Akain-belar
Akain-belar | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Malpighiales |
Familia | Euphorbiaceae |
Leinua | Acalypheae |
Generoa | Ricinus |
Espeziea | Ricinus communis |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | akain hazi, errizino-olio eta errizina |
Akain-belarra (Ricinus communis) euforbiazeoen familiako belar-landare luzea da, lurralde epeletan urtekoa, eta lurralde beroetan iraunkorra dena. Hosto zabalak eta lore txiki gorriak ditu. Oso hazi oliotsua du (% 80). Heste-aringarri gisa erabili izan da olio hori, alegia, errizino-olio ezaguna. Berez Afrikakoa da, baina klima epeleko eta beroko herrialde askotara zabaldu du gizakiak.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Akain-belarra izena badu ere zuhaixka bat da. Zurezko enbor eta adarrak itu, barrutik hutsik daudenak. Adarrak, pezioloak eta kasu batzuetan hostoak gorrindol kolorekoak izaten ditu eta sarritan hauts zuri batek estaltzen ditu.
Hostoak oso handiak dira, palmatuak, 5-9 lobulu izaten dituzte eta ertza horzduna dute. Pezioloa luzea izan ohi da.
Loreek infloreszentzia handiak osatzen dituzte. Lore arrak infloreszentzien azpialdean kokatzen dira eta lore emeak infloreszentzien gainaldean. Ia urte guztian izaten du loraldia.
Fruitua globularra da eta arantzaz estalirik dago. Hiru atal ageri ditu eta bakoitzak hazi bat gordetzen du. Errizina izeneko toxina bat du, albumina motako proteina da. Fruitua lehortzen denean palanka baten bidez hazia hamar metrotara jaurtitzen du. Horrela lortzen du landareak hedatzea.
Hedapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klima epel edo beroa atsegin du, izozterik izango ez duena. Antzinatik erabili izan denez mundu guztian hedaturik dago. Dirudienez Etiopian du jatorria[1].
Kanarietan adibidez espezie inbaditzailea da. Azkar hedatzen ari da eta bertako espezie endemikoak mehatxatuta daude[2].
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haziak oso toxikoak dira errizina izeneko albumina ugari dutelako. Hazi gutxi batzuk murtxikatuz gero gastroenteritis latza sor daiteke. Deshidratazio horrek gibela eta giltzurrunak kaltetu ditzake eta kasu larrienetan heriotza eragin ere bai. Ezagutzen den toxina biologiko indartsuenetako bat da[3][4].
Haziak zukutuz eta ondoren errizina suntsitzeko berotuz errizino-olioa ateratzen da. Duen azido rizinoleikoagatik libragarri ezagunenetakoa da. Oso zapore txarra du hala ere.
Errizino-olioak baditu margo eta bernizen industrian ere erabilerarik, bai eta lubrifikatzaile eta balazta likidoen ekoizpenean ere.
Lorategietan ere erabiltzen da landare polita delako[1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b «Ricinus communis - ficha informativa» www.conabio.gob.mx (Noiz kontsultatua: 2023-10-31).
- ↑ «Exos» www.biodiversidadcanarias.es (Noiz kontsultatua: 2023-10-31).
- ↑ (Gaztelaniaz) «SEMILLA COMÚN, TOXINA LETAL – Ciencia UANL» cienciauanl.uanl.mx (Noiz kontsultatua: 2023-10-31).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Envenenamiento con ricina» Mayo Clinic (Noiz kontsultatua: 2023-10-31).