(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Bertsolaritza - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Bertsolaritza

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea

Jon Azpillaga, Koxme Lizaso, Jon Lopategi, Joxe Lizaso, Uztapide, Manuel Lasarte, Jose Joakin Mitxelena, Mattin eta Xalbador bertsolariak, 1970eko hamarkadako saio baten ondoren
Bertsolaritzari buruzko elkarrizketa

Bertsolaritza abestuz, errimatuz eta neurtuz egiten den berbaldi bat da. Ahozko euskal literaturaren adarretako bat da. Bertsolaria jendaurrean bat-batean jarduten duen abeslaria da.[1] Bertsoa gai librean kanta daiteke edo gai-jartzaile batek gaia emanda, bakarrik edo bi bertsolariren edo gehiagoren artean.

Bertsolariak neurri eta hoskidetasun arau zorrotzak bete behar ditu, eta bertso-paperen kasuan salbu, denbora-tarte laburra dauka gaia entzuten duenetik bertsoa pentsatu eta kantuan hasteko.[1]

«Eztabaida dialektikoa» darabilen artearen adierazpide hau mundu osoko kultura askotan agertu da. Gaur egun, besteak beste, badaude Alpujarrako trovo, Ameriketako Hego Konoko payada edota Kubako repentismo direlakoak. Orobat, Asiako tradizioko parte da, antzinako greziar eta erromatar kulturetakoa, eta islamdar Mediterraneoko historiakoa.[2]

« Neurriz eta errimaz

kantatzea hitza
horra hor zer kirol mota
den bertsolaritza

»

Xabier Amuriza[3][4]


XVIII. eta XIX. mendeetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bertsolaritzaren denbora lerroa
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Zer da bertsolaritza?

Nahiz eta lehenagoko aztarnak ere badiren, bertsolaritza XIX. mendetik aurrera garatu zen Euskal Herrian. Ez zen lurralde guztian indar berarekin hedatu, ordea. Gipuzkoako eskualde batzuek eman zituzten bertsolaririk ezagunenak. XIX. mendeko gerra eta gatazka ugariek eskaini zuten bertsotarako gairik. Hori dela eta, frantsesen aurka, karlisten zein liberalen alde eta Kubako independentzia-gerraren berri emanez bertso-paper mordoxka bat iritsi ziren, eta ahoz aho banaka batzuk. Kanta paperen bidez zabaldutako bertsoak oso modan egon ziren, zenbait kasutan gainera, orduko gertaera eta albisteak jakinarazteko modurik herrikoienetako bat ziren.

Mende hartako bertsolari zaharrenen artean Xenpelar errenteriarra da ospetsuena. Haren bertso-sorta askok bizirik diraute euskal kantutegian: Betroiarenak, Pasaiako zezenarenak edo Ia guriak egin du, esaterako. Bat-bateko bertsolari moduan nabarmendu ez baziren ere, Jose Mari Iparragirre eta Bilintxen bertsoak ere aipagarriak dira. Lehenaren Ume eder bat eta Gernikako arbola edo bigarrenaren Behin batian Loiolan eta Loriak udan intza bezela, oso ezagunak dira. Zuberoako Piarres Topet Etxahun barkoxtarra-k bertso sorta ezagunak utzi zituen (Ürx'aphal bat badügü, Maria Solt eta Kastero...) eta Nafarroa Behereko Joanes Otsalde bidarraitarra-k, aldiz, Lurreko ene bizia, Iruñeko ferietan

Maria Luixa Erdozio Etxeberri (1848-1925)

XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran euskal intelektualek bertsolaritza inprobisatua txarto ikusten zuten. Manuel Lekuonak (1894-1987) pentsamendu tradizional hau aldatu zuen, Bergaran, Eusko Ikaskuntzaren V. kongresuan herri poesiari buruz hitz egin zuenean. Adibideak eman zituen, bertsolaritzaren mekanika sistematizatu zuen, dauden generoak sailkatu zituen eta horrela finkaturik utzi zituen bertsolaritzaren azterketa zientifikorako oinarriak.

