketak nabarmen igo ziren eta gizarte askotan funtsezko alderdi bihurtu ziren.[1] Azkenean, esklabotza-praktika tradizionalen distribuzioa eraldatu zuen.

Gineako kostaldera iritsi ziren lehen europarrak portugaldarrak izan ziren; Guineako eskualdean Afrikako esklaboak erosi zituen lehen europarra Antão Gonçalves portugaldar esploratzailea izan zen 1441. urtean. Hasiera batean urrea eta espeziak salerostea zen haien helburu nagusia, eta koloniak eraiki zituzten Sao Tome uharteetan. XVI. mendean, kolonizatzaile portugesak sumendi uharte horiek azukrea hazteko hobeezinak zirela konturatu ziren. Azukrea haztea lan-intentsibo gogorra da, eta portugaldar kolonoak erakartzea zaila zen beroa, azpiegitura falta eta bizitza gogorraren ondorioz. Azukrea lantzeko, portugesak esklabo afrikarren kopurua handia erabiltzen hasi ziren. Urrearen Kostaldeko Elmina Gaztelua, jatorriz afrikar langileek portugesentzat eraikia 1482an urrezko merkataritza kontrolatzeko, Mundu Berrira garraiatuko zituzten esklaboen gune garrantzitsu bihurtu ziren.[66]

Esklabo merkataritza Senegal ibaian zehar, Cayor erresuma
Esklabo merkataritza Senegal ibaian zehar, Cayor erresuma

Espainiarrak izan ziren lehenak Mundu Berrian esklabo afrikarrak erabiltzen, besteak beste, Kuba eta Hispaniola bezalako uharteetan.[67] Izan ere, bertako biztanleen heriotza tasa kezkagarriak populazio natiboa babesten zuten lehen errege legeak egitea ekarri zuen (Burgoseko Legeak, 1512 -13). Lehen esklabo afrikarrak 1501. urtean iritsi ziren Hispaniola uhartera, 1493. urteko aita santuaren buldak ia Mundu Berri osoa Espainiari eman berritan.[68]

Atlantikoko esklabo merkataritzak XVIII. mendearen bukaeran iritsi zen puntu gorenera, esklabo gehienak Afrika Mendebaldean barneratzeko espedizioetan harrapatzen zituztenean. Europako potentzia kolonialak Ameriketan zabaltzearen ondorioz, esklaboen eskaera areagotu zen. Honek Mendebaldeko Afrikako agintarientzat esklabo merkataritzaren irabaziak handitu zituen. Horrela, hainbat inperio ezarri ziren Mendebaldeko Afrikan esklabo merkataritzan oinarrituak. Hauen artean Oyo Inperioa (Joruba), Kong Inperioa, Futa Jallon Imanerria, Futa Toro Imanerria, Koya Erresuma, Khassoko Erresuma, Kaabu erresuma, Fante Konfederazioa, Ashanti Inperioa eta Dahomey erresuma zeuden. Erreinu hauek gerra konstantean oinarritutako kultura militaristan zuten oinarria, europarrekin salerosketetarako beharrezkoak ziren giza gatibu kopuru handia sortzeko.[69] Praktika anker honen oroigarri garratz bat XIX. mendean Ingalaterran egin ziren Esklabotzaren Eztabaidetan aurkitu daiteke: "Idazle zahar guztiek gerra horiek esklabo bihurtzeko xede bakarra baizik ez dutela esaten dute, baina ez hori bakarrik, gerra horiek europarrek bultzatzen dituzte, xede horrekin bat".[70] Inperio kolonial europarretan XIX. mendean gradualki esklabotza indargabetzeak inperio afrikar horien gainbehera eta kolapsoa ekarri zuen. Europar potentziak Atlantikoko esklabo merkataritza gelditzen hasi zirenean. Afrikako esklabo jabe handien eraldaketa ekarri zuen berriro: esklaboak hasi ziren erabiltzen plantazio edo beste era bateko nekazaritzan.[71]

Abolizioa

Esklabotzaren azken eraldaketa nagusia XIX. mendearen erdialderako emantzipazio-ahaleginekin hasi zen. 1870 urtetik aurrera, Europako agintariak Afrika barnealdeko zati handiak kolonizatzen hasi ziren, eta kolonia hauetako legeak askotan nahasgarriak izaten ziren gai honen inguruan. Esate baterako, esklabotza legez kanpokotzat jotzen zenean ere, agintari kolonialek ihes egindako esklaboak haien jabeei itzultzen zizkieten.[1] Zenbait herrialdetan esklabotzak erregimen kolonialaren menpe iraun zuen eta, kasu batzuetan, independentzia lortu arte ez ziren esklabotza praktikak nabarmen aldatu.[72] Afrikako borroka anti-kolonialek maiz esklabo eta esklabo ohiak esklabo-jabe eta jabe ohiekin elkartu zituzten independentziaren alde borrokatzeko. Hala eta guztiz ere, lankidetza honek gutxi irauten zuen eta independentziaren ostean alderdi politikoen sorrera esklaboen eta maisuen estratifikazioan oinarritzen zen.[43] Afrikako zenbait tokitan, esklabotza eta esklabotza bezalako praktikek gaur egun jarraitzen dute eta gobernuek eta gizarte zibilek desagerrarazteko zailtasunak dituzte.[73]

