(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Lehen Koalizioko Gerra - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Lehen Koalizioko Gerra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lehen Koalizioko Gerra
Frantziako Iraultzako Gerrak eta Koalizioaren Gerrak
Napoleon Rivoliko guduan
Data17931797
LekuaFrantzia, Erdialdeko Europa, Italia, Belgika, Herbehereak, Espainia, Mendebaldeko Indiak
EmaitzaFrantsesen garaipena
Gudulariak
 Germaniako Erromatar Inperio Santua
 Prusiako Erresuma
 Britainia Handiko Erresuma
Frantziar monarkikoak
Espainia Espainia
 Portugalgo Erresuma
 Sardiniako Erresuma
 Siziliako Erresuma
 Otomandar Inperioa
 Zazpi Herbehere Batuen Errepublika
Frantzia Frantziar Errepublika
Italia Italiako hainbat lurralde
Polonia Poloniar legioak

Lehen Koalizioko Gerra (1792-1797) Frantzia Iraultzailea geldiarazteko Europako zenbait boterek zuzendutako ahalegin militarra da. Gerra multzo honetan kokatzen da Konbentzioaren Gerra.

Frantziako Iraultzako Gerren hasiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako Iraultzak aldaketa handia ekarri zuen Frantziarentzat. Antzinako erregimen absolutisten boterea behera bota zuen. Horren adibide da, besteak beste, Luis XVI erregearen etxe barruko arrastatzea. Azken honek atzerriko hainbat herrialderi laguntza eskatu zion, baina hainbat hilabetetan estatu horiek ez zuten lagundu nahi izan.

Austria, Prusia, Errusia eta Otomandar Inperioa Europa ekialdeko botere-borroka batzuetan zeuden murgilduta eta ez ziren askorik kezkatu Poloniak (herrialde guzti horien erdian kokatuta zegoenak), Frantziari eta bere ideiei jarraiki, konstituzio berri bat aldarrikatu zuen arte. Horri erantzuteko asmoz, Austria aliantza bat egin nahian ibili zen. Frantzia sumisiopean jarri nahi zuen eta ekialdeko herrialdeak beraien artean borrokan aritzea saihestu.

1791ko abuztuaren 2an, Prusiako erregeak eta Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadoreak gerrarako interesa agertuko zutela zirudien Pillnitz-eko deklarazioa egin ostean. Hala ere, Pillnitzeko deklarazioa Frantziako iraultzaileak izutzeko eta erregearen alde zeuden frantsesak babesteko diseinatua zegoen, eta ez gerra berri bat hasteko. Izan ere, teorian bederen, deklarazioko testuak zioenarekin ezinezkoa zirudien gerra bat sortzea. 1792ko otsailean sinatu zen Austriaren eta Prusiaren arteko aliantza ofiziala. Aldi berean, beste potentziak Frantziara begira zeuden (lehen aipatu bezala, lurrak hartzeko), baina horrek ez zuen automatikoki gerrarik egongo zenik esan nahi. Frantziara itzuliz, bertako hainbat indar politikok (girondinoak edota brissontinoak) aldez aurretiko neurriak hartu nahi zituzten, gerraren bidez erregea bere kargutik bota eta errepublika deklaratzeko asmoarekin. Monarkiaren aldeko batzuk gerrarako deia babestu zuten, atzerriko armadak Frantziara sartu eta erregea berrezarriko zutenaren esperantzarekin. Apirilaren 20an Frantziako Nazio Biltzarrak gerra deklaratu zion Austriari. Horren ondorioa Lehen Koalizioa izan zen, hasiera batean Austria eta Prusiak osatzen zutena eta geroago Britainia Handia eta Espainia gehitu zitzaizkiona. Lehen Koalizioaren helburua lurraldeak irabaztea zen, Iraultzarekin amaitzea baino.

Gerraren hasiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iraultzaren ondorioz, indar frantziarrek arazoak izan zituzten, ofizial askok ihes egin baitzuten. Frantsesen iparraldeko armadak Lille-n egin zien aurre austriarrei, baina aise garaituak izan ziren. Armada barruan ika-mikak sortu zituen porrot horrek. Dillon generala bere soldaduek lintxatu zuten edota Rochambeau komandanteak bere kargua utzi zuen. Azken hori Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerrako gizon garrantzitsu batek ordezkatu zuen, Lafayettek hain zuzen ere.

