(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Lurzoru - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Lurzoru

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Zergatik da hain garrantzitsua lurzorua? Eta zer esan nahi du lurzorua osasuntsu izateak?

Lurzorua lurrazalaren kanpo geruza da, biziaren euskarria dena eta batez ere materia organikoz, mineralez, likidoz, gasez (nagusiki, airea) eta izaki bizidunez osatua. Eguneroko hizkeran, baina baita ere nekazaritzan, lorezaintzan eta ingurumen zientzatan, gai honi lurra esaten zaio. Hortik datorkio gure planetaren izena: Lurra.

Lau funtzio garrantzitsu betetzen ditu: landareen euskarri nagusia; ur gordailu, hornidura eta araztea; Lurreko atmosferaren aldatzailea eta organismoen bizileku. Eta horiek guztiek lurra eraldatzen dute era berean.

Lurra bizirik dago[1] eta egitura espazial ugariz osatua dago (horizonteak, errizosfera, makro- eta mikro-agregakinak eta abar. Dimentsio fraktal honek tamaina askotako organismo ugariren koexistentzia ahalbidetzen du eta bioaniztasun aberatsaren euskarri bihurtu animalientzat, landareentzat eta mikrobioentzat[2].

Lurzorua aztertzen duen zientziei pedologia (morfologiaren ikuspuntutik) eta edafologia (biziaren ikuspuntutik) esaten zaie. Lurzorua soertzen deneko prozesuari pedogenesia esaten zaio.

Ezaugarriak eta eraketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lurra, biziaren euskarria, materia organikoz, mineralez, likidoz, gasez eta izaki bizidunez osatua.

Lurzorua harri amaren disgregazioaren ondorioz sortzen den geruza multzoa da. Geruza horiei horizonte deritze.

Lurrazaleko hainbat sistemen interfasean dago lurzorua: litosfera (lurzoruko mineral-ekarpena ematen duena), atmosfera, hidrosfera eta biosfera (azken hirurek mineral matrizea aldatzen dute lurzorua eratuz). Modu sinple batean lurzoruen eraketa etapa hauetan ematen dela esan daiteke:

  • Arroken disgregazio mekanikoa;
  • Material erregolitikoen eta askeen meteorizazio kimikoa;
  • Izaki bizidunen agerpena (landare, mikroorganismo...) substratu inorganikoaren gainean; fase hau esanguratsuena da zeren honetan ematen diren bizi-prozesu eta metabolikoek mineralak meteorizatzen jarraitzen dituzte; gainera, landare eta animalien hartzidura eta ustelketari esker substratu hau aberasten da;
  • Elementu hauen nahasketa ura eta aire interstizialekin batera.

Gainjarritako geruzen egitura bat eratzen da, konposizio kimiko eta biologiko mugatua duena. Zonaldearen sistemen arabera (litologia, erliebea, klima, biota) eta bere elkarrekintzen arabera lurzoru mota ezberdinak emango dira.

Arroken meteorizazio kimiko eta alterazio mekanikoaren ondorioz alterazio mantu bat eratzen da, elubioia. Elubioia hegal garraio mekanismoei esker bere jatorritik garraiatua bada kolubioia deritzo.

Kolubioiaren materialen gainean lurzoruak garatu daitezke; kolubioi materialen alterazio fisiko, kimiko eta biologikoaren ondorioa lurzorua da. Lurzoruaren baitan maila horizontal ezberdinak edo horizonteak agertzen dira.

Lurzoru baten ebaketa-diagrama (horizonteak):
A - goi-geruza (materia organikoduna)
B - erregolitoa
C - saprolitoa
R (azpian) - harri ama

Lurrak lau osagai nagusi ditu (ehunekoak ohiko lurrrarenak[3] [4]):

  • Materia minerala edo inorganikoa harri amaren eraldaketatik eratorria (%45),
  • Izaki bizidunen ustelketatik eratorritako materia organikoa (5%)
  • Ura (%25)
  • Airea (%25)

Gai mineralak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina desberdineko harri amaren zati edo partikula eraldatuak dira. Partikula koloidal ugarienak buztinak dira.

Gai organikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare eta animaliengatik eratorritako materia organikoak humifikazio eta mineralizazioa prozesuak jasaten ditu. Mikrofaunak (artropodoak) lurrustela zatitu eta materia mineralarekin nahastu egiten du. Bakterioek eta onddoek hondakin organikoak deskonposatzen dituzte mineral disolbagarriak askatuz: CO2, nitratoak, fosfatoak, amoniakoa. Hauekin batera azido humikoak eratzen dira.

Mineralizazioa eta humifikazioaren ondorioz lurzoruko zati organikoa bi eratara ager daiteke:

  • Humus gordina edo gaztea. Landare eta animalia hondarrak gutxi eraldatuak.
  • Humus landua. Hondarrak azido humiko bihurtuta daudenean. Izaera koloidala eta kolore iluna du.

Sistema ekologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurzorua elementu fisiko, kimiko eta biologiko multzo konplexu batez osatua dago, hau kontinenteen gainazalean garatzen diren bizitzaz konposatzen da. Lurzorua biota berezi (mikroorganismo eta animalia txiki) baten habitata da, edafon izenekoa. Lehorreko gainazaletan ematen da, urpeko ekosistemetan normalean ez da ematen.

Biologiaren ikuspuntutik lurzoruaren ezaugarri garrantzienetariko bat bere iragazkortasuna da, hau porositatearekin, egiturarekin eta konposizio kimikoarekin estuki lotua dago. Lurzoruek landareak elikatzeko behar dituzten elementu mineralak bere baitan gordetzen dituzte, hauek hondar organikoen degradazioaren bidez askatzen dira. Lurzoru on bat nekazaritza jardueretarako egokia da.

Ingurumenean lurzoru konplexuenek eta lodienek biomasa eta bioaniztasun handiko ekosistemak laguntzen dituzte, eta hauen produktu eta baldintza dira. Ekosistemen hierarkiaren arabera, lurzorua ekosistema bat da eta aldi berean parte hartzen duen sistema ekologikoaren azpisistema bat.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Frantsesez) Jean-Michel Gobat, Michel Aragno & Willy Matthey. (2013-10-15). Le sol vivant. Bases de pédologie. Biologie des sols.. Presses Polytechniques et Universitaires Romandes ISBN 9782880747183..
  2. (Frantsesez) Jean-François Ponge (2011) Biodiversité animale du sol et gestion forestière 8 or.
  3. CEIDA. Interfaseak: lurzorua eta itsasaldea. ivap.
  4. (Ingelesez) McClellan, Tai. Soil composition. .

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]