Frantziako zinema
Frantziako zinema herrialde horretako zinematografia-industriak sortzen du. Frantzia herrialde inportantea izan da zinemaren garapenean, bai entretenimendu arloan eta baita arte arloan ere.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendearen amaieran, zinemaren historiaren hastapenetan, Frantzia aitzindaria izan zen. Lumièretarrak zinematografoaren asmatzaileak izan ziren eta 1895ean Parisen L'Arrivée d'un train en gare de La Ciotat proiektatu zutenean, historialari askoren aburuz, zinemagintza jaio zen. Hurrengo urteetan, mundu osoko zinemagileek baliabide berria erabiltzeari ekin zioten. Georges Méliès frantziarrak oso eraginkorra izan zen eta egungo zinema-teknika asko asmatu zituen. Gainera, zientzia-fikziozko lehendabiziko filma egin zuen: 1902ko Le Voyage dans la Lune .[1]
Léon Gaumont eta Pathé oso inportanteak ere izan ziren garai haietan. Alice Guy Blaché zinemaren aitzindaria izan zen. 1896an La Fée aux Choux filma egin zuenetik, Gaumonten ekoizle nagusi bilakatu zen eta 400 film baino gehiago egin zituen. Gero, Estatu Batuetara joan zen, Maurice Tourneur edo Max Linderrek egin zuten moduan.[2]
Gerrarteko garaian herrialdeko ekoiztetxe nagusiak behea jo arren, izar berriak agertu ziren: Jacques Feyder errealismo poetikoaren aitzindari bilakatu zen,[3] Nouvelle Vague mugimenduaren bide-urratzailea izan zen Sacha Guitry 1935ean egin zuen bere lehen lana, Jean Renoirrek La Grande Illusion (1937) edo La Règle du Jeu (1939) zuzendu zituen, eta abar.
Bigarren Mundu Gerran, Marcel Carnék Les Enfants du paradis grabatu zuen, 1945ean estreinatu zuena. Okupaziopean grabaturik, 1990eko hamarkadaren amaieran 600 kritikari eta zinemagilek "mendeko frantziar filmik onena" hautatu zuten.
IV. Errepublika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]André Bazinek sortutako Cahiers du cinéma aldizkariari esker, kritikari eta zinemazalek zinemagintzari buruz eztabaidatu eta zinema-teoria modernoa sortu zuten. Bertan idazten zuten kritikari askok- Jean-Luc Godard, François Leront, François Truffaut, Claude Chabrol, eta abar- filmak egiteari ekin eta Nouvelle vague izeneko mugimendua sortu zen. 1960ko À bout de souffle (Godardek zuzendua eta Jean-Paul Belmondok antzeztua) edo 1959ko Les Quatre Cents Coups (Truffautek zuzendua eta Jean-Pierre Léaudek antzeztua) ospetsu bilakatu ziren. 1959tik 1979ra Truffautek Léauden pertsonaia, Antoine Doinel, garatu zituen hainbat filmetan: Baisers volés filmean Christine Darbonez (Claude Jade) maitemindu, Domicile conjugal filmean ezkondu eta L'amour en fuite filmean banatu zen.
1980ko eta 1990eko hamarkadak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1981ean Jean-Jacques Beineixek Diva grabatu zuenean, Frantziako zinemaren aro berria irteteko pistola-tiroa eman zuen. 1986an Beineixek berak 37°2 le matin, 1988an Luc Bessonek Le Grand bleu eta 1991n Léos Caraxek Les Amants du Pont-Neuf grabatu zituzten.
Jean-Pierre Jeunetek 1991n Delicatessen eta 1995ean La Cité des enfants perdus grabatu eta fantasia-zinema berria sortu zuen.
1990eko hamarkadaren erdialdean, Krzysztof Kieślowskik Frantziako goiburua («Liberté, égalité, fraternité») ardatz duen Trois couleurs trilogia grabatu zuen: Bleu, Blanc eta Rouge.
1995ean Mathieu Kassovitzen La Haine filmak Vincent Cassel izar bilakatu zen. 1997an Luc Bessonek Le Cinquième Élément kultuzko film grabatu zuen.
XXI. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2001ean, Hollywooden lan egin ondoren, Jeunetek jaioterrira itzuli eta Amélie (Audrey Tautouk eta Mathieu Kassovitzek antzeztua) grabatu zuen.[4]
Xavier Beauvoisek 2010ean Des hommes et des dieux, hurrengo urtean Olivier Nakachek eta Éric Toledanok Intouchables,[5] 2013an Abdellatif Kechichek La Vie d'Adèle (Adèle Exarchopoulosek eta Léa Seydouxek antzeztua) eta 2014an Éric Lartigauk La Famille Bélier filmak grabatu eta arrakasta handiak lortu zituzten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Sadoul, G.. (1972). Historia general del cine. Mexiko Hiria: Siglo XIX.
- ↑ Abel, Richard. The Ciné Goes to Town: French Cinema 1896–1914. .
- ↑ Paredes, Israel. (2009-9-19). Realismo poético / Nouvelle Vague. .
- ↑ «Luc Besson, un francés a lo Hollywood» La Prensa 2014-9-12.
- ↑ Rtl.fr. (2011-11-25). "Intouchables" devient le film le plus vu de l'année !. .