Frantziak lau armada antolatu zituen defentsarako hesi bat osatzeko. Abuztuaren erdialderako, Koalizioko erdialdeko armadak Frantziaren zati bat inbaditu zuen. Prusiako Brunswick dukeak zuzendu zuen armada. Europa erdialdetik zetozen 80.000 soldadu inguru zituen bere esanetara. Verdun bezalako toki garrantzitsuak hartu zituzten eta Paris itxi zuten. Oposizio gutxi zuen erdialdeko armada horrek eta Parisen beldur handia zabaldu zen, batez ere prusiarrek hiria suntsitu zezaketelako eta hiritarrak hilko zituztenaren ustea zutelako. Brunswickek zin egin zuen sarraskia egingo zuela Frantziako erregea eta bere familia zaurituak edo irainduak baziren. Zoritxarrez, paristarrek jadanik hori egina zuten, erregea giltzapetu baitzuten. Bada, mila hildako inguru egon ziren prusiarren errepresaliagatik.

Horren ostean, iparraldeko armadak, Dumouriez generalen esanetara orain, Belgika zuen helburu, baina Argonneko borrokan erdialdeko armadari laguntzera joan ziren; atzera bota zituzten. Bertan zen errege prusiarrak agindu zuen eta frantziarren aurkako guduan hasi ziren Valmy herrian 1792ko irailaren 20an. Kasu honetan, frantziarrek irabazi zuten, armada handiagoa eraman baitzuten eta defentsa bikaina antolatu. Hori izan zen Brunswick kapitainak atzera egitea ekarri zuena. Gerra horren ondorioz hein handi batean, errepublika ezarri zen.

Gainontzeko urtean frantziarrek garaipenak eta porrotak izan zituzten, baina iraultzako armadek Niza, Savoia, Renania hartu zituzten eta, Dumouriez generalaren pean, Brusela eta Anberes ere bai. Horrez gain, austriarrak erraz gainditu zituzten Jemappes herrian. Askoren ustez, aipatutako Valmyko gudua izan zen frantziarrentzako inflexio-puntua. Arrakasta guzti horiek zirela eta, iraultzako gobernuak gerrarako hainbat helburu ezarri zituen: Muga natural deritzogunak ezarri ziren eta herri zapalduak askatzeko deia egin zen. Honen ondorioz, nazioartean alarma handitu egin zen.

1793 hasieran Frantzia beligerantzian kokatu zen, erregea exekutatu zuten eta Britainia Handiari, Espainiari, Errusiari, Germaniako Erromatar Inperio Santuari, Italiako zati handi bati eta Herbeeretako probintziei gerra deklaratu zien, nahiz eta beren mandatarien % 75ak armada utzi zuen. Hamarnaka mila boluntario sutsuren eragina izan zen armada suspertzen lagundu zuena. Hala ere, Germaniako Erromatar Inperio Santuak Frantzia erasotzeko erabakia hartu zuen, frantziarrak askoz gutxiago baitziren. Frederick Saxe-Coburgeko Dukeak gidatu zituen austriarrak. Horri aurre egitearren, Dumouriez ahalik eta azkarren itzuli zen Herbehereetatik borrokatzeko, baina garaitua izan zen. Porrot honen ostean, Dumouriez jakitun zen traizioa leporatuko ziotela, ez baitzen egon herriak gehien behar izan zuenean. Horrez gain, Dumouriezek jadanik nahikoa izan zuela sentitzen zuen. Horregatik, bere armadari Parisera itzultzeko eskatu zion. Hauek ezetz esan zioten, baina Dumouriez Lehen Koaliziora gehitu zen. Bere ordezkoa Dampierre generala izan zen, baina gerran hil zen. Hurrengoa, Custine, frantziarrek beraiek gillotinatu zuten. Hainbeste barne arazorekin, ia konturatu gabe Lehen Koalizioko indarrak Frantziako mugetara gerturatzen ari ziren Espainia eta Renaniatik. Gainera, briatiniarrek Toulon okupatu zuten.

Frantziako gobernuak  Levée en Masse egoera ezarri zuen. Hau da, adinez nagusiko gizonezko guztiak mobilizatu zituzten nazioaren defentsarako. Polemika handia egon zen nazioaren barnean, matxinadaren bat ere bai. Hala ere, eskulan ugari zegoen gerrarako behar zen guztia produzitzeko. Gainera, nola Salbamen Publikorako Batzordeak hala Frantziako gobernuak armada hornitzeko baliabideak eta armada efektiboki zuzentzeko baliabideak zituzten. Gauzak horrela, lehenengo Gerra Totala hasi zen, eta horrekin izua ere bai. Frantziak 500.000 soldadu zituen lau indar nagusitan banaturik. Carnot-i, Salbamen Publikorako Batzordeko nagusietako bati, garaipenaren antolatzailea deitu zioten, preferentzia eman baitzien iparraldeko erasoei.

