(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Mizetismo - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Mizetismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Mizetismo
Entoloma sinuatum edo azpiarrosa maltzur onddoa, Euskal Herrian mizetismoa gehien eragiten duen espeziea.
Deskribapena
Motajanari-intoxikazioa, mycotoxicosis (en) Itzuli
pozoitzea
Espezialitatealarrialdietako medikuntza
mycotoxicology (en) Itzuli
Arrazoia(k)onddo pozoitsua
Identifikatzaileak
GNS-10T62.0
GNS-9988.1
MeSHD009145

Mizetismoa edo perretxikoek eragindako pozoitzea perretxikoetan egon daitezkeen substantzia toxikoek osasunean eragindako sintoma eta kalteen multzoa da. Normalean perretxikoak jan ondoren gertatzen da pozoitzea. Sintomak askotarikoak izan daitezke, hesteetako ondoez arinetik heriotzaraino. Toxina horiek onddoek sortutako subproduktuak dira.

Perretxiko bidezko pozoitzea perretxiko basati toxikoak irenstearen ondorio izan ohi da. Perretxiko horiek ez dira behar bezala jangarritzat identifikatzen eta haien itxura engainagarriagatik, kontsumitzera bultzatzen dute. Jateko basa-perretxiko batzuek eta perretxiko pozoitsu basati batzuek itxura oso antzekoa dutenez, azaleko ezaugarrietan oinarritutako identifikazio txarraren ondorio izan ohi dira akats horiek. Oso esperimentatutako perretxiko-biltzaileak, batzuetan ere, pozoitu egin daitezke espezie toxikoak jateagatik, dauden arriskuak ondo ezagutu arren.

Mitoa eta errealitatea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Folklore asko dago perretxiko pozoitsuen ezaugarriei buruz, eta horrek, informazio engainagarria eman dezake. Horren adibide batzuk hauek dira:

  • Kolore bizi-biziak dituzte. (Gezurra: oso toxikoak diren espezie batzuk erabat zuriak dira, Amanita virosa esaterako).
  • Barraskilo edo intsektuen infestazio gabezia dute. (Gezurra: onddoak kaltegabeak izan daitezke ornogabeentzat eta toxikoak gizakientzat. Adibidez, Amanita phalloideak intsektu-larbek zulatzen dituzte.)
  • Beltzak bihurtzen dira zilarrezko mahai-tresnak edo tipula ukitzean. (Gezurra: perretxiko gehienak belztu egiten dira zimeldu ahala.)
  • Zapore eta usain txarra dute. (Gezurra: perretxiko pozoitsu batzuk oso gozoak dira, biktimen esanetan. Adibidez, Amanita phalloides).
  • Behar adina kozinatzen badira, jateko seguruak dira. (Gezurra: toxina batzuen egitura kimikoa oso egonkorra da, baita tenperatura altuetan ere).

Ez dago perretxiko pozoitsuak identifikatzeko arau sinplerik. Pozoitzea saihesteko arau guztiz fidagarri bakarra, jakina, abstinentzia da. Perretxiko-biltzaileek arau komun bat dute: zalantzarik izanez gero, perretxikoa bota egiten da. Oro har, arriskurik handienak gutxitzeko modu bakarra esperientzia izatea, ezagutza taxonomikoak eta banaketakoak, eta zuhurrak izatea da. Baina hori ere ez da nahikoa izaten. Kasu batzuetan, perretxikoak kanpoko agenteez kutsatuta egon daitezke, hala nola, metal astunez edo erradiazioz. Izan ere, mikologo akademiko batzuek ez dute perretxiko basatirik jaten, profesionalki ezagutzen dituzten arren, biltzaile oso esperimentatu batzuk, batzuetan, pozoitu egiten baitira.

Basa-onddoak ez kontsumitzea da egokiena, eta jaterako orduan, ezagutuak, sailaktuak eta landatuak daudenak bakarrik kontsumitzea da gomendagarriena. Hala ere, perretxiko basatien biltzaileek arau praktiko batzuk bete behar dituzte.

