(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Klima - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Klima

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Munduko klimak (10 klimatan sinplifikatua)

Klima eskualde bateko eguraldia (regularra) edo atmosferaren egoeraren seriea da[1], beraz, denbora luzean neurtuak[2]. Honek esan nahi du egoera guztiak kontuan hartzen direla, bai adierazgarriak, bai ez ohikoak: egoeren gertaerak, beren dinamika, nola gertatzen diren eta zein erritmotan gertatzen diren... Klima mota ezartzeko tokian tokiko eguratsaren neurri estatistikoak, urtekoak eta hilabetekoak, kontuan hartzen dira: tenperatura, prezipitazioa, eguzki-orduak, argia, hezetasuna, haizearen abiadura etab. Leku zehatz baten kliman eragina dute latitudeak eta longitudeak, inguruko erliebea, altitudeak, lurzoruaren erabilerak edo gertu dituen ur masak eta bere korronteek[3].

Klimak batezbesteko aldagaien eta egoera tipikoen arabera sailka daitezke, batez ere tenperaturaren eta prezipitazioen arabera. Sailkapen-eskema erabiliena Köppenen sailkapen klimatikoa izan da. Thornthwaite sistemak[4], 1948tik erabiltzen denak, ebapotranspirazioa gehitzen du, tenperaturari eta prezipitazioei buruzko informazioarekin batera, eta dibertsitate biologikoa eta klima-aldaketak nola eragiten dion aztertzeko erabiltzen da. Azkenik, Bergeron eta Sailkapen Sinoptiko Espazialeko Sistemek eskualde bateko klima definitzen duten aire-masen jatorria dute ardatz.

Paleoklimatologia antzinako klimen azterketa da. Paleoklimatologoak Lurraren zati guztien aldaketa klimatikoak azaltzen saiatzen dira garai geologiko jakin batean, Lurraren eraketaren garaitik hasita. XIX. mendea baino lehen klimari buruzko zuzeneko behaketa gutxi zegoenez, paleoklimak zeharkako aldagaietatik ondorioztatzen dira. Horien artean daude proba ez-biotikoak (lakuetako ohantzeetan eta izotz-nukleoetan aurkitutako sedimentuak, adibidez) eta proba biotikoak (zuhaitzen eraztunak eta korala). Eredu klimatikoak iraganeko, oraingo eta etorkizuneko klimen eredu matematikoak dira. Klima-aldaketa denbora-eskala luze eta laburretan gerta daiteke, hainbat faktoreren ondorioz. Gaur egun klima-aldaketaren gaineko kezka dago, berotze globala dela eta[5].

Hitzaren jatorria grezierazko kλίμα, klíma, da, «inklinazioa» adieran. Izan ere, lehenengo klima eskualdeak banatu zirenean, eguzki izpien inklinazioaren arabera erabaki ziren.

Klima eta eguraldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meteorologoek «eguraldi» hitza erabiltzen dutenean, eguratsean epe labur batean gertatzen diren gorabeherez ari dira, hau da, tenperaturan, hodeietan, prezipitazioetan eta haizeetan minutu batetik bestera, hil batetik bestera gertatzen diren aldaketez.

Eguraldiaren epe luzeko adierazpenari klima esaten zaio. Beste era batera esanda: eskualde jakin bateko klima, delako eskualde horretan eguraldiak epe luze samar batean –zenbait hamarraldi– dituen estatistika ezaugarrien araberakoa da. Aditu batzuen ustez, 10 eta 100 km² bitarteko eremua duten eskualdeen klima mesoklima baten parte gisa har daiteke. Hala, beraz, ibar baten edo hiri baten propietate atmosferikoak kategoria horri dagozkio.

Hedadura handiko alde bateko (eskualde bat, herrialde bat edo are kontinente bat) ezaugarri meteorologikoak azaltzeko, berriz, makroklima terminoa erabiltzen da.