Houchard izena zuen iparraldeko armadaren buru izendatu zutenak. Bere zorigaiztorako, gillotinatua izan zen bere konpromiso maila zalantzan jarri ostean. Garaipena oso motel lortu izana leporatu zioten zehazki. Hurrengo generala Jourdan izan zen. Maubeugeko setioa gainditzea lortu zuen eta Wattignieseko borrokan garaipena lortu zuen 1793ko urrian. Aldi berean, Toulon herria liberatu zuten artilleriako ofizial bati esker. Napoleon Bonaparte zen bere izena. Urte amaierarako, Flandriatik bota zituzten Koaliziokoak eta Alsazia askatu zuten. Beste hitz batzuetan, Frantzia hedatu zen. Armada frantziarrak azkarra, malgua, ongi babestua izateko gaitasuna erakutsi zuen. Modu horretara, azkarrago borrokatu zitekeen.

1794an Frantziak armadak berrantolatu zituen eta hainbat komandante lekualdatu zituen, baina hala eta guztiz ere garaipenak etorri ziren: Tourcoing, Tournai eta Hoogledekoak besteak beste. Saiakera askoren ostean Sambre ibaia zeharkatu ahal izan zuten frantsesek, Austriarrak Fleurus herrian garaitu ondoren, eta ekainaren amaierarako aliatuak Belgikatik eta Herbeeretatik bota zituzten, Anberes eta Brusela berrartu zituztelarik. Horren ondorioz, mendeetan zehar eskualde horretan erroturiko ohitura eta kultura austriarrak moztu zituzten. Indar espainiarrei ere aurre egin zieten eta Kataluniako hainbat lurralde lortu zituzten. Renaniako hainbat eremu ere lortu zituzten eta Genovako zati batzuk frantsesentzako izan ziren. Hori gutxi balitz, Frantziako muga guztiak jadanik salbu zeuden.

Propaganda patriotikoak etengabeko adorea ematen zien soldadu frantziarrei. Gainera, Frantziak bere etsaiek baino askoz soldadu eta ekipamendu berri gehiago ekoizten zituen (nahiz eta urte horretan 67 general exekutatu). Hala ere, dena ez zen ongi irten frantziarrentzat. Gobernu iraultzaileak ez zuen armada deuseztatzeko adorerik izan eta soldaduei ez zien etxera itzultzeko baimenik eman. Horrek nazioa desegonkortu zuen (ekonomikoki ere arazo batzuk izaten hasi ziren eta hori ere ez zen lagungarri izan, noski). Honen guztiaren aurrean, soluzioa gerra atzerrira eramatea zen. Hau da, Frantzian gudurik ez izatea. Horrela, ez zuten soilik iraultza babestuko, gobernuak laguntzarako behar zuen arrakasta eta dirua ere lor zitzakeen. Hala ere, orokorrean 1794 urte ona izan zen Frantziarentzat. Ekialdean Austria, Prusia eta Errusia eztabaidan hasi ziren Poloniarekin zer egin. Izan ere, Poloniak (nahiz eta azkenerako Lehen Koalizioko hainbat herrialdek konkistatu zuten) hainbat eratara lagundu zuen Frantzia Iraultzailea, Koalizioa desbideratu eta zatituz.

Frantzia ipar-mendebaldeko kostaldeko eremu gehiago hartzeko gai izan izen, eta Herbehereak Bataviako Errepublika bilakatu zituzten, bere estatu satelite bihurtuz (bere flota hartzeaz gain). Prusiaren kasuan, okupatu berri zuen Poloniako eremuarekin asebeteta, errenditu eta akordio batera iritsi zen, beste hainbat naziok egin zuten bezala. Azkenerako, Austria eta Britainia Handia soilik geratu ziren Frantziaren aurkako gerran. 1795 amaieran, Frantziak Direktorioa aldatu zuen eta konstituzio berri bat egin zuten. Zuzendaritza berriak botere exekutiboari (bost zuzendarik osatua) gerraren inguruko eskumen gutxi eman zizkion, eta legislatura horretan zehar hainbat matxinada saiakera deuseztatu behar izan zituen.  Zuzendari horiek gerrarako interes handia zuten baina, esan bezala, generalei aginduak emateko zuten boterea oso mugatua zen. Bi frenteetan erasotzeko kanpaina bat antolatu zuten: batetik, Britainia Handia Irlandatik erasotzea eta, bestetik, Austria lurretik. Ekaitz batek oztopatu zuen lehenengoa, eta Austria eta Germaniako Erromatar Inperio Santuaren arteko gerrak bigarrena.

1796 urte hasieran indar frantziarrak sakabanatuak zeuden Italia eta Alemanian. Helburua bi herrialde horien tartean zegoen Austriaren aurka egitea zen, gerran geratzen zen aurkari garrantzitsu bakarra baitzen. Direktorioaren esperantza zen Italiak, Alemaniako territorio batzuen truke, arpilatze batzuk egitea eta eremuak uztea. Alemanian, hain zuzen ere, Jourdan eta Moreau generalak etsai berri baten aurka ari ziren borrokan: Karlos Austria-Teschengoa; 90.000 gizon zituen borrokarako. Frantziarrak desabantailan zeuden eta hornigaiak falta zituzten.

