(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Gasbide - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Gasbide

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gasbidea

Gasbide bat erregaiak diren gasak kantitate handitan garraiatzeko erabiltzen diren hodiek osatzen dute. Egungo jarduera ekonomikoan, funtsezko eginkizuna betetzen dute.

Erregaiak diren gasen garraiorako, batik bat gas natural, hoditeriak dira eta horietatik presio handian igarotzen dira jatorri puntutik banaketa punturaino. Segurtasun eta lurrazalaren egoeraren arabera, metro batetik hasi eta bi metroraino hondoraturiko lubakietan eraikitzen dira.

Segurtasun arrazoiak direla medio, herrialde guztietako arauek tarte jakin batzuetara gasbideetan balbulak kokatzea ezartzen dute. Balbula hauetatik gas fluxua moztu ahal izango da istripuren bat gertatuko balitz (adibidez presio jaitsiera bat gas ihes baten ondorioz). Gainera, gasbidea oso luzea baldin bada, beharrezkoa izan daiteke tarteko konpresio estazioak kokatzea eta era berean zuntz optiko kableak (informazioaren transmisio eta gas ihesak atzemateko), larrialdi estazioak, suteen kontrako ekipamenduak eta gas ihesetara gerturatu ahal izateko bideak.

Gasbide baten hasiera meategi edo birgasizazio instalazio bat izan daiteke, normalean itsasontziak iristen diren portu batetik gertu. Itsasontzi hauek (gas naturalarentzat GNL garraiolari deritze), likidotutako gas naturala oso tenperatura baxuko (-161ºC) baldintza kriogenikoetan garraiatzen dute. Gasbideak eraikitzeko beste arrazoi batzuk, gas instalazioak eta hirietako ontziratze instalazioak konektatzea, gas zilindroak betetzea edota hiri, kontsumo-gune, industria eta elektrizitate sorkuntza instalazioentzat banaketa dira.

Gasbidearen ibilbidean kokaturik dagoen ibai bat gurutzatzeko, nagusiki bi teknika erabiltzen dira: zulaketa horizontala eta zulaketa bideratua. Honela, ibaiaren floran zein faunan izan litezken eraginak deuseztatzen dira. Era berean, bi metodo hauek errepide, autobide zein trenbideak zeharkatzeko erabiltzen da.

Itsasoan barrena doan linea diseinu berezi bat duten itsasontziak baliatuz egiten da. Ontzian soldatutako hodiak itsas hondoan ezartzen joaten dira pixkanaka hodien instalakuntzarako sistema berezi baten bitartez, adibidez Ipar itsasoan, Ingalaterran, Norvegian eta Errusian. Itsasontzi hauek hodi fabrika batzuen itxura hartzen dute eta zehaztasun handiz hodiak behar duten lekuan ipintzen dituzte.

Herrialde askotako arau partikularrek, lurperaturiko gasbideak korrosioaren aurka babesturik egotea behartzen dute. Sarri, metodorik ekonomikoena tutuak polimeroren batekin estaltzea da. Eskuarki, 2 edo 3mm-ko lodiera duen geruza lortu arte pintura edo polietilenoz estaltzen dira. Estalgarriak izan ditzaken akatsen eragina aurreikusteko, babes katodikodun sistemak izan ohi dituzte gasbideek. Honetarako, behar besteko tentsio galbanikoa eragiten duten sakrifizio anodoak erabiltzen dira, eta nahikoa izaten dira hodietako korrosioa ekiditeko. Babes hauek, ustiapena aurrera joan ahala ordezkatuak izan behar dute.

Gasbideen eraikuntzak ingurumenean duen eragina, batik bat hodiaren eraikuntza fasean gertatzen da. Fase hori bukatzean, lurrazalaren aldaketa eta makineriaren mugimenduak sortutako gorabeheretara minimiza daitezke. Azkenik, sorturiko aldaketen zuzenketa neurrien efektibotasuna aztertzea geratzen da: jendeztapena, oihaneztapena, errepideak, etab.