XIX. mendean aurrera joan ahala, bertsolari asko azaldu ziren Gipuzkoa aldean, Asteasu-Zizurkil eta Donostiatik Oriora bitartean bereziki: famatuenak Juan Jose AlkainUdarregi, Pedro Jose Elizegi Pello Errota eta Pello Mari Otaño ziren. Udarregi, sasoi hartako asko legez, analfabetoa izan arren, adimen oso argikoa zen. Hark asmatu zuen bertsoez oroitzeko marra sistema partikularra. Pello Errotak ospea zor die bere ateraldi azkarrei eta ezten zorrotzari; horregatik, maiz heltzen zitzaizkion zerbaiti buruz bertsoak egiteko eskariak. Pello Mari Otañok ez zuen plazarik plaza ibiltzerik izan, izan ere, Kattarro ezizenaz zen ezaguna ahots gutxitxo zeukalako. Hala ere, besteak baino letratuagoa izaki, paperean ipini zituen bere lan asko. Hartara bertsoek zabalkunde handiagoa izan zuten. Ezagunak dira bere Lagundurikan danoi, Mutil koxkor bat, Zazpiak bat, Ameriketako panpetan etab.[5]

Mariana Etxegarai Baraziart (1873–1939)

Garaiko bertsolari batzuen izenak:

XX. mendearen hasiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dargaitz, Harriet, Iriarte, Txirrita, Saiburu, Etxeberria, Zepai, Txapel eta Uztapide (1936)

Bertsolarien prestigioak apur bat beherantz egin zuen XX. mendearen hasieran. Dena den, herri eta auzoetako jai eta ospakizunik garrantzitsuenetan ez zen bertsoen faltarik izaten eta pasadizo xelebreen kanta paperak zabaltzen jarraitzen zuten. Bertsolariek gizarteko gai gehientsuenei heltzen zieten, gainera: marinelen eta baserritarren bizimodua, langileen borrokak eta grebak, orduko gertaera entzutetsuak (Lehen Mundu Gerra edo 1920 aldera Ipar Afrikan izandakoa) eta abar.

Gerra aurretik bertsolari onak jardun ziren Gipuzkoa eta inguruetan; Usurbil, Hernani, Errenteria, Oiartzun aldean batez ere: Juan Bautista Urkia Gaztelu usurbildarra, Juan Jose Lujanbio Saiburu hernaniarra, Jose Mari Berra Teilleri txiki errenteriarra, Jose Joakin Urbieta Kaskazuri oiartzuarra, Fermin Imatz donostiarra, Errenteriako Zapirain eta Juan eta Pello Zabaleta anaiak, Lezoko Juan Jose Saratsola Lexo eta beste asko. Azkoitia eta Azpeitian ere izan zen bertsolaririk: Juan Mari Juaristi Atano, Juan Mari Zubizarreta Etxeberritxo, Uztarri, Frantzisko Iturzaeta...

Baina garai hartan Euskal Herriko ia bazter guztietan kantatu zuen bertsolaria Jose Manuel Lujanbio Txirrita (1860-1936) izan zen. Hernanin jaio eta hamahiru urterekin Errenteriako Txirrita baserrira aldatu zen gizon honek etorri ikaragarria zuen. Denetan abila zen: bat-batean eta idatziz, gai jostalari nahiz serioetan, bakarrean zein lagun artean. Topiko bihurtu da garai hartako bertsolaritzari “sagardotegiko bertsolaritza” deitzea. Batzuetan txapelketetan ere parte hartzen zuen, baina hau ez zen ohikoena, ez baitzen batere eroso sentitzen giro hartan eta hori bere bertso askotan adierazten zuen.[3] Haren bertso ospetsuetako batzuk dira Neskazar bat tentatzen, Albaiteruen salan, Proportziyo bat, Il da Canovas, Gure munduko bizimodua edo Norteko trenari jarriak.

Bizkaian ez zen Gipuzkoan beste indartu bertsolaritza. Hala ere, ezin da ahaztu Muxikako Enbeitatarren familiak izandako garrantzia. XX. mende hasieran Kepa Enbeita Urretxindorra (1878-1942) izan zen ospetsuena anaia Imanolekin batera. Bere probintziatik kanpora ere sarri ibili zen, beste batzuekin lehian edo baita hauteskunde kanpainetan eta mitinetan jeltzaleen ideiak defendatzen ere. Hein batean puristen euskara "garbia" erabili arren, entzuleengana erraz heltzen zekien. Gerraostean bere seme Balendinek eta hainbat bilobek jarraitu diote familiako bertsolari sagari.

