Diario de Navarra
Diario de Navarra | |
---|---|
Mota | Egunkari orokorra |
Fitxa teknikoa | |
Hizkuntza | gaztelania |
Argitaratze lekua | Cordobilla, Galar Euskal Herria |
Kolorea | Zuri-beltza eta kolorea |
Argitaletxea | La Información Taldea |
Banaketa | |
Ekoizpen osoa | 49.881 |
Banatze-eremua | Nafarroa Garaia |
Maiztasuna | Egunero |
Salneurria | 1,10 |
Historia | |
Ideologia | espainiar nazionalismoa, eskuin politikoa, katolizismoa, kontserbadurismoa, espainiar eskuindar nabarrismoa |
Identifikadoreak | |
ISSN | 1577-6301, 1577-6263 eta 1577-6255 |
www.diariodenavarra.es | |
Diario de Navarra (jatorriz, El Diario de Navarra) Euskal Herrian gaztelaniaz argitaratzen den Nafarroa Garaiko egunkaria da. Nafarroa Garaiko enpresaburu talde batek sortu zuen 1903an. Gaur egun Nafarroa Garaiko egunkarien artetik irakurriena da, eta hala izan da historikoki. Egunero, 49.881 ale kaleratzen ditu egun.
Ideologikoki kontserbadorea da; Nafarroa Garaiko foru-sistema eta beronen izaera espainiarra defendatzen ditu, besteak beste. Alde horretatik, bere editoriala UPN alderdiarekin lerrokatuta dago.[1][2] Historikoki egunkariak rol garrantzitsua izan zuen kolpismoa haren inguruan bateratzen 1936ko altxamendu militar, karlista eta falangistan.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1903an, 57 bazkide sortzaile izan zituen.[3] Hasieran, balio kontserbadoreen, foruen eta euskalduntasunaren aldeko jarrera izan zuen, euskal hezkuntza ere bultzatuz, 1907an Iruñeko Dormitaleria kalean irekitako euskara ikasteko akademia txalotuz eta "gure hizkuntza zaharra" berreskuratzera deituz.[4] Horretan bat egiten zuen ere Raimundo Garcia Garcilaso Diario de Navarraren geroko zuzendariak 1907an. Pixkanaka linea editoriala aldatuz joan zen, baina horrek ez zizkion irakurleak kendu. Hurrengo hamarkadetan, Nafarroa Garaiko kazeta ahaltsuena bihurtu zen. Kalitate grafikoa hobea zuen egunkari lehiakideek baino eta 1936rako 15.000 ale ateratzen zituen (eguneko), Nafarroa Garaiko kazeta salduena, bakarrik La Verdad parrokiako berripaperaren atzetik.[5]
Egunkariaren bokazioa beti izan zen gizarte-ordena ezarria arriskutik defendatzeko Nafarroa Garaiko eskuindarrak bateratzea. Sortzaileek ondorengo joerekin zituzten loturak: Alderdi Kontserbadorea, mauristak eta mellistak, integristak, Unión Navarra, Renovación Española totalitarioa, beste eskuindar kolaboratzaileen partaidetzaz ere.[6] Egunkariak lotura estua izan zuen orduko botere zirkuluekin; izan ere, joera politiko jakin bat baino, Nafarroa Garaiko elite ekonomikoen bilgune izatea zuen bereizgarri egunkariak.[7] Bada, gogor kritikatu zuen, 1917az geroztik bereziki, parlamentarismoa, eta argi eta garbi aldarrikatu zuen diktaduren irtenbidea.[8]
Hain zuzen, urte horretan ezarri da linea editorialaren aldaketa, euskaltzaletasuna atzean utzirik, Europan bizi ziren aldaketa politikoei eta Bizkaia erdigune harturik sendotzen ari zen euskal abertzaletasunari gordin erantzuten ziona. Ignacio Baleztena karlista, idatzizenez "Premín de Iruña", atsekabeturik agertu zen joera horrekin, egunkariak bekozko beltza jarri omen ziolako udalak txistulariak kontratatzeari ere.[9] Miguel Primo de Riveraren diktadurapean (1923-1930), beste egunkari askok ez bezala, ez zuen zentsurarik pairatu.[8] Urte hauetan, Garcilaso-ren zuzendaritzapean, Eladio Espartza sartu zen zuzendariorde, La Voz de Navarra egunkaria utzi eta gero.[9] Noizbait 20ko hamarkadan Elizako hierarkiarekin desadostasunik izan arren, luze gabe konpondu ziren II. Errepublikaren garaian, eta egunkariak Elizaren interesak defendatu zituen.[10] Garai honetan, katolizismoaren kontrako konspirazio judu eta liberalaren teoriak elikatu zituen, eta iraultzaren kontrako posizio garbia hartu, baita nazioartean Alemania naziaren eta Italia faxistaren aldeko jarrerak ere.[11]
