Basalto
Basalto | |||
Arroka igneoa | |||
---|---|---|---|
Mineral garrantzitsuak | Piroxenoak Plagioklasa Kuartzo | ||
Dentsitatea | 3,011 [1] g/cm3 |
Basaltoa arroka igneo bolkaniko ilun bat da. Arroka bolkaniko ugariena da, bai eta igneo ugariena ere, Lurreko gainazalaren % 70 osatzen baitu. Lurrazal ozeanikoa basaltoz osaturik dago.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kristal tamaina finekoa da hozketa azkarraren ondorioz eta konposaketa mafikoa du, hau da, magnesio eta burdin eduki asko duena. Batez ere piroxenoz eta plagioklasaz osatua dago, eta maila txikiago batean olibinoz. Basaltoak usu bakuolak izan ohi ditu, kuartzo, kaltzita eta zeolitaz beterik egon ohi direnak.
Formazio motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Laba basaltikoak ur-azpian solidotzen direnean kuxin-laba izenez ezagutzen den formazioa ematen da. Euskal Herrian hauek Elgoibar inguruan eta Sopelako hondartzaren Ekialdeko aldean aurki daitezke. Pillow-laba hauek bakuola kontzentrikoak izan ohi dituzte eta forma biribilduak.
Laba basaltikoak fluxu bat eratzen duenean azpiko aldea solidotu eta espazio gutxiago behar duenez zutabe erako egiturak osatzen ditu. Zutabe hauen oina hexagonala izan ohi da. Munduan badira hainbat adibide famatu, adibidez Irlandako Erraldoien Galtzada (Giant's Causaway). Euskal Herrian Fruizen aurki daitezke.
Basalto motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basaltoa lau mota orokorretan sailkatzen da:
- Toleitikoa: silizean aberatsa da eta sodioan urria. Mota honetan obasaltoak dira ohikoenak, lautada abisalak osatzen baitituzte. Irla ozeaniko gehienak ere basalto honetaz eratuak daude. Basalto mota honetan piroxenoak (augita eta pigeonita), kaltziodun plagioklasa eta magnetita aurkitu ohi dira. Hutsune interstizialetan kuartzoa eta tridimita aurki daitezke.
- Olibino-toleitikoa: Augita eta pigeonita ditu olibino ugarirekin. Olibinoak piroxenozko lamela edukitzen du.
- Aluminadun basaltoa: Orokorrean augita eta olibinoa izan ohi ditu. Alumina ugari du eta Titanio gutxiago toleitikoek baino.
- Basalto Alkalinoa: Silize gutxi du eta sodio asko. Augita, Olibinoa, Feldespatoideak ditu portzentaia handietan eta Feldespato Alkalinoak eta flogopita maila txikiagoan.
Basaltoaren meteorizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurreko beste arroka gehienen aldean basaltoak meteorizazio nahiko handia jasaten du. Aireak eta urak burdinetan aberatsak diren mineralak oxidatzen ditu baina era berean kaltzio, sodio eta magnesio katioiak askatzen ditu eta azidotasunaren aurrean buffer ahalmen handia erakusten du.
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basaltoa eraikuntzan erabili izan da tradizionalki, hala Mexikoko edo Egiptoko kultura zaharretan.
Gaur egun basaltozko zuntzak egiten dira eta hormigoia sendotzeko erabiltzen da, bai eta suari aurre egiteko auto eta espaziountzietako teknologian ere.
Ilargian eta Marten
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurretik begiratuta Ilargian ikusten diren ilargi-itsaso ilunak laba basaltikoaren eremu zabalak dira. Lurreko basaltoak baino burdin proportzio handiagoak ditu, FeO-ren ehunekoa 17 eta 20 artekoa baita. Titanioa ere aurkitzen da %1-13 artean. Itxura exotikoa azaltzen du, ez baitago ioxidaturik ez eta hidrataturik ere.
Ilargiko basaltorik zaharrenak 4.200 milioi urte ditu baina ikus daitekeen gehiengoa 3.000 - 3.5000 milioi urte artean sortu zen. Azken erupzioak duela 1.200 milioi urtekoak direla pentsatzen da.
Marten ere ohikoa da gainazalean basaltoa aurkitzea.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Basaltoa.
-
Basaltozko piroklastoa.
-
Etna mendiko basaltoa.
-
Kuxin-laba solidotua.