(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Pi L.T. - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Pi L.T.

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pi L.T.
Datuak
JatorriaMungia (Bizkaia)
Musika motametal, rock
Urteak1993 - Gaur egun
Produkzioa
Diskoetxea(k)Esan Ozenki, Metak
Taldekideak
Jose Manuel Sampedro 'Xanpe'
Rafa Rueda
David Gonzalez
Aitor Abio
Lehengo taldekideak
Txarli Solano
Ekaitz Hernandez
Informazio gehigarria
Musicbrainz: e376448f-11d8-4baa-b467-a8f154bbcb46 Songkick: 149174 Musikasten: lt Edit the value on Wikidata

Πぱい L.T. edo Pi L.T. 1992-an sortutako Mungiako (Bizkaia) Metal taldea da. 1990eko hamarkada hasieran hasi zen proiektu hau Rafa Rueda, Txarli, Aitor Abio eta Jose Manuel Sampedro Xanpe-ren bitartez.

1995eko Euskadi Gazteako maketa lehiaketa irabazi ostean[1], beraien lehen diskoa kaleratu zuten Esan Ozenki zigiluaren bitartez. Disko hau, riff metaleroez eta soinu astunaz jositako diskoa izan zen eta Hil da jainkoa single-a oso ezaguna egin zen Euskal Herriko txoko guztietan.

Bi urte geroago (1997), bigarren diskoa kaleratu zuten (Denbora) zigilu berdinarekin. Disko hau, beraien lehen lana baino elaboratuago eta esperimentalagoa izan zen. Baina nahiz eta kritika oso onak jaso, lehen diskoak baino kopia gutxiago saldu zituen. Hala ere, Euskal Herriko metal panoraman talde garrantzitsuenetakoa zela garbi utzi zuten.

1999-an, 3 izeneko hirugarren disko kaleratu zuten. Disko honetan, aurreko bi diskoen kutsua elkartzen saiatu ziren.

2002-an, Minus laugarren lana kaleratu zuten. Lan berri honetan, baxu-jotzaile berria estreinatu zuten, Txarlik taldea utzi baitzuen. Bere ordez, Evirus69 taldeko David Gonzalez sartu zen taldean. Disko hau Garate estudioetan grabatu eta ekoiztu zuten Haritz Arregiren laguntzarekin.

2005ean formazio aldaketarik garrantzitsuena suertatu zen taldean. Aitorrek taldea uzten du eta bere ordez ez dute beste inoren laguntzarik jasoko teklatuetan aritzeko. Taldea beraz, gitarra, bateria eta baxuarekin geratzen da soilik. Formazio honekin, momentuz beraien azken lana den Game Over diskoa kaleratu zuten.

2017an kontzertu bira labur bat egin zuten, ordura arte taldeko kide izandako denak elkartuz.[2]

2023ko irailean kontzertu bat eskaini zuten Dimetalfest jaialdian.

2024ean, taldea desegin eta hogei urtera, estudiora itzuli eta Garai honetan izeneko abestia kaleratu dute Xanpe, Rafa, David eta Aitorrek osatutako laukoteak. Kontzertu bira ere iragarri dute.[3]

Mungiako (Bizkaia) talde ausart honek euskal rock eta metalari aire berria eman zien 90eko hamarkadan, eta agerian utzi zuen irudimenez eta aurreiritzirik gabe oso urrun hel daitekeela. Bost disko kaleratu zituzten, eta Euskal Herritik kanpo ere jarraitzaile asko lortu zituzten. Taldeak azkena eman ostean, Rafa Rueda abeslari eta gitarristak bakarkako bideari ekin dio.

Broken Bihotz taldeko Rafa Rueda (ahotsa eta gitarra) Aitor Abio (teklatuak) eta Jose Manuel Sampedro Xanpe-rekin (bateria) elkartu zen 1993an, rockaren barruan bestelako bide batzuk arakatzeko. Broken Bihotzekin pop-rock disko bat argitaratua zuen Ruedak, Denborak izen gradua galtzen duenean (IZ, 1992), eta Xanpe D69 eta Sentencia taldeetan ibilia zen. Hirukoteak osatu zuen taldearen ardatza, baina berehala Txarli Solano (baxua) batu zitzaien. Artean izenik ez zutela, entsegu batean lokaleko argia joan egin zen, eta grabagailua 3 minutu eta 14 segundotan gelditu zen. Lapsus tempore haren ostean, bazuten izena: PiLT. Lokalean bi maketa grabatu, eta bakarra saldu zuten. Hortik aurrera, gurpil zorora igo ziren: Euskadi Gazteako V. Maketa Lehiaketa irabazi zuten, Egin Txotx! lehiaketarako sailkatu, Bilbo Hiria pop-rock lehiaketan accesita jaso...

Leioako (Bizkaia) Ama Irlandarren Ikastetxean grabatu zuten lehen diskoa, zuzenean eta zortzi egunean. Jose Lastrak grabatu zuen, aldageletan estudio txiki bat egokituta. Rocka, metala eta funky doinuak batu zituzten Pi.L.T estreinako lanean (Esan Ozenki, 1996), nazioarteko eragin indartsu eta berritzaileak bereganatuta. Ruedak "adreilu" hitzarekin definitu zuen diskoaren edukia. "Hil da Jainkoa" lehen singleak ate asko zabaldu zizkien, baina entzule asko azalean gelditu ziren. Ideia berritzaile asko ekarri zituzten, eta zuzenekoetan probokazioarekin eta performance-arekin jokatzen zuten: buzo zuriekin edota dantzariz jantzita, bidoiak jotzen... Teklatuaren erabilera nabarmentzekoa zen: «Beti iruditu zaigu teklatua gaizki aprobetxatutako elementua dela, kutsu despektibo edo berbeneroa duena. Teklatua errebindikatu nahi genuen; gainera, rockarekin izan ditzakeen konbinazioak itzelak dira» (1). Unai Iturriaga bertsolariak idatzi zituen bi kanturen hitzak, "Erraietatik" eta "Betirako ameskaitza", eta bitxikeria gisa, inprobisaturiko pare bat pasarte instrumental ere jaso zituzten, "Jolasean I" eta "Jolasean II".