Argentinan gasbidea eraikitzen 1960an

Enpresa publiko, pribatu edo mistoa izan daitekeen gasbidearen operadoreak, gasbidearen alde banatara babes marrak jarri beharko ditu. Hodien diametro, edukiera eta presioaren arabera, 10 metrotik hasi eta 30 metrora artekoak izan daitezke alde bakoitzera. Arautegi ofizialak edota gasbidearen operadoreak hodi mota bakoitzari esleitutako marren barruan ezingo dira etxe, eraikuntza, errepide edo trenbideak eraiki eta ezta zuhaitzik landatu ere.

Normalean, Europan, gasbide guztiak eskumena duten autoritateek ezarritako ingurumen inpaktuaren ebaluazio prozeduren menpe daude derrigorrez. Prozedura honetan, besteak beste,  babestutako guenak eta gune sentikorrak identifikatzen dira, eragin potentziala ebaluatu eta ekintza zuzentzaileak proposatzen dira, ur iturri eta populazio guneetan hodiak kokatzea galarazten da… Zubi, trenbide edota errepideekin gertatzen den bezala, gobernuak gasbideen eraikuntzarako desjabetzeak onartu ditzake eta era berean, etorkizunean gasbide bat aurreikusirik doan lerroan eraikitzea galaraz dezake.

Gas zirkulazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasaren garraio presioa normalean 72 bar ingurukoa izaten da oinarrizko garraio sareetan eta 16 bar ingurukoa hirietako banaketa sareetan.

Etxe eta saltokietara gasa eraman ahal izateko beharrezkoa gasa segurua den presio muga bateraino jaistea. Hau, gasaren bidean, presioa behar adina jaitsiko duten erregulazio instalazioak ezarriz lortzen da.

Presio aldaketa, elektrizitate sareetan egiten denaren moduaren analogoa da (presio altua/presio baxua). Kasu honetan, erregulazio eta neurri estazioak erabiltzen dira; mintz presio erregulatzaileei esker, tutu desberdinetan behar den presioa erregulatzen da. Sistemaren presioa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta zabalagoa izango da tutuaren diametroa; eraikin eta etxeetako banaketa sareek presio eta diametro txikiagoak dituzte.

Nord Stream gasbidearen kokapena, Alemania eta Errusia artean

Munduko gasbiderik luzeena Nord Stream izenekoa da, Errusia eta Alemaniaren arteko Itsaso Baltikoaren azpian eraikia; bi adar paralelo ditu, bakoitza 1.224km-ko luzerakoa, 1.220mm-ko (48 hazbete) diametroduna, 22 MP-ko (220 bar) presioduna eta urteko 27.500 milioi gas natural m ³-ko garraiatzeko gaitasunarekin.

Lehen adarra 2010en hasi zer eraikitzen Gazprom enpresaren eskutik; 2011ko ekainean bukatu zen. Bigarren adarra, 2011ko maiatzean hasi zen eraikitzen, eta 2012. Urtearen bukaerarako bukaturik egotea aurreikusten zen. South Stream gasbidearen eraikuntza berriz, 2012an hasi zen Errusia eta Europa artean, Itsaso Beltzaren azpitik etaItalia eta Austriara iritsiz. Blue Stream gasbidea, Europa eta Errusiaren arteko Trans-gas eta Yamal-Europa gasbidearen hedapena da, Errusiatik Turkiara.

Eremu luzeko gasbideak hainbat herrialdetatik igarotzen dira eta zenbait petrolio-konpainiak modu bateratuan eraikitzen dute. Finantziatzaileen artean, Ingalaterra, Alemania, Errusia, Frantzia, Italia, Norvegia eta Txina bezalako herrialdeak daude, eta proiektuen bazkide gisa, etekinak lortzen dituzte azken kontsumitzaileari garraiaturiko gas garraioagatik.

