(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Martin Azpilkueta - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Martin Azpilkueta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Martin Azpilkueta

Bizitza
JaiotzaBarasoain1492ko abenduaren 13a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaErroma1586ko ekainaren 1a (93 urte)
Familia
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
HeziketaAlcalako Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
latina
portugesa
Jarduerak
Jarduerakekonomialaria, unibertsitateko irakaslea, filosofoa, legelaria eta apaiz katolikoa
Enplegatzailea(k)Coimbrako Unibertsitatea
Salamancako Unibertsitatea
Tolosako Unibertsitatea
MugimenduaSalamancako Eskola
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Martin Azpilkueta Jauregizar[1] (Barasoain, 1492ko abenduaren 13a - Erroma, 1586ko ekainaren 21a), izengoitiz Doctor Navarrus, nafar pentsalari eta kanonista izan zen. Haren garaiko intelektual nagusietakotzat jotzen da, gai ekonomikoen lanketagatik, ekonomia moralaren inguruko pentsamenduagatik eta XVIII. mendera arte ohikoak izan ez ziren hainbat kontzeptu ekonomiko lehenengoz teorizatzeagatik, tartean diruaren prezioa edo inflazioa.

Martin Azpilkuetaren jaiotetxea Barasoainen

Baztandar jatorriko familia agaramontar batean jaio zen. Euskalduna zen umetatik.[2] Aita Martin Azpilkueta eta ama Maria Jauregizar izan zituen. Bizitzako lehen urteak Barasoainen eman eta gero, hamaika urte zituenean filosofia eta teologia ikasten hasi zen. 1509an Alcalá de Henaresko unibertsitatean ibili zen ikasle.

1510ean, Gaztelako Erresumak Nafarroari eraso egitean, familiarekin batera Okzitaniako Tolosara iragan zen. Bertan zuzenbide kanonikoa eta zuzenbide zibila ikasi zituen. 1516an, Nafarroako gazteluak suntsitzeko Cisnerosen agindupean, familiaren Azpilkuetako jauregia ere eraitsia izan zen.[3] Doktoradutza iritsirik, Tolosa eta Cahorseko unibertsitateetan eskolak eman zituen. Bere familiak gogor jasan zuen gaztelar agintarien errepresioa, ondasun gehienak galduz eta eskubide horien gaineko auzi amaiezinetan sartuz.

Tolosan apaiz bihurtu eta 1523an Nafarroara itzuli zen. Familia osoa eta berbera sorterriko errege-erregina legitimoen aldeko agertu ziren Nafarroaren konkistan eta, erresuma birkonkistatzeko ahalegin osoa Hondarribiko setiora mugatua zenean, Azpilkuetak Karlos V.aren alde men egiten zuten nafarren barkamena prestatu zuen (1523ko udazkena). Hurrengo urtean, erlijioko botoak egin zituen Orreagako kalonje agustindarren monasterioan. 1524tik aurrera, hamalau urtean Salamancan irakasle izan zen, eta bere ezagupenei esker ospe handia hartu zuen.

Karlos V.a enperadorearen aginduz, Coimbrako unibertsitate sortu berrira joan zen irakasle; 1555ean jubilatu eta Nafarroara itzuli arte eragin handia izan zuen Portugalgo handiki askorengan. Coimbran zegoenean bertara ikastera joandako bere iloba Joanes Azpilikuetaren tutore izan zen, tupi-guariniaren lehen gramatika idatzi zuenak Jesusen Landundiaren kide egin arte. Bere iloba zen ere Frantzisko Xabierkoa; gutunez gomendioak eman zizkion biak Portugalen zeudela, baina ez zuen aurrez aurre ezagutu garai horretara arte[4].

1577an, 85 urte zituela, Felipe II.ak Bartolome Karrantza Inkisizioaren aurrean defenda zezan eskatu zion. Gorabehera askoren ondoren, auzia Erromara eramatea agindu zuen Pio V.ak, eta hara joan ziren defendatua eta defendatzailea. Erroman Pio V.a, Gregorio XIII.a eta Sixto V.aren aholkularia izan zen. Bertan hil zen 94 urterekin.

Manuale de' confessori, 1584 (Milano, Fondazione Mansutti).

Aldi berean teologo, legelari eta ekonomialaritzat jo izan da. Idazlan ugari sortutakoa da. Eliza erreformatuak liturgian eta ideien zabalkundean berezko hizkuntzak erabiltzeari, Kontrarreforma Katolikoak latinari eutsiz erantzun zion Trentoko Kontzilioan. Aldiz, Azpilkuetak berezko hizkuntzak erabiltzearen alde agertu zen 1545eko bere Commento en Romance idazlanean, Coimbran argitaratuan, eta hor Aita Gurea, Salbe Maria, eta Kredoa idatzi zituen latinez zein erromantzez, alegia, gaztelaniaz; kontra izan zituen latin tradizioaren aldekoak.

