(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Biblia/Isaias — Wikiteka Edukira joan

Biblia/Isaias

Wikitekatik
Biblia
Isaias
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

[aldatu]

1 Hona hemen Jaunak Amotzen seme Isaiasi Juda eta Jerusalemi buruz agertu zion mezua, Uzias, Jotam, Akaz eta Ezekias Judako errege zirela.

Jainkoak Israelen errebeldia salatu

2 Entzun, zeru-lurrok! Honela mintzo da Jauna: «Haurrak sortu ditut eta hazi, baina aurka altxatu zaizkit. 3 Ezagutzen du idiak nagusia, bai eta astoak ere ugazabareneko aska; Israelek, ostera, ez du ezagutzen, nire herriak ez du aditzen».

4 Ai jende bekataria, gaiztakeriaz jositako herria, gaizkile-arraza, ume galduak! Baztertu egin dute Jauna, mesprezatu Israelgo Santua, bizkarra emanez. 5 Nola behar zaituztet zigortu, errebelde izateari utz diezaiozuen? Buru osoa zauritua duzue, bihotza erabat eroria. 6 Orpotik burura, ez duzue atal bat ere osorik: dena zauri, ubeldura eta ebaki bizi, batere garbitu, lotu eta olioz gozatu gabe.

7 Zuen lurraldea hondatua dago, zuen hiriak suak erreta. Soroetako uzta atzerritarrek dizuete irensten zeuen begi aurrean. Dena hondamendi, Sodomaren porrokaldikoan bezala. 8 Hor gelditu da Sion hiri ederra mahastian txabola eta meloi-sailean txosna bezain bakarti, etsaiz inguraturiko hiria bezain babesgabe. 9 Jaun ahalguztidunak gutariko batzuk bizirik utzi ez balitu, Sodoma eta Gomorraren azkena izango genukeen guk ere.

Justiziarik gabeko kulturik ez

10 Entzun Jaunaren hitza, Sodoma eta Gomorrakoen antzeko zareten herri eta agintariok, aditu gure Jainkoaren irakaspena.

11 Honela dio Jaunak: «Zertarako ditut amaigabeko zuen sakrifizioak? Leporaino naukate aharien erre-opariek eta zekor gizenen gantzak. Nazkatua nago zezen, bildots eta akerren odolaz. 12 Nork eskatzen dizue horrelakorik, nire tenpluko atariak igaro eta niregana zatoztenean? 13 Ez ekarri gehiago opari hutsalik; higuingarri zait intsentsuaren lurrina. Ilberri-jaiak, larunbatak, batzarrak... ezin ditut jasan jaiok gaiztakeriarekin batera. 14 Biziki gorroto ditut zuen ilberri-jaiak eta festak; nekagarri zaizkit eta eramanezineko. 15 Zuek otoitzerako eskuak altxatzean, bestaldera begira jartzen naiz; nahiz eta zuek eskariak ugaldu, ez dizuet entzuten, eskuak odolez beteak baitituzue. 16 Garbi zaitezte, garbitu! Kendu nire begien aurretik egintza gaiztoak! Utzi gaiztakeria, 17 ikas onbidea, saiatu zuzenbidean: lagundu zapalduari, egin justizia umezurtzari, defendatu alarguna!»

18 Honela dio Jaunak: «Zatozte, erabaki dezagun auzia: zuen bekatuak gorria baino gorriago badira ere, elurra bezain zuri geldituko dira; purpura bezain gorri izanik ere, artilearen antzeko bihurtuko dira. 19 Nire esana egiteko prest bazaudete, lurralde honek duen gozoenetik jango duzue; 20 ezezkoa eman eta errebelatzen bazarete, ostera, guduak irentsiko zaituzte». Jaunak berak esan du.

Hiri desleiala

21 Ai ene! Leiala zen hiria emagaldu bihurtua! Behinola justiziaz betea, zuzenbide-leku zena, orain hiltzaileen bizileku. 22 Lehen zilar ziren, orain zabor; lehen ardo on, orain urardo. 23 Zure agintariak errebeldeak dira, lapurrekin bat datoz. Denak eskupeko-zale, erregalo-gose. Umezurtzari ez diote justiziarik egiten, alargunaren eskubideak ez die axolarik. 24 Horregatik, honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelgo Indartsuak: «Hara! Mendeku hartuko dut etsaien lepotik, ordaina eman beharko dute. 25 Zure aurka ekingo diot, zure zaborrak erabat erreko ditut arragoan, errauts guztia kenduko dizut. 26 Lehen bezalako epaileak, antzina bezalako kontseilariak emango dizkizut berriro. Eta orduan <Hiri zuzen>, <Hiri leial> deituko dizute. 27 Zuzena naizelako eta salbatzailea, askatu egingo dut Sion, askatu niregana itzul daitezenak. 28 Errebelde eta bekatarientzat, ostera, hondamendia; Jauna bazter uzten dutenenak egin du. 29 Lotsa gorria emango dizuete, hain maite zenituzten haritz sakratuek, hain atsegin zenituzten baratze sakratuek. 30 Izan ere, hostoak iharturiko haritzaren antzeko izango zarete, urik gabeko baratzearen pareko. 31 Gizon indartsua lastoa izango da, eta haren egintzak txinparta: biak batera erreko dira, eta ezin izango ditu inork itzali».

2. atala

[aldatu]

1 Hona hemen Juda eta Jerusalemi buruz Amotzen seme Isaiasi Jaunak agertu zion mezua.

2 Azken egunetan, Jaunaren etxea dagoeneko mendia beste mendien gain ezarriko du Jaunak, mendixka guztien gainetik jasoko. Eta hara joko dute nazio guztiek. 3 Herri asko joango dira hara, esanez: "Zatozte, igo gaitezen Jaunaren mendira, Jakoben Jainkoaren etxera; bere bideak erakutsiko dizkigu, eta gu haren bidexketan ibiliko gara; Siondik irakatsiko baitu Jaunak, Jerusalemdik hitz egingo". 4 Hark epaituko ditu nazioak erabakiko herrialde askoren auziak. Ezpatak golde bihurtuko dituzte eta lantzak igitai. Ez da naziorik nazioaren aurka altxatuko, ez dira gehiago gudurako prestatuko. 5 Ea, bada, Jakoben herri, ibil gaitezen Jaunaren argitan!

Jaunaren eguna

6 Jauna, bertan behera utzia duzu zeure herria, Jakoben ondorengoak; aztiz eta igarlez beteak daude bazterrak, filistearren artean bezala, eta atzerritarrekin itunak egiten dira. 7 Betea dago lurraldea urrez eta zilarrez, neurtezineko ondasunez; betea dago lurraldea zaldiz, kontaezin ahalako gudu-gurdiz. 8 Betea dago lurraldea idoloz: beren eskuz eginaren aurrean dira ahozpezten, beren behatzez landuaren aurrean. 9 Makurtu beharko du, bai, gizakiak, eta bere burua apaldu: zuk ez barkatu, Jauna!

10 Israeldarrok, sar zaitezte haitzartean, gorde lurpean, Jauna beldurgarri eta ospe distiratsuz agertzean. 11 Behera begiratu beharko dute begi harroek, makurtu beharko du giza handikeriak. Jauna bakarrik agertuko da garai egun hartan. 12 Orduan, Jaun ahalguztidunak makurraraziko ditu harro, handiputz eta burutente guztiak: 13 Libanoko zedro handi eta tantaiak eta Baxango haritz guztiak, 14 mendi handiak eta tontor garai guztiak, 15 dorre trinkoak eta harresi menperakaitzak, 16 itsaso zabaleko ontziak eta ontzi bikain guztiak. 17 Beheratu beharko du giza harrokeriak, makurtu beharko du giza handikeriak. Jauna bakarrik agertuko da garai egun hartan, 18 eta idoloak erabat galduko dira.

19 Sar zaitezte haitzuloetan, gorde lurreko leizeetan, Jauna beldurgarri eta ospe distiratsuz agertzean, lurra dardaraztera etortzean. 20 Egun hartan, gizaki orok sator eta saguzarrei botako dizkie bere idoloak, gurtzeko eginak zituen urrezko eta zilarrezko idoloak; 21 gizakiak oro hartzulo eta haitzarteetan sartuko dira, Jauna beldurgarri eta ospe distiratsuz agertzean, lurra dardaraztera etortzean. 22 Ez jarri, beraz, zeuen ustea gizakiagan, arnasaldi bat besterik ez baita: zertarako balio lezake?

Jerusalemgo nahasmendua

3. atala

[aldatu]

1 Hara, Jainko Jaun ahalguztidunak kendu egingo die Jerusalemi eta Judari euskarri eta mantenu oro: ogi-mantenua eta ur-mantenua, 2 gudalburua eta gudaria, epailea eta profeta, igarlea eta arduraduna, 3 buruzagia eta handikia, kontseilaria eta aztikerian aditua eta sorginkerian trebatua. 4 Mutikoak jarriko dizkie nagusi, beren nahierara goberna ditzaten. 5 Jendeak elkarri erasoko dio, bakoitzak bere ondokoari: ez diete errespeturik izango gaztetxoek zaharrei, ez eta behekoek goikoei. 6 Anaiak anaiari helduko dio aitaren etxean, esanez: «Hik baduk soinean zer jantzi; izan hadi, beraz, gure agintari; hik gobernatu hondakin-pila hauek». 7 Eta besteak erantzungo dio: «Ni ez nauk inoren mediku, etxean ez diat ogirik, ez jantzirik: ez nazazue jar, beraz, herriko agintari». 8 Bai, lur jo du Jerusalemek, gainbehera erori da Juda, haien esanak eta eginak Jaunaren ospea iraindu besterik ez baitute egiten. 9 Ez dute inolako lotsarik: ez dute beren bekatua ezkutatzen, zabaltzen baizik, Sodomak bezala. Zoritxarrekoak benetan, beren buruen zoritxarrerako ari baitira! 10 Zorionekoa zintzoa! Ongi izango da, bere egintzen fruitua gozatuko du. 11 Zoritxarrekoa gaiztoa! Gaizki izango da, bere egintzen ordaina jasoko du. 12 Oi ene herri, muttiko bat duzu zapaltzaile, emakumeak agintari! Oi ene herri, gidariek oker zaramatzate, bide zuzenetik kanpora!

Jauna buruzagiekin auzitan

13 Prest dago Jauna auzitarako, gertu bere herria epaitzeko. 14 Bere herriko arduradun eta buruzagiei auzitara deitzen die eta esaten: «Zuek suntsitu duzue nire mahastia, behartsuei lapurtuaz beterik dauzkazue etxeak. 15 Baina zuei zer axola? Nire herria zapaltzen duzue, eta hankapean hartzen behartsuen duintasuna». Jainko Jaun ahalguztidunak esan du.

Jerusalemgo emakumeen aurka

16 Honela dio Jaunak: «Bai harroak direla Siongo emakumeak! Lepoa luzaturik dabiltza, keinuka, begiak batetik bestera, pauso txikian, oinetako katetxoei txilin eraginez». 17 Horregatik, ezkabia sartuko die Jaunak buruan Siongo emakumeoi eta larrugorritan utziko ditu.

18 Egun hartan apaingarri guztiak kenduko dizkie Jaunak: 19-21 oin, beso eta behatz, buru, lepo eta gerri, ile, sudur eta belarrietako bitxiak eta lurrin gozoak; 22-23 jantzi dotore, mantu, lepoko zapi eta poltsak, gona fin, durbante eta mantilak. 24 Lurrinaren ordez kiratsa izango dute, gerrikoaren ordez soka, ile-txirikorda dotoreen ordez burusoila, jantzi finen ordez zakukia, edertasunaren ordez burdin goriaren marka.

Jerusalemen alargunak ugari

25 Jerusalem, zure gizonak ezpataz eroriko dira, zure gudariak gerran. 26 Zure kaleetan intziria eta dolua izango dira, eta zu, atsekabearen atsekabez, lurrean eseriko.

4. atala

[aldatu]

1 Egun hartan, zazpi emakumek gizon bakar bati helduko diote, esanez: «Geure buruak geuk mantenduko ditugu, geuretik jantziko gara, baina zure izena eraman dezagula bederen! Kendu gure lotsa!»

Jaunak Jerusalemen bizirik geldituak babestuko

2 Egun hartan, Jaunak ernearaziko duena Israelen bizirik geldituen eder eta ohore izango da; lurrak emango duena, haien harrobide eta apaingarri. 3 Orduan, Sionen eta Jerusalemen bizirik geldituei eta bertan bizi izateko aukeratuei, «Jainkoari sagaratuak» deituko zaie. 4 Jaunak bere zigor-epaia beteko duenean, Siongo bizilagunen zikinak kenduko ditu eta Jerusalemen isuritako odola garbituko. 5 Orduan, Siongo mendi osoaren gain eta bertan bilduriko guztien gain, ke-lainoa sortuko du Jaunak egunez eta sugar distiratsua gauez. Eta Jaunaren aintza izango da guztien gain 6 babes eta geriza: sargorian itzal izango dute, ekaitz eta euritean gordeleku eta aterpe.

Mahastiaren maite-kanta

5. atala

[aldatu]

1 Neure adiskidearen izenean nator kantatzera adiskidearen eta beraren mahastiaren kanta. Nire adiskideak bazuen mahasti bat malda jori batean. 2 Lurra harrotu, harriak kendu eta landarerik onenak landatu zituen. Erdian talaia eraiki zuen, eta dolarea egin. Mahats gozoa espero, eta sasi-mahatsa eman zion. 3 Orain, bada, Jerusalemgo bizilagunok, Judako gizon-emakumeok, zuek erabaki nire eta nire mahastiaren arteko auzia. 4 Zer egin niezaiokeen neure mahastiari egin diodanaz gainera? Mahats gozoa espero nuen: zergatik eman dit sasi-mahatsa? 5 Esango dizuet, bai, zer egingo diodan neure mahastiari: itxitura kenduko diot, larre bihur dadin; harresia zulatuko, zapal dezaten; 6 lugorri bihurtuko dut: ez dute inausiko, ez jorratuko, eta sasiek eta laharrek hartuko dute; bertan euririk ez egiteko aginduko diet hodeiei. 7 Israel da Jaun ahalguztidunaren mahastia; Judako herria, haren landare-sail kuttuna. Zuzenbidea espero zuen harengandik, eta horra: zuzengabekeria! Justizia espero zuen, eta horra: aieneak!

Gaiztoen aurka madarikazioak

8 Ai zuek, etxea etxeari eta soroa soroari eransten diozuenok, besteak bizitokirik gabe utziz, lurralde osoaren jaun eta jabe bakar izateko! 9 Entzuna dut Jaun ahalguztidunak egindako zina: «Etxeok oro hondatu egingo dira; handiak eta ederrak izan arren, hutsik geldituko. 10 Hiru hektareako mahastiak zahagi erdi bat ardo besterik ez du emango; hamar anega hazik anega bat ale besterik ez».

11 Ai zuek, goizean goiz edanari ekin eta gauean berandu arte ardoz berotzen zaretenok! 12 Zitara eta harpa, danbolin eta txistu-soinua eta ardoa ugari zuen janaldietan; baina Jaunaren ekintzaz ez zarete ohartzen, haren egintzak ez dituzue aintzakotzat hartzen. 13 Horregatik, nire herria erbestera daramate bere axolagabekeriagatik. Buruzagi eta jende xehe, gose-egarriz hilko dira denak. 14 Herio Leizeak neurrigabe zabalduko du aho-zuloa eta irekiko eztarria, handikiak eta herri xehea irensteko, beren irri eta barre guztiekin batera. 15 Makurtu beharko du, bai, gizakiak, eta bere burua apaldu; begiak jaitsi beharko harroek. 16 Jaun ahalguztidunak justizia eginez agertuko du bere handitasuna; Jainko santuak epaia betez agertuko du bere santutasuna. 17 Erraustutako hirian, zelaian bezala bazkatuko dira ardiak, larratuko ahuntzak.

18 Ai zuek, idiek gurdia bezala bekatua garraiatzen duzuenok! 19 Honela diozue: «Bizkor burutu beza Jaunak bere egintza, ikusi ahal dezagun; lehenbailehen bete beza Israelgo Santuak bere asmoa, ezagutu ahal dezagun». 20 Ai zuek, gaitzari on eta onari gaitz esaten diozuenok, iluna argi eta argia ilun, samina gozo eta gozoa samin bihurtzen duzuenok! 21 Ai zuek, zeuen begitan jakintsu, zeuen ustetan zentzudun zaretenok! 22 Ai zuek, ardoa edaten nagusi, edariak nahasten txapeldun zaretenok, 23 errudunari diru-truke arrazoi ematen eta errugabeari zuzenbidea ukatzen diozuenok! 24 Beraz, suak lastoa irensten eta sugarrak galtzua kiskaltzen duen bezala, halaxe ihartuko dira zuen sustraiak, hauts bihurtuko zuen loreak. Zeren eta Jaun ahalguztidunaren irakaspena baztertu egin baituzue eta Israelgo Santuaren hitza mesprezatu.

Jaunaren haserrea. Urrutiko herri bati dei

25 Horregatik piztu da Jaunaren haserrea beraren herriaren aurka; luzatua du eskua zigortzeko. Dardar dagite mendiek, zaborra bezala daude gorpuak kaleetan. Hala ere, Jaunaren haserrea ez da baretu; luzatua du oraindik eskua zigortzeko. 26 Urrutiko herri bati egingo dio dei Jaunak, bandera jasoz eta txistuka, eta lurraren azken bazterretatik etorraraziko du. Hor non datozen arin eta bizkor: 27 ez dira nekatzen, ez estropezu egiten; ez ditu loak, ez logaleak geldiarazten; ez zaie gerrikoa askatzen, ez eta oinetako lokarria eteten. 28 Ongi zorroztuak dituzte geziak, ongi teinkatuak uztaiak. Haien zaldi-apatxak harria bezain gogor, haien gurdi-gurpilak zurrunbiloa bezain bizkor; 29 haien orroa lehoiarena, lehoikumearena bezalakoa: orroa eginez, harrapakinari heldu eta eraman egiten du, eta ezin dio inork kendu. 30 Egun hartan, Israelen aurka egingo du orroa, itsasoak egin ohi duen bezala. Eta lurrari begiratuko dionak, ilunpea eta atsekabea besterik ez du ikusiko, eta argia hodei beltzek ilundua.

Jaunak Isaiasi profetagintzara dei

6. atala

[aldatu]

1 Uzias erregea hil zen urtean, tronu altu eta garai batean eseria ikusi nuen Jauna; haren mantu-hegalak tenplua betetzen zuen. 2 Suzkoak bezalako izaki batzuk zituen gainean. Seina hegal zituzten: bi hegalez aurpegia estaltzen zuten, beste biz gorputza, eta beste biz hegaz egiten zuten. 3 Eta honela egiten zioten oihu elkarri:

«Santu, santu, santua, Jaun ahalguztiduna! Lur osoa betetzen du haren aintzak».

4 Ahots honen oihuaz, tenpluko ate-orpoek dardar egin zuten, eta tenplua kez bete zen. 5 Nik esan nuen: «Ai ene, galdua naiz! Ezpain kutsatuak baititut, eta kutsaturiko ezpainak dituen herrian bizi bainaiz. Bekatari izanik, Errege eta Jaun ahalguztiduna ikusi baitut neure begiz». 6 Une hartan, suzkoak bezalako izaki haietako bat niregana etorri zen hegan, su-hatzez aldaretik harturiko txingar bat eskuan zekarrela, 7 eta txingarraz ahoa ukitu zidan, esanez:

«Begira, txingar honek ezpainak ukitu dizkizu. Kendu zaizu, beraz, gaiztakeria, barkatu bekatua». 8 Orduan, Jaunaren ahotsa entzun nuen esaten: «Nor bidaliko dut? Nor izango dugu mandatari?» Nik erantzun nuen: «Prest nauzu, bidali neu». 9 Hark esan zidan: «Zoaz eta esaiozu herri honi: <Entzungo duzue, bai, baina ulertu ez; ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez>. 10 Gogortu buru-bihotzak herri honi, gortu belarriak, itsutu begiak. Ez bezate beren begiez ikus, ez belarriez entzun, ez eta buruaz ulertu ere, horrela niregana bihur ez daitezen eta salba ez ditzadan». 11 «Noiz arte hori, Jauna?», galdetu nuen nik. Eta hark erantzun: «Hiriak deseginik eta hutsik, etxeak inor gabe eta lurrak soil gelditu arte». 12 Jendea erbestera bidaliko du Jaunak, eta lurralde osoa huts-hutsik geldituko da. 13 Eta hamarretik bat bakarra bertan gelditzen bada, huraxe ere suari emango diote, haritza eta terebintoa bezala: moztu eta gero, ondoa besterik ez zaie gelditzen; baina ondo horretatik kimu santua erneko da berriro.

Akaz erregearentzat mezua

7. atala

[aldatu]

1 Akaz, Jotamen semea, Uziasen biloba, Judako errege zela, Siriako errege Retzinek eta Israelgo errege Pekahek, Remaliasen semeak, Jerusalemi eraso egin zioten, baina ezin izan zuten konkistatu. 2 Siriarrak Efraimen kanpatuak zeudela jakin zutenean, erregeak, bere etxekoek eta herri osoak dardara egin zuten, haizeak jotzean basoko zuhaitzek dardara egin ohi duten bezala. 3 Orduan, Jaunak Isaiasi esan zion: «Hartu zeure seme Xear-Jaxub eta zoaz Akazengana; goiko urtegiko ubide-muturrean, oihal-garbitzailearen sororako bidean, aurkituko duzu. 4 Eta esaiozu:

«Egon erne, baina lasai! Ez beldurtu, ez ikaratu Siriako Retzinen eta Remaliasen semearen haserre-sumina dela-eta, kea darien ilinti-mutur bi besterik ez baitira. 5 Zu galtzeko elkar hartu dute siriarrek eta Israelgo herri eta erregeak. Honela diote: 6 <Igo gaitezen Judaren aurka, setia dezagun eta menpean hartu, eta jar dezagun bertan errege Tabeel-en semea>. 7 Baina hona zer dioen Jaunak: Ez, ez da horrelakorik gertatuko! 8-9 Damasko da Siriako hiriburu, eta Retzin Damaskoko buruzagi; Samaria da Efraimgo hiriburu, eta Remaliasen semea Samariako buruzagi; baina, hirurogeita bost urte barru, Efraim, suntsitua, ez da iadanik herri izango. Sendo sinesten ez baduzue, ez duzue sendo iraungo».

Emanuelen ezaugarria

10 Beste mezu hau ere eman zion Jaunak Akazi Isaiasen bidez: 11 «Eskaiozu zeure Jainko Jaunari ezaugarri bat, nahiz lurraren barrenean nahiz zeru gorenean». 12 Eta Akazek erantzun: «Ez dut ezaugarririk eskatuko, ez dut Jauna tentatu nahi».

13 Orduan, Isaiasek esan zuen: «Entzun, Daviden ondorengook: gizakiak nekaraztea aski ez duzuela, nire Jainkoa ere nekarazi nahi al duzue? 14 Jaunak berak emango dizue, bada, ezaugarria: hona, andre gaztea haurdun dago eta semea izango du, eta Emanuel, hau da, <Jauna gurekin>, jarriko dio izen. 15 Gatzatua eta eztia jango ditu haurrak, gaitza baztertzeko eta ona aukeratzeko gauza izan arte. 16 Baina haurra gaitza baztertzeko eta ona aukeratzeko gauza izan baino lehen, hutsik geldituko da halako beldurra ematen dizueten bi erregeen lurraldea. 17 Egun txarrak etorraraziko dizkizue Jaunak zuri, zeure herriari eta familiari, Israelgo erreinua Judarengandik bereizi zenez gero izan ez diren bezalako egunak; hots, Asiriako erregea bidaliko dizue. 18 Egun hartan, Jaunak txistua jo eta euliak pilaka bezala etorraraziko ditu egiptoarrak Nilo ibaiaren azken bazterretatik, erleak samaldan bezala asiriarrak beren lurraldetik. 19 Etorri eta denak pilan kokatuko dira mendarte sakon eta haitzarteetan, sastraka eta zelaietan. 20 Egun hartan, Eufrates ibaiaz bestaldean alogeran harturiko labanaz moztuko dizue Jaunak buruko ilea, kenduko bizarra eta izterrondoko ilea. Asiriako erregea da, alegia, labana».

21 Egun hartan, bakoitzak behi bat edo bi ardi baizik ez baditu ere, 22 gatzatua jateko adina esne emango diote. Bai, lurraldean bizirik geldituko diren guztiek gatzatua eta eztia jan ahal izango dituzte. 23 Egun hartan, zilarrezko mila txanpon balio zituen mila landareko mahastia sasi- eta lahar-toki bihurtuko da. 24 Ehiztariak bakarrik sartuko dira bertan beren gezi eta uztaiez, lurralde osoa sasi- eta lahar-toki bihurtuko baita. 25 Aitzurrez gorritu ohi ziren mendi-maldetara ez da inor joango, sasi eta laharrak direla-eta: behi-larre eta ardi-leku izango dira.

Isaiasen semea, Israelentzat ezaugarri

8. atala

[aldatu]

1 Honela agindu zidan Jaunak: «Hartzazu ohol handi bat eta idatzi hizki arruntez: <Maher-Xalal-Hax-Baz>
-hau da, <Laster harrapaketa, berehala lapurreta>
-.
2 Hartu gero bi lekuko fidagarri: Urias apaiza eta Zakarias, Jeberekiasen semea». 3 Bien bitartean, neure emazte profetesarekin harremanak izan nituen; haurdun gelditu zen eta semea izan zuen. Jaunak esan zidan: «Jarriozu izena <Maher-Xalal-Hax-Baz>. 4 Izan ere, haurrak <aita> eta <ama> esaten ikasi baino lehen, Damasko eta Samaria hustu egingo dituzte eta bertako aberastasunak Asiriako erregeari eramango».

Asiriarren inbasioa iragarri

5 Honela esan zidan Jaunak berriro: 6 «Retzin eta Pekahen beldurrez, herri honek Siloeko ur bareei muzin egin dienez gero, 7 Eufratesko ur handi eta indartsuen azpian hartuko du Jaunak, Asiriako erregearen eta haren indar guztien azpian, alegia. Ubide eta ibai-bazter guztietan gainez egingo du urak. 8 Judara iritsiko da, urpean hartuko du, dena leporaino estaliko. Haren uradarrek luze-zabal osoan estaliko dute zure lurraldea, oi Emanuel!»

9 Ikara zaitezte, herriok, suntsitu egingo baitzaituztete! Entzun hau, urrutiko lurralde guztiok: armak hartu arren, suntsitu egingo zaituztete; bai, armak hartu arren ere, suntsitu egingo zaituztete. 10 Asmatu egitamuak: bertan behera geldituko dira. Proposatu nahi duzuena: alferrik izango da, Jainkoa gurekin baitago.

Jaunari bakarrik izan beldur

11 Eskutik hartu ninduen Jaunak eta herri honen bideari ez jarraitzeko agindu zidan, esanez: 12 «Ez esan <matxinada> herri honek <matxinada> esaten dion guztiari. Ez izan beldurrik, ez ikararik, herri hau beldurtzen duenarengatik. 13 Jaun ahalguztiduna bakarrik behar duzue santutzat hartu; hari behar diozue beldur izan, hari ikara. 14 Santutegi nauzue ni, baina bai eta behaztopa-harri ere, Israelgo bi erresumei oztopo eragingo dien harkaitz eta Jerusalemgo bizilagunentzat sare eta tranpa izango dena. 15 Askok egingo dute bertan estropezu, erori eta hil egingo dira; sarean bilduak eta harrapatuak geldituko dira».

Isaiasen oharpenak ikasleentzat

16 Zigilupean gordea uzten dut irakaspen eta aitorpen hau neure ikasleentzat. 17 Jaunaren zain nago, nahiz eta hark Jakoben herriari aurpegia gorde; harengan nik itxaropen. 18 Zuek, ene ikasleok, begira niri eta Jaunak eman dizkidan haurrei: Sion mendian bizi den Jaun ahalguztidunak jarri gaitu Israelentzat ezaugarri eta zantzu. 19 Bai, hau esango dizuete segur aski: «Egiezue kontsulta hilazti eta igarleei, isil-misilean eta marmarka ari ohi diren horiei. Herri batek ez ote dizkie bizien gorabeherak beren jainkoei eta hildakoei galdetu behar?» 20 Zuek, ordea, egon adi irakaspenari eta aitorpenari! Hauetara jotzen ez duenak ez du egunsentirik ikusiko.

Egun larriak

21 Batetik bestera ibiliko da jendea, larri eta goserik. Goseak amorraturik, madarikatu egingo dute beren erregea eta beren Jainkoa. Nahiz gora begiratu, 22 nahiz lurrera begiratu, estualdia eta ilunpea, iluntasun larria izango dute nonahi.

Bake-erregearen garai berria

23 Baina orain estualdian daudenak ez dira beti ilunpetan egongo. Garai batean lotsagarri utzi zituen Jaunak Zabulonen lurraldea eta Neftaliren lurraldea; baina geroztik ospetsu egin du itsas ondoko bidea, Jordanez haranzko lurraldea, eta Galilea, jentilen eskualdea.

