Florentzia
Florentzia[1] (italieraz Firenze) Italiako Toscana eskualdeko eta Florentziako probintziako hiriburua da.
Italiako zortzigarren hiria da, populazioaren arabera, eta Toscanako lehena[2]: hiriguneak 382.258 biztanle ditu, 2017ko datuen arabera, eta inguru metropolitarrak, aldiz, 1.011.349 biztanle; Florentzia-Prato-Pistoia metropoli-eremuak, guztira, 1,5 milioi biztanletik gora ditu[3].
Bertako erdigune historikoa Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk 1982an. 1986an Europako kultura-hiriburua izan zen. Errenazimentu edo Pizkundearen sorlekutzat hartzen da, bai eta italiera hizkuntzarena ere, literaturan erabiltzen hasi zen hizkuntza florentziarrari esker. Artearen eta arkitekturaren sehasketako bat ere irizten zaio, eta munduko hiririk ederrenetako bat bere monumentu eta museo ugariei esker, hala nola Santa Maria del Fiore katedralea, Santa Croce basilika, Santa Maria Novella basilika, Uffizi Galeria, Ponte Vecchio, Piazza della Signoria, Palazzo Vecchio eta Pitti Jauregia.
Balio handiko ondare artistiko, literario eta zientifikoak utzi zituzten hiri honetako erdigune historikoan iraganeko jenioek, hala nola Petrarca, Boccaccio, Brunelleschi, Michelangelo, Giotto, Cimabue, Botticelli, Leonardo da Vinci, Lorenzo de 'Medici, Makiavelo, Galileo Galilei eta Dante Alighierik. Ondare historiko-artistiko, zientifiko, natural eta paisajistiko aberats horri esker, hiriko erdigunea eta haren inguruko muinoak "aire zabaleko museo"a dira.
Erdi Aroan, topagune artistiko, kultural, komertzial, politiko, ekonomiko eta finantzario garrantzitsua izan zen; aro modernoan, Toscanako Dukerri Handiaren hiriburua izan zen 1569tik 1859ra, Medici eta Lorrena familien gobernuarekin, eta estatu aberats eta modernoenetako bat bihurtu zen. Hiria Italia eta Europako historiaren funtsezko bidegurutze bat izan zen, hainbat gorabehera politikoren ondorioz, finantza eta merkataritza alorrean zeukan botereagatik eta kulturaren arlo guztietan lortu zuen ospeagatik. 1865ean, Italiako Erresumaren hiriburu izendatua izan zen (bigarrena, Turinen ondoren), eta 1871 arte mantendu zuen estatus hori, Risorgimentoaren amaiera markatzen duen urtera arte, hain zuzen.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haren etruriar hasiera urrunetatik 1000 urtea arte, nekazari herrixka txiki bat baino ez zen izan, Erromatar Inperioaren, Italiako Ostrogodoaren, eta geroago Germaniako Erromatar Inperio Santuaren menpeko markeserri baten parte izan zena.
XI eta XII. mendeetatik aurrera, gauzak aldatu ziren: hiria, nahiz eta sarri herri-matxinadak eta Guelfi eta Ghibellini arteko barne-liskarrak jaso behar izan, aberastu egin zen eta gero eta garrantzi handiago lortzen joan zen. XII. mendean, aro komunala hasi zen eta Giotto eskolatik eta nazioarteko eskolatik, Boccaccio eta haren Decamerona eta gotikoko lehen gremio boteretsuak sortu ziren; baina ekonomia aldetik aro latsa izan zen, hiriak zituen 80.000 bizilagunetatik 25.000 galdu baitzituen, 1348ko Izurri Beltzak eraginda. Giovanni Boccacciok hiriko egoeraz hurrengo testigantza utzi zuen Dekamerona (1351-1353) idazlanean:
« | Diodan bezala, beraz, Jainkoaren Semearen gizakunde oparoaren mila hirurehun eta berrogeita zortzi urtean izurrite hilgarri bat heldu zen italiar hirien artean nobleenetarikoa den Florentziako hiri ospetsura. Astroen indarrak eraginda, edo Jainkoaren hira zuzenak gizakioi bidalita gure zitalkeriaren zigortzeko, urte batzuk lehenago hasi zen Sortaldean; bizitza kopuru izugarria eraman eta, inon gelditu gabe, etengabe hedatu zen, azkenik, tamalez, Sartaldera heldu zelarik. Gizakion jakituria eta neurriek ezin izan zuten ezer egin haren aurka: ez hiriko zikinkeriak garbitzeaz arduratzen ziren ofizialek, ez bertara izurridunak sartzeko debekuak, ez osasuna zaintzeko aholku ugariek, ezta Jainkoari pertsona elizkoiek ez behin bakarrik baizik eta askotan prozesio eta antzekoetan zuzendutako erregu apalek ere; aipatu urteko ia udaberriaren hasieran bere eragin mingarriak era beldurgarri eta harrigarrian hasi zen erakusten. | » |
—[4]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri |
.
