Chicagoko Soziologia Eskola
Chicagoko Soziologia Eskola Chicagoko Unibertsitateko soziologia departamenduan, XX. mendearen hasieran, nagusitu zen pentsamendu soziologikoaren korronte bat da. Departamentu hori Albion Small-ek 1892an sortu zuen eta munduan lehena izan zen[1].
"Eskola Ekologikoa" bezala ere ezaguna, 20. eta 30. hamarkadan hiri soziologiaren hasierako lanak burutu eta haren teoria gorpuztu zuen. Inguru urbanoa eta landa-ikerketa etnografikoak modelo bakar batean batu zituzten.
Chicagoko lehen soziologia eskola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Albion Small-en bultzadari esker, soziologia departamentu sortzeaz gain, "American Journal of Sociology" aldizkari ospetsua argitara eman zen lehen aldiz 1895ean. Era berean, Small-ek 1905 urtean "American Sociological Society"[2] sortu zuen.
Eskola honek, lehenik, erlijioarekin lotura izan zuen. Kideetako asko elizari lotutako pertsonak izan ziren, eta Small-ek berak adierazi zuen bezala, "soziologiaren azken helburua funtsean kristaua izan beharko luke". Ulertu behar da Chicagoko hiria zabalkunde eta industrializazio prozesu handia jasaten ari zela orduan, eta horrek, eragin esanguratsuak sortzen ari zela populazioarengan.
Lehen eskola honek, beraz, etnien arteko harremanak eta delinkuentzia ikertuko ditu Estatu Batuetako hiri nagusietan. Hiriak, halako gizarte laborategiak bilakatuko dira eta hiri inguruetan emandako aldaketa anitzak ikertzeko aukera emango dute.
W.I. Thomasen "Poloniar baserritarra"ri buruzko ikerketak ("The Polish peasant in Europe and America"), gaia soziologikoen gaineko ikerketa zientifikoen beharra nabarmendu zuen. Ordura arteko soziologia abstraktu eta orokorretik mundu enpirikorako jauzia eman zuen ikerketa honekin. Lan hori maila makrosoziologikoan burutu arren, bere ondorengo lanek, Thomasen teoremak bereziki, Chicagoko eskolako ezaugarri nagusia izan zen elkarrekintza sinbolikoaren lehen oinarriak finkatuko zituen.
Robert E. Park-ek, desbideratzea, kriminalitatea, dibortzioa eta suizidioari bezalako fenomenoek hiri eta nekazal eremuetan zuten eragina ikertu zuen, eta demostratu zuen gizarte eta kultur harremanak baldintzatuak daudela txertatuak dauden inguruaren arabera.
Chicagoko bigarren soziologia eskola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1940. hamarkada ondoren, bigarren ikerlari belaunaldi bat etorriko da. Instituzioen eta inguru profesionalen ikerketari emango diote lehentasuna. Nahiz eta soziologo hauek metodo kualitatibo zein kuantitatiboak erabili zituzten, ezagunak izan ziren soziologian "parte hartuzko behaketa" sartu zutelako ikerketa metodo gisa. Parte hartuzko behaketaren bitartez, aktore sozialek bizi dituzten egoerei ematen dieten zentzua edo esanahia ulertzen ahalbidetuko da. Bigarren eskola honen ordezkari nagusienak Erving Goffman, Howard S. Becker, Anselm Strauss eta Freidon dira. Everett Hughes bi eskolen arteko lotura bezala agertuko da.
Chicagoko Soziologia eskola oparoa izan da eta hirien ikerketan (hiri soziologia, urbanismoa eta migrazioei buruzko ikerketak), desbiderakuntza ikerketan (kriminologia), lanaren ikerketan (lanbideak) eta kulturaren eta artearen ikerketan ekarpen handiak egin ditu.
Eskolako ikertzaileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez da zerrenda zehatza; alfabetikoki :
- Nels Anderson
- Howard Becker
- Herbert Blumer
- Ernest Burgess
- John Dewey
- Charles Horton Cooley
- Erving Goffman
- Everett C. Hughes
- Roderick D. MacKenzie
- George Herbert Mead
- Robert E. Park
- Albion Small
- Anselm Strauss
- William I. Thomas
- William L. Warner
- Louis Wirth
- Florian Znaniecki