(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Sindarin - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Sindarin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sindarin
Datu orokorrak
Hizkuntza sailkapena
izaki
objektu
entitate artifizial
fictional entity (en) Itzuli
fictional collective entity (en) Itzuli
fictional group of language (en) Itzuli
languages constructed by J. R. R. Tolkien (en) Itzuli
Elfoen hizkuntzak
AlfabetoaCirth (en) Itzuli, Tengwar (en) Itzuli eta latindar alfabetoa
SortzaileaJ. R. R. Tolkien
Hizkuntza kodeak
ISO 639-3sjn
Glottologsind1281
Wikipediasjn
IETFsjn

Sindarina, elfoera grisa ere deitua, Tolkienek sortutako hizkuntza artifizial bat da, Arda munduari buruzko bere istorioetan agertzen dena eta Erdialdeko Lurraldean gehien hitz egindako elfotar hizkuntza dena. Sindarina, quenyarekin batera Tolkienek, eurekin testu luzeak idatzi ahal izateko bezain beste garatu zituen bi hizkuntzetako bat da. Sindarina idazteko normalean tengwar alfabetoa erabiltzen da, cirth errunak ere erabil daitezkeen arren. Sindarin izena, izatez, datibo bat da quenyaz, "Sindarrei" esan nahi duena. Hizkuntzaren jatorrizko izena edhellen izango litzateke (elfoera).

Barne historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrian Tolkienek sindarinean bihurtuko zen hizkuntza Noldorrek, elfoen bigarren klanekoek hitzegiten zuten hizkuntza zela irudikatu zuen. Honela, hizkuntza noldorin deitzen da Eraztunen Jaunaren aurreko testuetan, Etimologiak izenekoan esate baterako. Baina Tolkienek, azkenean, elfoen hirugarren klana zen Sindarren hizkuntza izatea erabaki zuen. Noldorina sindarin bihurtu zenean ilkorin hizkuntzaren ezaugarrietako batzuk ere hartu zituen, ordura arte elkarren arteko inongo harremanik ez zuena. Tolkienek bere noldorin-sindarinaren soinua eta gramatikaren zati bat galeseran oinarritu zuen, sindarinak hizkuntza zelten mutazio bereizgarriak izatearen arrazoia hau delarik.

Honela, sindarina Sindarren hizkuntza bihurtu zen, Elfoen Martxa Handian atzean geratzea erabaki zuten telerien taldea, sindarina telerin hizkuntza amankomunaren ondorengoa zelarik. Noldorrak Amanetik Erdialdeko Lurraldera itzuli zirenean euren jatorrizko hizkuntza zen quenya erabili zuten, ederragoa iruditzen baitzitzaien, sindarina ikasten hasi ziren arren. Hala ere, Noldorrek soilik sindarina hitz egin behar izan zuten, Thingolek Alqualondëko sarraskiaren ondorioz quenya hitzegitea debekatu ondoren, ezagutzaren hizkuntza bezala mantendu zen arren, latina bezala.

Aldaketa fonetikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sindarin hizkuntza, Erdialdeko Lurraldeko elfoen hizkuntza guztiak bezala, elfoen hizkuntza primitibotik eratorri da. Bere eboluzioak hainbat etapa izan ditu:

  • Elfoen hizkuntza primitibotik eldarin komunera (Elfoen Martxa Handian Eldar guztiek hitz egiten zuten hizkuntza, Avari-engatik bereizteko). Hemen jada beste bi klanen (Vanyar eta Noldorrak) hizkerekiko ezberdintasun batzuk zituen.
  • Eldarin komunetik sindarin zaharrera. Aldaketa hauek Belerianden gertatu ziren gehienbat, Eguzkiaren Lehen Aroa baino dezente lehenago, beranduago hitz egingo ziren dialektoetan banatzen hasi arte.
  • Sindarin zaharretik Lehen Aroko sindarinera, hiru dialekto nagusitan zatituz: iparraldekoa, kostaldekoa (Falathrin) eta Elu Thingolen Doriath erreinuan hitz egiten zena (Doriathrin).
  • Lehen Aroko sindarinetik Hirugarren Aroko sindarinera. Aldaketa hauek Eguzkiaren Lehen Aroa amaitu zenetik Hirugarren Aroraren amaierara arte luzatu ziren.

