(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Kalumnia - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Kalumnia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kalumnia kalteren bat sortu nahian egindako salaketa faltsua da.[1] Delitua egiten duenari kalumniatzaile diote. Legez kontrako jarduera denez, estatu edo herrialde bakoitzaren lege-kodearen arabera delitutzat jo eta zigortua ere izan liteke.

Espainiako Zigor Kodeak honela zehazten du 205. artikuluan:

« Kalumnia dago pertsona batek beste bati delitu bat egozten dionean faltsua dela jakinda edota egia ausartegi mespretxatuz. »


Kalumnia-delitua Zigor Kodearen II. liburuko XI. idazpuruan arautzen da, ohorearen aurkako delituen barruan, I. atalburuan.

Zehazki, Zigor Kodeko (ZK) 205-207. artikuluen bitartean arautzen den delitu-mota bat da. Zigor Kodeko 205. artikuluan honako hau adierazten da: “Kalumnia da delitu bat egoztea, haren faltsutasuna ezagututa edo egiarekiko mespretxu ausartegia eginda”.

Zigorrak, berriz, ZK-ko 206. artikuluan arautzen dira:

« Kalumniak sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorrarekin edo hamabi hilabetetik 24 arteko isunarekin zigortuko dira, publizitatearekin zabaltzen badira, eta, bestela, sei hilabetetik 12 arteko isunarekin. »


Eskubide hau bereziki aitortu da Espainiak izenpetutako eta barne-zuzenbidetzat aitortutako nazioarteko itunetan. 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 12. artikulua aipa daiteke. Artikulu horrek printzipio hau aitortzen du: pertsona orok du babesteko eskubidea eraso jakin batzuen aurka. Honi jarraituz, Espainiako 1978ko Konstituzioaren 18.1 artikuluak ohorerako, norberaren eta familiaren barrukotasunerako eta norberaren irudirako eskubidea bermatzen du.

Delitua zuzenbidearen aurkako egitezko nahiz ez-egitezko giza jokabide bat da, erruduntzat jotzen den pertsona jakin bati egozten zaiona, eta indarrean dagoen zigor-zuzenbidearen arauetan oinarrituta zigor daitekeena.

Beraz, aurrekoa kontuan izanda, kalumnia delituaren subjektu aktiboa edozein pertsona fisiko izan daiteke. Jokabide tipikoa izango litzateke beste bati delitu bat leporatzea jakinda gezurra dela edo itxuraz nahiko argi dagoenean gezurra dela, hau da, ez daukanean inongo oinarririk edo frogarik hori pentsatzeko.

Gainera, delitu pribatua da, ofendituaren edo haren legezko ordezkariaren kereila eskatzen baita jazartzeko, salbu eta ofentsa funtzionario publikoei, agintaritzari edo agenteei egiten bazaie, kasu horretan izaera publikoa baitute.

Tipoaren elementu objektiboak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Delitu baten egozpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jokabide tipikoa beste bati delitu bat egoztea da, hitzezkoa, idatzia edo bestelako bide grafikoak erabilita. Delitutzat ulertu behar da portaera zuzenbidez kontrakoa eta erruduna, burutua edo ez, eta berdin dio egile gisa edo partaide gisa egozten den.

Doktrina eta jurisprudentziaren arabera, egozpena zehatza izan behar da eta pertsona jakin baten kontrakoa izan behar da. Delitu-egitateen egozpena orokorrean bakarrik izan daitezke zigorgarriak irainen delituen arabera. Ez da galdatzen delituaren kalifikazio juridiko-teknikoa, baina bai zigor-tipo betean deskribatutako delituzko egitateen egozpena.

Izan ere, kalumnia zein irainen delitua ez-egitez burutu daiteke. Adibidez, norbaitek polizia-txosten baten zirriborroa argitaratzea baimentzen badu.

Edozein kasutan, kalumnia (edo iraina) delitua hedapenerako bide mekanikoak erabiliz egiten badira ezargarria izango da ZK-ko 30.2. edo 30.1. artikulua.

Egozpen faltsua eta exceptio veritatis

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakarrik hartuko da kalumnia-delitutzat objektiboki faltsua den egozpena. Hori dela-eta, egiazkoak diren egitateak leporatzea ez da delitu izango, ZK-ko 207. artikuluaren arabera.

Exceptio veritatis (ZK 207. art.) espideak esan nahi du ustezko errudunak frogatzen badu egia dela berak esandakoa (beste pertsona bati leporatutako delitua), ez dela zigortuko kalumnia-delituagatik, zigorra baztertuz.

Zigor Kodeko 214. artikuluaren arabera, kalumnia-salatuak epailearen aurrean aitortzen badu egozpenak faltsuak direla eta horietatik atzera egiten badu, zigorra murriztuko zaio, eta aurreko artikuluan ezarritako desgaikuntza-zigorra ezartzeari utzi ahal izango zaio.

