Michael Collins
Michael John Collins (irlanderaz Mícheál Seán Ó Coileáin; Clonakilty, Corkeko konderria, 1890eko urriaren 16a – Béal na mBláth, Corkeko konderria, 1922ko abuztuaren 22a) buruzagi iraultzaile irlandarra, Irlandako Errepublikako ogasun ministroa, IRAren inteligentzia zuzendaria eta Itun anglo-irlandarreko negoziatzailea izan zen.
1922ko Irlandako Gerra Zibilean hil zuten. Gaur egun Irlandako alderdi politiko guztiek omendu eta onartzen dute Irlandako Estatu modernoa sortzean egin zuen lanagatik, baina bereziki Fine Gael alderdikoak dira bere jarraitzaile zuzenenak.
Haurtzaroa eta gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Michael John Collins 1890ean Sam´s Cross herrixkan jaio zen, Clonakilty udalerritik hurbil, Cork konderrian. Biografia askok bere jaiotzaren data 1890ko urriaren 16an jartzen dute, bere hil ondorengo epitafioan jaiotzaren data 1890ko urriaren 12a irakur daiteke.
Bere familiak zenbait titulu noble izan zituen haien artean: "Uí Chonaill-eko Jaunak", Limerick-etik gertu, baina beste irlandar askok bezala, titulu hauek kendu eta baserritar arrunten mailara aldatu zituzten. Halere, beren baserriak, XIX. mendearen amaierako irlandar baserritarren gehiengoa baino bizitza aberats eta eroso bateko aukera eman zien. Michael-en arreba zaharrena (Mary Celestine Arreba bezala ezagutua) erizaina zen eta eskolako irakasle zen Londresen.
Michael Collinsen aita (bere izen berekoa) mugimendu errepublikarrean ibilitakoa zen, baina 60 urterekin nekazaritzara osorik emanda zegoen Marianne O'Brien 23 urteko neskatila gaztearekin ezkondu zenean. Michaelek sei urte zituela hil zitzaion aita.
Collins ume buruargi eta bizia zen, izaera latz eta nazionalismo edo abertzaletasun sentipen gartsukoa. James Santry herriko maisuaren irakaspenek, Collins umearen sentipen abertzale hau gehiago xaxatu eta susperrarazi zuten. Garai honetan, Lisavaird National School ikastexeko goi-zuzendaria eta Irlandar Anaitasun Errepublikarraren (IRB, Irish Republican Brotherhood) kide zen Denis Lyons izan zen Michael Collins gaztearengan eragin handien izan zuen pertsonaia (Etorkizun batean, Collins bera izango zen Irlandar Anaitasun Errepublikarraren buruzagia). Collins, kirolak maite zituen gazte lerden eta garaiera handikoa zen.
Gaztetatik mugimendu abertzale edo nazionalistetatik gertu ibili zen. Irlandar ugarik bezala, 15 urterekin eskola utzi ondoren Londonera joan zen lan egitera. Zerbitzu zibileko azterketa pasatuta, postetxe batean hasi zen lanean. Garai hartan bere arreba Johannarekin bizi zen Londresen, hiriburu honetako King´s College-n ikasten egon zelarik. 1906ko otsailean Britainiar Zerbitzu Zibileko azterketa pasatu ostean, 1906ko uztailetik aurrera Britainiar Posta Zerbitzuan hasi zen lanean funtzionario. 1910an, Horne and Company enpresaren mezulari bilakatu zen. 1915an berriz, Gurantee Trust Company of New York enpresara mugitu zen, bere 1916ko Irlandarako itzulera arte azken enpresa horretan lan egingo zuelarik.
London GAA kirol taldeko (Londresko Kirol Elkarte Gaelikoa) kide bihurtu zen, eta baita Irlandar Errepublikar Anaitasuneko (IRB, Irish Republican Brotherhood) kide, Irlandako independentzia helburu zuen erakunde sekretu eta klandestinoa. Cork konderriko, Dunmanway herrikoa zen Sean Maguirek sartu zuen Collins 19 urtetako Collins gaztea Irlandar Errepublikar Anaitasunean.
