(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Kapera Sistinoa - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Kapera Sistinoa

Koordenatuak: 41°54′11″N 12°27′16″E / 41.903055555556°N 12.454444444444°E / 41.903055555556; 12.454444444444
Wikipedia, Entziklopedia askea
Kapera Sistinoa
La Cappella Sistina
Jauregi Apostolikoa
Eraikinaren barnealdea
Irudi gehiago
Kokapena
Estatu burujabe Vatikano Hiria
Koordenatuak41°54′11″N 12°27′16″E / 41.903055555556°N 12.454444444444°E / 41.903055555556; 12.454444444444
Map
Historia eta erabilera
Konklabea
KomisarioaSixto IV.a
Izenaren jatorriaSixto IV.a
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaErromako elizbarrutia
IzenaMariaren Jasokunde
Erabilerakapera
Konklabea
Arkitektura
ArkitektoaBaccio Pontelli (en) Itzuli
Estiloapizkundetar arkitektura
Dimentsioak21 (altuera) × 13,4 (zabalera) × 40,9 (luzera) m
Kontaktua
Telefonoatel:+39-06-6988-4676
Webgune ofiziala
Margolan arras ezaguna: Adamen sorkuntza, Michelangelok egina

Kapera Sistinoa[1] (italieraz: Cappella Sistina) Vatikano Hiriko Jauregi Apostolikoko kapera bat da, Aita Santuaren egoitza nagusian kokatua. Izena Sixto IV.a[2] aita santuaren izenetik datorkionez, Sistoren kapera[1] ere deitzen zaio. Testu batzuetan Kapera Sixtinoa[3] eta Sixtotar kapera[4] ere erabiltzen da.

Mundu guztian oso ezaguna da, hain zuzen ere bertako margolanak, Pizkundeko margolari bikainenek eginak (Michelangelo [5], Rafael, Perugino, Botticelli, Ghirlandaio eta abar), erreferentzia saihestezina direlako Mendebaldeko margogintzaren historian. Horrez gain, entzutetsua da bertan egiten delako konklabea; alegia, Aita Santua hautatzeko kardinalen batzarra.

Kapera Sixtinoa Vatikanoko Museoen atal bat da.

Ezaugarri arkitektonikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapera Sixtinoa laukizuzen formako eraikin garai batean dago, adreiluz eginikoa. Bere fatxadak ez dauka apaingarri arkitektoniko berezirik. Kontuan hartu behar da Kapera Sixtinoa Vatikanoko beste zenbait eraikinek inguratuta dagoela, eta horregatik, bere kanpoaldea ezin dela kaletik ikusi, baizik eta, soilik, beste eraikin horietatik.

Kaperak ez dauka zuzeneko sarrerarik kanpoaldetik: Jauregi Apostolikoko barne-geletatik dauka sarbidea.

Eraikinak hiru solairu dauzka: behekoa soto gangadun bat da, eta kanpoaldeko patio batera ematen duen ate bat dauka. Solairu horren gainean dago Kapera Sixtinoa. Azkenik, Kaperaren gainean hirugarren solairu bat dago, zaindarientzako gelak daudenekoa.

Kapera Sixtinoaren neurriak hauek dira: 40,9 metro luze eta 13,4 metro zabal (Itun Zaharraren arabera, horixe zen Salomonen tenpluaren tamaina). Sabaiko gangaren altuera 20,7 metrokoa da. Beraz, proportzioak hauek dira: kaperaren luzeraren herena da zabalera, eta luzeraren erdia da altuera.

Eraikinak albo bakoitzean sei leiho arkudun zeuzkan, altuak, eta mutur bakoitzean beste bi. Leiho horietako batzuk itxi egin dituzte geroago.

Kapera Sixtinoaren sabaia kanoi-ganga zapal batek osatua da. Kanoi-ganga hori zeharka zatikatua dago (alegia, zabaleraren norabidean) ganga txikiagoetan, leiho bakoitzaren parean. Gangen elkargurutzadura horren ondorioz, leiho bakoitzaren gainean triangelu-formako arkuarte batzuk sortzen dira.

Margolanei buruzko azalpenak behar bezala jarraitu ahal izateko orientazio gisa, gogoan izan behar da honakoa:

  • Kapera Sixtinoaren oinplanoa, esan bezala, laukizuzen formakoa da.
  • Iparraldeko eta hegoaldeko hormak dira laukizuzen horretako bi alde luzeak.
  • Mendebaldeko horma da aldarearen horma, Azken Auzia margotuta dagoenekoa.
  • Ekialdeko horman kaperarako sarrera dago, aldarearekiko aurrez aurre.

Kapera Sixtinoaren izena Sixto IV.a aita santuaren izenetik dator (1471tik 1484ra bitartean izan zen aita santu), zeinaren agindupean eraberritu baitzen "Kapera Handia" deiturikoa ("Cappella Magna"), 1477tik 1480ra bitartean.

Sixto IV.a.

Hormetan XV. mendean eginiko margolanen artean, honakoak daude: errezel faltsuak, Moisesen historia (hegoaldeko eta ekialdeko hormetan), Jesusen historia (iparraldeko eta ekialdeko hormetan), eta Aita Santuen erretratuak (ipar, hego eta ekialdeko hormetan). Margolan horiek egin zituzten margolarien artean aipatu behar dira Pietro Perugino, Sandro Botticelli, Domenico Ghirlandaio eta Cosimo Rosselli.

Sabaian, Pier Matteo d'Ameliak zeru izardun bat margotu zuen.

1483ko abuztuaren 15ean, Sixto IV.ak kapera berria sagaratu zuen, eta Ama Birjinaren Jasokundeari dedikatu zion. [6]

Julio II.ak (zeina Aita Santua izan baitzen 1503tik 1513ra bitartean) kaperaren apainketa hein batean aldatzea erabaki zuen, eta eginkizun hori Michelangeloren eskuetan utzi zuen 1508an. Michelangelok ganga eta ilargixkak (alegia, kaperako leihoen goialdea inguratzen duen pareta-zati biribilduetako bakoitza, ilargierdi-formakoa) margotu zituen. Lan hori 1512ko urrian amaitu eta, Domu Santu egunean (azaroaren 1ean), Julio II.ak Kapera Sixtinoa meza nagusi batez inauguratu zuen.

1533 amaiera aldera, Klemente VII.ak (Aita Santua izan zen 1523tik 1534ra bitartean) kaperaren apainketan berriro aldaketa bat egitea erabaki, eta beste zeregin bat eman zion Michelangelori: aldarearen horman azken auzia margotzea. Ekimen horren gauzatzearen ondorioz, estalita geratu ziren XV. mendeko honako margolan hauek: Ama Birjina apostoluen artean eta Moises eta Jesusen historien lehenbiziko bi atalak.

XVI. mendean, kaperaren ekialdeko hormako margolanak berregin egin zituzten, kalte larriak izan baitzituzten 1522an, atea erortzearen ondorioz.

Kapera Sixtinoko margolanak guztiz zaharberrituak izan dira 1979tik 1999ra bitartean.

Hormetako margolanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hormetako margolanen antolaketa-eskema.

Margolanen antolaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hormetako margolanak hiru mailatan daude antolatuta (ikus aldameneko irudia):

  • Beheko maila apainduta dago margoturiko errezel faltsuekin.
  • Erdiko mailan bi margolan-ziklo azaltzen dira, elkarren osagarri direnak: Moisesen bizitza (hegoaldeko horman) eta Jesusen bizitza (iparraldeko horman). Margolan hauetako gehienek elkarrekin zerikusia daukate (hots, margolan batek bere aurrez aurreko paretean dagoenarekin). Sixto IV.a Aita Santuak enkargatu zituen 1480an, eta honako pintore hauek eginak dira: Ghirlandaio, Botticelli, Perugino eta Cosimo Rosselli, haien lantaldeek lagunduta.
  • Goiko maila, leihoak inguratzen dituena, bi zatitan banatuta dago: batetik, beheko zatia, non Aita Santuen galeria bat agertzen baita, Moisesen eta Jesusen bizitzak margotu ziren garai berean eginikoa; bestetik, goiko zatia, leiho bakoitzaren goialde biribildua inguratzen duten eremu orobat biribilduen multzoak osatzen duena. Eremu horiei ilargixka deritze, eta horietako bakoitzean agertzen dira Kristoren arbasoak, Michelangelok margotuak, sabairako pentsatuta zeukan eskemaren zati gisa.

