Gilatik pasa
Gilatik pasaraztea edota gilatik igaroaraztea, itsas usadioaren arabera, delitu larrien egileak izatea leporatzen zitzaien itsasgizonei ezarritako zigor mota bat zen, adibidez etsaiaren aurrean koldakeria erakustea ala ontzian matxinada bat antolatu edo gauzatzea, baina eskarmenturik ezaren ondorioz ontziaren eta eskifaiaren segurtasuna kolokan jarri eta nabigazio kalteak burutu zituzten pirata eta kapitainei ere ezartzen zaitzaien.
Zigor hau itsas usadioan gogorrenetakoa zen, zigortua maiz hilik suertatzen baitzen, askok heriotz zigor sui generis motatzat jotzen dute. Bizirik ateratzea lortzen zuenik ere bazen, baina oso zauri larriekin. Itsasgizonek ontziaren alde batetik zigortua uretara bota eta zigorra bete ondoren bestetik soka puska bakarrik ateratzen zuten kasurik ere bada, erdibidean zigortua marrazoek erasoatua izan baitzen.
Zigorra honakoa zen: zigortua soka bati lotu eta ontziaren alde batetik bota eta bestetik jasotzen zen, erdibidean ontziaren gila pasatuz. Zigortuak gainontzeko itsasgizonek kroskoan zehar sokez derrigortutako itsaspekaritzaren ondorioz arnas apnea jasaten zuen. Itsasgizonek sokarekin eragindako abiadurak zigortutakoaren sufrimenduan eragiten zuen. Sokari abiadura azkarregia emanez gero, zigortuak kroskari itsatsia zegoen guztiaren aurkako talka bortitzak eta marruskadurak jasaten zituen, maiz krustazeoz beterik zegoenez, zerra baten aurka talka egitearen antzekoa baitzen, eta horrek zigortuari zauri larriak, errai-gabetzea edo buru mozketa ekar zekiokeen. Aldiz, abiadura motelegia bazen, zigortua itota gelditzea oso litekeena zen.