Singapurreko historia
Singapurreko historia XIV. mendean hasi zen, Temasek izeneko uharteari Singapura (lehoien hiria) izena eman ziotenean. Mende horretan bertan, eta Parameswara printzearen agindupean, Singapurrek garrantzi handiagoa hartu zuen itsas portu gisa. 1613an portugaldar piratek suntsitu zuten.
Singapur modernoaren historia, bestetik, 1819an hasi zen, Thomas Stamford Raffles ingelesak portu britainiar bat eraiki zuenean. Horri esker, uhartea, India eta Txinarekin batera, merkataritza-gune garrantzitsua bihurtu zen; Asiako hego-ekialdeko merkataritza-portu garrantzitsua izan zen.[1]
Bigarren Mundu Gerran, Japoniar Inperioak Singapur konkistatu zuen, eta 1942tik 1945era okupatu zuen. Gerra amaitzean, Singapur britainiar koloniaren parte bihurtu zen berriro, baina orduan autogobernu maila handia eman zitzaion. Singapurrek Malaysiako Federazioarekin bat egin zuen, 1963an Malaysia eratuz. Hala ere, ezberdintasunak laster agerian geratu ziren, eta Singapur Malaysiatik kanporatu zuten. 1965eko abuztuaren 9an errepublika independente bihurtu zen.[2]
Antzinako Singapur
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Singapurri buruzko lehen idazkian, (txineraz:
1320an, Mongoliar Inperioak misio komertzial bat bidali zuen Long Ya Men izeneko toki batera, uhartearen hego-ekialdean dagoen Keppel Harbour dela uste dena. Wang Dayuan bidaiari txinatarrak uhartea 1330. urte inguruan bisitatu zuen, eta Dan Ma Xi izeneko herrixka bat deskribatu zuen, non txinatarrak zein malaysiarrak bizi ziren. Nagarakretagama liburuan, 1365ean javanesez idatzitako poema epikoan, uharteko herrixka ere aipatzen du, Temasek izenarekin ("itsasoko hiria"). Fort Canning Parken egin berri diren indusketek XIV. mendean Singapur merkataritza-gune garrantzitsu eta jendetsua izan zela erakusten duten ebidentziak aurkitu dituzte.[5]
Uhartearen kokapenagatik, garrantzi handiko gunea izan zen Sumatrako Srivijaya Inperioarentzat. XIV. mendean, Javako Majapahit Inperioak Sumatrakoaren tokia hartu zuen eta, gero, hari Siamgo Ayutthayako Erresuma jarraitu zitzaion. XV. mendearen hasieran, Malakako Inperioaren agintaritzapean geratu zen Tumasik.
Singapur modernoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVI. eta XIX. mendeen artean, Insulindia artxipelagoa pixkanaka Europako kolonien menpe jartzen joan zen, 1509an portugaldarrak Malakara iritsi zirenean hasiz. XVII. mendean, Nederlandar Inperioak eskualdeko portu gehienen kontrola hartu zuen, portugaldarrak bigarren mailan utziz. Nederlandarrek artxipelagoko monopolio komertziala bereganatu zuten, batez ere espezien merkataritzan, garai hartan eskualdeko produkturik garrantzitsuena zena. Europako beste kolonia batzuk, britainiarra kasu, askoz ere presentzia txikiagoa izan zuten garai hartan.
1818an, Thomas Stamford Raffles britainiar koloniako teniente gobernadore izendatu zuten, Indonesiako Bengkulu probintzian. Raffles erabakigarria izan zen nederlandarrek uhartedian zuten boterea murrizteko orduan, Txina eta Raj Britanikoaren arteko merkataritza ibilbidetik hasita, ibilbide horrek berebiziko garrantzia izan baitzuen batez ere Txinako opioaren merkataritzan. Nederlandarrek Britainiar Inperioaren merkataritza ito zuten eskualdean, nederlandarren menpeko portuetan merkataritza britainiarra debekatuz edo tarifa altuak ezarriz. Rafflesek portu bat eraiki zuen Malakako itsasartean, Txina eta Indiaren arteko merkataritzarako ezinbesteko tokia, nederlandarrei aurre egiteko itxaropenarekin. Halaber, Francis Rawdon-Hastings, Indiako Gobernadore Nagusia eta Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiako bere nagusia, konbentzitu zuen eskualdean base britainiar berri bat finantzatzeko.