Pinturak denbora-epe aski laburrean margotu ziren: hamaika hilabete eskas, 1481eko uztailetik 1482ko maiatzera bitartean. Hasiera batean, eta lagin gisa, pintoreei eskatu zitzaien fresko bana margotu zezatela, jarraian ofizialki aztertuak eta ebaluatuak izateko, 1482ko urtarrilean. Dena den, lehenagorako ere begi-bistakoa zenez freskoak egokiak izango zirela, 1481eko urrirako enkargua eman zitzaien pintoreei, gainerako margolan guztiak ere egiteko.

Jesusen bizitza (iparraldeko horma)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jesusen bataioa.

Margolan-sorta hau elkarren aldamenean ipinitako zortzi pinturaz osatuta zegoen hasiera batean: lehenbizikoa aldare nagusiaren horman (mendebaldeko paretean, alegia) zegoen, eta, iparraldeko hormaren luzera guztia hartu ondoren, azkenekoa ekialdeko horman zegoen (eta dago). Alabaina, margoak egin eta hogeita hamar urte inguru geroago, sorta honetako lehenbizikoa, Jesusen jaiotza agertzen zuena (mendebaldeko horman), ezabatu egin zuten, azken auzia margotzeko tokia uzteko.

Horrela, ba, gaur egun zazpi margolanez osaturiko pintura-sorta da. Margolanak, mendebaldetik ekialderanzko hurrenkeran, hauexek dira:

1.- Jesusen bataioa

Peruginok margotua.

Margolanean honakoa ikusten da: Guztiahalduna goian dago, kerubinen eta aingeruen artean. Azpian uso bat agertzen da, Espiritu Santuaren ikur gisa, Jesusen buruaren gainean pausatua. Muturretan, Joan Bataiatzailea (ezkerraldean), predikatzen, eta Erredentorea (eskuinaldean). Bailaran, monumentu erromatarrak ikusten dira.

2.- Jesusen tentaldiak

Jesusen tentaldiak.

Botticellik margotua.

Irudiaren gainean esakune bat agertzen da ("TEMPTATIO IESU CHRISTI LATORIS EVANGELICAE LEGIS"), Mateoren Ebanjelioan kontatuak agertzen diren Jesusen tentaldiei buruzkoa (Mateo 4, 1-11). Nolanahi ere, tentaldi horiek irudiaren hondoan agertzen dira, ez aurrealdean.

Deabruak Jesusi egindako tentaldiak dira, eta margolanak horietako hiru agertzen ditu: goian eta ezkerretara irudikatzen da deabrua, eremutar itxurapean, Jesusi esaten, tentatzearren, ogi bihur ditzala harri batzuk. Erdialdean, tenplu baten gainean agertzen dira, eta bertan deabruak Jesus bere burua handik behera botatzeko tentatzen du, esanez idatzita dagoela aingeruei aginduko zaiela Jesus zaintzea. Jesusen erantzuna: "Hau ere idatzia dago: Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa". Azkenik, eskuinaldean, ikusten da Jesusek deabrua amildegi batetik behera erorarazten duela.

Irudiaren aurrealdeako posizio nagusian, sakrifizio-erritu bat irudikatzen da. Eskuarki interpretatzen da legendun batek eskainitakoa dela, Jesusek sendatua izan ondoren (Mateo 8, 1-4; Marko 1, 40-45; Lukas 5, 12-16).

3.- Jesusek lehen apostoluei dei egitea

Ghirlandaiok margotua.

Lehen planoan Jesusek lehenbiziko bi apostoluei, Pedrori eta Andresi, berarekin joateko dei egin zienekoa agertzen da. Hondoan, Santiago eta Joani dei egitea ikusten da irudikatuta (Mateo 4, 18-22; Marko 1, 16-20; Lukas 5, 1-11).

Mendiko hitzaldia.

4.- Mendiko hitzaldia

Cosimo Rossellik margotua.

Pintura honetan bi eszena erakusten dira: hitzaldia (Mateo, 5-7 kap.; Lukas 6, 12-49) eta legendunaren sendaketa (Mateo 8, 1-4; Marko 1, 40-45; Lukas 5, 12-16).

5.- Jesusek Pedrori giltzak ematea

Jesusek Pedrori giltzak ematea.

Peruginoren maisulantzat jotzen da.

Pintura honetan hiru eszena agertzen dira: eszena nagusia, lehen planokoa, Jesusek Pedrori (zeina belauniko agertzen baita) "Jainkoaren erreinuko giltzak" ematearena da (Mateo 16, 13-20). Giltza horiek botere-emate baten ikur dira. Jesus eta Pedroren inguruan apostoluak agertzen dira, baita Judas ere (Kristoren ezkerreko bosgarren figura). Haien atzean, harlauzaz estaliriko plaza ireki bat agertzen da, eta haren erdian, Jerusalemgo tenplua, kupuladun eraikin oktogonal gisa irudikatua, Pizkundeko estiloaren itxurarekin. Tenpluaren bi aldeetara garaipen-arku bana ikusten da.

Bigarren planoan, beste bi eszena agertzen dira: ezkerreko aldean, Jesusek eta Pedrok tenplurako zerga ordaintzeari buruzkoa (Mateo 17, 24-27), eta eskuinekoan, Jesusi harriak jaurtitzeko ahalegina (Joan 8, 31-59; 10, 31-39). Azken horri buruzkoa da irudiaren gainean paratuta dagoen esakunea: ("CONTURBATIO IESU CHRISTI LEGISLATORIS").

Azken afaria.

6.- Azken afaria

Iparraldeko hormako azken margolana da, Cosimo Rossellik margotua.

Azken afariari buruzko aipamenak: Mateo 26, 17-29; Marko 14, 12-25; Lukas 22, 7-23; Joan 13, 21-30.

Irudiaren deskribapena: lehen planoan katu bat eta txakur bat ageri dira, elkarrekin borrokan. Haiengandik hurbil, metalezko pitxer eta erretilu batzuk. Hamabi apostoluak mahai biribildu baten inguruan daude eserita, eta Jesus bizkarra ematen ari zaio behatzaileari. Eszena nagusia gela baten barrenean gertatzen da. Leihoetatik kanpoaldera begira, eszena nagusiaren hondoan, Nekaldiko hiru une irudikatuta daude: Getsemaniko otoitza (Mateo 26, 36-46; Marko 14, 32-42; Lukas 22, 39-46), Jesusen atxiloketa (Mateo 26, 47-56; Marko 14, 43-52; Lukas 22, 47-53; Joan 18, 1-11) eta Jesus gurutziltzatua (Mateo 27, 32-50; Marko 15, 22-39; Lukas 23, 33-46; Joan 19, 17-30).

7.- Jesusen piztuera (ekialdeko horman)

Margolan hau ekialdeko horman (hots, kaperaren sarrera dagoenekoan) pintatu zuen Hendrick van den Broeckek. Horma horretan bertan lehenago Ghirlandaioren margolan bat egon zen, baina 1522an horma horren zati bat erori, eta Ghirlandaioren margolan hori, eta Luca Signorelliren beste bat, suntsiturik suertatu ziren. Hendrick van den Broecken margolana hirurogei urte inguru geroagokoa da.

Moisesen bizitza (hegoaldeko horma)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera batean, Moisesen bizitzako zenbait gertakari erakusten dituzten margolanen sorta hau mendebaldeko paretean hasten zen, Moisesen jaiotza eta aurkikuntza agertzen zituen margolanarekin (Peruginok eginikoa). Margolan hori, alabaina, galdu egin zen, pareta horretan Azken Auzia margotzearekin batera. Horrenbestez, gaur egun zazpi margolanez osaturik dago multzo hau. Lehenbiziko seiak hegoaldeko paretean daude, eta azkena, berriz, ekialdekoan; hots, sarrerakoan. Honakoak dira margolanak:

Moisesen itzulera Egiptora.

1.- Moisesen itzulera Egiptora

Peruginok margotua. Irudiaren erdialdean, aingeru batek (Jainkoa irudikatzeko ohiko modu bat) Moises gerarazten du. Eszena hori Irteerako pasarte bati dagokio: Jainkoak mehatxu egiten dio Moisesi, eta bere emazte Tziporak laban bat hartu eta sakrifizio bat egiten du, senarra salbatzeko.

Margolan honetan zenbait gertakari ageri dira irudikatuta: Moisesek agur esatea bere aitaginarreba Jetrori (Irteera 4, 18-20); Moises bere familiarekin Egiptora itzultzea (Irteera 4, 18-20); eta, irudiaren eskuineko aldean, Tziporak bere eta Moisesen bigarren seme Eliezer erdaintzea (Irteera 4, 24-26).