Mikroklima hitza, aldiz, ekologian-eta oso erabilia, organismo baten habitat naturalaren klima ezaugarriei dagokio, ingurune jakin eta ongi mugatu bat hartzen du, landarediak, lur osagaiek eta eguzki argiari buruzko orientazioak eta esposizioak zehaztua, zeinean, oso tarte txikian, gorabeherak izan baitaitezke alde batetik bestera.

Oro har, eguratsaren batez besteko egoera bezala definitu da klima, eta zenbait hamarralditan (hogeita hamar urtetik berrogeita hamar urtera) jasotako datuetan oinarrituta egiten da batez besteko hori. Baina eskualde klimatiko guztietan eguratseko eguraldia etengabe aldatzen ari dela kontuan izan gabe, definizioa ez dago behar bezala osaturik.

Klimaren definizioan, beraz, kontuan izan behar da eguraldiaren bilakaera normala edo batez bestekoa, dituen gorabehera guztiekin. Hala, leku jakin bateko klimari buruzko zenbakizko ezaugarriak jakin nahi badira, tenperatura, prezipitazio eta haizearen batez besteko balioak ez ezik haiek noiz eta nola eskuratu ziren ere jakin beharra dago, eta orobat batez besteko balioari buruzko maiztasuna eta gorabeherak ere, eta airearen hezetasuna, egurats presioa, hodeiak, zeru garbiko eguzki orduak, ikusgaitasuna, elur geruza, eta, oro har, estatistika bidez bereiz daitekeen meteorologia gertaera oro. Hala egin dira klima mapak, alegia, datuen batez besteko balioak erabiliz eta kalkulu estatistikoak eginez. Denboran zehar aldagarriak baina batez besteko egoera baten inguruan aldagaitzak diren parametroen multzoa da klima, eta klimatologia, berriz, parametro horiez diharduen jakintza.

Klima sistema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima sistema 1975ean definitu zen lehenengo aldiz, Munduko Meteorologia Elkartearen Egurats Ikerketarako Programa Orokorrak prestatu zuen dokumentu batean.

Honela zioen definizioak:

elkarrekin loturik dauden bost osagaiez eraturiko sistema bat da klima sistema: eguratsa, hidrosfera, kriosfera, litosfera eta biosfera.

Osagai horietako bakoitzak azpisistema heterogeneo termohidrodinamikoak eratzen ditu, besteek ez bezalako tasun fisikoak ditu, estu loturik dago gainerako osagaiekin energia eta materia jarioak eragiten dituzten prozesu konplexuen bidez, eta eguzki irradek (kontuan hartzeko moduko energia iturri bakarra baita hori) gobernatzen dute.

Lurreko klima sistema energia trukeen mende eta orekan dagoen sistema bat da. Sistema horren barruan hiru zati bereizten dira: sarrerak (sistemaren funtzionamendua baldintzatzen duten mekanismoak), erdigunea (eguratsa, sarreren kontrolpean) eta irteerak (Lurreko klimak, multzo oso horren ondorioa).

Sistemaren funtzionamendua, beraz, mekanismo edo eragile askoren mende dago (sarrerak): eguzki irraden energia, Lurraren errotazioa, orbita mugimendua, itsaso eta lurren banaketa, lurraren eta ozeanoen topografia, eta eguratsaren eta ozeanoen osaera. Eragile horietan eguzki irraden energia da, dudarik gabe, nagusia, sistemaren barruan sortzen diren prozesu gehienen oinarrizko energia iturria baita bera. Klima sistemaren erdigunea, berriz, eguratsa da: izan ere, lur azaleko eguraldia eta klima eratzen duten energia trukatze eta eraldatze gehienak airearen mugimenduaren bidez egiten dira, aireak berehala erantzuten baitie bero banaketaren gorabeherei.

Irteerak, berriz, Lurreko klimak dira, bakoitzak bere ezaugarriak dituela eta sarrerako mekanismo bat edo besteren eragina erakusten duela.