9. atala

[aldatu]

1 Ilunpetan zegoen herriak argi handia ikusi du. Itzalpean bizi zirenei argiak egin die distira. 2 Poz bizia sortu diezu, alaitasun handia eman. Pozik daude zure aurrean, uzta biltzean bezain pozik, harrapakinak banatzean bezain alai. 3 Apurtua baituzu lepoan zeramaten uztarri astuna, zapaltzailearen aginte-makila, Madiango gudarostea apurtu zenuen bezalaxe. 4 Lurra danbaka zapaltzen zuten gudari-botak eta odolez zikinduriko jantziak suak erreko ditu eta irentsiko. 5 Haur bat jaio zaigu, Jainkoak seme bat eman digu. Beroni ezarri zaio aginpidea, eta honela deitzen diote: «Kontseilari miragarri, Jainko indartsu, Aita betiereko, Errege bakemaile». 6 Gero eta zabalagoa izango da haren agintaritza, azkengabekoa bakea. Daviden tronuan izango da errege, eta justizia eta zuzenbidea izango dira haren erregetzaren oinarri eta sostengu, oraindanik eta betiko. Jaun ahalguztidunaren maitemin sutsuak egingo du hori.

Israelgo erresumarentzat zigor-mezua

7 Zigor-mezua zuzendu die Jaunak Jakoben ondorengoei, Israelgo erresumari datorkio gainera. 8 Israel herri osoak, Samarian bizi diren guztiek izango dute horren berri. Honela baitzioten harro eta puzturik: 9 «Adreiluzko etxeak erori badira, harlanduzkoak egingo ditugu. Piku-habeak bota badituzte, zedrozkoak jarriko ditugu haien ordez». 10 Baina Jaunak etsaiak xaxatu dizkio eta aurka altxarazi: 11 siriarrak ekialdetik, filistearrak mendebaldetik. Ahoa betean irentsi dute Israel. Hala ere, Jaunaren haserrea ez da baretu; luzatua du oraindik eskua zigortzeko. 12 Baina herria ez zen zigortzen zuenarengana bihurtu; Jaun ahalguztiduna bilatzen ez ziren lehiatu. 13 Horregatik, Jaunak Israel oso-osorik moztuko du: buru eta buztan, palmondo eta kanabera; egun berean moztuko ere. 14 Arduradunak eta handikiak dira burua; gezurra irakasten duten profetak, buztana. 15 Herria bidetik okertu dute gidariek, eta galdurik dabiltza haiek gidatuak. 16 Horregatik, herri honetako gazteak ez ditu Jaunak begiko, umezurtz eta andre alargunei ez die gupidarik izango. Izan ere, sinesgabe eta makurrak dira denak, eta ergelkeria darie ahotik guztiei. Hala ere, Jaunaren haserrea ez da baretu; luzatua du oraindik eskua zigortzeko. 17 Gar bizian ari da gaiztakeria, sua sasi eta lahar artean bezala; hartuak ditu denak, suak txaradia bezala, kea kiribilean gorantz doala. 18 Jaun ahalguztidunaren haserreaz, sutan dago lurraldea, eta suaren menpe herria. Ez dio inork inori bizia barkatzen: 19 eskuinaldetik horzkada, eta hala ere gose; ezkerraldetik jan, eta ezin ase. Bakoitzak bere ondokoa du jaten. 20 Manasesek Efraim irensten du eta Efraimek Manases, eta biak elkar harturik Judaren aurka doaz. 21 Hala ere, Jaunaren haserrea ez da baretu; luzatua du oraindik eskua zigortzeko.

10. atala

[aldatu]

1 Zoritxarrekoak zuzengabeko legeak ematen eta jasanezineko dekretuak idazten dituztenak! 2 Jende xeheari zuzenbidea ukatzen diote eta dohakabeei eskubideak kentzen; alargunak larrutzen dituzte eta umezurtzak zurrupatzen. 3 Zer egingo ote duzue kontuak hartzeko egunean? Zer, hondamena urrutitik etortzen ikustean? Norengana jo laguntza eske? Non gorde ondasunak? 4 Preso joan beharko duzue, makurturik, edota gerran erori hilda. Hala ere, Jaunaren haserrea ez da baretu, luzatua du oraindik eskua zigortzeko.

Jaunak Asiriaren bidez zigortu

5 Honela dio Jaunak: «Zoritxarrekoa Asiria, eskuan dudan sumin-zigor hori! 6 Herri sinesgabearen aurka bidaltzen dut, haserretu ninduen herriaren aurka, lapurretara eta harrapaketara, hura kaleetako lokatza bezala zapaltzera. 7 Baina oso bestelako asmoak ditu Asiriak buruan: suntsitzea du asmo, herri asko birrintzea. 8 Hona zer dioen: <Nire gudalburuak ez al dira erregeen pareko? 9 Ez ote ditut konkistatu Kalno eta Karkemix, Hamat eta Arpad, Samaria eta Damasko? 10 Neure esku hartu ditut sasijainkoak gurtzen dituzten herriak, nahiz eta beraien idoloak Jerusalem eta Samariakoak baino ugariago izan; 11 Samariari eta haren sasijainkoei egina, nola ez diet egingo, bada, Jerusalemi eta beronen idoloei?> »

12 Jaunak, Sion mendian eta Jerusalemen egitekoa burutuko duenean, Asiriako erregearen harrokeriak eta handikeriak zigortuko ditu.

13 Izan ere, honela dio Asiriako erregeak: «Neure indarrez egin dut hori guztia, neure trebeziaz, argia bainaiz. Herrien arteko mugak ezabatu ditut, haien ondasunak harrapatu eta, gudari ausartaren gisa, erregeak eraitsi. 14 Habia bati bezala erantsi diet eskua herrien aberastasunei. Habian utzitako arrautzak hartzen diren bezalaxe hartu dut neuretzat lur guztia, eta ez zuen inork hegalik mugitu, ez txio egiteko mokorik zabaldu».

15 Baina aizkorak uste ote du aizkolaria baino handiago denik? Trontzeak uste ote du trontzalaria baino gehiago denik? Ez du zigorrak erabiltzen zigorduna! Ez du zurezko makilak hartzen zurezko ez den makiladuna! 16 Horregatik, Jaun ahalguztidunak ahulezia bihurtuko du asiriarren sendotasuna, eta haien gorputz ederrak sukarrez joko ditu, suak hartuta bezala jarriko. 17 Israelen argi den Jainkoa su bihurtuko da, Israelen Santua sugar, eta bat-batean erreko ditu, sasia eta laharra bailiran. 18 Basoa eta baratzea bezain jori zena, goitik behera desegingo du, gaixotasun larriak gizakia desegiten duen bezala. 19 Eta basoan geldituko diren zuhaitzak hain gutxi izango dira, ezen ume batek ere kontatu ahal izango baititu.

Bakar batzuk itzuliko

20 Egun hartan, Israelen bizirik geldituek, Jakoben ondorengoetan onik aterako direnek ez dute gehiago beren zigortzailea hartuko euskarritzat, baizik eta Jauna, Israelen Santua, hartuko dute benetako euskarritzat. 21 Jakoben ondorengoen artean, bakar batzuk besterik ez dira itzuliko Jaun indartsuagana. 22 Zure herria itsasoko hondarra bezain ugaria izango bada ere, oi Israel, bakar batzuk besterik ez dira itzuliko: erabakia dago hondamendia, herriak ondo merezia. 23 Erabakia beteko du Jaun ahalguztidunak, lurralde osoan beteko ere.

Asiriarrak zigortuko

24 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Oi zu, Sionen bizi zaren nire herria! Ez izan Asiriaren beldurrik, zigorrez jotzen bazaitu ere eta zure aurka makila jasotzen badu ere, behinola egiptoarrek bezala. 25 Izan ere, oso denbora gutxi barru amaituko da zure kontra dudan haserrea, eta nire suminak haiek ditu hondatuko. 26 Jaun ahalguztidunak haien aurka astinduko du zartailua, Horeveko harkaitzean madiandarrak jo zituenean bezala; eta Asiriaren kontra jasoko du makila, behinola Egipton itsasoaren kontra bezala. 27 Egun hartan, erori egingo zaizu Asiriaren zama bizkarretik eta haren uztarria lepotik; oparoaldia izango duzu ondoren».

Bat-bateko inbasioa

28 Aiatera iritsi da erasotzailea, Migronen barrena dator, Mikmasen egin du armen ikuskapena, 29 igaro du haitzarteko ataka, Geban eman du gaua; ikara dira Ramakoak, ihesi doa Saulen Gibea hiria. 30 Egin garrasi, Bat-Galim hiria! Entzun, Laixako jendea! Erantzun, Ahatot hiria! 31 Madmenakoek ihesari eman diote, Gebimgo bizilagunak babes bila dabiltza. 32 Nob-en da dagoeneko erasotzailea eta eskua altxatzen du mehatxuka Sion mendiaren aurka, Jerusalemgo muinoaren aurka. 33 Hara, Jainko Jaun ahalguztidunak indarrez lurrera botako ditu erasotzaileak, zuhaitzari adarrak mozten zaizkion bezala, nahiz eta garaiak eta sendoak izan. 34 Aizkoraz jotzen du baso trinkoa, eta Libanokoak bezain zuhaitz mardulak ere lurrera datoz.

Bakezko garaia

11. atala

[aldatu]

1 Kimu bat aterako da Jeseren zuhaitz-ondotik, adaxka bat erneko haren sustraietatik. 2 Beraren gainean kokatuko da Jaunaren Espiritua: jakinduriaz eta adimenez beteko du, kontseilari zuhur egingo eta kemenez jantziko, Jainkoa ezagutzen eta haren esaneko izaten irakatsiko dio. 3 Jainkoarenganako begirunea izango du pozbide. Ez du itxuratik bakarrik epaituko, ez du entzundako hutsetik erabakiko. 4 Jende xehea zuzenbidez epaituko du, lurraldeko dohakabeen eskubideak defendatuko. Makilaz bezala zigortu eta hilko ditu bere hitzez herriko gaiztoak. 5 Justiziak eta leialtasunak inguratuko dute, gerrikoak gerria bezala. 6 Orduan, otsoa eta bildotsa elkarrekin biziko dira, lehoinabarra eta antxumea elkarren ondoan etzango; zekorra eta lehoikumea batera haziko dira, eta haurtxo batek zainduko ditu. 7 Behia eta hartz emea elkarrekin larratuko dira eta haien umeak batera etzango. Lehoiak lastoa jango du, idiaren antzera. 8 Bularreko haurra suge-zuloetan jolastuko da, sugegorri-habian sartuko du eskua. 9 Nire mendi santu osoan ez du inork kalterik, ez hondamendirik egingo, Jaunaren ezagupenak beteko baitu lurralde osoa, urak itsasoa bezala.

Herria erbestetik itzuli

10 Egun hartan, Jeseren zuhaitz-ondoko kimua bandera gisa altxatua izango da, herri guztien begi aurrean; nazioak bila joango zaizkio eta ospetsua izango da haren egoitza. 11 Egun hartan, Jaunak eskua luzatuko du berriro, bere herrian bizirik geldituak bereganatzeko, Asiria eta Egiptotik, Patros, Etiopia eta Elamdik, Xinear, Hamat eta itsasertzeko lurraldeetatik. 12 Bandera jasoko du herrientzat; israeldar erbesteratuak bilduko ditu eta Judako sakabanatuak lurraren lau aldeetatik elkartuko. 13 Efraimen ikusezina galdu egingo da eta Judaren etsaigoa amaitu. Efraimek ez du Judarentzat ikusezinik izango, ez eta Judak ere Efraimentzat etsaigorik. 14 Biek elkar harturik, mendebaldeko filistearrei atzetik erasoko diete, sortaldeko herriei aberastasunak kenduko. Edom eta Moaben jabe egingo dira, eta amondarrak menpeko izango dituzte. 15 Jaunak Egiptoko Itsaso Gorria lehortuko du; Eufrates ibaiaren gain eskua luzatu eta, haize-errea ateraraziz, zazpi errekatan banatuko du, eta oinetako eta guzti igaro ahal izango dute. 16 Jaunaren herrian bizirik geldituek bide zabala izango dute Asiriatik itzultzean, Israelek Egiptotik irtetean bezala.

Esker onezko gorazarrea

12. atala

[aldatu]

1 Honela esango duzu egun hartan: «Eskerrak zuri, Jauna! Haserre zeunden nire aurka, baina baretu da zure haserrea eta kontsolatu egin nauzu. 2 Bai, Jainkoa dut salbatzaile! Harengan dut uste on eta ez naiz beldur. Jauna dut indar eta babes, bera salbatzaile». 3 Pozik joango zarete zuek ere salbamen-iturritik ura edatera, 4 eta egun hartan honela esango duzue: «Goretsazue Jauna, dei egin berari, iragarri haren egintzak herriei! Ezagutarazi zeinen bikain den! 5 Kanta Jaunari, gauza harrigarriak egin baititu; mundu osoan jakin bezate haren berri. 6 Egin poz-irrintzi eta oihu, Siongo bizilagunok, handikiro ari baita zuen alde Israelgo Santua».

Babiloniaren aurka

13. atala

[aldatu]

1 Babiloniaren aurkako mezua, Jainkoak Amotzen seme Isaiasi agertua.

2 «Jaso gudu-bandera mendi soil baten gailurrean! Egin irrintzia eta altxa besoak gudariei, handikien atetik eraso dezaten! 3 Gudariei dei egin eta aginduak eman dizkiet: neure haserrearen ordezkari aukeratu ditut, nire ohorearen defendatzaile gartsu baitira». 4 Entzun zalaparta mendietan: jendetza handia dirudi. Entzun erresumen, bildu diren herrien iskanbila. Jaun ahalguztiduna ikuskapena egiten ari zaio borrokara doan gudarosteari. 5 Urrutiko lurraldetik datoz, zerumugaz haranztik. Jauna bera dator etorri, bere haserrearen ordezkari dituenekin, eskualde osoa txikitzera.

6 Egin garrasi, gainean baita Jaunaren eguna! Hor dator Jainko ahaltsuaren hondamen-indarrez. 7 Orduan, denei besoak eroriko zaizkie, denek adorea galduko dute. 8 Beldur-ikarak joko ditu, eta hain estua eta larria izango da egoera, ezen erdiminetan dagoen emakumea bezala bihurrituko baitira. Harri eta zur eginik begiratuko diote elkarri, aurpegiak lotsaz gorri dituztela. 9 Horra hor Jaunaren eguna, gupidagabeko eguna, haserrez eta sumin goriz gainezka; lurraldea basamortu bihurtuko du eta bertako bekatariak suntsituko. 10 Zeruko izar eta konstelazioek ez dute gehiago argirik emango; eguzkia atera orduko ilunduko da, eta ilargiak ez du argi egingo.

11 Honela dio Jaunak: «Zigortu egingo dut mundua bere bidegabekeriengatik, gaizkileak beren gaiztakeriengatik. Zapaldu egingo dut handiputzen harrokeria, lurrera botako jauntxoen oilarkeria. 12 Urre garbia baino urriago, Ofirko urrea baino urriago bihurtuko dira gizakiak. 13 Dardar egingo du zeruak eta lurrak oinarritik ikara, Jaun ahalguztidun honek neure haserrea eta sumin goria azalduko dudan egunean. 14 Orduan, gazela izutuaren antzera ibiliko da jendea, artzain gabeko artalde sakabanatuaren antzera. Bakoitzak bere herrira joko du, nork bere lurraldera ihes egingo. 15 Aurkituko dituzten guztiak hil egingo dituzte, harrapatuko dituztenak ezpataz botako. 16 Haurtxoak txikitu egingo dizkiete begien aurrean, etxeak hustu, emazteak bortxatu.

17 «Mediar herria, zilarrak axolarik eta urreak ardurarik ez dion jendea, zirikatuko dut Babiloniaren aurka. 18 Beren geziez botako dituzte gazteak; ez dute jaioberrien errukirik, ez haurren gupidarik izango. 19 Babilonia, erresumarik ederrena, kaldearren bitxi eta harrobidea! Nik, Jainko honek, desegingo dut, Sodoma eta Gomorra desegin nituen bezala. 20 Ez da han egundo berriz inor biziko, bizilagunik gabe geldituko da sekulako. Beduinoek ere ez dute han kanpadendarik jarriko, ez eta artzainik geldituko. 21 Basakatuak sartuko dira han, hontzek beteko dituzte etxeak, ostrukak biziko dira, mendi-ahuntzak ibiliko saltoka. 22 Gazteluetan basa txakurrak eta jauretxe ederretan otsoak egongo dira uluka. Badatorkio ordua Babiloniari; ez da egun askotarako».

Herria erbestetik itzuli

14. atala

[aldatu]

1 Bai, erruki izango die Jaunak Jakoben ondorengoei: bere aukeratua izango du oraindik Israel eta beren lurraldean ezarriko ditu berriro. Atzerritarrak haiengana bilduko dira eta bat egingo dute Jakoben herriarekin. 2 Herri askok lagunduko die, beren lurralderaino eramanez; baina israeldarrak haien jabe egingo dira Jaunaren lurraldean, morroi eta neskametzat hartuz. Lehen gatibu eduki zutenak gatibu hartuko ditu Israelek eta lehengo zapaltzaileak menperatuko.

Babiloniako erregeari irri-kanta

3 Zeure neke eta nahigabeen ondoren eta jasan duzun morrontza gogorraren ondoren, Jaunak atseden emango dizunean, Israel, 4 honako irri-kanta hau abestuko diozu Babiloniako erregeari:

«Horra zertan den zapaltzailea! Horra zertan den haren harrokeria! 5 Hauts egin du Jaunak gaizkileen aginte-makila, zapaltzailearen nagusigoa. 6 Honek herriak amorruz jotzen zituen, aspergabe jo ere; nazioak suminez zapaltzen zituen, etengabe pertsegituz. 7 Lasai eta bakean dago orain lurraldea, pozez oihu dagi. 8 Libanoko nekosta eta zedroek ere poz hartzen dute zure lepotik, esanez: <Zu erori zarenez geroztik, ez dator inor gu moztera>. 9 Egonezinik dago han behean Hilen Egoitza, zuri harrera egiteko zain. Zu zarela-eta esnatu egin ditu hildakoen espirituak, lurreko handiki guztien arimak; beren tronuekin jaikiarazten ditu herrietako errege guztiak. 10 Denek aho batez esaten dizute: <Zureak ere egin du, gure pareko zara orain. 11 Herio Leizera amildu dute zure harrokeria, zure harpa-soinuekin batera. Ustela duzu azpigarri, harrak estalki>. 12 Horra zerutik eroria, goizeko izar distiratsu hori! Horra lurrera amildua, herrien menperatzaile hori! 13 Honela zenioen zeurekiko: <Zeruraino igoko naiz; izarrik garaienak baino gorago jarriko dut tronua; iparraldeko azken mugan eseriko naiz, jainkoak biltzen diren mendian; 14 hodei guztien gainetik igoko naiz eta Goi-goikoaren antzeko izango>. 15 Baina horra: Herio Leizera jaitsi zara, zuloaren barren-barrenera! 16 Ikusten zaituztenak begira-begira gelditzen zaizkizu; ezin dute sinetsi zuri gertatua: <Hau al da mundua dardaraz eta herrialdeak beldur-ikaraz jartzen zituena? 17 Hau al da mundua basamortu eta hiriak errauts bihurtzen zituena? Hau gatibuak sekula askatzen ez zituena?> 18 Herrietako errege guztiek ohorezko atsedena izan ohi dute, nork bere hilobian; 19 zu, ordea, hobiratu gabe bota zaituzte, gauza nazkagarriaren pare; leizeko harri artera bota dituztenekin zaude, ezpataz hildakoen gorpuen artean, hankapean zapaltzen den gorpuaren pare. 20 Ez duzu, hil eta gero, beste erregeen zoria izango, zeure lurraldea hondatu baituzu eta zeure herriko jendea hil. Zure, gaizkile horren, ondorengotzak ez du luzaroan iraungo. 21 Presta zaitezte, bada, haren seme-alabak hiltzeko; gurasoek egindako gaiztakeriengatik behar dute hil, sekula berriz altxa eta lurraldeaz jabe ez daitezen, mundua berriro hiriz bete ez dezaten». 22 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Haien aurka ekingo diot, Babiloniaren izena eta aztarna, hazia eta ondorengotza ezabatuko ditut. 23 Erratza pasatuko diot eta guztiz erraustuko; zingira eta triku-leku bihurtuko dut». Jaun ahalguztidunak esan du.

Jaunak Asiria suntsituko

24 Honela egin du zin Jaun ahalguztidunak: «Nire egitasmoak burutu egingo dira, nire erabakiak bete. 25 Asiria neure lurralde Israelen birrinduko dut, neure mendietan zapalduko. Kenduko zaio haren uztarria nire herriari, eroriko haren zama bizkarretik. 26 Mundu guztiarekiko hartu dut erabaki hau. Luzatua dut eskua nazio guztiak zigortzeko. 27 Jaun ahalguztidunak hartu duen erabakia nork galarazi? Jaunak luzatua duen eskuari nork atzera eragin?»

Filistearrei oharpena

28 Akaz erregea hil zen urtean, mezu hau iragarri zuen Isaiasek:

29 «Ez poztu, filistear herria, jotzen zintuen zigorra hautsia dela eta; izan ere, sugegorria sortuko da sugetik, eta herensuge hegalaria sugegorritik. 30 Nire herriko gizagaixoenek ere izango dute non bazkatu, behartsuek lasai hartuko dute atseden; filistearrak, ordea, goseak hilaraziko ditut, bat bakarrik ere ez da bizirik geldituko. 31 Egin aiene eta garrasi, Filisteako hiriok! Ikaratu, lurralde osoa! Hor baitator iparraldetik gudarostea, ke-laino trinko baten antzera, inortxo ere bere lerrotik okertzen ez dela. 32 Zer erantzungo ote diegu herri horretako mandatariei? Sion sendo ezarri duela Jaunak, eta bertan izango dutela babes haren herriko dohakabeek».

Moaben aurka

15. atala

[aldatu]

1 Moaben aurkako mezua. «Moabeko Ar hiria, suntsitu zuten gauean desagertu zen; Moabeko Kir hiria suntsitu zuten gauean desagertu zen. 2 Dibongo jendea muinoetara doa, santutegian negar egitera. Aieneka ari dira moabdarrak, Nebo eta Medaba hiriak suntsituak direlako: burua soil eta bizarra motz daramate guztiek. 3 Dolu-jantziz dabiltza kalean; aieneka eta negarrez urtzen denak, etxe gain eta plazetan. 4 Hexbon eta Elale garrasika ari dira; Jahatzetik ere entzun daitezke haien oihuak. Horregatik, ikaraz daude Moabeko gudariak eta adorea galdurik. 5 Nire barruak garrasi dagi Moabengatik: ihesi doa jendea Tzoar-eraino, ihesi Eglat-Xelixiaraino. Negarrez doaz Luhit-eko aldapan gora; garrasi erdiragarriak darizkiela, Horonaimgo bidean. 6 Nimrimgo erreka agortu egin da, belarra ihartu, larrea zimeldu: hostorik ere ez dago berde. 7 Horregatik, beren ondasunak bildu eta Sarats errekaz bestaldera daramatzate. 8 Moabeko muga-bira osoan zabaldu dira garrasiak, Eglaim-eraino deitoreak, Beer-Elimgo mugetaraino aieneak. 9 Dibongo urak odolez beteak daude, baina oraindik ere zoritxar handiagoak bidaliko dizkiot Diboni: lehoiak jango ditu Moaben onik aterako direnak, lurralde hartan bizirik geldituak».

Moabentzat itxaropenik ez

16. atala

[aldatu]

1 «Moabdarrok, bidali lurraldeko nagusiari zerga gisa zor dituzuen bildotsak, basamortuko Sela hiritik Sion mendira. 2 Habiatik uxaturiko txorikumeak dirudite Moabeko bizilagunek, Arnon errekaren pasabideetan. 3 Hau diotsote Judako herriari: <Esaguzue zer egin, hartu zeuen gain gure defentsa. Itzalpetu eguerdi betea eta egizue gauaren antzeko, erbesteratuak gordetzeko, ihesi doazenak aurki ez ditzaten. 4 Utziezue Moabeko erbesteratuei zuenean bizitzen. Babes itzazue hondatzaileagandik> ».

Zapalkuntza amaitu, hondamendia igaro eta zapaltzailea lurraldetik joango denean, 5 Jainkoak maitasunean finkatuko du errege-tronua, eta Daviden ondorengoa eseriko da bertan: epaile leial izango da, justiziazale, zuzenbidea egiteko gogotsu.

6 Honela dio Judako herriak: «Ezaguna dugu Moaben gehiegizko harrokeria, haren oilarkeria eta handiustea, haren handi-iritzi hutsalak. 7 Horregatik, beren herriarengatik aiene egingo dute moabdarrek, aiene guztiek; intziri egingo dute, atsekabearen atsekabez, Kir-Hareseteko mahats-opilez oroituz. 8 Izan ere, zimelduak daude Hexbongo landak, Sibmako mahastiak. Hango ardoak nazioetako erregeak zorabiatzen zituen. Jazer-eraino iristen ziren aihenak, basamorturaino hedatzen, Itsaso Hileraino luzatzen. 9 Horregatik, Sibmako mahastiari negarrez ari natzaio, Jazerrekin batera; negar-malkoz bustiko zaituztet, Hexbon eta Elale, mahats-biltze eta uztako poz-irrintziak galdu baitira zuenean. 10 Joan dira soroetatik poza eta alaitasuna; mahastietan ez da gehiago oihu eta kantarik; dolareetan ez da gehiago mahatsik estutzen. Kito poz-irrintziak! 11 Harpa baten antzera dardaraz daukat bihotza Moabengatik, dardaraz barrua Kir-Haresengatik. 12 Moab nekatzeraino ibiliko da muinoetara bidean, otoitzerako bere santutegira joan eta joan, baina alferrik izango du».

13 Horra Jaunak Moabi buruz aspaldi esana. 14 Hona zer dioen orain:

«Hiru urte barru juxtu, Moabeko handikiak eta haren jendetza ugaria guztiz eskas bihurtuko dira: talde txiki eta indargabe bat besterik ez da bizirik geldituko».

Damasko eta Israelen aurka

17. atala

[aldatu]

1 Damaskoren aurkako mezua. Damasko ez da jadanik hiri izango, hondakin-pila baizik; 2 haren menpeko hiriak betiko bertan behera utziak, abereentzat larratoki eta etzaleku lasai izango dira. 3 Israelek galdu egingo ditu babeslekuak; Damaskok ere bai burujabetasuna; bizirik geldituriko siriarrei israeldar handikiei gertatua bera gertatuko zaie. Hala dio Jaun ahalguztidunak.

4 Egun hartan, Israelen handitasuna kaxkar bihurtuko da eta haren joritasuna murritz. 5 Refaim haraneko gari-soroetan, uzta bildu eta galburuak jaso ondoren, 6 hondar bat besterik gelditzen ez den bezala; eta olibondoa astintzean, adar-puntan bizpahiru oliba eta adarrik jorienetan lau-bosten bat baizik gelditzen ez diren bezala, halaxe gertatuko zaio Israeli. Hala dio Jaun ahalguztidunak.

7 Egun hartan, gizakiak bere Egileari begiratuko dio eta Israelgo Santuarengana zuzenduko ditu begiak. 8 Ez die gehiago bere eskuz egindako aldareei begiratuko; ez da gehiago bere behatzez landutako Axera jainkosaren eta eguzkiaren ohorezko harri sakratuei begira jarriko.

9 Egun hartan, zure hiri gotortuak hutsik geldituko dira, behinola, israeldarrek erasotzean, hibiarren eta amortarren hiriak hutsik gelditu ziren bezala. Eremu bihurtuko dira. 10 Salbatzaile duzun Jainkoa ahaztu egin baituzu, babesten zaituen Harkaitzaz ez zara oroitu. Lorategi atsegingarriak landatzen dituzu eta kanpoko landare-haziak ereiten. 11 Landatzen dituzun egun berean loratzen dira, ereiten dituzun egun berean ernetzen, baina, azkenean, bertan behera galduko da fruitua, zoritxarrak, sendaezineko gaitzak jota.

Etsaien porrokaldia

12 Ai ene! Kontaezineko herrien burrunba, itsaso burrunbatsuarena bezalako burrunba! Nazioen marruma, ur handi marrumatsuena bezalako marruma! 13 Baina Jaunak mehatxu egin eta urrun doaz ihesi, haizeak mendiz mendi daraman lastoa bezala, ekaitzak daraman kardilauna bezala. 14 Arratsaldean beldurgarri, baina goizerako ezerez. Horra gure lapurren zoria, gure harrapatzaileen azkena.

Etiopiaren aurka

18. atala

[aldatu]

1 Ai Etiopiako ibaiez bestalde dagoen lurraldea, eltxo-burrunbadaz beteriko lurraldea! 2 Mandatariak bidaltzen ditu Nilon barrena, ihizko txalupetan, uretan zehar.

Zoazte, mandatari bizkorrak, itzuli herri lerden eta beltzaran horretara, edonon beldurra sortzen duen jendearengana, ibaiz ureztaturiko lurraldean bizi den herri gogor eta menperatzailera!

