Sumertar erlijioa
Sumertar[1] erlijioa sumertar zibilizazioaren mitologia, panteoia, kosmologia, kultu lekuek osatzen dute. Erlijio sumertarrak Mesopotamiako mitologia osoan izan zuen eragina, eta bizirik iraun zuen akadtarren, babiloniarren, asiriarren eta beste kultur talde batzuen mitologia eta erlijioen bidezidorretan, eta Testamentu zaharreraino iritsi ziren bere mitologiaren kondaira batzuk.
Graham Cunningham ikerlariak deskribatzen duen moduan, erlijio politeistatzat har daiteke, erritualaren eraginkortasunean eta beharrezkotasunean sineste sendoa duena, jainkotiarrarekiko giza menpekotasuna adierazten zuena eta aldi berean bien arteko harremana ahalbidetzen zuena. Panteoiko kide nagusiak antropomorfoak ziren eta rol bateratuak zituzten, tokiko mailan hiri partikularrekin identifikatzen ziren, eta eskualde mailan, Sumer batzen zuen kulturaren orokortasunaren jarraipenari laguntzen zioten. Panteoia jariakorra zen, moldakorra, eta, jainkoen giza itxurari esker, giza erakundeen printzipio berberen gainean antolatzen zen modu paraleloan. Moldagarritasun horri esker garatu ahal izan zen panteoia, bere jatorria unibertso fisikoari buruzko espekulazioan izan zela uste baita, eta, ondoren, zabaldu egin zela, artzaintza eta laborantzako jainko-jainkosak barne hartuz, baita metalgintza eta idazketa bezalako trebetasunetako jainkoak ere, edo estatus politikoa sinbolizatzen zuten objektuetako dibinitateak ere, modu horretan, aldaketa sozioekonomikoa eta politikoa suspertu eta indartuz.[2]
Jaurespena sumertar kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Idazki kuneiformeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sumertar mitoak, hasieran, ahozko tradiziotik transmititu ziren idazketa asmatu arte. Hasierako idazkera kuneiforme sumertarra kontrol administratiborako tresna gisa erabili zen batez ere, eta Dinastia Arkaikoaren garaira arte (K.a. 2900 eta K.a. 2334 bitartean, gutxi gorabehera), idazki erlijiosoak ez ziren ohikoak izan. Orduan, idatzitako testu erlijioso ugarienak, tenpluaren laudoriozko ereserkiak eta nam-šub izeneko "konjuru" edo "sorginkeriak" izan ziren. Nam-šub delakoek, erritual konplexuekin batera, adibidez pertsona bati osasuna itzul ziezaioketen.[4][5]
Tenpluak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sumertar hiri-estatuetan, tenpluen multzoak, jatorriz, txikiak izan ziren, artifizialki altxatutako egitura zutenak, areto bakarrekoak. Aro Dinastiko Arkaikoan, sumertar tenpluak hainbat terraza eta areto anitzekin eraiki ziren. Sumertar zibilizazioaren amaieran, zigurat-ak Mesopotamiako erlijio-zentroen tenplu-egitura gogokoena bihurtuko ziren.[6]
Tenpluak, K.a. 2500 arte, gutxi gorabehera, kultura-, erlijio- eta politika-egoitza izan ziren, Lu-gal ("gizaki" + "handia") izenez ezagutzen ziren errege militarrak sortu zirenean, lidergo politiko eta militarra, sarritan, beste gune batzuetara, jauregi multzoetara hain zuzen, pasa ziren.[5][6]
Apaizgoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lugal-ak etorri arte, sumertar hiri-estatuak gobernu teokratiko baten mende zeuden birtualki, talde independenteek edo apaiz nagusiek kontrolatuta. Apaizak ziren beren hiri-estatuko tradizio kultural eta erlijiosoen jarraipenaren arduradunak, eta herritarrek gizakien eta indar kosmiko eta lurtarren arteko bitartekari gisa ikusten zituzten.
Zeremonia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ur-eko hirugarren dinastian, Lagash-eko sumertar hiri-estatuak 62 "atsekabezko apaiz" zituela esaten zen, 180 abeslari eta musikarirekin batera.
Kosmologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sumertarrek unibertsoa kupula itxi bat bezala imajinatu zuten, ur gazizko itsaso nagusi batez inguratutako lur-oinarri sendo batekin.[7] Lurreko geruzaren azpian, Kur edo Irkalla izeneko azpimundu bat zegoen, eta ur gezazko ozeano batek banatzen zituen biak; putzuetatik ur geza ateratzen zuten sumertarrek, eta beraz, azpian beste ozeano bat egon behar zuela uste zuten. Zeruko jainkoari An deitu zitzaion, eta lurrekoari, Ki.