Klima sistemaren oreka horren ondorioetako bat Lurreko irradaren oreka da: Lurrak Eguzkitik hartzen duena adina energia islatzen du kanpoaldera, eta, beraz, lurraren batez besteko tenperatura ez da aldatzen.

Beste ondorio bat Lurreko uraren oreka da: ozeanoaren, eguratsaren eta kontinenteen artean ura lekuz aldatzeak horien artean sortzen den ur gehiegitasuna eta gutxiegitasuna orekatzen ditu.

Sistemaren oreka orokorrak Lurreko klimen egonkortasuna dakar. Horrek ez du, inondik ere, klimak aldatzen ez direnik esan nahi. Aitzitik, gertaera larri batek, izan kanpoko perturbazio bat (klima sistemaren kanpoko eragileren batean aldaketaren bat gertatu izanak eragina: gorabeherak eguzki irradetan, aldaketak Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen orbitan), izan barneko bat (sumendietako erupzioak, aldaketak hormaguneen zabaleran edo lur azalaren gora-beheretan, karbono dioxidoaren gehitzea, baso galtzea, etab.), aldaketak eragiten ditu klimetan eta klimen banaketan.

Beraz, gaur egungo klimen mosaiko hau klimen historia jarraituaren une jakin bat besterik ez da, aldaberatasun naturala baita, hain zuzen, klimen berezitasun nagusietako bat.

Sistemako atalen arteko doitze eta kontrol prozesuetan zeresan berezia dute berrelikatze edo feedback mekanismoek: aldagai batek beste bati eragiten dionean, bigarrenaren eraginak lehenengoa eraldatzen du atzera; zirkuitu itxi bat eratzen da orduan, eta hasitako prozesua, edo areagotu egiten da (berrelikatze positiboa) edo moteldu (berrelikatze negatiboa). Eta hala, kanpoko edo barneko perturbazio baten eraginpean dagoenean klima sistema, berrelikatze mekanismoak sortzen dira aldagaien artean, denbora eskala ez beti berdinetan (hilabeteak edo milaka urteak). Lurraren gainazala jotzen duten eguzki energiaren aldaketek tenperaturan izan dezaketen eragina aztertzea izango litzateke berrelikatze positiboaren adibide bat: baldin lur azalera eguzki energia gutxiago iristen bada, tenperaturak behera egingo du, elur gehiago egingo du, hormaguneak ere hedatuz joango dira, eta horren ondorioz, albedoa handitu egingo da; eguzki irrada gehiago igorriko litzateke kanpora eta tenperatura are gehiago apalduko litzateke.

Klimaren hau bezain sistema konplexu batean anomalia batek aldaketak eragin ohi ditu beste aldagai batzuetan, hasierako perturbazioa zer motatakoa den, non gertatu den, eta zer magnitude duen betiere. Baina, klimak kontrolik izango badu, barneko doitze mekanismoek neutralizatu egin behar dituzte berrelikatze positiboko mekanismoak prozesuaren uneren batean.

Are gehiago, berrelikatze mekanismoen eragin erregulatzailea konplexua da, askotarikoa baita elkarri eraginez dauden azpisistema guztien jokabidearen denbora eskala.

Perturbazio batek asaldatu ondoren azpisistema batek atzera orekan jartzeko behar duen denbora da denbora eskala. Denbora eskaletan alde handia dago batetik bestera: eguratsa, bere osoan, eta behe troposfera, bereziki, ozeanoaren gainaldea bezala, duten mugitzeko eta beroa trukatzeko ahalmena dela eta, berehala erreakzionatzen dute tenperatura aldaketa baten aurrean, eta egun gutxi edo aste gutxitan iristen dute oreka. Aitzitik, biosferaren oinarrizko zikloa urtekoa da, eta uda-neguko aldaketa termikoei erantzuten die. Sistemako beste atal batzuek askoz ere denbora eskala handiagoak dituzte. Ozeanoan, ur sakonetan, doitze denborak hamarraldiak edo mendeak izan daitezke. Kriosferaren erantzuna ere aldakorra da oso: elur geruzak urtetik urtera gorabehera handiak dituen bezala, hormategiak eta hormaguneak askoz polikiago aldatzen dira, bolumenean edota hedaduran kontuan hartzeko aldaketak gertatzerako ehunka milioi urte igarotzen dira. Litosfera da, berriz, sistemako osagai motelena; ehunka milioi urtetan gertatzen baitira aldaketak berorretan.

