(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Pafos - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Pafos

Koordenatuak: 34°46′34″N 32°25′35″E / 34.77612852°N 32.42651039°E / 34.77612852; 32.42651039
Wikipedia, Entziklopedia askea
Pafos
Πάφος
Baf
Zipreko hiria
Administrazioa
Herrialdea Zipre
BarrutiaPafos
AlkateaSavvas Vergas
Izen ofizialaΠάφος (gr)
Baf (tr)
Jatorrizko izenaΠάφος
Baf
Posta kodea8049 eta 8010
Geografia
Koordenatuak34°46′34″N 32°25′35″E / 34.77612852°N 32.42651039°E / 34.77612852; 32.42651039
Map
Azalera400 km²
Altuera72
Demografia
Biztanleria35.961 (2019)
32.892 (2011)
31.738 (2001)
Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragileaAdierazpen errorea: Hitz ezezaguna "br" (2011)
Dentsitatea1.988 bizt/km²
Informazio gehigarria
SorreraK.a. 300
Telefono aurrizkia26
Ordu eremuaUTC+02:00 eta UTC+03:00
Hiri senidetuakKorfu, Batumi, Kanea, Anzio, Florentzia, Herzliya (en) Itzuli, Košice, Alexandria, Liyang (en) Itzuli, Kalamaria (en) Itzuli, Preveza, Lamia (hiria) eta Mitilene
http://www.visitpafos.org.cy

Pafos[1] (grezieraz: Πάφος, Pafos; turkieraz: Baf) Zipre uhartearen mendebaldean dagoen hiri bat da, antzina izan ziren bi hirik bat egitean sortu zena. Gaur egun izen bereko barrutiko hiriburua da.

UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen 1980. urtean hirian aurkitzen diren antzinako hainbat eraikin esanguratsu direla eta[2]. 2017an Europako kultura-hiriburua izan zen, Danimarkako Aarhus hiriarekin batera.

Sorreraren kondairak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Afroditaren harkaitza.

Ovidiok Metamorfosiak liburuan kontatzen duenaren arabera Pigmalion Zipreko erregea luzaroan ibili zen emakume perfektuaren bila eta aurkitu ez zuenez emakumezko perfektuaren bolizko eskultura egin zuen. Berehala maitemindu zen berataz eta afrodita jainkosak bizitza eman zion Galateari. Bikoteak semea (Pafos) eta alaba (Metharme) izan zituen.

Pafosek fundatu zuen bere izena daraman hiria eta Afroditaren omenezko kultoa ezarri zuen berariaz eraikitako tenplu ikusgarrian.

Estrabon erromatarrak beste kondaira bat kontatzen du. Honen arabera amazonak izan ziren Pafos hiria sortu zutenak[3].

Palae-Pafos (Pafos zaharra)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun Kouklia herria dagoen eremuan egon zen. Itsasotik gertu dagoen muino batean eraiki zen, Zephyrium lurmuturretik gertu eta Bocarus ibaia itsasoratzen den puntuaren alboan[4].

Indusketa arkeolojikoek erakutsi dute Neolito garaitik populatua izan dela. K.a. seigarren milurtekotik aurrera gurtu izan dira bertan heleniar aurreko jainkosak[2]. Hiria bera mizenastarrek eraiki zuten K.a. XII. mendearen inguruan[2].

Aurrez aipaturiko kondairaren eraginez Antzinako munduan izan zen Afroditaren kulto gune handiena izan zen. Greziar mitologiaren arabera Afrodita Pafosen lehorerratu zen itsasoko aparretatik atera zenean. Pausanias bidaiari eta geografoaren arabera ordea Siriatik iritsi zen Afroditaren mitoa Pafosera, feniziar jatorria izango zuen beraz. Homeroren Odisea liburuan ere aipatzen da Pafoseko Afroditaren aldarea, hortik tokiaren garrantzia[3].

Nea-Pafos (Pafos berria)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heleniarren garaian eraiki zuten hiri berria, itsasertzean, kai naturala aprobetxatuz, Pafos zaharretik 12 kilometro ipar-mendebaldera. Honek ere badu bere kondaira, eta Troiako gerratik bueltan Agapenor buruzagi arkadiarra ekaitz handi baten erruz gainontzeko greziarrengandik banandu egin zen eta Pafosen lehorreratu zen (Pausanias viii. 5. § 2.). Herodoto historialariak arkadiarren kolonia bat bazela aipatu zuen[3].