1819an, Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiak, Johorreko sultanarekin hitzartuta, Singapurko hiria eta portua sortu zituen, britainiarrek Asiako hego-ekialdean kolonien erdigunea izango zirenak. Raffles 1819ko urtarrilaren 29an iritsi zen Singapurrera eta berehala konturatu zen uhartea porturako kokaleku ezin hobea zela. Malaka penintsularen hegoaldean zegoen, Malakako itsasarte jendetsutik gertu, ur freskoz hornituta, eta egur asko zuen itsasontziak konpontzeko, portua jartzeko leku ezin hobea. Rafflesek ehunka biztanle baino ez zituen kolonia txiki bat sortu zuen han, Temenggong bat buru zuela. Uhartea Tengku Rahman Johoreko sultanaren agindupean zegoen. Hala ere, sultanaren boterea ahulduta zegoen eskualdean, eta Temenggong eta bere ofizialak Riau artxipelagoan erbesteratua zegoen Tengku Husseini (Tengku Rahmanen anaia zaharrena) leial mantentzen ziren. Temenggongen laguntzaz, Rafflesek Tengku Hussein konbentzitu zuen Singapurrera itzul zedin, eta Johoreren benetako sultan gisa onartu zuten, urteko ordainketa baten kontura. Husseinek portu britainiarra eraikitzeko baimena eman zuen eta Rafflesek merkataritza-postu bat ezarri zuen Singapurren. Itun ofizial bat sinatu zen 1819ko otsailaren 6an, eta horrela sortu zen Singapur modernoa.[6]
Hasierako garapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hitzarmena sinatu ondoren, Raffles Bengkulura itzuli zen eta William Farkhar komandantea kolonia berriaren kargu utzi zuen, soldadu indiarren errejimendu txiki batekin eta artilleriako arma batzuekin batera. Rafflesek erabaki zuen Singapur portu librea izango zela. Herrixka azkar hazten joan zen, eta portu librearen eraikuntzaren berri artxipelago osoan zabaldu zen. Denbora gutxian, merkatari arabiarrak eta txinatarrak erruz joan ziren uhartera, Nederlandetako portuetako zerga altuak saihesteko asmoz. 1821ean, uharteko biztanleria 5.000 biztanletan handitu zen, eta merkataritzaren bolumena 8 milioi dolarrekoa izan zen. Biztanleria 10.000 biztanletik gorakoa izan zen 1825ean, 22 milioi dolarreko zifrak erabiliz, eta diru-sarreretan Penangeko portu ospetsua gaindituz.
Raffles 1822an itzuli zen Singapurrera eta erabakigarria izan zen Farkharren erabaki askotan. Diru-sarrerak handitzearren, Farkharrek ausazko jokoak eta opioaren salmenta ahalbidetzeko, lizentziak saldu zituen. Raffles ez zegoen ados horiekin, biak gizarte-kaltetzat hartzen baitzituen. Kolonia jasaten ari zen kontrolik ezagatik eskandalizatuta, Rafflesek politika berriak eragin zituen herriarentzat. Singapur antolatzeaz ere arduratu zen, eta Singapurreko Raffles Planaren bidez banatu zuen. Gaur egun oraindik geratzen da antolaketa haren arrastoa hiriko auzo etnikoetan.
1823ko ekainaren 7an, Rafflesek Britainiar Inperioaren jabetza uhartean hedatzen zuen bigarren itun bat sinatu zuen Sultan eta Temenggongekin. Akordio horri esker, uhartea Ingalaterrako legediaren mende geratu zen, baina bertako ohiturak eta erlijioa kontuan hartuta. 1823ko urrian Raffles Britainia Handira abiatu zen eta ez zen inoiz Singapurrera itzuli. 1826an hil zen, 44 urte zituela.[7]
Itsasarteko koloniak (1826-1867)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Singapurreko postu aurreratu britainiarra zalantzan jarri zen hasiera batean, Nederlandetako gobernuak britainiarrek beren eraginen esfera urratu zutela salatu baitzuen. Baina Singapur berehala bihurtu zen merkataritza-postu garrantzitsu bat, uhartean britainiar boterea sendotuz, eta ofizial bihurtuz 1824ko Itun Anglo-nederlandarrean, honela Malaysiar artxipelagoa indarrez ezarritako bi kolonien artean banatuz. Malakako itsasartearen iparraldeko eskualdea, Singapur barne, britainiarren menpe zegoen. 1826an, Singapur, Penang eta Malaca Estuetako Kolonia Britainiarrak (Straits Settlements) osatuz elkartu ziren, Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiak administratuak.