Karlos Austria-Teschengoaren helburua austriarrak elkartu baino lehen Jourdan eta Moreau banatzea zen. Abuztu amaieran garaitu zuen lehenengo Ambergen Karlosek Jourdan eta irail hasieran Wüzbergen. Horren aurrean, Frantziak armistizio bat akordatu behar izan zuen (Rodanoraino egin behar izan zuten atzera). Moreauk bide bera jarraitzea erabaki zuen. Aldi berean, Napoleon Bonapartek Italiako frontearen giltzak hartu zituen eta borrokaz borroka aurrera egiten hasi zen, aurre egiten zieten edozein garaituz.

1797 urterako, Napoleonek Italia iparraldea kontrolatzen zuen eta Austriako hiriburu den Vienatik ahalik eta gertuen borrokatu zuen, austriarrak akordio batera iristera behartzeko. Bitartean, Alemanian (Karlos Austria-Teschengoa gabe, Napoleoni aurre egitera bidali baitzuten), austriarrak egotziak izan ziren Napoleonek hegoaldean oraindik bakea sinatzera behartu baino lehen. Campo Formioko Itunarekin izan zen hori. Horri Lehen Koalizioa bertan behera geratzea gehitu behar zaio, Britainia Handiak baino ez baitzuen jarraitu borrokan. Horren ostean, Napoelon Europako generalik famatuena bilakatu zen.

Campo Formioko Ituna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Campo Formioko Ituna 1797ko urriaren 17an (Vendimiarioko 26. egunean, Frantziako Errepublikako VI. urtean) sinatu zuten Napoleon Bonapartek eta Johann Ludwig von Cobenzl kondeak Frantzia eta Austriaren ordezkari gisa, hurrenez hurren. Itun honek, Lehen Koalizioaren amaiera markatu zuen, Napoleonen Italiako kanpainen garaile gisa eta Frantziako gerra iraultzaileen lehen atalaren amaiera.

“Bake irmo eta bortxaezina”ren ohiko klausulez harago, hitzarmenak austriar lurraldeen kopuru jakin bat Frantziaren esku utzi zuen. Eskuratutako lurren artean, Austriako Herbehereak (gaur egun Belgika eta Luxenburgori dagozkienak) eta Mediterraneoko zenbait uharte (Korfu, eta itsaso Adriatikoan Veneziako beste uharte batzuk) zeuden. Venezia eta haren lurraldeak, bi estatuen artean banatuak izan ziren. Venezia bera, ordea, Istria eta Dalmazia bezala, Austriako enperadoreari emanak izan ziren. Austriak Zisalpetar Errepublika eta sortu berri zen Liguriako Errepublika onartu zituen, Genovako lurraldeetatik herrialde independente bezala eratua. Frantziako Lehen Errepublikako estatu sateliteak ziren.

Itunak klausula sekretuak bazituen ere, beste lurralde batzuk banatzen zituztenak, eta Frantziako mugak Rhin, Nette eta Rur edo Roer ibaieraino zabaltzea ere adosten zuen. Rhin, Mosa eta Moselako ibaietan zehar frantziarren nabigazioa bermatzen zen. Frantziako Errepublika bere muga naturaletaraino hedatu zen, eta Italian, hauetatik haratago.

Ituna bost hilabeteko negoziazioen ondoren adostu eta sinatu zen. Funtsean, 1797ko apirilean Leobengo Bakean adostu zena zen, baina negoziazioek, bi aldeetatik bira bat eman zuten, zenbait arrazoirengatik. Negoziaketa garaian, 18aren estatu kolpea gertatu zen. Hau aitzakia bezala erabili zen monarkikoak atxilotu eta deportatzeko eta direktorioaren arazketa moderatu bat egiteko.

Felix Markham, Napoleonen biografoak honako hau idatzi zuen: "Veneziaren banaketa ez zen soilik bakearen ezarpenari buruzko orban moral bat izan, Austriari Italian hondartza-buru bat utzi zion, beste gerra batera soilik eraman zezakeena". Izan ere, Campo Formioko bakea, Europako mapa birmarraztu zuen arren eta Napoleonen ospean urrats handia izan zen arren, atzerapen bat baino ez zen izan. Laster lehertu zen Bigarren Koalizioaren gerra.

Campo Formio Italiako udalerri bat da, gaur egun Campofornido izenez ezagutua. Herria Udine hiriaren mendebaldean dago kokatua. Ituna herriko ostatu batean sinatu zen.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]