2.- Moisesen bizitzako zenbait gertakari

Botticelliren margolan honetan irudikatuta agertzen dira Moisesen bizitzako zenbait gertakari,Irteera liburutik ateratakoak.

Aipagarria da nola antolatzen duen Botticellik margolan hau, pertsonak lau errenkada diagonaletan banatuz.

Moisesen bizitzako zenbait gertakari.

Margolanean, Moises tunika horiz eta kapa berdez jantzita agertzen da. Eskuinetik begiratzen hasita, honakoa ikusten da:

  1. Moisesek hil egiten du hebrear bat jipoitu zuen egiptoarra, eta gero ihes egin eta Madian eskualdera joaten da bizitzera (Irteera 2, 11-15). Lehen planoan Moisesek, eskuan ezpata duela, egiptoarrari eraso egiten dio; eskuinean ikusten da emakume batek egiptoar horri laguntzen diola, eta, hondoan, Moisesek ihes egiten du Madianera. Egiptoarraren eta emakumearen atzean eraikin klasizista bat ikusten da, arkitrabe batean amaitzen diren pilastra kapiteldunak dituena.
  2. Moises Jetroren alabak defendatzearren (alaba horietako bat Tzipora zen, Moisesen emazte izango zena) artzainekin borrokan jardun zenekoa (Irteera 2, 16-22): Jetroren alabak putzu batera joanak ziren, beren aitaren ardientzako ura hartzera; aipaturiko artzainek handik bota zituzten, baina Moisesek neskak defendatu eta haientzako ura ateratzen du putzutik.
  3. Goiko aldean ikusten da nola Moisesek, Jetro bere aitaginarrebaren artaldea zaintzen ari denean, Yahveren deia entzun eta oinetakoak kentzen dituen, sutan dagoen sasia ikusten duen (Irteera 3, 1-12), eta Jainkoak eginkizun gisa jartzen dion Egiptora itzuli eta bere herria askatzea.
  4. Beheko aldean, ezkerretara, Moises ikusten da, agindutako lurrera israeldarrak gidatzen, basamortuan zehar. Beste interpretazio baten arabera, irudi honetan Moises bere emaztea eta familia Egiptora eramaten ari da, non geroago beteko duen daukan askapen-eginkizuna.
Itsaso Gorriko zeharkaldia.

3.- Itsaso Gorriko zeharkaldia

Margolan honen egiletzari buruzko zalantzak daude: ez dago argi ea Cosimo Rossellik margotua den, ala haren laguntzaile Biagio d'Antonio Tuccik.

Margolan honetan irudikatzen da Bibliako pasarte ezaguna (Irteera 14, 5-31), Moisesek bere herria Itsaso Gorriaren ur erdibituetan zehar gidatu zuenekoa. Israeldarrek itsasoa zeharkatzea lortu zuten, urak ezker-eskuin zituztela, bertan zabaldutako lehor-bide batetik; baina gero, atzetik jarraituz zetorkien Egiptoko gudarostearen gainean ixten da berriro itsasoa: "Beren lekura itzultzean, urek estali egin zituzten, israeldarrei erasoka itsasoan sartu ziren faraoiaren gurdi eta zaldunak, gudaroste osoa: ez zen bakar bat ere bizirik atera" (Irteera 14, 28).

Erdian agertzen den zutabea "su-adarra" da, zeinean baitzihoakien Jauna israeldarrei, argi egiteko (Irteera 13, 21-22).

Moisesen aldamenean belaunikaturik, Miriam profetesa, Moisesen eta Aaronen arreba, agertzen da. Miriamek garaipen-kantu bat egin zuen, faraoiaren armada itsasoan ito ondoren (Irteera 15, 20-21):

Legearen harlauzak ematea.
"Kanta Jaunaren omenez,
garaipen harrigarria lortu baitu,
nola zaldiak hala zaldunak
itsas hondora amilduz"

4.- Legearen harlauzak ematea

Egilea: Cosimo Rosselli.

Margolan honetan pasarte hauen berri ematen da:

  • Jaunak Moisesi Sinai mendira dei egitea, Legearen harlauzak jasotzeko (Irteera 24, 12-18, 31,18):

Jaunak esan zion Moisesi: "Igo mendira niregana, eta zaude han: harlauzak emango dizkizut eta haietan idatziko israeldarrei irakatsi behar dizkiezun lege eta aginduak". (Irteera 24,12).

Jaunak, Sinai mendian Moisesekin hitz egiten amaitu zuenean, legearen bi harlauzak eman zizkion, Jainkoaren behatzez idatziak. (Irteera 31,18).
  • Urrezko zekorraren gurtza (Irteera 32, 1-20)
  • Judu idolozaleen zigorra (Irteera 32, 25-35):

Moisesek esan zien: "Honela dio Israelgo Jainko Jaunak: Har beza nork bere ezpata eta zeharkatu kanpalekua, aterik ate jendea hilez, nahiz eta anaia, laguna edo auzokoa izan".

Bete zuten lebitarrek Moisesen agindua, eta hiru milaren bat gizon hil ziren egun hartan. (Irteera 32, 27-28).
  • Profetaren itzulera Legearen harlauza berriekin (Irteera 34, 1-4).
Kore, Datan eta Abiram, zigortuak.

5.- Kore, Datan eta Abiram, zigortuak

Botticelliren margolan honetan irudikatzen den Bibliako kontakizuna da (Zenbakiak 16, 1-35) Kore, Datan eta Abiram apaiz juduei buruzkoa. Apaiz horiek ukatu egin zuten Moises, Aaron eta beste apaiz batzuek herri hautatuaren gain aginpide zibil eta erlijiosoa izatea. Lurra oinazpian zabaldu eta apaiz matxinoak eta beren familiak irentsi zituen, eta bizirik jaitsi ziren Herio Leizera, eta lurra itxi egin zen berriro.

Margolan honen antolaketa Moisesen bizitzako zenbait gertakari margolanaren antzekoa da. Eskuinaldetik begiratzen hasita, honakoa agertzen du:

  1. Josuek Moises salbatzen du matxinoek harrikatua izatetik.
  2. Erdian, Moisesek makila altxa eta Yahve aipatzen du, eta su jainkotarrak apaiz matxinoak barreiatzen ditu. Atzean, intsentsu-ontzi batekin, anaia Aaron agertzen da, tiara bat duela. Atze-atzean, Konstantinoren arkua ikusten da.
  3. Ezkerrean, lurra zabaltzen da eta aipaturiko matxinoak irensten ditu.

6.- Moisesen testamentua eta heriotza

Signorelliren margolan honetan Moisesen testamentua eta heriotza (Deuteronomio 33, 34) erakusten dira, eta zenbait gertakari irudikatzen ditu: eskuinaldean, Moisesek, hil aurretik, israeldarrei bedeinkazioa ematen die (Deuteronomio, 33), eta ezkerraldean ikusten da nola Moisesek makil sakratua eskuratzen dion Josueri. Margolanaren erdialde-goialdean, aingeru batek lurralde agindua seinalatzen du, eta ezkerraldean Moisesen heriotza agertzen da.

7.- Moisesen gorpuari buruzko tirabira

Margolan hau ekialdeko horman dago; hots, sarrera dagoen horman. Margolanean irudikatzen da Judasen Gutuneko aipamen bat (Judasen Gutuna, 9): Mikel goiaingeruak berak ere ez zuen horrelakorik egin: Moisesen gorpua nork eramango deabruarekin tirabiran zebilela, ez zen ausartu hari ezer iraingarririk esaten; "Jaunak zigor zaitzala" besterik ez zion esan.

Sabaiko margolana: Michelangeloren maisulan bat

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kapera Sixtinoko sabaia.

Kapera Sixtinoko sabaia Michelangelok margotu zuen, 1508tik 1512ra bitartean.

1506an, Julio II.a Aita Santuak Kapera Sixtinoko sabaiko margolanak aldatzea erabaki zuen. Ordura arte, sabaiak Piero Matteo d'Ameliaren margolan bat agertzen zuen, tenplu paleokristauen tradizioari jarraitzen ziona: hondo urdin baten gainean, urre-koloreko izarrak.