Ezagutzen den klimen lehen sailkapena grekoek egin zuten. Hiru klima eremu handitan banatu zuten Lurra, tenperaturen banaketa globala kontuan harturik: tropikala, epela eta polarra. Harrezkero sistema asko formulatu dira, batez ere XX. mendean, baina, oro har, bi joera nagusi bereiz daitezke. Batetik, klima aniztasuna sortzen duten faktoreetan (eguratsaren zirkulazioa, aire masak eta eguraldi motak) oinarritzen direnak, sailkapen genetikoak deituak (Flohn, Alissov edo Strahlerrenak, adibidez), eta, bestetik, klimaren hainbat elementu (elkortasuna eta tenperaturak) konbinatzen dituztenak, sailkapen enpirikoak deituak (Papadakis, Thornthwaite eta, batez ere, Köppen).

Flohnen klima sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Flohnen sailkapen genetikoak (1950) Lurreko haize laster handiak eta prezipitazioa hartzen ditu oinarritzat. Kontuan hartzen ditu halaber egurats zirkulazioaren joera orokorrak arotik arora izaten dituen aldeak. Urte guztia haize sistema beraren mende dauden eskualdeak (klima homogeneoa) eta aroaren araberako haizeen mende daudenak (klima heterogeneoa) bereizten ditu. Orotara, zazpi klima eremu bereizten ditu, baina haietako bakoitza zehatz-mehatz mugatzeko zailtasunak direla eta, ez da haien banaketa geografikoa planisferio batean irudikatu, eta mapa ideal bat marraztu besterik ez da egin.

Köppen klima sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Köppen klima sailkapena»

Köppen klima sailkapena da sailkapen metodo ezagunena eta erabiliena geografoen artean. Landaredi naturala klimaren adierazle bat delako ideian oinarritzen da; haren kategorietako batzuk landare mota batzuen muga klimatikoetan oinarritzen dira, hain zuzen. Köppenek urteko eta hilabeteko tenperatura eta prezipitazio batez bestekoen arabera definitzen ditu klimak; zenbait talde eta azpitalde klimatiko bereizten ditu, eta letrazko kode baten bidez izendatzen. Bost talde nagusi daude, letra larriz adieraziak, eta beren ezaugarriak batez ere irizpide termikoetan oinarritzen dira:

  • A. Klima tropikal euritsua: hileko batez besteko tenperatura 18 gradu zentigraduz gorakoa da. Ez da negurik eta euri asko egiten du.
  • B. Klima lehorrak: lurruntzea prezipitazioa baino handiagoa da eta ez dago ur soberarik.
  • C. Klima epelak eta hezeak: hilabete hotzenaren batez besteko tenperatura 18 eta -3 °C artekoa da, eta beroenarena, berriz, 10 °C-tik gorakoa.
  • D. Negu hotzeko klima epelak: hilabete hotzenaren batez besteko tenperatura -3 °C-tik beherakoa da, eta hilabete beroenarena, berriz, 10 °C-tik gorakoa.
  • E. Klima polarra: ez dago aro berorik, eta hilabeteko batez besteko tenperatura 10 °C-tik beherakoa da beti.

Talde horiek guztiak azpitalde espezifikoagoetan banatzen dira, letra xehez adierazten dira, eta beren ezaugarriak prezipitazioen aroz aroko banaketan oinarritzen dira:

  • f: prezipitazio konstanteak, ez da hilabete lehorrik,
  • m: prezipitazio konstanteak, hilabete lehorren bat izan ezik,
  • s: lehorraldia udan (sommer alemanez).
  • w: lehorraldia neguan (winter alemanez).