Errepublika garaiko berrikuntzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bertsolariya aldizkaria

Espainiako Bigarren Errepublika etorri baino urtebete lehenago eman zuen bertsolaritzak bere entzutearen hobekuntzarako urrats handia. Esan bezala, pertsona ikasiek bertsoak jende landugabearen huskeriatzat zeuzkaten. Uste hori aldatzeko, erabakigarria izan zen Manuel Lekuona irakasleak Eusko Ikaskuntzaren V. Biltzarrean ahozko literaturari buruz irakurritako hitzaldia, sei urte geroago kaleratuko zuen Literatura oral euskérica liburuaren aurrerapena. Garbi azaldu zuen arlotekeria baino zerbait gehiago zegoela konposizio askotan eta bertsolariaren buruak harrigarriro lan egiten duela ahapaldiak osatzeko orduan. Lekuonak bertsolarien doinu, neurri eta teknikaren xehetasunak erakutsi zituen, zenbait bertso motaren ezaugarriak azaldu eta bertsolaritzaren historiari buruzko hainbat eta hainbat albiste eskaini.

Lekuonaren hitzaldiak izan zituen ondorioak euskaltzaleengan. Horietako bat Donostian Euskaltzaleak eta Eusko Gaztedia erakundeetako Joseba Zubimendi, Aitzol eta bestek antolatutako "Bertsolari-Egunak" izan ziren. Lehena 1935ean ospatu zen Kursaaleko Poxpolinen antzokian, hemeretzi bertsolariren partaidetzarekin. Gehienak gipuzkoarrak ziren, baina baita bizkaitar eta lapurtar batzuk ere. Txirrita, Lexo edo Saiburu bezalako zaharrak, Txapel eta Zabaleta anaien tankerako bertsolari sasoikoak, edota Akilino Izagirre Zepai eta Iñaki Eizmendi Basarri-ren moduko gazteak. Basarri-ri jantzi zioten txapela. Gisa hartan hasi zen bertsolaritzaren aro berri bat.

Hurrengo urtean ere Donostian bildu ziren bertsolariak (Victoria Eugenia antzokian), aldez aurretik eskualdeka hiru kanporaketa egin eta gero. Bizkaitar eta lapurtarrik ez zen oraingoan azaldu, baina bai Nafarroa Garaiko zein Behereko bertsolariak. Aurkezle lanetan aritu zen Basarriren aginduetara hamar partaide lehiatu ziren. Handik hilabete gutxira hilko zen Txirritak irabazi zuen bigarren txapel hau; hartara, berandu samar bazen ere, inoizko bertsolaririk onenetako bati omenaldia egin zioten. Baina ondorengo belaunaldia ere ziurtatua geratu zen, bigarren eta hirugarren postuak Manuel Olaitzola Uztapide-k eta Zepai-k eskuratu baitzituzten. Ez zekiten ondo hurrengo hamarkadetan zein baldintza eskasetan kantatu beharko zuten, 1940 eta 1960 artean bereziki, Espainiako Gerra Zibilaren irabazleek ezarritako erregimen politiko bortitzaren ondorioz.

Juan Jose Makatzaga (1887-1963) altzarraren lana ere aipagarria da, bertsolaria izan ez bazen ere. Inprimatzailea zen, lehenik Ordizian eta 1926tik aurrera Errenterian. Kanta paperez gain, "bertso-berri"-z osatutako sortak ere kaleratu zituen. Garaiko bertsolari askoren lanak bere kabuz inprimarazi zituen, jatorrizko testua errespetatuz. Bere bilduma batzuk: Xenpelar'en bertsuak, Bilintx'en bertsuak, Txirrita'ren testamentua edo Euskal Erriko kanta zarrak, hiru tomo txikitan banatua. Gainera, 1931-1932 bitartean hiru orriko bertso aldizkaria argitaratu zuen astero, Bertsolariya izenekoa. Bertsolariya-k autore zahar eta berrien bertsoak zekartzan, Hego Euskal Herrikoak gehienbat, baina Ipar Euskal Herrikoak ere bai. Azkenean, 330 orrialdeko liburu bilakatu zen.

