(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Pierre Topet - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Pierre Topet

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Pierre Topet
Bizitza
JaiotzaBarkoxe1785eko uztailaren 26a
Herrialdea Zuberoa, Euskal Herria
HeriotzaBarkoxe1862ko urtarrilaren 17a (76 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea, poeta eta bertsolaria
Izengoitia(k)Etxahun
Genero artistikoaolerkigintza

Literaturaren Zubitegia: 280
Artikulu hau Pierre Topet Etxahun buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Etxahun-Iruri».

Pierre Topet, ezagunagoa Etxahun ezizenez, (Barkoxe, Zuberoa, 1786ko uztailaren 26a - Barkoxe, 1862ko urtarrilaren 17a) euskal koblakaria izan zen. Etxahunia deitu etxean jaio izanak eman zion ezizena.

Etxahunen bizitziaren khantoria bertso sortan esaten duenaren arabera, ez zuen bizitza erraza izan. Txikitatik ez omen zuten oso maite izan, bere hitzez, "edertarzünez praube ninzalakoz sorthü". Familiako giro txarrak gizon zail eta bortitz bihurtu zuen. Gaztetan etxeko neskame bat haurdun utzi zuelarik, gurasoek etxe oneko neska batekin ezkonarazi zuten. Emakume edo neskame hau maite zuen arren, traizio egitea erabaki zuen, etxekoen presioaren ondorioz. Hala ere, Etxahun damutu edo gutxienez, oker hartaz jabetu zen, gai honen inguruan idatzi zuen Urxapal bat olerki autobiografikoan ikusten den bezala. Bertan, aipatutako neskamea eta idazlearen arteko elkarrizketa bat ageri da, amaierako ondorioa hurrengoa izanik: idazleak badaki neskamearekin gaizki jokatu zuela eta hark etsaitzat hartzea logikotzat jotzen du. Gurasoek ezarri zioten emaztearekin beste sei seme-alaba izan zituen, ezkontza hark ordea ez zuen ezer onik ekarri, izan ere, zor kontuak zirela eta, Etxahunek aizkorakada bat eman zion gizon bati, bi urteko espetxe zigorra ezarri zitzaion eta itzultzean emazteak beste gizonekin engainatzen zuela konturatu zen. Emaztearen ustezko mutil-laguna zigortzeko asmotan, idazle zuberotarrak herriko jaietan gizon bati tiro bat jo zion, ez zuen gizon egokia hautatu ordea, tiroa jo eta hil omen zuena bere laguna zelako. Kasuaren inguruko eskumenak zituen auzitegiak hilketa saiakera egotzi zion Etxahuni, baina frogatu ezin zitekeenez, aske utzi zuten handik gutxira. Heriotza haren atzean, dena den, etxe batzuen gaineko jabego auziak ere ez ote ziren izan susmatzen da. Aipatutako gertaera jazo eta gero, erromes joan zen Erromara eta Santiago de Compostelara. Erromesaldi hartan ere kartzelatik igaro behar izan zuen. Zuberoara itzultzean, bere anaietako batek zenbait ondasun lapurtu zizkiola konturatu zen, honek asko haserrarazi zuen idazlea eta, notario baten aurrean anaiak kendutakoa berreskuratzeko saiakerak egin zituen, kale egin zuen ordea eta presondegitik igaro behar izan zuen berriz ere.[1]

Bere bizimodu tragikoak Europako erromantikoak erakarri zituen. Emazteak dibortzioa lortu zuen eta hura zendu zenean, berriz etxean onartu zuten. Ordurako, haren izena Ipar Euskal Herri osoan egin zen ezagun eta mota guztietako jaietan kantatzeko deitzen zuten.

Eskale gisa eman zituen azken urteak, noizbehinka seme-alaben etxean bizi izanda. Bere aisialdian, herriko haurrei idazten eta irakurtzen irakasten zien.

Beste idazleengan izandako eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxahunen eleberri moduzko bizitza tragikoak benetako literatura-lanak inspiratu zituen. Yon Etxaidek Joanak-joan (1955) koblakariaren bizitzan oinarrituriko eleberria idatzi zuen eta Piarres Larzabalek pastorala idatzi eta taularatu zuen: Etchahun (1962). Europako giro erromantikoetan Etxahunen izena ospetsu bilakatu zen bere bizitza tragikoagatik, eta Adelbert von Chamisso poeta alemaniarrak poema bat eskaini zion: Des Basken Etchehon' Klage (Etxahun euskaldunaren arrangura).

Pierre Topet koblakariaren biografian oinarrituriko beste narrazio liburu bat: Xipri Arbelbideren Piarra Topet Etxahun. 1786-1862 (1987), Elkar.

Dakigunagatik, Etxahunek berak eskuz idatzitako bertso-paper gehienak bere familiak erre zituen, eta Jean Haritxelhar eta beste hainbat bertso-biltzaile eta ikerlariri zor diegu herriaren ahotik bertso haiek jaso izana. Haritxelharrek bere doktore-tesia Etxahunen obraz egin zuen, orain arteko lanik sakonena. Tesia bi liburutan eman zen argitara: Le poète souletin Pierre Topet-Etchahun (1969) eta L'oeuvre poétique de Pierre Topet-Etchahun (1970). Haritxelharrek Etxahunen bertsoak hiru multzotan bereizten ditu:

  • Autobiografikoak: Urxapal bat[2], Mundian malerüsik, Bi bertset dolorüsik, Etxahunen bizitziaren khantoria eta Ahaide delezius huntan. Bertso horietan Etxahunen izaera erromantikoa nabarmentzen da. Haritxelharren hitzetan, "eromantikoa zen, hala zenik jakin gabe".
  • Bat-batekoak eta bestelakoak: Norbaiten omenez jarriak, ezteietan kantatuak, eta abar.
  • Piarra Topet Etxahun. Bertso bilduma (zuberoera-batua) (1987, Elkar)
  • Koplak (2000, Hiria)

Biografia - poesia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Le poète Pierre Topet dit Echahun et ses oeuvres (1946, Eskualtzaleen Biltzarra)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Topet, Pierre - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-20).
  2. «Pierre Topet, «Etxahun»: Bertsoak eta kantak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-20).
  3. «Pierre Topet, «Etxahun»: Bertsoak eta kantak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-14).
  4. «Pierre Topet, «Etxahun»: Bertsoak eta kantak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-14).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]