Aorta arteria
Aorta arteria | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | set of all arteries (en) great arteries (en) |
Konponenteak | ascending aorta (en) aortic arch (en) beheranzko aorta |
Artikulazioa | Ezkerreko bentrikulua Arteria femorala |
Identifikadoreak | |
Latinez | artèria aorta o només aorta |
MeSH | A07.015.114.056 |
TA | A12.2.02.001 |
FMA | 3734 |
Terminologia anatomikoa |
Aorta[1] giza organismoko arteria nagusia da. Bihotzeko ezkerreko bentrikuluan du jatorria, eta hasierako ibilbidea goranzkoa da. Ondoren, arku itxura duen aortaren arkua edo makoa osatzen du, bizkarrezurraren ezker alderantz bideratzen dena. Arku honen jarraipena beheranzko-aorta da, eta azken honen lehen atala, aorta torazikoa izango da, beherantz bideratzen dena (behe atzeko mediastinotik). Behin beheranzko-aortak diafragma aorta-hiatotik zeharkatzean, abdomen-aorta bilakatzen da, bukaera aldean bi ilion-arteria komunetan banatuko dena. Arkutik ondorengo ibilbide guztia sakonaldetik burutzen du aortak, bizkarrezurraren aurreko aldean kokatzen baita. Organismoko arteria guztien jatorria da, eskuin bentrikulutik biriketara bideratzen diren birika-arteriena izan ezik. Bere helburua gorputzeko zelula guztiak hornitzea da, hauen metabolismorako behar dituzten mantenugai eta oxigenoa duen odola garraiatzen eta bideratzen baitu bere adarren bitartez.
Ezaugarriak[2]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aortaren batazbesteko diametroa 2,5 zm-koa helduetan eta bere funtzioak burutzea laguntzen duten ezaugarri histologiko konkretuak ditu. Odol-hodiaren hormek elastina kopuru handia dute, aortari distentsibilitate eta elastikotasun ezaugarriak ematen dizkiona. Azken ezaugarri hauek odolaren ponpaketan ezinbesteko garrantzia izango dute. Honen ondorioz, bihotzaren uzkurketan edo sistolean ezker bentrikulutik kanporatzen den odol-fluxuak aorta zabaltzea eragiten du. Une horretan aortan neurturiko presioari presio sistoliko deritzo. Eragindako zabalera edo distentsio hori ezaugarri elastikoak dituzten arterietan zabalduko da uhin gisa. Odol-fluxuak aorta zein ondorengo arteria elastikoetan eragindako zabaleraren garraioari pultsu-uhin deritzo.
Diastolean edo bihotz-erlaxazioan, aldiz, balba-aortikoa ixtearen ondorioz, aortara ez da odol-fluxurik bideratuko. Hala ere, aorta-balbaren itxieraren ondorioz, presio arteriala zertxobait igotzen dela nabari dezakegu; uhin dikrotoa deritzo fenomeno honi. Aortak duen ezaugarri elastikoari esker, bere aurreko formara itzuliko da, odol-fluxua aurrerantz bideratuz (fluxu ez-etena). Diastolean aortan neurturiko presioari presio diastoliko deritzo, eta odol-fluxuak arterien hormen aurka egiten duen gutxieneko indarra da. Sistole eta diastolean odol-fluxuaren presioak desberdinak direnez, fluxua taupakaria dela esaten da.
Sistolean eta diastolean odol-fluxuak eragindako arterien deformazioari (zabaltze eta bere aurreko formara itzultzeari), Windkessel gertakaria deritzo.
Jatorri enbrionarioa[3][4]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zirkulazio-sistema garapen enbriologikoaren 3.astearen erdialdera garatzen hasten da, enbrioiaren nutriente beharra areagotzen denean. Garapen honen aurretik, 13 eta 15 egunen artean, epiblastotik zelula berezi batzuk diferentziatu eta epiblasto eta hipoblastoaren artean interposatuko dira, enbrioi barneko zelula mesodermikoak bihurtuz. Hauek enbrioi-plaka osoan zehar hedatzen diren arren, plaka orala inbaditu ezin dutenez, honen alde kranealean eremu kardiogenikoa deituriko akumuluazio berezi bat sortuko da (22. egunean). Eremu honek tutu itxura hartuko du.