1434an, Cosme Medicirekin (Cosme Zaharra), Medici familiaren gobernua hasi zen, Toskanako hiriburua munduko arte, kultura eta finantzen gune bilakatu zuena. Medici familia (1434-1494, 1512-1527, 1530-1737) denboraldien artean hiria zuzendu zuen, hiria Pizkundearen sorterria (Florentziar Akademi Platonikoa) izan zen denboraldian, alegia.
Atzerritar potentziek Toskana okupatu eta gero, hiria Italiako Erresuma sortu berriaren hiriburua izan zen, 1865etik 1871 bitartera. Oraindik ere, eskualdeko hiriburu eta herrialdeko hiririk garrantzitsuenetarikoa da.
1966ko azaroaren 4an, euri-bisuts batzuen ondorioz, bere historiako uholderik gogorrena jasan zituen, Arno ibaiak 4.500 m³/s-ra heldu zenean Alde Zaharra urpean utzi zituelarik. Leku batzuetan, Santa Croce enparantzan esaterako, urek bost metroko garaiera hartu zuten. Handiak izan ziren ondare historikoak pairatutako kalteak, Ponte Vecchion, Duomon, Signorian-eta.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Datu klimatikoak (Florentzia) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 21.6 | 23.4 | 28.5 | 28.7 | 33.8 | 40.0 | 42.6 | 39.5 | 36.4 | 30.8 | 25.2 | 20.4 | 42.6 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 10.9 | 12.5 | 15.7 | 18.5 | 23.7 | 27.7 | 31.4 | 31.5 | 26.7 | 20.9 | 14.7 | 11.1 | 20.4 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 6.5 | 7.5 | 10.3 | 13.0 | 17.7 | 21.4 | 24.6 | 24.6 | 20.5 | 15.5 | 9.9 | 6.8 | 14.9 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 2.0 | 2.5 | 4.9 | 7.5 | 11.6 | 15.0 | 17.7 | 17.7 | 14.4 | 10.1 | 5.1 | 2.6 | 9.3 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -23.0 | -9.9 | -8.0 | -2.2 | 3.6 | 5.6 | 10.2 | 9.6 | 3.6 | -1.4 | -6.0 | -8.6 | ' |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 60.5 | 63.7 | 63.5 | 86.4 | 70.0 | 57.1 | 36.7 | 56.0 | 79.6 | 104.2 | 113.6 | 81.3 | 872.6 |
Prezipitazio egunak (≥ 1.0 mm) | 8.3 | 7.1 | 7.5 | 9.7 | 8.4 | 6.3 | 3.5 | 5.4 | 6.2 | 8.5 | 9.0 | 8.3 | 88.2 |
Iturria (1): Servizio Meteorologico [5] | |||||||||||||
Iturria (2): World Meteorological Organisation (United Nations) [6] |
Ondasun nabariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- San Lorenzo basilikak, IV. mendean eraikitako elizak, gure garaietara heldu den forma XV. mendean jaso zuen, eta italiar Pizkundeko adibide garrantzitsuenen artean da. Filippo Brunelleschi Pizkundeko aitzindari eta maisuaren diseinua munta handikoa da. Hura ez zen basilikaren eraikuntzan gurutzatu zen azken maisua: Michelangelo Buonarrotik Leon X.aren enkarguz ekialdeko fatxadaren estaldura proiektatu zuen. Haren kostua zela eta, diseinua bertan behera utzi zen, eta egun ere, eliza estaldura gabe dago.
- San Miniato al Monte basilika erromanikoa
- Santa Maria del Fiore katedrala eta San Joan bataiategia
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ACF Fiorentina, futbol taldea.
Florentziar ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Dante Alighieri (1265-1321), poeta.
- Filippo Brunelleschi (1377-1446), arkitektoa.
