Jorge Riechmann
Jorge Riechmann | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Madril, 1962ko martxoaren 24a (62 urte) |
Herrialdea | Espainia |
Hezkuntza | |
Heziketa | Madrilgo Complutense Unibertsitatea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa UNED Berlingo Humboldt Unibertsitatea |
Hezkuntza-maila | doktoretza |
Tesi zuzendaria | Joan Botella Corral |
Hizkuntzak | gaztelania katalana |
Jarduerak | |
Jarduerak | matematikaria, poeta, idazlea, soziologoa, politikaria, unibertsitateko irakaslea, itzultzailea eta ekintzaile ekologista |
Enplegatzailea(k) | Madrilgo Unibertsitate Autonomoa |
Influentziak | Ivan Illich eta Manuel Sacristán (en) |
Kidetza | Ekologistak Martxan Izquierda Anticapitalista (en) Spanish Society of Ecologic Agriculture (en) |
Genero artistikoa | olerkigintza saiakera |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Podemos |
tratarde.org | |
Jorge Riechmann (Madril, 1962ko martxoaren 24a) espainiar idazlea da. Katalunian bizi den poeta, itzultzailea, saiakeragilea, matematikaria, filosofoa, ekologista eta zientzia politikoetan doktorea da. Obra poetiko zabal baten egile gisa, kontzientziaren poesiaren poeta-taldearekin lotuta dago.
Letretako ikasketak egin zituen eta irakasle da Bartzelonako Unibertsitatean. Aurrekoaz gain, ekologista eta bakezale ezaguna da, Maiatzaren Lehena Fundazioko ingurumen sailaren zuzendaria. Bizitza politikora sartu zen laurogeiko hamarkadaren lehen erdian, Espainia NATOn egotearen aurkako kanpainarekin batera. Harrezkero, mugimendu ekobakezalearekin lotuta egongo da.
Matematikan lizentziatu zen Madrilgo Complutense Unibertsitatean 1986an. Filosofia, UNEDen, (1984-1986), eta alemaniar literatura ere ikasi zituen Ekialdeko Berlingo Humboldt Unibertsitatean (1986-1989). Zientzia Politikoetan doktorea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, Alemaniako alderdi berdeari buruzko tesi batekin. 1990etik 2008ra Bartzelonako Unibertsitateko Soziologia eta Gizarte Zientzien Metodologia Saileko kide izan zen; 1995etik filosofia moraleko irakasle titularra izan zen unibertsitate berean.
Poeta gisa Cántico de la erosión (1987, Erosioaren kantika, Hiperion sariaren irabazlea) liburuarekin eman zuen bere burua ezagutzera. Handik aurrera XX. mendearen bukaerako espainiar poesiaren ahots originaletako bat ez ezik, Jorge Riechmann erreferentzia puntu bat izan da poeta gazte, erradikal, ikonoklasta eta bide urratzaileentzat. Aitzindaritza lan hori dela eta, Espainiako egungo poesia antologia inportanteenetan agertzen da bere obra.
Haren poesiaren ezaugarriak aipatzean, Riechmannek berak dio bere poesia «atsekabearen poesia» dela, ilusio estetikoa haustea du jomuga, adimena eta emozioa kausa bakar baten esanetara jartzeko, poetaren inguruko mundua aldatzeko. Poesia kontsolagarri eta malenkoniatsuari kontrajarriz, Riechmannek atsekabearen poesia amorratua eskaintzen du. Poetaren inkonformismo horren atzean gizarte-talde behartsuenen esplotatzaileen eta naturaren suntsitzaileen aurkako jarrera erradikala dago.
Haren lanik aipagarrienak: Cuaderno de Berlín (1989, Berlingo koadernoa); Veintisiete maneras de responder a un golpe (1993, Kolpe bati erantzuteko hogeita zazpi modu); Materia móvil (1993, Materia mugikorra); El corte bajo la piel (1994, Azalpeko ebakia); Baila con un extranjero (1994, Atzerritar batekin dantzan); Donde es posible la vida (1995, Bizitza posible den lekuan); La lengua de la muerte (1977, Heriotzaren mingaina); El día que dejé de leer EL PAÍS (1977, EL PAÍS irakurtzeari utzi nion eguna). Bestalde, literaturaren teorialari gisa ere zenbait lan argitaratu du.
1990-2003 urte-bitartean Mientras Tanto gizarte-zientzien eta gogoeta politikoaren aldizkariko erredaktore izan zen. Greenpeaceren Batzordeko kide ere izan zen 2002-2006 bitartean.
Literatura frantseseko eta alemaneko lanak itzultzen ditu gaztelaniara.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.