Egin behar EZ dena:

  • Zalantzarik gabe identifikatu ezin izan diren perretxikoak jatea.
  • Haurrei jateko perretxikoak biltzen uztea.
  • Jan daitezkeen espezieak eta zalantzazko beste batzuekin nahastea, zatiak hautsi eta nahastu egin baitaitezke. Perretxiko pozoitsu bakar batek saski oso bat kutsa dezake.
  • Bildutako onddo gordinak irenstea.
  • Onddo txikiak edo egoera txarrean daudenak irenstea.
  • Bere garapena osatu ez duten onddoak biltzea.
  • Gona formako eraztuna, bolba edo egitura guztiak zuriak dituzten onddoak biltzea, batez ere lamelak dituzten espeziak. Horiek saihestu behar dira, intoxikazioaga ekar dezaketelako, eta ondorioz, heriotza-arriskua daukatelako.

Gainera, beste aholku batzuk hauek dira:

  • Seguruagoa da perretxikoak kontsumitu aurretik ondo kozinatzea.
  • Alkoholaren kontsumoa mugatu egin behar da perretxiko basati berriak jaten direnean; izan ere, zenbait espeziek (Coprinus atramentarius adibidez), kontrako erreakzioa eragin dezakete.
  • Aurretik jan izan ez den espezie bat lehenengo aldiz probatzen denean, zati txikietan egin behar da (pertsonako 150 g gehienez kontsumituz).

Europako bilketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskarmentu handiko mikologo edo perretxiko-biltzaile batek jakingo du zein espeziek duten beste espezie toxiko batekin nahasteko itxura gehiago, eta hortaz, pozoitzeko arrisku gehiago. Europan, batez ere eremu basotsuetan, jende askok bertako onddo bat edo bi ezagutzen ditu, belaunaldiz belaunaldi bildu eta kontsumitu direnak, baita eskualdeko sukaldaritzan erabili direnak ere. Italian eta Frantzian, adibidez, Boletus edulis-en aldaera batzuk (porcini italieraz, cèpe frantsesez) erromatarren garaitik, behintzat, bildu eta kontsumitu dira. Onddo horiek Boletus generoko kideak dira, eta, neurri batean, lamelen ordez ,poroak dituztelako identifika daitezke. Gainera, antzeko perretxiko pozoitsu gutxi izaten dituzte.

Europako eskualde batzuetan perretxikoak ez dira kontsumitzen, baina beste batzuetan, hala nola Finlandian, Eskandinavian eta Errusian, elikagai gutxi izan ohi dituztenez neguan, perretxiko jangarriei buruzko tokiko ezagutza zabala dago, eta perretxiko horiek sukaldearen zati nabarmena dira. Hala ere, perretxiko-aditu askok erraz ezagutzen diren onddoak soilik biltzen dituzte, hala nola kantarelak eta boletusak. Mitra ziza (Gyromitra esculenta), adibidez, gordin jatekotan hilgarria da duen toxikotasunagatik. Hala ere, ondo prestatzen baldin bada, gozoa bihurtzen da.

Aipatu den bezala, tokiko perretxiko jangarrien antzeko ezaugarriak dituzten espezimenak, barietate hilgarriak izan ditzakete beste eskualde batzuetan; eta beraz, ez dira bildu behar tokiko biotaren ezagutza egokia izan gabe. Adibidez, kantari gozoa (Cantharellus) asko kontsumitzen da Eskandinavian, ez baitago espezie pozoitsuekin nahasteko arriskurik. Hala ere, jakina da Ipar Amerikan onddo hori olibondozko perretxikoarekin (Omphalotus illudens) nahastu dela, eta, dirudienez, lur azpian egur usteldua dagoen lurrean hazten da. Hilerrietako perretxikoak (Volvariella speciosa), Asiako espezie jangarri ezaguna, eta hiltzaile berdea (Amanita phalloides), Ipar Amerikako eta Europako espezie pozoitsu eta hilgarria, nahasi ahal direla aipatzen da hainbat txostenetan.

Beste arazo bat sortzen da garatzen ari diren hiltzaile konkordunak (Amanita virosa) berrengorri ezagunaren antz handia dutelako, oso kontsumituak direnak. Bi espezie horien arteko antzekotasun horrek urtean hainbat heriotza eragiten ditu.

