Amelia Earhart
Amelia Earhart (Atchinson, Kansas, AEB, 1897ko uztailaren 24a – 1937ko uztailaren 2an Ozeano Barean desagertua) hegazkinlaria izan zen, Atlantikoa (1932an) eta Pazifikoa zeharkatu zituen lehen emakumea, hartarako bere hegazkina erabilita. 1937an Lurrari bira ematen saiatu zen, baina bere hegazkina Ozeano Bareko lekuren batean desagertu zen; horregatik zaigu ezezaguna haren heriotza data.
Amelia Earhart | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Atchison, 1897ko uztailaren 24a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Howland Uhartea, 1937ko uztailaren 2an desagertua (41 urte) |
Familia | |
Aita | Edwin Stanton Earhart |
Ama | Amelia Otis |
Ezkontidea(k) | George P. Putnam (1931ko otsailaren 7a - |
Hezkuntza | |
Heziketa | Hyde Park Academy High School (en) 1916) St. Paul Central High School (en) (1915 - 1916) Columbia Unibertsitatea (1919 - 1920) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | hegazkinlaria, oroitzapen-idazlea, bidaia idazlea, kazetaria, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea eta aviation writer (en) |
Parte-hartzailea
| |
Enplegatzailea(k) | Purdue Unibertsitatea |
Jasotako sariak | |
Kidetza | Ninety-Nines (en) |
Mugimendua | first-wave feminism (en) |
ameliaearhart.com | |
Haurtzaroa eta gaztaroa
aldatuAmeliak haurtzaroko denbora gehiena bere amaren aldeko aitona-amonekin igaro zuen. Hauek bizimodu eroso bat eman zioten, aita inoiz lortuko ez zuen lanbide arrakastatsu baten bila zebilen bitartean; aitona Atchinsongo hiritar entzutetsu bat zen eta ez zuen inoiz begi onez ikusi gaitasunik gabe jotzen zuen suhia.
Amelia nortasun kementsu eta geldiezinekoa zen eta "mutilen" ekintzetan ibiltzen zen beti: arbolak eskalatzen, lerarekin mendi malkarrak jaisten, arratoiei tiro egiten… Normalean gizonezkoek egiten zituzten lanetan agertzen ziren emakume famatuen egunkariko artikuluak gordetzea omen zen bere denbora-pasa gustukoena.
1908an ikusi zuen hegazkin bat lehengoz, Iowako azoka batean, bere gurasoekin Des Moinesa joan zenean bizitzera. Zera idatziko zuen gerora: «Herdoiltutako kablez eta egurrez eginiko gauza bat zen, inongo interesik ez zuena».
Familia eta ekonomia arazoak medio (aita alkoholizatu eta lanetik bota zuten), Earhart sendiaren estatusa okertu egin zen eta, 1914an, Amelia bere ama eta arrebarekin Chicagora mugitu beharrean izan zen. Lehenengo Mundu Gerran, berriz, erizaintza lanetarako boluntario eskaini zuen bere burua.
1920an, Earhart familiak berriro elkartzeko aukera izan zuen Kalifornian, eta han hegazkin ikuskizun batera joan ziren Long Beachen. Ikusi zuenarekin liluratuta geratu zen Amelia eta biplano batean ibiltzea lortu zuen, 10 minutu besterik ez baziren izan ere. Horrela kontatu zuen gerora:
- Aireratu bezain pronto, handik aurrera hegan egiten jarraitu beharko nuela jakin nuen.
Amelia hegazkinlaria
aldatuAnita Neta Snook izan zen bere hegazkingintzako lehenengo irakaslea. Garai hartan, Kinner aireplanoaren prototipo bat lortu zuen erostea eta kanario izena jarri zion. Istripu bat edo beste izan zituen harekin, gauza arrunta garai hartan, fidagarritasun urriko motorrak baitziren eta oso geldoak. Bere irakasleak ez zion etorkizun handirik ikusten Ameliari pilotu bezala eta bizitza osoan izan zen uste horretakoa.
1922ko urrian lortu zuen bere lehengo altitudeko errekorra, 14.000 oinetako altueran hegan egin zuenean.
Ameliak, bolada batean, hegazkingintza alboratu eta automobil bat erosi zuen; The Yellow Peril izena jarri zion honi (arrisku horia), eta ama Bostoneraino eraman zuen harekin. Automobila gauza berria zen eta jendea harrituta gerturatzen zitzaion nondik zetozen galdetuz.
1925ean, Aeronautikako Elkarte Nazionalean sartu zen. Bertan, dirua inbertitu zuen lurreratze pista bat eraikitzeko, Kinner hegazkinak saldu zituen eta hegazkingintza sustatu zuen, emakumeen artean bereziki. Gizartean leku bat egiten joan zen eta Boston Globek Ameriketako Estatu Batuetako pilotu hoberenetako bat zela zioen.
