(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Talka handiaren hipotesia - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Talka handiaren hipotesia

Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Talka handiaren irudikapena.

Talka handiaren hipotesia (ingelesez: Giant impact hypothesis, Big Whack edota Big Splash) Ilargiaren sorrera azaltzeko onartuena den hipotesia da. Honen arabera, Lurra eta Marteren neurriko ustezko Tea planetaren arteko talka jazo omen zen, batzutan Orfeo ere izendatua. Tea izendapena datorkio, Selene ilargi jainkosaren titanide ametako bat zena. Hipotesi hau lehenbizikoz, 1974ko sateliteei buruzko biltzar batean aurkeztu et ondoren, 1975ean Hartmann eta Davis zientzialariek Icarus aldizkarian argitaratu zuten.

Hipotesi honen inguruan oraindik hainbat zalantza zintzilik daude, ilargiko oxigenoaren isotopoak Lurrekoaren ia berberak baitira, beste kanpo espazioko inongo gehikuntzaren zantzurik gabe.

Talka handia Lurraren hego polotik ikusita.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Ilargiaren gaineko zortzi datu.

Hipotesi nagusietako batek Tea Lurrarekiko Lagrangeren puntu batean sortu zela dio, hau da, gutxi gorabehera gure planetaren orbita berean jaio zen, baina 60º aurrerago (L4) edo atzerago (L5).[1] 1772an Joseph-Louis Lagrange matematikariak esan zuenaren arabera, Lurraren orbitaren bost puntutan planetaren grabitazioaren eragina ezeztatu egiten da Eguzkiaren grabitazioa dela eta. Horietatik bi puntu (L4 eta L5), biak ere Lurretik 150 milioi kilometrora kokatuak, egonkortzat hartzen dira eta beraz, haietan beste argizagi batek planeta-akrezioa burutu dezake, Lurrarekin lehiatuz. Beste era batean esanda, puntu horietan troiar argizagi bat sor daiteke eta orbita egonkor mantendu dezake. Tea L4 puntuan eratu zela uste dute zientzialariek, eoi Hadearrean zehar.

Tea protoplanetak Marteren antzeko tamaina eskuratu zuenean, sortzen hasi eta handik 20 edo 30 milioi urtera, troiar orbita batean egonkor mantentzeko masiboegia bihurtu zen. Grabitazio indarrak Tea Lagrangeren puntutik aterarazten zuen, baina era berean, Coriolisen indarrak Tea puntu egonkorrerantz itzularazten zuen. Horren ondorioz, protoplanetak Lurrarekiko zuen distantzia angeluarra aldakorra bihurtu zen, azkenean L4 puntutik irteteko nahikoa masa lortu zuen arte.

Ilargiaren eraketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tea orbita zikliko batean harrapatuta zegoen bitartean, Lurrak egun dituen mantua eta nukleoa desberdintzeko nahikoa denbora eduki zuen. Teak ere, L4 puntuan egon zen bitartean, ziurrenik desberdintze estratigrafiko bat egiteko astia izan zuen. Teak Lagrangeren puntutik irteteko nahikoa masa lortu zuenean, orbita kaotiko batean sartu zen, hala, bi planeten arteko talka saihestezina bihurtuz, biek orbita berdina zutelako. Zientzialarien aburuz, Teak puntu egonkorretik ihes egin eta ehunka urtetara gertatu zen talka. Talka hori duela 4 533 milioi urte gertatu zela kalkulatzea lortu da. Argizagiak angelu zeihar batekin eta 40 000 km/h-ko abiadurarekin egin zuen talka, Tea erabat suntsituz eta haren mantuaren gehiengoa espaziorantz askatuz, Lurraren mantuaren zati adierazgarri batez gain. Nukleoei zegokienean, Tearena Lurraren nukleoan hondoratu zen. Eredu batzuen arabera, bi argizagien arteko talka beherea izan zen eta Tea orbita baxu batean geratu zen, hala, bi argizagien artean materiazko zubi bat eratuz; ondoren, Tea Lurretik milaka kilometrora urrundu zen, erabat suntsituko zuen azken talka gertatu aurretik. Gertakariaren ostean Lurrean izan ziren baldintza klimatikoak muturrekoak izan ziren, planeta erabat urtuta geratzeaz gain 4000 °C tenperaturan zegoen arroka lurrunduzko atmosfera bat eduki zuen, gutxi gorabehera 49 000 kilometroko altuerara hedatzen zena.

Tearen jatorrizko masaren %2ak hondakinen disko bat sortu zuen Lurraren inguruan, ordenagailu bidezko simulazioek diotena jarraituz beti, disko horren erdia batu eta Ilargia sortu zuen talka jazo eta urte bat edo ehunen buruan. Lurrak talka gertatu baino lehen zuen errotazioa eta makurdura zena zela, gertatu ondoren, egun lurtar batek bost ordu inguru iraungo zituen eta ekuatorea Ilargiaren orbitaren planoarengana hurbildu zen.

Simulazioen arabera, talkaren ondoren baliteke bi satelite eratu izana Lurrarengandik 20 000 bat kilometrora. Alabaina, sortu baziren, barnealdeko sateliteak Lurraren edo Ilargiaren aurka talka egin zuen sortu eta handik mila urte ingurura. Bi satelite gehiago sortu izanak Ilargiaren alde ikusgaiaren eta ezkutuaren artean dagoen ezberdintasuna azalduko luke: demagun bigarren sateliteak 1 200 kilometro inguruko diametroa eduki zuela (Zeresena baino handiagoa) eta milioika urtetan zehar Ilargiaren orbitarekiko Lagrangeren puntu batean egonkor mantendu bazen ere, azkenean Ilargiaren alde ezkutuaren aurka talka egitea beste erremediorik ez zuela izan. Talka hori, ziur aski, abiadura oso motelean gertatuko litzateke (2-3 km/s), hortaz, talka egin zuen gorputzak ezingo luke krater bat sortu, horren ordez, talka gertatzean suntsitu egingo litzateke eta hemisferio osoa material harritsuez beteko luke.[2] Horrek azalduko luke bi aldeen arteko ezberdintasuna.