3 Zuek, munduan bizi zareten guztiok, begiratu, mendien gainean bandera altxatuko denean; entzun, turutak joko duenean. 4 Honela mintzatu baitzait Jauna: «Lasai egongo naiz, neure lekutik begira, geldi-geldi, eguerdiko sargoria bezala, uzta-aroko sargoritan ihintz-lainoa bezala. 5 Bai, mahatsa bildu baino lehen, loraldia igaro eta mahats-alea heltzen hastean, kimu berriak moztu egin ohi dira inauskaiaz, moztu eta bazterrera bota; 6 mendiko hegazti harraparientzat eta basapiztientzat uzten dira, hegazti harrapariek uda eta basapiztiek negua bertan igaro dezaten. Halaxe gertatuko da etiopiarrekin ere».

7 Egun hartan, Jaun ahalguztidunari opariak ekarriko dizkio herri lerden eta beltzaranak, edonon beldurra sortzen duen jendeak, ibaiz ureztaturiko lurraldean bizi den herri gogor eta menperatzaileak. Opariak ekarriko ditu Sion mendira, Jaun ahalguztidunaren bizilekura.

Egiptoren aurka

19. atala

[aldatu]

1 Egiptoren aurkako mezua. Hor dator Jauna Egiptora, hodei bizkor baten gainean jarria. Hura agertzean, ikara dira Egiptoko idoloak, adoregabe gelditzen egiptoarrak. 2 Honela dio Jaunak: «Bata bestearen aurka bultzatuko ditut egiptoarrak, eta elkarren aurka borrokatuko dira: senidea senidearen eta adiskidea adiskidearen aurka, hiria hiriaren eta erresuma erresumaren aurka. 3 Burua galduko dute eta beren asmoak hautsiko dizkiet. Orduan, idolo eta zorilariengana, hildakoen espiritu eta aztiengana joko dute kontseilu eske. 4 Baina nagusi gogor baten eskuetan utziko ditut egiptoarrak, errege bihozgabe batek menperatuko ditu». Hala dio Jaun ahalguztidunak. 5 Niloko urak agortu egingo dira, ibaia hutsik eta lehor geldituko; 6 ubideek kiratsa botako dute, Niloren adarrak agortzeraino jaitsiko dira, kanabera eta ihiak zimelduko. 7 Nilo bazterretako eta bokaleko ihitegia, bai eta ibai ondoan ereindako guztia ere, ihartu egingo da eta erabat galduko. 8 Arrantzaleak intzirika izango dira, Nilon amua botatzen dutenak aieneka, uretan sarea zabaltzen dutenak atsekabez. 9 Lihoginak etsita geldituko dira, ilazkin eta ehuleak zurbil, 10 ehungileak lur jota, langile guztiak gogo-galduta. 11 Bai eroak direla Tanis hiriko buruzagiak! Faraoiari ematen dizkioten kontseiluak kirtenkeriak dira. Nolatan esan diezaiokete faraoiari: «Jakintsuen ondorengo gara, antzinako erregeen ondorengo?» 12 Non dira zure kontseilari jakintsuak, faraoi? Jaun ahalguztidunak Egiptoren aurka dituen asmoak iragar diezazkizutela, bada, gauza badira! 13 Tanisko buruzagiak erotuak daude, Menfisko buruzagiak engainatuak. Oker daramate Egipto bere eskualde-buruek. 14 Zorabio-haizea sartu die Jaunak barruan: bere egiteko guztietan oker daramate Egipto; eta hala dabil, botaka eta balantzaka, mozkor baten antzera. 15 Eta ezin izango du inork, agintari nahiz kontseilari, handi nahiz txiki, ezer onik egin Egipton.

Egiptok Jaunari ohore emango

16 Egun hartan, emakumeen antzeko izango dira egiptoarrak; beldur-ikarak hartuko ditu, Jaun ahalguztidunak eskua beraien aurka jasotzen duela ikustean. 17 Judak izuturik utziko ditu egiptoarrak; haren izena gogoratze hutsarekin, ikarak hartuko ditu, Jaun ahalguztidunak Egiptoren aurka egiteko asmo duenarengatik. 18 Egun hartan, Egiptoko bost hirik hebreeraz hitz egingo dute eta Jaun ahalguztidunari leialtasun-zina egingo diote. Horietako batek «Eguzki-hiri» izango du izena. 19 Egun hartan, Jaunari sagaraturiko aldare bat egongo da Egiptoren erdian, eta Jaunaren ohorezko oroitarri bat muga ondoan. 20 Jaun ahalguztiduna Egiptoko lurraldean dagoenaren ezaugarri izango dira. Zapaltzen dituztenen aurka Jaunari laguntza eske dei egingo diotenean, hark salbatzailea bidaliko die defendatzera eta askatzera. 21 Egun hartan, Jaunak bere burua ezagutzera emango die egiptoarrei, eta egiptoarrek Jauna ezagutuko dute eta kultua emango diote, sakrifizioak eta opariak eskainiz. Jaunari promesak egingo dizkiote eta beteko. 22 Jaunak zigortuko ditu egiptoarrak, bai, baina bai eta gero sendatu ere. Jaunarengana itzuliko dira, eta hark beraien erreguak entzun eta sendatu egingo ditu. 23 Egun hartan, bide zabal bat izango da Egiptotik Asiriaraino. Asiriarrak Egiptora etorriko dira eta egiptoarrak Asiriara, eta egiptoarrek eta asiriarrek batera gurtuko dute Jauna. 24 Egun hartan, Egiptoren eta Asiriaren bitarteko izango da Israel, mundu osoaren bedeinkaziorako. 25 Hona Jaun ahalguztidunak emango duen bedeinkazioa: «Bedeinkatua Egipto, nire herria; bedeinkatua Asiria, nire eskuek egina; bedeinkatua Israel, neurea dudan herria».

Isaias, Egipto menperatuaren irudi

20. atala

[aldatu]

1 Behin batean, Asiriako errege Sargonek bere gudalburu nagusia bidali zuen Axdod-era, eta hark hiriari eraso eta hartu egin zuen. 2 Garai horretan, Amotzen seme Isaiasen bidez mintzatu zen Jauna. Hau esana zion aurretik: «Ea, erantzi soinean daramazun dolu-jantzia eta kendu oinetakoak». Hala egin zuen Isaiasek, eta larrugorri eta oinutsik gelditu zen. 3 Axdod hartua izan zen garaian, hau esan zuen Jaunak: «Isaias nire zerbitzaria larrugorritan eta oinutsik ibili da hiru urtez, Egipto eta Etiopiarentzat ezaugarri eta aurre-seinale gisa. 4 Asiriako erregeak ere halaxe eramango ditu egiptoar presoak eta etiopiar erbesteratuak, zahar eta gazte, larrugorritan eta oinutsik, ipurdia agerian dutela; Egipto lotsagarri gertatuko da. 5 Espantuz eta lotsaz beteko dira beren itxaropide Etiopia eta beren harrotasun Egipto zutenak. 6 Orduan, honela esango dute kostalde honetako guztiek: <Horra hor geure itxaropide genuenaren atarramendua! Horra hor norengana jo dugun, Asiriako erregeagandik askatzeko laguntza eske! Nola onik atera gu orain?> »

Babilonia erori

21. atala

[aldatu]

1-2 Babiloniaren aurkako mezua. Ikaragarria Jainkoak agertu didana: hor dator basamortutik, lurralde beldurgarritik, Negev aldean sortzen diren haize-zurrunbiloen antzera, traidorea traizio eginez, hondatzailea hondamena zabalduz. Egin eraso, elamdarrok! Setiatu hiria, mediarrok! Jainkoak isilarazten ditu aieneak! 3 Hori dela eta, dardara batean nago, minez josia, erdiminetan dagoen emakumea bezala. Entzuteak ere larritzen nau, ikusteak izutzen. 4 Burua galtzear nago, larriaren larriz. Hain maitea nuen arratseko hozkirria ere beldurgarri bihurtu zait. 5 Mahaia atondua dago, alfonbrak zabalik: jan eta edan ari dira denak.
-Zutik, gudalburuok, prestatu babeskiak!
6 Hau esan dit Jaunak: «Ea, jar ezazu begiralea; ikusitako guztia iragar dezala. 7 Egon bedi erne, argi eta erne, ea ikusten duen bi zaldiko gurdiren bat, eta jendea asto gainean nahiz gamelu gainean». 8 Begiraleak oihu egin zuen: «Hemen nago, Jauna, egun osoan neure tokian, eta gauez ere neure guardalekuan erne. 9 Eta horra non datorren gizon bat bi zaldiko gurdi gainean. Hau dio ozenki: <Erori da Babilonia, erori da! Haren jainko-irudi guztiak lurrean gelditu dira apurtuta> ».

10 Ene herri, garia larrainean bezala jo zaituzten hori, hona hemen Jaun ahalguztidunari, Israelen Jainkoari, entzun eta zuri iragartzen dizudan berria.

Edomen aurka

11 Edomen aurkako mezua. Norbaitek Seirtik oihu: «Begirale, noiz arte gaua? Begirale, noiz arte gaua?» 12 Eta begiraleak erantzun: «Egunsentia badator, baina gaua ere bai berriro. Oraindik galdetu nahi baduzue, etorri berriz ere, eta galdetu».

Arabiaren aurka

13 Arabiaren aurkako mezua. Dedango karabanok, emazue gaua landazabaleko basoan. 14 Atera bidera egarri direnei eta eraman ura. Tema lurraldeko bizilagunok, eman jatekoa ihesi doazenei. 15 Izan ere, ezpatari doazkio ihesi, ezpata zorrotzari, uztai teinkatuari, gudu gogorrari.

16 Jaunak hau esan dit «Urtebete barru juxtu, Kedargo herriaren ospea guztiz galduko da. 17 Kedartarren arkulari ausartetarik, bakar batzuk besterik ez dira geldituko». Jaunak, Israelen Jainkoak, esan du.

Jerusalemen aurka

22. atala

[aldatu]

1 Ikuskari-haranaren aurkako mezua. Zer duzue, hiriko jendeok, denok horrela etxe gainetara igotzeko? 2 Jerusalem, hiri zaratatsu eta zalapartari, hiri jostalari, zure hildakoak ez ditu ezpatak bota, ez dira gerran hil. 3 Zure gudalburu guztiak ihesi joan dira, gezirik bota gabe preso hartu dituzte. Zure bizilagun guztiak preso hartu dituzte, urrutira ihesi joanak izan arren. 4 Orain, bada, hau diotsuet: Ez jardun ni kontsolatu nahian nire herriaren hondamendiagatik; uztazue saminki negar egiten. 5 Zorigaiztoko eguna baita, hondamen- eta larritasun-eguna, Jainko Jaun ahalguztidunak bidalia. Ikuskari-haranean, harresiak lurrera, garrasiak mendiraino. 6 Elamdar gudariak zaldi eta gurdietan datoz, prest dituzte geziak; babeskiak atera dituzte kirtarrek. 7 Zure haranik ederrenak gudu-gurdiz estaliak, zaldizko gudariak hiri aurrean erasorako prest. 8 Defentsa gabe gelditu da Juda. Zurezko Zutabeen Etxeko armategira jo duzue orduan; 9 jabetu zarete zenbateraino dauden pitzatuak Daviden Hiriko harresiak; barreneko urtegian ura bildu duzue. 10 Jerusalemgo etxeen zenbaketa egin eta batzuk bota egin dituzue, harresiak gogortzeko. 11 Harresi bien tartean urmahela egin duzue, urtegi zaharreko urentzat. Baina ez diozue begiratu hori guztia egin duenari, ez zarete konturatu aspalditik zuela asmotan.

12 Egun hartan, Jainko Jaun ahalguztidunak negar eta dolu egitera egiten zizuen dei, ilea moztu eta dolu-jantziz estalirik. 13 Zuek, ostera, poza eta festa, behiak eta bildotsak hil, okela jan eta ardoa edan zenuten, «Jan dezagun eta edan, bihar hil behar dugu eta», esanez. 14 Jaun ahalguztidunak hau azaldu dit: «Bekatu hau ez dizuet barkatuko zeuen bizialdi guztian». Jainko Jaun ahalguztidunak esan du.

Jauregiko arduradunaren aurka

15 Jainko Jaun ahalguztidunak errege-jauregiko arduradun zen Xebna agintariagana bidali ninduen, esatera:

16 «Zuk ez duzu hemen jabetzarik, ez senitarterik; zer eskubide duzu, beraz, hemen hilobia egiteko, goian, harkaitzean, zeure azken egoitza zulatzeko? 17 Horra, bada, jauna: Jaunak lurrera jaurtikiko zaitu; bil-bil egin 18 eta bueltaka botako zaitu, pelota bat bezala, muga gabeko lurraldera. Hantxe hilko zara, harrogarri zenituen gudu-gurdi eta guzti, zeure jaunaren etxearen lotsagarri hori. 19 Bota egingo zaitut kargutik, zauden tokitik kendu.

20 «Egun hartan, neure zerbitzari Eliakim, Hilkiasen semeari, dei egingo diot; 21 zure soingainekoa jantzarazi, zure gerrikoa ezarri eta zure aginpidea emango diot. Aita baten pareko izango da Jerusalemgo eta Judako herriarentzat. 22 Daviden jauregiko giltzak jarriko dizkiot lepoan; hark irekia, ez du inork itxiko; hark itxia, ez du inork irekiko. 23 Iltzea egur gogorrean bezain sendo ezarriko dut, bere senitartearen harrogarri izango da. 24 Baina senitartekoak, ondorengo guztiak, berarengandik zintzilik jarriko dira, era guztietako ontziak, katilu nahiz pitxerrak, iltzetik zintzilik jarri ohi diren bezala. 25 Orduan, sendo sartua zegoen iltzea kolokatu eta erori egingo da, eta bertatik zintzilik zegoena apurtu». Jaun ahalguztidunak esan du.

Tiro eta Sidonen aurka

23. atala

[aldatu]

1 Tiroren aurkako mezua. Egin garrasi, itsaso zabaleko ontziok, hondaturik baitago zuen babes-portua. Zipretik itzultzean jakin duzue. 2 Mutu egon, kostaldeko jendeok, Sidongo merkatariok; zuen ordezkariek itsasoa zeharkatzen zuten, 3 itsasoko ur handiak. Nilo ibai ondoko ale eta uztari irabazi ederra ateratzen zenioten. Sidon, nazioarteko merkataritzagune bihurtua zinen. 4 Lotsa zaitez orain, Sidon, itsas gotorleku! Itsasoa honela mintzo baitzaizu: «Ni ez naiz sekula erdiminetan egon, ez dut umerik izan, ez seme-alabarik hazi ere». 5 Egiptoarrek dardara egingo dute Tiroren hondamendiaren berri jakitean. 6 Zoazte Tarsiseraino, egizue garrasi, kostaldeko jendeok!

7 Hau duzue zeuen hiri festazalea, aspaldidanik eraikia? Hau, urrutian koloniak jartzen zituena? 8 Nork erabaki du, beraz, Tiroren hondamendia? Erreinu berriak sortu zituen; haren merkatariak printzeak ziren, haren salerosleak mundu guztian aintzat hartuak. 9 Jaun ahalguztidunak erabaki du, ospezale horien harrokeria beheratzeko, mundu guztian ohoratuak zirenak lotsarazteko. 10 Landu itzazu zeure lurrak, Tiro, Nilo bazterrekoek lantzen dituzten bezala, orain ez baituzu porturik. 11 Jaunak itsasoaren aurka luzatu du eskua, erreinuak dardarazi ditu; Kanaango gotorlekuak desegiteko agindu du. 12 Eta Sidoni esan dio: «Akabo zure jolasak, Sidon hiriburu! Neskatxa bortxatuaren pareko egin zaituzte. Zipreraino ihesi bazoaz ere, ez duzu atsedenik izango». 13 Begira Babiloniari: galdua da herria. Basapiztien menpe utzi du Asiriak; eraso-dorreak altxaturik, jauregiak desegin dizkio eta lurraldea hondakin-pila bihurtu. 14 Egizue garrasi, itsaso zabaleko ontziok, hondaturik baitago zuen babes-portua.

15 Orduan, Tiro ahaztua geldituko da hirurogeita hamar urtez, errege baten bizialdian, alegia. Urte horiek igaro ondoren, harako emagalduaren kantak dioena gertatuko zaio Tirori:

16 «Hartzazu zitara, egizu herri-jira, emagaldu ahaztu horrek! Jo dakizun ongien, kanta aspergabe, zutaz ohar daitezen!»

17 Hirurogeita hamar urteon buruan, Jaunak berriro hartuko du Tiroren ardura, eta honek bere lehengo irabazpidera joko du, eta munduko erresuma guztiekin harremanak berrituko, emagaldu gisa. 18 Baina haren merkataritzako irabaziak Jaunari sagaratuak izango dira; ez dira gordeko, ez pilatuko, baizik eta Jaunaren zerbitzarientzat izango dira, nahikoa jan eta dotore jantzi daitezen.

Jaunak lurra suntsituko

24. atala

[aldatu]

1 Horra Jaunak lurra suntsitu eta errautsi, azpikoz gain irauli eta bizilagunak sakabanatu: 2 apaiz nahiz herri xehe, nagusi nahiz morroi, etxekoandre nahiz neskame, saltzaile nahiz erosle, mailegu-emaile nahiz hartzaile, hartzekodun nahiz zordun. 3 Suntsitua ere suntsitua, hustua ere hustua izango da lurra. Halaxe iragarri du Jaunak. 4 Dolu dagi lurrak, indargabe, akiturik dago mundua, indargabe, akiturik zerua ere lurrarekin batera. 5 Lurra profanatua dute bertako bizilagunek, Jaunaren legeak hautsi baitituzte, haren arauak baztertu, haren betiko ituna urratu. 6 Horregatik, madarikazioak hartua du lurra, eta bertan bizi direnek zigorra jasan behar. Horregatik, lurreko bizilagunak galtzen ari dira; banaka batzuk besterik ez dira gelditzen.

Hiria hondatua

7 Ardo berria txepel, mahastiak zimel, bizi-poza aiene bihurtua. 8 Isildu da danbolin-soinu alaia, amaitu da festazaleen zarata-hotsa, isildu da zitara-soinu alaia. 9 Ez da gehiago kanta-kantari ardorik edaten, edaleei garratz bihurtu zaie pattarra. 10 Hiri osoa, nahaspila eta hondamen; etxe guztiak, ateak trangaturik. 11 Kalean jendea ardo faltaz uluka; betiko galdu da alaitasuna, lurraldetik alde egin du pozak. 12 Hirian ez da hondakina besterik; sarrerako atea, lurrean txikitua. 13 Olibondoak astindu eta mahatsa bildu ondoren hondar batzuk baizik gelditzen ez diren bezala, horrela gertatuko da munduko herrialde guztiekin ere.

Denek Jauna goratu

14 Bizirik geldituek oihuka ospatuko dute Jaunaren handitasuna; mendebaldetik dute goratuko, 15 ekialdetik aintzatuko, bai eta itsasertzeko herrialdeetan ere, Jauna, Israelen Jainkoa. 16 Munduaren bazter guztietatik kantu-hotsak datozkigu: «Gora Jainko zuzena!»

Inork ez Jaunari ihes

Baina nik hau diot: «Ai ene! Errukarria ni! Errukarria ni! Traidoreak beti traizioan! Traizioa traizioaren gain, etengabe!» 17 Izua eta zuloa eta zepoa zuretzat, lurraldean bizi zaren horrentzat. 18 Izu-garrasitik ihes egin dezana zuloan jausiko da; zulotik ihes egin dezana, zepoan harrapatua geldituko. Zeru goitik uholdeak eraso, lurraren oinarriek dardara. 19 Lurra lehertu egiten da eta zartatu, gogor dardaratu. 20 Mozkorrak bezala egiten du balantza, txosnak bezala ikara. Bere errebeldiaren zamapean erori da eta ezin berriro altxatu. 21 Egun hartan Jaunak zigorra emango die zeruko indarrei zeruan, lurreko erregeei lurrean. 22 Zulo batean bilduko ditu preso, eta giltzapean gordeko luzaro, epai-egunera arte. 23 Jaun ahalguztiduna Sion mendian, Jerusalemen, errege izango denean, ilargia eta eguzkia ezkutatu egingo dira lotsaz, hain azalduko baita ospetsu, bere zerbitzariez inguraturik.

Jaunari gorazarrea

25. atala

[aldatu]

1 Jauna, zu ene Jainkoa: goresten zaitut eta zure izena dut ospatzen, burutu baitituzu zeure egitasmo miragarriak, zeuk aspalditik leial finkatuak. 2 Hiria harri-pila bihurtu duzu, gotorlekua hondamendi; atzerritarren gazteluak lur jo du, eta inork ez du berriro jasoko. 3 Horregatik, ohore ematen dizu herri ahaltsuak, begirune dizu jende ankerreko hiriak. 4 Indargabearentzat babesleku izan zara, behartsuarentzat larrialdian babesleku: ekaitzean aterpe, sargorian gerizpe. Izan ere, jende ankerraren erasoa ekaitza hormaren kontra bezala da, 5 lurralde lehorrean sargoria bezala. Zuk mututu duzu atzerritarren zalaparta-hotsa; lainoaren itzalak beroa bezala, hala ito dituzu jende ankerraren oihuak.

Nazioentzat otordua

6 Sion mendian, Jaun ahalguztidunak otordu oparoa emango du nazio guztientzat, janari gozo mamitsuz, ardo zahar bikainez. 7 Mendi honetan kenduko du herri guztiak estalirik zeuzkan zapia, nazio guztiak bilduak zeuzkan oihala. 8 Behin betiko galduko du heriotza! Jainko Jaunak guztien begietako malkoak xukatuko ditu, eta mundu guztian jasaniko lotsakizuna bere herriarengandik baztertuko. Hala esan du Jaunak. 9 Egun horretan, hau esango dute: «Hona hemen gure Jainkoa! Berarengan genuen itxaropena eta salbatu egin gaitu. Jauna da! Berarengan genuen itxaropena: poztu eta alai gaitezen, salbatu egin baikaitu».

Jaunak Moab zigortuko

10 Mendi hau bere eskuz zainduko du Jaunak; Moab, ordea, bertan zapalduko, lastoa simaurtegian zapaldu ohi den bezala. 11 Han besoak luzatuko ditu Moabek, igerilariak igerian bezala; baina bere besoen ahaleginez ez du bere harrokeria azpiragotzea baizik lortuko. 12 Haren harresi sendo eta garaiak Jaunak bota eta eraitsiko ditu, lur jota eta hauts eginda utziko.

Garaipen-kanta

26. atala

[aldatu]

1 Egun hartan, kantu hau kantatuko dute Juda herrialdean: «Bai sendoa gure hiria! Dorre eta harresiak ditu babesgarri. 2 Ireki ateak, eta sar bedi herri zintzoa, Jaunarekiko leial irauten duen herria. 3 Sendo du gogoa; Jauna, bake betea ematen diozu, zuregan baitu konfiantza. 4 Izan beti konfiantza Jaunarengan, Jauna suntsiezineko harkaitza da eta. 5 Gailurrean bizi direnak eraitsi egiten ditu, hiri garaia lurreraino, hautsa jotzeraino, botatzen, 6 behartsuen oinek zapal dezaten, indargabeek hankapean erabil dezaten».

Otoitza

7 Zintzoaren bidea zuzena da: zuk egiten duzu, Jauna, zintzoaren bidea zuzen. 8 Zuk ezarritako bidetik goaz gu ere, Jauna, itxaropena zuregan dugula. Zutaz oroitzea, zu goratzea: horixe dugu irrika. 9 Ene gogoa zure egarri da gauean, ene barrenak zu bilatzen zaitu goizean. Zuk zeure nahia munduari azaltzean zure zuzentasuna zer den ikasten dute lurtarrek. 10 Gaiztoek, ordea, ez dute sekula zuzena zer den ikasiko, nahiz eta zuk erruki izan. Zintzoen lurraldean gaiztakerian ari dira eta Jaunaren handitasuna ez dute aintzat hartzen. 11 Eskua altxatua duzu, Jauna, zigortzeko, baina haiek ohartzen ez. Ikus bezate, lotsaz beterik, zeure herriarekiko duzun maitemina; zure suminak irents bitza etsaiak.

12 Jauna, bakea emango diguzu, zeuk burutzen baitituzu gure jardun guztiak. 13 Jauna, gure Jainkoa, zu ez beste jaunak izan ditugu nagusi, baina zu, zu bakarrik, nahi zaitugu aitortu. 14 Hilak daude, eta ez dira berpiztuko, haien arimak ez dira altxatuko, zuk zigortu baitituzu eta suntsitu. Haien oroitzapena ere galdu egingo da. 15 Handi egin duzu, Jauna, gure herria, handi egin duzu gure herria. Zeure ospea agertu duzu eta gure lurraldearen mugak zabaldu. 16 Jauna, larrialdian zure bila ibili gara; zure zigorra jasatean, otoitza isuri dizugu. 17 Haurra izateko zorian, minez bihurriturik, garrasi egiten duen emakumearen antzeko ginen zure aitzinean. 18 Ernari geunden eta erdiminetan, baina haizea besterik ez dugu egin: ez diogu lurraldeari salbamenik ekarri, ez munduari haurrik eman.

19 Zure hildakoak bai, berpiztuko dira, haien gorpuak altxatuko! Lurpean etzanak esnatuko dira eta pozez oihuka ekingo. Izan ere, zuk, Jauna, argia bidaltzen duzu ihintza bezala, eta lurpetik argitara ateratzen hildakoak.

Lur-itsasoei zigorra

20 Ea, ene herri, sartu etxean eta itxi ateak barrutik. Gorde zaitez alditxo batean, Jaunaren haserrea igaro arte. 21 Izan ere, Jauna bere bizilekutik atera da, lurreko bizilagunen gaiztakeria zigortzeko. Orduan, lurrak agerian jarriko du isuritako odola, ez ditu ezkutuan gordeko hilketen biktimak.

27. atala

[aldatu]

1 Egun hartan, Lebiatan, suge iheskor eta makurra, zigortuko du Jaunak bere ezpata zorrotz, handi eta bizkorraz: hil egingo du itsas herensugea.

Jauna eta bere mahastia

2 Egun hartan, Jaunak esango du: «Goratu kantuz nire mahasti zoragarria. 3 Nik neuk, Jaun honek, zaintzen dut eta sarri ureztatzen. Gau eta egun zaintzen dut, inork kalterik egin ez diezaion. 4 Ez nago jadanik harekin haserre. Sasiak eta laharrak aurkitzen badizkiot, eraso eta bat-batean erre egingo dut. 5 Baina nire babespean jarri nahi badu, egin bitza bakezkoak nirekin. Bai, egin bitza bakezkoak nirekin».

Jakoben ondorengoen erbestealdia eta barkamena

6 Etorkizunean, Jakoben ondorengoek sustraiak botako dituzte, Israel herria loratuko da eta kimuberrituko, eta mundu osoa fruituz beteko dute. 7 Jo ote ditu Jaunak israeldarrak hauen jotzaileak jo zituen bezain gogor? Hil ote ditu israeldarrak hauen hiltzaileak hil zituen bezala? 8 Zigortu ditu, bai, eta kanpora bota; mendebal-haizearen antzeko arnasaldi gogorrez eraman ditu urrutira. 9 Horrela, ezabatua izango da Jakoben herriaren errua, baldin eta beren bekatua baztertzen badute, idolo-aldare guztiak, kararria bezala, hauts egiten badituzte eta Axera jainkosaren eta eguzkiaren ohorezko harri sakraturik gehiago gelditzen ez bada. 10 Izan ere, hiri gotortua hondaturik gelditu da, baserri hustuaren pare, basamortua bezain bakar. Txekorren larre eta etzaleku bihurtu da; bertara datoz adar-kimuak jatera. 11 Zuhaitz-adarrak ihartu eta hautsi egiten dira, eta suegurretarako biltzen dituzte emakumeek. Bai, zentzugabeko herria da Israel: horregatik, bere egileak ez dio errukirik, sortzaileak ez dio gupidarik.

Erbestealditik itzuli

12 Egun hartan, israeldarrok, Eufrates ibaitik Egiptoko ibairaino, banan-banan bilduko zaituzte Jaunak, uzta-aroan galburuak bildu ohi diren bezala. 13 Egun hartan, turuta handia joko du, Asirian galduei eta Egipton sakabanatuei dei egiteko, eta Jerusalemen, mendi santuan, Jauna gurtzera etorriko dira.

Samariari oharpena

28. atala

[aldatu]

1 Zoritxarrekoa Samaria, efraimdar mozkorren koroa harroxko, haran joriaren gainean garai zauden apaindurazko lore-sorta zimel, ardozaleen hiri! 2 Horra hor Jaunak norbait bidali, ausarta eta indartsua: txingorraldiak, ekaitz hondagarriak bezala, ur handi oldartsuek bezala, eskuz lurrera bota 3 eta hankapean zapalduko du efraimdar mozkorren koroa harroxkoa. 4 Eta haran joriaren gainean garai dagoen apaindurazko lore-sorta zimelari, sasoian lehenbizi heldutako pikuarena gertatuko zaio: ikusten duenak, eskura orduko ahora.

5 Egun hartan, Jaun ahalguztiduna bera izango da, bere herrian bizirik geldituentzat, koroa eder, diadema apain. 6 Berak emango die epai-mahaikoei zuzenbide-sena eta hiriaren defendatzaileei kemena.

Profetaren isekarien aurka

7 Apaiz eta profetak ere estropezuka dabiltza ardoaren eraginez, bidetik oker pattarraren eraginez; pattarrarengatik estropezuka eta bidetik oker, ardotan itota: ikuskariak dituztenean itsumustuka eta epaia ematean zanbuluka. 8 Oka eginda, nazkagarri daude mahai guztiak, ez da inon tarterik garbi. 9 Eta hau diote nitaz: «Nor eta gu eskolatu honek? Nori eta guri irakatsi Jainkoak agertua? Haurtxo bularretik kendu berriak ote gara? 10 Hala moduz ari zaigu, hizki-mizki, xuxu-muxu». 11 Horra, bada: hizketa nahasiz, hizkuntza arrotzez, hitz egingo dio Jaunak herri honi. 12 Behinola esana baitzien: «Hona hemen lasapidea, hona hemen atsedena; nekatuak atseden har beza». Baina haiek jaramonik ez. 13 Horregatik, hizki-mizki eta xuxu-muxu ulergaitz gertatuko zaie Jaunaren hitza. Eta hala, bidean hankaz gora erori eta hezurrak hautsiko dituzte, tranpan harrapatuak geldituko dira.

Heriorekin ituna. Oinarri aukeratua

14 Entzun, beraz, Jaunaren hitza, Jerusalemgo herri honen gobernari zareten jende harroputzok. 15 Hau diozue: «Ituna egina dugu Heriorekin, tratua Hilen Egoitzarekin: ezbehar suntsigarria datorrenean, ez gaitu harrapatuko, gezurra hartu baitugu babes, maltzurkeria gordeleku».

16 Horregatik, honela dio Jainko Jaunak: «Hona nik Sionen harri aukeratua ipini, giltzarri bikain eta oinarri sendo. Hura euskarri duenak kolokarik ez. 17 Eraikuntza horretan, justizia erabiliko dut plomutzat, zuzenbidea nibeltzat».

Gezurrean zenuten babeslekua, berriz, txingorrak botako du, zuen gordelekua urak eramango. 18 Heriorekin zenuten ituna hautsi egingo da, Hilen Egoitzarekiko tratuak ez du iraungo. Ezbehar suntsigarriak jo eta zapalduko zaituzte. 19 Etorraldi bakoitzean joko zaituzte, egunero-egunero, gau eta egun. Horren berri jakite hutsak ikara gorria emango dizue. 20 Harako esaerak dioena gertatuko zaizue: «Ohea estuegi etzateko, burusiak motzegi estaltzeko». 21 Peratzim mendian bezala ekingo dio Jaunak, Gabaon haranean bezala, bere egitekoa betetzeko, bere lana burutzeko: egiteko harrigarria, ohi ez bezalako lana. 22 Ez gehiago harropuzkeriarik, beraz, kateak estuago bihur ez dakizkizuen. Izan ere, zuen lurralde osoa suntsitzeko erabakia hartua duela jakinarazi dit Jainko Jaunak.

Laborantzaren irakaspena

23 Entzun arretaz nik esana, adi egon nire hitzetara. 24 Ereiteko garaian, nekazariak beti goldaketan eta lurra urratzen eta areatzen jardun ohi ote du? 25 Ez, behin lurra berdinduz gero, anisa eta kuminoa erein ohi ditu, ondoren garia eta garagarra zuinetan, eta basartoa gero bazterretan. 26 Jainkoak erakutsita daki dena nola egin. 27 Anisa ez da, noski, eultziaz jotzen, ez eta kuminoa ere gurdia gainean jiraka erabiliz; baizik eta makilaz astindu ohi da anisa eta zigorrez kuminoa. 28 Garia bai, eultziaz zapaltzen da, baina ez etengabe jotzen; gurdia erabiltzen da gainean jiraka, baina alea txikitu gabe. 29 Hori guztia Jaun ahalguztidunak xedatua da: haren egitasmoak harrigarriak dira eta arrakasta handikoak.

Jerusalemen zoria

29. atala

[aldatu]

1 Ai Jerusalem, Jerusalem, behinola Davidek setiaturiko hiri! Oraindik urte bat edo beste, urtean urteko jai-saila osotuz, 2 eta estu hartuko dut Jerusalem: intziriak eta negar-zotinak izango dira, eta opariak erretzeko aldarea bezala jarriko dut hiria. 3 Alde guztietatik setiatuko zaitut, luebakiz inguratuko, zure kontra eraso-tresnak jasoko. 4 Lur jota geldituko zara, lurrean intzirika; hautsetan itoa geratuko da zure mintzoa; hildakoen espirituenaren antzeko izango da zure ahotsa, zurrumurruaren antzeko zure mintzoa. 5 Zure harroputz-piloa hauts xehea bezala izango da; zure indartsuen multzoa, haizeak daraman lastoa bezala.

Baina bat-batean eta ustekabean, 6 trumoi, lurrikara eta burrunbaz, zurrunbilo, ekaitz eta sugar kiskalgarriz ekingo dio Jaun ahalguztidunak. 7 Orduan, Jerusalemen aurka borrokan ari diren nazio guztiak, setiatzen duten gudu-talde eta eraso-tresna guztiak, ametsa bezala, gaueko irudipena bezala desagertuko dira. 8 Ametsetan jaten ari eta esnatzean urdaila hutsik duen gosetuaren antzeko, ametsetan edaten ari eta esnatzean eztarria lehor duen egarrituaren antzeko izango da Sion mendiari erasotzen dioten nazioen multzoa.

Herria, ulertzeko gauza ez

9 Harri zaitezte, harritu! Itsu zaitezte, itsutu! Mozkortu, baina ez ardoz! Egin balantza, baina ez edanarengatik! 10 Izan ere, Jaunak lozorroa bidali dizue, begiak itxi dizkizue profetoi, burua estali ikusleoi.

11 Goi-agerpen guztiak zigiluz itxitako idazki baten antzeko gertatzen zaizkizue: irakurtzen dakien bati idazkia eman eta «Irakurri hau» esaten diote, eta hark «Ezin dut, zigiluz itxia baitago» erantzuten; 12 edo irakurtzen ez dakien bati eman eta «Irakurri hau» esaten diote, eta hark «Ez dakit irakurtzen» erantzuten.

13 Jaunak hau esan du: Herri hau hurbiltzen zait, bai, ohore ematera, baina ezpainez bakarrik ohoratzen nau; niregandik urruti du bihotza. Ematen didaten gurtza ohitura hutsa, giza agindua besterik ez da. 14 Horregatik, harrigarriro jokatuko dut behin eta berriro herri honekiko. Horrela, bertako jakintsuen jakinduria huts aterako da eta adituen adimena bertan behera galduko.

Salbamen-itxaropena geroko

15 Zoritxarrekoak beren asmoak Jaunari ezkutatzen dizkiotenak! Ilunpetan ari dira azpilanean, esanez: «Inork ez gaitu ikusten. Inor ez da gutaz ohartzen». 16 A zer zorakeria! Buztinlaria adina ote da, bada, buztina, eginak egileari «Ez nauzu zuk egin» edota ontziak ontzigileari «Ez dakizu lanean» esateko?

17 Oso denbora gutxi barru, Libanoko basoa lorategi bihurtuko da, eta lorategia baso. 18 Egun hartan, liburuko hitzak entzungo dituzte gorrek, eta ilunperik eta itzalik gabe ikusiko itsuek. 19 Dohakabeak berriro Jaunarekin poztuko dira eta gizakirik behartsuenak Israelgo Jainko santuarekin gozatuko. 20 Izan ere, zapaltzailea hilko da, harroputza galduko, kalte egiteko erne dabiltzanak akabatuko: 21 alegia, besteak gezurrez salatzen, auzitegian defentsa eragozten eta errugabea hondamendira eramaten dutenak.

22 Horregatik, Abraham askatu zuen Jauna honela mintzo zaie Jakoben ondorengoei: Jakoben herriak ez du aurrerantzean gehiago lotsarik izango, ez zaio aurpegia gorrituko; 23 zeren, nik beraien artean egingo dudana ikustean, ni naizela Jakoben Jainko santua aitortuko dute, Israelen Jainko santu honi begirune izango diote. 24 Burugaldurik zebiltzanak adimenez jantziko dira, protestari zirenek ikasbidea onartuko dute.

Probetxu gabeko hitzarmena

30. atala

[aldatu]

1 Hau dio Jaunak: «Ai zuek, jende errebeldea! Nire oniritzirik gabe eratzen dituzue egitasmoak eta nire borondatearen aurka burutzen hitzarmenak, horrela bekatua bekatuaren gain pilatuz. 2 Egiptora jotzen duzue, niri galdetu gabe, faraoiaren babespean jartzera, Egiptoren gerizpean gordetzera. 3 Baina faraoiaren babesa lotsabide gertatuko zaizue, eta Egiptoren gerizpeko gordelekua laidogarri. 4 Zuen buruzagiak Tanis-era eta zuen mandatariak Hanes-era iristean, 5 asmo guztiak ustel aterako zaizkie probetxu gabeko herri horrekin; ez baitie ezeren laguntzarik eta probetxurik ekarriko, lotsa eta laidoa baizik».

6 Negeveko basapiztiei buruz mezua: «Lehoi orrokari, sugegorri eta dragoi hegalariz josia dagoen lurralde beldurgarri eta arriskutsuan barrena, hor daramazkiote beren aberastasun bikainak, astoen bizkarretan eta gameluen konkorretan, probetxu gabeko herriari. 7 Alferrekoa eta hutsa da Egiptoren laguntza; horregatik, izen hau jarri diot: <Geldigaitza mugiezin> ». 8 Jaunak hau agindu zidan: «Ea, beraien begi aurrean idatz ezazu hau oholtxoan eta egin zigilaturiko agiria, gerorako geldi dadin, betiko lekukotzat».

Herri errebeldea

9 «Herri errebeldea, seme engainatzaileak dira benetan, Jaunaren irakaspena ez baitute onartu nahi. 10 Hau esaten diete profetei: <Ez izan ikuskaririk, ez agertu egia, baizik eta guri atsegin zaiguna esan, amets liluragarriak agertu. 11 Alde bide zuzenetik. Ez iezaguzue aurrean jar Israelen Jainko santua> ». 12 Horregatik, hau dio Israelen Jainko santuak: «Nire hitza mesprezatu egiten duzue, eta bidegabekerian eta maltzurkerian duzue konfiantza, hauek dituzue euskarri. 13 Beraz, zeuen gaiztakeriaren ondorioz, goitik behera pitzaturiko harresi garaiari bezala gertatuko zaizue: piskanaka okertu eta, halako batean, gutxien ustean, lurrera amiltzen da. 14 Hautsi eta erabat txikitzen den buztinezko pitxerrarena bezalakoa izango da zuen hondamena: su-bazterretik ilintia nahiz putzutik ura ateratzeko adinako puskarik ez zaio gelditzen».

15 Hau dio Jainko Jaunak, Israelen Jainkoak: «Geldi eta lasai egotea da zuen salbabidea; patxada eta konfiantza, zuen indarra». Ez duzue, ordea, hala nahi izan, 16 baizik eta esan duzue: «Ez, zaldiz egingo dugu ihes». Bai horixe, beharko egin ihes! Eta zuek areago: «Gurdi bizkorrak hartuko ditugu». Zuen pertsegitzaileak bai izango direla bizkor! 17 Etsai bakar batek mehatxu egin, eta zuetako milaka ihesi. Bostek bakarrik mehatxu, eta den-denok ihesi. Azkenean, mendi-gailurrean utzitako bandera-kirtena eta tontorrean utzitako gudu-bandera bezain bakan geldituko zarete.

Jauna, barkatzeko prest

18 Hala ere, zuei barkatzeko begira, errukia agertzeko prest dago Jauna, Jainko zuzena baita. Zoriontsuak harengan itxaron dutenak! 19 Siongo herria, Jerusalemen bizi zaretenok, ez duzue negar egin beharrik izango. Laguntza eske oihu egitean, Jaunak barkatu egingo dizue eta entzun orduko erantzun. 20 Larrialdi eta atsekabe artean bizi beharko baduzue ere, irakasle duzuen Jauna ez zaizue gehiago ezkutatuko; zeuen begiz ikusiko duzue. 21 Zeuen belarriz entzungo duzue atzetik esaten: «Hona hemen bidea, hemendik ibili». Noiz jo eskuinera, noiz ezkerrera erakutsiko dizue. 22 Eta kutsatutzat joko dituzue zilarrez apainduriko jainko-irudiak eta urrez estalitako idoloak. Trapu zikinak bezala botako dituzue kanpora, esanez: «Utikan hemendik!» 23 Euria emango dizue Jaunak lurrean ereindako haziarentzat, eta gari mardul eta oparoa emango du lurrak. Egun hartan zuen abereak larre zabaletan bazkatuko dira. 24 Lurra lantzen dizueten idi eta astoek belar gozoa izango dute jateko, aska betean izango ere. 25 Hilketa handiaren egunean, etsaien dorretxeak eroriko direnean, errekak eta ur-xirripak jaitsiko dira mendi handi eta muino garai orotatik. 26 Jaunak bere herriaren zauriak lotu eta sendatuko dituenean, ilargiak eguzkiak bezala egingo du argi; eguzkiaren argia, berriz, zazpi aldiz handiagoa izango da, zazpi eguzkirena batean bezalakoa.

Jaunak Asiria zigortuko

27 Horra non datorren Jauna bera urrutitik. Garretan eta ketan dago haren haserrea, sumina dariela haren ezpainak; su kiskalgarria dirudi haren mihiak, 28 leporainoko uholde oldartsua haren arnasak. Galbahean bezala astinduko ditu nazioak, muturrekoaz bezala masailatik lotuko, hondamenera eramateko. 29 Zuek, berriz, kantuari ekingo diozue, jai arratsean bezala; bihotzean poz izango duzue, Israelen Harkaitz den Jaunaren mendira txirula-doinuz erromes doanak bezala. 30 Bere ahots bortitza entzunaraziko du Jaunak eta bere indar eraginkorra erakutsiko, haserre gorri eta sugar kiskalgarriz, ekaitz, euri-jasa eta txingor artean. 31 Beldur-ikara izango du Asiriak, Jaunaren ahotsa entzutean eta hark zigorrez jotzean. 32 Danbolin eta zitara-soinuz ospatuko duzue Jaunak leporatuko dion zigorraldi bakoitza. Gogor ere gogor erasoko dio Jaunak. 33 Asiriako erregearentzat aspalditik gertu dago erreleku sakon eta zabala, egur-pila handia. Jaunaren arnasak emango dio su, sufre-bolada baten antzera.

Egiptorengan ustea dutenen aurka

31. atala

[aldatu]

1 Zoritxarrekoak laguntza eske Egiptora doazenak! Beren zaldietan dute konfiantza, gudu-gurdi asko eta zaldun ugari dutelako dira fio. Israelen Jainko santuari, berriz, begiratu ere ez; Jaunak ez die axola. 2 Baina bera ere trebea da zoritxarra ekartzen eta ez du bere hitza jaten. Gaizkileen aurka altxatuko da, eta lagun dituztenen aurka. 3 Egiptoarrak gizaki dira, ez jainko, haien zaldiak hezur eta mami huts, ez espiritu. Luzatuko du Jaunak eskua, eta babeslea nahiz babestua biak eroriko dira, biak batera galduko.

Jaunak Jerusalem zainduko

4 Jaunak hau esan dit: «Lehoiak nahiz lehoikumeak orroa eginez erasotzen dio harrapakinari, eta ez dute beldurtzen aurka datorkion artzain-taldearen oihuek, ez eta uzkurrarazten haien zalapartak. Halaxe etorriko da Jaun ahalguztiduna Sion mendira, bere mendira, borrokara. 5 Txoriak, hegoak zabaldurik, habia zaindu ohi duen bezala, halaxe zainduko du Jerusalem Jaun ahalguztidunak; zainduko du eta askatuko, barkatu eta salbatuko». 6 Israeldarrok, itzul zaitezte Jaunarengana, oso urrutira aldendu baitzarete berarengandik. 7 Orduan, denok baztertuko dituzue zilar eta urrezko jainko-irudiak, zeuen esku bekatariz eginak. 8 Asiria ezpataz joa eroriko da, baina ez gizakiari esker; ezpatak garbituko du, baina ez giza indarrez. Ezpatak ihes eragingo die, gudaririk onenak lan behartuetarako hartuko dizkiote. 9 Erregeak ihes egingo du beldurrez, gudalburuek bandera bertan utziko, ikaraz. Hala esan du Jaunak, etsaiak zigortzeko sua Sionen eta labea Jerusalemen duenak.

Zuzenbidezko erregetza

32. atala

[aldatu]

1 Hara, zuzenbidez aginduko duen erregea izango da, eta zuzenbidez gobernatuko duten gobernariak. 2 Haietako bakoitza haizetean babes izango da, ekaitzean aterpe; lurralde lehorrean ubidea bezala, basamortuan harkaitz handi baten geriza bezala. 3 Ikusi behar dutenek begiak zabalik, entzun behar dutenek belarriak erne izango dituzte. 4 Buruarinak burutsu izaten saiatuko dira, hizmotelak bizkor eta garbi mintzatuko. 5 Zentzugabea ez da jatortzat hartuko, ez eta makurra ere prestutzat.

6 Izan ere, zentzugabeak zorakeria ahoan, eta asmo txarrak besterik ez barruan; Jaunaz arduratu gabe bizi da eta hari irainka mintzo; gose dena hutsik bidaltzen du eta egarri denari ez dio edaten ematen. 7 Maltzurra, berriz, azpijokoz ari da eta zitalkeriaz baliatzen, dohakabe eta behartsuen eskubideak gezurrez deusezteko. 8 Jatorrak, ostera, asmo jatorrak, eta egintzak ere jatorrak.

Jerusalemgo emakumeen aurka

9 Emakume arduragabeok, ea, entzun nire esana! Andre axolagabeok, aditu nire mezua! 10 Orain axolagabe bizi zarete, baina urtebete igaro eta laster dardara egingo duzue, mahats-biltzea amaituko baita eta ez da gehiago uztarik izango. 11 Izan ikara, arduragabeok! Egin dardara, axolagabeok! Erantzi, kendu soineko horiek, eta estali dolu-jantziz. 12 Jo bularra eta egin dolu: landa zoragarri eta mahasti emankorrak amaitu dira eta; 13 sasi eta laharrak haziko dira nire herriaren lurraldean; dolu egin, bai, alaitasunez beterik zeuden etxeengatik, hiri festazaleagatik. 14 Errege-jauregia utzi egingo dute, hiri jendetsua hutsik geldituko da; Ofel auzoa eta zaintzeko dorrea, betiko hondaturik, basastoen etzaleku atsegin eta artaldeen larratoki bihurtuko.

Bakea, justiziaren ondorio

15 Baina, azkenik, Jaunak bere espiritua isuriko digu goitik berriro. Basamortua baratzea bihurtuko da eta baratzea baso. 16 Eta batean zein bestean zuzenbidea eta justizia nagusi. 17 Justiziak bakea ekarriko du, patxada eta konfiantza betiko. 18 Nire herriak bakea, konfiantza eta lasaitasuna izango ditu egoitza eta bizileku, 19 nahiz eta basoa mozturik erori eta hiriak hondoa jo. 20 Zorionekoak zuek! Uraren ondoan ereingo duzue, asto eta idiak larrean libre utziko.

Jaunarengan itxaropena

33. atala

[aldatu]

1 Ai zu, inork hondatu gabeko hondatzaile hori, inork traizionatu gabeko traidore hori! Besteak hondatzeari utziko diozunean, zeu ere hondatuko zaituzte; traizionatzeari utziko diozunean, zeu ere traizionatuko zaituzte. 2 Erruki gutaz, Jauna, zuregan baitugu itxaropen! Izan gure indar egunero, gure salbamen estualdian. 3 Zure hotsa entzutean, herriak ihesi; zuk ekitean, nazioak sakabanatu. 4 Orduan, mamorro-piloa bezala pilatuko ditugu harrapakinak, matxinsaltoek bezala egingo diegu gainera jauzi. 5 Guztiz handia da Jauna! Goi-goian du bizilekua, eta zuzenbidez eta justiziaz betetzen du Sion. 6 Seguru biziko zara beti: jakinduria eta adimena, ondasun salbagarri; Jaunarenganako begirunea, zeure aberastasun.

7 Horra jerusalemdarrak kalean garrasika, bakearen mezulariek negar dagite saminki. 8 Bideak hutsik daude, inor ez baitabil; etsaiek hitzarmena hautsi dute, lekukoak mesprezatu dituzte; ez da giza errespeturik. 9 Dolutan, akiturik dago lurraldea, lotsaz eta zimel Libanoko basoa, Xaron lautada basamortu bihurtua, Baxan eta Karmel mendiak gorri.

Nork egin ihes Jaunaren epaiari?

10 Hau dio Jaunak: «Orain ekingo diot, orain altxatuko naiz, orain agertuko handi. 11 Zuen barne-asmoak belar ihar dira; hortik sorturiko egintzak, berriz, lasto. Suak bezala erreko ditu nire arnasak. 12 Herriak errauts bihurtuko dira, moztu eta sutan erretzen diren sasiak bezala. 13 Urruti nahiz hurbil bizi zaretenok, jakin ezazue nik eginaren berri eta nire ahalmena aitortu».

14 Ikara izango dute Sionen bekatariek, dardarak hartuko ditu sinesgabeak, eta esango dute: «Jaunaren epaia itzalezineko labea da: guretarik nork jasan lezake haren su kiskalgarria?» 15 Zuzen jokatzen eta egia esaten duenak, bidegabekeriazko irabazirik onartzen ez eta azpidirurik jasotzen ez duenak, hilketa-proposamenei jaramonik egiten ez eta txarkeria begi onez ikusten ez duenak. 16 Horrelakoa seguru biziko da zoritxarraren gainetik; harkaitz arteko gotorlekuan izango du babes, ogiz eta urez etengabe hornitua.

Jerusalemek distirazko etorkizuna

17 Erregea ospetsu ikusiko duzu, luze eta zabal lurraldea. 18 Lehengo beldurrak gogora ekarriz, honela esango duzu: «Non da zerga-biltzailea? Non kontrolatzen gintuena?» 19 Ez duzu ikusiko gehiago herri harroa, hizkuntza iluna, hizketa arrotz ulertezina duen herria. 20 Begira Sioni, geure jaiak ospatzen dituguneko hiriari. Ikus Jerusalem, bizitoki lasaia, egoitza finkoa, inork ziririk aterako ez dion eta sokarik etengo ez dion oihal-etxolaren pareko. 21 Hor agertuko digu Jaunak bere ospe handia. Ibai eta ubide zabaleko lurraldea izango da; baina etsaien arraun-txaluparik ez da handik igaroko, ez ontzi handirik bertan ibiliko. 22-23 Ontzien sokak lasaituak daude, ezin diote mastari eutsi, eta belarik zabaldu ezin. Orduan, harrapakinak banatuko ditugu; hain ugari banatu ere, ezen herrenak ere izango baitu partea. Izan ere, Jauna dugu epaile eta legegile. Jauna dugu errege: berak salbatuko gaitu. 24 Jerusalemen bizi den inork ez du esango: «Gaixo nago». Jainkoak barkatu egingo dizkio bekatuak bertako jendeari.

Jaunak nazioak zigortuko

34. atala

[aldatu]

1 Zatozte entzutera, nazio guztiok, adi egon, herriok! Entzun beza lurrak eta bertan bizi direnek, munduak eta munduko sorkari guztiek. 2 Haserre baitago Jauna nazioekin, sumindua haien gudarosteekin: erabat suntsitzea erabaki du, hilketara eman ditu. 3 Hildakoak bazterretan botako dituzte: haien gorpuek kiratsa botako dute, mendiak haien odolez bustiko dira. 4 Zeruko izar guztiak hauts egingo dira eta zerua erroilua bezala biribilduko; izar guztiak erori egingo dira, piku-hostoak eta mahats-hostoak zimeldu eta erortzen diren bezala.

Hilketa izugarria Edomen

5 Jaunaren ezpata egarri da zeruan: horra, Edomgo herriaren aurka, Jaunak hondamendira kondenatua duen herriaren aurka dator erasoz. 6 Jaunaren ezpata odolez betea, gantzetan bustia dago: sakrifizioetako bildots eta akerren odolez eta aharien giltzurrun-gantzez. Izan ere, sakrifizioa burutu behar du Jaunak Botzra hirian, hilketa izugarria Edom herrian. 7 Bufalo, zekor eta zezenak, batera eroriko dira denak; odoletan blai geldituko da haien lurraldea, gantzetan bustia bertako hautsa. 8 Bai, Sionen aldeko auzian erabakia du Jaunak etsaiei ordaina emateko eta haien lepotik mendekua hartzeko garaia. 9 Edomgo errekak bike bihurtuko dira eta lurra sufre. Bikeak bezala su hartuko du lurraldeak. 10 Ez da itzaliko ez gau eta ez egun, ketan egongo da etengabe. Hutsik geldituko da menderik mende, handik ez da sekula inor igaroko. 11 Hontza eta kirikinoa jabetuko dira hartaz, hontza-zuria eta belea jarriko han bizitzen. Nahas-mahas eta huts bihurtuko du Jaunak. 12 Ez da han gehiago erregerik izendatuko, handiki eta buruzagiak, denak galduko dira. 13 Laharrak aterako dira hango jauregietan, sasiak eta garduak gotorlekuetan. Basa txakurren bizileku izango da, ostruken gordeleku. 14 Han bilduko dira basakatu eta hienak, basakerrak bata bestearekin elkartuko. Gau-mamuaren egoitza eta atseden-toki izango da. 15 Han egingo du sugeak habia, han egin eta berotuko arrautzak, eta bere babespean aterako umeak. Hantxe bilduko dira saiak ere, arra emearekin elkartuz. 16 Hartu Jaunaren liburua eta irakurri: hauetako abere batek ere ez du huts egingo, arrari ez zaio lagunik faltako, Jaunak berak agindu baitu, haren espirituak elkartu ditu. 17 Bere eskuz lurraldea neurtu du eta bakoitzari bere saila izendatu. Betiko izango dira haren jabe, menderik mende biziko bertan.

Herria Jerusalemera itzuli

35. atala

[aldatu]

1 Poztu bitez basamortua eta lur elkorra, alai bedi eta loratu landa lehorra, 2 jantzi bedi lorez, irrintzi eta jauzi egin beza pozaren pozez! Libano bezain ospetsu egingo du Jainkoak, Karmel mendia eta Xaron lautada bezain eder. Denek ikusiko dute Jaunaren ospea, gure Jainkoaren ederra. 3 Sendotu beso ahulduak, bizkortu belaun makalduak. 4 Esan bihotz-eroriei: «Eutsi gogor, ez beldurtu! Horra zuen Jainkoa! Berbera dator zuek salbatzera eta merezia duten zigorra etsaiei ematera». 5 Orduan, itsuek ikusi egingo dute berriro eta gorrek entzun. 6 Oreinak bezala salto egingo du herrenak, pozaren pozez irrintzi mutuak. Basamortuan iturriak sortuko dira, landa lehorrean errekak, 7 hareatza kiskalietan aintzirak, paraje agorretan iturburuak. Basa txakurren bizilekuetan belarra, kanabera eta ihia aterako dira.

8 Eta galtzada bat izango da han; «Bide santu» deituko zaio. Kutsaturiko inor ez da handik igaroko, ez eta zentzugabeak ere handik ibiliko. Jaunak berak irekiko du bidea. 9 Ez da han lehoirik izango, ez piztia gaiztorik ibiliko, ez eta bat bakarrik ere. Bide horretatik itzuliko dira Jaunak askatuak, 10 Jaunak libre eginak; poz-oihuka etorriko dira Sionera: amaigabeko alaitasuna haien aurpegian! Zoriona eta alaitasuna izango dituzte lagun; nahigabeak eta negarra kito!

Senakeribek Juda erreinuari eraso (2 Erg == 18. atala == 13.17-37)

36. atala

[aldatu]

1 Ezekiasen erregealdiko hamalaugarren urtean, Asiriako errege Senakeribek Judako hiri-gotor guztiei eraso eta hartu egin zituen. 2 Asiriako erregeak ordezkari nagusia bidali zuen Lakixtik, gudaroste handi batekin, Jerusalemera Ezekias erregearen aurka. Goiko urtegirako ubide ondoan gelditu zen, oihal-garbitzailearen sororako bidean. 3 Hilkiasen seme Eliakim jauregizaina, Xebna idazkaria eta Asafen seme Joah, erregearen bozeramailea, atera ziren harengana. 4 Asiriar ordezkari nagusiak esan zien:
-Eramaiozue Ezekias erregeari errege handiaren, Asiriako erregearen, mezu hau: «Zer dela-eta zaude hain ziur?
5 Uste al duzu hitz hutsek gerrako planak eta ausardiak bezainbat balio dutela? Norengan duzu zeure ustea, nire kontra jaikitzeko? 6 Egiptorengan? Hara, kanabera printzatua bezala da Egipto: euskarritzat hartzen duenari eskua zulatzen dio alderik alde. Horrelakoxea da Egiptoko errege faraoia, ustea berarengan duten guztientzat. 7 <Jaunarengan, geure Jainkoarengan, dugu ustea>, erantzungo didazu. Baina ez al ditu, bada, Jainko horren muinoetako kultu-leku eta aldareak kendu Ezekiasek, Juda eta Jerusalemgo jendeari Jauna Jerusalemgo aldarean bakarrik gurtzeko aginduz? 8 Ea, bada, egiozu desafio nire jaunari, Asiriako erregeari: bi mila zaldi emango dizkizut, beste hainbeste zaldun aurkitzeko gauza bazara. 9 Ezin diozu-eta atzera eragin nire ofizialik txikienetariko bati ere! Egiptok gudu-gurdiak eta zaldiak emango dizkizulakoan al zaude? 10 Gainera, uste al duzu Jaunaren baimenik gabe etorri naizela lurralde honi eraso egin eta hondatzera? Jaunak berak esan dit lurralde honi eraso eta hondatzeko!» 11 Orduan, Eliakimek, Xebnak eta Joahek hau erantzun zioten asiriar ordezkari nagusiari:
-Mesedez, hitz egiguzu arameeraz, ulertzen baitugu. Ez mintzatu hebreeraz, harresi gainean dagoen jendea entzuten ari da eta.
12 Ordezkari nagusiak ihardetsi zuen:
-Zer uste duzu? Mezu hau zure erregeari eta zuri bakarrik esatera bidali nauela neure jaunak? Harresi gainean dagoen jende horrentzat ere bada, horiek ere beren kaka jan eta pixa edan beharko baitute, zuek bezalaxe.
13 Orduan, ordezkari nagusiak, zutiturik, deiadarka esan zuen hebreeraz mintzatuz:
-Entzun ezazue errege handiaren, Asiriako erregearen, mezua:
14 «Ez zaitzatela engaina Ezekiasek, ezin izango baitzaituzte libratu. 15 Ez diezazuela Ezekiasek ustea Jaunarengan jarrarazi, Jaunak libratuko zaituztelakoan eta hiri hau Asiriako erregearen menpean eroriko ez delakoan». 16 Ez aditu Ezekiasi; entzun Asiriako erregeak dioena: «Egin bakezkoak nirekin eta jar zaitezte nire menpe. Horrela nork bere mahatsondoaren eta pikuondoaren fruituak jan ahal izanen ditu eta bere putzuko ura edan. 17 Eta gero, zuena bezalako beste lurralde batera, garia eta ardoa, ogia eta mahastiak dituen lurraldera, eramango zaituztet. 18 Ez zaitzatela Ezekiasek engaina, Jaunak libratuko zaituztela esanez. Beste herrietako jainkoek libratu ote dituzte beren lurraldeak Asiriako erregearen eskutik? 19 Zer egin dute Hamat eta Arpadeko jainkoek? Zer Sefarbaimgo jainkoek? Libratu al dute Samaria nire eskutik? 20 Inongo jainkok ez du libratu bere lurraldea nire eskutik, eta Jaunak libratuko al du, bada, Jerusalem nire menpean erortzetik?» 21 Haiek isilik gelditu ziren; ez zioten hitzik ere erantzun, erregeak agindua baitzien ez erantzuteko. 22 Hilkiasen seme Heliakim jauregizainak, Xebna idazkariak eta Asafen seme Joah bozeramaileak, jantziak urraturik, Ezekiasengana joan eta ordezkari nagusiak esana adierazi zioten.

Ezekiasek Isaias profetari galde (2 Erg == 19. atala == 1-7)

37. atala

[aldatu]

1 Ezekias erregeak ere, hori entzutean, jantziak urratu zituen eta, doluz jantzirik, Jaunaren etxera jo zuen. 2 Eta Amotzen seme Isaias profetagana bidali zituen Eliakim jauregizaina, Xebna idazkaria eta apaizik zaharrenak, doluz jantzirik, 3 esatera: «Hau dio Ezekiasek: Larritasun-, zigor- eta lotsa-eguna dugu gaurkoa. Haurra izateko zorian eta egiteko indarrik gabe dagoen emakumearen antzeko gara. 4 Jainko bizia laidotzera bidali du Asiriako erregeak bere ordezkari nagusia. Entzungo al zituen Jaunak, zure Jainkoak, hark esan dituen irainak, eta zigortuko al du, entzun behar izan dituen irain guztiengatik! Eta zuk egizu otoitz oraindik bizirik dirautenen alde». 5 Hala, joan ziren Ezekias erregearen funtzionarioak Isaiasengana. 6 Isaiasek erantzun zien: «Emaiozue zeuen nagusiari Jaunaren mezu hau: <Ez beldurtu entzun dituzun hitzengatik; ni iraintzeko esan dituzte halakoak Asiriako erregearen ofizial horiek. 7 Hara, zurrumurruren bat helaraziko diot eta, orduan, bere lurraldera itzuliko da. Han hil egingo dute ezpataz> ».

Senakeribek berriro mehatxatu (2 Erg == 19. atala == 8-13)

8 Ordezkari nagusiak, itzultzean, jakin zuen Asiriako erregea Lakixtik joana zela Libna hiriari erasotzera; eta han aurkitu zuen. 9 Handik, Etiopiako errege Tirhaka borrokatzeko asmoz zetorkiola jakin zuelarik, Senakeribek mezulariak bidali zizkion berriro Ezekiasi, 10 Judako erregeari, esatera: «Ustea berarengan duzun arren, ez zaitzala engaina zeure Jainko horrek, Jerusalem nire eskuetan ez dela eroriko esaten badizu ere. 11 Zeuk entzun duzu zer egin dieten Asiriako erregeek herrialde guztiei: erabat hondatu. Eta zu libratuko zarelakoan al zaude? 12 Nire aurreko erregeek Gozan, Harran eta Retzef eta Telasarren bizi ziren edendarrak hondatu zituztenean, libratu al zituzten beren jainkoek? 13 Non dira Hamateko, Arpadeko, Lairreko, Sefarbaimgo, Henako eta Ibako erregeak?»

Ezekiasen otoitza (2 Erg == 19. atala == 14-19)

14 Hartu zuen Ezekiasek gutuna mandatarien eskutik eta, irakurri ondoren, Jaunaren etxera joan zen eta, gutuna Jaunaren aurrean zabaldurik, 15 honela egin zion otoitz: 16 «Jaun ahalguztiduna, Israelen Jainkoa, hegadun izakien arteko tronuan eseria zauden hori, zu zara munduko erreinu guztien Jainko bakarra. Zuk eginak dira zeru-lurrak. 17 Itzul belarria niregana, Jauna, eta entzun. Zabal begiak, Jauna, eta ikusi. Entzun nolako irainak zuzendu dizkizun Senakeribek zuri, Jainko bizi horri. 18 Egia da, bai, Jauna, Asiriako erregeek birrindu egin dituztela herriak eta berauen lurraldeak, 19 eta suari eman dizkiotela berauen jainkoak; ez baitziren jainko, zurezko nahiz harrizko irudi hutsak baizik, giza eskuek eginak. Horregatik xehetu ahal izan dituzte. 20 Zuk, ordea, Jauna, gure Jainko horrek, salba gaitzazu Senakeriben eskuetatik. Horrela, lurreko erreinu guztiek jakingo dute, Jauna, zu bakarrik zarela Jainko».

Isaiasek Ezekiasi Jaunaren erantzuna adierazi (2 Erg == 19. atala == 20-34)

21 Amotzen seme Isaiasek honako mezu hau bidali zion Ezekiasi: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Aditu dut Asiriako errege Senakerib dela-eta egin didazun otoitza. 22 Hona hemen zer diodan haren aurka:

«Mesprezio eta barre degizu, Senakerib, Sion neska gazte ederrak; buruaz keinuka ari zaizu atzetik Jerusalem hiri ederra. 23 Nori egin diozu irain eta iseka? Noren aurka jaso duzu ahotsa eta altxatu begiak harro? Nire aurka, Israelgo Jainko santuaren aurka! 24 Ni, Jaun hau, iraindu nauzu zeure mezularien bidez. Zera esan duzu: <Neure gudu-gurdi ugariei esker mendi-gailurretara igo naiz, Libanoko tontor hurbilgaitzetara. Hango zedrorik tantaienak eta zipresik bikainenak bota ditut. Tontorrik garaienetara eta basarterik itxienetara heldu naiz. 25 Atzerrietan putzuak zulatu ditut eta bertako ura edan; hankapean zapalduz lehortu egin ditut Egiptoko ubide guztiak>. 26 Baina ez al dakizu, Senakerib, aspalditik neuk prestatua nuela, antzinatik neuk erabakia orain burutzen ari naizen hau? Horregatik bihurtu dituzu hiri-gotorrak zabor-pila. 27 Haietako bizilagunak indarrik gabe, ikaraturik eta burumakur utzi dituzu, larre-belarra bailiran, hazi baino lehen ihartua. 28 Badakit zure egintzen eta nondik norako guztien berri; badakit noiz zauden amorru bizitan nire kontra. 29 Nire kontra amorruz zaudelako eta zure harrokeria nireganaino iritsi delako, sudurrekoa eta ahokoa ezarriko dizkizut, etorri zaren bidetik itzularazteko».

30 Ondoren, hau esan zion Isaiasek Ezekiasi: «Hauxe izanen duzu ezaugarri: aurten, alorrean utzitako hazitik sortua jango duzu; datorren urtean, bere kasa erneko dena; baina hurrengo urtean erein ahal izango duzue eta uzta bildu, mahatsondoak landatu eta mahatsa jan. 31 Judako erreinuan bizirik geldituak, lurrean sustraiak botatzen eta adarretan fruituak ematen dituzten zuhaitz izango dira berriro. 32 Izan ere, bakar batzuk bizirik geldituko dira Jerusalemen, onik aterako Sion mendian. Jaun ahalguztidunaren maitemin sutsuak egingo du hori!

33 «Hau dio Jaunak Asiriako erregeari buruz: <Ez da hiri honetan sartuko, ez dio gezirik jaurtikiko, ez ezkutuen babespean erasoko, ez hiria hartzeko betelanik egingo. 34 Etorri den bidetik itzuliko da; ez da sartuko hiri honetan. Hala diot nik, Jaunak. 35 Neuk gerizatuko dut eta salbatuko hiri hau, naizena naizenagatik eta neure zerbitzari Davidengatik»>.

Asiriarrak ihesi (2 Erg == 19. atala == 35-37)


36 Gau hartan bertan, Jaunaren aingeruak ehun eta laurogeita bost mila gizon jo eta hil zituen asiriarren kanpalekuan; denak hilda aurkitu zituzten biharamun goizean, jaiki zirenean. 37 Asiriako errege Senakerib, orduan, gudu-etxolak jaso eta Ninivera itzuli zen eta bertan gelditu. 38 Egun batez, bere jainko Nisrok-en jauretxean ahozpeztua zegoelarik, Adramelek eta Saretzer bere semeek ezpataz jo eta hil egin zuten; gero, Ararat inguruko lurraldera egin zuten ihes hiltzaileek. Beste seme bat, Asarhadon, izan zen hurrengo errege.

Ezekiasen gaixoaldia eta sendakuntza (2 Erg == 20. atala == 1-11)

38. atala

[aldatu]

1 Egun batez, larriki gaixotu zen Ezekias. Amotzen seme Isaias profetak berarengana joan eta esan zion:
-Hau dio Jaunak: «Konpondu etxeko arazoak, hil egingo zara eta. Ez zara luzaro biziko».
2 Ezekiasek aurpegia paretari eman eta honela egin zion otoitz Jaunari: 3 «Arren, Jauna! Oroit zaitez leial eta zintzo jokatu izan dudala beti zurekin, atsegin zaizuna eginez». Eta negarrari eman zion saminki. 4 Orduan, Jaunak Isaiasi agindu zion 5 Ezekiasengana itzultzeko, honako hau esatera: «Hona zer dioen Jaunak, zure arbaso Daviden Jainkoak: Aditu dut zure eskaria eta ikusi ditut zure malkoak; beste hamabost urtez luzatuko dizut bizia. 6 Libratuko zaituztet zu eta Jerusalem Asiriako erregearen eskuetatik eta babestuko dut hiri hau». 21 Orduan, Ezekiasi pikuz eginiko enplastoa ekartzeko agindu zuen Isaiasek eta zauriaren gainean ezartzeko, senda zedin. 22 Ezekiasek galdetu zion Isaiasi:
-Zer izango dut berriz ere Jaunaren tenplura joango naizenaren ezaugarri?
7 Isaiasek erantzun:
-Hona hemen Jaunak emango dizun ezaugarria, agindutakoa beteko duela adierazteko:
8 Akazen mailadian, jaitsiak dituen hamar mailak igoaraziko dizkiot eguzkiaren itzalari. Eta eguzkiaren itzalak ordurako jaitsiak zituen hamar mailak igo egin zituen.

Ezekiasen gorespen-kanta

9 Judako errege Ezekiasek, bere gaitzetik sendatu zenean, gorespen-kanta hau egin zuen:

10 «Hau pentsatu nuen: Bizitzako sasoirik onenean joan behar; Hilen Egoitzara naramate, gainerako bizi-urteak kentzen dizkidate. 11 Hau pentsatu nuen: Ez dut gehiago Jauna ikusiko bizidunen lurrean, ez eta gizakirik mundu honetako bizilagunen artean. 12 Bizia kentzen didate eta urruti eramaten, artzainaren oihal-etxola bezala. Ehotzen amaitu ondoren, ehuleak mozten duen ehunaren antzeko da nire bizia. Gau eta egun hilzorian naukazu. 13 Goizerarte negar-zotinka ari naiz, lehoiak bezala hausten baitizkidazu hezurrak. Gau eta egun hilzorian naukazu. 14 Enara txioka bezala ari naiz intzirika, usoa urrumaka bezala. Ahulduak ditut begiak zerura begira. Estu naiz, Jauna! Egizu zerbait nire alde! 15 Baina zer esango diot, zer, berak egin baitu hau guztia? Ezinez ibili behar bizialdi osoan, barruko saminaren saminez. 16 Jaunak gordetzen dituenak biziko dira, eta ni ere haiekin biziko naiz.

«Sendatu egin nauzu, bizia berritu didazu! 17 Hara, samina bake bihurtu zait. Nire bizia hondamen-leizean erortzetik gorde duzu, bizkarra eman baitiezu nire bekatu guztiei. 18 Hilen Egoitzan ez dago zu goresterik, hildakoek ezin zaituzte zu laudatu, hilobiratuek ezin zure leialtasunean itxaron. 19 Biziek, biziek bakarrik, zaituzte goresten, orain nik goresten zaitudan bezala. Gurasoek haurrei ematen diete zure leialtasunaren berri. 20 Salbatu egin nauzu, Jauna! Soinua joko dugu eta kantu egin Jaunaren etxean, bizi garen artean».

Ezekiasek babiloniar mandatariak hartu (2 Erg == 20. atala == 12-19)


39. atala

[aldatu]

1 Aldi hartan, Baladanen seme Merodak-Baladan Babiloniako erregeak, Ezekias gaixorik egona zela jakin zuelarik, gutuna eta erregaloak bidali zizkion. 2 Ezekiasek ongi hartu zituen mandatariak eta bere gordailu guztiak, hango zilar, urre, lurrin eta usain-gozoko olioak, erakutsi zizkien, bai eta bere armategia eta bere altxortegian zituen ondasun guztiak ere. Ez zien deus ere erakutsi gabe utzi, ez bere jauregian, ez erresuma osoan. 3 Orduan, Isaias profetak, Ezekiasengana joan eta galdetu zion:
-Zer esan dizute gizon horiek? Nondik etorri zaizkizu? Ezekiasek erantzun:
-Urrutitik etorri dira, Babiloniatik.
4 Isaiasek, berriro:
-Zer ikusi dute zure jauregian? Eta Ezekiasek erantzun:
-Etxean daukadan guztia ikusi dute. Ez diet neure altxortegiko deus ere erakutsi gabe utzi.
5 Isaiasek, orduan, Ezekiasi:
-Entzun Jaun ahalguztidunak dioena:
6 «Egunen batean
-eta badator egun hori
-, etxean daukazun guztia, zure aurrekoek gaurdaino bildu duten guztia, Babiloniara eramango dute. Ez da ezer ere geldituko
-dio Jaunak
-.
7 Zuregandik jaio diren, zeuk sortu dituzun seme-alabetariko batzuk ere eraman egingo dituzte, Babiloniako erregearen jauregian zerbitzari izateko». 8

40. atala

[aldatu]

1 Hau dio zuen Jainkoak: «Kontsola ezazue, kontsolatu nire herria! 2 Mintza bihotzera Jerusalemi; hots egiozue burutu duela bere morrontza, ordaindu bere erruen zorra, gogor ordainarazi baitizkio Jaunak bere bekatuak». 3 Ahots bat oihuka: «Prestatu basamortuan bidea Jaunari, berdindu eremuan galtzada gure Jainkoari. 4 Bete daitezela sakanak, beheratu mendi-muinoak; bihur bitez zelai eta lautada paraje latz eta malkarrak. 5 Orduan, Jaunak bere ospea agertuko du eta gizaki guztiek batera ikusiko dute. Jaunak berak esan du».

6 Ahots batek dio: «Hots egin!» Eta nik: «Zer behar dut hots egin?» «Gizaki oro belarraren pareko da, landako lorea bezain sendo: 7 ihartzen da belarra, zimeltzen lorea, Jaunak haizeari joaraztean. Bai, belarraren pareko da gizateria: 8 ihartzen da belarra, zimeltzen lorea; gure Jainkoaren hitzak, ordea, betiko dirau».

9 Igo mendi garai batera, Sion, albiste pozgarria hots egitera; goratu indarrez ahotsa, Jerusalem, goratu beldurgabe ahotsa, esan Judako hiriei: «Hemen da zuen Jainkoa! 10 Hara, ahalmen osoz dator Jainko Jauna, bere nagusigoa indartsu ezarriz. Hara, berekin dakar garaipen-agiria, berak askaturiko herria. 11 Artzainak bezala zaintzen du artaldea: arkumea besoan hartu eta altzoan eramaten du, ama-berria arduraz gidatzen».

Israelen Jainkoa paregabe handi

12 Nork neurtu du itsasoa esku beteka, edo zeruen zabala arra beteka, edo lurreko hautsa lakarika? Nork pisatu mendi-muinoak balantzan? 13 Nork neurtu du Jaunaren espiritua? Nor izan da haren aholkulari? 14 Nork eman dio kontseilu eta argibide, nork irakatsi jokabide zuzena? Nork irakatsi jakintza eta eginbide burutsua? 15 Nazioak, harentzat, suilean ur-tanta dira, balantza gainean hautsa baino ez; itsas herriak, hondar-alea bezain astun. 16 Libanok ez du aski abere harentzat oparitan erretzeko, ez eta egurrik aski ere sutarako. 17 Haren aurrean, nazio guztiak ezer ez, hutsaren hurrengo dira harentzat.

18 Norekin konparatuko duzue Jainkoa, zein irudiz emango aditzera? 19 Artisauak urtzen du idoloa, zilarginak estaltzen urrez eta apaintzen zilarrezko katez. 20 Horretarako ahalbiderik ez duenak zur ustelkaitza aukeratzen du eta artisau treberen bat bilatzen, zartatuko ez den irudia molda diezaion.

21 Ez al dakizue? Ez al duzue inoiz entzun? Ez al dizuete hasieratik horren berri eman? Ez al duzue ulertu nork eraiki zuen mundua? 22 Lurraren gaineko sabaian du Jainkoak tronua eta handik lurtarrek matxinsaltoak dirudite; oihala bezala hedatu du zerua, oihal-etxola bezala zabaldu, bizitzeko. 23 Handikiak ezereztu egiten ditu, munduko gobernariak hutsaren pareko bihurtzen. 24 Oraindik lurrean sendo sustraitu gabeko landareen, erein edo landatu berrien antzeko dira: Jainkoak haize eman eta ihartu egiten dira; haize erauntsiak eramaten lastoa bezala.

25 Jainko santuak galdetzen dizue: «Norekin konparatuko nauzue, norekin berdinduko?» 26 Jaso begiak gorantz eta ikus: Nork egin zuen hori guztia? Banan-banan aterarazten ditu zeruko astroak, bakoitzari bere izenaz deitzen dio; hain baita ahaltsu, hain biziki indartsu, batek ere ez dio haren deiari huts egiten.

27 Zergatik, Israel, Jakoben herri hori, zergatik ari zara esaten: «Jauna ez da nire zoriaz arduratzen, nire eskubideek ez diote axola?» 28 Ez al dakizu? Ez al duzu inoiz entzun? Jauna betiereko Jainkoa da, lurbira osoa egin duena: ez da nekatzen, ez akitzen; ulermenaz gaindikoa haren adimena. 29 Nekatuari indarrak berritzen dizkio, ezinduari ahalmena bihurtzen. 30 Gazteak ere nekatzen dira eta akitzen, sasoitsuenak ere ahuldu eta erortzen, 31 baina Jaunarengan itxaron dutenek indarrak berritzen dituzte: arrano-hegoak hazten zaizkie, lasterka egin eta ez dira nekatzen, ibili eta ez akitzen.

Egiazko Jainkoa eta idoloak

41. atala

[aldatu]

1 «Entzun niri isilik, urrutiko herriok; jantzi adorez, naziook. Etorri hitz egitera, bil gaitezen elkarrekin auzitara. 2 Nork sortarazi du ekialdean edonon garaile ateratzen den hori? Nork eskuratzen dizkio nazioak eta menpean jartzen erregeak? Hauts egiten ditu bere ezpataz, haizeak daraman lasto bihurtzen bere uztaiaz. 3 Pertsegitu egiten ditu eta aurrera doa seguru, bere oinez lurrik ia ukitu gabe. 4 Nork egin eta burutu du hori guztia? Ni, Jauna, neu naiz lehena, hasieratik gizaldiak mundura ekartzen dituena, eta azkenengoak iristean ere ni betiko berbera. 5 Ikusi eta beldur dira urrutiko herriak, ikaraz lurraren azken bazterrak; hurbiltzen ari dira, hor datoz».

6 Elkarri laguntzen diote idologileek eta adore-hitzak esaten elkarri. 7 Artisauak zilarginari ematen dio adore, mailukari leuntzaileak ingude-jotzaileari, esanez: «Ederra soldaketa!» Eta gero iltzez gogortzen dute irudia, ez dadin zartatu.

Jaunak Israel bere zerbitzaria sendotu

8 «Zu, Israel, nire zerbitzaria; zu, Jakob, nik aukeraturiko herria, nire adiskide Abrahamen ondorengoa. 9 Lurraren azken bazterretatik hartu zintudan, urrutieneko zokoetatik deitu eta esan: <Zu nire zerbitzaria>. Baztertu ez, baino aukeratu egin zaitut. 10 Ez izan beldur, zeurekin bainauzu; ez larritu, zure Jainkoa bainaiz. Neure laguntzaz ahaltsu egiten zaitut, neure esku garaileaz eusten dizut. 11 Lotsaz eta laidoz geldituko dira zure aurka lehiatzen direnak; ezerezean galduko dira, zure kontra liskarrean ari direnak. 12 Bilatu eta inon ez dituzu aurkituko borroka egiten zizutenak; ezerez eta huts bihurtuko dira gerra egiten zizutenak. 13 Nik, Jaunak, zeure Jainkoak, eskutik heltzen baitizut eta esaten: <Ez beldurtu, neuk laguntzen dizut!> »

14 Hau dio Jaunak: «Ez izan beldur, Israel, Jakoben herri, hartxo bat bezain ezerez eta ahul zaren hori! Neuk laguntzen dizut; ni, Israelen Jainko santua, nauzu askatzaile. 15 Eultziaren antzeko bihurtzen zaitut, hortz zorrotzeko eultzi berriaren antzeko; mendiak xehatu eta hauts egingo dituzu, muinoak lasto bihurtuko. 16 Zuk astindu eta haizeak eramango ditu, haize erauntsiak barreiatuko. Zu, berriz, pozik izango zara Jaunaz, harro Israelen Jainko santuaz.

17 «Dohakabe eta behartsuak ur bila dabiltza, baina alferrik; lehor dute mihia egarriz. Nik, Jaunak, erantzungo diot haien premiari, nik, Israelen Jainkoak, ez ditut bazterrera utziko. 18 Mendi-kasko soiletan errekak sortuko ditut, ibarretan iturriak; basamortua aintzira bihurtuko dut, lur lehorrean iturburuak sortaraziko. 19 Zedro, arkazi, mirto eta olibondoak landatuko ditut basamortuan; zipres, zumar eta izeiak eremuan. 20 Horrela ikusiko dute denek eta jakingo, ohartuko dira eta behingoz ulertuko nik, Jaunak, egin dudala hori guztia, nik, Israelen Jainko santuak, dudala sortu».

Jauna idoloekin auzitan

21 Hau dio Jaunak, Jakoben herriaren erregeak: «Aurkeztu zeuen auzia, idolook, ekarri frogak. 22 Zatozte eta iragarri gero gertatzekoa. Esan guri zeuen lehengo iragarpenak eta arretaz entzungo dugu; adierazi etortzekoak, betetzen diren ikus dezagun. 23 Iragarri geroko gertakizunak eta aitortuko dugu jainko zaretela. Eman zoriona edo zoritxarra, ohar gaitezen eta zuen beldur izan. 24 Baina, hara: zuek ez zarete ezer, zuen egintzak hutsaren hurrengo. Mesprezagarria, zuek jainkotzat aukeratzen zaituztena.

25 «Gizon bat sortarazi dut ekialdean, bere izenaz egin diot dei; iparraldetik etorri da. Lokatza bezala zapalduko ditu gobernariak, eltzegileak buztina zapaltzen duen bezala. 26 Nork iragarri zuen hau hasieratik, nork aurrez adierazi, jakin genezan eta egia zela aitortu? Ez, ez zuen inork iragarri, ez zuen inork adierazi, ez zizuen inork ezer entzun. 27 Nik jakinarazi diot lehendabizi Sioni, nik bidali albistari pozgarria Jerusalemi. 28 Idoloei begiratu diet: ez zen inor, inortxo ere ez kontseilu emateko, nire galderei erantzuteko. 29 Idolo guztiak ez dira ezer, horien egintzak hutsaren hurrengo, irudiak haizea bezain hutsal».

Jaunaren zerbitzaria (Lehen kantika)

42. atala

[aldatu]

1 Jaunak dio: «Hona hemen nire zerbitzaria, nik eusten diodana, nik hautatua, atsegin dudana. Beronen gain ezarri dut neure espiritua: nazioei justizia ekarriko die. 2 Ez du oihu egingo, ez ahotsa goratuko, ez kaleetan bere mintzoa entzunaraziko. 3 Kanabera printzatua ez du hautsiko, ahulduriko argi-metxa ez du itzaliko. Justizia ekarriko du leialki. 4 Ez du adorea galduko, ez etsiko, lurrean justizia ezarri arte. Haren legearen zain egongo dira urrutiko herriak».

5 Hau diotso bere zerbitzariari Jainko Jaunak, zeruzabalak egin zituenak, lurra finkatu eta landaretza sortu zuenak, gizakiei eta lurrean mugitzen diren guztiei bizi-arnasa eman zienak: 6 «Nik, Jaun honek, salbamen-ekintzarako dei egin dizut eta eskutik heldu; nik eratu zaitut eta egiteko hau ezarri: herriarentzat nire ituna berritu eta nazioei argi egitea, 7 itsuen begiak zabaldu eta presoak espetxetik ateratzea, ilunpetan bizi direnak kartzelatik. 8 Ni naiz Jauna, horixe dut izena: ez diot neure ospea inori utziko, ez niri zor zaidan gorespena idoloei emango. 9 Begira, bete dira lehen iragarri nituenak; orain gauza berriak iragartzen ditut, gertatu baino lehen adierazten dizkizuet».

Gorespen-kanta

10 Kanta Jaunari kantu berria, goretsazue lurraren azken bazterretan ere; goretsazue, itsas gizon eta piztia guztiok, goretsi urrutiko bizilagunok. 11 Poz bitez basamortua eta bertako kanpalekuak, Kedar leinuaren bizilekuak. Sela hiriko bizilagunek egin bezate poz-oihu, mendi-gailurretan irrintzi. 12 Eman ohore Jaunari, iragarri urrutiko herrietan goresgarri dela. 13 Heroi baten antzera atera da Jauna, borrokarako gartsu, gerlari baten antzera, gudu-irrintzi zolia eginez, etsaiei bulartsu aurre emanez.

Salbamen-asmo berriak

14 Jaunak dio: «Luzaro egon naiz geldi, ezer esan eta egin gabe; baina orain garrasika ari naiz, intzirika eta aienez, emakumea erdiminetan bezala. 15 Mendi eta muinoak lehortuko ditut, belar guztia ihartuko, ibaiak lur lehor bihurtu eta putzuak agortuko. 16 Ezagutzen ez duten bidetik eramango ditut itsuak, ibilbide ezezagunetan barrena. Ilunpea argi bihurtuko diet, paraje malkarrak bide lau. Horra zer egiteko asmotan naizen, eta ez dut etsiko. 17 Atzera egingo dute, lotsaren lotsaz, idoloetan uste on dutenek, irudiei <Zuek zaituztegu jainko> esaten dietenek».

