Petrokimika
Petrokimika petrolioaren deribatuen diren konposatuen azterketaz diharduen kimikaren adarra da, 1920 eta 1925 bitartean sortu zena. Konposatu horiek petroliotik edo gas naturaletik lortzen dira, cracking edo pirolisi bidez.
Petrokimika-konposatu nagusiak metanoa, etanoa, propanoa, etilenoa, azetilenoa, bentzenoa eta abar dira. Petrolioaren deribatuak izanik ere, erregai gisa erabiltzen diren nahasteak (gasolina, fuel-olioa...) ez dira hartzen gai petrokimiko gisa.
Gas petrokimikoekin alkoholak, zetonak eta glikolak ekoiztea lortu zenean, kimika alifatikoari bide berria zabaldu zitzaion. Bigarren Mundu Gerraz geroztik petrokimikak garrantzi handia hartu zuen mundu guztian, sintesi bidez lortutako kautxuaren eta lehergaien eskakizuna handia baitzen. Petrolioren deribatuak geroz eta ugariagoak dira, eta, hori dela eta, geroz eta garrantzi handiagoa du petrokimikak. Gai horiek kautxuaren industrian erabiltzen dira (autoen industrian batez ere), amoniakoaren industrian (ongarrien ekoizpenean bereziki), disolbatzaile eta plastifikatzaile gisa, eta plastikoak, koloratzaileak, lehergaiak, botikak eta abar egiteko.
Petrokimikak hiru prozedura-mota nagusi erabiltzen ditu, lehengaiaren arabera:
- Prozedura alifatikoak: etanoa, propanoa, etilenoa, propilenoa, butilenoa, azetilenoa, butadieno eta kate luzeko beste hidrokarburo alifatiko batzuk erabiltzen dituzte lehengai gisa. Horiek gas naturalaren edo petrolioaren crackinga tenperatura beroetan eginez lortzen dira.
- Prozedura aromatikoak: bentzenoa, toluenoa, xilenoa, naftalenoa eta beste hidrokarburo zikliko ase batzuk erabiltzen dituzte lehengai gisa.
- Prozedura ez-organikoak: amoniakoa, hidrogeno zianuroa, ikatzezko beltza eta sufrea erabiltzen dituzte; horiek geroz eta gehiago lortzen dira gas naturaletik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.