- Sandro Botticelli (1445-1510), margolaria.
- Nikolas Makiavelo (1469-1527), politikari, filosofo eta idazlea.
- Jacopo Sansovino (1486-1570), arkitektoa.
- Jean-Baptiste Lully (1632-1689), musikagilea.
- Oriana Fallaci (1929-2006), idazlea.
- Tiziano Terzani (1938-2004), kazetaria.
Hiri senidetuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskara baturako, Florentzia arautu du Euskaltzaindiak, 157. arauan (Europako hiriak).
- ↑ Toscanako udalerrietako biztanleria [1]
- ↑ Italiako Estatistika Institutu Nazionalaren datua, 2007-08-31n eguneratua, probintzia guztien biztanleria batuz.
- ↑ Kondaira. .
- ↑ FIRENZE/PERETOLA. Servizio Meteorologico (Noiz kontsultatua: 13 October 2012).
- ↑ World Weather Information Service - Florence. (Noiz kontsultatua: 2010-04-14).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Italieraz) Firenzeko webgune ofiziala
Gizateriaren Ondarea Italian | ||
---|---|---|
Eoliar uharteak • Alberobello • Alpeen inguruko historiaurreko palafitoak • Amalfiko kostaldea • Aquileia • Asis • Burdinbide erretikoa Albula eta Bernina paisaietan1 • Piazza del Duomo (Pisa) • Casertako jauregia, Vanvitelliren akueduktua eta San Leucioko multzoa • Castel del Monte • Cerveteri eta Tarquinia • Cilento eta Vallo di Diano parke nazionala, Paestum eta Velia eta Padulako kartusia • Crespi d'Adda • Dolomitak • Erroma2 • Ferrara • Florentzia • Genova • Hadrianoren villa • Mantua eta Sabbioneta • Medicitarren villak • Modenako katedrala, Torre Civica eta Piazza Grande • Napoli • Paduako Lorategi Botanikoa • Piemonteko mahasti-paisaia: Langhe-Roero eta Monferrato • Pienza • Ponpeia, Herkulano eta Torre Annunziata • Porto Venere, Cinque Terre eta uharteak (Palmaria, Tino eta Tinetto) • Ravenna • Savoiako errege etxearen egoitzak • Piemonte eta Lombardiako Sacri Monti • San Gimignano • Santa Maria delle Grazie • Sassi di Matera • Siena • Sirakusa eta Pantalicako nekropolia • Su Nuraxi • Urbino • Val d'Orcia • Val di Noto (Caltagirone, Militello in Val di Catania, Catania, Modica, Noto, Palazzolo Acreide, Ragusa, Scicli) • Val Camonicako labar-artea • Valle dei Templi • Venezia • Verona • Vicenza eta Venetoko Palladioren villak • Villa d'Este • Villa del Casale |
Europako kultura-hiriburuak | ||
---|---|---|
1985 Atenas • 1986 Florentzia • 1987 Amsterdam • 1988 Mendebaldeko Berlin • 1989 Paris • 1990 Glasgow • 1991 Dublin • 1992 Madril • 1993 Anberes • 1994 Lisboa • 1995 Luxenburgo hiria • 1996 Kopenhage • 1997 Tesalonika • 1998 Stockholm • 1999 Weimar • 2000 Reykjavik • Bergen • Helsinki • Brusela • Praga • Krakovia • Santiago de Compostela • Avignon • Bolonia • 2001 Rotterdam • Porto • 2002 Brujas • Salamanca • 2003 Graz • 2004 Genova • Lille • 2005 Cork • 2006 Patras • 2007 Luxenburgo hiria eta Eskualde Handia • Sibiu • 2008 Liverpool • Stavanger • 2009 Linz • Vilnius • 2010 Essen • Istanbul • Pécs • 2011 Turku • Tallinn • 2012 Maribor • Guimarães • 2013 Košice • Marseilla • 2014 Umeå • Riga • 2015 Mons • Plzeň/Pilsen • 2016 Donostia • Wrocław • 2017 Aarhus • Pafos • 2018 Leeuwarden • Valletta • 2019 Matera • Plovdiv 2020-2021eko apirila Rijeka • Galway • 2022 Kaunas • Esch-sur-Alzette • Novi Sad • 2023 Veszprém • Timișoara • Eleusis • 2024 Tartu • Bad Ischl • Bodø 2025 Chemnitz |