(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Beñat Axiari - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Beñat Axiari

Wikipedia, Entziklopedia askea
Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.
Beñat Axiari
Bizitza
JaiotzaDonapaleu, 1947 (76/77 urte)
Herrialdea Nafarroa Beherea, Euskal Herria
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
euskara
Jarduerak
Jarduerakabeslaria eta egile abeslaria
Musika instrumentuaahotsa

Musicbrainz: d92f350f-c17d-4fe5-b1cd-b5ecd510fd06 Songkick: 2231151 Discogs: 894194 Allmusic: mn0000141581 Edit the value on Wikidata

Beñat Axiari edo Beñat Achiary (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1947) euskal kantaria eta perkusiojolea da. Baionako Kontserbatorioan ahots teknikaren irakaslea da.

Biografia

Euskal folkak emandako talderik berritzaileena izan zen Urria. Inprobisazioan oinarritutako herri musikaren irakurketa aberatsak, taldearen zuzeneko emanaldi ikusgarriek eta Iparraldeko bizitza kulturalarekin zuten lotura zuzenak itzal handiko taldea bilakatu dute, nahiz eta sekula ez izan ezagun-ezaguna. Beñat Axiari (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1947) kantari eta perkusio jotzailearen jardun aberatsak jarraipena eman dio Urriaren izateari.

"Talde hau ez da orain denbora bateko Urria talde bera. Beste pertsona batzuekiko harremanetatik sortu da; elkar barne topatzeko eta gure kasualitatezko hitzetan eta gure elkar kutsatzean sorturiko musika bat egiteko gogo bizitik", zioten Bruma altxatzean (IZ, 1979) taldearen disko bakarraren sarreran. Berez, testu horrek ederki kokatzen gaitu euskal folkak emandako talderik iraultzaileenaren ikuspegian. Iraultzailea, musika egiteko zein ulertzeko eragatik, eta iraultzailea, haien ikuspegi politikoagatik zein hainbat herri mugimendurekin zuten harremanagatik.

Claude Etxelekonek (gitarra), Christine Martineauk (biolina), Pantxoa Axiarik (perkusioa), Christian Vienssansek (saxofoia, flauta, kapoul), Beñat Axiarik (ahotsa) eta Bruno Roman Ruizek (biolina) osatzen zuten taldea garai hartan. Laster batean bildu zitzaien Pascal Gaigne okzitandar jatorriko gitarrista eta konposatzailea (Amaia Zubiria, Imanol). Inprobisaziotik zein herri musikatik edaten zuen taldeak, eta horregatik, agian, askoz ere ikusgarriagoa gertatzen zen zuzenean. Horrela azaldu zuen Beñat Axiarik: "Urriaren erreferentziak askotxo dira. Hasteko, Euskal Herriko musika tradizional batzuen oihartzuna dago. Nire barruan ditudan Zuberoako doinuak betiere kantatzen segitzen dut. Baina badira beste eragin musikal batzuk ere. Europako bat-bateko musikaren ildotik datozenak eta hemen guztiz ezezagunak direnak" (1).

Garai hartako euskal folk taldeekin alderatuta, nabaria da Urrian dagoen haustura gogoa. "Garbi azaltzen da konflikto bat dela, eta nik uste dut maila jakin batean gure lur honetan ez dagoela kultura sortzerik hausturarik burutu gabe, aurrerapauso bat eman gabe nolabait. Gero ere, gure komunikazioaren edukiak entzute jarrera bat eskatzen du, entzute jarrera aktibo bat. Ez gauza baten jasotze soila. Erlazio berri batzuk sortu nahi ditugu publikoarekin, eta hori ez dago sekula aldez aurretik irabazia, hori guk irabazi behar dugu. Espektakuluaren magiaren bitartez lortu beharra dago hori" (1). Horixe gertatu zen, hain zuzen ere, Urriaren beste ekarpen berritzaile nagusia: taldearen eszenaratze landua.

Taldekideek harremanak zituzten Iparraldeko zein Frantziako hainbat antzerki talderekin, eta emankorra gertatzen zen haien arteko hartu-emana, baita hainbatetan elkarlana ere. Hartu-eman horiek jarraituak izan dira, gainera, Beñat Axiariren kasuan (Tafurs, Theatre des Chimeres, Theatre Du Rivage, Koldo Amestoi, Biarritz Balleta...).

Pascal Gaignek, Beñat Axiarik eta Christine Martinauk osatu zuten taldearen muina 80ko hamarkadaren bigarren erdialdera arte, talde desagertu zen arte. Sekula ez zuten erabateko arrakastarik izan, baina beren nortasun berritzailearen lekukotasuna utzi zuten hamaika emanaldi eta elkarlanetan.

Pascal Gaignek ibilbide mamitsua egin du ondoren, bai hainbat musikariren gitarrista gisa, bai Amaia Zubiriarekin osatutako bikotean, bai konposizioaren alorrean, hainbat filmetarako musika sortuta.

Beñat Axiari bilakatu da, zalantzarik gabe, Urriaren "izpirituaren" jarraitzaile zuzena. Ibilbide emankorra egin du eta Europan Euskal Herrian baino ezagunago da. Alde batetik, euskal tradiziotik hurbilago dauden diskoak ditu: Arranoa (Ocora, 1988), Ene kantu ferde ta urdinak (Elkar, 1989), Euskal kantak Ama-Lur abesbatzarekin grabatutako lana (EMI, 2001)... Bestetik, inprobisazioaren mundutik zuzenean edaten duten lanak ditu: Achiary, Carter, Holmes (CCAM, 1994); Ce n'est pourtant (L'Empreinte Digitale, 1996), Michel Doneda saxofoi jotzailearekin egindakoa; Leitza larrea (Agorila, 2000); La cité invisible: rencontre à Casablanca (Nord Sud, 2003), gwana musika, flamenkoa eta euskal kantaren arteko topaketa bitxia... Halaber, kolaboratu egin du Pedro Soler gitarristarekin (Près du coeur sauvage...), Etage 34 rock taldearekin (Etage 34)... Azkenik, bestelako hamaika ikuskizunetan ere parte hartu du -Emazte zuriaren bila ikuskizuna; Santa Kruz apaiza eta Juan Martin Pueyrredon pastoralak; Oihana auhenka ikuskizuna; Batekmila, antzerkia eta dantza uztartzen dituena...- eta bere nortasunaren arrastoa utzi du Axiarik

Guztira, hamabost disko baino gehiago grabatu ditu, eta askok esan izan dute Europako ahots hoberena duela Beñat Axiarik. Vietnamdik Marokora doazen mundu osoko hamaika musikarirekin lan egin izan du eta etengabea dabil Europa osoko agertokietan. Gainera, Ipar Euskal Herriko bizitza kulturalaren animatzaile aipagarria da, Errobiko Jaialdia antolatzen baitu, mundu osoko ahozko transmisioaren inguruan 1995etik urtero Itsasun (Lapurdi) egiten den jaialdia.

Diskografia

Bakarkako lanak

Beste lanak

Kolaborazioak

  • Iparragirre. Zure oroiz (1981, Xoxoa)
  • Plaza 99 (2000, Jazzle)
  • Songs of the Spanish Civil War (2000, Leo Records)

Erreferentziak

Kanpo loturak

Euskal musika
Euskal musika
Artikulu hau Euskal musika Wikiproiektuari lotuta dago. Honelako artikuluekin lagundu nahi baduzu, jo ezazu wikiproiektuaren orrira.