2014ko abenduaren 10ean, lau andrek 1816an egindako bertsoak aurkitu zituzten.[4]

Isiltasun aldia: (1936-1945)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sentimentu asko dauzkat nerekin
orain kontatu beharrak
ez dakit nola zuzenduko ‘iran
egin dituzten okerrak,
pazientzitik ez naiz atera
Jaungoikoari eskerrak;
leku askotan jarri dituzte
tristura eta negarrak,
lehen hamar lagun ginan etxean
ta orain hiru bakarrak.

1936ko Gerraren ondoren, gerraostea iritsi zen. Frankistek Euskal Herria “traidore” deklaratu zuten.[5] Aldi haren funtsa Juan Kruz Zapirainen bertso honen isiltasun deiadartsuan islatzen da:

Erresistentziako bertsolaritza: (1960-1979)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltzaindiak lan handia egin zuen Euskal Herriko bazter guztietan bertsolari bila, publikoan jardun zezaten animatuz eta probintzia mailako txapelketak antolatuz, gero onenen artean Euskal Herriko Txapelduna erabakitzeko.[3] Ahalegin horien emaitza da 1960ko bertsolari txapelketa, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren III. edizioa izan zen, 1935tik ez baizen ospatzen, gerra zela eta.[3] Aurrena probintzia mailako txapelketak egin ziren, eta txapelketa nagusia Basarrik irabazi zuen. Hurrengo txapelketan (1962) Uztapide izan zen txapeldun. Honekin erlazionatutako polemika baten ondoren Basarrik ez zuen gehiago parte hartu eta Uztapidek irabazi zituen 1965eko eta 1967ko txapelketak ere.[3]

1986ko Bertsolari Txapelketa Nagusian zazpi finalistaː Jon Enbeita, Anjel Mari Peñagarikano, Iñaki Murua, Jon Lopategi Xabier Amuriza, Sebastian Lizaso, eta Andoni Egaña. Jon Sarasua falta da, aurrean kantatzen zegoen une horretan. Lizaso izango zen txapelduna urte hartan.

Neurri erabilienak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bertso neurri desberdinak

Bertsoetan gehien erabiltzen diren neurriak sei hauek dira: zortziko txikia (4 puntuko txikia), zortziko handia (4 puntuko handia), hamarreko txikia (5 puntuko txikia), hamarreko handia (5 puntuko handia), kopla txikia (2 puntuko txikia) eta kopla handia (2 puntuko handia).[6] Eta horien artean zortzikoak izaten dira erabilienak.[7]

Bertso-neurri erabilienak[6]
Neurri txikia Neurri handia
8 lerro
4 puntu
Zortziko txikia (4 puntuko txikia) Zortziko handia (4 puntuko handia)
10 lerro
5 puntu
Hamarreko txikia (5 puntuko txikia) Hamarreko handia (5 puntuko handia)
4 lerro
2 puntu
(kopla)
Kopla txikia (2 puntuko txikia) Kopla handia (2 puntuko handia)


Hona hemen adibide batzuk:

Bertso-neurri erabilienak
Neurri txikia Neurri handia
8 lerro

4 puntu

Zortziko txikia (4 puntuko txikia)
Maritxu nora zoaz? ..(7)
eder galant hori ......(6a)
Iturrira, Bartolo, ......(7)
nahi baduzu etorri ..(6a)
Iturrian zer dago? ...(7)
Ardotxo txuria ........(6a)
Biok edango dugu ...(7)
nahi dugun guztia ...(6a)
Zortziko handia (4 puntuko handia)
Ume eder bat ikusi nuen .........(10)
Donostiako kalean, ................. (8a)
hitz erditxo bat hari esan gabe (10)
nola pasatu parean? ............... (8a)
Gorputza zuen liraina eta ........(10)
oinak zebiltzan aidean .............(8a)
Politagorik ez det ikusi ............(10)
nere begien aurrean ................(8a)
10 lerro