Michelangelo, pintorea baino gehiago, eskultorea zen; horregatik, hasieran ez zuen arduratu nahi izan margolan berria egiteaz. Aita Santuak, ordea, guztiz zorrotz jokatu zuen, eta Michelangelori ez zion beste aukerarik utzi, enkarguari baietza ematea baino. Alabaina, Frantziarekiko gerra bat piztu zen, eta horrek Aita Santuaren arreta beste zeregin horietara desbideratu zuen, garai hartan buruzagi militar garrantzitsua ere bai baitzen. Michelangelo aukera horretaz baliatu zen Erromatik ihes egiteko eta eskulturagintzan jarduteko.

Nolanahi ere, 1508an Aita Santua garaile itzuli zen Erromara, eta Michelangelori deitu zion, sabaiko margotze-lanari ekin ziezaion. Lan horretarako kontratua 1508ko maiatzaren 10ean sinatu zen.

Julio II.a Aita Santua.

Hasiera batean iradokitako ideia izan zen hamabi apostolu-figura handi margotzea. Baina Michelangelok egitasmo hori aldatu zuen, haren ordez diseinu askoz ere konplexuagoko margolan bati ekiteko, bukaeran gutxi gorabehera hirurehun figuraz osaturikoa eta lau urteko lan-denbora behar izan zuena.

Uste izan ohi denaren kontra, Michelangelok zutik margotu zuen sabaia, eta ez bizkarraren gainean etzanda.

Kaperaren sabairaino iritsi ahal izateko, Michelangelok berariazko aldamioa diseinatu zuen: egurrezko plataforma laua zen, hormetan bermatua, leihoen goiko aldetik hurbil eginiko zuloetan sarturiko euskarrien bitartez. Ez zen, beraz, kaperaren zorutik sabairaino eraikitako egitura erraldoi bat. Aldamioak ez zuen estaltzen sabaiaren azalera guztia. Margotze-lana hiru fasetan egin zen. [7]

Condivik, Michelangeloren ikasle eta biografo izandakoak, adierazi zuenez, aldamioaren euskarri guztiak hasiera-hasieratik ipini ziren, eta haien azpitik pisu gutxiko nolabaiteko estalki bat, agian oihalezkoa, zintzilikatu zen, igeltsu-tantak eta margo-hautsa nahiz -zipriztinak zoruraino eror ez zitezen. Une bakoitzean, dena den, soilik eraikinaren azaleraren erdia zegoen aldamioz estalita.

Freskoa izan zen erabilitako margotze-teknika: teknika horri jarraituz, igeltsuari oraindik ere hezea dagoen bitartean aplikatzen zaio pintura. Michelangelok esperientzia bazeukan margotze-teknika horrekin, bere heziketa eta prestakuntza garaia Ghirlandaioren lantegian eman baitzuen; alegia, Florentziako fresko-margolari trebeenetakoarenean, zeinak Florentziako zenbait elizatan fresko-ziklo garrantzitsuak burutu zituen eta zeinaren lanari Kapera Sixtinoko paretetan ere tokia utzi baitzitzaion (ikus gorago).

Hasieran, igeltsuaren gainean lizuna sortu zen, igeltsua hezeegia zegoelako. Michelangelok igeltsu hura kendu eta berriro hasi behar izan zuen. Orduan, Jacopo l'Indaco izeneko bere laguntzaile batek asmaturiko formula berri batekin, lizunik ateratzen ez zitzaiona, saiatu zen.

Egun bakoitzean horma-zati desberdin batean ezartzen zuen igeltsua, eta egun bakoitzeko lana jaso duten horma-zati horiei giornata deitzen zaie.

Fresko teknika erabiltzearen arrazoia honakoa da: igeltsua hezea egon beharrean guztiz lehorra bazegoen, pigmentuarekin ezin zen hain ondo lan egin, eta ez zen ongi nahasten igeltsuarekin. Freskoaren teknikaren desabantaila da igeltsua asko berotzen dela gogortzen ari den bitartean, eta emanazioak darizkiola.

Fresko-margolariek tamaina errealeko marrazkiak erabili ohi zituzten, eredu gisa erabiliz irudiak igeltsuaren gainean zirriborratzeko. Baina Michelangelok usadio hori hautsi zuen: freskoaren teknika menperatu zuenean, sabaiaren gainean zuzen-zuzenean egiten zituen marrazkiak. Berak mugimendu indartsuen bidez marrazturiko lerroak oraindik ere ikus daitezke, gainazal batzuetan markatuta. Beste batzuetan, ordea, nabari da lauki-sare bat erabili zuela, marrazki txiki batetik abiatuta, irudi hori zuzenean sabaian handitzeko.

Margotzen hastean, eta igeltsua heze zegoen bitartean, eremu zabalak koloreztatzen zituen hasiera batean, eta gero, gainazala lehortuz joan ahala, itzaldurak eta xehetasunak eransten zizkien, zeregin horretarako era askotako pintzelak erabiliz.

Oro har, Michelangeloren teknikek agerian uzten dute Ghirlandaioren ikaslerik artetsuenarengandik espero izatekoa zen trebezia-maila. Margolaritza-lantegietako metodo eta berrikuntzarik bikainenak baliatu zituen, bere iaiotasun teknikoaren zerbitzura ipiniz.

Lanari ekin zion aldaretik urrutien dagoen aldetik; hots, ekialdetik. Lehenbiziko hiru eszenetan, Noeren bizitzari buruzkoetan, figura txiki askoz ere gehiago agertzen dira geroago margotu zituenetan baino. Hori horrela da, hein batean, gaiarengatik (gizateriaren patua), baina, halaber, sabaiaren ekialdeko mutur horretako figura guztiak (baita profetak eta ignudi-ak ere) txikiagoak direlako erdialdeko sekzioan baino.

Hirugarren sekzioan, eskala handiagotu egiten da. Eskala handiagotzen den neurrian, Michelangeloren estiloa ere zabalago egiten da, eta Jainkoaren kreazio-egintza agertzen duen eszena egun bakar batean margotu zuen.

Koloreen bizitasunak eta lerro argi eta zehatzez marrazturiko profilek figura guztiak zorutik erraz bereizteko moduan agerrarazten dituzte. Gaur egun hain alai eta udaberri-kutsuko azaltzen diren kolore horiek, hala nola arrosa argia, sagarraren tankerako berdea, hori bizia eta zeru-urdina, perla-gris koloreko atzealde baten gainean kokatuta, kandelen kearen ondorioz hain estalita zeuden, non irudiek ia-ia monokromoak baitziruditen. Denbora luzez iraun duten zaharberritze-lanetan, besteak beste margolanen gaineko kraka-geruza kendu egin dute, koloreak beren edertasunean berriro ere agerrarazteko.

Vasarik dioenez, sabaia bukatu gabe utzi zen, inaugurazioa egin zelako fresko-lanetan ohikoak ziren urre-hostozko eta lapis lazuli urdin sakoneko apaingarriak jarri aurretik. Apainketa-lan horrek sabaia hobeto uztartuko zuen behealdeko hormekin, azken horiek urreztatuta baitzeuden toki askotan. Baina, azkenean, ez zen horrelakorik inoiz egin, alde batetik Michelangelok ez zuelako aldamioa berriro jarri nahi izan, eta bestetik, ziurrenik, urreak eta batez ere kolore urdin sakonak distrakzioa eragingo zutelako margolanaren kontzepziotik.

Dena den, xehetasun batzuk apaindu ziren, bai, urrez: ignudi-en arteko ezkutuak eta profeten eta sibilen arteko zutabeak. Dirudienez, oso litekeena da ezkutuen urreztatzea Michelangeloren jatorrizko aurreikuspenen artean egotea, margotuta baitaude prozesio-ezkutu mota jakin baten antza izan dezaten; hain zuzen ere, oraindik ere existitzen den ezkutu mota bat.

Sabaiaren partiketa eta margolanen antolamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sabaiaren partiketaren ondoriozko margolan-espazioak. Urdin argiz koloreztatutako espazioetan daude margotuta Hasiera-liburuko bederatzi istorioak. Nabari denez, espazio horiek bi tamaina ezberdinetakoak dira.
Kapera Sixtinoko sabaiko margolanen antolaketa-eskema. Aldarea eskuineko aldean dago. Sabaiaren erdialdeko bederatzi laukietan azaltzen dira Bibliako Hasiera liburuko bederatzi istorio.

Michelangelok sabaiko espazioa banatu egin zuen, bertan agertzen diren eszena ugarientzako espazioak zedarritzeko. Horretarako, marmolezkoak diruditen elementu arkitektoniko batzuk margotu zituen, elkarrekin gurutzatzen diren lerroak bailiran, eszena bakoitzaren marko antzeko bat osatzen dutenak.

