Nafarroako Kontuen Ganbera
Nafarroako Kontuen Ganbera[1] (gaztelaniaz Cámara de Comptos de Navarra) Nafarroako Foru Erkidegoaren sektore publikoaren kudeaketa ekonomiko eta finantzarioa aztertzen duen erakundea da. Nafarroako Kontuen Ganbera eraikinean kokatzen da.
Nafarroako Kontuen Ganbera | |
---|---|
Datuak | |
Mota | kanpo kontroleko organo autonomikoa |
Herrialdea | Espainia |
Agintea | |
Egoitza nagusi | |
Jabea | Nafarroako Parlamentua |
Espainiako Kontu Auzitegirik zaharrena da.
Historia
aldatu1365eko otsailaren 18an Karlos II.a Nafarroakoak aldarrikatutako ordenantzak sortu zuen[2]. 1274 eta 1328 artean Nafarroako Erresuma Frantziarekin lotura dinastikoa izan zuen eta bertan jadanik gastu publikoa kontrolatzeko erakundeak existitzen ziren.
Erakundea ofizialki eratu baino lehen Nafarroako Erresumak jadanik aditzaile eta Kontuen Maisuak zituen erreinuko finantzen egoera noizean behin kontrolatzeko. Izan ere, lehendabiziko kontuen liburu ezaguna 1258koa da[3]. Karlos II.aren ogasunak gorriak ikusi zituen inguruko erresumekin gerrak eusteko, hori zela eta behin behineko erakundea finkatu eta behin betiko bilakatu zuen.
Lehendabiziko erakunde hori sei lagunek osatzen zuten: lau Aditzaile Orokor, "gizon zintzo eta zuzenak", eta elizgizon bi notario-lanetan aritzeko. Bere aginduak betearazteko Atezaina eta Erreinuko Ofizialak kontratatzen zituzten[4].
Lehendabiziko betebeharrak honakoak izan ziren:
- Erregearen zergariak aditzea, hortik aditzaile izena.
- Erregearen eskubideak kontrolatzea
- Erregearen finantza-kontuetan aholkuak ematea.
Epeka-epeka Kontuen Ganberak beste eginkizun batzuk hartu zituen bere gain, ziur asko lortutako izen ona zela-eta. Horrela, hasieran aditzea eta aholkuak emateari lotu bazizkion ere, laster Ogasun kontuetan auzitegi bihurtu eta Kontuen Ganberaren Auzitegia hartu zuen izena. Bestetik, zerga-bilketaz (epeak eta kopurua), monetaz eta kargu ofizialen zinez arduratu zen.
Bere agiri eta liburuek Artxiboa osatu zuten egun Nafarroako Agiritegi Orokorrean daudenak eta Nafarroako historia zehazki ezagutzeko laguntzen dutenak.
Kontuen Ganberak denbora pasa ahala, bere eskumenen, profesionaltasuna eta independentziagatik, gero eta garrantzi handiagoa lortu zuen Erresumaren egitura politikoan, batez ere gainetik Kontseilua eta Erregea besterik ez zituelako.
1512an Gaztelako Koroak Nafarroako Erresuma konkistatu eta laster hasi ziren Ganbera deuseztatzeko saiakerak, batzuetan erregeordeek bultzatuak eta bestetan Gorteen laguntza zutenak. Garai hartan, Ganberaren kide asko gaztelarrak izan ziren.[5] Iruñeko hiria bezalako aldeko jarraitzaile sutsuari esker, Ganbera martxan jarraitu zuen XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan zehar.
XIX. mendean zentralismoa indartzearekin batera Kontuen Ganbera desagerrarazteko saiakerak ere ugaritu egin ziren. Horrela 1836ko martxoaren 18ko Isabel II.a Espainiakoak ezarritako errege-agindu batek erakundearen deuseztatzea agindu zuen.
1841ko Lege Hitzartuak egoera berretsi zuen.
1980ko urtarrilaren 28an Foru Parlamentuak "Erakundearen Birrezarpenerako Araua" onetsi eta organo tekniko gisa berrezarri zuen Ganbera[6]. Hala ere, 1982an "Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa" onartu eta "de jure" Nafarroak berriro kontuak ikuskatzeko erakundea izan zuen, Karlos II.ak sortutako erakundearen izen bera zuena[2]. Egungo Ganbera Parlamentua du gainean eta 19/1984 Foru Legeak antolatuta dago.
Helburua, eginkizunak eta antolaketa
aldatuHelburua
aldatuGanberaren helburu nagusia Nafarroako Foru Erkidegoaren funtsa publikoak legearen arabera eta gero eta era eraginkorragoa erabil ditzatela da[7]. Horretarako txostenak eta agiriak egiten ditu.
Eginkizunak
aldatu19/1984 Foru Legeak ezarritako eginkizunak bi dira[7]:
- Nafarroako sektore publikoaren kudeaketa ekonomikoa eta kontuak fiskalizatzea:
- Nafarroako Gobernuak urtero aurkezten duen Kontu Orokorrei buruzko txostena egitea[8].