Apollo misioek Ilargitik ekarri zituzten laginak ditugu gertakari honen zeharkako ebidentzia handienak. Horiek duten oxigenoaren isotopoaren aberastasuna (16O, 17O eta 18O, Lurreko lagin orok duenaren ia berdina da.[3] Ilargiaren gainazalaren osaerak (anortositan aberatsa) eta KREEP ugari duten laginen existentziak, garai batean Ilargia ia erabat urtuta egon zela pentsarazten digute eta beraz, satelite guztia estali zuen magmazko ozeano globala eratzeko beharrezkoa zen energia talka erraldoi batek eman izana pentsatzea ez da burugabekeria. Ebidentzia batzuen arabera, Ilargiak burdinan aberatsa den nukleo bat badu, honek txikia izan behar du, satelitearen erradioaren %25a baino txikiagoa; hau ezohikoa da, izan ere, argizagi harritsu gehienen nukleoak erradioaren %50 inguruko tamaina du. Berezitasun hori azaltzeko talkaren hipotesia baliatu dezakegu, honek Ilargia gehienbat Lurraren eta beste gorputzaren mantuek osatzen dutela baitio. Gainera, aipatutakoak Lurra-Ilargia sistemaren momentu angeluarrak ezartzen dituen baldintzak zuzen betetzen ditu.[4]

Animazio honetan Tearen orbita nola ezegonkortu zen ikus daiteke. Hasieran L4 puntuan dago, egonkor, baina laster orbita kaotikoan sartu eta Lurraren kontra talka egiten du.

Talka handiaren hipotesia Ilargiaren sorrera azaltzen duten teorien artetik babes zabalena duen bada ere, bere ahultasunak ditu. Jarraian ipini ditugu teoriaren ahuldade nagusiak edo oraindik erantzunik ez duten galderak.

  • Ilargiko elementu lurrunkorren arteko erlazioak ez datoz bat talka handiaren hipotesiarekin. Zehazki, sateliteko rubidio/zesio elementuen arteko erlazioa Lurrekoenena baina handiagoa izatea izango zen ulergarriena, zesioa rubidioa baino lurrunkorragoa delako, aitzitik, emaitzak justu aurkakoak dira.[5]
  • Gaur arte ez da lortu Lurrean magmazko ozeano global bat egon zela adierazten duen ebidentziarik (talka handiaren hipotesiaren ondorioetako bat dugu), ostera, Lurraren mantuan, itxuraz, magmazko ozeano batean inoiz egon ez diren materialak aurkitu dira.[5]
  • Ilargiaren mantuaren burdina oxido (FeO) kopurua %13koa da (Lurreko mantuarena %8koa), hortaz, Ilargiaren lehen material gehienak ez ziren jatorri lurtarrekoak.[6]
  • Ilargiaren hasierako material gehienak talka egin zuen gorputzarenak badira, sateliteak elementu siderofilo ugari eduki beharko lituzke, baina hori ez da hala.[7]
  • Ilargiaren sorrera erakusten diguten simulazio batzuek, Lurra-Ilargia sistemaren momentu angeluarra egungoaren bikoitza dela esaten digute. Alabaina, simulazio hauek ez dute kontuan Lurrak talka baino lehen zuen errotazioa eta horregatik, zientzialari batzuentzat aipatutakoa ez da teoria alboratzeko moduko ebidentzia.[8][9]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Gott III, J. Richard; Belbruno, Edward. (2004-05-19). Where Did The Moon Come From?.  doi:10.1086/427539. (Noiz kontsultatua: 2019-06-30).
  2. «Forming the lunar farside highlands by accretion of a companion moon : Nature : Nature Publishing Group» web.archive.org 2011-09-26 (Noiz kontsultatua: 2019-06-30).
  3. (Ingelesez) Rumble, D.; Taylor, L. A.; Snyder, G. A.; Lee, D.-C.; Halliday, A. N.; Wiechert, U.. (2001-10-12). «Oxygen Isotopes and the Moon-Forming Giant Impact» Science 294 (5541): 345–348.  doi:10.1126/science.1063037. ISSN 0036-8075. PMID 11598294. (Noiz kontsultatua: 2019-06-30).
  4. (Ingelesez) Erik Asphaug; Canup, Robin M.. (2001-08). «Origin of the Moon in a giant impact near the end of the Earth's formation» Nature 412 (6848): 708–712.  doi:10.1038/35089010. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2019-06-30).
  5. a b (Ingelesez) Jones, J. H.. «Tests of the Giant Impact Hypothesis» Lunar and Planetary Science, Origin of the Earth and Moon Conference (Noiz kontsultatua: 2019-06-30).
  6. (Ingelesez) Taylor, Stuart R.. «The Bulk Composition of the Moon» Lunar and Planetary Science (Noiz kontsultatua: 2019-06-30).
  7. (Ingelesez) Krivtsov, A.M., Galimov, E.M.. (2005). «Origin of the Earth–Moon system» web.archive.org (J. Earth Syst. Sci.) (Noiz kontsultatua: 2019-06-30).
  8. (Ingelesez) Canup, Robin. (1999). «Big Bang, New Moon» Southwest Research Institute (Technology Today) (Noiz kontsultatua: 2019-06-30).
  9. «PSR Discoveries:Hot Idea: Origin of the Earth and Moon» www.psrd.hawaii.edu (Noiz kontsultatua: 2019-06-30).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]