Euskal Herriko kasuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basa-onddoak biltzeko eta kontsumitzeko tradizio handia dago Euskal Herrian. Hori dela eta, misetizmo kasuak ere aipagarriak dira eremu honetan. Arazoa, batez ere, tokiko biota ezagutzen ez duten atzerritarrek onddoak biltzen dituztenean agertzen da. Izan ere, onddoak nahastu eta toxikoak diren onddoak hartzen dituzte, mizetismoak sortuz. Hori dela eta, onddoek urtero intoxikazio kopuru nabarmena sortzen dute.

Euskal Herrian gertatzen diren intokzikazio nagusienak digestio-aparatuarekin erlazioa dutenak dira. Intoxikazio horien arduradun nagusia azpiarrosa maltzurra da (Entoloma sinuatum) . Izan ere, beste onddo desberdin batekin nahastu ohi da, zizazuriarekin (Calocybe gambosa) hain zuzen ere. Berdintasun nagusia haiek partekatzen duten irina usaina da. Hala ere, zizazuriaren tamaina txikiagoa izateaz gain, dituen laminak zuriak edo krema kolorekoak dira.[1]

Perretxikoen toxinak hilgarriak dira kontzentrazio baxuetan; kasu batzuetan, manba beltz baten pozoia bezain indartsua da. Horien artean, alfa-amanitina toxina nabaria da. Izan ere, toxina horren 5 mg nahikoa dira pertsona nagusi bati heriotza eragiteko. Banako baten batez besteko txapel batek substantzia horren 30-90 mg ditu. Perretxikoen eragin toxikoa, eta batzuetan hilgarria, zenbait substantziaren ondorio dira. Substantzia horiek irentsitakoan, zenbait prozesu eragin ditzakete gorputzeko zenbait organotan, eta horietako prozesu batzuk itzulezinak dira.

Amanita phalloides, giza kontsumorako izugarri toxikoa den espeziea.

Gehien kaltetu ohi diren organoetako bat giltzurrunak dira. Toxinak irentsi ondoren, organo horien funtzionaltasunari eragiten diote, aldi baterako edo betiko. Hori gertatzean, ezinbestekoa da odola iragazteko programa alternatiboak erabiltzea (hemodialisia). Prozesu hori eragiten duen toxinetariko bat orellanina da, Cortinarius orellanus-en dagoena.

Amaniten falotoxinek eta amatoxinek urdail-hesteetako funtzionamenduari eragiten diote, gastroenteritisa, deshidratazioa, konbultsioak eta delirioak eragiten.

Giromitrinek, ordea, sukarra eta digestio- eta nerbio-arazoak eragiten dituzte, eta horiek koma eragin dezakete.

Hemolisinen ezaugarri nagusia odoleko eritrozitoak suntsitzea da, baina, kasu honetan, tenperaturarekin desnaturaliza daitezke. Horregatik Amanita rubescens asko kozinatu behar da, beroaren eraginez, toxina suntsi daitekeelako.

Beste toxina batzuek nahasmena, irudipen irrealak, euforia eta aztoramena eragiten dituzte. Horien artean, psilocybina, psilozina eta bufotenina nabariak dira, zeinak perretxiko haluzinogeno jakin batzuetan dauden, hala nola, Psilocybe eta Amanita generoetan. Amanita muscaria-n dagoen muskarinak nerbio-sisteman eragina du.

Azkenik, koprinak, alkohola edatearekin batera, erreakzio gastrointestinalak, estutasunak eta takikardiak eragiten ditu, besteak beste.

Sintomak eta patologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sintoma larriak ez dira beti agertzen perretxiko pozoitsuak jan bezain laster. Askotan, eragina giltzurrunei eraso egiten dietenean hasten da, minutu batzuetatik ordu batzuetara gerta daitekeena. Kasu batzuetan, baliteke heriotza eragiten duten sintomak ez agertzea irentsi eta zenbait egunera arte.