Esklaboen oroitarria Zanzibarren
Esklaboen oroitarria Zanzibarren

Esklabotzaren eta esklabo merkataritzaren aurkako europarren ahaleginak XVIII. mendearen bukaeran hasi ziren eta Afrikako esklabotzan eragin handia izan zuten. Portugal izan zen kontinenteko lehenengo herrialdea esklabotza deuseztatzen. 1761eko otsailaren 12an emandako agindu baten bidez debekatu zuen esklabotza Portugalen metropolietan eta Portugaldar Indian, baina horrek ez zuen eraginik izan Brasilgo eta Afrikako kolonia portugaldarretan. Frantziak 1794. urtean abolitu zuten esklabotza. Hala ere, Napoleonek 1802an berriro onartu zuen esklabotza eta 1848. urtera arte ez zen behin betiko indargabetu. 1803an, Danimarka eta Norvegiako erresuma izan zen esklabo merkataritza debekatu zuen Europako lehen herrialdea. Esklabotza bera ez zuten debekatu 1848. urtera arte.[74] Britainia Handiak 1807an debekatu zuen Esklabo Merkataritzaren Abolizio Akta onartuz legebiltzarrean. Lege horrek esklabo ontzien kapitainei isunak jartzea ahalbidetzen zuen, isuna garraiatutako esklabo kopuruaren arabera handituz. Honen hondoren, Esklabotzaren Aboliziorako Akta onartu zuen 1833an, Britainiar Inperioko esklabo guztiak askatu zituena. Beste herrialde batzuetan britainiarrek egindako presioek Afrikan esklaboen merkataritzari amaiera ematea ekarri zuen. Esate baterako, Esklabo merkataritzari buruzko AEBetako 1820. urteko legeak esklabo merkataritza pirateria zela ezarri zuen, heriotza zigorra ezarriz legea hausten zutenei.[75] Horrez gain, Otomandar Inperioak Afrikako esklabo merkataritza abolitu zuen 1847an presio britainiarraren ondorioz.[76]

1850. urtean esklabo merkataritzaren azken partehartzaile handiak (Brasilek) Eusébio de Queirós legea onartu zuen esklabo merkataritza debekatuz.[77] Urte horretarako, jadanik esklabo merkataritza nabarmen jaitsi zen eta, oro har, legez kanpoko merkataritzak bakarrik jarraitu zuen aurrera. Brasilek esklabotza praktikatu zuen eta legez kanpoko merkataritzaren iturri nagusia izan zen 1870. urtera arte gutxi gora-behera. 1888. urtean ezabatu zen esklabotza behin betiko, Brasilgo Isabel I.a Bragantzakoak eta Rodrigo Silva ministroak (Eusebio de Queiroz senatariaren suhiak) debekatu zutenean.[43] Britainiarrek jokaera aktiboa hartu zuten garai hartan legez kanpoko Atlantikoko esklabo merkataritza gelditzeko. Mendebaldeko Afrikako Eskuadroiak 1808. eta 1860. urteen artean 1.600 esklabo ontziak harrapatu zituen, eta ontzi horietan joaten ziren 150.000 afrikar askatu zituzten.[78] Esklabotza legez kanpo uzten zuten britainiar legeekin bat egin nahi ez zuten buruzagi afrikarren aurka ere eragin zuten, esate baterako, 'Lagoseko errege usurpatzailearen' aurka, 1851. urtean tronutik kendua.[79] Esklabotzaren aurkako itunak 50 agintari afrikar baino gehiagorekin sinatu ziren.

Emanuela esklabo itsasontziaren harrapatzea HMS Brisk itsasontziaren esku
Emanuela esklabo itsasontziaren harrapatzea HMS Brisk itsasontziaren esku

Afrikan bertan esklabotzak izaera mugatu bat izan zuen arren, baita esklabo merkataritza arabiarraren eta Atlantikoko esklabo merkataritzaren urte gorenetan ere, hau XIX. mendearen azken erdian aldatu zen. Patrick Manning-k azaltzen duenez, "baldin eta garai batean Afrikako gizarteak esklabotzan oinarrituriko ekoizpenaren inguruan antolatu badira, 1850-1900 urteetan izan zen hori".[43]

Esklabotzaren aurkako mugimendu europarrak jarraitu zuen eta aitzakia eta casus belli bilakatu zen Afrikako kontinentearen konkista eta kolonizazio europarrarentzat.[54] 1889-90ko Bruselako Anti-esklabotza Konferentziaren gai nagusia izan zen. XIX. mendearen bukaeran, Afrikako banaketak kontinentea Europako botere inperialisten artean azkar banatzea ekarri zuen, eta erregimen kolonial guztien hasierako baina bigarren mailako egitekoa izan esklabotzaren eta esklabo merkataritzaren desagerraraztea. Frantsesen konkistaren eta abolizioaren ostean, 1906 eta 1911 urteen artean Mendebaldeko Frantziar Afrikatik milioika esklabo baino gehiago alde egin zuten jabeetatik haien aurretiazko etxeetara.[80] Presio horri erantzunez, Etiopiak ofizialki abolitu zuten esklabotza 1932an, Sokotoko kaliferriak 1900. urtean , eta Sahelek 1911an. Garai kolonialaren amaieran arrakasta handia izan zuten orokorrean helburu horretan, nahiz eta esklabotza Afrikan oso aktiboa den oraindik ere. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka soldata ekonomiara mugituz joan da. Europa harritzen saiatzeko, hainbat nazio independentek batzuetan esklabotzaren ezabapenaren irudia landu zuten, nahiz eta, Egiptoren kasuan ikus daitekeenez, Samuel White Baker bezalako soldadu europarrak kontratatu Nilo ibaiko espedizioetarako. Esklabotza ez da inoiz desagertu Afrikan, eta Afrikako zenbait estatuetan ohikoa da. Esate baterako, Txad, Etiopia, Mali, Niger, eta Sudanen, non legea eta ordena ez diren betetzen.[81]

Gaur egun esklabotza herrialde guztietan legez kanpo dagoen arren, sekretupean egiten mantentzen da munduko leku askotan.[82] Esklabotzaren biktimak mundu osoan 30 bat milioi direla kalkulatzen da.[83] Mauritanian bakarrik, 600.000 gizonezko, emakumezko eta ume, edo biztanleriaren % 20, esklabo dira, eta horietako asko behartutako lanean erabiltzen dira.[84][85] Mauritanian esklabotza 2007ko abuztuan kriminalizatu zen.[86] Sudango Bigarren Gerra Zibilean zehar jendea esklabo hartu zuten; kalkuluen arabera 14.000 eta 200.000 bitarte esklabotu zituzten.[87] Nigerren, non esklabotza praktika 2003an debekatu zen, azterketa batean topatu zuten biztanleen ia % 8a esklaboak direla oraindik ere.[88][89]

Esklabotzaren eragina

Eragin demografikoa

Surinameko esklaboak, XIX. mendearen hasieran
Surinameko esklaboak, XIX. mendearen hasieran

Esklabotza eta esklabo merkataritzak eragin handia izan zuen populazioaren tamaina eta genero distribuzioan Afrikan zehar. Aldaketa demografiko hauen eragin zehatza eztabaida mamitsu baten gaia izan da. Atlantikoko esklabo merkataritzak 70.000 pertsona hartzen zituen urtero, batez ere Afrikako mendebaldeko kostaldetik, XVIII. mendearen erdialdean.[43] Esklaboen merkataritza arabiarrak Afrikako barnealdetik harrapatzen zituen esklaboak, Itsaso Gorriko eta beste lekuetako portuetatik itsasoz bestaldera bidaltzen zituztenak.[90] XVI. mendean, puntu gorenean, urtero 10.000 esklabo bidaltzen ziren.[43] Patrick Manningen arabera, Saharaz hegoaldeko Afrikako zati handietan populazioaren jaitsiera jarraitua eman zen esklabo merkataritzaren ondorioz. Afrikako mendebaldean, 1650 eta 1850 artean eman zen populazio jaitsiera esanguratsuagoa izan zen, esklabo merkatariek gizonekiko zuten preferentziagatik.[43] Afrikako ekialdean, esklabo merkataritza norabide anitzekoa izan zen eta denboran zehar aldatu zen. Etxeko morrontzarako eskariari erantzuteko, hegoaldeko barnealdean harrapatutako Zanj esklaboak iparraldeko kostaldeko portuetatik saldu egiten ziren. Erosleak hainbat zonaldetakoak izaten ziren: Nilo bailara, Afrikako adarra, Arabiar penintsula, Persiar golkoa, India, Ekialde urruna eta Indiako Ozeanoko uharteetakoak.[90]

Esklabotzaren hedapena

Afrikako bertako esklabotzaren hedapena zein beste zonaldeetara eramandako esklabo kopurua ez da zehazki ezagutzen. Atlantikoko esklabo merkataritza hobekien aztertu izan dena bada ere, estimazioak 8 milioi pertsonatik 20 milioi pertsonara doaz.[91] Atlantikoz zeharreko esklabo merkataritzaren datu basearen arabera, Atlantikoko esklabo merkataritzak 12,8 milioi pertsona inguru hartu zituen 1450 eta 1900 artean.[1][92] Saharaz zeharreko eta Itsaso Gorriko esklabo merkataritzaren eragina, Saharatik, Afrikako Adarretik eta Afrika ekialdetik hartutako esklaboekin, 600 eta 1600 urteen bitartean 6,2 milioi pertsonatan estimatu da.[1] Nahiz eta XVII. mendean Afrika ekialdeko tasa jaitsi zen, XIX. mendean handitu egin zen eta 1,65 milioitan estimatzen da mende horretan.[1]

Patrick Manningek egindako kalkuluen arabera, 12 milioi esklabo mugitu zituen Atlantikoko merkataritzak XVI eta XIX. mendeen artean, baina horietatik 1,5 milioi ontzietan hil ziren. 10.5 milioi esklabo Ameriketara iritsi ziren. Bidean hil ziren esklaboez gain, afrikar gehiago ere hil ziren esklaboak harrapatzeko ekintzetan eta portuetara eramaten zituzten behartutako ibilbideetan. Manningek 4 milioi harrapatu ondoren Afrikan barrena hil zirela estimatzen du eta beste asko gazte hil zirela. Manningen kalkuluek Atlantikora bideratutako jatorrizko 12 milioiak, esklabo merkataritza arabiarrera bideratutako 6 miloi eta Afrikako merkatuetarako 8 milioi barnebiltzen dituzte.[93]

Eragin demografikoaren inguruko eztabaida

Esklabo merkataritzaren efektu demografikoa gai eztabaidatuenetakoa da. Walter Rodneyk argudiatu zuen hainbeste pertsonen esportazioa hondamendi demografikoa izan zela eta Afrika behin betiko atzeratua utzi zuela munduko beste leku batzuekin alderatuta eta kontinentearen pobrezia jarraitua azaltzen dela.[94] Afrikako biztanleriak garai horretan garatzeari utzi ziola erakusten duten zenbakiak aurkezten ditu, Europako eta Asiakoak nabarmen hazten ziren bitartean. Rodneyren arabera, ekonomiaren beste eremu guztiek ere eragin negatiboa pairatu zuten. Izan ere merkatari nagusiek industria tradizionalak alde batera utzi zituzten esklabotzara bideratzeko eta biztanleriaren behe-mailak esklabotzak berak suntsitu zituen.

Beste batzuek ikuspegi hau zalantzan jarri dute. J. D. Fagek kopuruak kontinenteko osoan izan zuen eragina alderatu zuen. David Eltisek garai hartan Europako emigrazio tasarekin konparatu zituen kopuruak. XIX. mendean soilik 50 milioi lagun baino gehiagok utzi zuten Europa Ameriketara joateko, Afrikan orotara hartu ziren pertsonak baino kopuru askoz handiagoa dena.[95]

Beste batzuek, aldiz, ikuspegi hau ere zalantzan jarri zuten. Joseph E. Inikorik argudiatzen du eskualdearen historia erakusten duela ondorioak nahiko kaltegarriak izan zirela. Afrikako ekonomiaren eredua oso desberdina zen Europakoarekin alderatua, eta ezin zituen horrelako biztanleria galerak jasan. Populazio murrizketek ere arazo ugari sortu zituzten. Inikorik ere azaltzen du nola esklabo merkataritza kentzearekin bat Afrikako biztanleria ia berehala handitzen hasi zen, sendagai modernoen sarrera baino lehen ere.[96]

Afrikako ekonomian eragina

Maskorrak diru gisa erabiltzen ziren esklabo merkataritzan
Maskorrak diru gisa erabiltzen ziren esklabo merkataritzan.

Eztabaida luze bat dago ikerlari eta akademikoen artean eskabo merkataritzaren eragin destruktiboen inguruan.[13] Esan ohi da esklabo merkataritzak tokiko ekonomiak eta egonkortasun politikoa ahuldu zituela, herriko lan indar nagusiak itsasoz bestaldera bidali eta esklabo harrapaketak eta gerra zibilak ohiko bihurtu zirelako. Esklabo merkataritza komertziala, Europako beharrek bultzatuta, oso handia egin zen eta aurkaria esklabo bihurtzea, gerra baten ondorio baino, gerrara joateko arrazoi bihurtu zen. Esklabo merkataritzak, esaten denez, talde etniko handien eraketa galarazi zuen, etnien atomizazioa eraginez eta egitura politiko egonkorren osaketa ahulduz hainbat tokitan. Afrikako herritarren osasun mentala eta garapen soziala ere murriztu zituela argudiatzen da.[97]

Apur bat ezberdinak diren bi Okpoho manilla, esklaboak erosteko erabiltzen zirenak
Apur bat ezberdinak diren bi Okpoho manilla, esklaboak erosteko erabiltzen zirenak

Argumentu hauei kontra eginez, J. D. Fagek baieztatzen du esklabotzak ez zuela eragin guztiz kaltegarririk izan Afrikako gizarteetan.[98] Esklaboak merkantzia garestiak ziren, eta merkatariek esklabo bakoitzaren truke ordainketa ona jasotzen zuten. Esklabo merkataritzaren gailurrean, ehun milaka moskete eta oihal, bolbora zein metal kantitate oso handiak bidaltzen ziren Gineara. Diru honetako gehiena britainiarrek egindako suzko armetan (oso kalitate txarrekoak) eta alkohol industrialean gastatzen zen. Esklabo merkataritzaren gailurrean, Europarekin egiten zen merkataritza – urre eta marfil esportazio esanguratsuak ere barnebiltzen zituenak -, urtero 3.5 milioi libera esterlinetan baloratzen da. Konparatzeko, Erresuma Batuaren merkataritza, garai hartako superpotentzia ekonomikoa, urte bakoitzeko 14 milioi libera ingurukoa zen XVIII. mendearen amaierako garai berdinean. Patrick Manningek adierazi duenez, esklaboen trukean jasotzen ziren artikulu gehienak ohikoak ziren, ez luxuzkoak. Ehunak, burdina, moneta eta gatza izan ziren esklabotza merkataritzaren ondorioz inportatutako artikulu garrantzitsuenak, eta artikulu hauek gizartean zehar zabaldu ziren, bizi-maila orokorra igoz.[13]

Europako ekonomian eragina

Karl Marxek, bere kapitalismoaren historia ekonomikoan, [Das Kapitalen, Kapitalean], esan zuen: "(...) Afrika azal beltzen ehiza komertzialerako [hau da, esklabo merkataritzarako] labirinto bat bilakatzeak, ekoizpen kapitalistaren garaiaren hasiera markatzen du". Esklabo merkataritza Europako kapitalaren "metatze primitiboa” deitutakoaren parte zela argudiatu zuen. Aberastasunaren metatze ez-kapitalista hau Ingalaterraren industrializazioaren aurretik eman zen eta berau gertatzeko finantza baldintzak sortu zituen, baita produkzio modu kapitalistarentzako.[99]

Eric Williamsek Afrikarren ekarpenari buruz idatzi du esklaboen merkataritzaren eta esklabotzaren irabazien arabera, eta irabazi horiek britainiar industrializazioa finantzatzeko erabili zirela argudiatzen du. Afrikarren esklabotza Industria Iraultzaren funtsezko osagaia zela defendatzen du, eta Europako aberastasuna, neurri batean, esklabotzari esker sortua zela. Abolizioaren garaian ordea, errentagarritasuna galdu zuen eta Ingalaterraren ekonomiarako ona bihurtu zen debekatzea.[100] Joseph Inikorik idatzi du esklabo merkataritza ingelesak Williamsen kritikoek uste dutena baino aberasgarriagoa izan zela. Beste ikertzaile eta historialariek biziki argudiatu dute "Williamsen tesia" bezala ezagutzen denaren aurka: David Richardsonek ondorioztatu du esklabo merkataritzaren irabaziak britainiarren barne-inbertsioaren % 1 baino gutxiago izan zirela[101] eta Stanley Engerman historialari ekonomikoaren arabera, nahiz eta esklabo merkataritzari lotutako kostuak (esate baterako, itsasontzien gastuak, esklaboen hilkortasuna, zurien hilkortasuna Afrikan, defentsa gastuak) zein esklabo merkataritzan berriro inbertitutako irabaziak kendu gabe ere, esklabotza merkataritzaren eta Mendebaldeko Indiako landaketen irabaziak britainiar ekonomiaren % 5a baino gutxiago izan ziren industri iraultzaren edozein urteetan.[102]

Richard Pares historialariak, Williamsen liburuaren aurretik idatzitako artikulu batean, Mendebaldeko Indiako landaketek sortutako aberastasunaren eragina Industri Iraultzaren finantziazioan gutxitzen du. Bere esanetan, Mendebaldeko Indian lorturiko irabazien fluxu nagusiak industriara emantzipazioaren ostean iritsi ziren, ez lehenago.[103] Findlay eta O'Rourkek adierazi zuten O'Brienek "periferia periferikoa zela" argudiatzeko aurkeztutako datuek kontrakoa iradokitzen dutela. Izan ere, 1784-1786 urteen artean periferiaren irabaziak 5.66 milioi liberakoak izan ziren eta 10.30 milioi liberako inbertsio gordina egin zen britainiar ekonomian. Haien usten, ez du zentzurik gizakien esklabotzaren irabaziak alde batera uztea "errenta nazionalaren zati txiki bat" izan zirelako. Argudio berdinarekin, iraultza industrialik ez zela egon argudiatu liteke, industria modernoak errenta nazionalaren zati txiki bat besterik ez baitziren, eta beraz, tamaina txikiak eragin txikia esan nahi duela ondorioztatzea akats bat dela uste dute. Findlay eta O'Rourkek, halaber, adierazi zuten esklaboek sortutako merkantzien esportazio amerikarren kuota 1501-1550 urteetan % 54 izatetik % 82,5era igo zela 1761-1780 urteetan.[104]

Seymour Drescher eta Robert Ansteyk diote esklabo merkataritzak errentagarria izaten jarraitu zuela bukaerara arte, nekazaritzan berrikuntzak zirela eta; eta erreforma morala izan zela, ez pizgarri ekonomikoak, abolizioaren arduradun nagusia.[105]

Europako beste nazio batzuetan antzeko eztabaida eman da. Esklabo merkataritza frantsesak, beste inbertsio domestikoak baino errentagarriagoa zela argudiatzen da, eta seguruenik kapital pilatzea bultzatu zuen Industria Iraultza eta Napoleondar gerren aurretik.[106]

Arrazismoaren ondarea

Maulana Karengaren esanetan Afrikako gatibuen esklabo merkataritzaren ondorioa “Afrikako gizateria mundura birdefinitzeko aukeraren suntsiketa morala izan zen. Besteekin ditugun iraganeko, oraingo eta etorkizuneko erlazioak pozoitu zituen, estereotipo horren arabera ezagutzen gaituztelako bakarrik eta ondorioz gaur egungo pertsonen arteko erlazio humanoak kaltetzen ditu.” Kultura, hizkuntza, erlijioa eta giza aukera suntsitu zituela defendatzen du.[107]