Bibliako Hasiera (Genesi) liburuko bederatzi istorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istorio hauei dagozkien irudiek sabaiko espazio zentrala hartzen dute, eta horiexek bereganatzen dute bisitari gehienen arreta. Genesi edo Hasiera liburuko bederatzi eszena dira, hirunakako taldeetan sailka daitezkeenak: aldaretik hasita, lehenbiziko hiru istorioek Munduaren Kreazioaren berri ematen dute; hurrengo hirurek, Gizakiaren Kreazioaren eta Gizakia Paradisutik egoztearen berri; eta azken hirurek Noeren istorioak azaltzen dituzte.

Aldaretik hasi eta sarrerako ateranzko norabidean, irudiak hurrenkera honetan agertzen dira:

  1. Argia eta ilunpeak bereiztea (Hasiera 1, 4)
  2. Landareen eta argizagien kreazioa (Hasiera 1, 11-19)
  3. Urak eta lehorra bereiztea (Hasiera 1, 9-10)
  4. Adanen kreazioa (Hasiera 1, 26-27)
  5. Evaren kreazioa (Hasiera 2, 18-25)
  6. Gizakiak Edengo baratzetik kanporatzea (Hasiera 3, 22-24)
  7. Noeren erre-opariak (Hasiera 8, 15-20)
  8. Uholde unibertsala (Hasiera 6, 5-8, 20)
  9. Noeren mozkorraldia (Hasiera 9, 20-27)
Argia eta ilunpeak bereiztea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Argia eta ilunpeak bereiztea.

Margolan honek kreazioko lehenengo eguna irudikatzen du.

Bibliako Hasiera liburuan (Hasiera 1, 1-5) honakoa esaten da:

Hasieran, Jainkoak zeru-lurrak egin zituen. Lurra nahas-mahas hutsa zen: leize handiaren gain ilunpea. Jainkoaren arnasa uren gainean zebilen. Eta Jainkoak esan zuen: "Izan bedi argia". Eta izan zen argia. Ikusi zuen Jainkoak argia ona zela eta bereizi egin zuen ilunpeetatik: argiari "egun" eman zion izen eta ilunpeei "gau". Honela, lehen eguna burutu zen.

Fresko honek espazio aski txikia estaltzen du (ignudi-en irudiek eta medailoiek inguratuta dagoelako), eta erakusten duen eszena sinplea da, Hasiera-liburuko pasarteak irudikatzen dituztenetatik sinpleena. Bertan, Jainkoa behealdetik ikusia agertzen da, eskortzo hunkigarrian marraztua, eskuak jasota dituela. Jainkoaren aurpegiera oso ondo ikusten ez den arren, ahalegin handia egiten ari delako itxura ematen du. Bere gainean dauden hodei batzuen artetik zirrikitu bat irekitzen da, eta bertatik argi-distira bat iragaten da. Jainkoaren tunika arrosak mugimendu-keinu indartsua nabarmenarazten du. Irudi honetan, Jainkoa bakarrik agertzen da, bere aingeru-segiziorik gabe.

Landareen eta argizagien kreazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Landareen eta argizagien kreazioa.

Hasierako liburuko pasarteei buruz eginiko bederatzi margolanek osatzen duten serietik, hauxe da espazio handi bat hartzen duen lehenengoa.

Bibliako Hasiera liburuan (Hasiera 1, 11-19) esaten den honakoa irudikatzen du margolanak: Jainkoak esan zuen: «Eman bitza lurrak belar hezea, hazidun landareak eta orotariko fruta-arbolak beren hazi eta guzti». Eta hala izan zen. Eta lurrak orotariko hazidun landareak eta fruta-arbolak beren hazi eta guzti eman zituen. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Honela, hirugarren eguna burutu zen. Jainkoak esan zuen: «Izan bitez argizagiak zeru-sabaian, eguna eta gaua bereizteko, eta jaiak, egunak eta urteak ezagutarazteko. Izan bitez zeru-sabaian lurrari argi egiteko». Eta hala izan zen. Jainkoak bi argizagi handi egin zituen: handiena egunaren gain jartzeko eta txikiena gauaren gain. Eta izarrak ere egin zituen. Zeru-sabaian ezarri zituen lurrari argi egiteko, egunaren eta gauaren gain jartzeko, argia eta ilunpea bereizteko. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Honela, laugarren eguna burutu zen.

Irudian, bai ezkerretara bai eskuinetara, Jainkoa ikusten da, bi posizio ezberdinetan.

Eskuinean, Jainkoa bekoki zimurra duela ageri da, keinu ahaltsu bat eginez. Bere eskuekin bi argizagiak ari da ukitzen: eskuinekoarekin eguzkia, eta bere atzealderantz luzaturiko ezker eskuarekin, ilargia.

Jainkoa aurrealdetik ikusia dago margotuta, eta, bere gorputzari antzematen zaion imintzioarengatik, badirudi bere higidura gerarazten eta behatzailearenganantz biratzen ari dela.

Margolan honetan Jainkoarekin lehenbizikoz agertzen dira aingeruak (bere atzean, alde bakoitzean bi). Jainkoaren ezkerrean daudenak Jainkoaren arropen artean ezkutatuta daude, jolasean eta irribarrezka. Eskuineko aingeruak biluzik daude, eta jadanik sorturiko izakiak erakusten ari zaizkio: landareak.

Lehenago esan bezala, ezkerreko irudia ere Jainkoaren irudikapena da, baina bere bizkarraldetik ikusia. Lur irmorantz doa, zelai berdeak eta landareak dauden tokira. Paisaia txiki hori margotzeko erabilitako teknika eta horren errealismoa aski apalak dira, Kreatzailearen itxuraren dotorezia eta handitasunarekin alderatuta. Michelangelo kosta lain kosta ahalegintzen zen beti horrelako ikuspegi paisaiadunak saihesten, eta beti aitzakiak bilatzen saiatzen zen, gizaki-figurak marrazteko, horretan zeukan trebetasuna zela-eta.

Irudi honetan ere Jainkoa bere tunika arrosa jantzita duela ageri da. Tunika horrek forma ahurra hartzen du, Jainkoari lagun egiten doazen aingerutxoak babestu eta garraiatzeko. Irudi hori Adanen kreazioan errepikatuko da.

Urak eta lehorra bereiztea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urak eta lehorra bereiztea.

Margolan hau da Michelangelok Kapera Sixtinoan eginikoetatik gutxien ezagutzen direnetako bat. Bertan Jainkoa agertzen da, eskuak altxata dituela. Jainkoaren atzean, eskuinetara, bi aingeru ikusten dira: bata itzalpean dago, eta ozta-ozta bereizten da bere aurpegia. Bestea Jainkoaren hankari helduta agertzen da, burua atzerantz zuhurki biratua daukala, atzean zer dagoen ikusi nahian. Jainkoaren eskuinetara, beste aingeru bat agertzen da, Jainkoaren gorputzaren atzean erdi estalia.

Hemen irudikatzen den Bibliako pasartea hauxe da (Hasiera 1, 9-10): Jainkoak esan zuen: «Bil bitez multzoan zeru azpiko urak eta ager bedi lehorra». Eta hala izan zen. Lehorrari «lur» eman zion izen eta ur-multzoari «itsaso». Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen.

Adamen sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Adamen sorrera»
Adamen sorrera.

Margolan hau 1511. urtearen inguruan egin zuen Michelangelok, eta lana amaitzeko hiruzpalau urte behar izan zituen. Bertan, Bibliako pasarte hau irudikatuta dago (Hasiera 1, 26-27): Jainkoak esan zuen: «Egin dezagun gizakia; izan bedi gure irudiko, gure antzeko; mendera ditzala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, abereak, basapiztiak eta lurrean narraska dabiltzan piztia guztiak». Jainkoak, beraz, bere antzeko egin zuen gizakia, Jainkoaren beraren irudira egin zuen; ar eta eme egin zituen".

Jainkoa gizon zahar bizardun baten itxurarekin irudikatuta agertzen da margolan honetan, haizepean puzturiko tunika purpura batez inguratuta. Tunika horren babespera bilduriko kerubin batzuk ere ikusten dira. Horiez gain, Jainkoak bere ezkerreko besoarekin inguraturiko emakume-irudi bat ere agertzen da, zeina Eva dela interpretatu ohi den. Eva ez da oraindik sortua izan, eta horregatik zeruan zain irudikatuta dago, Lurrean tokiren bat noiz emango ote zaion.

