Kazetari gisa lan egin zuen oso gaztetatik, 14 urte zituenez geroztik. Lehenengo lanak El Sol astekari sozialistan eman zituen argitara: marrazkiak eta karikatura politikoak kaleratu zituen, Gius izengoitiaz sinatuak. MontevideokoMarcha astekariko erredakzio burua izan zen 1961 eta 1964 urteen artean, eta Época egunkariaren zuzendari ondoren, 1966. urtea arte. 1964tik1973ra Uruguaiko Unibertsitateko argitalpenen zuzendari izan zen, baina urte hartan Argentinara erbesteratu zen, Juan María Bordaberry lehendakariak militarrei zenbait eskumen eman zizkielarik. Argentinan Crisis aldizkaria sortu eta zuzendu zuen. 1976. urtean, ordea, Argentinatik ihes egin behar izan zuen eta Espainiara erbesteratu zen. Azkenik Uruguaira itzuli zen, 1985ean, hauteskunde demokratikoak egin zirenean.
Galeanoren literatura Latinoamerikako egoera politikoak eta errealitateak markatua da erabat. Bere lan nagusien artean azpimarratzekoak dira Los días siguientes (1963, «Ondorengo egunak»), Las venas abiertas de América Latina (1971, «Latinoamerikaren zain urratuak»), Días y noches de amor y de guerra (1978, «Maitasun eta gerrako egunak eta gauak») eta Memorias del fuego (1982, «Suaren memoriak»). Memorias del fuego trilogia osatzen duten obrak dira Los nacimientos («Jaiotzak»), Las caras y las máscaras («Aurpegiak eta mozorroak») eta El siglo del viento («Haizearen mendea»), eta Amerikaren historiaren, poesiaren eta ipuin fantastikoaren sintesia erakusten dute, egileak berak dioen bezala.
1998. urtean Patas arriba. La escuela del mundo al revés («Hankaz gora. Mundu irauliaren eskola») argitaratu zuen; munduko ekonomiaren egoera larriaren azterketa egiten du lan horretan, eta Hegoaldearen ikuspegitik mintzo da, Iparraldearen jarrera salatuz.