5 puntu

Hamarreko txikia (5 puntuko txikia)
Mando baten gainean (7)
Domingo Kanpaña .....(6a)
ez zihoak hutsikan .....(7)
mando horren gaina. .(6a)
Azpian dihoana ..........(7)
mandoa dek baina, ....(6a)
gainekoa ere badek ...(7)
azpikoa haina ............(6a)
mando baten gainean (7)
bestea alajaina. .........(6a)
Hamarreko handia (5 puntuko handia)
Zazpi mendeko gauean gaude (10)
Gure lore eta sasi ................... (8a)
Irrintzi oihu,ele eta ulu ............(10)
Marmario eta garrasi .............. (8a)
Haize, enbata, brisa, galerna ..(10)
Gaur garbi bihar nahasi ..........(8a)
Xake taularen zuri beltzetan ..,(10)
Arrats gozo egun gazi .............(8a)
Ai itsasorik ez bageneuka .......(10)
Zeri so negarrez hasi ..............(8a)
4 lerro

2 puntu
(kopla)

Kopla txikia (2 puntuko txikia)
Ama begira zazu .....(7)
leihotik plazara: ......(6a)
ni bezalakorikan ......(7)
plazan bai ote dan? .(6a)
.
Plazan bai ote dan?
Lai lara lai tra la
Kopla handia (2 puntuko handia)
Axuri beltza ona duk, baina .....(10)
txuria berriz hobea ...................(8a)
dantzan ikasi nahi duen horrek.(10)
nere oinetara begira ................(8a)
.
.
.

Orokorrean, bertsoak sortzeko hainbat neurri edo eredu erabil daiteke. Adibidez, bertso bilaketak egiteko, Bertsolaritzaren Datu Basean 30etik gora bertso-neurri posible desberdin eskaintzen dira.[8]

Gaur egungo bertsolaritza eta bertsolariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, era askotako saio motei esker denen gusturako dago. Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusiak 14.000 pertsona elkartzen ditu finalean. 1990ean 419 bertso saio izan ziren eta 290 bertsolari zeuden.[5] 2015ean 1764 bertso saio egin ziren, eta bertsolari kopurua 859ra emendatua zen, ordurako. Horrek erakusten du bertsolaritzaren garrantzia ezinbestekoa dela euskal kulturan, Bertsozale Elkartearen arabera.[9]

Gaur egun, bertso saioak hedabideen bitartez partekatzen dira, eta bertso saio asko Internetetik ikus daitezke. Jende multzo zabalagoa hunkitzen du horrela.[5] Halaber, bertso eskola berrien sortzeak eta handitzeak erakusten du sozializazio fase batean dagoela.

Bat-bateko lan egiten dute hori bertso-saioetan, bertso-afarietan, bertso-kantaldi edo bertso txapelketetan. Gehienetan euskal kulturari, historiari, mugimenduei eta aktualitateari egiten diete erreferentzia. Bertso batek testuingurua eta pasatako gertakariak kontuan hartzen ditu.

Bertso-eskolak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bertso-eskolen kopurua Euskal Herriko probintzia bakoitzean.

Bertso-eskoletan bertsoak sortzen irakasten da, bat-batekoak edo bertso-paperak. Bertsolaritzaren transmisioa belaunaldiz belaunaldi izan zen XX.[6] mende bukaerara arte. 80ko hamarkadan bertsolaritza irakasteko lehen metodo didaktikoak argitaratu ziren, Xabier Amurizak eta Juanito Dorronsorok idatzitako liburuetan. Metodo didaktiko hauekin batera bertso-eskolen mugimendua hasi zen. Bertsolaritza gune urbanoetara zabaldu zen.[6] Gaur egungo bertsolaritzaren atal garrantzitsu bat dira bertso-eskolak, belaunaldi berriko bertsolari gehienak bertso-eskoletatik datozelako. Bertso-eskolak sortu zirenetik hainbat topaketa antolatu dira, egitura antolatzeko, lanerako materiala partekatzeko eta berria sortzeko, datuak biltzeko… Horrez gain Eskolarteko Bertso Txapelketak eta bertso uda-lekuak ere antolatzen dira.[6] Euskal Herrian, zazpi probintzietan, 130 bertso-eskola inguru daude.[7]

