Maite Gonzalez
Maite Gonzalez | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Maite González Esnal |
Jaiotza | Donostia, 1943ko irailaren 12a (81 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta itzultzailea |
Maite Gonzalez Esnal (Donostia, Gipuzkoa, 1943ko irailaren 12a) euskal idazle eta itzultzailea da. Euskal Idazleen Elkarteko idazkari teknikoa izan zen eta gero literatura lantegiak zuzendu ditu; besteak beste Irun eta Donostian.[1][2]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ategorrietan (Ulia) jaioa, bertako eskola publikoan ikasi zuen. Ama Irungoa zuen, jostuna, eta aita donostiarra. Bi senidetan zaharrena da. 13 urterekin eskola utzi ondoren, garbiketa eta lurrin-denda batean hasi zen lanean, saltzaile. Lanetik irtendakoan, etxera joaten zen amari laguntzera. Bere kasa ikasten jarraitu zuen. Iluntzetan mekanografia eta takigrafia ikasi zituen akademia batean. Administrari lanak ikasi ostean hainbat bulegotan jardun zuen. Ezkondu egin zen, eta senarraren lanarengatik Bartzelonara joan ziren bizitzera. Hogeita bost urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko froga gainditu ostean, Filosofia eta Letrak ikasi zituen han. Geroago, itzultzaile eskolan ere aritu zen.[3]
Irakurzaletasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztetxotatik izan du irakurzaletasuna; askatasuna ematen zion babesa zen irakurtzea. Liburu gutxi batzuk heltzen ziren etxera, aitak ekarrita. Irakurtzea bere buruarekin egoteko modua zen. Eskolatik "La Voz de España" nola egiten zen ikustera joan ziren eta hari buruzko idazlan lehiaketa bat irabazi zuen. Bere gustuko gauzak egiteko astirik ez zeukan, lan egin beharra baitzeukan [3]
Euskara ikasi
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1967 inguruan bulkada emozional batek eraginda hasi zen euskara ikasten Xabiertxo liburua lagun hartuta,[4] ez baitzegoen beste materialik. Alde Zaharrean euskara erakusten zuen euskaltzale talde bat zegoen. Irakasle Manoli Aleman izan zuen hasieran. Euskara ikastea gustatu egin zitzaion, jolas bat bezala baitzen Gonzalezentzat. Irratia entzuten zuen eta inguruko lagunak euskaraz egiten hasi zitzaizkion, baina batez ere semearekin hasi zen askatzen. Bartzelonatik bueltan euskara ikasten jarraitu egin zuen. Patxi Goenaga eta Jose Agustin Arrieta izan zituen irakasle. Bartzelonan bizi zela, euskal kulturaren aitzindari izan zen Ez Dok Amairu taldea ikusi zuen.[3]
Egin egunkarian lan egin zuen hilabete batzuetan. Afalondo batean bertsoak ulertzeko gai izan zenean, 'tribuko' euskaldun sentitu zen. Antzera gertatu zitzaion katalanarekin eta ingelesarekin.[3]
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hendaia izan du bizitoki. Euskal Idazleen Elkarteko idazkari teknikoa izan zen. Euskal Idazleen Elkarteak Galeusca antolatzen zuen, Idazle europarrekin kongresua. 1986an eremu urriko hizkuntzetako idazleen arteko kongresua antolatu zuten eta bera ibili zen antolakuntzan. Europa osoko idazleak gerturatu ziren. Beste herri batzuetan literatura sustatzeko nola moldatzen ziren ikasi ahal izan zuten. Bigarren edizioa ere egin zuten.
Osasun arazoengatik Euskal Idazleen Elkarteko idazkari izateari utzi behar izan zion. Gero, hainbat irakurketa-tailer koordinatu ditu Hondarribian eta Irunen, baita idazketa tailerrak ere.
Besteak beste, Bertsolaritzari buruzko liburua argitaratu du, eta haur eta gazteentzako hainbat liburu idatzi ditu. Haur literaturan, Mari Marietta (1997, Alberdania) eta Lapitz baten ibilerak (1997, Erein) argitaratu ditu.[5][6]
Itzultzaile gisa, idazle hauek euskaratu ditu: Mercé Rodoreda (Ipuin hautatuak, Diamantearen Plaza), Margueritte Yourcenar (Alexis, edo alferrikako guduari buruzkoa), Gabriel Celaya (Gaviota) eta Eugenio de Andrade (Uraren Bezpera).[7]
Viajes, frutos, barrios saioan, 60ko eta 70eko hamarkadetako Donostia deskribatzeko atalak eta pasarteak jaso dira.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Narrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bertan ikusia (1984, Erein)[8]
- Hegoak ebaki banizkion "Gutiziak" liburuan argitaratuko narrazioa (2000, Txalaparta)
- Viajes, frutas y barrios (2013) (autoedizioa)
Haur eta gazte literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mari-Marietta (1996, Alberdania)
- Lapitz baten ibilerak (1997, Erein)
- Maiderren taupada-bilduma (2002, Alberdania)
Itzulpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ipuin hautatuak, Mercè Rodoreda (1984, Elkar)
- Diamantearen plaza, Mercè Rodoreda (1994, Elkar)
- Alexis, edo alferrikako guduari buruzkoa, Marguerite Yourcenar (1988, Elkar)
- Uraren bezpera, Eugenio Andrade (1990, Pamiela)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «González Esnal, Maite - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-12).
- ↑ Maite Gonzalez Esnal, http://www.idazleak.eus/euskara/idazleak/maite-gonzalez-esnal?q1=%20Maite&q2=Gonzalez
- ↑ a b c d «Gonzalez Esnal, Maite. PDFa. - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Zer da Gure Xabiertxo?» gurexabiertxo (Noiz kontsultatua: 2022-09-12).
- ↑ «Hasiera - Euskal idazleen elkartea» idazleak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Noticias, Alea. «Crónica del encuentro con Maite González Esnal» Alea Bilbao (Noiz kontsultatua: 2022-09-12).
- ↑ «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-12).
- ↑ «Maite Gonzalez Esnal - Euskal idazleen elkartea» idazleak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-12).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Maite Gonzalez Esnal literaturaren zubitegian
- Maite Gonzalez Esnali elkarrizketa Ahotsak.eus. 2021.10.18