Euskañol
Euskañola (euskara eta español hitzetatik sorturiko portmanteau hitza) euskara eta gaztelania nahasiz sortzen den hizkera da, bi hizkuntza horietako bat (edo hizkuntza horretako arlo jakin bat) ondo jakin gabe hizkuntza hori erabiltzean sortzen dena. Gaztelaniazko hizketa batean euskal hizkuntzaren baliabideak erabiltzean zein euskarazko hizketan gaztelaniaren baliabideak erabiltzean, hizketa hori euskañola dela diogu. Zerbait adierazi nahi eta modu egokia ez aurkitzean, lehen hizkuntzaren hitza edo esapidea erabiltzeko joera izaten da.[1] Euskañola bera edo antzekoak beti izan dira Euskal Herrian, euskara gaztelaniarekin, okzitanierarekin edo frantsesarekin harremanetan bizi izan delako,[1] baina bereziki XX. mendeko azken hamarkadetatik hona zabaldu da euskañola, hizkuntza bien arteko hizkuntza-kutsaduraren eraginez; eta hain zuzen ere, XX. mendearen azkenaldean sortu zen euskañol hitza. Batzuetan, nahiz eta bi hizkuntzak nahiko ondo menperatu, esandakoari indarra ematearren bi hizkuntza horiek ezagutzen dituen beste pertsona batekin erabiltzen den hizkera da, spanglisharekin gertatzen den antzera.
Hanna Lantto hizkuntzalari finlandiarrak doktorego-tesia egin zuen[2] euskañola ikertuz.
Hitz berria izaki, Euskaltzaindiaren eta Real Academia Españolaren hiztegi arau-emaileetan ez da ageri, baina adituen artean eta jendartean erabilera zabala du. Adibidez, 1983an Fernando García de Cortázar historialariak,[3] 1997an EHUko bi ikertzailek[4] edo 2006an Henrike Knörr hizkuntzalariak[5] fenomenoari buruzko gogoetak egin zituzten; eta Patxi Huarte Zaldieroa komikigileak euskañolaren gaia behin eta berriz landu du bere komiki bandetan.[6][7]
Ipar Euskal Herrian euskañol terminoak ez du sustraitu den baliokiderik (frantseuskara erabili izan da), frantsesa eta euskara arteko nahastura izendatzeko. Horrek ez du esan nahi batzuek frantsesa eta euskara nahasten ez dituztenik euskaraz mintzatu nahi dutenean. Frantsesaren eta okzitanieraren kasuan izen bat asmatu da: francitan < (français + occitan). Era berean, franglais < (français + anglais) deritzo frantsesa eta ingelesa nahasten dituen hizkerari. Ameriketako Estatu Batuetan, lehen hizkuntza gaztelania duten hiztunek egiten duten ingeles eta gaztelania arteko nahasturari Spanglish esaten zaio; Indian ere, antzekoa gertatzen da Hinglish < (Hindi + English) hizkerarekin. Beraz, fenomeno hori biziki hedatua da munduan zehar.[1]
Adibideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]« | Nik kuadernoan (lana) egin dut. Dokumento batean bada PEREZA ematen dit, bastante que lo he hecho. UN SALUDO MAKINASS!!! | » |
14 urteko neska bilbotar baten erantzuna, 2020 |
« | Sin más ez badakit pues ez dut egiten. | » |
14 urteko beste neska bilbotar baten erantzuna, 2020 |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Arkaitz Zarraga, Jean-Baptiste Coyos, Jone M. Hernández, Lionel Joly, Imanol Larrea, Loren V. Martínez, Belen Uranga eta Paul Bilbao: Soziolinguistika eskuliburua, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2010. Ikus 152. orrialdea.
- ↑ Hanna Lantto: "Euskaldun berriak garbizaleagoak dira" Berria. 2016-04-19
- ↑ García de Cortázar, Fernando. (1983). «El problema del bilingüismo en el País Vasco» Revista Cuenta y Razón (12).
- ↑ Idiazabal, Itziar; Larringal, Luis M.. (1997). El discurso de la calidad y la didáctica de la lengua. in: Simposio Internacional sobre Bilingüismo. Vigoko Unibertsitatea.
- ↑ Knörr, Henrike. (2006-12-5). «Euskera y elegancia» Diario Vasco.
- ↑ Xabier Mendiguren Elizegi: «Euskañola molatxen mazo», Nire uste harroan bloga, 2004-09-03.
- ↑ Patxi Huarte Zaldieroa: De Rerum Natura komiki banda, Berria, 2007-03-30.