Bertsoen errimak

Emakumeak bertsolaritzan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Maialen Lujanbio, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian garaile

Bertsolaritza gehienetan gizonen kontu bat izan da, plazetan, tabernetan eta hainbat saiotan. Baina horrek ez du erran nahi ez dela bertsolari emakumerik izan.[8] Ez ziren agerian agertzen, modu ezkutuan egiten zuten gizarte kodeen debekuengatik.[8]

Orain arte aurkitu den emakumeen lehen parte hartzea ahozko literaturan XV. mendean izan zen. Garai haietan eresiak egiten zituzten.[9] Ezkontzetan edo ehorzketetan emakumeek kantatzen zituzten abestiak ziren. Pertsonen historia kontatzen zuten. Horrez gain, bertso haietan gizartearen kritika ere egiten zuten. Horren ondorioz garai hartako botereak ohitura zahar hori gelditu zuen edo hein batean isilarazi egin zituen.

Garaiko emakume bertsolari batzuk:

Pixkanaka pixkanaka bertso mundura itzuli ziren gai-emaile moduan, gai-sortzaile moduan eta epaile moduan. Hori izan zen azken urratsa emakumeak bertsotan hasi arte. Horrek ez du erran nahi denbora tarte luze horretan ez dela emakume bertsolaririk izan.[8]

Gai jartzaile:

Bertsolariak:

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.


Gaur egun normalizatu egin da. 1980ko hamarkadan Kristina Mardaras eta Arantzazu Loidi izan ziren plazan aritu ziren lehen emakume bertsolariak. 1980ko hamarkadatik goiti bertso eskoletan nesken emendatze bat sentitu da, honen adibide dira Estitxu Arozena, Nafarroako Bertsolari Txapelketa hainbat aldiz irabazi zuena, eta Oihane Perea, Arabako Bertsolari Txapelketan lau alditan txapeldun izan dena. Onintza Enbeitak Bizkaiko txapelketa irabazi zuen 2018an. Euskal Herriko 2009ko eta 2017ko bertso txapelketa nagusian, Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela. Hura izan zen Euskal Herriko Txapela jantzi zuen lehen emakumea. Hauxe erran zuen 2009an: "Kosta egiten da emakumeen lorpenak aitortzea, eta txapela irabaztea, sinbolikoki, pauso bat da”.10] Gaur egungo belaunaldiko emakume gazteek leku garrantzitsua dute txapelketetan, besteak beste, Miren Amuriza, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Nerea Ibartzabal, Onintza Enbeita… Horiek denek hartu dute parte Bertsolari Txapelketa Nagusian.[10]

Bi probintziatan, bertsozale elkartearen lehendakariak emakumeak dira: Nafarroan Alaitz Rekondo eta Gipuzkoan Saroi Jauregi.[10] Joana Itzaina izan zen Iparraldean, 2010tik 2017ra.

Jendaurreko saioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutxienez bi eta gehienez zortzi bertsolariren arteko saioak dira. Hainbat formatu daude, herrietan egiten diren plaza saioak, pilota lekuetako saioak, bertso-afariak…[11]

Gasteizen egindako bertso saioa 2019an.

Sariketa eta txapelketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txapelketa formatuan egiten diren saioak dira. Epaimahai batek puntuen bitartez sariak banatzen ditu. Ezagunena: Euskal Herriko Txapelketa Nagusia.[11]

Txapelketa ezagunenak:

Horietaz gain, badira maila txikiagoko txapelketak, bertsolari gazteen artean estimatuak direnak.

Inprobisazioa munduan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mexikon Huapangoko menditarra edo “konposizio menditarra” egiten dute. Poesia eta dantza nahasten ditu. Hamarreko bost ahapaldiz edo gehiagoz osatzen den poesia da. Lau bertso-lerroko oinarria du.[11]

Georgian _airi edo kopla, 8 edo 16 silabako bertso-lerro errimatuak dituen forma tradizionala da. Gai orokorrak jorratzen ditu.[11]

K’apia kopla inprobisatuek, gai satirikoak, umoretsuak eta amodiozkoak jorratzen dituzte. Inprobisatua izaten da beti, bakarrizketa izan daiteke edo bi aurkariren arteko ika-mikan oinarrituta dagoen elkarrizketa.[11]