Ondorengo hamarkadetan, Singapur eskualdeko portu garrantzitsu bihurtu zen. Hainbat arrazoirengatik lortu zuen arrakasta, besteak beste, Txinan merkatua irekitzea, lurrun-ontziak iristea eta Malaysian kautxua eta eztainua ekoiztea. Portu librea izateak abantaila handia eman zion Batavia (Jakarta) eta Manilako beste portu-hiri kolonial batzuekiko, han zergak biltzen baitziren, eta merkatari txinatar, malaysiar, arabiar eta indiar ugari erakarri zituen.
1869an Suezko kanala irekitzeak Singapurrekin merkataritza aukerak areagotu zituen. Lurrun-itsasontzietarako bideak finkatu zirenean, Singapurrek oso hazkunde bizkorra izan zuen, Europaren eta Asiako ekialde eta hego-ekialdearen, eta baita Australiaren arteko joan-etorrien geltoki izan baitzen. 1867an, Straits Settlements (Itsasarteetako koloniak) britainiar kolonien (Singapur, Penang, Malaka eta Labuanek osatua) administrazio gune bilakatu zen. 1880. urtean, 1,5 milioi tona merkantzia igarotzen ziren urtero Singapurretik, hau da, lurrun-ontziek garraiatzen zuten guztiaren % 80. Zergarik gabeko merkataritza loratu zen hirian, eta merkataritza-etxe asko Singapurren ezarri ziren, gehienak Europako enpresen bidez, nahiz eta merkatari juduak, txinatarrak, arabiarrak, armeniarrak, indiarrak eta amerikarrak ere kokatu ziren. Europako eta Asiako merkatarien arteko merkataritza maneiatzen zuten bitartekari txinatarrak ere bazeuden.
1827an txinatarrak talde etniko nagusia ziren Singapurren. Baba-Nyonyatarrak ziren, kolonizatzaile txinatarren ondorengoak, eta culi txinatarrak, Singapurrera ihes egin zutenak Opioaren Gerrak Txinako hego-ekialdean eragin zituen estuasun ekonomikoetatik ihes egiteko. Asko langile kontratatu gisa iritsi ziren Singapurrera, eta gehienak gizonezkoak ziren. Malaysiarrak bigarren talde etniko nagusia ziren 1860ko hamarkadara arte, eta normalean arrantzale, artisau edo soldatapeko gisa lan egiten zuten landa-eremuetan. 1860an indiarrak Singapurreko bigarren etnia nagusia bihurtu ziren, kualifikaziorik gabeko langileak, merkatariak edo obra publikoetan lan egiteko hara bidalitako konbiktoak zirelarik, hala nola oihanak garbitzea eta errepideak sortzea. Britainiarrek Singapurren goarnizionatutako Zipaio indioen tropak ere bazeuden.
Singapurreko hazkunde ikaragarria gorabehera, uhartearen administrazioa ez zen eraginkorra eta ez zen herritarren ongizateaz arduratzen. Gobernariek Indiatik zer gertatzen zen begiratzen zuten, eta Singapurreko bertako hizkuntza eta kultura ezezagunak zitzaizkien. Singapurreko biztanleria 1830etik 1867ra laukoiztu egin zen arren, gobernuaren zerbitzu zibilaren tamaina ez zen batere aldatu ordutik. Horren ondorioz, herritar gehienek ez zuten osasun-zerbitzu publikoetarako sarbiderik, eta kolerak eta baztanga bezalako zenbait gaixotasunek osasun-arazo larriak eragin zituzten. Eraginkortasun politiko ezaren, eskualdean gizonezkoak nagusi izatearen eta analfabetismo handiaren ondorioz, gizarte desantolatu eta kaotikoa sortu zen. 1850ean 12 polizia ofizial baino ez zeuden 60 000 biztanle inguruko herriarentzat. Prostituzioa, jokoa eta drogen abusua (zehazki, opioa) kontrolik gabe zeuden, eta oso ohikoa zen gizartean. Txinako elkarte sekretuak izugarri boteretsu bihurtu ziren, eta haietako batzuek milaka kide zituzten. Talde aurkarien arteko lurralde-borrokek ehunka hildako uzten zituzten noizean behin, eta haiek zapaltzeko autoritatearen ahaleginek arrakasta mugatua izan zuten.