Hasieran, sumertarrek uste zuten lurpeko mundua Ki jainkosaren hedadura bat zela, baina geroago Irkalla (edo Kigal) kontzeptua garatu zuten. Ur gaziko lehen itsasoari Nammu deitu zitzaion, Pizkunde Sumertarretik aurrera Tiamat bezala ezagutua izango zena.
Munduaren sorreraren historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sumerko jainko-jainkosen hierarkizatuta egonda ere, ez zuten panteoi bateratu bat izan, euren eskualdea hiri-estatuetan bananduta baitzegoen, eta bakoitzak bere autonomia zuen erlijio gaietan, nahiz eta bi zentro garrantzitsu eta antagoniko egon ziren: Nippur eta Eridu, eta hiri bakoitzean eskola teologiko desberdin bat.[8]
Kreazioaren sumertar mitologiaren arabera, jainkoek hasieran gizakiak sortu zituzten haiei zerbitzatzeko, elikatuak eta jantziak izateko beharra baitzuten. Gurtza jainkoei zerbitzatzeko modu bat bezala ulertzen zen horrela, baina askatu egin zituzten gehiegi izatera iritsi zirenean eta gizakiak gobernatzea zaila bilakatu zenean.[9]
An-en eta Ki-ren arteko hasierako batasunetik jaio zen Enlil, sumertar panteoiaren jainko gorena bilakatuko zena. Dilmun jainkoen etxea zen, eta gertatu zen beste jainkoek Enlin Dilmunetik erbesteratu zutela airearen jainkosa zen Ninlil bortxatzeagatik. Ninlinek seme bat izan zuen: Nannar, ilargiaren jainkoa. Eta ondoren, Nanna eta Ningal elkartu eta Ningal Inannaz, gerraren eta ugalkortasunaren jainkosa, eta Utuz, eguzkiaren jainkoa, erditu zen.[10]
Jainko-jainkosak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sumertarrek, jatorriz, erlijio politeista praktikatzen zuten eta beren munduko indar kosmiko eta lurtarrak irudikatzen zituzten jainko antropomorfoekin. K. a. III. milurtekoaren erdialdean, sumertar jainkoak antropozentrikoago bihurtu ziren eta "... naturaren jainkoak, hiriko jainko bilakatuak" ziren. Enki eta Inanna bezalako jainkoa eta jainkosa, An-ek, zeruko jainkoak edo Enlil-ek, sumertar panteoiko jainko gorenak, maila, boterea eta ezagutza esleitu izan baliete bezala ikusten ziren.
Aldaketa kosmologiko hori, beharbada, ondoko akadtarren erlijioaren eragina izan bide zen, edo sumertar hiri-estatuen arteko gerren ondorioa izan zen, gero eta maizago eta elkar borrokatzen baitziren. Jainkoei botere jakin batzuk esleitzeak bertakoen arduren aldaketen isla izan daiteke, gerraren jaunak agertu eta indartu baitziren, eta hiri-estatuaren eta bertako apaizgoaren aldetik boterea eta aginpidea jaso baitzuten.[11]
Bere testu erlijiosoetan funtsezkoa da, halaber, me-en kontzeptu sumertarra, zibilizazioa posible egiten duten gizarte-erakundeak, erlijio-praktikak, portaerak, ohiturak eta giza baldintzak oinarritzen dituen jainkoen edo indar inpertsonalaren dekretu aldaezinak.
Panteoia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sumertar testu erlijiosoek, era berean, beren elite erlijiosoaren sistematizazio-ahalegin bat islatzen zuten. Bi hirukote jainkotiar eratu ziren. Alde batetik, An, Enlil eta Enki jainko handien taldea zegoen, funtsezko printzipioak ziren zeruaren, atmosferaren eta lurraren jainkotzea gorpuzten zutenak. Bestetik, Nannar/Zuen/Sin, Inanna eta Utuk osatutako bigarren hirukotea, argizagien bidez irudikatzen zena usu: ilargia, artizarra eta eguzkia.
Sumertar jainko gehienak Anunna ("An-en ondorengoak") izeneko sailkapen batekoak ziren, eta zazpi jainko, Enlil eta Inanna barne, "azpimunduko epaileak" izeneko talde batekoak ziren, Anunnaki ("An-en eta Ki-ren ondorengoak") izenekoak. Ur-en hirugarren dinastian, sumertar panteoia hirurogei aldiz hirurogei (3600) jainkoz osatuta zegoela esaten zen. Hauek izan ziren nabarmenenak:[12]
- An (edo Anu), zeruaren jainkoa eta jainkoen erregea, Uruken tenpluan nagusia zuen;
- Enki, ongintzaren jainkoa, lur azpiko ur gezaren kontrolatzailea eta lurraren jauna, Eridun zuen tenplu nagusia;
- Enlil, haizearen jainkoa, Nippurren zuen tenplu nagusia;
- Ki, lurraren jainkosa;
- Nammu, jainkosa-ama;
- Inanna, amodioaren, emankortasunaren eta gerraren jainkosa (akadtarren Ishtar jainkosaren baliokidea), Uruken zuen bere tenplu garrantzitsuena;
- Utu, eguzki jainkoa, Sipparren gurtua;
- Nannar/Zuen, ilargi jainkoa, Ur-eko ziguratean gurtua.
Sumertar erlijioaren irautea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.a. 2.000 urte inguruan sumertarrak erakunde politiko moduan desagertu baziren ere, bere hizkuntza eta erlijioek iraun zuten. Sumeriera hizkuntza liturgikoa bilakatu zen eta jainko-jainkosa berdinek iraun zuten Babiloniako kulturan. Jainkoen bi hirukote sakratuak iraun zuten, hirukote nagusia edo kosmikoa eta argizagiena. Azken horretako dibinitateek izen semitak hartu zituzten: Sin, Ishtar eta Xamax, baina Azpimuduan, Nergal eta Erexkigal sumertar izendun jainko eta jainkosak gobernatzen jarraitu zuten.
Sumertar mitoak, Gilgamexen epopeia eta Uholde Handia barne, Babiloniako erlijioak bereganatu zituen. Bestalde, Mardukek ordezkatu zuen Enlil. tenpluek arau berdinekin funtzionatzen jarraitu zuten, handiagoak eta ikusgarriagoak izanik ere. Kultuaren erdigunea, inperioaren erdigune politikoa zen Babilonia hirira lekualdatu zen. Ezaugarri batzuk, noski, aldatu ziren. Hirukote nagusiak, pixkana garrantzia galdu zuen, Babiloniako Marduk, Asiriako Asur eta Xamaxek jainko unibertsalak bilakatu ziren, eta, azkenik, norbanakoen otoitzek aurre hartu zioten taldean egiten ziren salmoei, akadtar kultura indibidualistagoa baitzen.[8]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak
- ↑ Cunningham, Graham. (2013). «Sumerian Religion» The Cambridge History of Religions in the Ancient World (Cambridge University Press): 31–53. ISBN 978-1-107-01999-7. (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).
- ↑ «Lugal - Inicio - Diccionario Tesauro de Historia Antigua y Mitología» www.tesaurohistoriaymitologia.com (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).
- ↑ (Ingelesez) «Sumerian literature» ETCSLliterature (The ETCSL project, Faculty of Oriental Studies, University of Oxford) 2005-03-14 (Noiz kontsultatua: 2024-10-08).
- ↑ a b Halloran, John A.. Sumerian Lexicon. Version 3.0. .
- ↑ a b (Ingelesez) Wilson, E. Jan. (1999). «Inside a Sumerian Temple: The Ekishnugal at Ur» The Temple in Time and Eternity (Provo, UT: Foundation for Ancient Research and Mormon Studies, Brigham Young University): 303-333..
- ↑ The Firmament and the Water Above. .
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Blázquez, José María; Martínez-Pinna, Jorge; Montero, Santiago. (2011 (3. arg)). Historia de la religiones antiguas: Oreitne, Grecia y Roma. Cátedra, 11-24 or. ISBN 9788437628615..
- ↑ Webster, Michael. «Sumerian Myths» faculty.gvsu.edu (Noiz kontsultatua: 2024-10-08).
- ↑ (Ingelesez) «Enlil and Ninlil» The Electronic Text Corpus of Sumerian Literature (The ETCSL project, Faculty of Oriental Studies, University of Oxford) 2016-12-19 (Noiz kontsultatua: 2024-10-08).
- ↑ Karen Rhea Nemet-Nejat, (1998). Daily Life in Ancient Mesopotamia, 178-179. or.
- ↑ Karen Rhea Nemet-Nejat, (1998). Daily Life in Ancient Mesopotamia, 182. or.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Sumerian Gods. (lehen, bigarren eta hirugarren zikloko ikasleentzako web orria). Twinkl.
- (Ingelesez) McIntosh, Matthew A.. (2020-01-06). «Sumerian Temple Architecture in Early Mesopotamia» Brewminate: A Bold Blend of News and Ideas.
- (Ingelesez) «Influence of Mesopotamian Myths. Religion history» Iraq history.
- (Gaztelaniaz) Tobalina, Eva (2024) : "Sumer y las Tumbas Reales de Ur: historia y realidad fascinante". Raíces de Europa. [Bideohitzaldia Youtube]
- (Ingelesez) Barksdale, Nick (2021): "Eridu Genesis | The Sumerian Epic of Creation". Study of Antiquity and the Middle Ages (SAMA) [Youtube]
- (Ingelesez) George, Andrew (2017): "The Epic of Gilgamesh, Lecture by Andrew George". Harvard Museum of the Ancient Near East [Bideohitzaldia Youtube]