Usterik zabalduenaren arabera Palae-Pafoseko azken erregea zen Nicocles izan zen Pafos berria eraiki zuena, Nea-Pafoseko Artemis Agrotera tenpluan dagoen idazki batean hala esaten baita. K.a. 312 urtean Marion hiria suntsitu zuen Ptolomeo I.ak eta bertako biztanleak Pafosera etorri ziren[5]. Etxe helenistiko batean K.a. IV. mendeko zilarrezko txanpon ugari aurkitu dira eta badirudi ordukoa dela Nea-Pafosen fundazio data.

Nea-Pafos hiri nagusia bihurtu bazen ere Palae-Pafosen indartsu jarraitzen zuen Afroditaren gurtzak eta Estrabonek dioenez bien arteko bidea gizonezko eta emakumezko erromesez betetzen zen urtero. Erromes hauek Nea-Pafosetik soilik ez, Zipreko beste hiri askotatik ere joaten ziren.

Dionisoren etxeko mosaikoa.

Lurrikara handi batek Pafos suntsitu zuela dio Senekak baina ez du zehazten bi Pafosetatik zein izan zen suntsitua. Augusto enperadoreak berriro eraiki zuen eta Augusta izena eman bazion ere Pafos izena erabiltzen jarraitu zuten bertakoek[3].

Bibliako Apostoluen Eginak liburuan Bernabe eta Saulo Tarsokoa apostoluak Salaminara iritsi zirela aipatzen da eta Jainkoaren hitza zabaldu zutela uhartean zehar ibilbidea Pafosen amaitu zuten arte[6]. Bertan Saulok Sergius Paulus erromatar prokontsula kristau bihuru zuen Elimas azti judua itsutu eta garaitu ondoren. Pafosen izendatzen zaio lehenengo aldiz Paulo Tarsokoa aurrez Saulo zenari.

Erromatarren garaian merkataritza-gune garrantzitsua izaten jarraitu zuen Pafosek. K.o. 116-117 urteetan Salamina hiriburuan izandako juduen matxinadan hiritar ugari hil zituzten eta erromatarrek altxamenduari amaiera eman ziotenean Zipre guztiko juduak uhartetik kanporatu zituzten[7]. Gertakizun honen ondoren gobernadoreak Pafosen ezarri zuen bere egoitza eta uharteko hiriburu bihurtu zen.

Aro klasikoaren ondoren

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pafosko gaztelua.

K.o. IV. mendean Trifillios apezpikuak Nikosian ezarri zuen bere egoitza[8] eta hura bihurtu zen uharteko hiriburu berri. Hurrengo mendeetan Pafosen garrantziak behera egin zuen eta Zipreko beste hiri batzuek gain hartu zioten, Famagustak eta Larnakak batez ere.

Bizantziarrek Pafosko gaztelua eraiki zuten itsasportua zaintzeko. 1222. urtean lurrikara handi batek jo zuen Zipre eta Nikosia eta Limasol ere kaltetu zituen arren Pafos izan zen kalte handienak jasan zituena. Biztanle ugari hil zen eta hainbat eraikin suntsitu zituen, portuko gaztelua eta Saránda Kolónes gotorlekua adibidez[9]. Lusignan erregeek gaztelua berreraiki egin zuten XIII. mendean. 1570. urtean otomandarrek Zipre eskuratu zutenean gotortu egin zuten berriz[10].

Britainiarren garaian (XIX-XX. mendeetan) populazioak behera egiten jarraitu zuen. Biztanle asko Limasolera eta Nikosiara joan ziren eta beste askok uhartetik alde egin zuten.

Pafoseko itsas-portua.

Turkiarrek 1974. urtean Zipre iparraldea inbaditu zutenean berriz garrantzia hartu zuen Pafosek, turismoak ekarri zuen garapen ekonomiko berria. Erabat utzia zegoen eskualdean azpiegitura garrantzitsuak bultzatu zituen gobernuak, urtegiak, ibaien kanalizazioak, errepide berriak... Pafosko aireportua ere eraiki zen, gaur egun Zipreko bigarren nazioarteko aireportua dena hain zuzen ere.

Pafosen jarduera ekonomikoaren zati handiena turismoan oinarritzen da. Lau barruti nagusi daude hirian, Kato Paphos, Coral Bay, Latchi eta Aphrodite Hills. Kato Paphos da handiena eta hiriko langileen erdia hartzen du.

Nekazaraitzak ere bere garrantzia badu. Banana, mahatsa eta tabakoa landatzen da gehien bat.