Britainiar koroaren koloniak (1867-1942)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Singapurrek aurrera jarraitu zuen, eta Itsasarteko Kolonien gabezia administratiboak kezkagarriak bihurtu ziren. Inguruko merkataritza-komunitatea britainiar legediaren aurka agertzen hasi zen. 1867ko apirilaren 1ean, britainiar gobernuak hitzarmen bat adostu zuen Itsasarteko Koloniak koroa independentearen kolonia izan zitezen. Kolonia berri hau gobernadore baten agindupean egon zen Londresko Kolonietarako Estatu Idazkariaren begiradapean. Gobernadore berri honek kontseilu betearazle baten eta kontseilu legegile baten laguntza zuen. Nahiz eta bi kontseiluetako kideak ezin ziren aukeratu, denborak aurrera egin ahala tokiko kideen kopurua handituz joan zen.
Singapurreko bataila eta japoniarren okupazioa (1942-1945)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren Mundu Gerran japoniarren mendean egon zen. Japoniako gobernuak Asiako hego-ekialdea konkistatzeko asmoa zuen, bere armada eta industriak hornitzeko petrolioa eta kautxua bezalako lehengaien hornidura ziurtatzeko. Singapurrek eskualdeko itsas base aliatu nagusia zuen, eta, beraz, helburu militar argia zen. Singapurreko komandante militar britainiarrek uste zuten Japoniaren eraso saihestezina hegoaldetik itsasotik etorriko zela, iparraldeko oihan malaysiar trinkoak lurreko inbasio baten aurkako hesi natural gisa balioko baitzuen. Britainiarrek, hala ere, iparraldetik etor zitekeen eraso baten aurkako defentsa-plan bat prestatu zuten, baina inoiz ez zituzten prestakuntzak osatu. Armada konbentzituta zegoen Singapurreko gotorlekuak edozein japoniar erasori aurre egingo ziola, eta konfiantza hori indartu egin zen Z Indarra Singapurrera bidalita, batez ere HMS Prince of Wales korazatuak eta HMS Repulse gurutze-ontziak osatutako eskuadroi britainiarra. HMS Indomitable hegazkin-ontziak Singapurreko defentsan lagundu behar zion eskuadroiari, baina hondoa jo zuen bidaian, eta aireko estaldurarik gabe utzi zuen eskuadroia.
1941eko abenduaren 5ean, Singapurreko gobernadore Shenton Thomasek eta Britainia Handiko aire armadako komandanteak berehalako inbasio japoniar bati buruzko txostenak jaso zituzten, baina nahiago izan zuten Malaysiako defentsa plana ez aktibatzea, herritarrak ez asaldatzeko. Abenduaren 7an, Japoniak Pearl Harborko erasoa egin eta Pazifikoko beste jabetza estatubatuar eta britainiar batzuei eraso zien, eta, ondorioz, Pazifikoko Gerra hasi zen. Japoniako aire armadak Singapurreko aerodromoari eraso zion eta hegazkin britainiarren % 90 suntsitu zituen.[8]
Abenduaren 8an, Japoniako indarrak Kota Bharun lehorreratu ziren, Malaysiako iparraldean. Handik bi egunera, Prince of Wales eta Repulse ontziak, flota inbaditzailearen bila irten zirenak, hondoratu egin zituzten japoniar hegazkinek Pahangetik gertu dagoen Siamgo golkoko guduan, Bigarren Mundu Gerra osoko britainiar itsas armadaren porrotik gogorrenean. Aliatuen aireko laguntza ez zen garaiz iritsi bi ontziak babesteko.[9] Gertakari honen ondoren, Singapurrek eta Malaysiak etengabeko aire-erasoak jasan zituzten, ospitaleak edo etxebizitzak bezalako egitura zibiletara zuzendutako hainbat barne, eraso bakoitzean ehunka baja eraginez.
Japoniar armada azkar zihoan hegoalderantz Malakako penintsulan zehar, aliatuen erresistentzia hautsiz, nahiz eta kopurua txikiagoa izan. Indar aliatuek ez zuten borrokarako ibilgailurik, oihan tropikalerako desegokiak zirela uste baitzuten, eta haien infanteria ugariak ez zuen aurrez borrokarako esperientziarik, eta indargabe agertu zen japoniarren tanke arinen aurrean. Erresistentzia erasorako eraginkorra ez zenez, indar aliatuek hegoalderantz, Singapurrerantz, atzera egin behar izan zuten. 1942ko urtarrilaren 31n, inbasioa gertatu eta 55 egunera, japoniarrek Malakako penintsula osoa konkistatu zuten, eta Singapurren aurkako erasoa berehalakoa zen.