Ondoren, tutu kardiakoa (bihotza bihurtuko dena) tolestu egingo da kabitate perikardikoan sartzeko eta garatzeko helburuarekin (bertan tolesturekin jarraituz). Bihotza bi aldeetan desberdinduko da: aurikula eta bentrikulua.
Hauen tabikazio prozesua ematen den heinean, bihotza 4 kabitatetan banatuko da.
Bentrikulua bitan banatzen den moduan, irteerako hodiak, tutuaren barneko erdialdean fusionatuko diren bi hemipareten bidez, banaketa prozesua jasango du, tabike tronkokonala eratuz. Egitura hau ia bere osotasunean ertz neuraleko zelulez osatuta egongo da. Banaketa honek bihotzaren irteera-hodia bi zatitan bereiziko du: ezkerretik aorta-arteria eta eskuinetik birika-arteria. Hauetan balba sigmoideoak garatuko dira. Beraz, 2 balba sigmoideo aurkituko ditugu, honetariko bakoitzak 3 ilargierdi-itxurako balbula dituelarik.
Hala ere, hodi bateratuak espiral forma hartuko du, eta ondorioz, behatzeko planoaren arabera egiturak posizio desberdinetan ikusiko dira.
Aortari dagokionez, garai goiztiar batean 2 aorta dortsal egongo dira, berehala batu egingo direnak aorta dortsal bakarra osatzeko. Hala ere, zati bat mantenduko da bikoiztuta, arku aortikoak izango direnak, hain zuzen ere. Hauek arteria enborraren dilatazio berezi batetik (zaku aortiko deiturikoa) sortuko dira. Arku aortikoek arku faringeoak odoleztatuko dituzte eta hauek garatzen diren neurrian, arku aortikotik, arku faringeo bakoitzari dagokion arteria garatuko da.
Arku aortikoen garapena bihotza garatzen den bitartean emango da. 6 izango dira:
- I/II. arku aortikoak: Desagertzen dira. Lehenengo arkuaren arrastoak barail-arterian topa daitezke. Bigarren arkuarenak, berriz, pertsona heldu batean hoide-azpiko arterian eta arteria estapedioan ikusiko dira.
- III. arku aortikoa asko garatuko eta karotida sistema emango du. Arteria hau lepoaren bi aldeetan dagoen arteria nagusia izango da eta garai enbrionarioan bitan banatuko da: barneko eta kanpoko karotida arteriak.
- IV. arku aortikoa: Karotida sistemaren simetrikoa izango da, laugarren arkua izan ezik. Alde bakoitzean desberdin garatuko da. Eskuinaldean, eskumako lepauztai-azpiko arteria (eskumako gorputz adarra odoleztatuko duena) eta zazpigarren segmentu-arteko arteria (laguntzailea dena) emango ditu. Ezkerraldean, aldiz, aorta makoa eta zazpigarren segmentu-arteko arteria garatuko dira, azken honek ezkerreko aldea odoleztatzen duelarik.
- V. arku aortikoa: Ez da garatuko (soilik arrainetan brankiak osatzeko).
- VI. arku aortikoa: Arteria pulmonarrak/birika arteriak garatuko dira.
Arku aortikoez gain beste arteria batzuk eratuko dira aorta dortsaletik: segmentu-arteko arteriak edo somatikoak, orno-arteria, bitelo-zakura doazen arteriak, alboko arteria esplaknikoak, arteria iliakoa, arteria sakroa, zilborreste-arteriak, etab.
Atalak eta ibilbidea[5]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nagusiki bi sailkapen mota daude. Alde batetik, ikuspegi anatomikoa kontuan harturik toraxeko aorta (bihotzetik diafragmara) eta abdomeneko aorta (diafragmatik aortaren bifurkaziora) bereiz daitezke. Bestetik, odol-fluxuak egiten duen ibilbidea kontuan harturik, 3 atal nagusi bereiz daitezke: goranzko aorta, aortaren makoa edo arku aortikoa eta beheranzko aorta.
Goranzko aorta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aortaren lehenengo zatia da, bihotzaren ezkerreko bentrikuluan kokatutako balbula aortikoan hasi eta aortaren makoan amaitzen dena. 5 zentimetroko luzera du gutxi gorabehera. Hasieran, birika enborraren atzean eta ezkerraldean kokatzen da, baina hauek gurutzatzen dira eta aorta aurrerantza eta eskuinerantza desplazatzen da. Bi hauek perikardio zaku berberean sartuta daude. Jatorrian dilatazio bat nabarmentzen da, bulbo aortikoa deiturikoa, non aortaren sinua edo Valsalvaren sinua kokatzen den. Bertan bi koronario arterien, ezkerrekoa eta eskuinekoa, sorrera kokatzen da.