Geroago, 1586ko Miscellaneum centum idazlanean, azaldu zuen berezko hizkuntzak lehenago ere baliatu zirela erlijio gaietan, apezpikuek eta inkisidoreek baimenduta, eta "kantabriar dohatsu eta ikasi bat" aipatu zuen: Lizarrako Antso Elsokoa, euskara otoitz desberdinetan baliatu zuena. "Baserritarrek eta menditarrek" kristau doktrinaz duten ignorantzia latinaren erabilerari egotzi zion, "buruz ikasten baitute, haien berezko hizkuntza erabili ordez"

Kontzeptu ekonomikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijio ikuspuntutik landu bazituen ere, De Usuras y Simonía lanean (1569) ekonomiaren historian garrantzia zuten hainbat gai landu zituen. Comentario resolutorio de usuras eta Manual de confesores y penitentes liburuetan maileguak, diruaren prezioa eta denbora diruaren denbora balioa teorizatu zituen.[5]

Salamancako Eskola deiturikoaren kide izan zen, beste jesuita, domingotar eta frantziskotar batzuekin batera, Ekonomia Klasikoaren sortzaileen oso aurrekoak (XVIII. mendeko britainiarra, Adam Smith eta bere jarraitzaileak, besteak beste), ekonomia modernoaren abiarazletzat hartzen direnak, ekonomia klasiko izan gabe. Ekonomiaren eta moralaren arteko harremanaz idatzi zuen, Tomas Akinokoaren kontzeptuak garatuz. Prezio eta irabazi justua eta injustua bereizi zituen, adibidez[6].

Amerikako metal preziatuen etorreraren ondorio ekonomikoez arduratu zen, diruaren teoria kuantitatiboaren historiako lehen formulatzailea izanik; herrialde ezberdinetako diruaren erosteko ahalmenaren arteko aldea nabarmendu zuen, herrialde horietan zegoen metal preziatuen ugaritasunaren edo eskasiaren arabera. Balore-eskasia izeneko teoria honela definitzen du: «Merkantzia oro garestiago egiten da eskaria indartsuagoa denean eta eskaintza urria denean».

« Dirua igo edo jaisten duzen zazpigarren gaia da bere falta edo kopien behar handia egotea da, gehiago balio du bere beharra dagoen garai edo lekuetan (...) esperientziaz Frantzian ikusten den bezala, non Espainian baino diru gutxiago dagoen, ogiak, ardoak, arropak eta gizonen lanek gutxiago balio dute; eta Espainian ere, diru gutxiago zegoenean, askoz gutxiagogatik ematen ziren salgaiak, gizonen lanak eta eskuak, Indian urrea eta zilarra aurkitu eta gero ematen zirenak baino. Honen arrazoia da diruak gehiago balio duela bere beharra dagoen lekuetan eta denboretan, dirua oparo dagoen leku eta uneetan baino. »

[oh 1]Comentario resolutorio de cambios (1556)[7]


Dirua beste salgai bat dela onartu zuen, eta, beraz, balio bat duela eta ordaindu egin behar dela: maileguaren interesa. Hala ere, lukurreriaren aurka idatzi zuen, diruak prezioa zuela eta interesa egon zitekeela onartuta ere. Bere ustez, interesak jasotzea eta lukurreriaren bekatuaren arteko aldea interes hori jasotzeko desira zen. Ez bazegoen desira espliziturik dirua emateko interes hori jasotzeko asmoz, orduan ez zen bekatua, baizik eta esker ona[5].

Nafar semea izanda, bere burua nafar-euskalduntzat zuen. Hala idatzi zuen Tolosa Okzitanian pasa zuen denborari buruz: Los navarros y catalanes que abundaban en Tolosa, no eran comocidos de todos como españoles[4]. 1570an idatzi zuen Carta apologética al Duque de Alburquerque lanean aipatzen du:

« Konfesatzen dut eta pozten naiz nafarra eta kantauriarra naizelako, zin egindako fideltasuna hain ondo gordetzen duen herri historiko hartakoa, batez ere erregeei (...). Baskoiak... ez dira aberatsak, baina Karlomagno baino askoz lehenago ezarri ziren. »

[oh 2][4]


Hala ere, ez zuen nazioen desberdintasuna babesten. Hala jaso zuen idatziz ere:

« txikitatik ez nator bat batzuk edo besteak gorrotatzen dituzteneik soilik nazio edo alderdi bateko kide izateagatik (...) Nafarroak erditu baininduen, Gaztela Berriak hezi ninduen Alcalán, Frantziak gizondu ninduen, Gaztela Zaharrak goratu ninduen Salamancan eta Portugalek ohoratu ninduen.[oh 3][4] »


Salamancan irakasle izan zela Karlos Habsburgokoak eskainitako bi karguri muzin egin zien, eta boterearen eta demokraziaren inguruan idatzi zuen. 1528an ekitaldi publikoa antolatu zen Salamancan eta enperadorea ere joan zen entzutera. Bertan botere politikoa herrian zetzala defendatu zuen[4]:

« Erresuma ez da erregerena, herritarrena baizik, eta erregearen ahaltasuna bera ere herriarena da eta ez erregearena, beraz, herritarrek ezin diete erabat uko egin beren eskumenei. »


Idazlan garrantzitsuenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Consilia et responsa, 1594

Bere lanik garrantzitsuenak hauek dira:

  • Manual de Confesores y Penitentes, Coimbran 1553an argitaratua, espainieraz zein latinez sarritan berrargitaratua.
  • De Usuras y Simonía (1569).
  • De redditibus beneficiorum Ecclesiaticorum, Valladolid (1566).
  • Comentario Resolutorio de Cambios.
  • Enajenación de las Cosas Eclesiásticas.
  • Comentario sobre los expolios de los clérigos.
  • Cuatro Comentarios de Regulares.
  • Tratado de las Horas Canónicas y de Oración.
  • Tratados del Rosario.
  • Silencio en el Oficio Divino.
  • Capitulo Inter Verba.
  • Capitulo Humanae Aures.
  • Tractatus de Finibus Humanorum Actuum.
  • Tratado de Penitencia.
  • Tratado de Indulgencias y Jubileo.
  • De Rescriptis.
  • Tratado de Juditiis.

Haren lan guztiak Venezian argitaratu zituzten 1598an Compendium horum omnium Navarri operum izenburupean.

Martin Azpilkuetaren oroipena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1992an, Martin Azpilkuetaren jaiotzaren bosgarren mendeurrenaren harira, haren omenezko eskultura bat jarri zen Barasoainen, Oloritzen bizi den Juan Manuel Campos Manik egina. Bertan berak esandako esaldi bat hiru hizkuntzaz (latin, euskara eta gaztelaniaz) dakar; euskarazko bertsioan, Herriak du agintea dio[8].

2004an Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak Martin de Azpilicueta saria ezarri zuen, administrazio publikoen jarduerari, Nafarroako sektore publikoari eta foru zuzenbide zibilari buruzko ikerketak eta azterlanak sustatzeko.

  1. El séptimo respecto que hace subir o bajar el dinero, que es de haber gran falta y necesidad o copia de él, vale más donde, o cuando hay gran falta dél (...) como por la experiencia se ve que en Francia, do hay menos dinero que en España, valen mucho menos el pan, vinos, paños, manos y trabajos de los hombres; y aun en España, el tiempo que había menos dinero, por mucho menos se daban las cosas vendibles, las manos y trabajos de los hombres, que después de las Indias descubiertas las cubrieron de oro y plata. La causa de lo cual es que el dinero vale más donde y cuando hay falta de él, que donde y cuando hay abundancia.
  2. Confieso y me alegro de ser navarro y cántabro, de aquel histórico pueblo tan guardador de la fidelidad prometida, especialmente a los reyes (...). Los vascones... no son ricos, pero se erigieron mucho antes que Carlomagno
  3. ya desde niño discrepo de quienes odian a otros por el único motivo de que pertenezcan a una u otra nación o partido [...] pues Navarra me engendró, Castilla la Nueva me edució en Alcalá, Francia me hizo hombre, Castilla la Vieja me ensalzó en Salamanca, Portugal me honró.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Dokumentazioan Azpilicueta, Azpilcueta eta Aspilcueta ere topa daitezke.
  2. Gartzia, Pruden. (2015). Nafarroako auziaz. Elkar ISBN 9788490274439..
  3. [www.ehu.eus › ehg › klasikoak › jaitsi?id=75&f=doc MARTINUS AB AZPILCUETA DOCTOR NAVARRUS MARTIN AZPILKUETA DOKTOR NAFARRA (1492-1586). ].
  4. a b c d e Arantzabal, Oskar. (2014). Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari. Pamiela ISBN 978-84-7681-821-3. PMC 890273646. (Noiz kontsultatua: 2022-12-22).
  5. a b (Ingelesez) Caranti, Pedro J.. (2020-07-01). «Martín de Azpilcueta: The Spanish Scholastic on Usury and Time-Preference» Studia Humana 9 (2): 28–36.  doi:10.2478/sh-2020-0010. ISSN 2299-0518. (Noiz kontsultatua: 2022-12-22).
  6. Juana, Muñoz-de; R. (Rodrigo). (2001). Scholastic morality and the birth of economics: the thought of Martín de Azpilcueta. ISSN 1098-1217. (Noiz kontsultatua: 2022-12-22).
  7. Artola, Miguel. (1982). Textos fundamentales para la historia.. (3 ed. argitaraldia) Alianza ISBN 84-206-8009-5. PMC 48274458. (Noiz kontsultatua: 2022-12-22).
  8. La Voz de la Merindad, 196. alea, 39. or.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]