Aliatuek, japoniar aurrerapena geldiarazteko asmoz, Johore eta Singapur lotzen zituen pasabide garaia suntsitu zuten. Egun batzuk geroago, ordea, japoniarrek Johore itsasartea zeharkatu zuten puztu zitezkeen txalupetan. Garai honetan, indar aliatuek, Singapurreko boluntario zibilak barne, japoniar armadaren aurka borroka batzuk egin zituzten.[10] Defentsa gehienak suntsituta eta hornigaiak agortuta, Arthur Ernest Percival teniente jeneralak amore eman zuen, eta Singapur Tomoyuki Yamashita jeneralari eman behar izan zion, Txinako urte berriko egunean, 1942ko otsailaren 15ean. Indiako, Australiako eta Erresuma Batuko 130 000 tropa inguru gerrako preso bihurtu ziren, eta horietako asko Birmaniara, Japoniara, Koreara eta Mantxuriara eraman zituzten gero, "infernuko ontziak" deiturikoetan, esklabo gisa erabiltzeko. Singapurreko porrota britainiar indar armatuek historian izan duten porrot handiena izan da.[11]
Singapurrek Syonan-to izen berria jaso zuen (
Gerraondorengoa (1945-1955)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1945eko abuztuaren 15ean Japoniak amore eman ondoren, Singapur anomia egoeran egon zen denbora batez, eta denbora horretan hainbat bandalismo, arpilatze eta mendekuzko hilketa egin ziren. 1945eko irailaren 15ean, britainiar tropak, Louis Mountbattenek zuzenduak, Singapurrera itzuli ziren Seishirō Itagakiren indar japoniarren errendizioa ofizialki onartzeko, Hisaichi Terauchiren ordezkari gisa, eta britainiar administrazio militar bat eratu zen uhartea gobernatzeko 1946ko martxora arte. Hiri azpiegitura gehiena gerran suntsituta geratu zen, ur eta elektrizitate hornidurak, telefono zerbitzuak eta Singapurreko portuko instalazioak barne. Elikagai-eskasia handiak malnutrizio-arazo larriak eragin zituen, eta gaixotasun, krimen eta indarkeria ugari eragin zituen. Elikagaien prezio altuak, langabeziak eta langileen nahigabeak 1947an hainbat greba ekarri zituzten, garraio publikoa eta beste hainbat zerbitzu geldiaraziz. 1947ko amaieran, ekonomia bere onera itzultzen hasi zen, kortxo eta eztainuaren mundu mailako eskari gero eta handiagoak bizkortuz, baina oraindik urte batzuk gehiago beharko ziren ekonomia gerra aurreko mailara iristeko.[14]
Britainiarrek Singapurren defentsan porrot egin izanak agintari hutsezin gisa zuten sinesgarritasun guztia kendu zien. Gerraren ondorengo hamarkadetan, bertako biztanleek esnatze politikoa izan zuten, eta sentimendu antiinperialistak eta nazionalistak azaleratu ziren, "Merdeka" esloganaren bidez, malaysieraz "independentzia" esan nahi duena. Britainiarrak, bestalde, herrialdearen autokudeaketa pixkanaka handitzeko prest zeuden. 1946ko apirilaren 1ean, Itsasarteko Koloniak banandu egin ziren, eta Singapur banandutako koroaren kolonia bihurtu zen, administratzaile zibil batek gobernatua. 1947ko uztailean, kontseilu betearazle eta legegileak ezarri ziren, eta hurrengo urterako kontseilu legegileko sei kideren hauteskundeak programatu ziren.[15]
Lehen kontseilu legegilea (1948-1951)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1948ko martxoan izan ziren lehenengo hauteskundeak Singapurren, eta kontseilu legegileko hogeita bost eserlekuetatik sei baino ez zituzten aukeratu. Gainera, meneko britainiarrek bakarrik zuten botoa emateko eskubidea, eta horietatik 23.000 ( % 10 inguru) baino ez ziren erregistratu botoa emateko. Gobernuak edo merkataritza-ganberek aukeratzen zituzten kontseilu legegilearen gainerako ordezkariak. Herriak aukera zitzakeen sei eserlekuetatik hiru Alderdi Aurrerakoiak (SPP) eskuratu zituen. Alderdi kontserbadore hori enpresaburu dirudunek zuzentzen zuten, eta berehalako aukera gisa independentzia baztertzen zuten. Beste hiru eserlekuak alderdi independentistek hartu zituzten.