    Datu klimatikoak (Pafos)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 17.0 16.9 18.5 21.3 24.4 27.7 29.9 30.4 28.8 26.6 22.4 18.6 23.6
Batez besteko tenperatura (ºC) 12.5 12.3 13.6 16.3 19.5 22.8 25.2 25.7 23.8 21.5 17.5 14.2 18.7
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 8.0 7.6 8.7 11.3 14.5 17.8 20.4 21.0 18.8 16.4 12.6 9.7 13.9
Pilatutako prezipitazioa (mm) 80.2 64.2 34.3 18.7 5.30 1.60 0.30 0.00 3.80 18.0 66.4 93.9 386.7
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 9.9 8.0 5.5 4.1 1.3 0.3 0.1 0.0 0.6 2.5 5.8 8.7 46.6
Eguzki orduak 195.3 211.7 244.9 270.0 344.1 381.0 390.6 365.8 315.0 285.2 225.0 186.0 3414.6
Iturria: Meteorologia Zerbitzua (Zipre)[11]

Gizateriaren ondare

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Pafoseko arkeologia parkea»
Pafos1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Pafoseko eremu arkeologikoa

Mota Kulturala
Irizpideak iii, vi
Erreferentzia 79
Kokalekua Zipre
Eskualdea2 Europa eta Ipar Amerika
Izen ematea 1980 (IV. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

UNESCOk erromatar garaiko Pafos hiri osoa Gizateriaren ondare izendatu zuen 1980. urtean eta horrela Pafoseko arkeologia parkea sortu zen. Parke honek guztira 291 elementu hartzen ditu bere baitan eta aipagarrienak honako hauek dira[2]:

  • Lau erromatar villa: Dionisosen etxea, Orfeoren etxea, Aionen etxea eta Teseoren etxea. Lauek ere mosaiko ederrak dituzte zoruetan, UNESCOren arabera munduko ederrenetakoak dira[2].
  • Agora erromatarra.
  • Asklepioren eraikina.
  • Panagia Limeniotissa basilika.
  • Odeon antzokia.
  • Erregeen hilobien nekropolia (Tafoi ton Vasileon) eta San Pauloren zutabea.
  • Katakunbak (kristautasunaren hasierako garaikoak).

Ekintza kultural ugari izaten dira Pafosen urtean zehar.

Irailean Pafosko Opera eta Afrodita jaialdia izaten da kaian, eta gazteluan kokatzen da oholtza[12]. Urrian Open Estudios Cyprus jaialdia ospatzen da[13]. Bertan artistek beren lanak publikoaren aurrean egiten dituzte eta haiekin solasaldia izateko aukera egoten da. Palia Ilektriki izeneko erakusketa eta konferentzia aretoa ere badu hiriak[14].

Pafostar ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Persephone Papadopulou (1888-1948), irakasle, idazle, kazetari eta feminista
  • Stylianos Kyriakides (1910-1987), maratoilaria
  • Makarios III.a (1913-1977) Zipreko aurreneko lehendakaria

Herri eta hiri senidetuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2006-1-27). Antzinateko hirien euskarazko izenak. .
  2. a b c d e (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Paphos» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2020-10-28).
  3. a b c d Smith, William. (1854–1857). "Paphus". Dictionary of Greek and Roman Geography.. London: John Murray..
  4. Hesychius..
  5. «The Princeton Encyclopedia of Classical Sites, PAPHOS or Nea Paphos (Kato Paphos) Cyprus.» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2020-10-28).
  6. Acts 13:4-6. .
  7. Dion Casio LXVIII,32; André Paul. (1982). El Mundo judío en tiempos de Jesús: historia política. Madrid: Ediciones cristiandad, 139 or. ISBN 84-7057-320-9..
  8. «Saint Triphyllius, Bishop of Leucosia (Nicosia), Cyprus» www.oca.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-28).
  9. (Ingelesez) Ambraseys, N. N.; Melville, C. P.; Adams, R. D.. (2005-10-13). The Seismicity of Egypt, Arabia and the Red Sea: A Historical Review. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-02025-1. (Noiz kontsultatua: 2020-11-01).
  10. «Pafos (Paphos) Castle» www.visitcyprus.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-01).
  11. Meteorological Service - Climatological and Meteorological Reports. .
  12. «Pafos Aphrodite Festival Cyprus» www.pafc.com.cy (Noiz kontsultatua: 2020-10-28).
  13. «* Home» www.cyprusopenstudios.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-28).
  14. «Pafos Cyprus Palia Ilektriki Municipal Cultural Centre Conferences Events Meetings | AllConferences.com» www.allconferences.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-28).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]