- Nafarroako Udal eta Kontzejuak eta menpean dituen erakundeen kudeaketa ekonomikoa eta kontuei buruzko txostenak ematea[9].
- Kontu Auzitegiari bere txostenak bideratzea, honek funts publikoak gobernatzen dituztenei erantzukizunak eskatzeaz arduratzen delako.
- Parlamentuari aholku ematea ekonomi eta finantza gaietan[10].
Antolaketa
aldatuGanberaren kideak Presidentea, Auditoreak eta Idazkaritza Nagusia dira.
- Presidentea sei urte eperako Nafarroako Parlamentuak aukeratua da[7].
- Auditore edo Kontu Ikuskariak (hiru), oposizio-lehiaketa baten ondorioz aukeratuak, txostenak idaztea eta Presidenteari bideratzea dute eginkizuna.
- Idazkaritza Nagusia, Ganberaren legelarien artean Presidenteak aukeratzen du eta erakundearen aholkularitza juridikoa zuzentzea du betebeharra[7].
Egoitza
aldatuEgoitza Iruñeko Ansoleaga kaleko hamarrean dute, hiriko arkitektura gotiko zibilaren eraikuntza bakarra eta 1868an Kultura Ondasun deklaratua[11].
XIII. mendeko etxea 1524an Karlos V.a Nafarroakoak erosi zuen lehen egoitza finkoa omen ez zelako. Bertan eta 1836an erakundea deuseztatu arte moneta ere egiten zuten.
Ganbera desagertu ondoren, bere artxiboa Nafarroako Agiritegi Orokorrera eraman zuten eta bertan hasieran Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordea, 1919tik aurrera Nafarroako museoa, 1941 eta 1994 artean Vianako Printze Erakundea izan ziren.
1995ean Vianako Printze Erakundeak egoitza berria lortu eta Comptos Ganberak 1524 eta 1836 artean izandako egoitza berreskuratu zuen.
Comptos Artxiboa
aldatuArtxiboak eduki ezberdineko 25.000 dokumentu ditu: udal foruak, tituluak, eskriturak, bulak, itunak, zinak, eta abar, gehienak, Nafarroako Erresumaren barne eta kanpoko harremanekin lotuak.
Gainera Kontuen Ganberak egindako agiri eta txostenak, bai aztertzaile bai Kontu Auzitegi moduan egindakoak.
Artxiboan ere Comptosen Erregistroak (gaztelaniaz: Registros de Comptos) daude, hau da, diruzaina, bost merindadeetako (1407 eta gero sei) atezainak, hiri eta hiriburu nagusietako bailie eta beste ofizial publikoek eramandako kontu-liburuak.
1258 eta 1836 arteko Erregistroak mantentzen dira, bi kapitulutan ordenatuak: diru sarrerak (recepta) eta gastuak (expensa). Gehienak denbora pasa ahala mantendu ziren baina badaude batzuk gai zehatz batzuei buruzkoak direnak.
Beste hiru liburu nagusiak daude:
- Libros de Condenaciones y Penas, non Comptos Ganberaren Auzitegiak emandako epaiak agertzen diren.
- Libros de Tablas Reales, non Nafarroako Erresumako zergak agertzen diren.
- Libros de Mercedes Reales, non Nafarroako erregeak (eta 1512 eta gero Espainiako erregeak emandako noblezia-titulu eta eskubideak agertzen diren.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Comptos Ganbera ageri da erakundearen webgunea ofizialean, baina noizbehinka Nafarroako Kontu Ganbera ere ageri da webgune berean
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «La Cámara de Comptos de Navarra, primer tribunal de cuentas en una comunidad autónoma» El País 1982-09-06.
- ↑ Huici, María Puy. (1988). La Cámara de Comptos de Navarra entre 1328 y 1512. Iruñea: Nafarroako Gobernua ISBN 84-235-0823-4..
- ↑ [1]
- ↑ Serrano Izko, Bixente. Navarra. Las tramas de la Historia. ISBN 84-932845-9-9..
- ↑ (Gaztelaniaz) «La Cámara de Comptos se restablece en Navarra» El País 1980-01-30.
- ↑ a b c d Ley Foral 19/1984, reguladora de la Cámara de Comptos de Navarra
- ↑ Luis Ordoki Urdazi (1997) "La Cámara de Comptos. Institución Fiscalizadora de Fondos Públicos de Navarra" Iruñea: Nafarroako Gobernua
- ↑ Diario Vasco: La Cámara de Comptos dice que Baztan gestiona adecuadamente sus presupuestos (2006-01-26)
- ↑ ABC: El Parlamento foral aborda el polémico informe de la Cámara de Comptos (2006-11-06)
- ↑ www.turismonavarra.es: Comptos Ganbera
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Iruñea |