Jainkoak bere eskuineko besoa luzatu du, biziaren txinparta bere behatzetik Adanen behatzera igaroarazteko. Adanen ezker besoa Jainkoarenaren posizio berean dago, eta bataren eta bestearen behatzak elkarrengandik hain hurbil egotea margolan honen ezaugarri bereizgarrietako bat da.

Irudikatze-lan artistikoa da, jakina, eta ez literala, Adanek bere besoa Jainkoarenganantz luzatzea lortzen duelako, nahiz eta oraindik ez duen Jainkoarengandik bizia jaso. Era berean, Eva ere irudikatuta agertzen da, une horretan oraindik sortua izan ez bada ere. Evaren agerpen horrek zenbait pertsonari pentsarazi dio emakumezko figura hori Lilith izan litekeela; hots, Adanen lehenbiziko emaztea, nahiz eta, Bibliaren arabera, Lilith ere Adanen ondoren sortua izan zen.

Baliteke Michelangelok margolan honetarako izandako inspirazio-iturria Erdi Aroko himno bat izatea, Veni Creator Spiritus, horretan eskatzen baita aitaren eskuin-eskuko behatzak (digitus paternae dexterae) fededunei maitasuna eta bihotza eman diezazkiela.

Evaren kreazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Evaren kreazioa.

Eszena hau ere ez da oso ezaguna jendearen artean. Bibliako honako pasarte hau (Hasiera 2, 18-25) adierazten du irudi bidez:

Gero, esan zuen Jainko Jaunak: «Ez da on gizona bakarrik egotea; egin diezaiodan berari dagokion laguna». Jainko Jaunak, landako abere guztiak eta zeruko hegazti guztiak lurrez moldatu eta gizonari eraman zizkion zein izen ezartzen zien ikusteko; honela, bizidun orok gizonak ezarritako izena izango zuen. Beren izena jarri zien, beraz, abere guztiei, zeruko hegaztiei eta piztiei; baina berari zegokion lagunik ez zuen aurkitu. Orduan, Jainko Jaunak lozorroan murgilarazi zuen gizona. Loak hartu zuenean, saihets-hezur bat kendu zion, hezurraren hutsunea haragiz bete ziolarik. Jainko Jaunak gizonari kenduriko saihets-hezurrez emakumea moldatu eta gizonari eraman zion. Honek esan zuen: «Hau bai dela ene hezurraren hezur, ene haragiaren haragi! “Emakume” izango da deitua, gizakumeagandik izan baita hartua»'.' ' Hargatik, gizonak bere aita-amak utziko ditu bere emaztearekin elkartzeko, eta bat bera izango dira. Biluzik zeuden gizona eta emaztea; hala ere, ez zuten elkarren lotsarik.'''

Hasiera liburuari buruzko irudi-zikloan, lehenbizikoz margolan honetan agertzen da Jainkoa Lurraren gainean geldirik. Oraingoan, itxura lurtarragoa du, eta tunika urdin bat ipinita dauka jadanik beste margolan batzuetan agertu dituen janzki arrosen gainean. Hala eta guztiz ere, bere itxura sendoari eusten dio, eta Evaren aldamenean, gorpuzkera izugarria nabaritzen zaio.

Eva noraezean bezala eta biluzik agertzen da eszena honetan. Sortu berria dagoela ematen du. Jainkoa berarekin solasean ari da eta, dirudienez, Eva zerbait eskatzen ari zaio Jainkoari.

Adan etzanda dago, oraindik ere lotan eta bere aldamenean gertatzen ari denaz ohartu gabe.

Gizakiak Edengo baratzetik kanporatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gizakiak Edengo baratzetik kanporatzea.

Margolan honetan aldi berean irudikatuta agertzen dira jatorrizko bekatua (Hasiera 3, 1-13) eta Adan eta Eva lurreko paradisutik kanporatuak izatea Hasiera 3, 22-24). Horrela, irudiaren ezkerraldean agertzen dira Adan, Eva eta Satan. Eskuinaldean, aingeru bat eta berriro ere Adan eta Eva ikusten dira. Irudiaren erdian, jakituriaren arbola ageri da.

Ezkerraldean erakusten da Adan besoa luzatzen, jakituriaren arboletik fruitua hartzeko. Adanen aldamenean eta etzanda, Eva ageri da, itxura gihartsu eta ez oso femeninoa duela, gorputza biratuz, Satan ematen ari zaion sagarra hartu nahian. Satan irudikatuta dago isatsa arbolaren enborraren inguruan kiribildua duela.

Margolanaren eskuinaldean, jokabide horren ondorioa erakusten da: Bibliak kontatzen duenez, Jainkoak jakin zuenean zer egin zuten, zigortu egin zituen, eta aingeru bat bidali zuen, paradisutik kanpora zitzan. Aingeruak Adanen leporantz zuzenduta dauka ezpata.

Atzealdean ageri den paisaia ez dator bat Bibliak esaten duenarekin. Izan ere, landaredi eta fauna aparta dituen toki gisa aipatzen du paradisua, landare exotikoak eta oparotasuna nonahi dituena. Baina Michelangelok margoturiko paisaia, ordea, guztiz bestelakoa da: margolan guztian zuhaitz bakarra ageri da, hain zuzen ere jakituriaren arbola; guztia da lautada, mendirik gabe; eta zelaiak itxura zeharo soila dauka, Adan eta Evaren itzalak besterik ez baitira bertan ikusten.

Noeren erre-opariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Noeren erre-opariak.

Gutxi ezagutua den margolan honetan irudikatzen da Uholde Unibertsalaren ondoren Noek Jainkoari eskainitako erre-opariei buruzko kontakizuna (Hasiera liburua 8, 15-20). Noe tunika gorri batekin jantzita agertzen da, erre-oparia egiteko sutoki gisa erabilitako harri baten atzean. Sutoki horretan sua dago, eta Noek eskua zerurantz altxata dauka, Jainkoarekiko esker onaren seinale gisa. Andre zahar bat, ziurrenik bere emaztea, berarengana biratuta dago, zer edo zer esateko. Noeren eskuinaldean dagoen emakume batek adar bat jartzen du sutan.

Margolanaren eskuineko aldean, gizon batek enbor batzuk ekartzen ditu, sua suspertzeko, eta bere aurrean ahari bat hil berri duen gizon bat ikusten da, belaunikaturik, Ezkerreko aldean, beste mutil batek hil behar duten hurrengo aharia tiraka ekartzen du, indar handia eginez, irudiak erakusten duen bezalaxe. Mutil horren atzean behi eta zaldi batzuk ageri dira. Ahariak hiltzen ari diren mutilak Noeren semeak dira.

Uholde Handia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Uholde Handia.

Michelangelok Kapera Sixtinoko sabaian margotu zituen bederatzi eszena nagusietatik, hau da jendetsuena, 60 gizaki baino gehiago agertzen baititu. Eszena osoa, eta bere egituraketa, aski konplexua da.

Margolanaren ezkerreko aldean, lur-zati bat ageri da, eta bertara jende-ilara bat iristen ari da, bizia salbatzeko alferrikako ahalegina eginez. Jendea beldurtuta dago; haur batzuk negar egiten ari dira, eta beste batzuek ez dakite zer gertatuko den. Pertsona batzuk beren ondasunak garraiatzen ari dira; beste batzuek, ordea, ez daramate ezer. Irla txiki horretan, zuhaitz idor bat besterik ez da gelditzen, eta bertara igo nahian ikusten da gazte bat.

Bigarren planoan, ur gainetik oraindik ere ageri den arroka bat ikusten da. Hortxe, beste pertsona-talde bat dago, bi zuhaitz lehorri loturiko estalki bat aterpe modura daukatela. Arroka horren ezkerreko aldean, gizon adintsu bat bere seme hila altxatzen ari da, gorpua itsaso handira jaurtikitzeko asmoz. Arrokaren gainean isolatuta geratu den jende-taldeak itxura dramatikoagoa dauka margolanaren ezkerreko lur-zatian dagoenak baino. Jendea estu eta larri dago, eta asko eta asko negarrez ari dira, beren patua zein den konturatzen baitira. Uretan dagoen gizon bat, itolarrian, arrokara igotzeko ahalegin etsiak egiten ari da, zuhaitz zaharraren sustraiei helduz.