Kalumniaren emaitza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kalumnia-tipoaren burutzeko ez da nahikoa egitatearen kanpo-aldarrikapenarekin, beharrezkoa da hori testuinguru sozial-komunikatibo batean kokatzea. Beraz, ezinbestekoa izango da mezua jasotzen denean hau sinesgarritasun nahikoa izatea subjektu pasiboaren ohorea kaltetzeko. Hori dela eta, sinesgarriak ez diren delituak beste pertsona bati leporatzea, saialdi gisa zigortuko dira.

Tipoaren elementu subjektiboak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egitatearen faltsutasuna ezagutzea edo egiarekiko ausarkeriazko mespretxua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuspuntu subjektibotik, delitu bat leporatzerakoan jakin beharko da hori faltsua dela. Hau zuzeneko doloarekin identifikatzen da.

Kalumnia-motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi kalumnia mota bereizten dira: publizitatearekin eta publizitatea erabili gabe. Honen arabera zigorra ere desberdina izango da.

  • Kalumnia publizitatedunak: kalumnia irarketa, irrati-difusio, sare sozial eta abarren bidez zabaldu eta zabaltzen da (hau Zigor Kodearen 211. artikuluan arautzen da), eta egileari sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra edo hamabi hilabetetik hogei eta lau hilabete arteko isuna ezarriko zaio, dagokion kuotarekin. Zigorra larritasunaren arabera esleituko da.
  • Publizitaterik gabeko kalumniak: kalumnia ez da inola ere zabaltzen mota honetan. Egileari sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio, dagokion kuotarekin. Kasu honetan ez da espetxe-zigorrik ezarriko.

Adibidez, toki batean pertsona jakin bat lapurtzen ikusi dugula esatea, jakinda hori ez dela egia, soilik min egiteko; baina, noski, ez da zabaltzen eta, beraz, ez zaio publizitaterik ematen.

Bi moten arteko desberdintasun nagusia hau da: lehenengoarekin min handiagoa egiten da; hau da, jende gehiagori helduko zaiolako informazioa, eta, beraz, eragindako kaltea handiagoa da proportzioz.

Kalumnia salatzeko moduak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Delituak publikoak, erdi-publikoak edo pribatuak izan daitezke. Kalumnia delitu pribatua  denez, honek eragina edukiko du bakarrik salaketa egiteko unean.

Delitu pribatuak direnez, Fiskaltza ez da alderdi izango, eta epaitegiak ere ez du delitua jazarriko, kaltetuak salatzen ez badu. Beraz, nahitaezkoa izango da kalumniaren egilea zigortzeko, kaltetua izan denak salaketa jartzea; hau egin ezean, ez da zigorrik ezarriko.

Salaketa jarri baino lehen, ezinbesteko baldintza da salatu nahi dugun pertsonarekin adiskidetze-ekitaldi bat egitea edo, gutxienez, egiten saiatu izana; ez da, beraz, zertan adostasuna eman behar, baina bai saiatu, behintzat.

Salaketa kereila bidez egiten da, batez ere, Fiskaltzak prozeduran parte hartzen ez duenez, salaketa egingo bagenu ez litzatekeelako akusaziorik egongo.

Laburbilduz, instrukzio-epaitegiak ez du inoiz kalumnia-deliturik jazarriko, kaltedunaren salaketarik edo kereilarik ez badago. Hau da, delitu honek duen berezitasuna.

Irain-delituarekiko ezberdintasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kalumnia irainetik bereizteko, kalumnian delitu-egitatearen egozpenak Zigor Kodean tipifikatuta egon behar du, hau da, delitua izan behar du derrigorrez; tipifikatuta ez badago ezingo da kalumniatzat hartu. Kontuan hartu beharko da. ordea, delitua egongo dela soilik doloa dagoenean egilearen aldetik, hau da, egilea beste pertsonari delitua egozten ari bazaio kalte-galerak sortzeko asmotan. Azken baldintza hau ere garrantzitsua izango da erabakitzerako orduan.

Iraina delitu bat da, eta pertsona baten duintasunaren aurkako egitateak edo iritziak egoztea da, pertsona horren ospea, ohorea edo estimazioa kaltetuz. Irainak ahoz, idatziz edo irudiz egin daitezke, eta delitutzat hartzeko, edukia objektiboa eta oso iraingarria izan behar da.

Zigor Kodeak, 208. artikuluan, honela definitzen du iraina:

«

Beste pertsona baten duintasuna kaltetzen duen ekintza edo adierazpena, haren ospea kaltetzen duena edo haren estimazioaren aurka egiten duena.

»


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 10/1995 Azaroaren 23ko 1995eko Lege Organikoa, Zigor Kodea
  • Injurias y calumnias: MundoJuridico.info web orria  “https://www.mundojuridico.info/injurias-y-calumnias/ “
  • Calumnias con publicidad: Estoeslegal.com web orria.  “https://estoeslegal.com/calumnias-publicidad/”
  • Cuestión de Honor, Sobre el Derecho Digital by AVERUM Abogados, 2019ko Otsailaren 7koa
  • Jesus Maria Silva Sanchez, Lecciones De Derecho penal parte especial, 2019 Atelier
  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Kalumnia. .

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]