(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Substantzia (filosofia) - Wikipedia, entziklopedia askea.

Substantzia (filosofia)

Substantzia filosofian honela defini daiteke: berez dena, izateko beste ezeren premiarik ez duena; aldatuz doazen gauzetan, bere horretan aldagabe dirauen hura.

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Descartesen substantzia azaltzen duen bideoa.

Platonek substantzia gauzen izatearekin, esentziarekin, lotzen zuen, eta ideietan edo forma unibertsaletan zegoela uste zuen. Aristotelesek, berriz, substantzia baieztapen lehena, nagusia eta orokorrena dela esaten zuen, subjektuari uztartu gabea eta ezeri loturik ez dagoena. Aristotelesek gizona jartzen zuen substantziaren eredutzat, gizona lehenengo substantzia baita, berez den errealitate eta gauza ororen oinarria, alegia; hala, gizona erreferentzia da beste gauzak neurtzeko, baina bera izate osoa da eta osotasun gisa ezagut daiteke, beste erreferentziaren beharrik gabe.

Descartesek, bere aldetik, substantzia mugatua eta mugagabea bereizi zituen. Substantzia mugagabea izate propioa duena da, izateko beste ezeren premiarik ez duena; hala, berarentzat Jainkoa zen substantzia mugagabe bakarra. Substantzia mugatuak, berriz, izateko Jainkoaren premia dutenak dira. Descartesek bi substantzia mugatu bereizi zituen: espazialitatea edo hedadura (rex extensa) eta kontzientzia edo ezaguera (rex cogitans). Bi substantzia mugatu horiek bereziak eta kontrakoak dira, bata duenak ezin baitu bestea izan. B. Spinozak ez zuen onartu Descartesen bereizketa hori, bere ustean ez baitzegoen substantzia mugaturik; substantzia, haren ustean, izatea zen, printzipio bakarra, hots, Jainkoa, eta Jainkoak ez du sortzen beragandik desberdina den ezer; beraz, izadia oro Jainkoaren adierazpide da. Substantzia, hortaz, bakarra eta mugagabea da.

Ondoren, britainiar filosofo enpirikoek, John Lockek, George Berkeleyk eta David Humek, bereziki, substantzia gizonarentzat ezin ezagutuzkoa dela uste izan zuten, gizonaren izatetik harago dagoenez. Hala, Descartesen dualismora itzuli ziren substantzia mugatua eta mugagabea, baina gizazkiak ezin duela substantzia materiala ezagutu zioten, giza zentzuak beste biderik ez baitu horretarako eta horien bidez gizakiak ezin baitu ez substantzia mugatua ezagutu eta are gutxiago mugagabea, Jainkoa, alegia. Immanuel Kant ideia horren aurka egon zen; Kanten iritziz, substantzia ez da ezin ezagutuzkoa; substantziaren arazoa ulertzeko, pentsamenduaren a priori-ko kategoria gisa hartu behar da, bestela substantzia eta haren atributuak giza sentipenaren ondorio besterik ez baitira. Alabaina, substantzia izate edo entitatetzat hartu beharrean giza pentsamenduaren eta gogoetaren kategoriatzat hartzen bada, orduan filosofoak errazago sailkatu eta antola ditzake atributuak, materiaren tasunak, moduak eta bestelakoak. Kantetik aurrerako filosofoek balio enpirikoa onartzen diote substantziari; ez, ordea, balio metafisikorik.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu