(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Txosten - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Txosten

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txosten bateko hiru orri. Txostenaren orri pare batean bigarren esku batek idazluma urdinaz gehitutako oharrak ikus daitezke. Orrietako goiburuetan txostenari ofizialtasuna ematen dioten edo egiletasuna erakusten duten atalak ikus daitezke.

Txostena, batzuetan dosierra ere deitua, gai jakin bati buruz informazio zehatza modu sistematiko batean biltzen duen agiri eta testu-mota bat da. Informazioarekin batera, askotan, zenbait gomendio edo aholku eman ohi dira. Gaur egun, txostenak formatu askotan aurkezten dira. Garai bateko paperezko txostenen lekua bete dute formatu digitaleko txostenek. Lehen paperean aurkezten baziren ere, gaur egun pendrive, CD, DVD, webguneetan online formatuetan aurkezten dira.

Txostenaren atalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Txostena - EWKE - 2022 Hezkuntza. (Egin klik irudian txostena ikusteko).

Txostenetako izenburuak luzeak izan ohi dira. Txostenean agertuko den gaia eta informazioaren nondik-norako batzuk agertu ohi dira izenburuan bertan. Batzuetan izenburuarekin batera bigarren mailako azpi-izenburu moduko bat agertu ohi da izenburuaren osagarri. Izenburuan bertan gai nagusia zein ote den ikusi ohi da, eta denbora-espazio koordenada batzuk agertu ohi dira.

Geroago txosteneko gorputzean garatuko denaren sinopsi edo laburpena agertu ohi da hasieran. Bestela, hasierako paragrafoan edo paragrafoetan geroago agertuko den informazioaren aurrerapena agertu ohi da. Beste aukera bat: geroago jorratuko den gai nagusiaren aurkezpena egitea sarreran.

Nahita saihetsiko diren zenbait kontu ere aipatu ohi dira sarreretan. Erabiltzen den informazio iturri nagusiak zeintzuk diren sarreran bertan aipa daitezke, eta iturri horien fidagarritasunari edo mugei buruz zerbait adieraz daiteke labur sarreran bertan.

Txotenak, oso laburra ez bada, aurkibide bat izan ohi du.

Txostenaren gorputza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atal nagusia da. Txostenaren gai nagusiari buruzko informazio objektiboa biltzea du helburu nagusi. Aurkitutako informazioa modu ordenatuan, estrukturatuan agertu behar. Informazioa modu zehatzean, argian eman behar. Tonua ez da polemikoa izan behar, neutroa baizik. Egiten diren baieztapenak, ematen diren informazioak objektibotasunetik ahalik eta hurbilen jartzeko ahalegina antzeman beharko.

Informazio igorpen nagusia, analisi mamitsuenak txostenaren gorputzean kokatu ohi dira.

Datuak, estatistikak, informazio ahalik eta objektiboenak txostenaren gorputzean erakutsi eta gero, txostenaren amaiera aldera "Ondorioak" izeneko edo antzeko izeneko atala agertu ohi da. Txostenaren helburua ez da errealitatea azaltzea edo deskribatzea besterik gabe; errealitate horretan eragitea izaten da helburu. Horretarako txosteneko egilea edo egileak bere objektibotasunetik urruntzeko arriskua hartu ohi dute eta aholku, gomendio eta iritziak gehitzen dituzte txostenaren amaiera aldera.

Txostenak gogatzeko helbururik balu, bairatzeko helbururik balu, helburu horiek lortzeko txostenak ondorioetan eman beharko ditu bere onenak. Aurreko ataletan emandako datuak ondo antolatu behar dira ondorioetan tesi bat indarrez defendatu ahal izateko.

Informazio iturrien aipuak, estatistika datuak, estatistika taulak, bibliografia, interneteko estekak, taulak, grafikoak, aipuak...

Txostenaren hizkera eta estiloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txostenaren estiloa subjektibitatea saihesteko eta objektibotasuna bilatzeko asmoa erakutsi beharko luke. Ez lirateke testu hauek apaingarri erretorikoez jositako testuak izan beharko. Honelako estiloa proposatzen da zenbait estilo liburutan:

  • Esaldi denotatiboak.
  • Esaldi laburrak, zehatzak.
  • Anbiguetaterik gabeko adierazpenak.
  • Lexiko espezifikoa, jakintza arloari dagokion hiztegi teknikoa.
  • Hizkuntza-erregistro formala, ez lagunartekoa.
  • Ikuspuntu ahalik eta objektiboen erakusten duten adierazpideak.

Txosten bat prestatzerakoan kontuan hartzekoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txostenaren irakurketa erraztuko duten zenbait baliabide erabili beharko lirateke.

  • Txostenaren hasieran edota bukaeran egilearen izena, data, non-noiz kontuak, argi geratu behar dira.
  • Txostenaren izenburuak gaiaren mamiari egin beharko dio erreferentzia. (Ez da hau apaingarri erretorikoetan ibiltzeko testu-motarik aproposena).
  • Txostenaren izenburuarekin batera txostenaren xede nagusia, helburu nagusia, erraz ulertzeko moduan ikusi beharko.
  • Hartzaile jakin bat egongo dela aurreikusten denean, txostenaren hasiera-hasiera hartzailearen erreferentzia egin beharko.
  • Hartzaileari txostenean erabiltzen diren termino batzuk ulergaitzak irudituko zaizkiola aurreikusiz gero, txostenean glosario bat erantsi beharko.
  • Txostena testu luzea bada, ataletan eta azpiataletan zatituz gero, testua ulergarriago agertuko da.
  • Txostenaren atalen hurrenkera ahalik eta ulerterrazen izan beharko luke; gertakizunak era kronologikoan aurkeztuz, esate baterako.
  • Oso kontuan hartu behar da txostenaren hartzailea nor izango ote den. Hartzailea nor izango ote den jakinda kontu asko jakintzat eman daitezke edo beste muturrean, behar bada, oinarri-oinarrizko kontuak azaldu egin beharko dira.
  • Txostena ez da alferrik luzatu behar. Hartzaileari kontuak errazteko ahaleginetan txostena idazten duenak gauzak labur azaltzeko ahalegina egin beharko.
  • Txostenaren amaiera aldera komenigarri izaten da erabilitako informazio iturriak, bibliografia-eta aipatzea.


Txostenetan zigilu-markak, orrialde-goiburuak, oin-oharrak, argazkiak, irudiak, sarrera edo irteera datak, enpresa baten izena, administrazio baten atal bateko identifikazio-ezaugarriak eta beste hainbat elementu ager daitezke. XXI. mendean txostenak hainbat moldeko letra-tipoekin aurkeztu ohi dira baina eskuz egindako gain-oharrak eta ager daitezke.

Zenbait estilo liburuek txostenak txukun aurkezteko aholkuak ematen dituzte.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]