Gertrud Arndt
Gertrud Arndt | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Gertrud Hantschk |
Jaiotza | Racibórz, 1903ko irailaren 20a |
Herrialdea | Alemania |
Talde etnikoa | silesiarra |
Heriotza | Darmstadt, 2000ko uztailaren 10a (96 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Alfred Arndt (en) (1927 - |
Hezkuntza | |
Heziketa | Bauhaus |
Hizkuntzak | alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | argazkilaria eta ehungintzako artista |
Lantokia(k) | Darmstadt |
Kidetza | Wandervogel (en) |
Mugimendua | Bauhausa |
Genero artistikoa | portrait photography (en) |
bauhaus100.com… | |
Gertrud Arndt (jatorrizko izena Gertrud Hantschk; Ratibor, Silesia, 1903ko irailaren 20a - Darmstadt, Alemania, 2000ko uztailaren 10a) argazkilari eta ehule alemaniar bat izan zen[1], Bauhauseko emakume esanguratsuenetariko bat izateaz gain. Jaio zenean, bere herria Alemanian aurkitzen zen arren, Bigarren Mundu Gerratik aurrera, Silesia poloniarra bilakatu zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gertrud lau anai-arrebetatik gazteena zen. 1916an Erfurtera aldatu zen bere familiarekin, eta bertan Karl Meinhardt arkitektoaren tailerrean ikasten egon zen. Garai hartan, argazkiak ateratzen ibili zen arkitektoarentzat, hasiberri moduan betiere, arkitekturarekiko bere interesa handitzen zihoan heinean.
Hala ere, 1923an Bauhauseko arte eta diseinu eskolan matrikulatzerakoan, ezin izan zen arkitektura klasean sartu, gizonezkoei zuzendutako diziplina bat baitzen. Ondorioz, ehungintza-tailerrean sartu zen, ustez “femeninoagoa” zen diziplina bat.
Bauhaus
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1923an Bauhausen ikasketak hasi zituen Weimarreko herrian, hiru urtez ehungintzako arloan kalitate handiko lan ugari eginez. Georg Muche irakaslea izan zen Gertrudengan gaitasun handiak ikusi zituena eta arlo hartara bultzatu zuena. Bauhausen, Paul Klee eta László Moholy-Nagyren ikaslea izan zen. Halaber, bere kontura ere formakuntza gehiago izan zuen argazkigintza esparruan.
Bauhausen ostean Glauchauen ehungintza ikasten jarraitu zuen, baina lan bikainak egin arren, ez zuen luzaroan jarraitu arlo hartan. 1927an Alfred Arndt arkitektoarekin ezkondu zen, Bauhauseko ikaslea ere eta Probstzellara aldatu ziren. Bertan, Alfredi Herriko Etxearen eraikuntzaren enkargua eman zioten. Garai hartan bi haur izan zituzten eta Gertrudek hartu zuen familiaren ardura.
1929an Bauhausera itzuli ziren, oraingoan Dessauko kokaleku berrira. Izan ere, Alfredi eraikuntza tailerreko zuzendari izatea proposatu zioten eta bertako irakasleen egoitzan gelditu ziren. Gertrudek, familiaren ardura hartzen zuen bitartean, argazki-laborategi bat antolatu zuen komunean, bere ikasketa sakonduz argazkigintzaren arloan.
1926tik 1932ra irudi asko egin zituen eta horietako zenbait autorretratu bere Maskenportraits argazki-multzoan aurkitzen dira. Era berean, bere Bauhauseko hainbat kideri erretratuak egin zizkion, adibidez Otti Berger ehule eta artistari.
1932an, Bauhausen ixtearen ondorioz, Probstzellara itzuli behar izan ziren eta Bigarren Mundu Gerra amaitu eta hiru urtera, sobietar eremutik Darmstadtera aldatu ziren, Mendebaldeko Alemanian (AEF). Orduan izan zen gutxi gora behera artistak argazkiak ateratzeari utzi izan zion unea. Hala ere, Ute Eskildsen argazkilariaren ikerketa lan bati esker eta lehen aldiz, 1979an Gertruden zenbait lan Folkwang Museoan erakutsi ziren.
