Kees van Dongen
Kees Van Dongen (Delfshaven, Rotterdam, Herbehereak, 1877ko urtarrilaren 26a - Monte Carlo, Monako, 1968ko maiatzaren 28a) jatorri holandarreko frantziar pintorea izan zen.
1897az gero Parisen bizi izan zen. Bizibidea ateratzeko, beste lanbide askoren artean, karikaturak eta umorezko irudiak egin izan zituen kafetegietan eta aldizkari satirikoetan (L´Assiete Beurre, Le Rive, L´Indiscret). 1904an erakutsi zituen lehen aldiz bere margolanak jendaurrean, Vollard etxean; koadro gehienak ikuspegiak ziren, inpresionistak (Delfsahaveneko ikuspegia, Ortzadarra, Hodeiak, Galetteko errota). 1906. urte aldera ordea, fauvismoaren eraginez, kolore biziak erabiltzen hasi zen eta higikunde horretako margolari ezagunenetako bat izatera iritsi zen. Oso estilo berezia zuen, bizia, oldarkorra ere bai, ikuslea bete-betean jotzen zuena. Burgesiako jendearen erretratuak egin zituen, emakumezkoenak gehienbat, eta Belle Époque garaiko lekukotasuna eman zuen bere obretan (Boni de Castellane, Edmonde Guy, Anna de Noailles, Maurice Chevalier). Bestalde liburu batzuetarako irudiak ere egin zituen (Mila gau eta bat gehiago, Marcel Prousten obra osoak).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.