Bi letra multzo horiek konbinatuz Köppen klima sailkapena osatzen duten hamabi klimak ateratzen dira.

Köppen–Geiger klima mapa[6]
     Af      Am      Aw      BWh      BWk      BSh      BSk      Csa      Csb      Cwa      Cwb      Cfa      Cfb      Cfc      Dsa      Dsb      Dsc      Dsd      Dwa      Dwb      Dwc      Dwd      Dfa      Dfb      Dfc      Dfd      ET      EF

Aldakortasun klimatikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima-aldakortasuna da batezbesteko egoeraren aldaketak eta klimaren beste ezaugarri batzuk deskribatzeko terminoa (adibidez, muturreko meteoreologiaren aukera edo probabilitatea, etab.), espazio- eta denbora-eskala guztietan, banakako gertaera meteorologikoetatik haratago. [7] Aldakortasunaren zati bat ez dirudi sistematikoki gertatzen denik, eta zorizko uneetan gertatzen da. Aldagarritasun horri zorizko aldagarritasuna edo zarata deitzen zaio. Bestalde, aldakortasun periodikoa nahiko erregularra da, eta aldakortasun modu edo eredu klimatiko desberdinetan gertatzen da. [8]

Korrelazio estuak daude Lurreko oszilazio klimatikoen eta faktore astronomikoen (barizentroaren aldaketak, eguzki-orbanen aldaketa, izpi kosmikoen fluxua, hodeien albedoaren berrelikadura, Milankovitchen zikloak) eta sistema klimatiko ozeanikoaren artean beroa banatzeko moduen artean. Kasu batzuetan, gaur egungo oszilazio naturalak, historikoak eta paleoklimatologikoak ezkutatu egin daitezke sumendi-erupzio esanguratsuengatik, inpaktu-gertaerengatik, proxy klimatikoko datuen irregulartasunengatik, atzeraelikadura positiboko prozesuengatik edo berotegi-efektuko gasak bezalako substantzien emisio antropogenikoengatik.[9]

Urteetan zehar, aldatu egin dira klima-aldakortasunaren definizioak eta klima-aldaketa terminoa. Klima-aldaketa terminoak, gaur egun, epe luzeko aldaketa eta giza kausalitatea dakarren arren, 1960ko hamarkadan klima-aldaketa hitza erabiltzen zenean, orain klima-aldakortasun gisa deskribatzen duguna adierazten zen, hau da, klima-inkontsistentzia eta -anomalia gisa. [8]

Klima aldaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Klima aldaketa»
1850.etik 2020.era bitarteko tenperatura globalaren grafikoa

Klima-aldaketa garaikideak beroketa globala eta Lurraren eredu meteorologikoetan dituen eraginak barne hartzen ditu. Klima-aldaketaren aurreko aldiak egon dira, baina egungo aldaketak askoz azkarragoak dira eta ez dira kausa naturalen ondorio[10][11]. Horien ordez, berotegi-efektuko gasen isurketek eragiten dituzte, batez ere karbono dioxidoak (CO2) eta metanoak. Energia ekoizteko erregai fosilak erretzeak sortzen ditu isuri horietako gehienak. Nekazaritza-jarduera batzuk, industria-prozesuak eta basoen galera iturri gehigarriak dira[12]. Berotegi-efektuko gasak gardenak dira eguzkiaren argitan, eta horrek Lurraren gainazala berotzeko aukera ematen du. Lurrak bero hori erradiazio infragorri moduan igortzen duenean, gasek xurgatu egiten dute, beroa lurrazaletik gertu harrapatuta eta berotze globala eraginez.