Amerikan, 2017ko maiatzaren 19an hasi ziren Texas-Tuxpan itsas gasbidearen eraikuntzarekin. Bere konexio puntuak Texas hegoaldea eta Mexikoko Tamaulipas eta Veracruz estatuak dira. Bere garraio gaitasuna bi mila eta seiehun milioi oin kubiko dira egunero, eta hau Mexikoren eskari nazionalaren %40a zen 2016an.

Espainian, gasbide bat igarotzen den lekuetan, ondorengo jabetza mugak ezartzen dira:

  1. 50 zentimetro baina sakonagoak diren golde-lanen debekua, eta baita hodiaren ardatzetik hasita 2 metro edo distantzia txikiago batean zuhaitz edo zuhaixkak landatzea ere.
  2. Ibilbidearen ardatzetik bi aldeetara 10 metroan, instalakuntzaren funtzionamendu egokia nahasi dezaketen edozein ekintza, obra edota eraikuntza lanak egitea. Distantzia hau murriztu daiteke, konpetentzia duen administrazioaren organoak ezarritako baldintzak betetzen badira.
  3. Instalakuntzen mantenu, berrikuntza edo konponketetarako pertsona eta taldeentzat sarrera librea.
  4. Aireztatze tutu nahiz seinaleztapen mugarriak jartzeko aukera. Baita instalakuntzaren funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren azaleko zein lurrazpiko lanak ere.

Gasbideek material sukoi eta lurrunkorrak garraiatzen dituzte, eta honenbestez, segurtasun kezka iturri dira.

  • 1989ko ekainak 3: Mugimenduan zeuden bi trenek sortutako txinpartek inguruan zegoen gas ihes bat zuen gasbide baten gas naturala leherrarazi zuten Ufatik (Errusia) gertu. 645 pertsona hil ziren.[1]
  • 1993ko irailak 28: Venezuelako Autopista Regional del Centro autobidean zuntz optikoa ipintzeko lanetan ari zirela, istripuz sortutako gasbide baten hausturak eztanda eta sutea eragin zituen. 53 hildako egon ziren eta 70 pertsona zauritu.[2]
  • 1998ko abenduak 28: Kolonbiako gasbide baten leherketa, Arroyo de Piedra herrian. Bertan 15 pertsona hil ziren eta 25 zauritu. Ez zen posible izan istripuaren zergatia zehaztea, baina Kolonbiako autoritateek burutu frogek bakteria kolonien existentzia adierazi zuten. Bakteria hauek, hodia eraso zuten korrosio lokalizatu bat sortuz eta ondorioz gas isuri bat.
  • 2000ko abuztuak 19: Nuevo Mexikoko Carlsbad-etik gertu izandako gasbide baten hausturak familia bereko 12 kide hil zituen. Eragilea gasbidearen barne korrosio altua izan zen.
  • 2004ko uztailak 30: Gasbide nagusi baten leherketa Ghislenghien-en (Belgika). Bertan gutxienez 23 pertsona hil ziren eta 122 zauritu, horietako batzuk oso zauri larriekin.
  • 2007ko maiatzak 7: Ukrainian izandako leherketa batek Errusiatik Europara gasa garraiatzen duen gasbidea partzialki suntsitu zuen.
  • 2007ko irailak 10:  Petroleos Mexicanosen (PEMEX) lau gasbideren leherketa Veracruzen (Mexiko). Atentatu hauek Ejército Popular Revolucionariok (EPR) aldarrikatu zituen.[3][4]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Bonet, Pilar. (1989-06-04). «Dos trenes soviéticos, destruidos al estallar un gasoducto» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-12-09).
  2. (Gaztelaniaz) Orgambides, Fernando. (1993-09-28). «Más de 50 carbonizados en Venezuela al arder un gasoducto junto a una autopista» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-12-09).
  3. «AFP: El EPR reivindica los atentados contra gasoductos de Pemex en México» web.archive.org 2007-10-31 (Noiz kontsultatua: 2021-12-09).
  4. (Ingelesez) PEMEX: atentados contra gasoductos. 2007-09-10 (Noiz kontsultatua: 2021-12-09).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]