Marokon Amazigh-a erabiltzen dute haien poesia egiteko. Poeta gazteek arbasoek sortutako poema eta kantu guztiak ikasi behar dituzte, ogibidea ongi ikasteko. Ezaugarririk garrantzitsuena inprobisazioa da, inprobisatzen ez duen poeta ez da hoberenen artean egongo.[11]

Kurdistanen “Lawje” (“kelam” arabieraz) elezaharrak, ipuinak, eta istorioak doinuarekin elkartzean sortzen da, musika-tresnak erabili gabe.[11] “Dengbeg” kantatzen duen profesionala, margolari edo beste edozein artista bezain profesionala da. Heroismoa, izadia eta maitasuna dira gehien lantzen diren gaiak.[11]

Bertsolari ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bertsolari baten ilustrazioa.
Sakontzeko, irakurri: «Bertsolari garaikideen zerrenda»

Bertsozale Elkartea erakunde nagusia da, nazio eremukoa, bertso-eskolak nolabait koordinatzen dituena eta txapelketak antolatzen dituena, besteak beste.

Antonio Zabala fraide tolosarrak lan handia egin zuen bertsolaritza ikertu eta aztertzen. Arlo horretan ia 40 liburu argitaratu ditu, eta inoizko ikerle garrantzitsuenetako bat da.

Ondare izendapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022an, Frantziako Kultura Ministerioak kultura ondare ukiezin izendatu zuen Nafarroako Gobernuak ere 2018an eman zion bertsolaritzari ondare inmaterialaren aitortza, legez Nafarroako lurraldean jaso lezakeen babes mailarik handiena emanez.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionez, Bertsozale Elkarteak dagokion eskaera egina dio Eusko Jaurlaritzari Erkidegoan ere Bertsolaritzak kultur-ondare inmaterialaren aitortza izan dezan[12].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Ahozko euskal literaturaren antologia = Antología de literatura oral vasca. Etxepare Euskal Institutua D.L. 2013 ISBN 9788469566923. PMC 881218648. (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
  2. R. Fernández Manzano eta beste: El trovo de la Alpujarra. Centro de Documentación Musical de Andalucía argitaletxea, 1992, 27. orrialdea.
  3. Karrera Ugarte, Oskia. (2020). Bertsoak argazkitan. , 40 or. ISBN 9788409-25368-5..
  4. Karrera Ugarte, Oskia 1969-. (L.G. 2020). Bertsoak argazkitan / [argazkiak Oskia Karrera ; azken mendeetako 75 bertso nagusiki Aintzane Irazustak hautatuak ; hitzaurreak Xabier Amuriza eta Alaia Martin ; [Xalbador...(et al.)]. ] Oskia Karrera Ugarte, ISBN 978-84-09-25368-5. (Noiz kontsultatua: 2024-01-06).
  5. a b c d 1953-, Garzia, Joxerra,. ([2012]). Bertsolaritza : euskarazko bat-bateko bertsogintzaren gaur egungo egoera, tradizioa eta etorkizuna = El bertsolarismo : realidad, tradición y futuro de la improvisación oral vasca = Bertsolaritza : the reality, tyradition and future of Basque orsl improvisation. Etxepare Euskal Institutua = Instituto Vasco Etxepare ISBN 9788461497638. PMC 857339605. (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
  6. a b Mendizabal, Mikel; Kazabon, Antton. (1993). Txikitik handira. Gipuzkoako Ikastolen Elkartea (GIE) ISBN 84-7703-040-5. PMC 247599958. (Noiz kontsultatua: 2022-12-17).
  7. «Zortziko handia eta Zortziko txikia» EKE (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  8. Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Doinutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).
  9. Bertsozale Elkartea. .
  10. «Emaztea bertsularitzan — Euskal kultur erakundea» www.eke.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
  11. a b Inprobisazioa munduan : Kulturarteko Topaketak 2003, txostenak. (1. argit. argitaraldia) Bertsolari Liburuak 2004 ISBN 8495697092. PMC 433837729. (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
  12. «Bertsularitza kultura-ondare immaterial izendatu du Frantziako Kultura Ministerioak» bertsoa.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-13).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]