Klima-aldaketaren ondorioz, basamortuak hedatzen ari dira, eta bero-boladak eta baso-suteak gero eta ohikoagoak dira[10]. Artikoko beroketaren gorakadak permafrosta urtzen, glaziarrek atzera egiten eta itsas izotza galtzen lagundu du. Tenperaturen gorakadak ekaitz bortitzagoak, lehorteak eta muturreko beste fenomeno meteorologiko batzuk ere eragiten ditu[12]. Mendietako, koralezko arrezifeetako eta Artikoko klima-aldaketa azkarrak espezie asko birkokatzera edo desagertzera daramatza[13]. Klima-aldaketak pertsonak mehatxatzen ditu elikagaien eta uraren eskasiarekin, uholdeen gorakadarekin, muturreko beroarekin, gaixotasunen gehikuntzarekin eta galera ekonomikoekin. Giza migrazioa eta gatazkak ere ondorio izan daitezke[14][15]. Munduko Osasun Erakundeak uste du klima-aldaketa munduko osasunarentzako mehatxurik handiena dela XXI. mendean[16]. Etorkizuneko beroketa minimizatzeko ahaleginek arrakasta badute ere, zenbait efektuk mendez mende jarraituko dute. Horien artean, itsas mailaren igoera eta ozeano beroago eta azidoagoak[17].

Inpaktu horietako asko 1,2 °C-ko egungo berotze-mailarekin hautematen dira. Berotze gehigarriak areagotu egingo ditu inpaktu horiek, eta inflexio-puntuak eragin ditzake, Groenlandiako izotz-geruzaren urtzea, esaterako[18]. 2015eko Parisko Akordioan, nazioek kolektiboki erabaki zuten beroketa "2 °C-tik oso behera" mantentzea. Hala ere, Akordioaren esparruan egindako promesekin, beroketa globala oraindik 2,7 °C-ra iritsiko litzateke mende amaierarako[19]. Berotzea 1,5 °C-ra mugatzeko, beharrezkoa izango da 2030a baino lehen isuriak erdira murriztea eta 2050erako isuriak nuluak izatea lortzea[20][21].