Herria gor eta itsu

18 Jaunak dio: «Entzun, gorrok; begira eta ikus, itsuok. 19 Ba al da inor nire zerbitzaria bezain itsu eta nik bidalitako mezularia bezain gor? Inor ez nik aukeratua bezain itsu, Jaunaren zerbitzaria bezain gor! 20 Gauza asko ikusi ditu, baina gogoan hartu ez; zabalik ditu belarriak, baina ezer entzuten ez. 21 Jaunak, bere salbamen-asmoari leial, handi eta eder egin nahi izan du bere legea; 22 baina herri larrutu eta bipildua da, denak presondegian sartu eta kartzelan loturik daude; larrutu egin dituzte, eta inork askatzen ez; bipildu, eta inork ez haien egoera aldatzeko ardurarik».

23 Zuetariko nork egingo dio jaramon honi guztiari? Nork entzungo du arretaz hemendik aurrera? 24 Nork jarri du Israel, Jakoben herria, larrutu eta bipildu dutenen esku? Ez ote Jaunak berak? Beraren kontra egin baitute bekatu, ez dute nahi izan haren bidetik ibili, ez haren legea onartu. 25 Horregatik, gainera isuri zien bere haserre-sumina, gudu latza jasanaraziz: haren sugarrak inguratu zituen, oso-osorik kiskali; baina haiek ez zuten ezer jakin nahi izan, ez eta arretarik jarri ere.

Jaunak askapena iragarri herriari

43. atala

[aldatu]

1 Baina orain, Israel, Jakoben herri, honela mintzo zaizu Jauna, sortu eta eratu zaituena: «Ez izan beldur, askatu egin baitzaitut eta zeure izenaz deitu: nirea zara zu. 2 Ibaiak pasatzean, zurekin izango naiz: urek ez zaituzte hondoratuko; sutatik igarotzean, ez zara erreko, ez zaitu sugarrak kiskaliko. 3 Neu bainaiz Jauna, zure Jainkoa, Israelen Jainko santua da zure salbatzailea. Egipto eman dut zure askapen-sari, Etiopia eta Seba zure ordainetan, 4 hain preziatua baitzara niretzat: biziki estimatzen eta maite zaitudalako, gizakiak ematen ditut zure truke, herriak zure biziaren ordain. 5 Ez izan beldur, zurekin bainago. Ekialdetik eta mendebaldetik bildu eta ekarriko ditut zure herritarrak. 6 Iparraldeari esango diot: <Itzul itzazu>, eta hegoaldeari: <Ez eduki hor>. Itzul itzazue lurraren urrutieneko bazterretatik nire seme-alabak, 7 nire izena daramaten guztiak, neuk sortu eta eratu nituenak, neure aintzarako egin nituenak. 8 Utzi etortzen nire herriari, begiak eduki arren itsu eta belarriak eduki arren gor dagoenari.

Jaunak bakarrik salbamena iragarri eta burutu

9 «Bil bitez nazio guztiak, elkar bitez herriak: horietako zeinek iragarri zuen hau guztia edo lehengo gertakizunak jakinarazi? Aurkez bitzate lekukoak, beren buruak zuri ditzaten, entzun diezaiegun eta aitortu egia zela. 10 Honela diot nik, Jaun honek: Zuek zarete nire lekuko, israeldarrok, zuek nire zerbitzari; nik aukeratu zaituztet, ni ezagutu, niregan sinetsi eta ni beti berbera naizela uler dezazuen. Nire aurretik ez da jainkorik izan, ez eta izango ere nire ondoren. 11 Neu naiz Jauna, neu; ez da ni beste salbatzailerik. 12 Nik iragarri dut eta aurrez adierazi, nik salbatu zaituztet, eta ez zen zuen artean jainko arrotzik. Zuek nire lekuko eta ni zuen Jainko, 13 aurrerantzean ere beti berbera. Ezin dit inork eskutik ezer kendu. Nik egina nork desegin?»

14 Hau dio Jaunak, zuen askatzaileak, Israelen Jainko santuak: «Zuen onerako, gudarostea bidaliko dut Babiloniara eta denak ihesi aterako dira, ihesi babiloniarrak, beren ontzietan babesturik. 15 Neu naiz Jauna, zuen Jainko santua, Israelen egilea, zuen erregea». 16 Hau dio Jaunak: «Nik ireki nuen bidea itsasoan, ur oldartsuetan zehar; 17 gurdi eta zaldizko gudaroste ahaltsua aterarazi nuen gudura: bat-batean lur jo zuten, eta berriz jaiki ez; kandela-metxa bezala itzali ziren eta galdu. 18 Baina orain ez oroitu antzinakoez, ez gogoratu lehenago gertatuez. 19 Hara, zerbait berria egitera noa: hasia da sortzen, ez al diozue antzematen? Bidea irekiko dut basamortuan, ibaiak sortaraziko landa lehorrean. 20 Basapiztiek, txakal eta ostrukek, ohore emango didate, basamortuan ura emango baitut eta landa lehorrean ibaiak sortaraziko, nire herriari, neure aukeratuari, edaten emateko. 21 Eta neuretzat eratu dudan herriak nire goralpena iragarriko du.

Jaunak herria salatu

22 «Zuk, Israel, Jakoben herri horrek, ez didazu dei egin, nitaz asperturik. 23 Ez didazu erre-oparitzat ardirik eskaini, ez nauzu sakrifizioez ohoratu. Nik ez zaitut opariak eskaintzera behartu, ez eta intsentsu eske aspertu ere. 24 Ez duzu niretzat usaingarririk erosi, ez nauzu oparigaien gantzez ase. Alderantziz, behartu egin nauzu zeure bekatuekin, aspertu zeure erruekin. 25 Nik, ordea, neure kabuz suntsitu nituen zure errebeldiak, ez nituen kontuan hartu zure erruak. 26 Emadazu kontu, goazen elkarrekin auzitara; defenda zaitez, arrazoi eman diezazuten. 27 Zure lehen arbasoak ere bekatu egin zuen, zure ordezkariak nire aurka errebelatu ziren. 28 Horregatik, santutegiko arduradunak zapuztu egin nituen, Israel suntsipenera eman nuen, Jakoben herria irainetara».

Jaunak bedeinkazioa agindu herriari

44. atala

[aldatu]

1 Hau dio Jaunak: «Entzun orain, Israel, Jakoben herri, nire zerbitzari, nik aukeratu horrek. 2 Neu naiz Jauna, zure egilea, amaren sabelean eratu zintuena, zure laguntzailea. Ez izan beldur, Jakoben herri, ene zerbitzari, Jexurun, ene aukeratu hori, 3 ura isuriko baitut lur egarrituan, urlasterrak sortuko landa lehorrean. Neure espiritua isuriko diet zure ondorengoei, neure bedeinkazioa zure seme-alabei. 4 Belardia bezala haziko dira, ibai ondoko sahatsa bezala. 5 <Jaunarena naiz> esango du batak, Jakob izena hartuko besteak; beste batek <Jaunarena> idatzi besoan eta Israel izena hartuko ohoregarritzat».

Idoloei desafioa

6 Hau dio Jaunak, Israelen errege eta askatzaileak, Jaun ahalguztidunak: «Neu naiz lehena eta azkena; ez da ni beste jainkorik. 7 Nor ni bezalakorik? Mintza bedi, iragarri eta azal biezat historia, aspaldian gizateria ezarri nuenetik honakoa. 8 Ez ikaratu, ez beldurtu! Ez ote nizuen aspalditik iragarri eta adierazi? Zeuek zaituztet lekuko: Ba ote da ni beste jainkorik? Ez dut ezagutzen beste harkaitzik, euskarri izan dezakezuenik».

Idolatriaren aurka

9 Idolo-moldeatzaileak hutsa dira denak, hain estimatuak dituzten irudiak ezertarako ez. Horien gurtzaileak itsu eta burugabe; horregatik, lotsagarri geldituko dira. 10 Nork moldeatzen du irudia eta idoloa urtzen, probetxurik espero ezean? 11 Idolozaleak, ordea, lotsagarri gertatuko, gizaki huts baitira egileak. Bil bitez, aurkeztu denak: ikaraz eta lotsaz geldituko dira bat-batean.

12 Errementariak burdin puska hartu eta, txingarretan goriturik, mailuka moldeatzen du, beso indartsuz lantzen. Baina gose baldin bada, indarrak galtzen ditu, eta edaten ez badu, leher egiten. 13 Zurginak, berriz, erreglaz neurtu, arkatzez eta konpasez marraztu eta gubiaz lantzen du eta, giza gorpuzkera eta edertasuna emanik, tenpluan kokatzen. 14 Aurrez, zedro bat botatzen du, edo arte nahiz haritzen bat aukeratzen; zuhaitzok basoko besteen artean egiten dira mardul. Edo lizarren bat landatzen du, eta hazi egiten da euriarekin. 15 Jendeak suegurretarako erabili ohi ditu: nahiz su egin eta berotzeko, nahiz ogia erretzeko. Baina berak jainko-irudi bat egiteko erabiltzen du. Eta gurtu egiten, ahozpezturik. 16 Egurraren erdiarekin sua egiten du, eta gainean okela erre eta asetzeraino jaten. Ondoren, su ondoan berotzen da eta esaten: «Ederki! Bero-bero nago! A zer lamada!» 17 Beste erdiarekin, berriz, jainko-irudi bat egiten du eta aurrean ahozpezturik gurtzen. Eta otoitz egiten dio, esanez: «Salba nazazu, zu baitzaitut jainko!» 18 Ez dute ulertzen, ez bereizten; begiak itsu dituzte eta ezin ikusi, burua ere ilun eta ezin konprenitu. 19 Ez dute gogoeta egiten, ez dute zentzurik, ez ulermenik, esateko: «Egurraren erdia sutara bota dut, ogia eta okela txingarretan erre eta jan egin dut. Eta gainerakoarekin, jainko-irudi higuingarria egin? Egur-puska baten aurrean ahozpeztu?» 20 Errautsez janaritzen da, gezurrezko burutapen zoroek okerbidetik daramate; idoloak ez du salbatuko, baina ez du, hala ere, aitortuko gezur huts dela eskuetan duena.

Askapena gogora ekarri eta goratu

21 «Israel, Jakoben herri horrek, gogoan izan nire zerbitzari zarela. Nik eratu zaitut, eta nire zerbitzari zara. Israel, ez zaitut ahaztuko. 22 Lainoa bezala suntsitu ditut zure errebeldiak, gandua bezala zure bekatuak. Itzul niregana, askatu egin baitzaitut».

23 Egin poz-oihu, zeruok, Jaunak ekin baitio! Egin irrintzi, lurreko barrunbeok! Ekin poz-oihuka, mendi eta baso, zuhaitz guztiekin batera! Askatu egin du Jaunak Israel, Jakoben herria, bere ospea agertuz horrela.

Jauna, munduaren kreatzaile, historiaren Jaun

24 Hau dio Jaunak, zure askatzaileak, amaren sabelean eratu zintuenak: «Neu naiz Jauna, gauza guztien egilea; bakar-bakarrik hedatu nuen zerua, inoren laguntzarik gabe finkatu lurra. 25 Huts eragiten diet aztien zantzuei, zentzugabe bihurtzen igarleak; jakintsuak hankaz gora botatzen eta haien zientzia zorakeria bilakarazten. 26 Baina neure zerbitzarien hitza betearazten dut, neure mezularien egitasmoa gauzatzen. Jerusalemi diotsot: <Berriro izango dituzu bizilagunak>, eta Judako hiriei: <Berriz eraikiko zaituztete>. Neuk jasoko ditut bertako horma eroriak. 27 Itsaso zabalari diotsot: <Lehor zaitez; neuk agortuko ditut zure korronteak>; 28 eta Zirori: <Zu zara nire artzaina, nik nahi guztia burutuko duzu>. Jerusalemi diotsot: <Berriz eraikiko zaituztete>, eta tenpluari: <Oinarri berriak jarriko dizkizute> ».

Ziro erregea, Jainkoak bidalia

45. atala

[aldatu]

1 Honela diotso Jaunak Ziro erregeari, berak aukeratu eta sagaratuari: «Eskutik heldurik eusten dizut, nazioak zure menpean jarri eta erregeei soinetik armak kentzeko, zure aurrean hiri-ateak zabaltzeko, guzti-guztiak zabaldu ere. 2 Neu joango naiz zure aurretik, goraguneak berdinduz, brontzezko ateak apurtuz, burdinazko morroiloak txikituz. 3 Zoko ilunetan pilaturiko altxorrak, ongi gorderiko ondasunak emango dizkizut. Horrela jakingo duzu neu naizela Jauna, Israelen Jainkoa, zeure izenez dei egiten dizuna. 4 Israel neure zerbitzariaren onerako, Jakob, neuk aukeraturiko herriarengatik, deitu zaitut zeure izenez eta ohorezko eginkizuna ezarri, ezagutzen ez nauzun arren. 5 Neu naiz Jauna, ez da besterik; ez da ni beste jainkorik. Aginpidez jantzi zaitut, ezagutzen ez nauzun arren, 6 ekialdetik mendebaldera jakin dezaten ez dela inor ni besterik. Neu naiz Jauna, ez da besterik. 7 Neu naiz argiaren egilea eta ilunpearen sortzailea, neu zorionaren egilea eta zoritxarraren sortzailea: neu, Jaun hau, horren guztiaren egilea!

Otoitza

8 «Isuri goitik, zeruok, ihintza bezala, isuri garaipena, hodeiok, euria bezala! Har beza lurrak zabalik: sor bedi salbamena, erne justizia harekin batean! Nik, Jaunak, egin dut hori guztia».

Jainkoaren ahalmen bikaina

9 Zoritxarrekoa, lurrontzi hutsa izanik, bere egilearekin eztabaidan hasten den gizakia! Buztinak buztinlariari esango ote: «Zertan ari zara?», edota «Zure ontziak ez du heldulekurik»? 10 Zoritxarrekoa aitari esaten diona: «Zergatik sortu ninduzun?», eta amari: «Zergatik ekarri ninduzun mundura?» 11 Hau dio Jaunak, Israelen Jainko santuak, haren egileak: «Neure seme-alabengatik kontuak eskatuko ote dizkidazue, edo neure lanean aginduak emango ote? 12 Neuk egin dut lurra eta lurgainean gizakia sortu; nik hedatu ditut neure eskuz zeruak, eta nik agintzen bertako astro guztiei. 13 Neuk sortarazi dut Ziro salbamen-ekintzarako, eta bide guztiak zelaituko dizkiot; berak berreraikiko du nire hiria eta libre ateraraziko nire erbesteratuak, ordain eta saririk eskatu gabe». Jaun ahalguztidunak esan du.

Jauna Israeli agertu

14 Hau diotso Jaunak Israeli: «Egiptoko langileak, Etiopiako merkatariak eta altuera handiko sebatarrak zure menpean jarriko dira, zureak izango; zure atzetik joango dira, katez loturik; zure aurrean ahozpeztuko dira eta erreguka esango dizute: <Zuregan bakarrik dago Jainkoa, ez da besterik; beste jainkoak ezer ez dira> ».

15 Jainko ezkutua zara zu, benetan, Israelen Jainkoa, salbatzailea. 16 Lotsaz eta laidoz beterik, bai, laidoz estalirik doaz idologileak. 17 Israel, berriz, Jainkoak salbatu du, behin betiko salbatu, eta ez da, ez, sekula lotsaz eta laidoz geldituko.

18 Jaunak sortu du zerua, bera da Jainkoa; berak eratu eta egin du lurra, berak finkatu; ez du hutsik egoteko sortu, bizileku izateko baizik. Hau dio Jaunak: «Neu naiz Jauna, ez da besterik. 19 Ez naiz mintzatu ezkutuan, lurzoko ilunen batean; ez diet esan Jakoben ondorengoei: <Bila nazazue ezerez hutsean>. Ni naiz Jauna, zuzen dena iragarri eta bidezkoa adierazten dudana.

Jaunak nazio guztiei dei

20 «Bil zaitezte, etorri, hurbildu denok, nazioetan bizirik geldituok. Burugabeak dira zurezko idoloak prozesioan daramatzatenak, salbatu ezin dituen jainkoari otoitz degiotenak. 21 Galdegin elkarri, mintza zaitezte, azaldu frogak: nork adierazi zuen hau lehendanik, nork iragarri aspalditik? Ez ote nik, Jaunak? Ez baita ni beste jainkorik. Jainko garaile eta salbatzailerik ez da neu besterik. 22 Lurreko bazter guztiok, itzuli niregana, salba zaitezten, neu bainaiz Jainkoa, eta ez da besterik. 23 Neure buruarengatik egin dut zin, promes sendoa, hitz aldaezina eman dut: Belaun oro nire aurrean makurtuko da, eta mihi orok nire izenean zin egingo, 24 esanez: <Jaunarengan bakarrik garaipena eta ahalmena>. Lotsaren lotsaz etorriko zaizkit nire aurka lehiatzen diren guztiak. 25 Niri esker, garaile izango da eta harro egongo Israel herri osoa».

Egiazko Jainkoa eta sasijainkoak

46. atala

[aldatu]

1 Makurtu da Bel jainkoa, lur jo du Nebo jainkoak. Zamariek daramatzate haien irudiak, abere nekatuen gainean karga astun. 2 Lur jota daude eta makurturik idoloak, ezin dituzte eramaileak salbatu; beraiek ere erbestera doaz.

3 «Entzun niri, Jakoben ondorengook, Israel herrian bizirik geldituok: neure gain hartuak zaituztet amaren sabeletik, neuk zaramaztet altzotik bertatik, 4 eta zuek zahartzean ere, ni beti berbera: zuei ilea zuritzean ere, nik eutsiko dizuet. Orain arte bezala, aurrerantzean ere nik eramango zaituztet, nik eutsi eta salbatuko. 5 Norekin konparatuko nauzue, norekin berdinduko? Norekin parekatuko nauzue, nire ondoan nor jarriko? 6 Batzuek urrea poltsatik atera, zilarra balantzan pisatu eta zilargina alokatzen dute, jainkoa egin diezaien, eta ahozpezturik huraxe gurtzen. 7 Lepoan harturik eramaten dute; gero, bere lekuan kokatu eta hantxe gelditzen da, inora mugitu gabe. Deiadar egiten badiote ere, ez du erantzuten, ez du inor bere larrialditik salbatzen.

Hurbil da askapena

8 «Egin gogoeta eta izan kementsu! Errebeldeok, hartu arreta, 9 gogoratu antzinatik gaurdaino gertatuak. Neu naiz Jainkoa, ez da besterik; neu Jainkoa, ez da ni besterik. 10 Hasieratik iragarri dut etorkizuna, lehendanik oraindik gertatzekoa dena. Hauxe diot: <Nire egitasmoa beteko da, nik nahi guztia burutuko dut>. 11 Ekialdetik dei egin diot gizon bati, urrutiko herrialdetik: hegazti harrapariaren antzera etorri eta nire egitasmoa beteko du. Hala esan dut eta hala gertaraziko, hala erabaki eta hala egingo. 12 Entzun niri, burugogorrok, askapena urruti dela uste duzuenok: 13 gertatzear da nire askapen-ekintza, nire salbamena ez da luzatuko. Salbamena ekarriko diot Sioni, neure ospea emango Israeli.

Babilonia eta bertako aztien porrota

47. atala

[aldatu]

1 «Makurtu lurrera, eseri hautsetan, Babilonia neskatxa eder; eseri lurrean, tronua utzirik, babiloniarren hiriburu: ez dizute deituko gehiago hiri gozo, hiri dotore. 2 Hartu errota eta egin irina; kendu musu-estalkia, jaso gonak, agertu izterrak, ibaiak oinez igarotzeko: 3 ager bedi zure gorputza biluzik, zeure lotsariak bistan dituzula. Mendeku hartuko dut, ez dit inork eragotziko».

4 Hau dio gure askatzaileak, Israelen Jainko santuak, Jaun ahalguztiduna deritzanak: 5 «Eser zaitez isilik, babiloniarren hiriburu, zoaz ilunpetara: ez dizute deituko gehiago <Erreinuen erregina>. 6 Neure herriarekin haserre nintzela, neure ondarea zapuztu egin nuen eta zure eskuetara eman. Zuk ez zenien gupidarik izan, zaharrak ere lehertu egin zenituen zeure uztarri astunaz. 7 Esan zenuen: <Beti-betiko izango naiz erregina>, gertaera hauei arretarik jarri gabe, ondorenak kontuan hartu gabe.

8 «Entzun, bada, orain, emakume atseginzale, tronuan lasai zauden horrek; zeurekiko zenion: <Neu, eta beste inor ez! Ez naiz alargunduko, ez haurrik gabe geldituko>. 9 Zoritxar biok gertatuko zaizkizu, bat-batean, egun berean: haurrik gabe eta alargun geldituko zara
-zoritxarraren zoritxarra!
-; ez dizute balioko zeure sorginkeria ugariek eta aztikerien ahalmen handiak.
10 Zeure gaiztakerian seguru zeunden, pentsatuz: <Ez nau inork ikusten>. Zeure jakinduriak eta zientziak desbideratu zaituzte, eta pentsarazi: <Neu, eta beste inor ez!> 11 Ba, uxaezineko zoritxarra gertatuko zaizu, saihetsezineko ezbeharra jausiko gainera, ustekabean hartuko zaituen bat-bateko hondamendia etorriko. 12 Eutsi gogor, beraz, gaztetandik hain gogoko izan dituzun aztikeria eta sorginkeria guztiei: ea ezertarako balio dizuten, ea inor izutzea lortzen duzun. 13 Aspergabe ibili zara hainbat eta hainbat kontseilarirekin: betoz, bada, salba zaitzatela, zerua aztertu eta izarrak ikertzen dituztenek, hilero etorkizuna iragartzen dizutenek! 14 Hara, suak irensten duen lastoaren antzeko izango dira; ezin izango dituzte beren buruak sugarretatik libratu. Ez da, ez, txingar-sua izango, ondoan eseri eta berotzekoa. 15 Horra zer etekin emango dizuten aztiek, gaztetandik arduraz zaindu dituzun horiek. Bakoitza bere bidetik galduko da, eta zu salbatzeko inor ez.

Jaunak gauza berriak iragarri

48. atala

[aldatu]

1 «Entzun ezazue, Jakoben ondorengook, Israel izena daramazuenok, Judaren hazitik sortuok. Jaunaren izenean egiten duzue zin eta Israelen Jainkoa aitortzen, baina ez egiaz eta zintzotasunez; 2 <Hiri Santukoak> omen duzue izen, Israelen Jainkoa, Jaun ahalguztidun deritzana, euskarri. 3 Aspalditik iragarriak nituen gertatu direnak, neuk hitz eman nituen eta adierazi; bat-batean ekin nion eta denak gertatu. 4 Banekien, jakin, tematsuak zaretela, burdina bezain gogorra duzuela lepoa eta brontzezkoa kopeta; 5 horregatik, aspalditik iragarri nizuen dena, gertatu baino lehen adierazi, esan ez zenezaten: <Nire idoloak egin du, nire zurezko nahiz metalezko irudiek gertarazi>. 6 Entzun zenuten iragarpena: den-dena bete dela ikusirik, ez ote duzue iragarriko? Eta orain gauza berriak adieraziko dizkizuet, ez dakizkizuen gauza ezkutuak; 7 sortu berriak dira, ez aspaldikoak, eta ez zenuten haien berri orain arte, esan ez zenezaten: <Banekien lehendik>. 8 Ez, ez zenituzten entzunak, ez ezagunak, ez zenekiten ezer, belarriak itxiak baitzeneuzkaten betidanik. Banekien, bai, jakin, zeharo desleial zaretela, errebelde deitzen dizuetela jaio zinetenetik. 9 Neure izenaren ohoreagatik eutsi diot haserreari, zor zaidan gorespenagatik egin dut atzera eta ez zaituztet suntsitu. 10 Garbitu egin zaituztet, baina ez zilarra bezala, sufrimenduaren arragoan probatuz baizik. 11 Neuregatik jokatu dut horrela, neuregatik bakarrik, ezin baitut neure izena belzten utzi. Ez diot neure ospea inori utziko.

Jaunaren adiskide Zirok haren nahia burutuko

12 «Entzun, Israel, Jakoben herri, entzun, nik deitu horrek: Ni beti berbera, neu lehena eta neu azkena. 13 Neure eskuz oinarritu nuen lurra, neure eskuz hedatu zerua; nik dei egin orduko hasi ziren izaten. 14 Bildu denok eta entzun! Zuetako nork iragarri du horrelakorik? Nire adiskideak burutuko du nire nahia, Babilonia eta bertako jendearen aurkako erabakia. 15 Neuk hitz eman nuen, neuk egin nion dei eta etorrarazi, eta haren egitekoak arrakasta izango du. 16 Hurbildu niregana eta entzun: Ez dut ezkutuan hitz egin, eta iragarriak gertatzean, bertan naiz ni». (Eta orain, Jaunak bidali nau, bere espiritua emanik).

17 Hau dio Jaunak, zure askatzaileak, Israelen Jainko santuak: «Neu naiz Jauna, zure Jainkoa, zeure onerako irakasten dizudana, ibili beharreko bidetik gidatzen zaitudana. 18 Ai nire aginduei jaramon egin izan bazenie! Ibaika izango zenuke zoriona, uholdeka salbamena; 19 itsas hondarra bezain ugari izango lirateke zure ondorengoak, hondar-aleak bezainbat zure seme-alabak; haien izena ez litzateke suntsituko, inoiz ere ez nire aurretik ezabatuko».

Erbesteratuak itzuliko

20 Irten Babiloniatik, ihes egin babiloniarren artetik! Adierazi mezua, iragarri poz-oihuz, helarazi lurraren bazterretaraino: «Jaunak askatu du Israel bere zerbitzaria!» 21 Ez zuten izan egarririk, eremu lehorretan zehar eraman zituenean; harkaitzetik ura jarioarazi zuen haientzat: harkaitza zulatu eta ura sortu zen. 22 (Gaiztoentzat, ordea, ez da zorionik. Jaunak esan du).

Jaunaren zerbitzaria, nazioen argi (Bigarren kantika)

49. atala

[aldatu]

1 Entzun, itsas herriok, adi egon, urrutiko naziook. Jaio aurretik izan ninduen gogoan Jaunak, amaren sabelean nengoela, neure izenez deitu. 2 Ezpata zorrotz bihurtu zidan mihia, bere eskupean babestu ninduen; gezi zorrotz ninduen bihurtu eta gezi-ontzian gorde. 3 Esan zidan: «Zu zara nire zerbitzaria, Israel, zure bidez agertuko dut neure ospea». 4 Ni, berriz, hau ari nintzen pentsatzen: «Alferrik nekatu naiz, hutsean eta zertarako gabe akitu ditut indarrak». Baina Jaunaren eskuetan zegoen nire eskubidea, nire Jainkoaren eskuetan nire lansaria. 5 Ohorez jantzi nau Jaunak eta neure Jainkoa dut indar. Amaren sabelean eratu ninduen bere zerbitzari izateko, Jakoben leinuak berarengana bihurrarazteko eta Israel herria biltzeko. Orain, honela mintzo zait Jauna: 6 «Ez da aski zu nire zerbitzari izatea Jakoben leinuak susperrarazi eta berritzeko eta Israelen bizirik geldituak itzularazteko; nazioen argitzat ezarriko zaitut, nire salbamena lurraren bazterreraino eraman dezazun».

7 Hau diotso Jaunak, Israelen askatzaile eta Jainko santuak, erabat mesprezatua izan denari, mundu guztiak gorrotatu eta zapaltzaileek esklabo bihurtu dutenari: «Zu ikustean, altxatu egingo dira erregeak, makurtu buruzagiak, leiala den Jaunarenganako begirunez, aukeratu zaituen Israelen Jainko santua dela eta». 8 Hau dio Jaunak: «Onginahi-garaian erantzungo dizut, salbamen-egunean lagunduko. Nik eratu zaitut eta izendatu, herriarentzat ituna berritzeko, herrialdea susperrarazi eta leheneratzeko, hondaturiko lurraldea ondaretzat banatzeko. 9 Presoei esango diezu: <Kanpora!>, eta ilunpetan daudenei: <Irten argitara!> Bide-bazter guztietan aurkituko dute larrea, muinogorri guztietan bazka. 10 Ez dira gose, ez egarri izango, ez ditu sargoriak, ez eguzkiak joko, gupidaz hartuko baititut eta gidatuko, iturburu freskoetara eramango. 11 Bideak zabalduko ditut mendietan zehar, galtzada erosoak prestatuko dizkiet».

12 Horra non datozen urrutitik: ipar eta mendebaldetik datoz, Egipto aldetik ere bai. 13 Egin poz-oihu, zeruok! Alai zaitez, lurra! Egin poz-irrintzi, mendiok! Jaunak bere herria kontsolatu baitu, atsekabean gupida izan dio.

Jerusalem berreraikia, ama zoriontsu berriro

14 «Sionek esaten zuen: <Jaunak utzia nauka, ene Jaunak ahaztua>. 15 Ahaztu ote dezake amak bere haurtxoa edo bere sabeleko umeari errukia ukatu? Ba, amak haurra ahaztuko balu ere, nik ez zaitut ahaztuko. 16 Neure esku barruan zauzkat grabatua, zure harresiak begi aurrean ditut. 17 Zure berregileak bizkorragoak izan bitez desegileak baino; urruti zuregandik hondatzaileak! 18 Begira ingurura eta ikus: seme-alaba guztiak zuregana datoz, bildurik. Neure biziarengatik egiten dut zin: Jantzi zoragarri izango dituzu soinean, andregai-jantziz bezala inguratuko zaituzte. 19 Orain hondatuak, erraustuak, dituzu bazterrak, suntsitua herrialdea; baina laster estuegi gertatuko da bizilagunentzat; irentsi zintuztenak, berriz, urruti joango dira. 20 Kendu zizkizuten seme-alabek hurbildu eta esango dizute: <Estuegia dugu toki hau: emaguzu lekua bizitzeko>. 21 Orduan, zeure baitan esango duzu: <Nork eman dizkit seme-alaba hauek? Haurgabe nengoen eta antzu, erbestean eta baztertua: nork hazi dizkit hauek? Bakarrik gelditua nintzen: nondik datozkit haurrak?> »

22 Hau dio Jainko Jaunak: «Keinu egingo diet nazioei, neure bandera jasoko herrientzat: besoetan ekarriko dituzte zure semeak, lepoan zure alabak. 23 Erregeak izango dituzu haurtzain, printzesak inude. Lurreraino ahozpeztuko dira zure aurrean eta oinetako hautsa miazkatuko dizute. Horrela jakingo duzu ni naizela Jauna; niregan itxaron dutenei ez die inoiz usteak huts egingo. 24 Ken ote dakioke harrapakina garaileari? Ihes egin ote diezaioke presoak indartsuari? 25 Hauxe diot nik, Jaunak: Bai, noski! Kenduko diote garaileari presoa, ihes egingo dio indartsuari harrapakinak. Neuk borrokatuko ditut borrokatzen zaituztenak, neuk salbatuko zure seme-alabak. 26 Zure zapaltzaileei beren okela janaraziko diet, beren odolez mozkorraraziko ditut, ardo berriz bezala. Horrela jakingo dute gizaki guztiek ni, Jauna, naizela zure salbatzailea, ni, Jakoben Jainko indartsua, zure askatzailea».

50. atala

[aldatu]

1 Hau dio Jaunak: «Jerusalem zuen ama zapuztu egin omen nuen: ea, non da dibortzio-agiria? Saldu egin omen zintuztedan: ea, non da nire hartzekoduna? Saldu bazintuztedan, zeuen erruengatik zintuztedan saldu, zuen errebeldiengatik nuen ama zapuztu. 2 Zergatik ez zegoen inor, etorri naizenean? Zergatik ez du inork erantzun, deitu dudanean? Nire eskua laburregia ote zuek askatzeko? Nik ez ote aski indar zuek libratzeko? Mehatxu-hitz bat aski dut, itsasoa lehortu eta ibaiak basamortu bihurtzeko: urik gabe arrainak egarriz hil eta usteldu egiten dira. 3 Zerua beltzez janzten dut eta dolu-jantziz estaltzen».

Jaunaren zerbitzaria: sufrimendua eta uste ona (Hirugarren kantika)

4 Jainko Jaunak hitz egiteko trebatu nau, bihotz-eroriak adore-hitzez bizkor ditzadan. Goizero dit belarria ernearazten, ikasle onak bezala entzun diezaiodan. 5 Jainko Jaunak belarria zabaldu dit, eta nik ez diot aurka egin, ez atzera jo. 6 Bizkarra eskaini nien zigorkatzen nindutenei, eta masailak, bizarretik tiraka ari zitzaizkidanei. Ez nien aurpegia saihestu iraintzen eta listua botatzen zidatenei. 7 Baina Jauna dut laguntzaile: horregatik ez didate irainek etsiarazten; horregatik gogortu dut aurpegia harkaitza bezala, bai baitakit ez didala usteak huts egingo. 8 Ondoan dut defendatzailea: nork du zerbait nire kontra? Goazen elkarrekin auzitara! Nork salatuko nau? Datorrela! 9 Jainko Jauna dut laguntzaile: nork kondenatuko nau? Sitsak jandako arropak bezala galduko dira nire etsai guztiak.

10 Zuek, Jaunari begirune diozuen eta haren zerbitzariaren ahotsa entzuten duzuenok, ilunpetan eta argi-izpirik gabe bizi baldin bazarete ere, jarri konfiantza Jaunarengan, hartu Jainkoa euskarri. 11 Baina zuek, sua egin eta suzko azkonak pizten dituzuenok, eror zaiteztela zeuen sugarretan, erori zeuek pizturiko azkonen pean! Horixe da Jaunak emango dizuen zigorra: oinazetan hilko zarete.

Jaunak bere salbamenaz poztuko Jerusalem

51. atala

[aldatu]

1 Jaunak dio: «Entzun niri, Jaun honi, zuzenbidearen atzetik lehiatzen eta nire bila zabiltzatenok. Begira zein harkaitzetan ebakiak, nongo harrobitik ateratakoak zareten: 2 begira Abraham, zeuen aitari, eta Sara, mundura ekarri zintuztenari. Bat bakarra zen Abraham, nik deitu nionean, baina bedeinkatu egin nuen eta ugaldu».

3 Bai, Jaunak Sion kontsolatzen du, hondatua dagoen hiriari poz ematen. Herrialde erraustua Edengo baratzea bihurtuko du, eremua Jaunaren paradisu. Zoriona eta alaitasuna izango dira, gorespena eta kantu-hotsa.

4 «Adi egon, ene herri, entzun arretaz, ene hiri: neure irakaspena emango dut, eta nire esanak herrientzat argi izango dira. 5 Hurbil da nire garaipena, badator nire salbamena goiz-argia bezala; aginpidez gobernatuko ditut nazioak. Urrutiko herriak nire zain egongo dira, nire aginpidean izango dute itxaropen. 6 Jaso begiak zerura, begira behera, lurrera: kea bezala desagertuko da zerua, jantzia bezala gastatuko lurra eta eltxoak bezala hilko bertako bizilagunak. Baina nire salbamenak beti iraungo du, nire garaipenak ez du azkenik izango.

7 «Entzun niri, zuzenbidean adituok, nire legea bihotzean daramazun herri horrek. Ez izan beldurrik gizakien isekei, ez kikildu haien irainengatik, 8 sitsak jandako jantzia bezala, harrak jotako artilea bezala galduko baitira. Baina nire garaipenak beti iraungo du, nire salbamenak gizaldiz gizaldi».

Esnatu, Jauna

9 Esna zaitez, esnatu, Jaun ahaltsu hori, jantzi zaitez indarrez! Esnatu, aspaldi bezala, antzinako garaietan bezala! Ez al zenuen zuk itsas munstroa txikitu eta herensugea sarraskitu? 10 Ez al zenituen zuk itsaso zabaleko ur handiak lehortu eta itsas hondoa bide bihurtu, askatuak igaro zitezen? 11 Halaxe itzuliko dira Jaunak libratuak, poz-oihuka etorriko dira Sionera: amaigabeko alaitasuna haien aurpegian! Zoriona eta alaitasuna izango dituzte lagun; nahigabeak eta negarra kito!

Jauna kontsolatzaile

12 Jaunak dio: «Neuk kontsolatuko zaitut, neuk: zer dela-eta diozu beldur gizaki hilkorrari, belarra bezain igarokor den gizakiari? 13 Ahaztu egiten zara Jaunaz, zeure egileaz, zerua hedatu eta lurra oinarritu zuenaz, eta ikara zara egun osoan, etengabe, zu suntsitu nahian suturik dabilen zapaltzailearen aurrean! Non da, bada, zapaltzailearen sumina? 14 Berehala aterako dira libre gatibuak: ez dira kartzela-zuloan hilko, ez zaie ogirik faltako. 15 Neu naiz Jauna, zure Jainkoa, itsasoa astintzen duena, olatuei orroa eraginez. Jaun ahalguztiduna, horixe dut izena. 16 Neuk hedatu dut zerua eta oinarritu lurra, eta Sioni esaten diot: Zu nire herria! Neure mezuaren bozeramaile egin zaitut, eta neure eskupean babestu».

Bukatu da Jerusalemen atsekabealdia

17 Esna zaitez, esnatu, jaiki, Jerusalem! Edan baituzu Jaunak emaniko zigor-edari samina, hondoraino edan duzu zorabiozko kopa. 18 Izan dituzun semeetan, inor ez da zu gidatzeko; hazi dituzunen artean, inor ez zu eskutik eramateko. 19 Zoritxar biok gertatu zaizkizu: herrialdea hondatua eta desegina, jendea goseak eta gerrak hila. Baina nor errukitzen zaizu? Nork kontsolatzen zaitu? 20 Hor daude zure seme-alabak, kaleburu guztietan etzanik, ezinaren ezinez, sarean harrapaturiko antilopeak bailiran, Jaunaren suminak, zure Jainkoaren zigorrak jota. 21 Entzun, beraz, hiri gaixo, mozkortua zauden horrek, baina ez ardoz; 22 entzun zer diotsun Jaunak, zeure Jainkoak, bere herria defendatzen duenak: «Eskutik kenduko dizut zorabiozko kopa; ez duzu gehiago nire zigor-edari samina edango. 23 Zure borreroei emango diet, zuri esaten zizutenei: <Etzan lurrean, gainetik igaro gaitezen!> Eta bizkarra eskaini behar izan zenien, zoru eta kale gisa, gainetik igaro zitezen».

Jerusalemen askapenaren albiste pozgarria

52. atala

[aldatu]

1 Esna zaitez, Sion, esnatu, jantzi indarrez! Jantzi soinekorik ederrenak, Jerusalem, hiri santu horrek! Atzerritar sinesgaberik, kutsaturiko inor ez baita berriro zuregan sartuko. 2 Astindu hautsa, Jerusalem, jaiki esklabotzatik! Puskatu lepoko kateak, Sion hiri gatibu horrek!

3 Hau dio Jaunak: «Ordainik hartu gabe saldu zintuztedan, ordainik eman gabe askatuko zaituztet». 4 Bai, hau dio Jainko Jaunak: «Hasieran nire herria Egiptora joan zen, atzerritar gisa bertan bizitzera; gero, Asiriak zapaldu zuen arrazoirik gabe. 5 Orain, berriz, zer ari naiz ikusten? Nire herria hutsaren truke eraman dute gatibu, eta menperatzaileek ulu dagite harro, nire izena egun osoan etengabe gaitzetsiz. 6 Baina laster jakingo du nire herriak nor naizen; ekingo diodan egunean jakingo du neu naizela hitz egin diona. Hona hemen ni!»

7 Bai ederra mendi gainetan albistaria etortzen ikustea! Bakea iragartzen du, zorionaren berriona ematen, askapena aldarrikatzen. Sioni diotso: «Errege da zure Jainkoa!» 8 Zure begiraleak deiadarka! Poz-oihu dagite denek, beren begiz ikusten baitute Jauna Sionera itzultzen. 9 Ekin denok poz-oihuka, Jerusalemgo horma eroriok, Jaunak bere herria kontsolatu baitu, Jerusalem askatu. 10 Bere jainkozko indar paregabea azaldu du Jaunak nazio guztien aurrean. Mundu-bazter guztiek ikusiko dute gure Jainkoaren garaipena.

Alde Babiloniatik!

11 Alde, alde! Irten hortik! Ez ukitu ezer kutsaturik! Irten Babiloniatik, zaudete garbi, Jaunaren kultu-tresnak daramatzazuenok! 12 Baina ez zarete zalapartaka irtengo, ez eta arrapaladan ihes egingo ere, Jauna izango baituzue aurretik gidari eta bera, Israelen Jainkoa, ondoren babesgarri.

Jaunaren zerbitzariaren pasioa eta aintza (Laugarren kantika)

13 Jaunak dio: «Nire zerbitzariak arrakasta lortuko du, goratua, gorengo mailan jarria izango da. 14 Asko eta asko ikaratu ziren hartaz, hain baitzegoen itxuragabetua, giza antzik ere gabe, gizaki ez zirudiela; 15 era berean, nazio asko harrituko dira, erregeak haren aurrean mutu geldituko, inoiz esan gabeko zerbait ikustean, inoiz entzun gabekoa aditzean».

53. atala

[aldatu]

1 Nork sinetsi du gure mezua? Nori agertu dio Jaunak bere ahalmena? 2 Jaunak nahi izan zuen bere zerbitzaria lur agorrean sustraiak dituen kimu berria bezala haztea. Ez zuen duintasunik, ez edertasunik, ez gure begientzat itxura erakargarririk. 3 Mesprezatua zen, eta jendeak baztertua, oinaze-gizona, sufritzen ikasia. Ikusteak ere nazka ematen duen norbait bezalaxe, mesprezatu egin genuen, eta aintzakotzat hartu ez. 4 Baina gure gaitzak hartu zituen bere gain, gure oinazeen zama jasan. Guk, berriz, Jainkoak zauritu zuela uste genuen, Jainkoak zigortu eta atsekabetu zuela. 5 Baina gure errebeldiengatik zulatu zuten, gure erruengatik birrindu; berak jasan zuen guretzat salbagarri izango zen zigorra: haren zauriek sendatu gintuzten. 6 Ardiak bezala genbiltzan galdurik, bakoitza geure bidetik, eta Jaunak haren gain bota zuen gu guztion errua. 7 Gaizki tratatu zuten, eta bera apaldu egin zen, ahorik zabaldu gabe; hiltzera daramaten arkumeak bezala, moztaileen aurrean isilik dagoen ardiak bezala, ez zuen ahorik zabaldu. 8 Gogorkeriaz eta bidegabez eraman zuten; baina haren zoria nori axola? Bizidunen lurretik kanpora atera zuten, bere herriaren errebeldiagatik jota. 9 Gaiztoekin batera hilobiratu zuten, gaizkileekin eman zioten lur, nahiz eta berak bidegabekeriarik ez egin eta haren ahoan maltzurkeriarik ez izan. 10 Jaunak oinazez josi nahi izan zuen. Eta bekatuen ordainetan bizia eman zuelarik, ondorengoak izango ditu eta bizitza luzea, eta haren bitartez bere nahia burutuko du Jaunak. 11 Jaunak dio: «Hainbat neke jasan ondoren, argia ikusiko du eta asea izango. Bere ezagutzaren bidez, nire zerbitzari zuzenak asko egingo ditu zuzen, haien erruak bere gain hartu baitzituen. 12 Horregatik, jendetza ugaria emango diot ordainetan, eta giza multzoak izango ditu garaipen-sari, bere burua heriotzara eman zuelako eta bekatarien kide iritzi ziotelako, guztien bekatuak bere gain hartu eta bekatarien alde erregutu zuelako».

Jaunak berriro emaztetzat hartu Jerusalem

54. atala

[aldatu]

1 Egin poz-oihu, Jerusalem, emakume agor eta haurgabe horrek! Ekin kantari pozaren pozez, erdiminik izan ez duzun horrek! Jaunak baitio: «Bakarrik utziaren seme-alabak gehiago izango dira senardunarenak baino». 2 Zabalagotu zeure etxolaren esparrua, hedatu beldur gabe zeure egoitza-oihalak; luzatu lokarriak, sartu gogor ziriak, 3 ezker-eskuin haziko baitzara; zure ondorengoek nazio asko berenganatuko dituzte eta orain hondaturik dauden hirietan biziko dira. 4 Ez beldurtu, ez zara barregarri geldituko; ez lotsatu, ez zaituzte laidotuko. Ahaztu egingo duzu gaztetako lotsakizuna, ez zara oroituko alargun zineneko laidoaz, 5 egin zintuenak emaztetzat hartuko baitzaitu: Jaun ahalguztiduna, horixe du izena. Israelen Jainko santua da zure askatzailea: lur osoaren Jainkoa deritza.

6 Senarrak utziriko emaztea, emazte atsekabetua zinen, baina Jaunak berriro dei egin dizu. Hau dio Jaunak: «Utz ote daiteke gaztetako emaztea? 7 Unetxo batez utzi zintudan, baina gupidarik handienaz hartuko zaitut. 8 Haserrealdi batean, unetxo batez aurpegia ezkutatu nizun, baina etengabe maite zaitudalako gupidatu naiz zutaz. Hala diot nik, Jaunak, zure askatzaileak. 9 Noeren uholdekoan bezala gertatzen zait: zin egin nuen orduan ez zela berriro uholderik izango munduan, eta halaxe egiten dut zin orain ez naizela zurekin berriro haserretuko, ez dizudala gehiago mehatxurik egingo. 10 Mendiak beren lekutik aldenduko eta muinoak kolokatuko balira ere, nire maitasuna ez da zuregandik aldenduko, zure zorionaren aldeko nire konpromezua ez da kolokatuko. Hala diot nik, barru-barrutik maite zaituen Jaunak».

Jerusalem berria

11 Oi Jerusalem, zoritxarreko hiri, ekaitzak astindua, inork kontsolatu gabea! Jaspezko oinarri gainean eraikiko zaitut, zafirozko zimendu gainean ezarriko. 12 Dorreak errubiz eta ateak esmeraldaz egingo dizkizut, harribitxiz harresi guztiak. 13 Zure seme-alabak nire ikasle izango dira eta denak zorion betean biziko. 14 Justizian sendo ezarria egongo zara. Zapalkuntzatik libre izango zara eta ez duzu ezeren beldurrik izango, ikara ez zaizu inoiz hurbilduko. 15 Inork erasotzen badizu, ez da nire baimenaz izango; zure kontra lehertuko da erasotzailea. 16 Nik egin dut artisaua, txingarrari haize emanez helburu ezberdinetarako tresnak egiten dituena; eta nik egin dut suntsitzailea, hondaketa helburu duena. 17 Baina zure kontra egindako arma, huts gertatuko da; auzitan salatuko zaituena erruduntzat utziko duzu. Hauxe da Jaunaren zerbitzarien senipartea, nik ematen diedan garaipena. Nik, Jaunak, esana.

Azken deia: Jaunaren hitzetik bizi

55. atala

[aldatu]

1 «Egarri zareten guztiok, etorri uretara, etorri, dirurik ez duzuenok ere! Etorri, hartu garia eta jan, hartu ardoa eta esnea, dena hutsean, ordaindu gabe. 2 Zergatik gastatu zeuen dirua goserik utziko zaituzten janaritan, eta lansaria, aseko ez zaituzteten gauzetan? Entzun niri arretaz, eta ongi jango duzue, janari gozo mamitsuz elikatuko zarete. 3 Etorri niregana eta egon adi, entzudazue eta biziko zarete. Betiko ituna egingo dut zuekin, Davidi eginiko maitasunezko agintzariari leial eutsiz. 4 Nik herrientzako testigu jarri nuen hura, nazioen buruzagi eta agintari. 5 Zuk herri ezezagunei egingo diezu dei, eta ezagutzen ez zintuzten herriek zuregana joko dute lasterka, nik, zure Jaunak, Israelen Jainko santu honek, ospez jantzi zaitudalako».

6 Bila ezazue Jauna, aurki dezakezue eta; egiozue dei, hurbil duzue eta. 7 Utz beza gaiztoak bere bidea, gaizkileak bere asmo txarrak. Bihur dadila Jaunarengana, gupidaz hartuko baitu; bihurtu gure Jainkoarengana, guztiz barkabera baita. 8 Hau dio Jaunak: «Egiaz, nire egitasmoak ez dira zuenak bezalakoak, ez eta nire jokabidea ere zuena bezalakoa. 9 Nola zerua lurraren gainetik garai, halaxe nire jokabidea zuenaren gainetik eta nire egitasmoak zuenen gainetik.

10 «Euria eta elurra zerutik jaitsi eta ez dira bertara itzultzen, lurra urez ase gabe, emankor bihurtu eta ernamuindu gabe, ereiteko hazia eta jateko ogia sor ditzan; 11 berdin nire ahotik irtendako hitza ere: ez da niregana itzultzen bere eragina izan gabe, baizik eta nik nahi dudana egiten du eta nik ezarritako helburua betetzen».

12 Pozaren pozez irtengo zarete, bake osoan ekarriko zaituztete. Zuek ikustean, mendi eta muinoek poz-irrintzika ekingo diote, landako zuhaitz guztiek txalo joko. 13

56. atala

[aldatu]

1 Hau dio Jaunak: «Errespetatu zuzenbidea, egin justizia, iristear baitago nire salbamena, agertzear nire garaipena. 2 Zorionekoa nire aginduen arabera jokatzen eta horretan leial irauten duena, larunbata profanatu gabe errespetatzen eta ezer txarrik egiten ez duena!»

3 Jaunari atxiki zaion atzerritarrak ez dezala inola ere esan: «Bere herritik baztertu egin nau Jaunak». Irenduak ere ez dezala esan: «Zuhaitz ihartua besterik ez naiz». 4 Izan ere, hau dio Jaunak: «Irenduei, nire larunbata errespetatzen badute, niri atsegin zaidana gogotsu egiten eta nire itunari tinko eusten badiote, 5 beraien izenaren oroitarria egingo diet neure tenpluan eta hiriko hormetan: seme-alabak edukitzea baino hobe izango dute hori, sekula ezabatuko ez den izena emango baitiet.

6 «Eta nire kultu-zerbitzurako, ni maitatu eta nire zerbitzari izateko atxikiko zaizkidan atzerritarrak, larunbata profanatu gabe errespetatzen eta nire itunari tinko eusten badiote, 7 neure mendi santura ekarriko ditut eta neure otoitz-etxean pozez beteko. Atseginez onartuko ditut neure aldarean haien erre-opari eta sakrifizioak, nire etxea herri guztientzat otoitz-etxe izango baita». 8 Hau dio israeldar sakabanatuak biltzen dituen Jainko Jaunak: «Orain arte bildu ditudanak baino gehiago ere bilduko ditut».

Buruzagi axolagabeak

9 Etorri jatera, basapiztiok, etorri, basabereok! 10 Israelen begiraleak itsu daude, ez da inor ezertaz ohartzen. Zaunkarik egin ezin duten txakur mutuak dira; hor daude etzanda, ametsetan, beti logura. 11 Aseezineko txakur goseak dira. Eta horiek dira herriaren artzain, ezer ulertzeko gauza ez direla! Nor bere bidetik doa, bere probetxuari baino begiratu gabe. 12 Hau diote: «Ea, goazen ardotara. Mozkor gaitezen pattarrez! Eta bihar beste horrenbeste, nahikoa baitago!»

57. atala

[aldatu]

1 Zintzoak hil, eta inori axolarik ez; leialak desagertu, eta inork ulertu nahi ez gaiztakeriak desagerrarazten duela zintzoa. 2 Baina iritsiko da bakea, eta zuzen jokatu dutenek hartu ahal izango dute atseden.

Idolatriazko kultuen aurka

3 Jaunak dio: «Etorri hona, zuek, sorginkumeok, adulteriogile eta prostituziozale zaretenok: 4 nori egiten diozue barre? Noren kontra zabaltzen duzue ahoa eta luzatzen mihia? Ez zarete, bada, zeuek ere bekatukume eta sasi-umaldi? 5 Edozein haritz eta zuhaitz handiren azpian berotzen zarete lizunkeriatan; erreka ondoko haitzarteetan hiltzen dituzue umeak oparitzat. 6 Israel, erreka ondoko harri leunak, zeure kultugai izan dituzunak, horiexek izango dituzu zorigaitz. Horiei eskaini dizkiezu isur- eta labore-opariak. Eta horrek baretu behar ote du nire haserrea? 7 Menditontor garai batean ipini zenuen ohea, eta bertara igotzen zinen sakrifizioak eskaintzera. 8 Etxeko ate-alboetan ezarri zenituen idolatriazko zeure oroigarriak. Ni alde batera utzirik, biluzik jarri, zeure ohe zabalean etzan eta maitaleez aprobetxatzen zinen. Atsegin zenuen haiekin oheratzea. 9 Molok jainkoarengana joaten zinen, olioa eta lurrinak ugari eramanez; urrutiraino bidali zenituen mandatariak, Hilen Egoitzaraino jaitsarazi. 10 Ibiliaren ibiliz nekatu egiten zinen, baina sekula ez zenuen dena alferrik zela aitortu. Behin eta berriro indarberrituz, ez zenuen inoiz etsi.

11 «Noren ikara zinen, noren beldur, niri huts egiteko, nitaz erabat ahazteko? Luzaroegi isilik egon naizelako galdu didazu beldurra, ez da? 12 Baina orain salatu egingo dut zure jokabidea, zure ustetan hain zuzena: ez dizu ezertarako balio izango. 13 Ea salbatzen zaituen zeure idolo-multzoak, zuk laguntza eske deiadar egitean! Haizeak eramango ditu denak, putzaldi batek desagerraraziko. Niregan babesten denak, ordea, lurraldea eskuratuko du, nire mendi santua hartuko jabetzan».

Jaunak, berak zigortutako herria sendatuko

14 Jaunak esango du: «Berdindu galtzada, berdindu; zabaldu bidea, kendu nire herriari oztopoak bidetik». 15 Bai, hau dio garai eta goren den Jainkoak, betiko erregeak, santu deritzanak: «Toki garai eta sakratuan bizi naiz, baina hurbil nago atsekabeturik eta lur jota daudenengandik, lur joak arnasberritzeko eta atsekabetuei adorea bizkortzeko. 16 Ez dut beti auzitan jardungo, ez naiz etengabe haserre egongo, neuk egindako bizidunek nire aurrean bizi-arnasa gal ez dezaten. 17 Herriaren gaiztakeriagatik, haserretu egin nintzen une batez, zigortu egin nuen eta ezkutatu egin nintzaion. Berak bizkarra eman zidan eta bere gogoko bidetik jo zuen. 18 Badakit nondik nora ibili den, baina sendatu egingo dut eta gidatu, eta kontsolamendu betea emango diot. 19 Dolutan zeudenei kantua jarriko diet ezpainetan. Eta esango diet: <Bakea, bakea urrutikoei eta hurbilekoei!> Bai, sendatuko dut neure herria.

20 «Gaiztoek, berriz, itsaso zakarra dirudite: haren urak ezin baretu, zikina eta lohia harrotzen dutelarik beti. 21 Gaiztoentzat ez da bakerik». Nire Jainkoak esan du.

Jaunak atsegin duen baraua

58. atala

[aldatu]

1 Jaunak esan zidan: «Egin oihu eztarria betean, beldurrik gabe, goratu ahotsa turutaren pare, aurpegiratu Israeli bere errebeldiak, nire herriari bere bekatuak. 2 Egunero jotzen dute niregana eta atsegin dute nire nahiaren berri jakitea; zuzen jokatzen duen herria dirudi, bere Jainkoaren legeak zintzo betetzen dituen herria. Erabaki zuzenak eskatzen dizkidate eta ni hurbil edukitzea maite dute. 3 <Zertarako egin barau, zuk ez ikustekotan?
-diote
-. Zertarako zigortu geure buruak, zu ez konturatzekotan?> Hara, barau-egunez ere negoziotan zabiltzate, zeuen langileak lanera behartuz.
4 Liskar eta haserre artean egiten duzue barau, gupidarik gabe ukabilka. Ez egin barau horrela, zeuen garrasiak zeru goian entzunaraziz. 5 Hori ote da gogoko dudan baraua gizakiak bere burua zigortzen duen egunean, hau da, zumeak bezala burua kulunkatu eta dolu-jantziz hautsetan etzatea? Horri esaten al diozue baraua, Jainkoak atsegin duen eguna? 6 Ez ote beste hau gogoko dudan baraua: injustizi kateak hautsi eta uztarri-hedeak etetea, zapalduak libratu eta uztarri oro apurtzea, 7 gose denari zeure ogitik eman eta aterperik ez duen behartsua etxean hartzea, biluzik dagoena jantzi eta zeure gizakideari laguntzarik ez ukatzea?»

8 Orduan, goiz-argiak bezala egingo duzu distira eta zure gaitzak berehala sendatuko dira. Justizia izango duzu aurretik gidari eta Jaunaren presentzia atzetik babesgarri. 9 Zuk dei egin eta hark erantzun egingo dizu, zuk laguntza eskatu eta hark esango: «Hemen nauzu!» Uztarri oro baztertzen eta salaketak eta gaizki-esateak uxatzen badituzu, 10 gose denari zeure ogia ematen eta behartsuaren premiari erantzuten badiozu, orduan, ilunpetan distira egingo du zure argiak, zure gau beltza eguerdi bihurtuko da. 11 Jaunak gidatuko zaitu beti, basamorturik gorrienean ere asebeteko eta zure gorputza indarberrituko. Ongi bustiriko baratzea izango zara, agortzen ez den iturburu. 12 Antzinako etxe-hondakinak berreraikiko dituzu, menderik mende ahaztuta zeuden oinarrien gainean jasoko. «Harresi zulatuen konpontzaile» eta «Etxe hondatuen berritzaile» deituko dizute.

Atseden-eguna errespetatu

13 «Larunbatez zeure eginkizunak uzten eta nire egun santuan negoziotan jarduten ez baduzu, larunbatari zeure atsegin deitzen eta Jaunaren egun santua ohoregarritzat hartzen baduzu, zeure eginkizun, negozio eta arazoak baztertuz, 14 orduan, neu, zeure Jauna, izango nauzu atsegin. Herrialdeko mendigainetan ezarriko zaitut eta zeure arbaso Jakobi agindu nion ondarea gozaraziko dizut». Jaunak berak esan du.