Hauteskundeak egin eta hiru hilabetera, talde komunista batzuek altxamendu armatu bat egin zuten Malaysian, eta britainiarrek kontrol neurri gogorrak ezarri zituzten Singapurreko eta Malaysiako talde ezkertiarrak kontrolpean edukitzeko; gainera, lege polemiko bat ezarri zen, gobernuari aukera ematen ziona "segurtasunerako mehatxu" izateko susmagarriak ziren pertsonak atxilotu eta atxilotzeko aurretiazko epaiketa baten beharrik gabe. Talde ezkertiarrak sistema kolonialaren aurkako nagusiak zirenez, autogobernuaren aurrerabidea gelditu egin zen hainbat urtez.[14]
Bigarren kontseilu legegilea (1951-1955)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1951n kontseilu legegilerako bigarren hauteskundeak egin ziren. Orduan, bederatzi ordezkari izan ziren hauteskundeetan. Hauteskundeetan SPP kontserbadorea izan zen nagusi berriro ere, sei eserleku lortu baitzituen. Egia da gertaera horrek Singapurren tokiko gobernu bat sortzen lagundu zuela, baina administrazio kolonialaren boterea oraindik ere nagusi zen. 1953an, komunistak eskualdean erabat erreprimituta zeudela, George William Rendel buru zuen batzorde britainiar batek Singapurren autogobernu modu mugatu bat proposatu zuen. Kontseilu legegilea hogeita hamabi eserlekuz osatutako biltzar legegile batek ordezkatu zuen, horietatik hogeita bost bozketetan hautatuak. Kabinetea ministroen kontseilu batek eta gobernuburuak osatuko lukete, eta, beraz, sistema parlamentario bat izango litzateke. Britainiarrek nolabaiteko kontrola gordeko zuten hainbat arlotan, hala nola, barne-segurtasunean, kanpo-harremanetan eta legediaren gaineko beto-boterean.
1955eko apirilaren 2an, biltzar legegilerako hauteskundeak egin ziren. Oso aktiboak eta parte-hartzaileak izan ziren, alderdi politiko berriak sartu baitziren. Orduan, ordea, boto-emaileak zuzenean zeuden erregistratuta, aurreko hauteskundeetan ez bezala, eta, horrela, hautesleak 300 000 parte-hartzaileetara zabaldu ziren. SPP izan zen hauteskundeetako galtzaile nagusia, eta lau eserleku baino ez zituen lortu. Boto gehien lortu zituen alderdia Labour Front izan zen, joera ezkertiarrekoa, hamar eserleku lortuz, eta hiru eserleku irabazi zituen UMNO-MCA aliantzarekin koalizioa osatu zuen. Beste alderdi osatu berri batek, Ekintza Popularreko Alderdiak (PAP), hiru eserleku lortu zituen.[14]
Autogobernua (1955-1963)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Autonomia partziala (1955-1959)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]David Marshall, Labour Front alderdiko burua, Singapurreko lehen gobernuburu bihurtu zen. Ezegonkortasun handiko gobernu baten buru izan zen, gobernu kolonialaren eta gainerako alderdi politikoen laguntza gutxi edo batere ez baitzuen jaso. Gizarte-nahigabea areagotuz zihoan, eta 1955eko maiatzean, Hock Lee-ren matxinada piztu zen, lau hildako eraginez eta Marshallen gobernuari ospea kenduz.[16] 1956an, ikasleen artean joera komunista argiekin Txinako Bigarren Eskolaren matxinada hasi zen, tokiko gobernuaren eta ikasle eta sindikatu txinatarren arteko tentsioa areagotuz.
1956ko apirilean, Marshall Londresko ordezkaritza baten buru izan zen autonomia osoa negoziatzeko, baina eztabaidak arrakastarik gabe amaitu ziren, britainiarrak ez baitzeuden prest Singapurreko barne segurtasunaren kontrola uzteko. Britainiarrak oso kezkatuta zeuden komunisten eraginengatik eta Singapurreko ekonomia ezegonkortzea eragin zezaketen greba ugariengatik; gainera, uste zuten Singapurreko tokiko gobernua ez zela eraginkorra izan aurreko istiluen aurrean. Marshallek dimisioa eman zuen negoziazioak eten ondoren.