Emetasunaren maskaratzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Graduatu eta ezkondu ostean argazkigintza autodidakta bat lantzen hasi zen arren, bere lanak oraindik ehungintzaren aztarna izaten jarraitzen zuen. “Maskenportraits” argazki-multzoan, parpaila, estalki, tapauka eta lorez jantzita, bere autoirudikapenek gehiegizko genero nortasun bat azaleratzen dute; hots, mozorro multzo bat, hala nola, neskato txintxoa, dama errespetagarria, alargun serio eta gogorra, emakume berria[2].
Gertruden autoirudikapenetan, argazki bakoitzak emakume berbera irudikatzen du baina aurpegi ezberdinekin. “Emakumea” irudikatzeko erabiltzen diren zeinuak imitatu eta parodiatzen ditu eta bere garaikideak bezala, irudi hauekin honakoa azaltzen du: “emakumea” berez ez dela existitzen,
soilik bere irudikapenak. Izan ere, emetasunaren maskaratze gaia beste artista batzuek ere landu izan zuten, Cindy Sherman, Maya Deren, Claude Cahun, besteak beste. Gai honetan, xedea emetasunaren desmuntaketa zen, zenbait niren lanketa. Emakumeek sortzen dituzten eta soinean daramatzaten ni desberdinak irudikatzea.
Halaber, Gertrudek ikasten utzi izan zioten baliabide bakarra erabili zuen (ehungintza) emakumezkoaren estilo murriztailea ezagutzera emateko. Are gehiago, argazkietako oihal inguratzailea bigarren azal bat bilakatzen da, norberaren fabrikazioa iradokitzen duena gainazalarekin itsututa dagoen kultura batean.
Erakusketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bauhaus eta Ikuspegi Berria: Lucia Moholy, Gertrud Arndt eta Elsbeth Judaren Argazkiak. Erakusketa katalogoa. Justus-von-Liebig-Verlag Darmstadt, 2013.
- Christian Wolsdorff: Egiazki ni arkitekto izan nahi nuen. Gertrud Arndt ehule eta argazkilari moduan Bauhausean 1923-31. Erakusketa katalogoa. Bauhaus-Archiv Berlin, 2013.
- Sabina Leßmann: Gertrud Arndt: Bauhauseko emakumezko artisten argazkiak. Erakusketa katalogoa. Das Verborgene Museum Berlin, 1994.
- Gerhard Leistner: Alfred Arndt, Gertrud Arndt: Bauhauseko bi artista. Ostdeutsche Galerie Regensburg museoa, 8. Ekaina-14. 1991ko uztaila. Das Museum Regensburg, 1991, ISBN 978-3-89188-056-2.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) «Gertrud Arndt, pionera de la Bauhaus: «En realidad, yo quería ser arquitecta...»» abc 2013-03-31 (Noiz kontsultatua: 2019-12-09).
- ↑ (Ingelesez) AnOther. (2016-08-17). «The Many Disguises of Bauhaus Photographer Gertrud Arndt» AnOther (Noiz kontsultatua: 2019-12-09).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ulrike Müller: Bauhaus-Frauen: Arte, lanbide eta diseinuaren maisuak. Ingrid Radewaldt eta Sandra Kemker. Munich: Sandmann, 2009, 56-61.orrialdeak
- Kunstring Folkwang Essen: Gertrud Arndt. Maskenselbstbildnisse, 1930. 8 Emakumezko Argazkilari. Hautaketa eta testuak: Ute Eskildsen. Essen: Kunstring Folkwang Essen. 1996
- Anja Guttenberger: Bauaren autorretratuak 1919tik 1933ra. Berlin: Freie Universität Berlin Universitätsbibliothek, 2012
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Annette Bußmann: Gertrud Arndt, Fembion
- Nicola Kuhn: Gattin beim Rollenspiel, Der Tagesspiegelen, 2013ko otsailaren 3a