Aortaren makoa edo arku aortikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]T4 mailan aortak ezkerreranzko eta atzeranzko arku bat osatuko du; horrela, erdiko behe mediastinoan egotetik atzeko behe mediastinora egotera pasatuko da. Bestalde, ezkerreko bronkio nagusiaren gainetik igaroko da eta hestegorria baino zertxobait atzerago eta honen ezkerraldean kokatuko da.
Beheranzko aorta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aortaren makotik aorta bi arteria iliako komunetan banatzen den mailaraino (L4) doan zatia da. Bi atal bereizten dira, kokatzen diren barrunbearen arabera:
Beheranzko toraxeko aorta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aortaren makotik diafragmaraino doan zatia da. Hestegorria baino zertxobait atzerago eta honen ezkerraldean kokatzen da. Diafragma T12 mailan aortaren hiatotik edo erdiguneko arku itxurako lotailutik zeharkatuko du eta abdomeneko aorta deitzera pasatuko da.
Beheranzko abdomeneko aorta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Diafragmatik aortaren bifurkaziora doan zatia da. Hestegorriaren abdomeneko zatiaren atzealdean eta beheko kaba zainaren eta bizkarrezurraren ezkerraldean kokatzen da. L4 mailan bitan banatzen da eta ezkerreko eta eskuineko arteria iliako komunak emango ditu.
Aorta-adarrak[1][6][7]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aortak hainbat adar emango ditu, gorputzeko organo eta ehun ezberdinak odolezatzeko eta horrela bihotzeko odola gorputz osotik banatzeko.
Beraz aortaren atal ezberdinetatik adar ezberdinak aterako dira.
Goranzko adarra
|
Aortaren makoa
|
Torax aorta
|
Abdomen arteria
|
Ezkerreko eta eskubiko leon-arteria batuak: L4 mailan sortuko dira.
|
Patologiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aorta-aneurisma[8]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aortako aneurisma, aorta hormaren ahultasunak eragindako dilatazio lokalizatu bat izango da. Kasu gehienetan (kasuen %90), gaixotasun honen arrazoia arteriosklerosi aldaketa degeneratiboetan oinarritzen da, hala ere, ez da kausa bakarra izango.
Kausak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kausei dagokionez, aortako aneurismak hipertentsioarekin, tabakismoarekin, eta arterioesklerosiarekin erlazionatu dira. Baita, aortaren hormako kolagenozko eta elastinazko matrize estrukturalaren degenerazioa eragiten duten alterazio genetikoekin erlazionaturiko beste etiologia batzuk ere.
Motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aortako aneurismak Crowford sailkapena (Aneurisma torakoabdominalen salkapena) erbiliz sailkatzen dira:
Mota | Aorta torazikoan duen eragina | Abdomen aortan duen eragina |
I | Aorta torazikoaren goi herenetik | Aorta abdominalaren goi hereneraino |
II | Aorta toraziko osoa | Giltzurrun-azpiko aortaraino |
III | Aorta torazikoaren behe herenetik | Aorta abdominalaren eremu distaleraino |
IV | Ez dago eraginik | Aorta abdominal osoa |
Aneurisma mota ohikoena, giltzurrun-azpiko aortako aneurisma (IV mota Crowford sailkapenean) dira. Oro har, aneurisma hauek giltzurrun-arterien azpikaldetik sortzen dira eta aortaren bifurkazioraino luzatzen dira. Gerta liteke, kasu batzuetan arteria iliakoetaraino luzatzea aneurisma.
Maiztasun txikiago batetan, aneurisma torazikoak gertatzen dira . Aneurisma mota honi Valsalvaren sinuaren aneurismak ere deritze eta kasuen gehiengoetan Marfan Sindromeak eragiten ditu.
Klinika eta detekzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aortaren aneurisma arinenek ez dituzte sintomak eragiten, horren ondorioz, aneurisma kasuen %75 pazienteak guztiz asintomatikoak dira diagnostikatuak izaterako orduan. Hala ere, aneurisma larria izatera pasatzen denean barne konpresio bat gertatuko da eta ondorioz sintoma ezberdinak azaleratuko dira, besteak beste, disnea, zehaztu gabeko min lunbarra, nekea, sintoma gastrointestinalak edo abdomenera hedatzen den min igorria.