Lim Yew Hock ministro buru berriak talde komunista eta ezkertiarren aurkako erasoaldia abiatu zuen, PAPeko buruzagi sindikalista eta komunisten aldeko kide asko kartzelaratuz "segurtasuna arriskuan jartzea" leporatuta. Gobernu britainiarrak oniritzia eman zien neurri horiei, eta 1957ko martxoan negoziazioak berriz hasi zirenean, gobernu britainiarrak Singapurreko autogobernu osoa onartu zuen. Horrela sortu zen Singapurreko Estatua, bere herritartasunarekin. Biltzar legegilea berrogeita hamaika kidetara hedatu zen, guztiak hautapen herrikoi bidez hautatuak, eta lehen ministroak, kabinetearekin batera, gobernuaren alderdi guztiak kontrolatuko zituen, kanpo harremanak eta defentsa izan ezik. Gobernadorea, Yang di-Pertuan Negara (estatuburu) bategatik ordezkatua izan zen.[17]
Erabateko autonomia (1959-1963)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1959ko maiatzean, biltzar legegilerako beste hauteskunde batzuk egin ziren. Herri Akzioko Alderdiak (PAP) berrogeita hamaika eserlekuetatik berrogeita hiru lortu zituen. Haren arrakasta txinatar hiztunen onarpena lortzean oinarritu zen, batez ere sindikatuena eta muturreko ikasle-erakundeena. Bere buruzagia, Lee Kuan Yew, Cambridgeko Unibertsitatean ikasi zuen abokatu gaztea, Singapurreko lehen ministro bihurtu zen 1961ean.
Enpresariek, bertakoek zein atzerritarrek, gogo faltaz hartu zuten PAPen garaipena, alderdiko kide asko komunisten aldekoak baitziren, eta enpresa asko Kuala Lumpurrera lekualdatu zituzten arrazoi honengatik. Hala eta guztiz ere, PAPeko gobernua asmo handiko proiektuan murgildu zen, Singapurreko arazo ekonomiko eta sozialak konpontzera bideratua. Garapen ekonomikoa Goh Keng Swee Ogasun Ministro berriak gainbegiratzen zuen. Ministro horren estrategia hainbat neurriren bidez tokiko zein atzerriko inbertsioa bultzatzea zen, besteak beste, pizgarri fiskalak edo Jurongen industrialde handi bat eraikitzea. Eskulan kualifikatua prestatzeko hezkuntza-sistema berritu zen, eta irakaskuntzako hizkuntza ofizial gisa ingelesa sustatu zen txineraren aurretik. Sindikatuak erakunde zentral bakar batean finkatu ziren, Sindikatuen Kongresu Nazionala (NTUC) deiturikoan, laneko ondoeza ezabatzeko. Gizarte-erreformei dagokienez, etxebizitza-proiektu oldarkor bat gauzatu zen, aspalditik ari baitzen arazo larria izaten.[17]
Singapur Malaysian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1946an, Straits Settlements desegin zirenean, Singapur besteetatik bereizitako kolonia izan zen. 1959an, bere gain hartu zuen barne-arazoetarako ardura, eta 1961ean, Lee Kuan Yew legegizona lehen ministro izendatu zuten.
1963an, Malaysiako Federazioa sortu zen, eta Singapurrek, federazio haren barruan, autonomia ekonomikoa eta politikoa gorde zituen. Txinatarren eta malaysiarren arteko aurkakotasuna zela eta, 1965eko abuztuaren 9an burujabetasuna lortu zuen. Harrezkero, PAP alderdiak, Lee Kuan Yew lehen ministroaren bitartez, despotismoz gobernatu du, gizarte-jokabideak estutik begiratuz. Singapur Sortalde Urruneko bi herrialde industrializatuetako bat izatera iritsi zen, eta garrantzi handiko finantza gune bilakatu zen.