Erreferentziak

  1. a b c d e f g h i j k l m n o p (Ingelesez) Lovejoy, Paul E.. (2000-08-28). Transformations in Slavery: A History of Slavery in Africa. Cambridge University Press ISBN 9780521784306. (Noiz kontsultatua: 2018-01-20).
  2. (Ingelesez) Foner, Eric. (2012). Give Me Liberty!: An American History. W.W. Norton & Company ISBN 9780393911893. (Noiz kontsultatua: 2018-01-20).
  3. (Ingelesez) The Cambridge World History of SlaveryVolume 4: AD 1804–AD 2016 - The Cambridge World History of Slavery. (Noiz kontsultatua: 2018-01-20).
  4. (Ingelesez) Baṭūṭa, Ibn; Hamdun, Said; King, Noël Quinton. (1975). Ibn Battuta in Black Africa. Collings (Noiz kontsultatua: 2018-01-20).
  5. a b c d Fage, J. D.. (1969/07). «Slavery and the Slave Trade in the Context of West African History» The Journal of African History 10 (3): 393–404.  doi:10.1017/s0021853700036343. ISSN 1469-5138. (Noiz kontsultatua: 2018-01-20).
  6. a b c d e Rodney, Walter. (1966/11). «African Slavery and other Forms of Social Oppression on the Upper Guinea Coast in the Context of the Atlantic Slave-Trade» The Journal of African History 7 (3): 431–443.  doi:10.1017/s0021853700006514. ISSN 1469-5138. (Noiz kontsultatua: 2018-01-20).
  7. a b (Ingelesez) Slavery in the ancient Near East (Chapter 1) - The Cambridge World History of Slavery. (Noiz kontsultatua: 2018-01-20).
  8. a b c d Alexander, J.. (2001). «Islam, Archaeology and Slavery in Africa» World Archaeology 33 (1): 44–60. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  9. Lovejoy, Paul E.; Richardson, David. (2001). «The Business of Slaving: Pawnship in Western Africa, c. 1600-1810» The Journal of African History 42 (1): 67–89. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  10. a b c d e Johnson, Douglas H.. (1989). «The Structure of a Legacy: Military Slavery in Northeast Africa» Ethnohistory 36 (1): 72–88.  doi:10.2307/482742. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  11. Wylie, Kenneth C.. (1969/04). «Innovation and Change in Mende Chieftaincy 1880–1896» The Journal of African History 10 (2): 295–308.  doi:10.1017/s0021853700009531. ISSN 1469-5138. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  12. a b (Ingelesez) Jr, Henry Louis Gates. (2010-04-22). «Opinion | How to End the Slavery Blame-Game» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  13. a b c d Manning, Patrick. «Contours of Slavery and Social Change in Africa» The American Historical Review 88 (4)  doi:10.2307/1874022. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  14. (Ingelesez) Bradley, Keith. Cambridge World History of Slavery: Volume 2, Ad 500ad 1420. Cambridge University Pres ISBN 9780521840675. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  15. (Ingelesez) Wesleyan Methodist Missionary Society. (1859). Wesleyan Juvenile Offering: A Miscellany of Missionary Information for Young .... [Wesleyan Missionary Society] (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  16. (Ingelesez) «Slavery | sociology» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  17. COMMERCE - JewishEncyclopedia.com. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  18. The Mamluk (Slave) Dynasty (Timeline). (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  19. C., Davis, Robert. (2003). Christian slaves, Muslim masters : white slavery in the Mediterranean, the Barbary Coast, and Italy, 1500-1800. Palgrave Macmillan ISBN 0333719662..
  20. a b (Ingelesez) «When Europeans Were Slaves: Research Suggests White Slavery Was Much More Common Than Previously Believed» Ohio State News 2004-03-08 (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  21. a b Carroll, Rory. (2004-03-11). New book reopens old arguments about slave raids on Europe. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  22. a b BBC - History - British History in depth: British Slaves on the Barbary Coast. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  23. Breaking News, World News & Multimedia. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  24. Historia de Menorca - Los saqueos turcos - Menorca.org. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  25. (Ingelesez) «Jefferson Versus the Muslim Pirates» City Journal 2015-12-23 (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  26. (Ingelesez) Davis, R.. (2003-09-16). Christian Slaves, Muslim Masters: White Slavery in the Mediterranean, The Barbary Coast, and Italy, 1500-1800. (2003 edition. argitaraldia) Palgrave Macmillan ISBN 9781403945518. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  27. CNN, John D. Sutter, Edythe McNamee,. «Slavery's last stand - CNN.com» CNN (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  28. (Ingelesez) Pankhurst, Richard. (1997). The Ethiopian Borderlands: Essays in Regional History from Ancient Times to the End of the 18th Century. The Red Sea Press ISBN 9780932415196. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  29. 1929-, Page, Willie F.,. (2001). Encyclopedia of African history and culture. Facts on File ISBN 0816044724..