Sintomatologia:

Pozoidura kasu oso larri batzuetan, hepatitis fulminantea sortzen da, eta kaltetutako organoa transplantatu behar izaten da kaltetuaren bizia salbatzeko.[2] Onddo-kontsumoaren ondoriozko hepato-toxikotasunaren sintomak hauek dira (batez ere Amanita-renak) :[3]

  1. Lehen etapan (lehenengoko 6-24 orduetan) agertzen diren sintoma nagusiak: sabeleko mina, goragalea, oka egitea, beherakoa, sukarra, deshidratazioa, hipotentsioa eta alterazio hidroelektrolitikoak.
  2. Bigarren etapa (24-48 orduetan): hasierako sintomek hobera egiten dute, baina engainagarriak dira, nahiz eta gibeleko eta giltzurrunetako asaldurek aurrera egiten jarrai dezaketen.
  3. Hirugarren etapa (3-5 egunetan): Ikterizia, entzefalopatia eta gibeleko gutxiegitasun larriagoa, gibeleko zelulak suntsitzen direlako. Irenstearekin lotutako heriotza-tasa % 20-30 da.

Gaixoak berehala tratatzen badira, heriotza saihets daiteke. Hala ere, toxina batzuekin heriotza egun gutxi barru gerta daiteke, baldin eta irentsitako espeziea oso pozoitsua bazen.

Espezie pozoitsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru perretxiko hilgarrienak Amanita generokoak dira: Amanita phalloides (hiltzaile berdea ere deitua), Amanita virosa eta Amanita verna (edo hiltzaile goiztiarra). Beste bi Cortinarius generokoak dira. Cortinarius rubellus eta Cortinarius orellanus (edo sare hiltzaiela). Espezie hauek dira, hain zuzen ere, heriotza gehien eragiten dituztenak. Horien artean, toxina nagusiak alfa-amanitina (Amanita generoan) eta orellanina (Cortinarius generoan) dira.

Amanita verna.

Euskal Herriko espezie pozoitsu nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian hauek dira mizetismoa sor dezaketen 10 espezie nagusiak:[4]

  1. Amanita muscaria - Intoxikazio oso arraroak, bere itxura berezi eta bistakoak erraz identifikatzen duelako. Txosten berriek iradokitzen dute uste baino toxikotasun baxuagoa duela.
  2. Amanita phalloides - 'Astaprrexil berde' moduan ere ezagutua, pozoitzearen aldetik ohikoenetarikoa. Ale bakar batek heriotza eragin dezake.
  3. Amanita rubescens - Gordin kontsumitzen denean toxikoa den beste perretxiko bat da. Kolore gorrizkak ditu.
  4. Armillaria mellea - Gordinak oso toxikoak dira eta intolerantzia sindromea eragin dezakete.
  5. Clytocibe dealbata -Multzokatuta agertzen dira. Oso toxikoak dira muskarina dutelako.
  6. Clytocibe nebularis - Toxizitatea mugatua dauka, izan ere, pertsona batzuei eraginik egin ahal ez dien arren, beste batzuei elikadura-nahasmenduak eragin ahal die.
  7. Entoloma sinuatum - Aipatu den moduan, Euskal Herrian mizetismo kasu gehienen eragilea da. Sortzen dituen intokzikazioak digestio-aparatuarekin erlazioa dute.
  8. Morchella vulgaris - Gordina jan ezin den arren, beroarekin dituen toxinak suntsi daitezke.
  9. Morchella conica - Aurreko Morhella-rekin antzekotasun ugari ditu, eta beraz, ezin da gordin jan.
  10. Tricholoma equestre - Toxikoa bada ere, Frantzian batez ere kontsumitzen zen. Gomendioen artean bi hauek daude: kantitate txikietan hartzea eta egun tartekatuetan izatea.

Aipatu den moduan, 10 horietatik hiru Amanita familiakoak dira, toxikotasun handia dutenak.

Beste espezie pozoitsu batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondorengo espezieek ondoeza handia sor dezaketen arren, heriotze-tasa baxua dute:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Nogué, S., Simón, J., Blanché, C. eta Piqueras, J. (2009). [http://www.fetoc.es/asistencia/intoxicaciones_plantas_y_setas_completo_2009.pdf Intoxicaciones por plantas y setas. ] -area científica Menarini.
  2. Grave infestación por consumos de hongos en Chile. .
  3. Hepatotoxicidad por consumo de hongos
  4. (Gaztelaniaz) «Las diez setas más peligrosas» El Diario Vasco 2014-10-23 (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]