Eldarin komunera arte

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etapa honetako aldaketa gehientsuenak Vanyar eta Noldor klanen hizkeretan ere gertatu ziren. Baina ezaugarri garrantzitsuena, sindarina besteetatik bereizi zuena, kw > p aldaketa izan zen: kwendî > pendî (elfoak), edota kwetinjê > petinjê (hitz egiten dut, sindarinez pedin).

Sindarin zaharrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauexek dira aldaketa garrantzitsuenak bokalei dagokienez:

  • Hitzen amaierako bokal luzeak murriztea
  • Hitzen amaierako -i eta -u bokal motzak -e eta -o bihurtzea, eta beste guztiak desagertzea
  • Hitz barruko -â-, -ê- eta -ô- bokal luzeak -ô-, -î- eta -û- bihurtzea, hurrenez hurren
  • Diptongoei dagokienez:
    • ai > ai
    • ay > ae
    • ew > eu > iu
    • euy > iui > ui

Aldaketa guzti hauek hurrengo hitz hauetan ikus daitezke:

  • BELEK > belekâ > beleka (sindarinez beleg, "handia", "indartsua")
  • NDAK > ndâkô > ndóko (sindarinez daug, "(orko) gerlaria")
  • ROM > rômâ > rúma (sindarinez rom, "adar eta tronpeten hotsa")
  • BEW > beujâ- > buia- ("zerbitzatu"), baina BEW > beurô > biuro (sindarinez bior, "zerbitzaria")

Garrantzitsuagoak izan ziren, ordea, kontsonanteek jasandako aldaketak:

  • p, t edota k kontsonanteetako bat kontsonante berberaren edo r edo l-ren ondoren badago, aspiratu egiten da. Berdina gertatzen zaie hitzaren hasieran s baten ondoren badaude, edota -nt- egiturari:
    • pp, tt, kk > pph, tth, kkh
    • rp, rt, rk > rph, rth, rkh
    • lp, lt, lk > lph, lth, lkh
    • sp-, st-, sk- > sph-, sth-, skh-
    • nt > nth
  • Aurreko puntuko kontsonante ahoskabe horiexek sudurkari baten aurretik badaude, ahostun bihurtzen dira:
    • pm, tm, km > bm, dm, gm
    • pn, tn, kn > bn, dn, gn
  • j kontsonantea galdu egiten da t, k, r, n eta s kontsonanteen ondoren (sj-ren kasuan hitzaren hasieran h bihurtzen da), baina gainerako posizioetan i bihurtzen da:
    • tj, kj, rj, nj > t, k, r, n
    • -sj- > -s-, baina sj- > h-
    • j > i
  • Azkenik, kontsonante-egitura askotan lehenengoa bigarrenaren antza izatearren aldatzen da:
    • bn > mn
    • sm, nm > mm
    • dn > nn
    • sr > rrh
    • ln > ll
    • hs, ht > ss, tt

Aldaketa guzti hauek garbi ikus daitezke honako hitz hauetan:

  • ÁLAK > alkwâ > alpa > alpha (sindarinez alph, "zisnea")
  • KWET > kwettâ > pettha (sindarinez peth, "hitza")
  • NDAK > ndaknô > ndagno (sindarinez daen, "gorpua")
  • KYELEP > kjelepê > kelepe (sindarinez celeb, "zilarra")
  • SPÁNAG > spangâ > sphanga (sindarinez fang, "bizarra")
  • DUL > duljâ- > dulia- (sindarinez delia-, "ezkutatu, gorde")

Lehen Aroko sindarinera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirugarren Aroko sindarinera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honakoxe hauek dira Eraztunen Jauna liburuan azaltzen diren sindarinezko esaldietako batzuk:

  • Annon edhellen, edro hi ammen! Fennas Nogothrim, lasto beth lammen! - "Elfoen atea, ireki hakigu oraintxe! Nanoen Portala, entzun esaten dudana!"
  • Ennyn Durin Aran Moria: pedo mellon a minno. Im Narvi hain echant: Celebrimbor o Eregion teithant i thîw hin. - "Durinen Ateak, Moriako Erregea: esan lagun eta sartu. Nik, Narvik, egin nituen, eta Eregiongo (edo Gorostitzako) Celebrimborrek idatzi zituen errun hauek"
  • A Elbereth Gilthóniel / silivren penna míriel / o menel aglar elenath! / Na-chaered palan-díriel / o galadhremmin ennorath, / Fanuilos le linnathon, / nef aear, sí nef aearon.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]