1916ko Pazkoko matxinada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1916ko Pazkoko matxinada ospetsuaren egunetan egin zen ospetsu Michael Collinsen izena. Buru argia eta antolatzaile maila handiko pertsona bezala azaldu zen, Irlandar Errepublikar Anaitasuneko erakundearen barnean, berarekiko itzal eta begirune handia lortu zituen, eta oraindik onespen gehiago irabazi zuen Plunkett kondearen finantza ahokulari gisara. Azken hau, Joseph Mary Plunkett, Pazkoko matxinadako antolatzaileetako bat izango zenaren aita zen.
1916ko Pazko Astelehenean matxinada izan zenean, Dublingo Postetxe Nagusian, Patrick Pearse eta beste irlandar abertzaleen batzuen aldean borrokatu zen Michael Collins britainiar gudarosteen aurka. Matxinada sekulako galera edo porrot militar itzela bilakatu zen (askok itxaroten zuten modura) irlandar abertzaleentzat. Nahiz eta askok Pazkoko matxinada egitea soilarekin erabat pozik egon (Patrick Pearseen "odol sakrifizioaren teorian" sinistuz), Collins bezalakoek erdi-ipurdiko amateurismoa, babes eza eta antolamendu eza besterik ez zuten irlandar abertzaleen aldean. Bereziki ezaguna izan zen St. Stephen Green Parkeko irlandar abertzaleen kokagunearen kasua, ez baitzuten inongo ihesbiderik hasieratik bukaeraraino. (Irlandako Independentzia Gerran, Michael Collinsen obsesioetako bat kokaleku finkoak saihestea izan zen, "Talde Mugikor" ("Flying Columns") ezagunak sortuz. Talde Mugikor hauek "gerrilla" moduan jokatzen zuten: bat-batean eraso, eta ondoren ekintza lekutik azkar-azkar alde egiten zuten, galerak txikituz eta etekinak handituz. Irlanda osoko Talde Mugikor hauetako ospetsuena, Tom Barry-ren Cork Mendebaldeko Talde Mugikorra izan zen (West Cork Flying Column).
Michael Collins, 1916ko Pazkoko matxinadako beste partaide batzuen antzera, atxilotua izan zen, eta britainiarrek fusilatzeko kinka larrian egon zen (britainiarrek Collins ez hiltzeko arrazoi nagusia bere izena Pazkoko matxinada antolatzaileen artean bilatu ez izana izan zen). Horrenbestez, Collins, Galesko iparraldean zegoen Frongocheko barneratze zelaian sartu zuten Pazkoko matxinadako beste partaide ugarirekin batera. Hemen izan zen, bere adiskide garaikideen esanetan, bere lidergo maila sendoa gauzatu zen garaia. Garai honetarako Collins jadanik Pazkoko matxinada-aurreko Sinn Feín alderdi nazionalista txikiaren buruetako bat zen.
Britaniar Gobernua eta Komunikabideen "ustetan" Sinn Féin zegoen 1916ko Pazkoko matxinadako gertakarien "atzean", nahiz eta hau egiazki ez izan horrela. 1916ko Pazkoko matxinadaren antolatzaile nagusiak hauek izan ziren: Patrick Pearsen Irlandar Errepublikar Anaitasuna (Irish Republican Brotherhood), James Connollyren Irlandar Hiritarren Gudarostea (Irish citizen Army) eta Emakumeen Batza (Cumann na mBann). Garai honetan, Pazkoko matxinadatik bizirik atera ziren partaideak Sinn Féin alderdian infiltratzen hasi ziren, honenbestez, alderdi txiki honek "garrantzia" hartzen joan zen irlandar errepulikar mugimenduaren barnean beste erakundeei gain hartuz, bai eta britainiarren erasoen helburu berri bilakatuz. 1917ko urrirako, bere trebetasun eta barne-mugimenduei esker, Micheal Collins, Sinn Feín alderdiko buruzagitzako kideetako bat bilakatua zen jadanik eta Irlandar Boluntarioen erakundeko zuzendaria; Éamon de Valera izango zen bi erakunde hauetako presidentea (De Valera izan zen Pazkoko matxinadako buruzagi edo antolatzaileetatik, britainiarrek bizirik utzi zuten bakarra).
Independentzia gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1918an Irlandako ordezkari hautatu zuten Erresuma Batuko Komunen Ganbararako, Sinn Fein alderdiaren izenean. 73 kidetik 27 zituen alderdi errepublikarrak, baina bai Eamon de Valera presidentea, baita Arthur Griffith presidenteordea ere atxilotu zeudenez Michael Collins izan zen taldeko buru. Sinn Feinek uko egin zion Londoneko parlamentuan esertzeari, eta, horren ordez, Dublinen Dail Eireann izeneko parlamentu irlandarra osatu zuen. Honek Errepublika Irlandarra aldarrikatu zuen. Aldarrikapen horrek Irlandako Independentzia Gerra ekarri zuen, Erresuma Batuaren aurka.
Collinsek kargu ugari izan zituen garai hartan. 1919ko udan IRBko buru hautatu zuten (horrek, de jure Errepublika Irlandarreko presidente bihurtu zuen). Irailean IRAko Inteligentzia arduradun izendatu zuten.
Independentzia Gerra 1921eko uztailaren 11n amaitu zen. Ekainaren 24an Erresuma Batuak negoziatzeko aukera eskaini zien irlandar abertzaleei. Arthur Griffith eta Michael Collins izan ziren Londoneko gobernuarekin negoziatu behar izan zutenak.
Itun anglo-irlandarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1921eko abenduaren 6an irlandarren delegazioa gobernu britainiarrarekin akordio batera iritsi zen. Itun anglo-irlandarrak Estatu Irlandar Askea sortu zuen, baina ez Irlanda uharte osoan. Ipar-ekialdeko lurralde batzuk (Ulster eskualdearen zati bat) Britainia Handiaren menpe jarraitu behar zuten, bertako gehiengoa protestantea eta unionista baitzen. Hala ere, Collinsek aukera ikusten zuen pixkanaka lurralde horiek gainontzeko Irlandara gerturatzeko.
Estatu Irlandar Askea ez zen estatu guztiz subiranoa, Erresuma Batuko erregea baitzen subiranotasunaren iturburua. Baina praktikan Irlandako parlamentuak eta gobernuak era guztietako politika egiteko askatasuna zeukaten.
Itun honek Sinn Feinen zatiketa ekarri zuen. Michael Collinsek gidatutako taldeak ituna onartzearen alde egin zuen, irtenbide posible bakarra iruditzen zitzaielako. Eamon de Valeraren jarraitzaileek, aldiz, saldukeria zela uste zuten, Irlandako abertzaleentzat onartezina izango zen menpekotasun egoera zekarrelako. De Valerak presidente karguari uko egin zion, eta Michael Collinsek hartu zuen behin-behineko gobernuko buruzagitza.
Irlandako Gerra Zibila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itunaren eta Estatu Askearen aldekoen eta aurkakoen arteko gerra 1922ko apirilean hasi zen. Itunaren aurkakoek Dublineko gobernuaren egoitzak okupatu zituzten, baina Collinsek ez zien erasorik egin britainiarrek behartu zuten arte. Estatu Askearen aldekoek laster lortu zuten Dublin kontrolatzea, eta itunaren aurkakoak hegoaldeko probintzietan (Munster) kokatu behar izan ziren.
Collinsek gobernuko kargu guztiak utzi zituen Armadako buruzagitza hartzeko. Itunaren aurkakoek kontrolatutako lurraldera sartu zen 1922ko udan, lurralde horiek hartzeko asmoz. Bere jaioterrira (Cork)joan zen bere aholkulariei kasurik egin gabe.
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1922ko abuztuaren 22an Béal na mBláth herrixka iragaten zihoala tiroz hil zuten errepublikarrek (itunaren aurkakoek). 31 urte baino ez zituen hil zutenean. Bere hileta elizkizunak Dublinen egin ziren, Irlandako eta atzerriko ordezkaritza politiko zabalaren parte hartzearekin.
Zinema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Michael Collins (Neil Jordan, 1996): Liam Neeson, Aidan Quinn, Stephen Rea, Alan Rickman, Julia Roberts, Ian Hart eta Brendan Gleeson aktoreek antzeztu zuten.
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Michael Collins |
- (Ingelesez) Michael Collins Centre
- (Ingelesez) Collins 22 Society
Bideo eta Dokumentalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Michael Collinsen biziaren inguruko dokumentala - 1. Zatia
- Michael Collinsen biziaren inguruko dokumentala - 2. Zatia
- 1922ko Michael Collinsen Hiletaren betetazko irudi historikoak ikusteko sakatu hemen
- Michael Collinsen omenezko bideoa
- Liam Neeson hitzaldia Michal Collinsen jaioterrian