Bekatuak Jaunaren salbamena eragotzi

59. atala

[aldatu]

1 Jaunaren eskua ez da, ez, laburregia zuek salbatzeko, ez eta haren belarria ere gogorregia zuei entzuteko: 2 zeuen erruek ezarri dute hesia zuen eta Jainkoaren artean; zeuen bekatuek ezkutarazi diote aurpegia, zuen otoitzik ez entzuteko. 3 Izan ere, gaiztakeria egiten duzue eta eskuak odolez zikin dauzkazue; gezurra darizue ezpainetatik, hitz kaltegarriak ahotik. 4 Inork ez du justizia aldarrikatzen, ez auzitegian zuzenbidez jokatzen: faltsukeriaz fidatzen dira, gezurrezko aitorpenak egiten dituzte. Okerra sortzen dute barruan, gaiztakeria ematen fruitu. 5-6 Haien asmoak suge-arrautzak bezain zital: arrautzok jaten dituena hil egiten da, kraskatzen dituenari sugegorria ateratzen. Haien emaitzak armiarma-sareen antzeko: hauekin inor ezin jantzi, ez estali. Egintza guztiak gaiztoak dituzte, gogorkeria besterik ez dute egiten. 7 Lasterka doaz gaiztakeriara, presaka odol errugabea isurtzera. Gaitz egiteko asmoa dute buruan, hondamendia eta triskantza uzten dituzte pasatzen diren tokian. 8 Ez dute ezagutzen bake-bidea, zuzenbiderik ez da haien urratsetan. Bide bihurriak hartzen dituzte; hortik dabilenak ez du bakerik ikusiko.

Bekatuen aitortza

9 Horregatik, urruti dugu askapena, ez zaigu iristen salbamena; argia espero genuen, eta iluna dugu gainean; egunsentia espero, eta gau beltzetan gabiltza. 10 Itsumustuka gabiltza, hormari haztaka itsua bezala, itsumustuka bistagabea bezala. Eguerdi betean estropezu egiten dugu, ilunabarra bailitzan, sasoirik onenean, hilda bezala gaude. 11 Marraka dihardugu hartzek bezala, urrumaka usoek bezala. Askapena espero genuen, eta ezer ez; salbamena espero, eta urruti da. 12 Izan ere, zure kontrako gure errebeldiak ugari dira, geure bekatuek salatzen gaituzte; errebeldia itsatsia daramagu, aitortzen ditugu geure erruak: 13 errebelde eta desleial izan gara Jaunarekin, bizkarra eman diogu geure Jainkoari, bidegabekeriaz eta traizioz jardun dugu, azpikeriak hausnartu ditugu. 14 Beraz, aldendua dugu askapena, urruti salbamena; estropezu egin du herriko plazan leialtasunak, zuzentasunak han sartzerik ez; 15 huts egin du leialtasunak, eta gaiztakeriatik urruntzen dena larrutua gertatzen da.

Jauna justiziaren alde borrokan

Atsekabetu egin zen Jauna, justiziarik ez zela ikustean; 16 txunditurik zegoen, inork ez zuela ezer egiten ikusiz; orduan, bere ahalmenaz ekin zion, bere justizia euskarri zuelarik. 17 Justizia hartu zuen bularrekotzat, salbamen-indarra buru-oskoltzat; mendekua jantzi zuen soineko, haserre-sumina soingaineko. 18 Bakoitzari merezi duena emango dio ordainetan, bai eta urrutiko herrietakoei ere; mendekua eta haserre-zigorra emango die etsaiei. 19 Haize indartsuak bultzaturiko ibai oldartsua bezala etorriko da Jauna, eta ekialdetik mendebalderaino denek izango diote begirune Jaunari. 20 Baina askatzaile gisa etorriko zaio Sion hiriari, beren errebeldiaz damu diren Jakoben ondorengoei. Jaunak esan du.

21 Jaunak dio: «Hona nik zuekin egiten dudan ituna: zeuengan duzuen nire espiritua eta eman dizuedan mezua ez ditut zuengandik inoiz aldenduko, ez eta zuen seme-alabengandik eta ondorengo guztiengandik ere sekula».

Jerusalem berriaren distira

60. atala

[aldatu]

1 Jaiki, Jerusalem, egizu distira, badator-eta zure argia: Jaunaren aintza zure gain ageri da! 2 Ikus, ilunpetan dago lurra, gau beltzean herriak; zure gain, ordea, Jauna ageri da, haren aintza zure gain nabari. 3 Zure argirantz joko dute herriek, zure egunsenti-distirarantz erregeek.

4 Begira ingurura eta ikus: seme-alaba guztiak zuregana datoz, bildurik: urrutitik datoz zure semeak, besoetan dakartzate zure alabak. 5 Haiek ikusiz, distiratsu jarriko zara, bihotza pozez lehertzeko zorian; zuregana bilduko dituzte urrutiko herrien altxorrak, zuregana ekarriko nazioen ondasunak. 6 Gamelu ugariz beteko zara, Madian eta Efako karabanak etorriko dira, bai eta Sabako guztiak ere, urrea eta intsentsua ekarriz eta Jaunaren egintza goresgarriak hots eginez. 7 Zuretzat bilduko dituzte Kedarko artalde guztiak, zeure zerbitzurako izango dituzu Nebaiot-eko ahariak; Jaunari eskainiko zaizkio bere aldare gainean, berarentzat opari atsegingarri, eta Jaunak are bikainago bihurtuko du beraren ospea agertzen duen tenplua.

8 Zer ari naiz ikusten? Zeruan zehar hodeiak bezala, usategira usoak hegan bezala, 9 itsas ontziak datoz Jaunarengana, Tarsiseko ontziak aurretik direla; zure seme-alabak urrutitik dakartzate, urrez eta zilarrez beterik. Jaunaren, zure Jainkoaren, omenez datoz, ospez jantzi zaituen Israelen Jainko santuaren omenez.

10 Jaunak dio: «Atzerritar jendeak berreraikiko ditu zure harresiak, eta haien erregeak zerbitzari izango dituzu; izan ere, neure haserrean zigortu zintudan arren, neure onginahian gupidatu egin naiz zutaz. 11 Zure ateak zabalik egongo dira beti, gau eta egun itxi gabe, nazioen erregeak beren ondasunekin erreskadan zuregana sarrarazteko. 12 Zerbitzura jarriko ez zaizkizun herri eta erreinuak bertan behera galduko dira, nazioak erabat hondatuko.

13 «Zuregana ekarriko dituzte Libanoko zedro ospetsuak, zipres, zumar eta izeiekin batera, nire santutegia apaintzeko; ospez beteko dut bizi naizen tenplua. 14 Burumakur etorriko zaizkizu zeure zapaltzaileen seme-alabak, zure oinetan ahozpeztuko mesprezatu zintuzten guztiak. <Jaunaren Hiri>, <Israelen Jainko santuaren Sion> deituko dizute.

15 «Bazterturik, gorrotatua eta bakarrik utzia egon bazara ere, gizaldien harrobide egingo zaitut, mende guztien pozgarri. 16 Amak haurtxoa bularrean bezala janarituko zaituzte nazio eta erregeek; orduan jakingo duzu ni, Jauna, naizela zure salbatzailea, ni, Israelen Jainko indartsua, naizela zure askatzailea.

17 «Brontzearen ordez urrea ekarriko dizut, burdinaren ordez zilarra, zuraren ordez brontzea eta harriaren ordez burdina. Bakea jarriko dizut gobernari, justizia zuzendari. 18 Ez da gehiago zure herrialdean gogorkeri hotsik entzungo, ez zure mugetan hondamendi eta triskantzarik izango; <Salbamen> deituko diezu zeure harresiei, <Gorespen> zeure ateei.

19 «Aurrerantzean ez duzu eguzkirik beharko eguna argitzeko, ez eta ilargi-distirarik ere gauez, ni, Jauna, izango bainauzu zeure argi betiko, ni, zeure Jainkoa, distira. 20 Zure eguzkia ez da behin ere jaitsiko, ez eta zure ilargia gordeko ere, ni, Jauna, izango bainauzu zeure argi betiko, eta amaituak izango dira zure negar-egunak. 21 Zure herritarrak zintzo izango dira denak eta lurraldearen jabe bihurtuko betiko: nik ezarritako landare berri, neure ospea agertzeko eginiko obra. 22 Hain gutxi izanik, milaka ugalduko dira; hain kaxkar izanik, nazio handi bihurtuko. Berehala gertaraziko dut nik, Jaun honek, garaia iritsi bezain laster».

Profetaren eginkizuna

61. atala

[aldatu]

1 Jainko Jaunaren espiritua nire gainean dago, Jaunak sagaratu bainau; berak nau bidali behartsuei berriona hots egitera, bihotz-hautsiak sendatzera, gatibuei askatasuna eta kartzelatuei libertatea iragartzera, 2 Jaunak onginahia azalduko duen urtea eta mendekatuko den eguna iragartzera. Siongo atsekabetuak kontsolatzera bidali nau Jaunak: 3 koroa distiratsua emango diet samintasunezko errautsaren ordez, jaietako usain-gozoa dolu-jantziaren ordez, gorespen-kantak etsipenaren ordez.

Jainko-herriaren zoria aldatuko

«Jainko zuzenaren haritz» deituko diete, Jaunak bere ospea agertzeko landaturiko haritz. 4 Antzinako etxe-hondakinak berreraikiko dituzte, aspaldiko horma eroriak jasoko, menderik mende erraustuak zeuden hiri hondatuak berrituko. 5 Atzerriko jendea zerbitzari izango duzue: zuen artaldeak zainduko dituzte, nekazari eta mahastizain izango dituzue. 6 Zuei, berriz, «Jaunaren apaiz» deituko dizuete, «Gure Jainkoaren zerbitzari» esango. Beste nazioen ondasunez gozatuko zarete, haien aberastasunez hornituko.

7 Jaunak dio: «Lotsakizuna ugari eta laidoa jasan behar izan dituztenez, aberastasuna ugari izango dute beren herrialdean eta amaigabeko poza eskuratuko. 8 Nik, Jaun honek, zuzenbidea dut maite, lapurreta eta bidegabekeria gorroto. Leialki emango diet saria eta betiko ituna egingo beraiekin. 9 Haien ondorengoak ospetsu izango dira nazio eta herrien artean; ikusiko dituzten guztiek aitortuko dute nik, Jaun honek, bedeinkaturiko herria direla».

Esker onezko kanta

10 Pozaren pozez nago Jaunarekin, alai dut arima neure Jainkoarekin, bere salbamenez jantzi bainau, garaipenezko soinekoz estali; eztei-koroa janzten duen senargaiaren antzeko naiz, bitxi ederrez apaintzen den andregaiaren antzeko. 11 Lurrak landareak ematen dituen bezala, baratzeak hazia ernearazten duen bezala, halaxe ernearaziko du Jaunak salbamena eta gorespen-kantak altxaraziko nazio guztien aurrean.

Jerusalem berria

62. atala

[aldatu]

1 Sionengatik, ez naiz isilik egongo, Jerusalemengatik, ez naiz geldi egongo, haren garaipena goiz-argia bezala agertu arte, haren salbamenak zuziak bezala distiratu arte. 2 Eta ikusiko dute nazioek zure salbamena, errege guztiek zure ospea. Izen berria emango dizute, Jaunak berak ezarria. 3 Koroa distiratsu izango zara Jaunaren eskuan, errege-diadema zeure Jainkoaren eskuan. 4 Ez dizute deituko gehiago «Hiri zapuztu», ez eta zure lurraldeari ere «Lur hondatu»; zure izena «Ene atsegin» izango da, eta zure lurraldearena «Ene emazte», Jaunak atsegin izango baitzaitu eta zure lurraldea emaztetzat hartuko. 5 Mutilak neskatxa emaztetzat hartzen duen bezala, halaxe hartuko zaitu emaztetzat zeure Egileak; senarra emaztearekin gozatzen den bezala, halaxe gozatuko da Jainkoa zurekin. 6 Zure harresietan, Jerusalem, begiraleak jarri ditut, gau eta egun isildu gabe ari daitezen. Ez hartu atseden, Jaunari bere agintzariak gogorarazten dizkiozuenok! 7 Ez eman atseden Jaunari, harik eta Jerusalem berri dezan arte, lur osoaren miresgarri egin dezan arte.

8 Zin egin du Jaunak, bere eskua, bere beso indartsua altxatuz: «Ez diet sekula zure garia etsaiei janaritzat emango; ez eta zure ardoa ere, zure izerdien fruitua, kanpotarrei edaritzat emango. 9 Garia jaso eta mahatsa bildu dutenek jango dute ogia eta edango ardoa, eta ni, Jauna, goretsiko naute neure tenplu santuko atarian».

Badator zure salbatzailea

10 Irten, irten hiritik kanpora, prestatu bidea herriarentzat! Berdindu, berdindu galtzada, kendu harriak! Jaso bandera herrientzat! 11 Hona zer oihukatzen duen Jaunak lur-bazterretaraino: «Esan Sion hiri ederrari: Hara, badator zure salbatzailea! Berekin dakar garaipen-agiria, berak askaturiko herria». 12 «Herri santu» deituko diete, «Jaunak askatuak». Eta zuri, Jerusalem, «Hiri desiratu» deituko dizute, «Zapuztu gabeko hiri».

Jaunak herriak zigortu

63. atala

[aldatu]

1
-Nor da Botzratik, Edomgo hiriburutik, soinekoa gorriz tindaturik datorren hori, jantzi dotorez, indar-kemenez datorren hori?


-Neu naiz, justiziaz epaitzen dudana, salbatzen ahaltsu naizena.

2
-Zergatik dituzu, bada, jantziak gorri, dolarean mahatsa zapaltzen duenak bezala?

3
-Bai, mahatsa zapaltzen jardun dut, neuk bakarrik jardun ere, beste herrietako inork lagundu gabe. Amorru biziz zapaldu ditut etsaiak, suminez estutu lurraren kontra, eta haien odol-zipriztinez jantziak erabat zikindu zaizkit. 4 Izan ere, heldua zen erabakia nuen eguna, etsaiez mendekatu eta nire herria askatzeko eguna. 5 Begiratu nuen, eta laguntzailerik ez; txunditurik nengoen niri eusteko inor ez zelako. Neure ahalmenak eman dit garaipena, neure sumina izan dut euskarri. 6 Amorru biziz zapaldu ditut herriak, neure sumin-edariz mozkortu eta haien odola lurrean isuri.

Jaunaren ontasuna Israelekin

7 Gogora ditzadan Jaunaren mesedeak, gorets dezadan Jauna, guztiz ona izan baita Israelekin: gupida eta maitasun handiz jokatu du haren alde. 8 Hau zioen Jaunak berekiko: «Neure herria dut, neure seme-alabak: ez didate, ez, huts egingo». Eta onik atera zituen 9 larrialdi guztietatik; ez inolako ordezkari edo mandatarik, berak zituen onik atera. Berak zituen askatu maitasun eta gupidaz; ardura handiz gidatu zituen antzinako garaietan. 10 Baina haiek Jaunaren kontra errebelatu eta haren espiritu santua atsekabetu zuten; horregatik, etsai bihurtu zitzaien eta borroka egin zien. 11 Orduan, antzinako garaiez, Moisesen garaiez, oroitu zen herria: «Non da Jauna, Moises bere artaldearen artzaina uretatik bizirik atera zuena? Non da bere espiritu santua harengan ezarri zuena? 12 Non, bere ahalmen bikainaz, Moisesen eskuinaldean ibili zena eta, betiko izena bereganatzeko, israeldarren aurrean itsasoa zabaldu zuena? 13 Non haiek, zaldiak basamortuan bezala, itsas hondoan zehar ibilarazi zituena? Ez zuten estropezurik egin, 14 ibarrera jaisten den abere-taldearen antzera. Jaunaren espirituak atsedenera eraman zituen».

Halaxe eraman zenuen, Jauna, zeure herria, izen bikaina zeureganatuz horrela.

Laguntza eske erregua

15 Begira, Jauna, zerutik, zeure bizileku santu distiratsu horretatik: Non dira zure maitemina eta indarra? Non zure bihotz samurra eta errukia? Ez bitez egon guregandik urrun! 16 Zeu zara gure aita! Abrahamek ez daki gure berri, Jakobek ere ez gaitu ezagutzen. Zeu zara, Jauna, gure aita, «Gure askatzaile» duzu izena betidanik. 17 Zergatik utzi diguzu zure bideetatik aldentzen, zuri begirunerik ez izateraino gure bihotzak gogortzen? Itzul zakizkigu, zeure zerbitzariongatik, zeure oinordetzat aukeratu dituzun leinuongatik. 18 Bai denbora gutxiko izan dela zure herri santua lurraldearen jabe! Profanatua dute etsaiek zure santutegia. 19 Zuk gobernatuko ez bagintuzu bezala gaude aspalditik, zure izena eramango ez bagenu bezala.

Ai zerua urratu eta jaitsiko bazina! Mendiek dardar egingo lukete zure aurrean.

}}

64. atala

[aldatu]

1 Ai jaitsiko bazina, sastraka erretzen edo urari irakinarazten dion sua bezala! Horrela, zure etsaiek nor zaren jakingo lukete, nazioek zure aurrean dardar egingo, 2 guk uste gabeko gauza ikaragarriak zuk egitean. Zu jaitsi, eta mendiek zure aurrean dardar. 3 Ez da inoiz entzun, ez da inoiz aditu, ez ikusi, zuk ez beste jainkoren batek berarengan itxaron duenaren alde horrelakoak egin dituenik. 4 Bere poza zuzen jokatzean jartzen duenari, zure nahia beti gogoan duenari, bidera ateratzen zatzaizkio.

Bai, haserre zaude bekatu egin dugulako, antzinatik bide galdurik ibili garelako. 5 Kutsaturik gaude guztiok, gure egintzarik onenak ere zapi zikinen antzeko; orbela bezala gaude iharturik eta haizeak bezala garamatzate geure erruek. 6 Inork ez dizu dei egiten, ez eta zuri atxikitzen saiatzen ere, zeure aurpegia ezkutatu baitiguzu, eta geure erruetan murgilduta utzi.

7 Baina zu, Jauna, gure aita zara; gu buztina, eta zu buztinlaria: zeuk eginak gaituzu guztiok! 8 Ez zaitez, Jauna, gehiegi haserre, ez izan beti gogoan gure errua. Begira, zure herria gara guztiok! 9 Zure hiri santuak basamortu bihurturik daude, Sion basamortu, Jerusalem hondamendi. 10 Arbasoek goresten zintuzteneko gure tenplu santu distiratsua suak kiskali du. Maiteen genuena hondaturik dago! 11 Honek guztiak, Jauna, ez al dizu axola? Geldi egon behar al duzu? Amaigabe atsekabetu behar al gaituzu?

Jaunaren epaia: desleialarentzat zigorra, zintzoarentzat zoriona

65. atala

[aldatu]

1 Hau dio Jaunak: «Galdetzen ez zutenei eskaini nien erantzuna; nire bila ez zebiltzanei atera nintzaien bidera; dei egiten ez zidan herriari esan nion: <Hemen naiz, hemen naiz>. 2 Egun osoan luzatuak nituen eskuak bide txarretik, bere nahierara dabilen herri errebeldeagana, 3 aurrez aurre etengabe iraintzen nauen herriarengana: baratze sakratuetan sakrifizioak eskaintzen dituzte eta adreiluzko aldareetan intsentsua erretzen, 4 hilobietan esertzen dira eta gauak haitzuloetan ematen dituzte, beren erritoak eginez; txerrikia jaten dute eta janari kutsatuz eginiko salda-katilukadak hartzen; 5 zera diote: <Kontuz! Ez ukitu niri, sakratu bihurtuko zintuzket eta!> Sudurrean kea bezain mingarri zait hori guztia, egun osoan haserre-sutan jartzen nau. 6 Dena gogoan jasoa daukat, eta ez naiz geldi egongo: bete-beteko ordaina emango diet, 7 beren erruak eta gurasoenak batean ordainduko dituzte. Mendietan intsentsua erretzen baitzuten eta muinoetan niri irain egiten, orain arteko jokabideen kontua atera eta ordain bete-betea emango diet». Jaunak esan du.

8 Hau dio Jaunak: «Mahatsak zuku ona duenean, esan ohi da: <Ez dezagun honda, ardoa ugari dakar eta>. Halaxe jokatuko dut nik ere neure zerbitzarien amoreagatik: ez dut herria erabat hondatuko. 9 Ondorengotza aterako dut Jakob eta Judaren herriengandik, nire mendien jabe izango dena. Nire aukeratuak lurraldearen jabe izango dira, nire zerbitzariak biziko bertan. 10 Niregana joko duen herriak Xaron lautada izango du ardien bazkaleku, Akor harana abelgorrien etzaleku. 11 Baina zuei, ni, Jauna, baztertu eta nire mendi santua ahaztu duzuenoi, Zorion eta Patu izeneko jainkoentzat mahaia prestatu eta kopa bete duzuenoi, 12 zoritxarra emango dizuet: ezpatak hilko zaituzte, denok burua makurtuko duzue eta lepoa moztuko dizuete. Izan ere, nik deitu eta ez zenuten erantzun; nik hitz egin eta zuek jaramonik ez; niri gaizki iruditzen zaidana egin zenuten, nahi ez dudana aukeratu.

13 «Hau diot, beraz, nik, Jainko Jaun honek: Nire zerbitzariek zer jan izango dute, zuek, berriz, gosea; nire zerbitzariek zer edan izango dute, zuek, berriz, egarria; nire zerbitzariak pozik izango dira, zuek, berriz, lotsagorritan; 14 nire zerbitzariek poz-oihu egingo dute bihotza bete zorionez; zuek, berriz, garrasi egingo bihotzeko nahigabez, aiene barruko saminez. 15 Zuen izena aipatuko dute nire aukeratuek norbait madarikatzean, eta esango: <Halaxe hilko ahal zaitu Jainko Jaunak!> Nire zerbitzarien gain, ordea, beste izen bat aipatuko da, guztiz bestelakoa. 16 Herrialdean norbaiti bedeinkazioa opatu nahiko dionak Jainko fidagarri eta leialaren izenean opatuko dio, eta zin egin nahi dutenean Jainko fidagarri eta leialaren izenean egingo dute. Erabat ahaztuko dira iraganeko larrialdiak, nire begi-bistatik ere desagertu egingo».

Kreazio berria

17 Jaunak dio: «Hara, zeru-lur berriak sortuko ditut. Lehengoaz ez da inor oroituko, ez du inork gogora ekarriko. 18 Alderantziz, amaigabeko poza eta alaitasuna izango duzue nik sortuko dudanagatik, poz-hiri bihurtuko baitut Jerusalem, alaitasun-herri bertako jendea. 19 Neu ere alai izango naiz Jerusalemengatik, pozaren pozez neure herriarengatik. Ez da gehiago entzungo bertan negar-hotsik, ez garrasirik. 20 Ez da izango han jaio eta laster hilko denik, ez eta bere adin betera iritsiko ez denik ere, ehun urterekin hiltzea gazterik hiltzea izango baita, eta ehun urtera heltzen ez dena madarikatutzat emango. 21 Etxeak egin eta bertan biziko dira, mahastiak landatu eta fruitua jango; 22 beraiek egindako etxeetan ez da besterik biziko, ez eta beraiek landaturiko mahastien fruitua bestek jango ere. Zeren zuhaitzak bezainbat urte biziko baitira nire herrikoak eta nire aukeratuak baliatuko beren lanaren emaitzaz. 23 Ez dira alferrik nekatuko, ez eta ezbeharrez hiltzeko haurrik ekarriko ere, Jaunak bedeinkaturiko herria baitira, eta halaxe izango beraien ondorengoak ere. 24 Orduan, dei egin baino lehen erantzungo diet, hitz egiten amaitu baino lehen entzungo. 25 Otsoa eta arkumea elkarrekin larratuko dira, lehoiak lastoa jango du, idiaren antzera, eta sugeak hautsa izango janari. Nire mendi santu osoan ez du inork kalterik, ez hondamenik egingo». Jaunak esan du.

66. atala

[aldatu]

1 Hau dio Jaunak: «Neure tronu dut zerua, neure oinaulki lurra. Zer etxe egingo didazue, bada, edo zein toki nire atsedenerako? 2 Neuk eginak dira gauza guztiok, neureak ditut denak. Hala diot nik, Jaunak. Hona norengan ditudan begiak jartzen: atsekabetu eta bihotz-eroriengan, nire hitzari begirune diotenengan.

3 «Zezena oparitan lepo egiten dute, baina bai eta gizakia hiltzen ere; ardia sakrifiziotzat eskaintzen dute, baina bai eta txakurrari lepo-hezurra hausten ere; labore-oparia eskaintzen dute, baina txerri-odola ere bai; intsentsua erretzen, baina bai eta idoloa gurtzen ere. Horiek beren bidea aukeratu dute eta beren idolo higuingarriak dituzte atsegin. 4 Neuk ere beren nahikerien menpe uztea erabaki dut: beldurgarrien zaiena, horixe bidaliko diet. Izan ere, nik deitu eta ez zuen inork erantzun; nik hitz egin, eta inork jaramonik ez; niri gaizki iruditzen zaidana egin zuten, atsegin ez dudana aukeratu».

Herritar gaiztoen zigor-epaia

5 Entzun Jaunaren hitza, haren hitzari begirune diozuenok. Hau diote gorroto dizueten herritarrek, ni naizela-eta baztertzen zaituztetenek: «Ager dezala Jaunak bere aintza, eta ikus dezagula guk zuen poza!» Bada, beraiek geldituko dira lotsagarri. 6 Entzun zarata-hotsa hirian, tenplutik bertatik datorren zarata-hotsa. Jauna da: etsaiei merezitako ordaina ematen ari zaie.

Herria birjaio

7 Erdiminak baino lehen izan du Sionek haurra, oinazeak baino lehen ekarri du umea. 8 Nork entzun du inoiz horrelakorik? Nork ikusi du antzekorik? Egun batean jaiotzen ote da herrialde bat osorik? Bat-batean sortzen ote nazio bat osorik? Sionek, ordea, erdiminak hasi bezain laster izan ditu seme-alabak. 9 Hau dio Jaunak, zure Jainkoak: «Nik, haurrari irtenbidea ematen diodan honek, ez ote nion, bada, jaiotzen utziko? Haurrak jaioarazten ditudan honek, irtetea eragotziko ote nion?»

10 Poz zaitezte Jerusalemekin, alaitu berarengatik, maite duzuen guztiok! Izan orain berarekin zoriontsu, harengatik dolu egin zenutenok! 11 Edan asetzeraino haren bular gozotik! Xurgatu atseginez haren ugatz oparotik! 12 Zeren hau baitio Jaunak: «Ibaika ekarriko diot Jerusalemi zoriona, erreka betean nazioen ondasunak. Amak haurra bezala zainduko zaituztet: bularra eman eta altzoan hartuko eta magalean gozatuko. 13 Amak haurra kontsolatzen duen bezala, halaxe kontsolatuko zaituztet; bai, Jerusalemen kontsolatuko zaituztet».

14 Hau ikustean, pozaren pozez izango duzue bihotza, belar berria bezain heze hezur-mamiak. Horrela erakutsiko die Jaunak ahalmena bere zerbitzariei eta sumina bere etsaiei.

Herrien zigor-epaia

15 Sutan etorriko da Jauna, haize erauntsiaren antzera haren gurdiak; amorruz hustuko du bere haserrea, su eta gar beteko bere mehatxua. 16 Bai, suz eta ezpataz armaturik epaituko ditu Jaunak gizaki guztiak; asko eta asko eroriko dira hilik. 17 Beren zuzendariaren atzetik baratzeetan kultua egitera joateko beren burua sagaratzen eta garbi egiten dutenak, txerri, arratoi eta beste abere kutsatuen okela jaten dutenak, denak batera galduko dira, bai eta beraien egite eta asmoak ere. Jaunak esan du.

Herri guztiak Jerusalemen bilduko

18 Jaunak dio: «Hizkuntza orotako nazioak biltzera etorriko naiz; haiek etorri eta nire ospea ikusiko dute. 19 Ezaugarri bat emango diet: beraien artean bizirik geldituriko batzuk nazioetara bidaliko ditut, Tarsis, Put eta arkulari trebeak dituen Ludera, Tubal, Grezia eta urrutiko herrietara, inoiz nire berri izan ez duten eta inoiz nire ospea ikusi ez duten herrialdeetara. Nire ospea iragarriko dute nazioen artean. 20 Atzerriko nazio guztietatik ekarriko dituzte zuen herritarrak zaldi, gurdi eta ohatiletan, mando nahiz gamelu gainean; niretzat, Jaun honentzat, opari gisa ekarriko dituzte Jerusalemgo nire mendi santuraino, israeldarrek beren opariak ontzi garbietan Jaunaren etxera eraman ohi dituzten bezalaxe. Hala diot nik, Jaunak. 21 Eta beraietako batzuk ere aukeratuko ditut apaiz eta lebitar. Hala diot nik, Jaunak. 22 Nik egingo ditudan zeru-lur berriek tinko iraungo duten bezala, tinko iraungo dute zuen ondorengotzak eta izenak ere. Hala diot nik, Jaunak. 23 Eta ilberri oro eta larunbatero nire aurrean ahozpeztera etorriko dira gizaki guztiak. Hala diot nik, Jaunak. 24 Eta, tenplutik irtetean, nire kontra altxatu zirenen gorpuak ikusiko dituzte: karraskatzen dituen harra ez da hilko, ez eta erretzen dituen sua itzaliko ere; mesprezagarri izango dira gizaki guztientzat».