(Translated by https://www.hiragana.jp/)
Rhizopus - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Rhizopus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rhizopus
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
FilumaMucormycota
OrdenaMucorales
FamiliaMucoraceae
Generoa Rhizopus
Ehrenb., 1821

Rhizopus Zygomycota taldean sailkatzen den onddo mota bat da. Onddoak, orokorrean, hiru talde nagusitan sailka daitezke, morfologiari dagokionez: legamiak (onddo zelulabakarrak), lizunak (hifa izeneko filamentuak dituztenak) eta perretxikoak (gorputz fruitu-emaile handiak dituztenak, kapela itxurakoak, askotan jan egiten direnak). Rhizopus onddoa lizunen taldean sailkatzen da, hifa luzeak baititu.

Onddo hauek habitat desberdinetan bizi dira: lurzoruan, hondatzen ari diren ogi, fruta eta landareetan, animalien gorotzetan, etab.

Era asexualean eta sexualean ugaltzen dira, bi ugalketa mota horiek txandakatuz. Era asexualean endosporak sortzen dituzte, esporangio izeneko egituretan. Era sexualean onddoaren bi hifa ezberdinak elkartzen dira, zigospora izeneko esporak sortuz. Zigosporak heltzen direnean espora asexualak ekoizten dituzte, airearen bidez barraiatzen direnak onddo mizelio berriak eratuz.

Rhizopus-en esporangioak ilunak izan ohi dira. Columela izeneko egitura baten muturrean daude, substratuari finkatzen dena errizoideen bidez (ikus irudia).

Rhizopus nigricans ogiaren lizuna da, ogi hezean agertu ohi dena elikagai hori hondatzen denean. Onddo hori erabilera industriala du kortisonaren ekoizpenean. Onddoak erreakzio kimiko espezifikoa burutzen du, kortisonaren aitzindari baten hidroxilazioa, hain zuzen ere. Aldaketa kimiko horri bioeraldaketa deritzo, mikroorganismo batek eragiten duelako. Bioeraldaketa horri esker, prozesu industrialetan kortisona molekula erraz lortzen da, botika gisa erabiltzen dena hantura prozesuei aurre egiteko.

Rhizopus batzuk landareen patogenoak dira, eta beste batzuk giza patogenoak. Azken hauek zigomikosi izeneko gaitza eragiten dute, batez ere immunitate-sistema ahulduta duten pertsonengan.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]