Eskiula
Eskiula | |
---|---|
Zuberoa, Euskal Herria | |
Eskiulako eliza. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Lurraldea | Zuberoa |
Eskualdea | Akitania |
Administrazioa | |
Estatua | Frantzia |
Eskualdea | Akitania Berria |
Departamendua | Pirinio Atlantikoak |
Elkargoa | Euskal Hirigune Elkargoa |
Barrutia | Oloroe-Donamaria |
Kantonamendua | Oloroe-Donamaria-1 |
Izen ofiziala | Esquiule |
Auzapeza | Jean Bedecarrax (2008-2014) |
Posta kodea | 64400 |
INSEE kodea | 64217 |
Herritarra | eskiulatar |
Ezizena | bahanka biltzailiak eta serora bühürtekariak |
Geografia | |
Azalera | 28.58 |
Garaiera | 198 |
Demografia | |
Biztanleria | 537 (2018: −2) |
Dentsitatea | 18,86 biztanle/km² |
Zahartzea[1] | % 18,67 |
Ugalkortasuna[1] | ‰ 63,28 |
Ekonomia | |
Jarduera[1] | % 72,44 (2011) |
Desberdintasuna[1] | % 7,82 (2011) |
Langabezia[1] | % 5,37 (2013) |
Euskara | |
Euskaldunak | % 62,85 (2010) |
Erabilera | % 31,09 (2011) |
Datu gehigarriak | |
Sorrera | XV. mendea. urtea |
Eskiula ([es̺kiula]) Bearnoko udalerri euskalduna da[2][3], nahiz eta hainbatetan Zuberoako udalerrien barruan sailkatzen den, batik bat bertan euskaraz mintzatzen delako. Zuberoako lurraldetzat hartzen denean, Basabürüa eskualdean kokatzen da.
Udalerriaren frantsesezko izena —eta ofiziala— Esquiule da, eta okzitanierazkoa, Esquiula.
2008tik alkatea Jean Bedecarrax jauna da. Herri horretako bizilagunei ipini zaizkien ezizenak "bahanka biltzailiak", "karakoil biltzailiak"[4] eta "serora bühürtekariak" dira[5].
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Topografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udalerriko gunerik baxuenak 190 m ditu; Joos ibaiaren ertzean dago, herri kaskoaren iparraldean.
Punturik garaiena Kanbillu mendia (660 m) da. Udalerriaren hego-mendebaldean dago; bere tontorretik mendebaldean Bartabürü ibarra dago, hegoaldean zein ekialdean Narbe eta ipar-ekialderantz jota mendiak berak izena ematen dion auzotik pasatuta Hegilla edo herri barnera jaisten da. Hiru auzo horiek 200-300 metroko altueran daude. Mendia Pierre Topet Etxahun koblakari ezagunaren bertso batean agertzen da, Ahargo eta Kanbillu[6]; Barkoxe herria bi mendi haien artean dago, lehena Barkoxeko lurretan eta bigarrena Eskiulakoetan.
Kanbilluren nagusitasunaz gain muino ugari dago Eskiulan; mendia eta herriaren artean dagoen muinoetako batean Khoxü-gaina izeneko gaztelu zahar motako aztarnategi protohistorikoa dago.
Hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barkoxe bezala, udalerriko lurrak ez daude Zuberoako ardatz Uhaitzandiko arroan, Oloroeko uhaitzera doazen zenbait ibaiadarri dagokielako[7]:
- Joosek Barkoxerekiko muga osoa eta Jeruntzerekiko ia osoa markatzen du[8].
- Haren ibaiadarren artean Josset, Buhate eta Kanbilluko errekak daude.
- Vertek ekialdeko muga markatzen du, Momor herri biarnesarekikoa[9].
- Litosak, Verten ibaiadarrik luzeenak, Baretoseko herriekiko mugen zatirik handiena (Aramitze partzialki, Arhantze eta Inhasi osorik) markatzen du. Gorria errekak bertan isurtzen ditu bere urak.
Udalerri mugakideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Iparraldean: Jeruntze eta Aurin.
- Ipar-ekialdean: Moumour.
- Ekialdean: Inhasi eta Oloroe-Donamaria.
- Mendebaldean: Barkoxe (Zuberoa).
- Hegoaldean: Arhantze eta Aramitze.
Auzoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udalerria auzo batzuetan banatu ohi da; Hegilla izan ezik, denak oso sakabanatuak dira[10].