Marka eta goraipamen urtea
aldatu1927ko apirilaren 26an, Ameliak bizitza aldatuko zion deia jaso zuen: H.H Railey kapitainak Atlantikoa zeharkatuko zuen lehen emakumea izan nahi zuen galdetu zion; izan ere, George Putnam, New Yorkeko editoreak, galdetu omen zion ea ezagutzen zuen lan horretarako balio zuen emakumerik eta honek Ameliari deitu zion. Railey txundituta zegoen Earhart eta Charles Lindbergh artean zegoen antzekotasunarekin eta Lady Lindy ezizena jarri zion. Putnamek Amelia ezagutu zuenean, ontzat eman zuen eta Ameliak ere onartu egin zuen.
Wilmer Stultz pilotuarekin eta Louis Gordon mekanikariarekin batera, trimotorreko Fokker F.VII-an abiatu zen, Friendship (adiskidetasuna) izena jarri ziotelarik. Amelia bidaiari bezala joan zen bidaia honetan.
1928ko ekainaren 3an aireratu ziren Halifax aldera, Eskozia Berriarantz. Eguraldiak hobera egin arte itxaron zuten eta Europarantz joan ziren. Gales hegoaldeko Berry Pourtera iritsi ziren (oso gasolina gutxirekin) eta ez Irlandara, hasieran planeatu zuten bezala. Ameliak berak onartu zuen lan guztia pilotuena izan zela, baina, iritsi zirenean, kazetariek emakumea goraipatu zuten. Calvin Coolidge presidenteak ere zoriondu zuen.
Bere ospea komunikabideetan zabaltzen joan zen eta hitzaldiak ematen hasi zen Putmani esker. Berak lagundu zion 20 ordu, 40 minutu liburua argitaratzen eta leku guztietara laguntzen zion. Horrela, 1931n ezkondu egin ziren Amelia eta Putman.
Ameliak hegazkingintza bultzatzen jarraitu zuen emakumeen artean eta, 1929an, emakumeentzako aire-lasterketa bat antolatu zuen, The Powder-puff Derby, Los Angelesetik Clevelandera. Laurogeita hemeretziak izeneko erakundea eratu zuen Clevelandeko hotelean, 99 kide izan baitziren bertan eta bera izan zen lehen presidentea.
Denbora aurrera joan ahala, abiadura errekorrak hautsi zituen emakumeen artean. Aldi berean, New York, Filadelfia eta Washington artean airelinea bat ezartzen lagundu zuen.
Garai honetan, Atlantikoa zeharkatzeko grina piztu zitzaion, beste emakume batzuk ere lortu nahian baitzebiltzan. Lindbergen ondoren, inork ez zuen egin bakarkako bidaiarik eta Georgek ere horretara animatzen zuen. Harbour Gracetik Erresuma Batura bidaiatuko zuen bakar-bakarrik. Maiatzaren 20an hasi zuen bidaia, Lockheed Vega eraldatu batean.
Ameliak ez zuen ez kaferik, ez terik hartzen eta, horren ordez, gatzak usaintzen zituen esna mantentzeko. Elikatzeko termoa bete zopa eta tomate zukua besterik ez zuen eraman. Azkenean, iritsi zen, baina ez planeatutako lekura, Irlandara baizik. Hegazkinetik jaisterakoan, gizon bat gerturatu zitzaion eta elkarrizketa motz bat eduki zuten:
- Non nago? —galdetu zuen Earhartek.
- Gallegheren. Urrutitik al zatoz? —gizonak.
- Ameriketako Estatu Batuetatik —erantzun zuen Ameliak.
Bidaia hori egitean, marka berriak ezarri zituen: lehenengo emakumea izan zen Atlantikoa bera bakarrik zeharkatzen, lehengo pertsona hegaldi hori bi aldiz egiten, gelditu gabe egindako hegaldirik luzeena izan zen emakumeen artean eta denbora laburrenean zeharkatu izanaren errekorra ere lortu zuen.
Goraipenak pilatu zitzaizkion. Europan zehar egin zuen tourra; New Yorken ere izan zen; Hoover presidenteak National Geographic Societyren dominarekin kondekoratu zuen eta hiri askotako giltzak eman zizkioten. Urteko emakumerik arrakastatsuena izendatu zuten eta Kongresuak Distinguished Flying Crossekin kondekoratu zuen, lehenengo emakumea izan zelarik hori lortzen.
1934an, Ozeano Barea zeharkatzeko asmoa azaldu zion Georgeri, Hawaitik Kaliforniaraino eta Washingtoneraino gero. Aurretik 10 pilotu saiatu ziren hegaldi horretan eta denak hil ziren saiakeran. 1935eko urtarrilaren 11n, Honolulutik irten zen eta Oaklanden hartu zuen lur jendaurrean. Roosevelt berak zorionak bidali zizkion. Urte horretan bertan, Los Angelesetik Mexiko Hirira joan zen bakarrik eta handik Newarkera.