Emisioak modu drastikoan murrizteko, erregai fosilak erretzeari utzi beharko zaio, eta karbono gutxi isurtzen duten iturrietatik sortutako elektrizitatea erabili beharko da. Horren barruan sartzen dira ikatzezko zentral elektrikoak pixkanaka kentzea, energia eolikoaren, eguzki-energiaren eta beste energia berriztagarri batzuen erabilera handitzea, eta energiaren erabilera murrizteko neurriak hartzea. Elektrizitateak erregai fosilak ordezkatu beharko ditu garraioa elikatzeko, eraikinak berotzeko eta industria-instalazioak funtzionarazteko[22]. Karbonoa atmosferatik ere ken daiteke, adibidez, baso-estalkia handituz eta lurzoruko karbonoa harrapatzen duten metodoekin landuz. Komunitateak klima-aldaketara egokitu daitezkeen arren, kostaldeak hobeto babesteko ahaleginen bidez, ezin dute saihestu inpaktu larriak, orokorrak eta iraunkorrak izateko arriskua[16].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Maximilien Sorre
  2. (Ingelesez) KSC. (2015-03-09). «What's the Difference Between Weather and Climate?» NASA (Noiz kontsultatua: 2022-10-01).
  3. (Ingelesez) Gough, William A.; Leung, Andrew C. W.. (2022-06). «Do Airports Have Their Own Climate?» Meteorology 1 (2): 171–182.  doi:10.3390/meteorology1020012. ISSN 2674-0494. (Noiz kontsultatua: 2022-10-01).
  4. Thornthwaite, C. W.. (1948). «An Approach toward a Rational Classification of Climate» Geographical Review 38 (1): 55–94.  doi:10.2307/210739. ISSN 0016-7428. (Noiz kontsultatua: 2022-10-01).
  5. (Ingelesez) Hughes, Lesley; Hughes, Lesley; Hughes, Lesley. (2000-02-01). «Biological consequences of global warming: is the signal already apparent?» Trends in Ecology & Evolution 15 (2): 56–61.  doi:10.1016/S0169-5347(99)01764-4. ISSN 0169-5347. PMID 10652556. (Noiz kontsultatua: 2022-10-01).
  6. Peel, M. C. and Finlayson, B. L. and McMahon, T. A.. (2007). Updated world map of the Köppen–Geiger climate classification. 11, 1633–1644 or. ISSN 1027-5606.. (direct: Final Revised Paper)
  7. IPCC AR5 WG1 Glossary 2013.
  8. a b Rohli & Vega 2018.
  9. Scafetta, Nicola. (May 15, 2010). «Empirical evidence for a celestial origin of the climate oscillations» Journal of Atmospheric and Solar-Terrestrial Physics 72 (13): 951–970.  doi:10.1016/j.jastp.2010.04.015. Bibcode2010JASTP..72..951S..
  10. a b (Ingelesez) Climate change. 2022-09-09 (Noiz kontsultatua: 2022-09-10).
  11. (Ingelesez) Lynas, Mark; Houlton, Benjamin Z; Perry, Simon. (2021-10-19). «Greater than 99% consensus on human caused climate change in the peer-reviewed scientific literature» Environmental Research Letters 16 (11): 114005.  doi:10.1088/1748-9326/ac2966. ISSN 1748-9326. (Noiz kontsultatua: 2022-09-10).
  12. a b (Ingelesez) Climate change. 2022-09-09 (Noiz kontsultatua: 2022-09-10).
  13. (Ingelesez) US EPA, OA. «Climate Impacts on Ecosystems» 19january2017snapshot.epa.gov (Noiz kontsultatua: 2022-09-10).
  14. Cattaneo, Cristina; Beine, Michel; Fröhlich, Christiane J.; Kniveton, Dominic; Martinez-Zarzoso, Inmaculada; Mastrorillo, Marina; Millock, Katrin; Piguet, Etienne et al.. (2019-07-01). «Human Migration in the Era of Climate Change» Review of Environmental Economics and Policy 13 (2): 189–206.  doi:10.1093/reep/rez008. ISSN 1750-6816. (Noiz kontsultatua: 2022-09-10).
  15. (Ingelesez) «Curbing environmentally unsafe, irregular and disorderly migration» UNEP 2018-10-25 (Noiz kontsultatua: 2022-09-10).
  16. a b AR5 Synthesis Report: Climate Change 2014 — IPCC. (Noiz kontsultatua: 2022-09-10).
  17. Global Warming of 1.5 ºC —. (Noiz kontsultatua: 2022-09-10).
  18. (Ingelesez) Arias, Paola A.; Bellouin, Nicolas; Coppola, Erika; Jones, Richard G.; Krinner, Gerhard; Marotzke, Jochem; Naik, Vaishali; Palmer, Matthew D. et al.. (2021). Technical summary. (Noiz kontsultatua: 2022-09-10).
  19. (Ingelesez) Programme), UNEP (United Nations Environment. (2021). «Emissions Gap Report 2021.» iifiir.org (Noiz kontsultatua: 2022-09-10).
  20. (Ingelesez) Rogelj, Joeri; Meinshausen, Malte; Schaeffer, Michiel; Knutti, Reto; Riahi, Keywan. (2015-07-01). «Impact of short-lived non-CO2 mitigation on carbon budgets for stabilizing global warming» Environmental Research Letters 10 (7): 075001.  doi:10.1088/1748-9326/10/7/075001. ISSN 1748-9326. (Noiz kontsultatua: 2022-09-10).
  21. (Ingelesez) Hilaire, Jérôme; Minx, Jan C.; Callaghan, Max W.; Edmonds, Jae; Luderer, Gunnar; Nemet, Gregory F.; Rogelj, Joeri; del Mar Zamora, Maria. (2019-11-01). «Negative emissions and international climate goals—learning from and about mitigation scenarios» Climatic Change 157 (2): 189–219.  doi:10.1007/s10584-019-02516-4. ISSN 1573-1480. (Noiz kontsultatua: 2022-09-10).
  22. (Ingelesez) Achieving the Paris Climate Agreement Goals.  doi:10.1007/978-3-030-05843-2. (Noiz kontsultatua: 2022-09-10).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]