Urrunxeago, beste pertsona-talde bat agertzen da; oraingoan, txalupa batean. Eszena atsekabegarria da: txalupa hondoratzen ari da, eta, flotatu ahal izateko, pisua galdu behar du; horrenbestez, txalupako batzuk beren taldeko bati erasoka ari dira, hura txalupatik uretara botatzeko asmoz. Txalupa horretan jantzita agertzen den emakume bakarrak besoak jasotzen ditu, ikusirik nola itsasontzi hori hondoratzear dagoen. Aurrealdean, bi gizon kanoa aurrerantz bultzatzen ari dira, hondora ez dadin saiatuz.

Uretan dagoen beste gizon bat txalupari irmo lotzen zaio, ez hondoratzeko, eta horren atzean beste gizon bat igerian ari da, bere burua salbatu nahian. Eszena honetako gertakariak asaldura eta nahasmen handikoak dira: agerian uzten dute bizia salbatzeko irrika eta kemena, baina, halaber, bere burua salbatzearren lagun hurkoa erailtzeko prest dagoen gizakiaren berekoikeria.

Azkenik, pertsona-talde urrunekoena dago, margolana burutzen duena: Noeren kutxakoa. Lehen begiratuan, itsasontzi normala ematen du, baina arreta pixka bat gehiagorekin, ohartzen gara kutxa horrek ez daukala inolako zerikusirik inolako itsasontzi edo antzekorekin, baizik eta, hori baino gehiago, nolabaiteko eliza edo tenplu batekin. Ikusten dugu, halaber, pertsona-talde bat kutxara igotzeko ahaleginetan dabilela, baina gauza jakina da kutxak zeramatzan guztiak kutxaren barrenean zihoazela. Irudi horren bitartez, Michelangelok elizarekiko analogia bat egin nahi izango zuen: MIchelangelok kutxa eliza baten itxurarekin margotuko zuen, hain zuzen ere, adieraztearren eliza dela "salbazioaren kutxa", eta horrexegatik irudikatuko zituen kutxan sartu nahian dauden pertsona batzuk. Pertsona horiek lirateke Elizaren barruan ez daudenak baina bertan sartu nahi dutenak, Uholdetik (eta bekatutik) salbatzeko.

Margolan hau Kapera Sixtinoko sabaiko fresko-ziklokoak direnetatik hondatuen zeudenetako bat da. Itxura egiazki hitsa eta goibela zeukan. Zaharberritzearen ondoren, bere egoerak nabarmen egin zuen hobera; hala eta guztiz ere, zenbait zati ezin izan ziren leheneratu; adibidez, arrokaren gainekoa, zeina margotu gabe eta hutsik utzi baitzen.

Noeren mozkorraldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Noeren mozkorraldia.

Margolan honetan irudikatzen da Bibliako Hasiera liburuak (Hasiera 9, 20-23) kontatzen duen honakoa:

Noe nekazaria zen eta mahastia landatu zuen. Ardoa edan zuen batean, mozkortu egin zen eta bere oihal-etxolaren erdian biluzik zegoen etzana. Kanaanen aita Kamek, bere aita biluzik ikusirik, kanpoan ziren beste bi anaiei jakinarazi zien. Sem eta Jafetek, soingaineko bat hartu, sorbaldan bien artean ipini eta, atzeraka joanez, aita biluzia estali egin zuten. Beste aldera begiratzen zutenez, ez zuten aita biluzik ikusi.

Horrela, ba, irudian agertzen den eszena nagusia da Noeren seme Kam, Sem eta Jafet-ek beren aita mozkor eta biluzik aurkitzen duteneko unea.

Dena den, kronologikoki, irudiaren ezkerreko aldean lehenbizi ikusten da nola Noe lurra lantzen ari den, eta mahatsondoak ereiten, pala batez baliatuz. Eszena nagusiak margolanaren gainerakoa, zatirik handiena, hartzen du. Bertan, erdialdean, Noe ageri da, erdi etzanda, agontzeko ahalegina eginez bezala. Bere posizioak antza dauka Adanen kreazioari buruzko margolanean Adanek agertzen duenarekin.

Kamek begirada aldenduta dauka bere aitarengandik, zeina soingaineko urdin batekin estaltzen baitu. Sem eta Jafet beren artean solasean ari dira, aitari zer gertatu ote zaion asmatu nahian. Michelangelok hiru semeak ere biluzik margotu zituen.

Koloreen tratamenduari dagokionez, aipagarria da Noek bere azpian daukan estalki berdea nola dagoen nabarmendua argi-isla horien bitartez,

Kaperako sabaiaren lau izkinetan triangelu-formako petxina bana dago, hormen eta sabaiko gangako arkuaren artean dagoen espazioa betetzen dutenak. Petxinen gainazal kurbatuetan, Michelangelok Itun Zaharreko lau istorio margotu zituen, Israelgo herriaren salbazioari dagozkion lau une erabakigarri azaltzen dituztenak:

1.- Brontzezko sugea. Margolan honek irudikatzen duen istorioa da herri juduaren irteera edo exodokoa, suge-andana baten erasoa jasan zutenekoa. Moisesek bitartekotza-lana egin zuen Jainkoaren aurrean, juduak salbatzeko, eta Jainkoak agindu zion makil baten gainean jarritako brontzezko suge bat egitea. Suge hori ikusteak sendaketa miragarria eragiten zuen.

2.- David eta Goliat. Irudi honetan, David artzainak bere habailaren bidez Goliat erraldoia erorarazi du, baina azken hori oraindik ere bizirik dago, eta jaikitzeko ahaleginetan ari da; bitarte horretan, Davidek burua beherantz bultzatzen dio, ezpata-kolpe batez ebakitzeko asmoz.

3.- Hamanen zigorra. Ester zen Asuero erregeak Persiako erregina bihurtutako emakume judu bat. Haman bertako funtzionario publiko bat zen, eta juduak erailarazteko saio bat egin zuen. Esterrek Hamanen asmoa jakin zuenean, Haman salatu zuen eta Esterren senarrak, Persiako erregeak, Hamanen exekuzioa agindu zuen. Margolana dramatismo handikoa da, eszenaren erdi-erdian biluzik agertzen den gizonarekin.

4.- Judit eta Holofernes. Irudien irudikapena xehetasun-maila durduzagarriz egina dago. Berez, hiru eszena agertzen dira margolan honetan: eskuineko aldean Holofernesen figura etzana eta bururik gabea agertzen da; ezkerreko aldean, zaindari bat lotan dago; eta erdialdean, Judit (zuriz jantzia) eta bere zerbitzari bat (horiz jantzia) agertzen dira. Holofernesen burua, erretilu baten gainean daramatena, oihal batekin estaltzen ari dira, baina Judit distraituta dago, Holofernesen gorpuari begira. Esaten denez, margolan honetan agertzen den Holofernesen burua Michelangeloren autorretratu bat da.

Leihoen gainean kokaturiko triangelu-formako arkuarteetan, haurrak dauzkaten zenbait familia ageri dira. Litekeena da haur horiek Biblian aipaturikoak izatea, hala nola Isaak eta Samuel. Irudietako askoren konposizioak antza dauka Familia Santuaren zenbait irudikapenekin, zeinek Familia Santua erakusten baitute Egiptorako ihesean atseden hartzen.

Ondoko irudietan, hautaturiko arkuarte batzuk ikus daitezke.

Sibilak eta profetak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israeleko profetek eta jentilen sibilek Mesiasen etorrera iragarri zuten. Michelangelok bai profetak bai sibilak margotu zituen, hain zuzen ere adierazi nahian Mesias (Jesukristo) etortzekoa zela juduentzat ez ezik, gainerako herrientzat ere.

Ignudi-etako bat.

Ignudi deiturikoak (singularrean "ignudo", italierazko "nudo" adjektibotik eratorria, "biluzi" esan nahi duena) dira itxura gihartsuko hogei gizon biluziak, Michelangelok irudi osagarri gisa margotu zituenak sabaiaren erdialdeko bost eszena txikietako bakoitzaren izkinetan.

Ignudi-ak elkarren ezberdinak dira. Margolanik zaharrenetan, bikoteka agertzen dira, eta beren posturak antzekoak diren arren, ez dira berdinak. Bikote bakoitzeko figuren arteko ezberdintasunak areagotu egiten dira geroagoko eszenetan; hainbesteraino non azken irudiko lau ignudi-ak elkarren guztiz ezberdinak baitira.

Ignudi-ek agerian uzten dute, sabai osoko beste edozein figurak baino gehiago, Michelangelok anatomiari eta perspektibari zegokienez zeukan maisutasuna, bai eta bere asmamen miresgarria ere.