- Berbila (fr. Bervielle); ekialdeko muturrean, okzitaniera hiztuna den bakarra.
- Barrena: Hegilla eta Berbilaren artean.
- Landa Sohüta: Hegillatik iparraldera, Jeruntze eta Momorrekin mugan.
- Hegilla: herri kaskoa.
- Kanbillu: izen bereko mendiaren ipar eta ipar-ekialdeko magaletan.
- Oskabi: Hegillatik ipar-mendebaldera, Eskiulak Barkoxe eta Jeruntzerekin bat egiten duen esparruan.
- Bartabürü: Barkoxeren mugakidea den ibarra, mendebaldean.
- Narbe: Baretoseko mugan barreiatutako ibarra, hego eta hego-ekialdean.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskiula Zuberoako udalerrien barnean kokatu ohi da batzuetan; besteetan, berriz, Bearno barnean[3], ofizialki bearnotar udalerria baita. Udalerria sorrera erlatiboki berrikoa da, XV. mende erdialdekoa, hain zuzen ere. Herria Bearnoko lurretan sortu zen, baina biztanleak euskaldunak ziren. Eskiulan, horren ondorioz, euskara izan da nagusi. Erregimen zaharrean zehar, horrela, Eskiula Oloroeko administrazioaren parte izan zen; eta 1790eko berrantolaketa arte Aramitzeko kantonamendukoa zen. 1796ko urtarrilaren 23an biztanleek Barkoxeko euskal kantonamenduarekin bat egiteko eskatu zuten, erreferendum bidez, baina eskaerari ez zitzaion jaramonik egin [11]. Hori dela eta, 1816 inguruan Eskiula Oloroe-Donamariako kantonamenduan sartu zen[12]. Hori dela eta, Eskiula euskal kulturadun baina Bearnoko lurretako udalerria bilakatu zen. Abeltzaintzari dagokionez, bestalde, Eskiula ez da Zuberoako lur sindikatuko kide, baina 1456an eta 1652an Zuberoako lurren erabilpenerako akordioak sinatu zituen udalerriak [13].
Udaletxean, Frantziako banderarekin batera, ikurrina jarrita dago.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendearen erdialdean goia jo zuen Eskiulako populazioak, 1.400 biztanle izatera iritsi zenean. Hurrengo hamarkadetan gainbehera iritsi zen, eta XX. mendearen amaierarako 500 biztanle besterik ez zituen. XXI. mendeko lehen hamarkadetan, biztableriak berriro goranzko joera hartu zuen.
Eskiulako biztanleria |
---|
Datuen iturburua: INSEE |
Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herri elkargoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Oloroe aldeko Herri Elkargoan dago, kantonamendu osoa bezala.
- Aldiz, Ipar Euskal Herri eta Zuberoako zenbait egituratan parte hartzen du: euskal kulturaren aldeko Herriarteko sindikata eta uraren kudeaketaren gaineko Zuberoako AEP (Syndicat d'adduction d'eau potable de la Soule) sindikata.
Auzapezak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Auzapezak | Agintaldia |
---|---|
Joseph Murcuillat | 1790-1791 |
Pierre Andère-Hagolabustan | 1791-1792 |
Pierre Lepphaille | 1792-1805 |
Jean Pierre Castillon | 1805-1812 |
Joseph Poutchoue | 1812-1813 |
Martin Castège | 1813-1815 |
Jean Pierre Castillon | 1815-1831 |
Jean Pierre Quintaburu | 1831-1837 |
Alexis Castéjurry | 1837-1848 |
Simon Etchanchu Espelet | 1848-1871 |
Pierre Narbéburu | 1871-1876 |
Pierre Legris | 1876-1881 |
Jean Etchégorry | 1881-1892 |
Pierre Narbéburu | 1892-1896 |
Simon Augé Eyheralt | 1896-1901 |
Pierre Berho | 1901-1904 |
Thomas Solougaray | 1904-1925 |
Pierre Etchart Bichar | 1925-1945 |
Armand Berdot | 1945-1949 |
Albert Lepphaille | 1949-1959 |
André Orgambide | 1959-1969 |
Jean-Pierre Rousseu | 1969-1983 |
Jean Berdot | 1983-1995 |
Laurent Chabalgoity | 1995-2014 |
Jean Bedecarrax | 2008-2020 |
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskiulako[17] herritar gehienak euskaraz mintzatzen dira, zubereraz, hain zuzen[3]. Horrez gain, frantsesa oso hedatuta dago, eta bearnes hiztunak ere badira[18].
Mitologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udalerriko lurretan Kanbellu mendia dago, zenbait kontakizun mitologikoren kokalekua.
Kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrian bi pala txapelketa antolatzen dira urtero: bata buruz burukoa, eta bestea binakakoa. Binakakoa martxotik uztailera izaten da, eta buruz burukoa, berriz, uztail-abuztuetan.
Jaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskiulako bestak abuztuaren amaiera aldera ospatzen dira, kantu, dantza, kontzertu eta abarreko programarekin. Eliza bestak, aldiz, abenduaren erdi inguruan dira.
Maskarada eta pastoralak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herria oso aktiboa izan da eta da Zuberoan antolatzen diren herri-antzerkien arloan. Eskiulak antolatu dituen azken maskaradak 1983, 1992 eta 2002an izan ziren.
Pastoralak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dokumentatuta daudenen artean, hauek izan dira herriak taularatutako pastoralak[19]:
- 1750: Sainte Isabelle du Portugal.
- 1827: Jerusalem.
- 1835: Karlomagno.
- 1912: Napoleon.
- 1924: Bonaparte.
- 1955: Matalaz. Etxahun-Irurik idatzia.
- 2000: Madalena Jauregiberri. Pier Paul Berzaitzek idatzia. Süjeta: Mixu Etxeberrigarai. Arizale guztiak andrazkoak izan ziren.
Eskiulatar ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jean Larrasket (1885-1953), euskalaria, euskaltzain urgazlea.
- Martxel Tillous (1934-2009), apaiza, Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko euskaldunen kapilaua.
- Pierre Rousseu "Latxikana" (1941- ), kantaria eta kantu-egilea.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ 92. araua - Zuberoako herri izendegia. Hala zehaztu du Akademiak: "Eskiula sartu dugu zerrendan, nahiz eta herri hori Zuberoatik kanpo dagoen." Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-28).
- ↑ a b c Eskiula. Harluxet hiztegi entziklopedikoa (Noiz kontsultatua: 2010-12-28).
- ↑ Julien Vinson euskalaria eta Iparraldeko herriei buruzko erran zaharrak (II)[Betiko hautsitako esteka], Joseba Aurkenerena, Kazeta.info, 2010eko urtarrilaren 4a. "Bahanka" = barea.
- ↑ Ziberoko herrien epixtola[Betiko hautsitako esteka], Bertso eta olerkien hemeroteka.
- ↑ Ahargo eta Kanbillu Klasikoen gordailuan.
- ↑ Eskiula Sandre webgune ofizialean.
- ↑ Joos Sandren.
- ↑ Vert aipatu webgunean.
- ↑ Jeruntze eta Eskiula[Betiko hautsitako esteka], Ekialdeko webgunea, Philippe Etxegorri.
- ↑ Eskiularen historia laburra, 2000ko Pastorala (azken kontsula: 2007-12-28) (Frantsesez)
- ↑ Ekialdeko webgunea[Betiko hautsitako esteka], Jeruntze eta Eskiula atala; Historia (azken kontsula: 2007-12-28)
- ↑ Frantziako Kultura Ministerioa - Kultur Ondasunaren Inbentario Orokorra, Sortzez Ama Birjinaren Eliza (azken kontsula: 2007-12-28) (Frantsesez)
- ↑ «Errezaret, Rene - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
- ↑ «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
- ↑ «Eskiula, oso leku ederra bizitzeko - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
- ↑ «Eskiula - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
- ↑ "Euskara bidaide", Nora aldizkaria, 22. alea, 2009ko azaroa
- ↑ Pastoralak Xiberoan[Betiko hautsitako esteka] Sü Aziaren webgunean.
Kartografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- IGNren 1446 ET (Tardets-Sorholus.Arette), 1445 E (Mauléon-Licharre) eta 1546 OT (Oloron-Sainte-Marie) mapak, 1:25000 eskalakoak.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Zuberoa |
- Ekialdeko webgunea,[Betiko hautsitako esteka] Jeruntze eta Eskiulari buruzko informazioa.
- Eskiulari buruzko artikulua Amatiñoren blogean
- Joseba Aurkenerena: Latxikana, Eskiula bihotzean [1]
- (Frantsesez) Eskiulako bestak