Hala eta guztiz ere, aneurisma aortikoen kasu gehienak ez dira diagnostikatzen apurketa bat gertatzen den arte. Kasu hauetan, sintomatologia oso nabaria izango da eta shock triada (aldakorra izango da hasierako hemorragiaren larritasunaren arabera), min abdominal eta lunbarra eta epigastrioko masa ukigarria aztertuko dira.
Aneurismen detekziorako, froga ezberdinak erabiliko dira, orokorrean palpazio abdominala ez da nahikoa izango diagnostikoa burutzeko eta hortaz TAC, eco-doppler edo erresonantzia magnetiko batekin kontrastatu beharko dira susmoak.
Tratamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tratamenduari dagokionez, kirurjia irekia izango da praktikarik erabiliena. Hala ere, azken bi hamarkadetan emandako aurrerapenei esker gaur egun asko aurreratu da anuerismen tratamendu endobaskularrean.
Bigarren tratamendu hau, izter-arteria baten bidez endoprotesis bat inplantatzean datza. Praktika honi esker, arrisku altuko pazienteetan hilkortasun-tasa jaistea lortu da. Hala ere, teknika hau pazienteen %60-70 soilik burutu daiteke.
Aorta-hertsadura[9]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aortaren hertsadura, akats kardiako kongenito bat izango da non aorta arteriaren konstrikzioa gertatzen den. Esan bezala, eragabetasun hau jaiotzetikoa izango da orokorrean, baina gerta liteke zenbait kasuetan heldutasunera irits arte detektatua ez izatea. Kasu gehienetan, gaitz hau beste arazo kardiako batzuekin agertu ohi da.
Kausak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oraindik gaur egun, aortaren hertsaduraren kausak ezezagunak dira, izan ere, kasu gehienetan modu esporadikoan agertzen da azalpen genetiko edo hereditariorik gabe.
Klinika eta detekzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klinikari dagokionez, lehen haurtzaroan detektatzen diren sintomak hertsadura moderatu edo larrien ondoriozkoak izango dira eta nahiz-eta hauek aldakorrak izan, orokorrenak hurrengoak izango dira: suminkortasuna, zurbiltasuna, arnasketa azkarra, elikadura insufizientea, oin eta esku hotzak besteak beste. Hertsadura arinei dagokionez, orokorrean asintomatikoak izan ohi dira.
Gaitz honen detekziorako, medikuak hainbat teknikez baliatuko dira, besteak beste, torax erradiografiak, elektrokardiograma, ekokardiograma, kateterismo kardiakoa edo erresonantzia magnetikoa.
Tratamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aortaren hertsadura tratatzeko metodo espezifikoa, hainbat faktoreren arabera erabakiko da (umearen adina eta gaixotasunaren larritasuna, besteak beste). Gaur egun, hainbat tratamendu daude gaitz hau tratatu ahal izateko. Hala ere, erabilienak kateterismo kardiako interbentzionista eta konponketa kirurjikoak izango dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b EHUko Medikuntza Graduko bibliografia
- ↑ Costanzo, Linda S.. (2011). Fisiología. (4a. ed. argitaraldia) Elsevier ISBN 978-84-8086-824-2. PMC 757473529. (Noiz kontsultatua: 2020-11-24).
- ↑ EHUko Medikuntza Graduko bibliografia
- ↑ Sadler, T. W. (Thomas W.),. Langman embriología médica. (14a edición. argitaraldia) ISBN 978-84-17602-11-6. PMC 1139502733. (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
- ↑ (Ingelesez) Aorta. 2020-11-21 (Noiz kontsultatua: 2020-11-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) Aorta. 2020-11-24 (Noiz kontsultatua: 2020-11-30).
- ↑ Giza anatomiako atlasa. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ISBN 978-84-9860-967-7..
- ↑ (Gaztelaniaz) Aneurisma de aorta. 2020-11-03 (Noiz kontsultatua: 2020-11-24).
- ↑ «default - Stanford Children's Health» www.stanfordchildrens.org (Noiz kontsultatua: 2020-11-24).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gai honi buruzko informazio gehiago lor dezakezu Scholian |