Tove Jansson
Tove Jansson (Helsinki, Finlandia, 1914ko abuztuaren 9a - Helsinki, 2001eko ekainaren 27a) suedierazko idazlea eta ilustratzailea izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Finlandiako gutxiengo suediarraren komunitatea jaion zen Tove Jansson. Aita, Viktor Bernhard Jansson, eskultorea izan zen, Signe Hammarsten-Jansson, deisenatzaile eta ilustratzailea. Bere bi anaia gazteagoak Per Olov eta Lars Jansson sorkuntzara dedikatu ziren, bata argazkilari eta Lars marrazkilari bere arreba bezala.[1]
Helsinki eta Stockholm hirietan marrazkia eta pintura ikasi ondoren, 1945 arte egunkari batzuetan eta besteetan lan egin zuen ilustratzaile eta karikaturagile gisa.
Pintore gisa, Janssonek kalitatezko postinpresionismo batekin hasi zen 19440ko hamarkadan baina abstrakzio apurtzailera eboluzionatu zuen. Bere lehen garaiko pinturetatik bere autoerretratuak nabarmentzen dira, enigmatikoak eta sakonera psikologiko handikoak. Bere lan plastikoa 21. mendean ere ikus daiteke Helsinkin, eraikin publikoetarako zein negozio pribatuetarako egin zituen muraletako batzuetan.
Mumindarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1940ko hamarkadaren amaieran liburuak idazten eta ilustratzen hasi zen, batez ere, hamaika liburutan kaleratu zuen Mumindarrei buruzko bere saila. Aipagarrienak dira: Kometaren etorrera (1946), Mumin familia (1949), Aita Muminen oroitzapenak (1950), Troll-en negua (1957). Mumindarrak idazleak asmatutako troll familia bat dira; haiek eta gainerako izaki txikiak itsasoaren eta mendien arteko ibar batean dagoen etxe urdin biribilean bizi dira.
Egileak haurrentzat idatzi zituen istorio horiek, baina hazteak berekin dakartzan aurkikuntzak eta galerak eta horrelako gaiak darabiltzanez, heldu askoren interesa ere piztu zuten. Suediako eta Japoniako zenbait telebista enpresak bere pertsonaietan oinarritutako marrazki bizidunak egin zituztelarik, asko zabaldu zen bere ospea. Ipuin horiek 20 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira, baina idazle finlandiarrak gauza gehiago ere idatzi ditu, besteak beste, 1968an argitaratu ziren bere oroitzapenak, eta narrazio laburren bilduma bat, Dockskåpet (1978).
Mumindarren abenturek balio unibertsalak dituzte ardatz, hala nola maitasuna eta adiskidetasuna, eta Tove Janssonek bizitza xumea, modernitatetik aldendua eta lurrari atxikia nahi duela islatzen dute. Mumindarrek bizitza gozatzen dute eta lurra lantzen eta beren xalotasunaren ondorioz proiektu zoroak garatzen dituzte. Arazoei aurre egiteko, xalotasuna eta justiziaren oinarrizko zentzua nahasten dituzte. Baina, batez ere, enpatia handiarekin.
Mumindarren tirak, irakurketa dibertigarria izateaz gain, guztiz indarrean dauden balio aurrerakoiak dituzten istorioen multzoa dira, desberdintasuna, autoonarpena eta elkarbizitzaren oinarrizko balioak ospatzen dituztenak.
Bizitza pertsonala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tove Janssonen irudia inspiratzailea da bere bizitza pertsonalaren alderdiengatik ere, batez ere bere sexualitateak izan zuen askatasunagatik. Emakumezkoekin harreman ezagunak izan zituen, Janssonek behin baino gehiagotan adierazi zuen ezin zela erabat lesbianatzat hartu, gizonekin harremanak izaten jarraitu baitzuen, bisexualitatearen kontzeptua hain zabalduta ez zegoen garai batean.[1]
1945ean, gerraosteko euforiaren eta Helsinkiko eta Parisko giro buhame eta artistikoen erdian, Janssonek harremana hasi zuen gizonezko diputatu ezkondu batekin (Atos Wirtanen), baina handik gutxira Vivica Bandler antzerki-zuzendaria ezagutu zuen (hau ere ezkondua zegoen) bere lehen maitale femeninoa izango zena.[2] Aurrerago Tuulikki Pietilä emakumezko artista izan zen bere bikotea, hil arte berarekin bizi izan zena. Pietilarekin zuen harremana ez zuen artistak inoiz ezkutatu, eta bikote gisa agerpen publikoak egin zituzten, non eta 1971ra arte homosexualitatea legez kanpokoa izan zen herrialdean, Finlandean. Homosexualitatea Finlandian ikusarazteko inportantea izan zen Jansson, nahiz eta ez zen inoiz aktibista bat izan. Hala ere, beti defendatu zuen askatasuna bizitzako alderdi guztietan, askatasun afektiboa eta sexuala barne, garaiko gizarte-konbentzioak edo aurreiritziak alde batera utzita.
Bizitzan oinarriturako filma
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zaida Bergrothek zuzendutako Tove (2020) biopic zinematografikoa artistaren bizitza du ardatz. Alma Pöysti aktoreak hezurmamitu zuen Jansson, II. Mundu Gerra amaitu zenetik Mumindarren tirekin izandako arrakasta arte, tartean Bandler eta Piettilä maitaleekin izandako harremanak agertzen direlarik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Gaztelaniaz) Vilches, Gerardo. (2023-08-14). «La creadora de los Mumin, una dibujante bisexual en una Finlandia donde la homosexualidad era delito» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2023-08-22).
- ↑ (Ingelesez) «Tove & Tooti: a beautiful exploration of Tove Jansson's love and life» Moomin 2019-06-26 (Noiz kontsultatua: 2023-08-22).
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.