Ivan Turgenev
Ivan Sergeievitx Turgenev (errusieraz: Ива́н Серге́евич Турге́нев; Oriol, 1818ko azaroaren 9agreg./urriaren 28ajul. - Bougival, Paris ondoan, 1883ko irailaren 3agreg./abuztuaren 22ajul.) errusiar idazlea izan zen.
Bizitza eta lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aita noblea eta gudarosteko ofiziala eta ama lur-jabeen familia bateko alaba zituen. Ikasketak Moskun eta San Petersburgon egin zituen. Hiri horretan literaturaren munduan murgildu zen, Puxkin eta Gogol gidari zituela. 1838an Berlina joan zen filosofiako ikasketak egiteko. Han idealismo alemanaren eragina jaso zuen.
1841ean, Europaren zale eta liberal deliberatua bilakaturik, Errusiara itzuli zen, eta administrazioan lan egin zuen. Garai hartakoak dira Turgeneven lehen obrak: Parasha (1843), narrazio-olerkia; Andrei Kolosov (1844), eleberri laburrak; Zuhurgabekeria (1843), antzerkia. 1845ean administrazioa utzi zuen literaturara erabat emanda bizitzeko. Pauline Viardot-García kantariaz maitemindurik, 1847tik 1850era Errusiatik kanpo joan zen haren atzetik. 1852an ospea eta ezagutza ekarri zizkion Zapiski ojotnika (Ehiztariaren narrazioak) obra argitaratu zuen. Liburu horretan jopuen bizitza gogorraren lekukotasuna eman zuen idazkera errealistaz. 1852an bere etxaldean egotera behartu zuen gobernuak, Gogolen heriotza zela eta egindako artikuluarengatik. Ordura arte antzerki-obrak idatzi bazituen, Dirurik gabe (1846), Bizkarroia (1849), Gau bat Sorrenten (1852), handik aurrera antzerkia alde batera utzi eta poesiaz beteriko eleberri laburrak ondu zituen: Bi lagun (1854), Iakov Pasinkov (1855), Lehen amodioa (1860) eta abar.
Turgenev, orobat, Errusiako eleberrigile onentsuenen artean kokatu ohi da: Rudin (1856) obran bere garaiko giro intelektuala erretratatu zuen, Dvnoyanskoy genezdo (1859, Kapareen habia) lanean, noblezia zaharraren ohiturak deskribatzen zituen, Nakanune (1860, Bezperan) eta Otsy i deti (1862, Aita-semeak). Eleberri bakoitzak eztabaida sutsuak pizten zituen eta, hartaz nazkaturik, atzerrian hartu zuen bizilekua, Baden-Badenen lehenik (1862-1870) eta Parisen gero (1871-1883), Errusian egonaldi laburrak baizik egiten ez zituela. Azken aldi horretan bi eleberri Dym (1867, Kea), Nov´(1877, Luberriak), zenbait eleberri labur eta obra lirikoak ondu zituen.
Hil ondoren, Turgeneven antzerki-obrarik ezagunena argitaratu zen: Hilabete bat landan. Harremanak izan zituen bere garaiko Europako idazle anitzekin: Gustave Flaubert, Emile Zola, Berthold Auerbach, Henry James, George Sand… Haren hizkuntza Errusiako literaturako eredu garbienetakotzat hartua izan ohi da, Puxkinenaren ondoren.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/1/9 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ivan Turgenev |
- Euskarari ekarriak: Ivan Turgenev Armiarma.com