Singapurreko errepublika (1965-2000)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1971n, britainiar gudarostearen egoitza itxi zenean, Britainia Handiarekin, Australiarekin, Zeelanda Berriarekin eta Malaysiarekin batera, babes-hitzarmen bat izenpetu zuen Singapurrek. Halaber, kanpo-harremanetan, Estatu Batuekiko eta Japoniarekiko harremanak estutu eta komunismoaren aurkako jarrera hartu zuen, baina, geroztik, inguruko herrialdeetara hurbildu da, Asiako hego-ekialdean sortzen ari zen egoera berrira egokituz. 1990ean Lee Kuan Yewek haren hurbileko Goh Chok Tonki utzi zion lehen ministro kargua. 1991ko hauteskundeetan, PAP alderdiaren nagusitasuna sendotu zuten. 1994 eta 1995 urteen bitartean, Singapurko gobernuak tirabirak izan zituen Estatu Batuekin, Filipinekin eta Herbehereekin. Izan ere, nederlandar ingeniari bat urkatu zuten, heroina saltzeagatik, estatubatuar gazte bat atxilotu eta kanabera-zartadak hartzera kondenatu, eta filipinar zerbitzari bat hil zuten hilketa-salaketapean. Bestalde, funtzionario bat, bi ekonomista eta bi kazetari atxilotu zituzten estatuko sekretuak arautzen dituen legea hausteagatik: ekonomia-hazkundearen aurreikuspenak argitaratu zituzten, ofizialki argitaratu baino lehen. Bestalde, El Niño fenomeno klimatikoak eragindako lehorteek eta haize-aldaketek galera nabarmenak eragin zizkieten Singapurko nekazaritza eta turismoari. Haizeen ondorioz, ke-lainoak Singapurrera iritsi ziren, eta horrek osasun-arazo larriak sortu zizkien biztanleei.
Singapur garaikidea (2000-gaur egun)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1998an, Singapurko dolarraren balioak beherantz segitu zuen, Asiako finantza krisia zela-eta. 1999an, Sellapan Ramanathan Nathan izendatu zuten estatuburu. 2000ko hamarraldiko lehen urteetan, Singapurrek krisi handia izan zuen; batetik, eraso terrorista latzak gertatu ziren uhartean, dozenaka hildako eta ehunka zauritu eragin zituztenak; bestetik, 2003an, arnasteko sindromea edo SARS deritzan gaixotasun larriak 200dik gora kasu izan ziren Singapurren eta kezka handia sortu zuen. 2004an, Lee Hsien Loong, Lee Kuan Yew-en seme zaharrena, lehen ministro izendatu zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://www.cambridge.org/core/services/aop-cambridge-core/content/view/S002246340000953X
- ↑ https://web.archive.org/web/20131013002423/http://ourstory.asia1.com.sg/merger/merger.html
- ↑ https://web.archive.org/web/20070323095958/http://inic.utexas.edu/asnic/countries/Singapore/Singapore-History.html
- ↑ http://countrystudies.us/singapore/3.htm
- ↑ https://web.archive.org/web/20061222073109/http://www.pbs.org/nbr/site/research/educators/060106_15a/
- ↑ http://countrystudies.us/singapore/4.htm
- ↑ J. C. M. Khoo, C. G. Kwa, L. Y. Khoo (1998). «The Death of Sir Thomas Stamford Raffles (1781 – 1826)». Singapore Medical Journal 39 (12). 564-565.or.
- ↑ Weir, Stephen (2005). History's Worst Decisions: And the People who Made Them. New York: Murdoch Books. 141-147.or. ISBN 978 1 74045 669 2.
- ↑ Martin Middlebrook y Patrick Mahonehy (1979). Battleship: The Sinking of the Prince Of Wales and the Repulse. Charles Scribner's Sons, New York.
- ↑ Colin Smith (2005). Singapore Burning: Heroism and Surrender in World War II. Penguin books. ISBN 0-670-91341-3.
- ↑ John George Smyth (1971). Percival and the Tragedy of Singapore. MacDonald and Company.
- ↑ Kang, Jew Koon (1981). Chinese in Singapore during the Japanese occupation, 1942-1945. Academic exercise - Dept. of History, National University of Singapore.
- ↑ Kevin Blackburn (2000). «The Collective Memory of the Sook Ching Massacre and the Creation of the Civilian War Memorial of Singapore». Journal of the Malaysian Branch of the Royal Asiatic Society 73 (2). 71-90.or.
- ↑ a b c http://countrystudies.us/singapore/9.htm
- ↑ https://web.archive.org/web/20060713023113/http://www.sg/explore/history_towards.htm
- ↑ «1955- Hock Lee Bus Riots». Singapore Press Holdings [1]
- ↑ a b http://countrystudies.us/singapore/10.htm