(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Pitxartxar burubeltz - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Pitxartxar burubeltz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pitxartxar burubeltz
Emea
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaMuscicapidae
GeneroaSaxicola
Espeziea Saxicola rubicola
(Linnaeus, 1766)[1]
Kumaldiaren tamaina5
Errute denbora15 egun

Pitxartxar burubeltza (Saxicola rubicola)[2] muscicapidae familiako hegazti paseriformea da, Europan eta iparraldeko Afrikan hedaturik dagoena. Taxoi eztabaidatua izan da, berriki arte Saxicola torquatus-en subespezietzat hartzen baitzen.[3]

"Pitxartxar" izen onomatopeikoa da, txoriak egiten duen klaskada imitatuz sortutakoa. Katalanek, esate baterako, bitxac izenaz ezagutzen dute eta ingelesek, berriz, chat deitzen diote.[4]

13 cm-ko luzera eta 15 gramoko pisua duen hegazti intsektujalea da. Arrak buru eta bizkarralde beltza, ipurtxuntxur zuria, bular arre-gorrixka eta bi aldeetan orbain zuriz apaindutako lepoa ditu. Emeak, berriz, antzeko kolore-banaketa duen arren, kolore motelagoak ditu. Gazteak ere emearen antzekoak dira, baina lumaje pintarratuaz jantzita egoten dira. Lumaje polit horri esker erraz ezagutzeko moduko txoria da eta, nahastekotan, ziurrenik beste pitxartxar-espezie batekin nahasiko genuke, pitxartxar nabarrarekin (Saxicola rubetra), alegia. Azken honek, burubeltzak ez bezala, bekain zuria du eta baita buztanean orbain zuriak ere, besteak beste.[4]

Janzkera berezia edukitzeaz gain, pitxartxar burubeltzak identifikatzen lagun gaitzaketen jokaera bereziak ere ditu. Argindar kableetan, belardien arteko hesietan, zuhaixken puntatan eta antzeko leku deigarrietan pausatzeko ohitura du. Horregatik, eta gizakiarekiko beldur gutxi erakutsi eta eremu zabaletan ibiltzeagatik, ez da zaila gertatzen ederki ikustea. Batetik bestera hegan doanean, bestalde, lurretik oso gertu joaten da eta hegaldi motzak egin ohi ditu. Ezagutzeko egokia da, azkenik, etengabe buztan eta hegalak astintzeko ohitura eta, nola ez, hasieran aipatu dugun “pii-txar-txar” delako dei famatua.[4]

Europako erdialde eta hegoaldean eta Afrikako ipar-mendebaldean bizi da. Iberiar penintsulan, iparraldean eta mendebaldean da ugarien eta Euskal Herrian habiagile arrunta da. Itsas ertzetik mendi-larreetara heltzen da eta, Ebro aldean, goi-mendian eta basoz guztiz estalitako eskualdetan izan ezik, ia nonahi erraz aurkitzeko moduko espeziea da. Erdialdeko Europako pitxartxar askok hegoaldera egiten du neguan. Euskal Herrikoak, aldiz, sedentarioak direla dirudi.[4]

Habitatari dagokionez, zabalgune eta leku irekiak atsegin zaizkio; otadi, txilardi eta zuhaixkadun larretan, sastrakadun alorretan eta baso ertzetan bizi da, itsas mailatik 1.400 metrotik gorako garaieraraino.[4]

Moko eta hanka finek erakusten dutenez, pitxartxar burubeltza zomorroz elikatzen da. Zelatari fina, intsektu, armiarma, har, barraskilo eta abarren zain egoten da, zeozer sumatu ahala, goitik behera jaitsi eta mokoaz harrapatzeko. Neguan, hala ere, elikagai horiek behar bezain ugari izaten ez direla eta, fruitu eta haziak ustiatzen ditu elikagai gisara.[4]

Pitxartxar burubeltzaren arrautzak

Martxo bukaera aldera eta udaberriko grinak bultzatuta, arra, lumaje distiratsuenaz jantzirik, 1-2 hektarea inguruko lurraldearen mugak txistu eta mintzuruka defendatzen hasten da. Horretarako hegan has daiteke, hegal-kolpe bakoitzarekin batera txio eginez, edota pausaleku deigarriren batetik kantatu. Baina arra poligamoa denez eta ugaltze sasoi batean zenbait emerekin pareka daitekeenez, eme adina lurralde izango ditu eta, noski, lanez gainezka egoten da zainketa-lan guztiak burutzen. Horretxegatik, hauxe izaten da pitxartxarra ikusteko garai aproposena, erabat leku nabarmenetan kantari aritzen delako. Tarteka, pausalekuetako batean dotore asko jarrita ikusiko dugu, emea erakartzeko txirularen doinuko kantu berezia lau haizetara zabalduz. Emea hurbiltzen denean, eztei-jolasean hasten dira eta arra emearen atzetik hegan ziztu bizian ibiltzen da.[4]

Apiriletik aurrera eta inork ez aurkitzeko moduko zoko edo landare-tarteren batean ongi ezkutatuta, emeak ontzi-itxurako habia eraikitzen du. Batzuetan, sastraka baten erdian ezartzen du, eta adarren artetik tunel bat irekitzen du inork ikusteke bertaraino ailegatzeko. Goroldio, sustraitxo, lumatxa eta belarrez gain, ilea erabiltzen du barrualdea goxatzeko. Lan hauek amaitzerakoan, tita arre-gorriztaz apainduriko 4-6 arrautza urdin erruten ditu. 13-15 eguneko txitaketa ere emeari dagokio, eta arra, berriz, lurraldea defendatu eta ugalkidearentzat (edota ugalkideentzat) bazka ekartzeaz arduratzen da.[4]

Kumeak jaiotzen direnetik habia uzten duten arteko bi asteak gurasoentzat atseden izpirik gabekoak izaten dira, txita aseezinak bazkatzeko etengabe ehizan aritu behar izaten dutelako. Ahalegin itzel horretaz jabetzeko, hona hemen datu aski esanguratsua: egun bakar batean gurasoek 300 joan-etorritik gora egiten dituzte habiara bazka eramateko! Gainera, lehenengo txitaldia goiz hasten dutenez, normalki bigarrena ere aurrera ateratzen dute eta batzuetan hirugarrena ere bai. Kontuak atera, beraz, ugaltze sasoia bukatzen denerako zer nolako joan-etorri pila egin behar izan duten pitxartxarrek.[4]

Euskarazko beste izen batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txori honek euskaraz baditu beste izen batzuk: Bistretxa, Istra, Karkapitta, Larretxori, Mugatxori, Munatxori, Otatxori, Pitxartxar, Tratra, Txartxara, Txinbo karkar, Txintxart.[5]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Saxicola rubicola. avibase.bsc-eoc.org (Noiz kontsultatua: 2021-4-23).
  2. Pitxartxar burubeltza. txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-4-8).
  3. Wink, M., Sauer-Gürth, H., Gwinner, E.. Evolutionary relationships of stonechats and related species inferred frommitochondrial-DNA sequences and genomic fingerprinting. British Birds, 95, 349–355 (Noiz kontsultatua: 2021-4-8).
  4. a b c d e f g h i Elosegi Irurtia, Miel Mari. Pitxartxar burubeltza, esan eta izan. Elhuyar, 119. zenbakia, 1997/05/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-4-8).
  5. «Pitxartxar burubeltza» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-06).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]