1935ean, mundua zeharkatzeko bidaia planeatzen hasi zen eta Lockheed Electra 10E aukeratu zuen horretarako. Hegaldi hau lortzen bazuen, marka berriak lortuko zituen: lehenengo emakumea izango zen eta distantziarik handiena egingo zuen ekuadoretik bira ematean. Bere ustez, hori zen falta zitzaion bidaia.
Munduari bira emateko hegaldi tragikoa
aldatuFrederick Noonan aukeratu zuen Ozeano Bareko hegaldirako eta beste bi teknikari ere joan ziren. Lehengo etapa Oaklandetik (Kalifornia) Hawaiira izango zen 1937ko martxoaren 17an. Hala ere, aireratzera zihoazela, arazo batzuk izan zituen hegazkinak, eta aireplanoak kontrola galdu zuen. Aintzat hartzeko kalteak. Tripulanteetako batek Ameliari egotzi zion arazoaren erantzukizuna; Electra Kaliforniara bidali zuten bueltan, konpontzera eta Ameliak beste hegaldi baterako asmoekin jarraitu zuen. Oraingoan ekialderantz joango ziren, eta Noonan eta bera bakarrik joango ziren.
Electra konpondu ondoren, Los Angeles aldera abiatu ziren 1937ko maiatzaren 21ean. Ekainaren 1ean Miamitik irten ziren, San Juanera, Puerto Ricora, Hego Amerika inguratu eta Afrika eta Itsaso Gorrira. Hego Amerika inguruan ibili ondoren, Afrika eta Itsaso Gorrirako bidea hartu zuten. Hortik, Karachira (India) joan ziren eta, ondoren, Kalkutara, ekainaren 17an. Jarraian, Rangoon, Bangkok, Bandoeng eta Singapur izango ziren hurrengo helmugak.
Bandoengen arazo batzuk jaso ziren. Atzerapena eguraldi txarrarengatik eta hegazkinak konponketa batzuen beharra izan zuen. Baina denetan kezkagarriena Amelia gaixotzea izan zen; disenteriak harrapatu zuen. Hala ere, 27an, Australia aldera abiatu ziren.
Ekainaren 29an, Laera (Ginea Berria) iritsi ziren, 22.000 milia eginik eta 7.000 milia egiteko. Han izan zuen Herald Tribunerekin komunikazioa. Argazkietan gaixo agertzen zen eta nekatu itxura zuen. Uztailaren 2an, 0.00 GMT, irten ziren. Uste da abioiak 20 edo 21 ordu iraun zezakeen 1.000 galoi erregai zuela gainean, baina eguraldi beldurgarria izan zen, laino eta euriak noiznahi. Itasca estatubatuar kostazainarekin izan zuen komunikazioa. 7:20 GMT zen eta 20 milia hego mendebaldera zeuden Nukumanu irletatik. 8:00 GMT –ean izan zen azken kontaktua Laerekin, 12.000 oineko altueran zeudelarik, Howland Irlarako bidean. Ez dakigu ezer gehiago. Hemendik aurrera, transmisio oso motzak izan ziren eta mezu labur haiekin ezin izan zen posizioa jakin.
Hala ere, 19:30ean GMT mezu hau jaso zuten:
- KHAQQ Itascara deitzen. Zuen gainean egon behar dugu, baina ezin zaituztegu ikusi. Erregaia agortzear dago...
20:14 GMT ziren kostazainak azken mezua jaso zuenean, beren posizioa azalduz, baina 21:30 GMT inguruan, hegazkina itsasora erorita izango zela pentsatu zuten eta bere bila hasi ziren. Jakin zenez, hegazkina Howland uhartetik 35-100 miliatara eroriko zen, baina ez zuten inoiz ezer aurkitu.
Franklin D. Roosevelt presidenteak 9 barku eta 66 hegazkinek bila hasteko baimena eman zuen, 4 milioi dolar kostatuko zen operazioa. Uztailaren 18 aldera, bilaketa bertan behera geratu zen. George Putnamek laguntza bila jarraitu zuen, baina itxaropenak urriak ziren. Itsasargi bat eraiki zen 1938an Howland uhartean bere omenez.
Amelia bizi zenean, Georgeri eskutitzak bidaltzeko ohitura zuen; haietako batean zera esan zion:
- Mesedez, arriskuaz oso kontziente naizela jakin behar duzu; desiratzen dudalako egiten dut. Emakumeek gauzak egiten saiatu behar dute, gizonezkoak egin duten bezala. Arrakastarik gabeko saiakerak besteentzako erronka izan behar dute.