Kontzertu ugari egiten hasi ziren, eta horietako batean Clawfinger taldearekin harreman ona egin zuten. Horren ondorioz, elkarrekin kontzertu gehiago egitera gonbidatu zituzten norvegiarrek, esaterako Akizeko (Frantzia) nazioarteko jaialdian, 1997an. Urte berean, L´asturianu muévese Asturiasko hizkuntzaren aldeko bildumarako "Hil da jainkoa"-ren asturierazko moldaketa grabatu zuten (Dios ya morrió), Dixebra taldeko abeslari Xulio Eliperen laguntzarekin; halaber, Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan bildumarako (Esan Ozenki, 1997) Aldapeko herri kantua moldatu zuten.

1998an, Unbe mendiko Sagarminaga baserrira jo zuten, Jose Lastrarekin (Ama Say) bigarren diskoa grabatzera. Prozesu esperimentala izan zen, eta kantu batzuk aire librean grabatu zituzten. Denbora diskoak (Esan Ozenki, 1998) kutsu industrial handiagoa dauka eta joera berrietatik hurbil dago. Hitzetan, Unai Iturriaga eta Igor Martin de Vidalesen laguntza izan zuten, baina kantu gehienak Rafa Ruedak idatzi zituen.

Luze gabe, hirugarren diskoa heldu zen. Lehenengo aldiz, grabazio estudio batean sartu ziren prozesuaren hasieratik, Tio Pete estudiora hain zuzen. 3 izenburua jarri zioten oraingoan diskoari, (Esan Ozenki, 1999) eta batez ere zuzenekoetan pentsatuz egin zuten. Sinpletasunaren bila jo zuten. Maketako kantu bat berreskuratu zuten, "Bihar". Ordurako taldeak ospea irabazita zeukan Espainiako metal zaleen artean, eta horren adierazle da Judas Priesten omenezko disko batean parte hartzera gonbidatu izana. "Hard as iron" izan zen Tributo a Judas Priest bildumari (Zero, 2000) Mungiako laukoteak egindako ekarpena.

Kontzertuez neka eginda, urtebeteko atsedena hartu zuten. Abestiak patxadaz egin ahal izan zituzten, baina asko sufritu zuten zuzenekorik gabe. Hortik dator izenburua: Minus (Metak, 2002). Txarli Solanok taldea utzi, eta Virus 69, Cobra edota Berri Txarrak taldeetan aritutako David Gonzalez baxu jotzaileak ordezkatu zuen. Horrekin batera, Jose Lastra eta Tio Pete alboratu, eta Garate estudiora jo zuten, Haritz Harregi soinu teknikariarengana. Hitzetan inoiz baino laguntza handiagoa jaso zuten kanpotik. Unai Iturriaga, Jon Maia, Igor Elortza, Kirmen Uribe eta Txuma Murugarrenek kantu bana idatzi zuten. Kolaboratzaileak ere bat baino gehiago izan ziren: Mikel Urbeltz biolin jotzailea, Aiora Renteria abeslaria (Zea Mays) eta Sergio Ruiz (Eraso!). Emaitza abesti luze eta pisutsuak dira, stoner kutsu handikoak. Askoren ustetan, taldearen disko onena da.

Ordurako, Rafa Rueda hasia zen beste bide batzuk urratzen, Txuma Murugarrenen musikari gisa, baina baita bakarlari gisa ere. Bakarkako lehen diskoa atera ondoren, Kea (Metak, 2003), PI.L.T.ek azken diskoa kaleratu zuen, Game Over izenburu aski zehatzekoa (Metak, 2004). Abio teklatu jotzaileak taldea utzi, eta beste hirurak Azkarateko Katarain estudioan sartu ziren. Xanpek ekoitzi zuen, Angel Katarainekin batera. Teklaturik gabe, emaitza ez da hain aberatsa, eta gertuago dago stoner eta rocketik. Handik gutxira, taldea desegin egin zen.

Geroztik, Rafa Ruedak bakarkako bideari eutsi dio, Saredun eskua (Gaztelupeko Hotsak, 2006) eta Zuhaitz okerretan gora noa (Autoekoizpena, 2008) kaleratu ditu, eta ekoizpen lanak egin ditu beste musikari batzuentzat (Petti). Estepan Urkiaga Lauaxeta-ren omenezko Ehungarrenean hamaika diskoa ere (Gaztelupeko Hotsak, 2005) koordinatu du. Xanpe, berriz, Gu Ta Gutarrak taldearekin aritu da, eta David Gonzalezek baxua jo du Gari eta Pettiren taldeetan, bere talde propioa sortu du (Cobra) eta Berri Txarrak taldeko kidea ere izan da hau desagertu arte.

Taldearen agurraren ondoren, 2017an bira labur bat egiteko eta 2023an Dimetalfest jaialdian kontzertu bat emateko elkartu izan dira. 2024ean estudiora itzuli eta lehen abesti bat kaleratu dute, kontzertu bira iragarriz.

Kolaborazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Maketa Lehiaketa, 27. irabazlearen bila» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-11-14).
  2. «Bere itzulera iragarri du Pi.L.T.-ek» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
  3. «Pi L. T. taldeak abesti berri bat kaleratu du, eta kontzertuak iragarri» Berria 2024-03-15 (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
  4. «Garai honetan» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]