II. Errepublikaren hasieratik, Diario de Navarrak, benetako botere bihurturik, ez zuen begi onez ikusi Azaña espainiar moderatuaren joera errepublikazalea. Ongi agerian geratu zen hori 1931n Garcilaso egunkariko zuzendariak azaldutako ideietan, konspirazio komunista etetera eta errepublika indarrez kentzera deituz.[12] Egunkaria erabakigarria izan zen 1936ko errepublikaren kontrako Altxamendua prestatzeko Nafarroa Garaian: Garcilaso egunkari-zuzendariaren eta Rodeznoko kondearen bitartez, karlistek eta Mola jeneralaren konspirazio militarrak elkar hartu zuten.[13] Frankismoaren garaian, Nafarroa Garaiko bi egunkari nagusietako bat izan zen, El Pensamiento Navarro karlistarekin batera eta, gero, UCD eta UPNren hurbilekoa. 2015eko Nafarroako gobernu berriaren etorrerarekin, egunkari honen eta UPNren arteko sinergiak hartu du gobernu berria estu hartzearen lidergoa.[14]
Enpresa-egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egitura nahiko konplexua du, bitan zatitua: DN Sozietate Anonimo Unipertsonala eta La Información SA. Batak bestea fiskalizatzen du. Patxi Zabaletak dioenez, garestiagoa da egitura hori, baina kontrol hobea ematen omen die egunkariaren betiko jabe familiei: Arraiza, Sagues, Gonzalez Tablas, Bañon, Irujo eta Uranga. Miguel Izu irakaslearen aburuz, sistema bitxi baten bitartez, egunkariko akzioak ezin zaizkio edonori saldu eta, hartara, segurtatu egiten da horiek familien zirkulu txiki baten barruan jarraitu ahal izatea. Egun, 800dik gora bazkidek kontrolatzen dute egunkaria.[15]
Aro digitala etortzearekin batera, ahaleginak egin dituzte eguneratzeko, baina hainbat adituk zenbait huts nabarmendu dituzte berritzeko saio horretan, diseinuak ere tartean.[16] 2014an, enpresako lan giroa mikaztu egin zen murrizketak direla eta (soldata erdira jaistea, besteak beste), baita langile mobilizazioak eragin ere.[17] Erronka berrien aurrean eta egunkari barruko eztabaidetatik Navarra.com hedabide digitala sortu zen.[16]
Zuzendariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Honako hauek izan dira zuzendariak:
- José Vicente Berasaluze (1903-1905)
- Eustakio Etxauri Martínez (1905-1906)
- Mario Ozkoidi (1906-1912)
- Raimundo García García "Garcilaso" (1912-1962)
- Jose Javier Uranga Santesteban "Ollarra" (1962-1990)
- Julio Martínez Torres (1990-2005)
- Inés Artajo Aiesa (2006-).
Garraioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualdeko Hiri Garraioak 2 linea ditu:
|
|
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) «El nerviosismo de Diario de Navarra», Gara
- ↑ (Gaztelaniaz) «Navarra, por ahora, sin Gobierno de cambio», www.pensamientocritico.org
- ↑ Orzaiz, Ion, Senar, Joxerra. (2016). Nafarroa, orain ala inoiz ez. , 126 or. ISBN 978-84-9027-661-7..
- ↑ Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 39-40. or.
- ↑ (Gaztelaniaz) Dronda, Javier. (2013). Con Cristo o contra Cristo: Religión y movilización antirrepublicana en Navarra (1931-1936). Txalaparta, 117 or. ISBN 978-84-15313-31-1..
- ↑ Dronda, Javier (2013), 97. or.
- ↑ Oligarkia horretan biltzen dira El Irati SA, La Vasconia, La Compañía Navarra de Abonos Químicos, Crédito Navarro, La Vasco-Navarra de Seguros, etab.; ikus Dronda, Javier (2013), 97-98. or.
- ↑ a b Dronda, Javier (2013), 98, 124. or.
- ↑ a b Esparza, J.M. Aoiz, F. Zabaleta, P. (2016), 159-180. or.
- ↑ Dronda, Javier (2013), 116-117. or.
- ↑ Dronda, Javier (2013), 121-123. or.
- ↑ Dronda, Javier (2013), 378. or. Eladio Espartzak hitz mikatzagoak izan zituen 1931ko apirilean, "gerra zibila beste aukerarik ez dago[ela]" adieraziz, ikus Dronda, Javier (2013), 214. or.
- ↑ Dronda, Javier (2013), 380. or.
- ↑ Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 118-119. or.
- ↑ Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 124-126. or.
- ↑ a b Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 126-127. or.
- ↑ «Betiko lana, erdiagatik» Berria 2014-05-16.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Esparza Zabalegi, Jose Mari; Aoiz, Floren; Zabaleta, Patxi. (2016). Tres tristes trileros; Arbeloa, Del Burgo y Aizpún. Tafalla: Txalaparta SL ISBN 978-84-16350-64-3..
- Orzaiz, Ion, Senar, Joxerra. (2016). Nafarroa, orain ala inoiz ez. ISBN 978-84-9027-661-7..
- (Gaztelaniaz) Dronda, Javier. (2013). Con Cristo o contra Cristo: Religión y movilización antirrepublicana en Navarra (1931-1936). Txalaparta ISBN 978-84-15313-31-1..
Ikus gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Diario de Navarraren webgunea