  30. Ethiopia - The Interregnum. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  31. (Ingelesez) Tewodros II | Infoplease. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  32. kituochakatiba.co.ug. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  33. Wayback Machine. 2011-05-15 (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  34. Ahmad, Abdussamad H.. (1999). «Trading in Slaves in Bela-Shangul and Gumuz, Ethiopia: Border Enclaves in History, 1897-1938» The Journal of African History 40 (3): 433–446. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  35. Editorial 6. 2011-07-21 (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  36. Wayback Machine. 2012-05-21 (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  37. (Ingelesez) WebCite query result. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  38. (Ingelesez) Mekonnen, Yohannes K.. (2013-04). Ethiopia: The Land, Its People, History and Culture. New Africa Press ISBN 9789987160242. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  39. a b (Ingelesez) Unraveling Somalia | Catherine Besteman. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  40. a b c d Heywood, Linda M.. (2009/03). «SLAVERY AND ITS TRANSFORMATION IN THE KINGDOM OF KONGO: 1491–1800*» The Journal of African History 50 (1): 1–22.  doi:10.1017/s0021853709004228. ISSN 1469-5138. (Noiz kontsultatua: 2018-01-22).
  41. (Ingelesez) Akinjogbin, I. A.. (1967). Dahomey and Its Neighbors 1708-1818.. Cambridge University Press (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  42. (Ingelesez) Archive, The British Newspaper. Register | British Newspaper Archive. (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  43. a b c d e f g h i 1941-, Manning, Patrick,. (1990). Slavery and African life : occidental, oriental, and African slave trades. Cambridge University Press ISBN 9780521348676..
  44. E., Lovejoy, Paul. (1993). Slow death for slavery : the course of abolition in Northern Nigeria, 1897-1936. Cambridge University Press ISBN 9780521447027..
  45. Digital History. 2014-02-09 (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  46. 18th and Early 19th Centuries. 2001. The Encyclopedia of World History. 2008-02-02 (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  47. Blue, Gregory. (1996). «Slow Death for Slavery: The Course of Abolition in Northern Nigeria, 1897-1936 (review)» Journal of World History 9 (1): 149–152.  doi:10.1353/jwh.2005.0048. ISSN 1527-8050. (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  48. (Ingelesez) BBC World Service | The Story of Africa. (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  49. a b c (Ingelesez) Kusimba, Chapurukha M.. (2004-06-01). «Archaeology of Slavery in East Africa» African Archaeological Review 21 (2): 59–88.  doi:10.1023/b:aarr.0000030785.72144.4a. ISSN 0263-0338. (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  50. Campbell, Gwyn; Alpers, Edward. (2004-08-01). «Introduction: Slavery, forced labour and resistance in Indian Ocean Africa and Asia» Slavery & Abolition 25  doi:10.1080/0144039042000292992. (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  51. (Ingelesez) Unveiling Zanzibar's unhealed wounds. 2009-07-25 (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  52. The Historical encyclopedia of world slavery. ABC-CLIO 1997 ISBN 0874368855..
  53. (Ingelesez) Violence, Marginality, Scorn & Honour: Language evidence of slavery to the eighteenth century (Chapter 1) - Slavery in the Great Lakes Region of East Africa. (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  54. a b Klein, Martin A.. (1978/10). «The Study of Slavery in Africa» The Journal of African History 19 (4): 599–609.  doi:10.1017/s0021853700016509. ISSN 1469-5138. (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  55. D., Fage, J.. (2002). A history of Africa. (4th ed. argitaraldia) Routledge ISBN 9780415252485..
  56. a b Abdulaziz., Lodhi,. (2000). Oriental influences in Swahili : a study in language and culture contacts. Acta Universitatis Gothoburgensis ISBN 9173463779..
  57. A History of world civilizations.. Wiley [©1973] ISBN 0471844802..
  58. (Ingelesez) Focus on the slave trade. 2001-09-03 (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  59. (Ingelesez) Travels in Nubia, by John Lewis Burckhardt : chapter2. (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  60. «Glimpses #111: Livingstone alone in Africa» archive.is 2005-03-07 (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  61. Pilot Guides.com: The blood of a nation of Slaves. 2008-12-25 (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  62. (Ingelesez) Remembering East African slave raids. 2007-03-30 (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  63. (Ingelesez) WebCite query result. (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  64. Swahili Coast @ nationalgeographic.com. (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  65. Manning, Patrick. (1990). «The Slave Trade: The Formal Demography of a Global System» Social Science History 14 (2): 255–279.  doi:10.2307/1171441. (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  66. (Ingelesez) Clarke, John Henrik. (October 1996). Critical lessons in slavery and the slavetrade: essential studies and commentaries on slavery, in general, and the African slavetrade, in particular. Native Sun Publishers (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  67. (Ingelesez) The World Factbook — Central Intelligence Agency. (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  68. The United Kingdom Council for Human Rights. 2008-06-17 (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  69. Bortolot, Author: Alexander Ives. The Transatlantic Slave Trade | Essay | Heilbrunn Timeline of Art History | The Metropolitan Museum of Art. (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  70. Great Britain.. (1968). Substance of the debates on a resolution for abolishing the slave trade which was moved in the House of Commons 10th June, 1806 and in the House of Lords 24th June, 1806.. Dawsons ISBN 0712902848. (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  71. The African slave trade from the fifteenth to the nineteenth century: reports and papers of the meeting of experts organized by UNESCO at Port-au-Prince, Haiti, 31 January to 4 February 1978; Meeting of Experts on the African Slave Trade; 1979. (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  72. (Ingelesez) «West African Antislavery Movements:» DIIS 2015-07-31 (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  73. Dottridge, Mike. «Types of Forced Labour and Slavery-like Abuse Occurring in Africa Today» Cahiers d’études africaines 45 (179-180): 689–712.  doi:10.4000/etudesafricaines.5619..[Betiko hautsitako esteka]