Ignudi-en esanahia ez da inoiz argi egon. Zalantzarik gabe, Grezia klasikoan "gizakia gauza guztien neurri" izateari buruz zegoen ikuspegiaren onarpen humanistaren ildo berean daude. Ignudi-en presentziak eta biluztasunak zenbait jende haserretu zuen, baita Adrian VI.a Aita Santua ere, zeinak Kapera Sixtinoko sabaia deskribatu baitzuen "gorputz biluzien nahaspila" gisa.

Baina Michelangelok ongi ezagutzen zuen Biblia. Jakingo zuen, inondik ere, serafinak eta kerubinak izaki hegodun gisa deskribatuta daudela, baina ez, ordea, aingeruak. Aingeruek gizaki itxura daukatela esaten da (adibidez, Hasiera-liburuko 18. kapituluan). Geroago Michelangelok Kaperako aldareko pareta margotu zuenean, aingeru ugari irudikatu zituen, batez ere ilargixketan, zeinak dekoratuta agertzen baitira Nekaldiaren sinboloak daramatzaten aingeruen eszenekin. Beste aingeru batzuk ageri dira tronpetak joz hildakoei deika, edo salbatuen eta zigortuen izenak idatzita dituzten liburuak erakusten, eta bekatariak infernura jaurtikitzen. Guztira, Azken Auzian berrogei aingeru baino gehiago ageri dira, guztiak ignudi-en oso antzekoak. Beraz, arrazoizkoa da ondorioztatzea ignudi-ek aingeruak irudikatzen dituztela. Baldin eta ignudi-ak egiazki aingeruak badira, Jainkoaren laguntzaile eta mezulariak dira, etengabeko presentzia daukatenak, eta soraiotasunez begiratzen diote gizateriaren patuari, horren zain.

Azken auziaren margolana.

Michelangelok 1535etik 1541era bitartean margotu zuen Azken auzia, Germaniako Erromatar Inperio Santuaren indar mertzenarioek 1527an Erromaren arpilatzea egin ondoren (zeinarekin amaitu baitzen Erromako Pizkundea, Trentoko Kontzilioaren aurre-aurretik).

Margolana eskala handian egina dago, eta Kapera Sixtinoko aldarearen atzeko horma osoa estaltzen du. Azken auzia da Kristoren bigarren etorreraren eta Apokalipsiaren irudikapen bat, Gizateriaren arimak igo edo amildu egiten dira, zein bere patuaren arabera, Kristok eta bere inguruko talde santuak epaituak izan ondoren.

Kaperako beste freskoetan ez bezala, figurak guztiz gihartsuak dira, eta hein batean oinazetan daudela dirudite: Ama Birjinak berak ere, margolanaren erdialdean, badirudi Jainkoaren aurrean izututa dagoela.

Azken Auzia zela-eta, liskar garratza izan zuten Michelangelok eta Carafa kardinalak. Izan ere, figura biluziak margotzeagatik, Michelangelori inmoraltasuna eta lizunkeria leporatu zioten. Carafak eta Mantua-ko enbaxadore Monsignor Sernini-k zentsura-kanpaina bat abiarazi zuten ("Mahats-hostoaren kanpaina" gisa ezagutua), fresko horiek kentzeko xedez. Aita Santuaren zeremonia-maisuak berak, Biagio Da Cesena-k alegia, esan zuenean zeharo negargarria zela halako toki santu batean figura biluzi haiek guztiak irudikatuak egotea, beren buruak "hain modu lotsagarrian" erakusten zituztenak, eta hori ez zela Aita Santuaren kapera baterako moduko lana, baizik eta bainu-etxe publikoetarako edo tabernetarako modukoa, orduan Michelangelok margolanean Da Cesena-ren itxura eman zion Minos-i; hots, behe-munduko epaileari. Esaten denez, Aita Santuarengana kexaka jo zuenean, Aita Santuak erantzun omen zion bere jurisdikzioa ez zela infernuraino iristen. Beraz, erretratuak hor segitu beharko zuen.

Geroago, margolaneko sexu-organoak Daniele da Volterra [8]artistak estali zituen, zeina historiara pasa baitzen Il Braghettone mespretxuzko goitizenarekin ("galtza-jartzailea", gutxi gorabehera itzulita).

Zaharberritze-lanak eta horiei buruzko desadostasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapera Sixtinoko sabaia zaharberritzeko lanei 1984ko azaroaren 7an ekin zitzaien. Zaharberritzea amaitu ondoren, Kapera 1994ko apirilaren 8an ireki zen berriro,[9] nahiz eta tarte horretan ere bisitatu ahal izan zen.

Michelangelok margoturiko sabaiaren zaharberritzeak piztu du kezkarik handiena. Zaharberritzearekin Kristoren arbasoen kolore argiak azaleratu zirenean, beldur-erreakzio bat sortu zen, ea erabilitako garbiketa-prozesuak ez ote ziren gogorregiak izango.

Arazoa datza Michelangelok erabilitako tekniken analisian eta ulermenean, eta zaharberritzaileek ulermen horri emandako erantzun teknikoan. Ilargixketako freskoak sakonki aztertu ondoren, zaharberritzaileek deduzitu zuten Michelangelok soil-soilik "buon fresco" deritzon teknika jorratu zuela; hau da, artistak lan egin zuela, soilik, ipini berritako igeltsu freskoaren gainean, eta margolanaren zati bakoitza margotu zuela igeltsua oraindik ere fresko zegoen bitartean. Beste hitz batzuetan esatearren: Michelangelok ez zuen "a secco" lan egin: ez zen geroago margolan-zati berera itzultzen eta igeltsu lehorraren gainean ez zuen xehetasun berririk gehitzen.

Zaharberritzaileek ondorioztaturikoa izan zen Michelangelok planteamendu orokor bat eta bera egin zuela margolana egiteari zegokionez, eta, horrenbestez, haiek ere zaharberritzearen planteamendu unibertsal bat egin zuten. Erabaki zuten ezen margolanaren gaineko geruza beltzaxka guztia, jatorri animaleko lekedak, kedarrak, argizariak eta ondoren gainetik margoturiko guztiak osaturikoa, mota bateko edo besteko kutsadura zela, edo kearen eragina, edo historian zehar egindako beste zaharberritze-ahalegin batzuk. Erabaki horretan oinarriturik, eta zaharberritzeari dagokionez jakinarazi diren datuei buruz Arguimbau-k eginiko irakurketa kritikoaren arabera, zaharberritze-lantaldeko kimikariek hautatu zuten halako disolbatzaile bat non, egiazki, sabaiari kenduko baitzion margoztaturiko igeltsua ez beste guztia. Tratamendu horren ondoren, soilik "buon fresco" teknikaz margotuta zegoenak iraungo zuen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Euskaltzaindiaren 193. Araua – Artelanen izenak. Arkitektura. 2021eko irailaren 24a
  2. Monfasani, John. (1983). «A Description of the Sistine Chapel under Pope Sixtus IV» Artibus et Historiae 4 (7): 9.  doi:10.2307/1483178. (Noiz kontsultatua: 2020-02-18).
  3. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  4. Hala ere, halako izenak aztertzen lanik zabal eta zehatzena egin duen EIMA erakundeak, Eskola-liburuetarako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak lan mardulean, «Kapera Sixtino(a)» izena hobetsi du.
  5. Compton, Robert Edward John, (11 July 1922–14 Nov. 2009), DL; Chairman: Time-Life International Ltd, 1979–90 (Chief Executive Officer, 1985–88); Time SARL, 1985–90. Oxford University Press 2007-12-01 (Noiz kontsultatua: 2020-02-18).
  6. Stastny Mosberg, Francisco. «Un fresco de Pérez de Alesio en la capilla Sixtina» Estudios de arte colonial. Vol. I (Institut français d’études andines): 53–68. ISBN 978-9972-623-79-0. (Noiz kontsultatua: 2020-02-18).
  7. (Ingelesez) Cohen, Jennie. «7 Things You May Not Know About the Sistine Chapel» HISTORY (Noiz kontsultatua: 2020-02-18).
  8. (Ingelesez) Simons, Marlise. (1991-06-19). «Vatican Restorers Are Ready for 'Last Judgment'» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-02-18).
  9. «8 de abril de 1994,  Santa Misa con motivo de la restauración de los frescos de Miguel Ángel en la Capilla Sixtina | Juan Pablo II» www.vatican.va (Noiz kontsultatua: 2020-02-18).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]