  74. The Historical encyclopedia of world slavery. ABC-CLIO 1997 ISBN 9780874368857..
  75. NOAA Ocean Explorer: The Search for Trouvadore 2008: Anti-Piracy Patrol. (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  76. (Ingelesez) Toledano, Ehud R.. (2012-02-01). Slavery and Abolition in the Ottoman Middle East. University of Washington Press ISBN 9780295802428. (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  77. (Ingelesez) Fausto, Boris. (1999-04-28). A Concise History of Brazil. Cambridge University Press ISBN 9780521565264. (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  78. (Ingelesez) BBC. Sailing against slavery. (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  79. (Ingelesez) Mann, Kristin. (2007-09-26). Slavery and the Birth of an African City: Lagos, 1760--1900. Indiana University Press ISBN 0253117089. (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  80. (Ingelesez) Slave Descent and Social Status in Sahara and Sudan - Liverpool Scholarship.  doi:10.5949/upo9781846315640/upso-9781846311994-chapter-2. (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  81. [https://www.hrw.org/backgrounder/africa/sudanupdate.htm Slavery and Slave Redemption in the Sudan (Human Rights Watch Backgroudner, March, 2002). ] (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  82. (Ingelesez) Millions 'forced into slavery'. 2002-05-27 (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  83. CNN, By Tim Hume,. «India, China, Pakistan, Nigeria on slavery's list of shame - CNN» CNN (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  84. (Ingelesez) BBC World Service | The Abolition season on BBC World Service. (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  85. Foundation, Thomson Reuters. Humanitarian | Thomson Reuters Foundation News. (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  86. (Ingelesez) Mauritanian MPs pass slavery law. 2007-08-09 (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  87. Slavery, Abduction and Forced Servitude in Sudan. (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  88. (Ingelesez) Born to be a slave in Niger. 2005-02-11 (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  89. (Ingelesez) News, A. B. C.. (2006-01-06). The Shackles of Slavery in Niger. (Noiz kontsultatua: 2018-01-25).
  90. a b (Ingelesez) Campbell, Gwyn. (2003-09-15). Structure of Slavery in Indian Ocean Africa and Asia. Taylor & Francis ISBN 9780203011256. (Noiz kontsultatua: 2018-01-26).
  91. D., Curtin, Philip. (1969). The Atlantic slave trade : a census. University of Wisconsin Press ISBN 9780299054038..
  92. Trans-Atlantic Slave Trade. 2013-03-25 (Noiz kontsultatua: 2018-01-26).
  93. (Ingelesez) The Slave Trade: The Formal Demography of a Global System on JSTOR. (Noiz kontsultatua: 2018-01-26).
  94. (Ingelesez) How Europe Underdeveloped Africa. East African Publishers ISBN 9789966251138. (Noiz kontsultatua: 2018-01-26).
  95. (Ingelesez) Eltis, David. (1987-06-11). Economic Growth and the Ending of the Transatlantic Slave Trade. Oxford University Press ISBN 9780195364811. (Noiz kontsultatua: 2018-01-26).
  96. Inikori, Joseph E.. (1994). «Ideology versus the Tyranny of Paradigm: Historians and the Impact of the Atlantic Slave Trade on African Societies» African Economic History (22): 37–58.  doi:10.2307/3601667. (Noiz kontsultatua: 2018-01-26).
  97. (Ingelesez) Nunn, Nathan. (2008-02-01). «The Long-term Effects of Africa's Slave Trades» The Quarterly Journal of Economics 123 (1): 139–176.  doi:10.1162/qjec.2008.123.1.139. ISSN 0033-5533. (Noiz kontsultatua: 2018-01-29).
  98. (Ingelesez) Fage, J. D.. (1978). A History of Africa. Knopf ISBN 9780394474908. (Noiz kontsultatua: 2018-01-29).
  99. Marx, Karl. Economic Manuscripts: Capital Vol. I - Chapter Thirty-One. (Noiz kontsultatua: 2018-01-29).
  100. Williams Eric.. (1944/00/00). Capitalism And Slavery. The University Of North Carolina Press. (Noiz kontsultatua: 2018-01-29).
  101. (Ingelesez) British Empire and the Atlantic Slave Trade, 1660–1807 - Oxford Scholarship.  doi:10.1093/acprof:oso/9780198205630.001.0001/acprof-9780198205630-chapter-20. (Noiz kontsultatua: 2018-01-29).
  102. Engerman, Stanley L.. (1972). «The Slave Trade and British Capital Formation in the Eighteenth Century: A Comment on the Williams Thesis» The Business History Review 46 (4): 430–443.  doi:10.2307/3113341. (Noiz kontsultatua: 2018-01-29).
  103. Pares, Richard. (1937). «The Economic Factors in the History of the Empire» The Economic History Review 7 (2): 119–144.  doi:10.2307/2590147. (Noiz kontsultatua: 2018-01-29).
  104. Ronald., Findlay,. (2007). Power and plenty : trade, war, and the world economy in the second millennium. Princeton University Press ISBN 9780691143279..
  105. (Ingelesez) British West Indies in the Age of Abolition, 1748–1815 - Oxford Scholarship.  doi:10.1093/acprof:oso/9780198205630.001.0001/acprof-9780198205630-chapter-19. (Noiz kontsultatua: 2018-01-29).
  106. Daudin, Guillaume. (2004). «Profitability of Slave and Long-Distance Trading in Context: The Case of Eighteenth-Century France» The Journal of Economic History 64 (1): 144–171. (Noiz kontsultatua: 2018-01-29).
  107. AFRICAN HOLOCAUST| Engaging the Holocaust of Enslavement. (Noiz kontsultatua: 2018-01-29).

Kanpo estekak